258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEINTZA-LABAIEN

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantzan. Behin betiko onespena

Beintza-Labaiengo Udalak, 2022ko ekainaren 10eko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren 47 bis artikulua aldatzea.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2022ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 19an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua:

Beintza-Labaienen, 2022ko azaroaren 22an.–Alkatea, Jon Telletxea Juanenea.

ALDAKETA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUEN ORDENANTZAN

47 bis. artikulua. Leurtzako Aisiarako Natura Eremurako (ANE) araudia. Eremu hori Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalen herri-lurretan dago.

47 bis artikulua. 1. Erabileren baldintzak eta araubidea.

Leurtzako urtegien inguruko herri-lurren eremua Naturgune Babestu deklaratu zen 1996an, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremu figuraren arabera, eta gutxieneko Kudeaketa Plan batez hornitu zen, 1996an bertan, bermatzeko eremu hartan lehentasunez zaindu beharreko natura balioak ez zirela ukituko.

Hori hala izanik ere, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek –lur horien titularrak direnez, baita bertan egiten diren erabilera eta jarduerenak ere– erabilera horiek mugatu eta arautzeko eskumena dute, herri-lurren erabilera zuzen antolatzea beharrezkoa den arlo guztietan.

Bi udalek uste dute herri-lur horiei ematen ahal zaiela erabilera publiko jakin bat, bateragarria dena eremu horretan egiten diren gainerako jarduerekin, eta zehaztu dute erabilera publiko hori garatzen ahal dela, baldin eta bat badator udal ordenantzetan agertzen diren baldintzekin. Hona hemen baldintza horiek:

I.–Herri-lur horiek ezin hobeki mantenduko direla bermatzearren, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek ahalmena izanen dute, edozein unetan, jarduera jakin batzuk edo bisitarien kopurua mugatu edo debekatzeko –guztiz edo hein batean, aldi batez edo modu iraunkorrean–, betiere komenigarritzat jotzen diren kopuruak gainditzen direnean.

II.–Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek ez dute beren gain erantzukizunik hartuko, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuan ibiltzen diren bisitariek jasaten ahal dituzten kalte eta galerengatik. Bereziki urtegietan bainatzeari dagokionez, jarduera hori ez baita gomendagarria.

III.–Bisitariek beti errespetatu beharko dituzte eremu horretan jartzen diren seinale finkoak eta behin-behinekoak, baita eremu hori zaindu, babestu eta antolatzeko ardura duten langileek ahoz edo idatziz ematen dituzten jarraibideak ere.

IV.–Bisitariek ordaindu beharko dituzte eremu horretan sartzeko eta jarduera jakin batzuk egiteko ezartzen diren tasak eta kargak, halakorik bada.

V.–Zehazki, jarduera batzuek mugapen maila ezberdinak dituzte, bisitariak herriko bizilagunak izan ala ez, edo kontuan harturik jarraian agertzen den araubidearen arabera baimentzekoak diren (araubide horren aldeko txostena eman du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak):

A.–Jarduera debekatuak, herritarrentzat izan ezik.

Egiazki Beintza-Labaienen eta Urrozen bizi direnak hartzen dira herritartzat. Edonola ere, udal horiek eskubidea dute jarduera hauek mugatu edo antolatzeko:

1.–Abeltzaintza.

2.–Basoko produktuen bilketa.

3.–Bideak abeltzaintzarako eta tradiziozko beste jarduera batzuetarako pasabide gisa erabiltzea.

B.–Jarduera debekatuak. Lehenbiziko 10ak kontserbazioari dagozkio, hurrengo 2ak antolamenduari eta azkeneko 3ak zirkulazioari.

1.–Naturguneko edozein elementutan inskripzio, seinale, zeinu edo marrazki iraunkorrak edo egonkorrak egitea.

2.–Hondakinak uztea, horretarako ezarritako lekuetatik kanpo.

3.–Produktu kutsatzaileak edo hondarrak isurtzea.

4.–Zirkulazio araubideari edo uren konposizio fisiko edo kimikoari zuzenean edo zeharka eragiten dion jarduera edo ekintza oro.

5.–Naturakoak ez diren soinuak, ultrasoinuak edo asotsak sortzen dituzten megafonoak edo tresnak erabiltzea, berariazko baimena dutenak izan ezik.

