256. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2751E/2022 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita erizainen 41 lanpostu, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aritzeko.

Maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretuaren bidez, 2022. urterako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuan aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona. Foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Irailaren 14ko 81/2022 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa.

Maiatzaren 25eko 57/2022 Foru Dekretuaren bidez, lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, 2022. urterako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, hain zuzen, egonkortze-tasari dagokiona, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuari jarraikiz (foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartu dira Nafarroako administrazio publikoetan egonkortze-prozesuak egiteko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeak, non neurriak hartzen baitira Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan egiteko, bere 5.3 artikuluan ezartzen du egonkortze-prozesuetan sartzen diren lanpostuetako batzuk oposizio-lehiaketa bidez beteko direla, alegia, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2.1 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenak, eta enplegua egonkortzeko lan publikoaren eskaintzetan sartzen diren gainerako lanpostuak, berriz, merezimendu-lehiaketa bidez beteko direla, salbuespenez.

Bestalde, aipatutako foru legearen 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, oposizio-lehiaketa bidezko hautapen prozeduretarako onesten diren deialdietan, bete beharreko gehieneko lanpostu kopurua zehaztuko da, eta aurrerago, foru lege horren 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz tramitatzen den lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren, zehaztu eta identifikatuko dira eskaintzen diren lanpostu hutsak, lanpostu zenbaki zehatzak jakinarazita. Gainera, sarrerarako hautapen-prozeduran gehituko dira lekualdatze-lehiaketen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak.

Aurrekoa kontuan hartuta eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak egindako proposamena ikusita, bidezkoa da deialdi bat onestea erizainen 41 lanpostu, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aritzeko. Lanpostu horiek zehaztu eta identifikatuko dira lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 10. artikuluarekin bat etorrita.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat eta haren oinarriak onestea erizainen 41 lanpostu, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aritzeko.

2. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

3. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2022ko azaroaren 25ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAN ARITZEKO ERIZAINEN 41 LANPOSTU, GEHIENEZ ERE, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdietako lanpostuak.

Deialdi honen xedea da erizainen 41 lanpostu betetzea, gehienez ere, sarrera-prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aritzeko. Lanpostu horiek egonkortzeko lan publikoaren eskaintzan sartuko dira, kontuan izanik zenbat geldituko diren hutsik uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera deitutako lekualdatzearen ondoren.

Destinoak eta plantilla-zenbakiak aipatutako lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren zehaztu eta identifikatuko dira.

Era berean, deialdi honen xedea da erizainen lanpostuak aldi baterako kontratazio bidez betetzeko izangaien zerrenda subsidiarioak eratzea.

1.2. Deialdi honek jarraituko dio 19/2022 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoari (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.3. Deialdiaren ondoriozko egintzak bitarteko hauek erabiliz argitaratuko dira:

–Lanpostuetan sartzeko deialdia eta izendapen ebazpena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

–Gainerako egintzak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), "Oposizioak" izeneko erlaitzean, dagokion kategoriaren barnean.

1.4. Deitutako erizainen lanpostuak honela banatuta beteko dira:

a) 38 lanpostu txanda irekian.

b) 3 lanpostu, desgaitasuna dutenentzako txandarako erreserbatua.

Hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako txandako lanpostu hutsen bat, txanda irekikoei gehituko zaie.

Halaber, baldin desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.5. Deitutako lanpostua B mailakoa edo taldekoa da.

1.6. Hala agintzen baitu Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako gradudun/diplomadun titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Erreserba-txanda, desgaitasuna dutenentzat.

2.1 apartatuan adierazitako baldintzak betetzeaz gain, %33ko edo hortik goitiko desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.3. Berariaz kontrakoa adierazi ezean, desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako txandan parte hartzen dutenak, txanda horretan eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte, txanda irekian onartuko dira.

2.4. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat.

Nafarroako administrazio publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek bakar-bakarrik parte hartzen ahalko dute beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.5. Aldi baterako enplegua egonkortzeko asmoz deitzen den sarrerako hautapen-prozeduran ezin izanen dute parte hartu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xedeko lanpostu berean langile finko gisa ari diren langileek.

Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

2.6. Baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lanpostuaz jabetu arte, eta izangaiek frogatu beharko dituzte deialdi honen oinarrietan zehazten den unean.

