251. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

118/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko prozedura.

Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat, Nafarroan Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 bis artikulua aplikatzen da, zeinean arautzen baita erabilera profesionaleko gasolioari dagokionez ordaindu edo jasandako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala.

Apirilaren 9ko 121/2013 Foru Aginduan arautzen da Foru Komunitateko Zerga Administrazioak zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura. Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, prozedura hori lurralde erkidean ezarrita dagoenaren antzekoa da, zeina araututa baitago urriaren 3ko HFP/941/2022 Aginduan (otsailaren 19ko HAP/290/2013 Agindua indargabetzen du).

Berriki, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuak HAP/290/2013 Agindua aldatu zuen gasolio profesionalaren hileroko itzulketaren aukera gaitzeko, hiruhilekoko itzulketaren ordez. Nafarroan, apirilaren 1eko 43/2022 Foru Aginduak aldatu zuen 121/2013 Foru Agindua hileko itzulketa ezartzeko.

Bestalde, HFP/941/2022 Aginduak eguneratzen du zergaren itzulketarako prozeduraren erregulazioa. Zehazki, itzulketaren hileko ordainketa sistema osotara ezartzeaz gain, ezabatzen ditu hidrokarburoen gaineko zergaren tarte autonomikoari buruzko aipamenak, Zerga Bereziei buruzko Legearen 50 ter artikuluan jasotakoa (Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen bidez indargabetutako artikulua). Era berean, araua egokitzen du Txikizkako Identifikazio Kodearen indarreko lege esparrura, hori baita erabilera profesionaleko gasolioaren itzulketa partzialaren kudeaketan erabiltzen dena.

Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan ezarritakoa betetzeko, foru agindu hau onesten da aldaketa horiek beraiek egiteko foru arauetan, erabilera profesionaleko gasolioari dagokionez hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala egiteko prozedurari buruzkoetan hain zuzen ere.

38/1992 Legearen 52 bis artikuluak 7. apartatuan xedatzen duenez, itzulketa egiteko prozedura Ekonomia eta Ogasun Ministerioak ezarriko du. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluaren ondorioz, ulertu behar da gaikuntza hori Nafarroako Foru Komunitatean zergen arloko eskumena duen departamentuko titularraren alde egiten dela.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Foru Komunitatearen eskumena.

1. Nafarroako Foru Komunitateak eskumena izanen du gasolio profesionalagatiko itzulketen onuradun diren pertsonen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldako altak, aldaketak eta bajak egiteko aitorpenak tramitatzeko, onuradunek egoitza fiskala Nafarroan dutenean, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 8. artikuluan ezarritako arauekin bat.

2. Norberaren kontsumorako instalazioetan gasolio profesionalarekin egiten diren horniduren zerrenda Nafarroako Foru Komunitateari aurkeztuko zaio establezimenduaren titularrak helbide fiskala Nafarroa duenean.

3. Urteko aitorpena, erroldaturiko ibilgailu bakoitzak urte osoan eginiko kilometroen kopurua barne, Nafarroako Foru Komunitateari aurkeztuko zaio itzulketarako eskubidea duena gasolio profesionalaren onuradunen Nafarroako erroldan inskribaturik dagoenean.

2. artikulua. Definizioak.

Foru agindu honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:

1. "Itzulketaren oinarria". Itzulketaren oinarria izanen da interesdunak erositako gasolio bolumena, baimendutako ibilgailuetan erregaitako erabili duena, milaka litrotan adierazia.

2. "Gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen errolda". Hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala jasotzeko eskubidea duten ibilgailuen titularren errolda da, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 5 bis.2 artikuluak aipatzen duena.

3. "Gasolio profesionalaren norberaren kontsumorako instalazioen errolda". 9. apartatuan aipatzen diren instalazioen errolda da.