6.–Basa faunari traba egitea, animaliei tratu txarrak emanez, atzetik joanez edo harrapatuz, edo ugaltzeko, jateko zein babesteko eremuak deseginez edo hondatuz.

7.–Bertako fauna eta florakoak ez diren animaliak eta landareak sartzea.

8.–Publizitate egonkorra, iragarkiak edo antzekoak jartzea.

9.–Merkataritza-jarduera ibiltaria orokorrean dago debekatuta, salbuespenez berariazko baimena lortzen denean izan ezik.

10.–Aziendari traba egitea.

11.–Sua aisia jardueretarako erabiltzea, Eremuko Administrazioak espresuki gaitzen dituen tokietan izan ezik. Halaber, debekatuta dago material piroteknikoa erabiltzea eremuaren barnean. Alde horretatik, salbuespenezko arau batek kentzen ahalko du sua erabiltzeko aukera, edozein delarik ere hura erabiltzeko helburua, tokia eta eguna.

12.–Aisiarako Natura Eremuan zakurrak ibiltzearen inguruko debekuak:

a) Debekatuta dago eremuan zakurrak ibiltzea, jabeek behar bezala lotu eta kontrolatu gabe.

b) Debekatuta dago zakurren gorozkiak uztea. Agindu honek ezartzen duen debekua betetzeko, animaliaren jabeak gorozkiak jaso eta, ongi bilduta, eremuan dauden edukiontzietara bota behar ditu, eta zikindutako eremua garbitzeaz arduratu.

c) Debekatuta dago zakurrak etengabe zaunka ibiltzea. Animaliaren jabeak berehala isilarazi beharko du bere animalia.

13.–Edozein ibilgailu motordunetan ibiltzea (autoak, motozikletak, Segwey eta abar), kasu hauetan izan ezik: Urrozko herrigunetik aparkalekura iristeko bidean; segurtasun, kontserbazio, kudeaketa, salbamendu edo ezinbesteko arrazoiengatik; edo aldez aurretik baimendutako jardueretan. Salbuespen izanen dira minusbaliotasunak dituztenen banakako joan-etorriak.

14.–Kirol-ontziak, nabigaziorako aparatuak edo antzeko josteta instalazioak erabiltzea, aurreneurriak hartu nahi baitira izurri diren espezieen inbasio arriskua saihesteko, adibidez zebra-muskuiluarena (Dreissena polymorpha), edo ekosistemari eragiten dioten epizootien agerpenak saihesteko. Debeku horrek ez die eragiten Nafarroako Gobernuak berariaz baimendutako jarduerei.

15.–Gaua pasatzea eremuko edozein tokitan, baita bertako aparkalekuan ere.

C.–Jarduera onartuak.

1.–Turismoko eta aisiako jarduerak (antolatu gabeak), batez ere paseatzea, bertan egotea eta talde txikien otorduak.

2.–Lagun egiteko animaliak ibiltzea bertan, jabeek beti lotuta eta kontrolatuta badituzte. Jabeek ziurtatuko dute animalia horiek ez dietela batere eragozpenik sortzen eremuan dauden pertsonei eta faunari. Gainera, gogorarazten da bete behar direla arlo horretan indarra duten Estatuko legeak eta Foru Komunitatekoak. Zakurren kasuan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu nahitaez, gehienez ere 1,50 metrokoa izanen den uhal sendo edo kate batekin. Horretaz gainera, lehenago erasoren bat egin duten zakurrek edo arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira, edozein delarik ere haien arraza.

3.–Natura Eremuan zaldiak zaldizkoarekin edo zela zaldiak sartzea. Hala ere, debekatuta dago animalia horiek eremuko alde intentsiboko belardietan egotea. Edonola ere, Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horri mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.

4.–Bizikletekin ibiltzea, horretarako behar bezala seinalatuta dauden bide eta pistetan. Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horri mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.

5.–Ibilgailuak aparkatzea, autobusak izan ezik, eremuaren sarreran prestatuta dagoen aparkalekuan, jarri diren zutikako seinaleak errespetatuz, eta Leurtzako Eremua zaindu eta mantentzen duten langileen oharrei jarraituz.