3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Inskripzio-orria eta tasak.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.empleosalud.navarra.es/eu helbideko "Oposizioak" atalean, deialdi honen aipamenean sartuta.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak. Salbuespen hori 3.3.1 oinarrian ezarritakoaren arabera frogatu beharko da.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez, langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Salbuespen hori frogatzeko, baimena eman dakioke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3.3.1. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

3.3.2. Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

3.4. Euskaraz jakitearen betebeharra, hala badagokio, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean.

3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.7. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

4.4. Izangaiari berari egotzitako arrazoiengatik baztertutakoei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen interesdunei onartzea deialdi honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean inskripzio eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko du kalifikazio epaimahaia, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onetsi aurretik, eta kide kopuru bakoiti batez osatua egonen da –hiru gutxienez–, eta beste horrenbeste ordezko kide izendatuko dira, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.6. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako aldiak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioaldia 2024ko otsailetik aurrera hasiko da. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, azterketa egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian proba bat eginen da: test motako 100 galdera eta erreserbako 10 galdera erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak 4 erantzun izanen ditu aukeran, eta 1 bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko 2 ordu izanen dira gehienez.

Galdera guztiak II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruzkoak izanen dira.

6.3.2. Oposizioaldian, gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira, eta baztertuta geldituko dira 30 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Oposizioaldia gainditu duten izangaiek modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren aipamenean ezarritako estekaren bidez, alegatzen dituzten merezimendu guztiak egiaztatzen dituzten agiriak, deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz. Horretarako, 10 egun balioduneko epea egonen da, oposizioaldiko behin betiko emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz eta haren erakunde autonomoez besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, I. eranskineko baremoan aurreikusitako baldintzetan, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren jakite-maila egiaztatzen duten tituluak edo ziurtagiriak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

Honako hauek ez dira aurkeztu behar, deialdia egin duen organoak zuzenean emanen baitizkio epaimahaiari:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izanaren ziurtagiria, gainditu arren lanposturik eskuratu gabe gelditu bazen, eta, betiere, deialdia 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratu bazen.

–Deialdiaren web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.4.2. Lehiaketaldian kalifikatu eginen dira izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honen I. eranskineko baremoen arabera.

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.4.4. Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioaren azterketatik ondorioztatzen bada hautagairen batek merezimendu horiek ez dituela, merezimendu horiei emandako puntuazioa deskontatuko da.

6.4.5. Merezimenduak berrikusi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

6.4.6. Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu deialdiaren web-orrian, bai eta oposizio-lehiaketaren azken emaitza ere. Erreklamazioak ebatzitzat joko dira emaitza hori argitaratzearekin.

Izangaiak lehiaketaren emaitza eta merezimenduen banakako balorazioa ikusten ahalko ditu deialdiaren webgunearen bidez.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura.

Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, I. eranskineko baremoaren b.1) atalean puntuaziorik handiena lortzen duen pertsonaren alde ebatziko da; eta hor ere berdinketa egonez gero, I. eranskineko a) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, atal horren barrenean azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, azpiatal horiek agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

Oposizio-lehiaketa amaitu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, eta administrazio-organo eskudunari izendapen proposamena edo kontratazio baimena igorriko dio puntuazio handiena lortu duten izangaiekin, deitutako lanpostu kopuruan zenbat sartzen diren, horrenbesterekin.

8.–Zentroa hautatzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko zentroaren hautaketa eta esleipena eginen da izendapen proposamena edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko baimena argitaratu baino lehen, deitutako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiek egindako eskaeren arabera, lortutako hurrenkera kontuan hartuta, eta lanpostu horietan sartzeko oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna izan eta deialdi honetan lanpostu bat lortzen dutenek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik.

Desgaitasunak eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, egokienak esleituko zaizkie hautaketa egin aurretik, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

8.3. Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa duten lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada jakite hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, egon arren, lanpostu horiek hautatzen ez badituzte 8.1 apartatuan onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

–Hautaketa egin baino lehen, hautatu behar duten izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta lanpostu zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

–Parte-hartzaileek telematikoki, deialdiaren web-orriaren bidez, eginen dituzte eskaerak, 10 egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketa bidezko prozeduraren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita, eta eskaera horietan adieraziko dute zer lanpostu hautatu nahi dituzten, lehentasun ordenan.