4. "Txikizkako Identifikazio Kodea". Txikizkako Identifikazio Kodearekin identifikatzen da pertsona edo entitate bat, horniduraren unean 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan aitortzen den itzulketarako eskubidea sor dezakeen gasolioaren titulartasun juridikoa duena eta produktua txikizkako salmentarako instalazioetan saltzen duena. Kode horrek ondotik ezartzen den itxura izanen du.

Kodeak zortzi karaktere izanen ditu, honela banatuak:

a) Bi digitu, Txikizkako Identifikazio Kodearen ondorioetarako, lurraldeko erregistroko inskripzioa egiten den kudeaketa bulegoa identifikatzen dutenak.

b) Bi karaktere, garatzen den jarduera identifikatzen dutenak:

a`) ES: gasolindegiak.

b`) SU: erabilera profesionaleko gasolioa txikizkako salmentarako instalazioetan merkaturatzen dutenak.

c) Alfazenbakizko 3 karaktere.

d) Kontrolerako letra bat.

5. "Itzulketaren gehieneko zenbatekoa". Artikulu honen 1. apartatuan definitutako itzulketaren oinarriarekin bat, 38/1992 Legearen 52 bis.6.c) artikuluan ibilgailu eta urte bakoitzeko ezarritako gehieneko kontsumoari dagokiona.

6. "Itzulketaren xede diren kuotak". Itzulketaren oinarriaren gainean tasa aplikagarria aplikatzearen ondoriozkoak, 38/1992 Legearen 52 bis.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

7. "Entitate jaulkitzailea". Ordainbideak jaulkitzearen arloan indarra duen araudia beteta eta Zerga Administrazioak baimendu ondoren, gasolio profesionaleko txartel bat jaulkitzen duen pertsona edo entitatea da.

8. "Gasolio profesionala". Erabilera orokorreko gasolioa, 38/1992 Legearen 52 bis.2 artikuluan aipatzen diren ibilgailuen motorrean erregaitako erabiltzen dena.

9. "Norberaren kontsumorako instalazioa". Erabilera orokorreko gasolioaren hornidura puntu bat, norberaren kontsumorako, duen establezimendua, gasolio hori norberaren kontsumorako instalazio baten titularrak dituen ibilgailu baimenduen motorretan erregaitako erabiltzen denean.

10. "Txikizkako salmentarako instalazioa". Publikoari saltzeko instalazio finkoak dituen establezimendua, erabilera orokorreko gasolioa zuzenean kontsumitzeko, behar bezalako baimena daukana petrolio produktuak merkaturatzeko arloan indarra duen araudiarekin bat jarduera horretarako.

11. "Erreferentzia-aldia". Hilabete naturala.

12. "Gasolio profesionaleko txartela". Karguko, kredituko edo erosteko txartela, txikizkako salmenta instalazioetan gasolioa erosteko berariazko ordainbide gisa Zerga Administrazioak baimendu duena. Hartatik eskatzen da zergaren itzulketa, eta bakarrik balio du bertan zehazten den ibilgailu baimenduaren horniketa egiteko. "Gasolio profesionala" esapidea ongi ikusteko moduan eramanen du txartelak.

13. "Itzulketaren tasa". 38/1992 Legearen 52 bis.6 artikuluan aipatzen dena izanen da.

14. "Baimendutako ibilgailuaren titularra". Halakotzat agertzen den pertsona edo entitatea garraioaren arloko eskumena duten agintzarien erregistroetan edo trafikoaren, bide segurtasunaren eta motordun ibilgailuen zirkulazioaren arloko agintarien erregistroetan, kasuan kasukoa.

15. "Ibilgailu baimenduak". 38/1992 Legearen 52 bis.2 artikuluan gasolioaren erabilera profesionalagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako ezarritako baldintzak betetzen dituzten ibilgailuak.

3. artikulua. "Gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen errolda.

1. 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan aipatzen diren ibilgailuen titularrek, ibilgailu horien motorretan gasolio profesionala kontsumitu aurretik, izena emanda egon beharko dute gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan.