Autobusak nahitaez aparkatuko dira horretarako seinaleztatu den eremuan. Toki gutxi dagoenez, ezin izanen dira inolaz ere joan autoak aparkatzeko eremuraino.

Aisiarako Natura Eremua bere osotasunean mantentzeko, eta baita eremurako sarbidea ere, tasa bat kobratuko da. Tasa hori urtero onetsiko dute eremu hori kudeatzeko ardura duten udalek (Urroz eta Beintza-Labaien). Tasa horren zenbatekoa dagokion apartatuan azaltzen da.

D.–Jarduera baimengarriak.

1.–Kirol eta josteta jarduerak, taldean eginak, horretarako prestatuta dauden enpresen bitartez edo beste edozein entitateren bitartez.

2.–Argazkigintza, zinemagintza eta bideoko jarduera profesionalak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.

3.–Jarduera didaktikoak.

4.–Zientzia edo ikerketa jarduerak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.

Leurtzako Aisiarako Natura Eremuan baimentzen ahal diren jarduera horiek egiteko, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek onespena eman beharko dute, eta bete beharko dira toki erakundeek kasu bakoitzerako prestatzen dituzten baldintza agiriak.

Aginduzkoa izanez gero, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko du jarduera.

Jarduera horiek egiteko ordaindu beharreko tasa urtero ezarriko dute eremu horren ardura duten udalek.

Tasa horren zenbatekoa dagokion apartatuan azaltzen da.

5.–Zientzia edo ikerketa jarduerak –horien barnean izanik laginak hartzea, argazkiak egitea eta filmatzea– oztopo badira kontserbazio helburuentzat, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko ditu.

47 bis. artikulua. 2. Diziplina araubidea.

A.–Administrazioaren ikuskapena eta erantzuna, ordenantzaren aurkako jarduketen aurrean.

A.1. Agintaritza-agenteek egoera horretan dagozkien ahalmen guztiak izanen dituzte, ordenantzaren aurkako jardueren aurrean ikuskatzeko eta erantzuteko jarduera administratiboak gauzatu ahal izateko; orobat, agintaritzaren agente gisa dagozkien ahalmenak ere izanen dituzte.

A.2. Ordenantzan jasotako arauak zehatz-mehatz bete beharko dituzte Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuko erabiltzaileek eta ordenantza honetan arautzen diren eta baimen daitezkeen jarduerak egiteko baimenen titular diren pertsona fisiko zein juridikoek. Egiaztatzen denean erabilera edo jarduera batek ordenantza honen xedapenak urratzen dituela, administrazio eskudunek neurri zuzentzaileak ezar ditzakete, edo ordenantza honetan aurreikusten diren gainerako neurriak hartu (behin-behinekoak barne), bai eta ordenamendu juridikoan ezartzen direnak ere, egoera lehengoratzen dela bermatzeko.

Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez bada edo hartan ezarritakoari aurka egiten bazaio, administrazio jarduketak eginen dira egoera lehengoratzeko, bat etorri dadin baimendutako erabilera eta jarduerekin eta emandako baimenekin, betiere ordenantza honetan araututakoan oinarrituz. Behar izanez gero, behin-behineko neurriak eta legezkotasuna berrezartzeko neurriak hartuko dira, eta zehapenak ezarriko dira administrazioko arau-hauste diren jokabideen aurrean.

Aurrekoa gorabehera, Administrazioak kalte-ordaina eska dezake, ondasun, instalazio edo zerbitzu publikoetan egin diren kalteengatik.

A.3. Legezkotasuna berrezartzeko jarduketa administratiboen helburua da ordenantza honen xedapenak urratu dituen jarduketa egin baino lehenagoko egoera berrezartzea, eta ez dute izaera zehatzailerik. Halaber, haien xedea da ordenantza honetan oinarrituz emandako lizentzia bat azkendu edo eten dela deklaratzea. Hortaz, independenteak dira egindako jarduketaren ondorioz ezar daitezkeen zehapen ekonomikoekiko.

A.4. Zehapen jarduketa administratiboen xedea da interesdunari arau-hausteen ondoriozko erantzukizun administratiboa galdatzea, haren jokabidea zuzendu dadin eta ordenantza honetan ezarritakoaren araberakoa izan dadin.

B.–Erantzuleak.