8.5. Deialdia egiten duen organoak deialdiaren web-orriaren bidez emanen du emaitzaren berri.

9.–Izendatzeko edo kontratazioa baimentzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak proposamena eginen du, hautaketa egin ondoren lanpostu bat egokitu zaien izangaien alde, haiek funtzionario izendatzeko edo lan-kontratudun langile finko gisa kontrata ditzaten baimentzeko. Proposamen hori deialdiaren web-orrian argiratuko da.

9.2. Hura argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek dokumentazioa aurkeztu beharko dute O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean. Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak, kasuaren arabera:

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako foru araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

f) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1. b) eta f) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2.3. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik. Txosten hori ofizioz emanen da, horretarako berariaz egindako osasun-azterketa egin eta gero.

9.2.4. Desgaitasuna dutenek, gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.

10.–Izendapena, lanpostuaz jabetzea eta kontratatzeko baimena.

10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko baimena emanen du.

Izendapena edo, kasua bada, kontratatzeko baimena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomietako funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Nafarroako administrazio publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren administrazioaren montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatutako izangaiek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte. Era berean, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaie.

10.3. Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Era berean, lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzen diren izangaiek aurreko paragrafoan adierazitako egun berean sinatu beharko dute kontratua.

10.4. Izangaia jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik ezarritako lizentziaren aldiaren barnean badago, geroago jabetuko da lanpostuaz funtzionario gisa edo sinatuko du dagokion kontratua.

Halakoetan, jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik ezarritako lizentziaren denbora igarotakoan jabetuko da lanpostuaz edo dagokion kontratua sinatuko du, edo lehenago, interesdunak hala eskatuz gero, betiere nahitaezko atsedenaldia errespetatuta.

Dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko gerorapen epe hori. Aitortze horrek balioa izateko, beharrezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea funtzionario gisa edo dagokion kontratua sinatzea, eta jabetzaren edo sinatzearen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

10.5. Adierazitako epearen barnean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, kasuan kasuko lanpostuaz jabetzen ez direnek edo kontratua sinatzen ez dutenek galdu eginen dituzte Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario edo lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak.

10.6. Deitutako lanpostuak beteko direla ziurtatzeko, honako kasu hauetan, administrazio organo eskudunak baja beteko du gainditu dutenen zerrendan agertzen den hurrengo izangaiarekin: hautaketa-prozesutik eratorritako eskubideei uko egiten bazaie; lanpostua betetzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez badira; lanpostua ez bada hautatu behar den epean eta moduan, ezarritako prozeduraren arabera; izendapen proposamenaren ondoren eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik; esleitutako lanpostuaren jabetza hartu ez bada edo dagokion kontratua sinatu ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik; edo izangaia borondatezko eszedentzia egoeran deklaratu bada, hark eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrerako ondorioekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostuen hautua. Beraz, izangai berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.7. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak prestatzea.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez tramitatzen diren egonkortze-prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira. Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta gero horiek kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

11.3. Kontrataziorako zerrenda motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

11.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

11.5.1. Titulazioa.

Zerrendan onartua izateko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da. Zure titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaizu, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.

11.5.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizio fasea gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusten baduzu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak luzatutako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagirietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.5.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

11.5.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

11.6. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetarako euskararen ezagutzaren betekizuna edozein unetan egiaztatzen ahalko da zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

11.7. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera edozein unetan egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.8. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege Dekretuan ezarritakoarekin eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

2) Hautapen prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatuko dutena: oposizio fasean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaiak, hots, 18 puntu edo gehiago.

12.2. Hautapen-prozesuaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio hautagaien zerrenda, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioekin, administrazio erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak egin eta onartzeko.

Sartzeko deialdian parte hartzeko eskaeran, hautagaiek adieraziko dute administrazio erroaren esparrua aukeratu dutela, aldi baterako kontratazio zerrendak egiteko.

12.3. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, bai hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, bai hautapen prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

Gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena. Berdinketarik gertatuz gero, deialdi honetan berdinketak hausteko ezarri diren irizpideen arabera ebatziko da (oposizio fasearen eta lehiaketa fasearen puntuaziorako irizpideak, eta zozketa).

Hautapen prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da oposizio fasean lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera. Berdinketarik gertatuz gero, deialdi honetan zozketari buruz ezarritakoaren arabera ebatziko da.