2. Errolda horretan izena emateko eskaera bide elektronikotik eginen da, Nafarroako Gobernuaren web orrian, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean, horretarako dagoen inprimakia erabiliz; bertan eskatzailearen (pertsona nahiz entitatea) datu hauek adieraziko dira:

a) Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

b) Izena edo sozietate-izena eta egoitza fiskala.

c) Jarduera ekonomikoaren deskripzioa eta jarduera hori noiz hasi zuen.

d) Finantza entitatearen eta banku kontuaren identifikazioa, IBAN formatuan, itzulketen ordainketa bertan egiteko, eta, beharrezkoa denean, SWIFT kodea.

e) Posta elektronikoaren helbidea.

f) Ordezkariaren bidez arituz gero, ordezkari fiskalaren IFZ eta izena edo sozietate-izena.

g) Ondoko datu hauek, gasolio profesionala kontsumitzen duen ibilgailu bakoitzerako:

1. Ibilgailuaren matrikula.

2. Matrikulatua dagoen Europako Batasuneko herrialdea.

3. Ibilgailuaren jarduera noiz hasi zen.

4. Ibilgailuaren baimendutako gehieneko pisua.

5. Espainiako matrikularekin salgaien garraiorako erabiltzen diren ibilgailuen kasuan, araudian garraio txartela eskatzen bazaie, haien txartelaren zenbakia jasoko da.

6. Espainiako matrikularekin pertsonen garraiorako erabiltzen diren ibilgailuen kasuan, araudian enpresaren baimena eskatzen bazaie, haien baimenaren zenbakia jasoko da.

7. Garraioen arloko eskumena duen ministerioak ematen duen baimena ez duten taxien kasuan, horren ordez, udal lizentziaren zenbakia jasoko da, baita zein udalerriri dagokion ere.

8. Europar Batasuneko gainerako estatuetan matrikulatutako ibilgailuetan, haien estatuko araudian baimen administratiboa eskatzen bazaie garraioaren jarduera egiteko, haren zenbakia jasoko da, baita baimena zer erakundek eman duen ere.

3. Aurkeztutako eskaerei erregistro zenbaki bat emanen zaie. Behin tramitatu ondoren eginen da erroldako inskripzioa, bidezkoa bada. Hala ez bada, arrazoiak emanez ukatuko dira.

4. Hasierako eskaeran adierazitako datuen edo eskaerarako behar den dokumentazioan daudenen edozein aldaketa egiten bada ondoren, haren berri eman beharko da Nafarroako Foru Ogasunaren web orriaren bidez hamar eguneko epean, aldaketa eragin duten inguruabarrak gertatzen direnetik aurrera kontatuta.

Baimendutako ibilgailuen titularrek itzulketarako eskubidea ematen duen jarduerari uzten badiote, baja eskatu beharko dute gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan, jarduerari utzi eta hamar eguneko epean.

Ondorio horietarako, baimendutako ibilgailuen titularraren heriotzak edo baimendutako ibilgailuen titularraren nortasun juridikoa azkentzeak eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, itzulketarako eskubidea ematen duen jarduerari dagokion epigrafean, baja emateko eskaera aurkezteak baja eskaerari dagozkion ondorioak izanen dituzte.

Era berean, baimendutako ibilgailuetarako garraioko baimen administratiboetan edo kasu bakoitzean eskatzen ahal diren lizentzietan baja emateak edo ibilgailu horiek itzulketarako eskubidea ematen duen jarduera betetzeko erabileratik kanpo uzteak baja eskaeraren ondorioak izanen ditu.

Zerga Administrazioak ofizioz jarduten ahalko du gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan inskribatutako onuradun eta ibilgailuen aldaketak edo bajak egiteko.

4. artikulua. Gasolio profesionaleko txartelerako baimena.