B.1. Ordenantza honen aurkakoak diren edo harekin bat ez datozen jarduketen erantzule izanen dira Administrazioaren aurrean, ordenantzan araututako erabilera eta jarduera debekatuen, baimenduen eta baimengarrien araubidea urratzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.

B.2. Bereziki, honako hauek izanen dira erantzuleak:

a) Baimena behar duten jardueretan aritzean, baimenaren titularra izanen da ordenantza honetako arauen aurkako arau-hausteen erantzulea.

b) Ibilgailuak erabiltzerakoan egindako arau-hausteen kasuan, erantzulea izanen da haren titular gisa agertzen dena, arau-haustea ibilgailuaren funtzionamenduaren edo egoeraren ondorioz gertatu denean, edo gidaria, arau-haustea gidatzearen ondorio denean.

c) Gainerako arau-hausteen erantzulea izanen da nahasmenduaren edo kaltearen eragilea, edo berariazko arauen arabera modu subsidiarioan erantzule dena. Adingabeek egindako arau-hausteetan, gurasoak edo tutoreak jotzen dira erantzuletzat.

Administrazio-erantzukizunak ez du deusetan ukatuko izan daitekeen erantzukizun zibil eta penala.

B.3. Delitu edo falta izan daitekeen egitateren bat hautematen bada, organo judizial eskudunari jakinaraziko zaio, eta agintaritza judiziala auziaz arduratzen ari den bitartean, zehapen-prozedura administratiboa eten eginen da.

C.–Errekerimendua, behin-behineko neurriak eta udal jarduna.

C.1. Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuaren baldintzen eta erabileren araubidea, ordenantza honetan ezarria, urratzen duten erabilerak edo jarduerak atzematen direnean, agintaritzako agenteek eta, hala badagokio, agintaritza eskudunak ahoz eskatu ahal izanen diete erabiltzaileei eta arduradunei beren jarrera aldatzeko eta beren jokabidea aipatutako araubidera egokitzeko, bai eta ordenantza honetan aurreikusitako xedapenak berehala betetzeko ere. Interesdunak errekerimenduari jaramonik egiten ez badio, agintaritza eskudunak eta agintaritza agenteek neurriak har ditzakete horiek eremu naturaletik kanporatzeko eta kentzeko erabiltzen ari diren edo daramatzaten gailuak, ekipoak, tresnak, instalazioak, edozein igorle akustiko, animaliak, ibilgailuak edo antzeko elementuak; ohartaraziko zaie ezen, erresistentziarik jarriz gero, desobedientziagatiko erantzukizun penala izan dezaketela, betiere kongruentzia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-printzipioak betez.

C.2. Aurreko apartatuan adierazitako errekerimenduarekin batera, edo haren ondorengo edozein unetan, Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak har ditzake, dagokion ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, bereziki zehazpen ebazpenarena, behar den prozedura izapidetu ondoren emanen baita, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluarekin.

C.3. Salbuespen gisa eta berehala, agintari eskudunak eta agintaritza agenteek konfiskatu, zigilatu, immobilizatu eta kendu ahal izanen dituzte aparatuak, ekipoak, tresnak, instalazioak, edozein igorle akustiko, animaliak, ibilgailuak edo antzeko elementuak, baldin eta horien erabilera eta dagokien jarduera debekatutzat jotzen badira ordenantza honetan. Era berean, ordenantza honen arabera emandako baimen baten etetea deklaratu ahal izanen dute. Hori guztia, jokabide arau-hausleak iraun ez dezan, eta deusetan eragotzi gabe dagokion zehapen-prozedura irekitzea, horrek erabakiko baitu hartutako berehalako eta behin-behineko erreakzio-neurriei eustea ala ez.

Era berean, agintaritza eskudunak eta agintaritzaren agenteek segurtasun-neurri egokiak hartu ahal izanen dituzte, bai espazio publikorako, bai pertsonentzako eta ondasunentzako.

D.–Lehengoratzeko betebeharra.

Ustezko erantzuleak behartuta daude beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartzera, ezar dakiekeen zehapen penal edo administratiboa gorabehera, eta Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuko ondasun edo elementu kaltetuak beren egoera naturalera edo lehengora itzultzera.

Administrazioaren aurrean erantzunen dute, hala badagokio, beren ondarearekin.