Goian aipatutako zozketa egin ez bada, hautapen prozesuaren momentu horretan eginen da.

12.4. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.5. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira eskatzen diren baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, behar izanez gero, epe bat irekitzen ahalko da euskara maila frogatzeko, lanpostu elebidunetara sartzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako ematen den epea bukatzen den egunean.

12.6. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

12.7. Egonkortze-prozesu honen ondorioz onesten diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak modu subsidiarioan aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesu baten ondorioz indarrean dauden aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta deialdien, oinarrien eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin, eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako eskumenak.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 12 puntu:

b.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 3,2 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, betiere, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuetan (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 2 puntu gehienez hizkuntza bakoitzagatik.

b.3) Euskara:

Euskara jakitea puntuazio honekin baloratuko da:

1. Eremu euskaldunean: euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 4,4 puntu gehienez.

2. Eremu mistoan: euskara jakiteagatik, betiere, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuetan (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 2,8 puntu gehienez.

b.2) eta b.3) ataletarako oharrak:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Gai orokorrak.

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: atariko titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I. kapitulutik III. kapitulura.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua eta II. tituluko VIII. kapitulua. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena.

4. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.

5. gaia.–41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan dituen eskubide eta betebeharrei buruzkoa, eta 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Arloko Eskubide eta Betebeharrei buruzkoa.

6. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

7. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua.

8. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzkoa: atariko kapitulua eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.

Berariazko gaiak.

1. gaia.–Osasun arloko dokumentazioa. Pazientearen historia klinikoa. Kodetzea. DGMO. Datuen gutxieneko multzo oinarrizkoa (1093/2010 Errege Dekretua, irailaren 3koa, Osasun Sistema Nazionaleko txosten klinikoetako datuen gutxieneko multzoa onesten duena: Erizaintzako zainketa txosteneko datu multzoa).

2. gaia.–Lan-osasuna: kontzeptua. Laneko baldintza fisikoak eta ingurumenekoak. Arrisku biologikoak, fisikoak, kimikoak eta ergonomikoak. Prebentzio neurriak.

3. gaia.–Osasun zerbitzuen finantzaketa, kudeaketa eta hornidura. Ekitatea. Eraginkortasuna, efizientzia eta efektibitatea. Kudeaketa klinikoa: kontzeptu orokorrak. Asistentzia prozesuen araberako kudeaketa.

4. gaia.–Osasuneko kostuak: kontzeptua. Kostu motak. Kostuen kalkulua: Case Mix. Osasun teknologien ebaluazio ekonomikoa: kontzeptu orokorrak.

5. gaia.–Osasun arretaren kalitatea. Asistentziaren kalitatearen osagai kontzeptualak. Asistentziaren kalitatearen osagaiak. Asistentziaren kalitatearen ebaluazioa. Kalitatearen nazioarteko ereduak.

6. gaia.–Pazientearen segurtasunaren estrategia. Segurtasunaren kultura. Jardunbide kliniko seguruak. Arriskuaren kudeaketa eta jakinarazpen eta ikaskuntza sistema.

7. gaia.–Bioetika: funtsezko printzipioak. Harreman klinikoaren ereduak. Baimen informatua. Intimitatea eta konfidentzialtasuna. Giza duintasuna eta zainketa aringarriak. Aurretiazko borondateak. Erizaintzako deontologia. Osasun asistentziaren etika batzordeak.

8. gaia.–3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, Eutanasia arautzen duena.

9. gaia.–Estatistika osasun zientziei aplikatua. Oinarrizko kontzeptuak: biztanleria, lagina, aldagaiak. Zentrorako joeraren neurriak, sakabanatzearenak, formarenak eta posizioenak. Probabilitatea eta probabilitate-banaketa. Inferentzia estatistikoa, hastapenak: korrelazioa, erregresioa eta taldeen konparazioa. Neurriaren baliozkotasuna eta fidagarritasuna.

10. gaia.–Osasun zientzietako ebidentzia zientifikoa: ebidentzian oinarritutako erizaintzaren funtsak. Datu-base bibliografikoak, dokumentu-iturriak eta bibliografiaren berrikuspena. Ebidentziaren azterketa kritikoa.

11. gaia.–Ikerketa kuantitatibo eta kualitatiborako metodologia. Diseinua, datuen bilketa eta analisia. Lan zientifiko baten egitura metodologikoa eta haren faseak.

