25. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5634E/2021 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntza publiko batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena. Dirulaguntza horiek “Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak” inbertsioak finantzatuko dituzte, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 601551.

Osasunaren Mundu Erakundeak joan den 2020ko martxoaren 11n deklaratu zuen COVID-19ak eragindako gaixotasuna nazioarteko pandemia. Gaixotasuna arin zabaldu zen bai nazioko esparruan, baita nazioartekoan ere. Horiek horrela, Europar Batasuneko estatuek berehala hartu zituzten premiazko neurri koordinatuak herritarren osasuna babesteko eta ekonomiaren kolapsoa galarazteko.

Kontseilu Europarrak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri-sorta bat hartzea erabaki zuen, jakitun baitzen une horretan aurrekaririk gabeko ahalegina egin behar zela, eta beharrezkoa zela, halaber, planteamendu berritzaile bat, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko.

Neurri horiek bateratzen dituzte, batetik 2021-2027rako indartutako urte anitzeko finantza-esparrua eta, bestetik, Suspertzerako Europako Tresna bat abian jartzea (“Next Generation EU”). Tresna horren elementu nagusia Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoa da. Europako Berreskuratze Funtsaren finantza-baliabideen betearazpena Ministro Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsitako eta Europako Batzordearen 2021eko ekainaren 16ko aldeko ebaluazioa jasotako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez gauzatuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduarekin bat etorriz, horrexek ezarri baitzuen Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoa. Plan hori osatzen duten proiektuei esker, hurrengo urteetan egiturazko erreformak eginen dira, arau aldaketak eta inbertsioak baliatuz, horrela posible izan dadin ekoizpen eredua aldatzea, ekonomia suspertzeko COVID-19ak eragin duen pandemiaren ondoren, eta egitura erresilienteago batera eraldatzeko, gure ereduak jakin dezan aurre egiten etorkizunean izan ditzakegun beste krisi edo desafio batzuei.

Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, nabarmen hartzen dute parte “Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak” izeneko 23. Osagaian. Osagai hori “Zaintzak eta enplegu politiken ekonomia berria” izeneko VIII. arlo politikoan dago kokatua. Osagai horren helburuetako bat da enplegu politika aktiboak erreformatzea eta bultzatzea, Enplegu Sistema Nazionalaren kohesioa hobetuz, pertsonak eta enpresak ardatz hartuta, beroriek emaitza ebaluagarrietara bideratuz, ekoizpenaren berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin eta eraldaketekin koherenteak izanen direnak, gaitasunen hobekuntzan eta enplegu zerbitzu publikoen eraldaketa digitalean bermatuz.

Osagai horren barruan proposatzen diren erreforma eta inbertsioen artean 4. inbertsioa dago, “Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako”, bi inbertsio-lerro dituena: “Kolektibo zaurgarriak” eta “Ekintzailetza eta mikroenpresak”. Lurralde-proiektu berri horien helburua da enpleguaren garapena eta, ondorioz, lurralde-guneen garapen ekonomikoa sustatzea, laneratze-proiektuak finantzatuz, lan-merkatutik urrun dauden kolektiboak lan-merkatuan sartu ahal izateko. Inbertsio horiek beharrezkoak dira aipatutako Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren eranskineko 346. helburua betetzeko. Erabaki hori Espainiaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzkoa da (Council Implementing Decision-CID), eta 68 proiektu lortu behar ditu kolektibo zaurgarrientzat eta ekintzailetzarako eta mikroenpresentzako lurralde proiektuetarako, gutxienez 39.000 langilek eta 64.000 enpresak parte hartuta.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren bidez, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoarekin finantzatutako kredituak lurraldeka banatu dira, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, lan-eremuan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoek kudea ditzaten. Kredituak honako inbertsio proiektu hauek gauzatzera bideratuta daude: “Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala” eta “Politika Publiko Berriak lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako”. Proiektuok Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean daude bilduta. Nafarroak dirua jaso du berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa horiek garatzeko.

“Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak” ekintza-ildoak bilatzen du berroreka sustatzea, enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak laneratzeko proiektu integratuak garatzearen bidez, hazkunde orekatua eta jasangarria sustatzeko lurralde osoan eta herritar guztientzat, kolektiboen artean eta eskualdeen artean dauden desberdintasunak arinduz. Helburu hori lortzeko, ibilbide indibidualizatuak eta pertsonalizatuak garatuko dira, hainbat ekintza barnean hartuta, hala nola orientazio programak, laguntza, enplegu-bilaketaren jarraipena, prestakuntzarako laguntzak, eta abar.

“Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak” proiektuaren helburua da arreta integratua eskaintzea, ibilbide pertsonalizatuen bidez, lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzat, batez ere luzaroko langabeentzat, lan munduan sar daitezen errazteko, hainbat ekintzaren bidez: orientazioa, prestakuntza, eta lan-merkatuan sartzea errazten duten beste batzuk.

Enpleguari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 30. artikuluak enplegu-zerbitzu publikoek emandako Enplegu Sistema Nazionalaren zerbitzuak jasotzeko lehentasunezko kolektiboak ezartzen ditu: “lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak, bereziki gazteak, arreta berezia jarrita prestakuntza-defizita dutenei, emakumeei, luzaroko langabeei, 45 urtetik gorakoei, familia-erantzukizunak dituztenei, desgaitasunen bat dutenei edo gizarte-bazterketako egoeran daudenei eta etorkinei, atzerritarrei buruzko legeria errespetatuz, edo Enplegu Sistema Nazionalaren esparruan zehaztu daitezkeen beste batzuk”.

Kolektibo horien inguruabar bereziak kontuan hartuta, enplegu zerbitzu publikoek hainbat neurri eta politika konbinatuko dituzten banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatuen diseinua ziurtatuko dute, behar bezala ordenatuta eta horiek osatzen dituzten pertsonen lanbide-profilera eta premia espezifikoetara egokituta. Beharrezkoa denean, enplegu zerbitzu publikoek pertsona horiei arreta hobea emateko gizarte-zerbitzuekin koordinatzeko beharra baloratuko dute.

Bestalde, Nafarroako Enplegu Planaren barruan dagoen Enplegu Politika Aktiboen Planak, 5. helburu estrategikoan, enplegu inklusiboa eta aukera-berdintasuna erraztea jasotzen du; zehazki, 3.2.3 helburu espezifikoan, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea ezartzen du.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuetan ageri da zerbitzu horren eginkizun nagusietako bat laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko orientazioa eta prestakuntza bultzatzea dela.

Ezinbestekoa da dirulaguntzen oinarri arautzaileak onestea, osorik garatuta, zaurgarrien diren pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko lagungarri diren programak egiteko, hainbat ekintza burutuz, besteak beste, informazioa, lanbide orientazioa, motibazioa, aholkularitza, lanbide profilaren diagnosi eta zehaztapena, prestakuntza gaitasun pertsonal, digital eta profesionaletan eta, laburbilduz, onuradunen laneratzea laguntzeko jardunak eginez.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, eskatzen baita deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko abenduaren 29an egindako bileran, dirulaguntza publikoak egiteko dirulaguntzen banakako ebaluazio-araubidea baimentzea erabaki zuen, “Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak” inbertsioak finantzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onestea, banakako ebaluazio araubidean, “Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak” izeneko inbertsioak finantzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. 2.469.688,00 euroko gastua baimentzea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2022ko gastu aurrekontuko kolektibo zaurgarriei zuzendutako lurralde-proiektuak izeneko 950003 96400 4819 241105 partidaren kontura, laneratzeko proiektu integratuak garatzeko, modu honetan banatuta:

–1.920.000,00 euro laneratzeko proiektu integratuak garatzeko, banakako ibilbide pertsonalizatuen bitartez, luzaroko langabeei zuzenduta.