E.–Zehapen araubidea.

E.1. Zehapen-jardueraren prozedura eta printzipioak.

Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak zehatzeko prozedura izapidetuko da bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearekin (urriaren 1eko 39/2015 Legea), eta kontuan hartuz horri buruz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean (urriaren 1eko 40/2015 Legea) araututako printzipioak, eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Zehapen prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez.

E.2. Arau-hausteak.

E.2.1. Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako arau-haustetzat joko dira haren xedapenen aurkako egintzak edo ez-egintzak, ondoko apartatuetan tipifikatzen direnak, deusetan ukatu gabe sektoreko beste araudi mota baten aurkako arau-hausteak eta horien ondorioak. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

E.2.2. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Ordenantza honetan jasotako arauak ez betetzea, baldin eta arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkaturik ez badago.

b) Hondakinak uztea, horretarako ezarritako lekuetatik kanpo.

c) Naturakoak ez diren soinuak, ultrasoinuak edo asotsak sortzen dituzten megafonoak edo tresnak erabiltzea, berariazko baimenik gabe.

d) Publizitate egonkorra, iragarkiak edo antzekoak jartzea.

e) Aziendari traba egitea, arau-hauste astuna edo oso astuna izan gabe.

f) Zakurren gorozkiak uztea, eta ez biltzea eta, ongi bilduta, eremuan dauden edukiontzietara botatzea edo eramatea, eta zikindutako eremua ez garbitzea.

g) Zakurrak etengabean zaunka ibiltzea, eta eremuko pertsona eta faunari traba egitea.

i) Bizikletan ibiltzea, horretarako seinaleztatutako bide eta pistetatik kanpo, eremuaren erabiltzaile eta/edo bisitariei traba eginez edo arrisku egoerak sorraraziz.

E.2.3. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Bi arau-hauste arin edo gehiago egitea urtebeteko epean.

b) Leurtzako Aisiarako Natura Eremuan jarduerak baimentzeko oinarri gisa balio duten baldintza-agirietan ezarritako baldintzak ez betetzea, baldin eta ez-betetze horiek oso astunak ez badira.

c) Beintza-Labaiengo eta Urrozko bizilaguna izan gabe, abeltzaintzako erabilera edo jardueretan aritzea, basoko produktuak biltzea eta bideak abeltzaintza-erabilerarako igarobide gisa erabiltzea, eta bestelako jarduera tradizionalak egitea, jarduera horiek arautuak eta baimenduak baitaude udalerri horietan benetan bizi direnentzat.

d) Administrazio publikoen ikuskapen- edo kontrol-lanak galaraztea, atzeratzea edo oztopatzea.

e) Herri-ekitaldiak, berbenak edo kontzertuak egitea, horretarako baimenik edo lizentziarik izan gabe.

f) Administrazio eskudunak eskatutako neurri zuzentzaileak ez hartzea.

g) Behin-behineko neurriak hartzearen ondoriozko betebeharrak ez betetzea.

g) Baimendutako jarduerak eteteko neurriak ezartzen dituzten ebazpenak urratzea.

h) Naturguneko edozein elementutan inskripzio, seinale, zeinu edo marrazki iraunkorrak edo egonkorrak egitea.

i) Berariazko baimenik ez duten merkataritza-jarduera ibiltariak egitea.

j) Sua erabiltzea aisia jardueretarako, salbu eta Eremuko Administrazioak espresuki gaitzen dituen tokietan egiten bada.

k) Eremuan motordun ibilgailuan zirkulatzea (autoak, motozikletak, Segwey, etab.), salbu eta ordenantza honetan baimendutako kasuetan eta sarbideetan, eta berariaz baimendutako kasuetan.

l) Kirol-ontziak, nabigaziorako aparatuak edo antzeko jolas-instalazioak erabiltzea, salbu eta ordenantza honetan baimendutako kasuetan eta sarbideetan.

m) Jabeek behar bezala lotu eta kontrolatu gabeko zakurrak egotea (gehienez ere 1,50 metroko uhal sendo edo katea izan behar dute). Zakur horiek muturrekoak eraman behar dituzte, baldin eta aldez aurretik erasorik egin badute edo haien arriskua aurreikusteko modukoa bada.