1. Zerga Administrazioak baimendu behar ditu gasolio profesionaleko txartelak, berariazko ordainbide gisa erabil daitezen gasolioa eskuratzeko. Horretatik, hain zuzen, eskatuko da itzulketa. Horretarako, entitate jaulkitzaileek eskatu behar dute txartel horien inskripzioa gasolio profesionaleko txartelen erregistroan, eta inskripzio kode bat emanen zaie, Zerga Administrazioarekiko komunikazioetan erabili beharrekoa. Inskripzio hori entitate batek merkataritzako izen berarekin jaulkitzen dituen txartel guztietarako baimena izanen da.

2. Inskripziorako eskaera bide elektronikotik aurkeztuko da Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Foru Ogasunari zuzenduta, eta pertsona (edo entitate) eskatzailearen datu hauek jasoko ditu:

a) Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

b) Ordezkariaren bidez arituz gero, ordezkari fiskalaren IFZ eta izena edo sozietate-izena.

c) Txartelaren izen komertziala.

3. Baimenak balioa izateko, beharrezkoa da gasolio profesionaleko txartelak eta haren erabilera kudeatu eta kontrolatzeko sistemak ondoko baldintzak betetzea:

a) Gasolio profesionaleko txartela baimendutako ibilgailuaren titularraren izenean jaulki behar da. Bertan, titular horren izena edo sozietate-izena jasoko da, baita baimendutako ibilgailuaren matrikula ere.

b) Txartela jaulkitzen duen entitateak kudeaketa sistema bat ezarri behar du gasolio profesionaleko txartelaren bidez txikizkako salmentarako instalazioetan egin eta ordaindu diren horniduren zerrendak aurkezteko, 7.1 artikuluan aurreikusi bezala.

c) Zerga Administrazioak errebokatu dezake txartelen baimena, 1. atalean aipatutakoa, gasolio profesionaleko txartela jaulkitzen duten entitateek betetzen ez dituztenean hura baimentzeko eskatzen diren baldintzak.

5. artikulua. Lurraldeko erregistroan inskribatzea Txikizkako Identifikazio Kodearen ondorioetarako.

1. Gasolio profesionala txikizkako salmentarako instalazioetan merkaturatzen duten pertsona edo entitateek, hornidurak egitean gasolioaren titulartasun juridikoa dutenek, inskripziorako eskaera aurkeztu beharko dute lurraldeko erregistroan, Txikizkako Identifikazio Kodearen ondorioetarako, zehazki, gasolio profesionalaren salmenta egin behar den instalazio bakoitzeko.

Inskripzioa egin aurretik, eskatzaileak alta emanik egon beharko du jarduera ekonomikoen gaineko zergan (bete beharreko jarduerari dagokion epigrafean), bere zerga betebeharretan egunean dagoela frogatu beharko du zerga araudian ezarritako moduan, eta Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera exijitzen ahal diren baimenak, kasuan kasukoak, izan beharko ditu.

2. Inskripziorako eskaera aurkeztuko da gasolio profesionala txikizkako salmentarako instalazioetan merkaturatzen hasi aurretik, bide elektronikotik igorrita Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Foru Ogasunari zuzenduta, datu hauek adierazita:

a) Eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

b) Eskatzailearen izena edo sozietate-izena eta egoitza fiskala.

c) Ordezkariaren bidez arituz gero, eskatzailearen ordezkari fiskalaren IFZ eta izena edo sozietate-izena.

d) Erabilera profesionaleko gasolioaren hornidurak egiteko erabiliko den txikizkako salmentarako instalazioaren titularra eta kokapena.

3. Eskaera jaso, eta behar den espedientea tramitatu ondoren, Zerga Administrazioak erabakiko du, bidezkoa bada, inskripzioa egitea lurraldeko erregistroan Txikizkako Identifikazio Kodearen ondorioetarako.

Inskripzioa egiteko erabakia jakinaraziko zaio interesdunari, emandako Txikizkako Identifikazio Kodea barne.