12. gaia.–Zainketen normalizazioa. Praktika klinikorako gidak. Bide klinikoak. Jarduteko protokoloak. Zainketa estandarizatuen planak. Erizaintzako prozedurak.

13. gaia.–Erizaintzako ereduak eta teoriak: metaparadigma, teoria eta ereduen sailkapena eta teoria nagusiak.

14. gaia.–Erizaintzako prozesua: ezaugarriak eta faseak. Virginia Hendersonen beharren araberako balorazioa, eta Marjory Gordonen patroi funtzionalen araberakoa. Eskalak. Erizaintzako diagnostikoak eta NANDA taxonomia. Plangintzak: NOC eta NIC taxonomia. Gauzatzea eta ebaluazioa.

15. gaia.–Erizaintzako prozedurak.

16. gaia.–Osasun publikoa eta komunitate-osasuna. Osasun demografia. Informazio iturriak eta adierazle demografikoak. Prebentzioa eta osasunaren eta bizimodu osasungarrien sustapena.

17. gaia.–Osasuneko plangintza. Plangintza-mailak. Osasun-adierazleak.

18. gaia.–Nafarroako osasun programak.

19. gaia.–Paziente kronikoei eta pluripatologikoei arreta emateko Nafarroako estrategia.

20. gaia.–Transmititzen ahal diren eritasunak. Kate epidemiologikoa. Gaixotasun kutsakorrak kontrolatzeko eta prebenitzeko neurriak. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak.

21. gaia.–Transmititu ezin diren eritasunak. Epidemiologia. Arrisku faktoreak. Prebentzio estrategia. Gaixotasun baskularrak. Arnasbideetako gaixotasunak. Minbizia. Eritasun mentalak.

22. gaia.–Immunizazioa: kontzeptua eta sailkapena. Txertoak. Txerto motak. Nafarroako Foru Komunitatean haurren eta helduen txertoetarako indarrean dagoen egutegia. Indikazioak, kontraindikazioak eta ondorio kaltegarriak. Hotz-katea.

23. gaia.– Infekzio nosokomiala: kontzeptua eta kate epidemiologikoaren ezaugarriak. Infekzio nosokomial nagusiak: gernubideetako infekzioa, bakteriemiak, zauri kirurgikoa eta pneumoniak. Intzidentzia eta prebalentzia. Prebentzio eta kontrol neurriak.

24. gaia.–Neurri higieniko orokorrak eta aurreneurri unibertsalak. Garbiketa eta desinfekzioa. Antiseptikoak. Desinfektatzaileak. Desinfekzioa, esterilizazioa (material esterila kontserbatzeko, erabiltzeko eta esterilizatzeko metodoak). Osasun hondakinak kudeatzea.

25. gaia.–Erizaintza komunitarioa. Komunitateari laguntza ematea. Erizainen balorazioa eta esku-hartzeak komunitatean.

26. gaia.–Osasun hezkuntza, indibiduala, taldekakoa eta komunitarioa: kontzeptua, metodologia eta teknika didaktikoak. Osasunerako hezkuntzari buruzko teknikak. Osasunerako hezkuntza-programak prestatzea. Paziente aktiboaren ahalduntzea. Pazientea erabakiak hartzerakoan.

27. gaia.–Familiari arreta egitea. "Familia" kontzeptua eta familia-egitura motak. Genograma. Familia-arreta berebiziko gertaeren aurrean. Normaltasuna eta familiaren disfuntzionaltasuna.

28. gaia.–Arreta etxean ematea: kontzeptuak eta motak. Zainketak etxean. Zaindariarentzako arreta.

29. gaia.–Erizaintzako arreta mendekotasuna duten pertsonentzat. Autonomia sustatzea.

30. gaia.–Prozesu kirurgikoa: estresaren aurreko erantzun neurobegetatiboa. Anestesia: motak, emateko modua eta gorabeherak. Ebakuntzaren aurreko egoeran, ebakuntzan eta ebakuntzaren ondoko egoeran dauden pazienteentzako EAP–NNN: berehalakoa, goiztiarra, berantiarra. Zerikusia duten prozedurak: pazientea prestatzea kirurgiarako, ebakuntzako langileak prestatzea (ebakuntzarako garbitzea, janztea eta eskularruak jartzea), esterilizatutako materialaren erabilera, ebakuntzako zaurien eta drainatzeen erabilera, etab.