–549.688,00 euro laneratzeko proiektu integratuak garatzeko, banakako ibilbide pertsonalizatuen bitartez, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden eta Bizitzeko Gutxieneko Errenta (BGE) edo Errenta Bermatua (EB) jasotzen dutenei, edo desgaitasuna dutenei zuzenduta.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko abenduaren 31an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

OINARRI ARAUTZAILEAK, “LURRALDE-PROIEKTU BERRIAK BERROREKARAKO ETA EKITATERAKO. KOLEKTIBO ZAURGARRIAK” IZENEKO INBERTSIOAK FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZA PUBLIKOAK EMATEKO

1.–Xedea.

1. Dirulaguntzaren xedea da kolektibo zaurgarriei zuzendutako proiektuen garapena finantzatzea; proiektu horiek laneratzeko programa integratuak izan beharko dira, banakako ibilbide pertsonalizatuen bidezkoak, zeinetan enplegua bilatzen laguntzeko ekintzak sartuko baitira, bai eta prestakuntza-ekintzak ere, parte-hartzaile bakoitzaren ibilbide eta jarraipen pertsonalizatuarekin.

Ibilbidean laneratzea errazten duten beste ekintza batzuk ere sartuko dira, besteak beste honako hauek: senideak zaintzeko kontziliaziorako laguntzak, garraiorako eta ostatatzeko laguntzak, mantenurako laguntzak, eta beste batzuk.

2. Dirulaguntza horiek ez dira estatu-laguntza bat, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. eta 108. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, horiek emateak ez duelako lehia faltsutzen, eta ez dakarrelako lehia faltsutzeko mehatxua, enpresa edo produkzio jakin batzuei mesedea eginez, dirulaguntzen erakunde onuradunak prestakuntza eta aholkularitza zerbitzuak emateko irabazi-asmorik gabekoak direlako.

2.–Dirulaguntzen erakunde onuradunak.

1. Nortasun juridikoa daukaten irabazi-asmorik gabeko erakundeak izaten ahal dira dirulaguntza hauen onuradunak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean izatea edo jarduerak bertan egitea deialdi hau argitaratu baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden erakundeak.

3.–Programaren hartzaileak.

1. Programan parte hartu ahal izanen dute enplegagarritasunerako eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona zaurgarriek, baldin eta, programan sartu aurreko egunean, langabezian badaude eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansare (aurrerantzean, NL-NEZ) agentzietan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda badaude.

2. Deialdi honen ondorioetarako enplegagarritasunerako zailtasun bereziak dituzten pertsona zaurgarriak hurrengoak izanen dira:

a) Luzaroko langabeak.

b) Desgaitasuna dutenak.

c) Gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden eta Bizitzeko Gutxieneko Errenta (BGE) edo Errenta Bermatua (EB) jasotzen dutenak.

3. Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak hauek izanen dira: programan parte hartu baino aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta enplegu zerbitzu publikoetan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

4. Hartzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentziek eta Nafarroako Orientazio Sarea osatzen duten erakundeek bideratuko dituzte (orientazio profesionaleko zerbitzuak ematen dituzten erakundeak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak/auzo-unitateak, gizarteratze eta laneratze taldeak). Alabaina, erakunde onuradunek justifikatzen ahalko dute Nafarroako Orientazio Saretik eratorririk ez izan arren, 2. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei emandako arreta. Nolanahi ere, arreta jasotzeko erabateko lehentasuna izanen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bideratutako pertsonek.

5. Erakunde onuradunek proposatzen ahalko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari pertsonak ordezkatzea, lehen esandako betekizunak betetzen ez badituzte. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erabakiko du kasu bakoitzean ordezkapena egiten ahal den edo ez, eta zer baldintzatan, gauzatzeari eta ordaintzeari dagokionez, eta erakunde onuradunak ordezkapena esandako baldintzetan onartzen ahal du, edo ez.