4. Kodearen titularrak Zerga Administrazioari eman beharko dio inskripziorako emandako datuetan gertatzen den aldaketa ororen berri, aldaketa eragiten duten inguruabarrak gertatu eta hamar eguneko epean.

5. Gasolio profesionala txikizkako salmentarako instalazioetan saltzen dutenek uzten badiote inskripzioa eragin zuen jarduerari, inskripzioaren baja eskatu beharko dute jarduerari utzi eta hamar eguneko epean.

Ondorio horietarako, heriotzak edo inskripzioa eragin zuen jarduera enpresarial edo profesionalari uzteak baja eskaeraren ondorioak izanen dituzte.

Era berean, jarduera ekonomikoen gaineko zergan, inskripzioaren xede den jarduerari dagokion epigrafean, baja emateko eskaera aurkezteak baja eskaerari dagozkion ondorioak izanen ditu.

Zerga Administrazioak erabakitzen ahal du errebokatzea lurraldeko erregistroko inskripzioa, Txikizkako Identifikazio Kodearen ondorioetarako egindakoa, egiaztatzen badu ez dela benetan betetzen ari gasolio profesionala txikizkako salmentarako instalazioetan merkaturatzeko jarduera.

6. artikulua. Gasolioaren hornidura txikizkako salmentarako instalazioetan.

Baimendutako ibilgailuak gasolioaz txikizkako salmentarako instalazioetan hornitzen direnean, itzulketak aitortza eta eraginkortasuna izan ditzan, gasolio profesionaleko txartelarekin ordaindu beharko da instalazio horietan hornidurarako emandako gasolioa.

Ondorio horietarako, onuradunek txartel hori ordaintzeko erabiltzea tributu aitorpentzat hartuko da, horretatik eskatuko baita itzulketa.

Gasolio profesionaleko txartela ordainbide gisa onartzen duten instalazioen titularrak behartuta daude txartel horiek jaulkitzen dituzten entitateei ematera, erreferentziako aldi bakoitzean egiten den hornidura bakoitzeko, foru agindu honen 7.1 artikuluko b), c), d), e) eta f) letretako informazioa.

7. artikulua. Txikizkako salmentarako instalazioetan egindako gasolio horniduren zerrenda.

1. Txartelak jaulkitzen dituzten entitateek Zerga Administrazioko Estatu Agentziari bidaliko diote txikizkako salmentarako instalazioetan egindako gasolio profesionalaren hornidurei buruzko informazioa, hornidurak egin eta astebeteko epean.

Informazioa igorriko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan ezartzen diren zehaztapen teknikoak betez.

Txartelak jaulkitzen dituzten entitateek, hornidura bakoitzerako, honako hau zehaztu behar dute, txartel bakoitzerako:

a) Egindako hornidura, edo, beharrezkoa bada, positiboki edo negatiboki egindako doiketa jasotzen duen kontabilitateko erregistroaren identifikatzaile adiera bakarrekoa.

b) Hornidura zer pertsona edo entitateren kontura egiten den, harexen TIK.

c) Baimendutako ibilgailuaren matrikula.

d) Ibilgailuaren titularraren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

e) Hornidura zein egunetan eta zein ordutan egin zen.

f) Hornitutako gasolio profesionalaren litro kopurua.

2. Txartelak jaulkitzen dituzten entitateak arduratuko dira bidalitako hornidura zerrenda horietako datuek eta gasolio profesionaleko txartela erabiltzetik ondorioztatzen direnek bat egiteaz.

3. Txartelak jaulkitzen dituen entitateak zuzendu beharko ditu hornidurak atzera botatzea ekartzen duten datuetako akatsak. Horretarako, hornidura horiei dagozkien datuak berriz igorri beharko ditu.

8. artikulua. Gasolio hornidura norberaren kontsumorako instalazioetan.