31. gaia.–Arnas sistemaren anatomo-fisiologiako problemak dituzten pazienteei arreta ematea. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: arnasketa prozesu akutuak eta kronikoak. EAP–NNN, arnasketa prozesu akutuak eta kronikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: oxigenoterapia, arnas fisioterapia, arnasbideak gailu bidez mantentzea (Guedel kanula, hodi orotrakeala, trakeotomia), arnasketa mekaniko ez-inbaditzailearen erabilera (modalitateak eta zainketak), inhalagailuen erabilera, etab.

32. gaia.–Barne-ingurunearen homeostasia: likidoen nahasmenduen fisiopatologia, elektrolitoak, azido-base oreka. Erantzun inflamatorio sistemikoa eta lokala. Erizaintzako arreta-prozesua aplikatzea NANDA, NOC, NIC taxonomiak erabiliz (EAP–NNN) homeostasian nahasmenduak edo hanturazko erantzuna dituzten pazienteekin. Zerikusia duten prozedurak: fluidoterapia ematea eta fluidoterapiako zainketak, balantzeen kalkulua, zainetako kateterrak sartzea, arterietako eta zainetako odol laginak lortzea, benabarneko eta muskulubarneko botikak ematea, etab.

33. gaia.–Sistema kardiobaskularra: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: prozesu kardiologiko akutu eta kronikoak, gaixotasun baskular akutuak eta kronikoak. EAP–NNN, prozesu kardiologiko edo baskularrak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: zaineko kateter zentrala sartzea, hartarako zainketak eta hura mantentzea, presio benoso zentrala neurtzea, EKGa egitea, EKGaren nahasmendu nagusien interpretazioa, datu hemodinamikoen monitorizazioa.

34. gaia.–Sistema nefro-urinarioa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostikoa eta tratamendua, giltzurruneko gaixotasun akutu edo kronikoetan eta gernubideetako gaixotasunetan. EAP–NNN, giltzurruneko prozesuak edo gernubideetako prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: maskuriko zunda eta gernu-biltzaileak sartzea eta mantentzea, gernua kanporatzean ostomia dagoenerako zainketak, odola arazteko sistemak, laginen bilketa, etab.

35. gaia.–Nerbio-sistema zentrala eta periferikoa. Anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, nerbio-sistema zentraleko prozesuetan (baskularrak, toxikoak, infekziosoak, immunologikoak, degeneratiboak edo traumatologikoak), edo nerbio-sistema periferikoko prozesuetan. EAP–NNN, nerbio-sistema zentraleko edo periferikoko prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: drainatze bentrikularrak, ziztada lunbarrerako zainketak, laginak biltzea, monitorizazio neurologikoa, etab.

36. gaia.–Zentzumen organoak: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, zentzumen organoen problema akutu eta kronikoetan. EAP–NNN, zentzumen organoen nahasmendu prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: tapoiak ateratzea; botika otikoaren eta oftalmologikoaren instilazioa, etab.

37. gaia.–Sistema muskuloeskeletikoa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu muskuloeskeletiko akutu eta kronikoetan (traumatologikoak, infekziosoak, degeneratiboak, immunologikoak). EAP–NNN, nahasmendu muskuloeskeletikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: immobilizazio sistemen erabilera eta zainketa (ferulak, igeltsuak, bendajeak, kanpo-finkatzaileak), aldakako/belauneko protesia duen pazientea nola mugitu.

38. gaia.–Sistema hematologikoa. Anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: anemiak eta koagulazioko nahasmenduak. EAP–NNN, funtzio eritrozitarioan edo koagulazio sisteman nahasmenduak dituzten pazienteentzat. Haiekin erlazionatutako prozedurak: hemoderibatuen transfusioa.

39. gaia.–Prozesu onko-hematologikoak. Fisiopatologia, diagnostikoa, tratamendua (kanpoko erradioterapia/brakiterapia), kimioterapia, progenitore hematopoietikoen transplantea. PAE–NNN, prozesu onkologiko edo hematologikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: kateter zentral iraunkorrak mantentzea, botikak ematea bide intratekalaren bitartez edo larruazalpeko bidearen bitartez, etab.