4.–Diruz lagundutako proiektuak.

1. Diruz lagundutako proiektuen esku-hartze nagusia enpleguko eta prestakuntzako ibilbide pertsonalizatuetan laguntzea izanen da, eta honako dirulaguntza lerro hauetako batekoak izan beharko dute:

A.–Luzaroko langabetuei zuzendutako proiektuak. Proiektu bakoitzak 80 parte-hartzaile edukiko ditu, eta Nafarroako Foru Komunitateko edozein lurraldetan egiten ahalko da.

B.–Gainerako kolektibo zaurgarriei zuzendutako proiektuak. Proiektu bakoitzak 30 parte-hartzaile edukiko ditu, eta Altsasuko, Agoizko, Lizarrako, Lodosako, Tafallako, Tuterako edo Doneztebeko enplegu agentzien eremuei dagozkien lurraldeetan eginen dira.

Erakundeek gehienez proiektu bat eskatzen ahalko dute dirulaguntzen lerro bakoitzeko.

2. Proiektu horiek laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak diseinatu eta ezarriko dituzte, orientazio-ekintzak, enplegua bilatzen laguntzea eta prestakuntza bilduko dituzte, eta, hala badagokio, laneratzea errazteko beste ekintza batzuk ere bai, 3. oinarrian deskribatutako kolektibo zaurgarrietako parte-hartzaileen alde.

3. Egin beharreko ibilbideek osatutako laneratzeko proiektu integratua 14 hilabeteko epean gauzatu beharko da, gehienez. Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduerak ezin izanen dira luzatu 2023ko abuztuaren 31tik aurrera.

5.–Laneratzeko proiektu integratuen edukia.

1. Proiektu horietan, laneratzeko banakako ibilbide pertsonalizatuak diseinatu eta ezarriko dira; proiektu horiek barne hartuko dituzte enplegua bilatzeko eta prestakuntzarako orientazio eta laguntza-ekintzak, eta, hala badagokio, laneratzea errazteko beste ekintza batzuk ere.

2. Jarduera hauek osatuko dute laneratzeko proiektu integratua:

a) Banakako diagnostikoa egitea eta profila prestatzea: arreta espezifikoa emanen zaio erabiltzaileari bere abileziak, gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia egoera eta izan ditzakeen lanbide aukerak identifikatzeko, bai eta jarduera hau garatzen duen protokoloan garrantzitsutzat jotzen diren beste aldagai batzuk ere. Informazio hori erabiltzaileen profila egiteko eta ondoren ibilbidea diseinatzeko erabiliko da.

b) Enplegurako ibilbide pertsonalizatuaren diseinua: erabiltzaileari pertsona laneratzeko egokien ikusten den prozesua prestatu eta hori modu fede-emailean jakinaraziko zaio, bere profil, premia eta itxaropenen arabera, irizpide tekniko eta estatistikoen bidez, proposatzen diren jarduketa nagusiak, egutegia eta egiaztapen eta jarraipen elementuak barne. Ibilbide hori egiteko, enplegu akordio pertsonal bat sinatu beharko da programaren erabiltzaileen eta erakunde onuradunaren artean.

Ibilbide horrek, gutxienez, honako hauek izan beharko ditu:

1. Lanbide aukerak identifikatzea. Horretarako, erabiltzaileek Espainian, Europar Batasunean eta munduan dituzten enplegu aukerak aztertuko dira, arrazoituz, beren lanbide profilaren arabera.

2. Erabiltzailearen profilaren arabera beharrezkoa bada, prestakuntza ibilbide bat identifikatzea, eta proposatzea egokiak diren prestakuntza ekintzak eta/edo lan esperientziaren edo prestakuntza ez-formalaren egiaztapena, erabiltzailearen gaitasunak eta lanbide kualifikazioa hobetzeko.