2.9 artikuluan aurreikusitako norberaren kontsumorako instalazioen titularrek, 3. artikuluan aipatzen den erroldan sartuta daudenek, erositako gasolioaren norberaren kontsumorako hornidura puntu bat badute baldintza hauek bete beharko dituzte itzulketa lortzeko:

a) Instalazioa non dagoen, bertako Zerga Administrazioaren lurraldeko erregistroan inskribatu beharko dute, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

b) Gasolioa hornitzeko aparatuetan integratutako kontabilitate sistema informatiko bat izatea, instalazio horietan jasotako gasolioaren mugimendua islatu eta horniduretako bakoitzari buruzko datu zehatzak lortzea ahalbidetu beharko duena, 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Kontabilitate sistema horrek datu hauek izan beharko ditu:

1. Aldi bakoitzean jasotako erabilera orokorreko gasolioaren kantitatea, adierazita noiz jaso den, hornitzailearen izena edo sozietate-izena, IFZ, eta, hala dagokionean, Jarduera eta Establezimendu Kodea (JEK), bai eta zirkulazio agiriaren erreferentzia ere, erabilera orokorreko gasolioak norberaren kontsumorako instalazioraino egin duen bidea babesten duena.

2. Instalazioko titularraren baimendutako ibilgailuei egiten zaien gasolio hornidura edo gasolio betetze bakoitza, eta zehaztuko dira haien matrikula eta 7. artikuluan biltzen diren gainerako datuak, baina TIK eremuaren ordez, norberaren kontsumorako instalazioari dagokion JEK jasoko da.

c) Instalazioko titularraren baimendutako ibilgailuei egiten zaizkien gasolio horniduren zerrenda aurkeztea Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

9. artikulua. Norberaren kontsumorako instalazioetan egindako gasolio horniduren zerrenda.

1. Norberaren kontsumorako instalazioen titularrek, 3. artikuluan aipatzen den erroldan sartuta daudenek, erositako gasolioaren norberaren kontsumorako hornidura puntu bat badute, itzulketa lortzeko aurkeztu beharko dute instalazioaren titularraren baimendutako ibilgailuei egindako horniduren zerrenda erreferentzia aldi bakoitza bukatu eta astebeteko epean.

2. Aurreko atalean aipatzen den zerrenda bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean, datu hauek adierazita:

a) Norberaren kontsumorako instalazioaren titularraren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

b) Ekitaldi fiskala: zerrenda zein aldiri dagokion, aldi horren urtearen lau zifrak.

c) Aldia: zenbakizko 2 karaktere zerrenda egiten den hilabetearen zenbakia adierazteko.

d) Egindako hornidura bakoitzerako, foru agindu honen 7.1 artikuluan zehaztutako informazioa aurkeztuko da, salbu eta TIK eremua, norberaren kontsumorako instalazioari dagokion JEK jasoko baita bertan.

10. artikulua. Kuoten itzulketa eginiko hornidurengatik.

1. Hilabete natural bakoitza bukatzean, aurreko 7. eta 9. artikuluetan jasotzen diren aurkeztutako zerrendak oinarri hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Administrazioak erabakiko du, hala badagokio, kasuan kasuko kuotak itzultzea, bankuko transferentziaren bidez onuradunak, gasolio profesionalagatiko itzulketen onuradun direnen eta haien titularitateko ibilgailuen erroldan inskribatzeko eskaeran zehaztu duen kontura.

2. Itzulketa kalkulatzeko, hornidura egin zen egunean indarra zuen itzulketa tasa aplikatuko da.

11. artikulua. Egindako kilometroen urteko aitorpena.

1. Itzulketarako eskubidea duen onuradunak urteko aitorpena aurkeztu beharko du, bertan adierazita, gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan aurreko urtean inskribatuta izan dituen bere titulartasuneko ibilgailuetako bakoitzagatik, aitorpenaren urtean egindako kilometroen kopurua, urtarrilaren 1eko eta abenduaren 31ko datuekin. Takografoa erabili behar duten ibilgailuen kasuan, datu hori takografotik bertatik hartuko da.