40. gaia.–Digestio sistema: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu akutuak eta kronikoak daudenean honako hauetan: digestio hodi altua, gibela eta behazun-bideak, eta pankrea. Orobat, heste mehar eta lodiko nahasmenduak daudenean. EAP–NNN, ahoratzea, digestioa edo absortzioa nahasten duten digestio prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: zunda gastrikoa edo sudur-hesteetako zunda sartzea eta mantentzea, nutrizio enterala edo parenterala, enemak, elikadurako edo digestio-kanporaketako ostomien zainketak, laginen bilketa, etab.

41. gaia.–Sistema endokrinoa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu endokrinologiko akutu edo kronikoetan. EAP–NNN, nahasmendu endokrinologikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: laginak biltzea, gluzemia kapilarra, intsulina ematea, etab.

42. gaia.–Nutrizioaren alderdi orokorrak: Mantenugai motak eta haien nutrizio-ezaugarriak.

43. gaia.–Egoera nutrizionalaren balorazioa. Dietetika: dietetarako gidak eta ebaluatzeko sistemak. Dieta terapeutikoak: dietoterapia, zenbait patologiatan. Elikadura enterala edo parenterala duten pertsonen zainketak eta balorazioa.

44. gaia.–Elikadura higienea. Elikagaien ondoriozko toxiinfekzioa.

45. gaia.–Farmakologiaren printzipio orokorrak: farmakozinetika. Botikak ematea eta norberak absorbitzea. Botikak banatzea. Botikak ezabatzea. Botiken eragin-mekanismoa. Botiken arteko eragina eta botiken toxikotasuna. Farmakozaintza sistemak eta ondorio kaltegarriak jakinarazteko sistemak.

46. gaia.–Botikak ematea: botika bat eman aurretik kontuan izan beharrekoak. Botikak emateko moduak: definizioa eta motak. Aukera egiteko puntuak, teknikak eta problema ohikoenak. Dosia kalkulatzea. Medikamentuak kontserbatzeko baldintzak. Medikamentuak zentzuz erabiltzea.

47. gaia.–Botiken sailkapen orokorra: elikadura traktua eta metabolismoa, odola eta organo hematopoietikoak. Sistema kardiobaskularra. Dermatologikoak. Sistema genitourinarioa eta sexu-hormonak. Prestakin hormonal sistemikoak (salbu sexu-hormonak eta intsulinak). Antiinfekziosoak. Antineoplasikoak eta immunomodulatzaileak. Sistema muskuloeskeletikoa. Nerbio sistema Arnas sistema. Zentzumen organoak.

48. gaia.–Emakumezkoen ugaltze-aparatuaren anatomo-fisiologia. Arazo ginekologikoak dituzten emakumeentzako zainketak. Ziklo menstrualaren alterazioak. Ugalketa sistemaren prozesu infekzioso eta inflamatorioak. Patologia ginekologikoa. Erizaintzako arreta larrialdi ginekologikoari.

49. gaia.–Emakume haurdunarentzako erizaintzako zainketak: aldaketa fisiologikoak, elikadura eta higienea. Haurdunaldian maizen izaten diren arazoak. Emakumearentzako arreta erdiberriaroan eta erdiberriaroko arrisku egoerak. Zainketa plana haurdunaldirako, erditzerako eta erdiberriarorako. Arreta eta doluaren tratamendua fetua hiltzen denean umetokiaren barrenean edo erditu ondoren.

50. gaia.–Ama izateko prestaketa. Jaiotzan eta Edoskitzean ematen den Asistentzia Humanizatzeko Ekimena.

51. gaia.–Emakumearentzako zainketak klimaterioan: aldaketa fisiologikoak, ohitura osasungarriak sustatzea, arriskuen prebentzioa eta kontrola. Osasunerako hezkuntza, indibiduala eta taldekakoa.

52. gaia.–Familia plangintza. Hezkuntza eta aholkularitza afektibo-sexuala. Antisorgailuak. Sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioa. Genero-indarkeria goiz detektatzea eta hari heltzea.

53. gaia.–Jaioberria: jaioberriaren balorazioa. Zainketak jaiotzatik beretik. Arrisku handia duten jaioberriak. Patologia nagusiak, eta honako hauek dituen jaioberriaren eta bularreko haurraren balorazioa eta erizaintzako zainketak: sortzetiko gaixotasunak, arnasbideetako gaixotasunak, gaixotasun kardiobasularrak, metabolikoak, digestioko gaixotasunak, gaixotasun hematologikoak, gaixotasun infekziosoak, neurologikoak eta giltzurruneko gaixotasunak eta gernubideetakoak.