n) Gaua pasatzea eremuko edozein tokitan, baita bertako aparkalekuan ere.

o) Zaldiak zaldizkoarekin edo zela zaldiak egotea Natura Eremuko alde intentsiboko belardietan, eremuaren erabiltzaile eta/edo bisitariei traba egiten badiete edo arrisku egoerak sortzen badituzte.

p) Eremuko Administrazioak bizikletan ibiltzeko behar bezala seinaleztatutako bide eta pistetan ezarritako mugak ez errespetatzea.

q) Ibilgailuak aparkatzea, eremuko espaziotik kanpo.

r) Autobusak aparkatzea, horretarako seinaleztatutako eremutik kanpo, bereziki autoak aparkatzeko gunean.

E.2.3. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Urtebete baino lehen hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

b) Administrazio-ebazpen irmoaren bidez ezarritako lehengoratze-neurriak ez betetzea.

c) Produktu kutsatzaileak edo hondarrak isurtzea.

e) Zirkulazio araubideari edo uren konposizio fisiko edo kimikoari zuzenean edo zeharka eragiten dion jarduera edo ekintza oro.

f) Basa faunari traba egitea, animaliei tratu txarrak emanez, atzetik joanez edo harrapatuz, edo ugaltzeko, jateko zein babesteko eremuak deseginez edo hondatuz.

g) Bertako fauna eta florakoak ez diren animaliak eta landareak sartzea.

h) Halaber, debekatuta dago material piroteknikoa erabiltzea eremuaren barnean.

E.3. Zehapenen mailaketa.

Zehapenaren graduazioa erabakitzeko erantzukizuna aldatzen duten inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Eragindako kaltearen edo narriaduraren izaera (ingurune naturalean egindako kalteak, deserosotasuna, arriskua, eragindako kalte edo galerak, pertsonen, ondasunen edo ingurunearen gaineko arriskuen iraunkortasuna edo iragankortasuna).

b) Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea.

c) Berrerortzea, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

d) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

E.4. Zehapenen zenbatekoak.

Hauek dira ordenantza honetan aurreikusitako zehapenak:

E.4.1. Arau-hauste oso astunak direnean:

a) 151 eurotik 300 eurora bitarteko isunak.

b) Aurreko puntuko diru zehapenaz gain, egindako arau-hausteek diziplina-neurri hauek ekar ditzakete:

I.–Emandako baimena errebokatzea, ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduera edo erabileren kasuan, edo haren indarraldia etetea urtebete eta egun bat eta bost urte arteko aldirako.

II.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak garatzeko aldi baterako debekua, osoa edo partziala, gutxienez bi urterako eta gehienez bost urterako.

III.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak garatzeko behin betiko debekua.

IV.–Aparatuak, ekipoak, tresnak, instalazioak, edozein motatako soinu-igorleak, ibilgailuak edo antzeko elementuak behin betiko konfiskatzea, eragindako kaltea isunaren zenbatekoa baino handiagoa denean, eta betiere proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz.

E.4.2. Arau-hauste astunak direnean:

a) 51 eurotik 150 eurora bitarteko isunak.

b) Aurreko puntuko diru zehapenaz gain, egindako arau-hausteek diziplina-neurri hauek ekar ditzakete:

I.–Emandako baimena errebokatzea, ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduera edo erabileren kasuan, edo haren indarraldia etetea hilabete eta egun bat eta urtebete arteko aldirako.

II.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak garatzeko aldi baterako debekua, osoa edo partziala, gehienez bi urterako.

III.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak garatzeko behin betiko debekua.

E.4.3. Arau-hauste arinak direnean:

a) 50 eurora bitarteko isuna.

E.5. Preskripzioa.

E.5.1. Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunengatik ezarritako zehapenek hiru urteren buruan preskribituko dute, falta astunengatik ezarritako zehapenek bi urteren buruan eta falta arinengatik ezarritakoek urte baten buruan.

E.5.2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

Arau-hauste jarraitu edo etengabeen kasuan, jokabide arau-hauslea bukatzearekin batera hasiko da epea zenbatzen.

E.5.3 Zehapenen preskripzio epea zenbatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena exekutagarria den egunaren biharamunetik edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa jartzeko epea bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2215679