Aitorpen hori urte naturala bukatu eta hurrengo urteko lehen hiruhilekoan aurkeztuko da.

2. Ibilgailuak ekitaldi oso batean onuradun beraren jabetzakoak izan ez direnean, zerrenda hori, soilik, haien titulartasuneko benetako epeari lotu behar zaio.

3. Aitorpena bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean, datu hauek adierazita:

a) Onuradunaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

b) Ekitaldi fiskala: zerrenda zein aldiri dagokion, aldi horren urtearen lau zifrak.

c) Ekitaldian baimendutako ibilgailu bakoitzeko, matrikulazioko herrialdea, matrikula eta hasierako eta amaierako kilometro kopuruak bere titulartasunekoa izandako denboran.

12. artikulua. Foru agindu honetan aurreikusitako eskaerak, zerrendak eta aitorpenak bide elektronikotik aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.

1. Honakoek aurkezten ahalko dituzte arau honetan aurreikusitako eskaerak, zerrendak eta aitorpenak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean bide elektronikotik:

a) Itzulketarako eskubidea duten onuradunek gasolio profesionalaren txartelak jaulkitzen dituzten entitateek edo norberaren kontsumorako instalazioen titularrek, edo, hala dagokionean, haien legezko ordezkariek.

b) Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).

2. Aurkezpen elektronikorako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eskatzaileek, gasolio profesionalaren txartela jaulkitzen duten entitateek, norberaren kontsumorako instalazioen titularrek edo itzulketarako eskubidea duten onuradunek identifikazio fiskaleko zenbaki bat (IFZ) izan beharko dute eta identifikaturik egon, aurkezpena egin aurretik, jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean.

Halakoetan, aurkezpena eginen dute ziurtagiri elektroniko kualifikatu bat erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduan, zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak arautu dituen horretan, 2. artikuluan ezarritako moduan.

b) Aurkezpen elektronikoa laguntzaile sozialek egiten dutenean, beraiek izan beharko dute ziurtagiri elektroniko kualifikatua. Aurkezpen elektronikoa egiten ahalko dute baldin eta izenpetua badute kanpoko lankidetza hitzarmena, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk, bai eta, kasua bada, zerga zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko ere, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan aipatzen den bezala.

c) Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web orrian, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean argitaratuta daudenak.

Lehen xedapen gehigarria.–Datu pertsonalen tratamendua.

Zergapekoak bere zerga-eskubide eta -betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu-sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren webgunean emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.

Bigarren xedapen gehigarria.–Txikizkako Identifikazio Kodeak ofizioz aldatzea.

Foru agindu hau aplikatuta, aldatu behar badira Txikizkako Identifikazio Kodeak, Txikizkako Identifikazio Kodearen ondorioetarako lurraldeko erregistroan aktibo daudenak, kode horiek baliodunak eta eraginkorrak izanen dira harik eta Nafarroako Foru Ogasunak ofizioz egin arte behar diren jarduketak aurreko kodeak ordeztu edo aldatzeko inskripzio txartelak jaulkitzeko.

Xedapen iragankor bakarra.–Onuradun ez-egoiliarrak, Nafarroan egoitza fiskala duen ordezkari fiskala izendatu dutenak.

Espainian ez-egoiliarrak diren edo establezimendu iraunkorra Europar Batasuneko beste estatu batean duten onuradunak, foru agindu honek indarra hartzen duenean inskribaturik daudenak gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan, Nafarroan egoitza fiskala duen ordezkari fiskala izendatuta dutelako, onuradunen erroldan inskribatuta mantenduko dira, errebokatzen ez badute ordezkari fiskalaren izendapena edo 3.4 artikuluan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen ez badira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzearekin batera indargabetzen da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak apirilaren 9an emandako 121/2013 Foru Agindua. Haren bidez, gasolio profesionala kontsumitzeagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura ezarri zen.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko azaroaren 24an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2215901