255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2022 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, 2022ko azaroaren 30ekoa, tributu harmonizazioari buruzkoa, zeinaren bidez aldi baterako murrizten baita Europar Batasunaren barruko erregai jakin batzuen entregei, inportazioei eta eskurapenei aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren tasa.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, balio erantsiaren gaineko zergaren (aurrerantzean, BEZ) ordainarazpenean Nafarroak aplikatuko ditu Estatuko lurraldean une bakoitzean indarrean dauden oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berberak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerga horien aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Horren ondorioz, Nafarroak bere tributu-araubidea aldatu behar du zerga horren arau substantibo eta formalei eragiten dien tributu-araubide erkidearen erreformaren bat dagoenean. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, tributuei buruzko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak ematen ahalko dituela. Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz, Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretuaren izena emanen zaie.

Estatuan, irailaren 20ko 17/2022 Errege Lege-dekretuak tributu-neurri berriak hartu ditu balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, eta 2022ko abenduaren 31ra arte aplikatuko dira. Errege lege-dekretu horrek premiazko neurriak hartzen ditu energiaren arloan, ordainsari-araubidea kogenerazio-instalazioei aplikatzean eta aldi baterako murrizten du Europar Batasunaren barruko erregai jakin batzuen entregei, inportazioei eta eskurapenei aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren tasa.

Bereziki, balio erantsiaren gaineko zergaren sistema erkideari buruzko Kontseiluaren 2006ko azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauaren mugen barruan, %21etik %5era murrizten du gas naturalaren entregen fakturaren osagai guztiei dagokien BEZaren tasa, zenbatekoa murrizteko eta, horrela, gas naturalaren prezioen igoerak sortutako egoerari erantzuteko.

Era berean, berokuntza sistemetan gutxiago kutsatzen duten erregaiak garatzen eta erabiltzen laguntzeko eta energia nahikotasuna sustatzeko neurri gisa, %21etik %5era murrizten du berokuntza sistemetako biomasatik eta egurrerako egurretik datozen briketen eta pelleten entregei dagokien BEZaren tasa.

Horregatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, BEZari dagokionez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko azaroaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Europar Batasunaren barruko erregai jakin batzuen entregei, inportazioei eta eskurapenei aldi baterako aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren tasa.

Ondorioak izanik 2022ko urriaren 1etik aurrera, eta indarraldia, berriz, 2022ko abenduaren 31ra artekoa, balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 5eko tasa aplikatuko zaie honakoei:

a) Europar Batasunaren barruko gas naturalaren entregei, inportazioei eta eskurapenei.

b) Biomasatik datozen briketak eta pelletak Europar Batasunaren barruan entregatzeari, inportatzeari eta eskuratzeari, eta su-egurrerako egurrari.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2216137