54. gaia.–Haurtzaroko zainketak: hazkuntza eta garapena jaiotzetik. Hazkuntza berrikusteko eta kontrolatzeko programa oinarrizko osasun laguntzan. Txertoak. Haurren istripuak. Haurra eta ospitalizazioa. Edoskitzaroa, elikadura eta nutrizioa. Ohitura osasungarriak. Haurren obesitatearen prebentzioa eta istripuen prebentzioa. Osasunerako heziketa-programak. Garapen psikomotorraren gorabeherak goiz detektatzea. Haurraren patologia nagusiak: gaixotasun infekto-kutsagarriak. Arrisku sozialeko egoeran dagoen haurra.

55. gaia.–Nerabezaroko zainketak: ezaugarri orokorrak, ohitura osasungarrien sustapena, ohitura toxikoen eta istripuen prebentzioa eta sexualitatea nerabezaroan.

56. gaia.–Adinekoen zainketak. Kontzeptuak: geriatria, gerontologia, hauskortasuna. Zahartze prozesuko aldaketa nagusiak: fisiologikoak, psikologikoak, sozialak eta patologikoak.

57. gaia.–Balorazio geriatriko integrala: klinikoa, funtzionala, mentala eta soziala. Sindrome geriatriko handiak: hauskortasuna eta erorikoak, immobilismoa, inkontinentzia, mendekotasuna, inaktibitatea, narriadura kognitiboa. Arrisku faktoreak eta prebentzioa. Autonomia pertsonalaren sustapena, autozainketarako orientazioa.

58. gaia.–Osasunez zahartzea. Egoera familiarraren eta sozialaren balorazioa. Laguntza zaintzaile nagusiari eta familiari.

59. gaia.–Hil hurren den pertsonarentzako eta haren familiarentzako arreta eta zainketak. Balorazio integrala. Zainketa aringarriak. Minaren arreta, haren ezaugarriak eta Osasunaren Mundu Erakundearen eskala analgesikoa. Dolua: ezaugarriak, faseak eta haren aurreko baliabideak. Heriotzaren ondoko arreta.

60. gaia.–Osasun mentala: osasun mentaleko eredu kontzeptualak. Erizaina osasun mentalean eta ingurune terapeutikoa. Alderdi etiko eta legalak. Balorazio integrala eta erizaintzako esku-hartzeak.

61. gaia.–Prozesu patologiko nagusiak: psikiatria haurtzaroan eta gaztaroan, nahasmendu psikotikoak (eskizofrenia), nahasmendu neurotikoak, (fobiak, antsietatea, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, egokitzeko edo konbertsio nahasmenduak), substantziak kontsumitzeak ekarritako nahasmendua, aldartearen nahasmenduak, elikadura jokabidearen nahasmenduak, nortasunaren nahasmenduak, bulkaden kontrolaren nahasmenduak, dementziak. EAP–NNN, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pazienteentzat. Osasun mentaleko modalitate terapeutikoak: psikoterapiak, psikofarmakologia, TEKa (terapia elektrokonbultsiboa).

62. gaia.–Psikologia eta jokabidearen oinarri neurologikoak. Informazioa hartzeko prozesua: sentsazioa eta pertzeptzioa, arreta. Informazioa hartzeko, biltegiratzeko eta sortzeko prozesua: ikaskuntza, memoria eta hizkuntza eta pentsamendua. Jokabidea modulatzeko prozesua: motibazioa, emozioa eta nortasuna.

63. gaia.–Komunikazioa: teknika eta trebetasunak. Erizaintzako lanbide harremana pazientearekin eta ahaideekin. Entzute aktiboa. Laguntza-harremana.

64. gaia.–Larrialdiak: Kontzeptua. Erizaintzako balorazioa eta zainketak egoera kritikoetan.

65. gaia.–Politraumatismoak dituztenen berezitasunak, erredura handiak, shockak, istripu zerebrobaskularrak, bularraldeko mina, MIA (miokardioko infartu akutua), intoxikazio akutuak. Lehentasuna eta triajea biktima asko eta hondamendiak dauden egoeretan.

66. gaia.–Oinarrizko bizi-euskarria eta bizi-euskarri aurreratua haurrarengan eta helduarengan. Berpizte ondoko zainketak.

Iragarkiaren kodea: F2217211