3. Identifikatzea erabiltzaileek, beren profilaren arabera, zer jarduketa egin beharko dituzten enplegua modu aktiboan bilatzeko.

c) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea garatzeko eta jarduera-konpromisoa betetzeko. Gutxieneko maiztasuna hilean 4 aldiz izanen da. Tutore edo orientatzaile batek banakako jarraipen pertsonalizatua eginen du erabiltzaileak bere ibilbidea gauzatzeko egiten dituen jarduketen gainean, ibilbidea berrikusi eta eguneratuko du, jomugak, etapak, betekizunak eta, prestazioak jasotzen dituzten erabiltzaileen kasuan, jarduera-konpromisoa finkatuko ditu eta betetzen direla begiratuko du, eta aholkularitza, informazio eta laguntzako beste edozein eginkizun, erabiltzailea aktibatzeko eta bere enplegagarritasuna hobetzeko.

d) Aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria. Pertsona bakoitzak mota horretako 3 jarduketa jaso beharko ditu bere ibilbidean zehar, gutxienez, eta horietatik gutxienez bi desberdinak izan beharko dira. Helburu hauek dituzte:

1. Bere curriculuma definitzea, adierazteko zein den bere lanbide profila, bere lanbide gaitasunen arabera: informazioa eta aholkularitza (banaka, taldeka edo modu orokorrean), tresnak eta laguntza-teknikak emanen zaizkie erabiltzaileei beren curriculum pertsonalizatua egin dezaten.

2. Enplegu bilaketa aktiborako teknikak aplikatzea: informazioa emanen zaie, eta besteren konturako lana bilatzeko eskura dauden bitarteko, teknika eta tresnen oinarrizko erabilera irakatsiko zaie, telematikaren bideak eta sare sozialak barne. Bidezko denean, autoenplegurako eta ekintzailetzarako aholkularitza zerbitzura bideratuko dira.

e) Informazio eta aholkularitza gehigarria. Pertsona bakoitzak 2 jarduketa jasoko ditu, gutxienez, bere ibilbidean zehar. Gai hauei buruzkoak izanen dira:

1. Lan-merkatuaren egoera, enplegu-politika aktiboak eta zorroko zerbitzu komun eta osagarrien eskaintza: Erabiltzaileen enplegu-aukerak areagotzeko baliagarriak izan daitezkeen lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko datuak edo zirkunstantziak jakinaraziko dira, zorroko zerbitzu komun eta osagarriei buruzko informazioa barne. Banaka, taldeka edo modu orokorrean egiten ahalko da, era presentzialean edo bitarteko telematikoen bidez.

2. Prestakuntza eskaintza eta programak, mugikortasuna errazteko, Europan prestakuntza egiteko eta kualifikazioak lortzeko: prestakuntza eskaintzari buruz pertsonei aholkularitza espezializatua emateko jarduketak hartuko ditu barnean. Aurrez aurre edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez emanen da, banaka edo taldeka, produkzio-sektoreen eta pertsonen premiak eta Europan dauden aukerak kontuan hartuta.

f) Lan mugikortasuna kudeatzen laguntzea, langileak hala behar duenean: informazioa, aholkularitza eta laguntza izanen dute pertsonen mugikortasun geografiko eta funtzionalari buruz (Espainian, Europan eta nazioartean), eskuratzen ahal dituzten enplegu eskaintza egokiak aprobetxa ditzaten.

Horren barnean, informazio orokorra emanen da Europar Batasunaren lurralde-eremuko lan inguruabar nabarmenei buruz, EURES sarean eskuratzen ahal den informazioa barne.

g) Prestakuntzazko kualifikazio profesionaleko eta eguneratze profesionaleko ekintzak, batez ere Nafarroako Foru Komunitateko lurralde merkatuak eskatzen dituen esparru eta jarduera profesionalekin lotutako edukiei buruzkoak, lan bat egiteko ezagutza teknikoak eta trebetasun egokiak eta nahikoak eskuratzea ahalbidetzen dutenak, lehentasunez lan-eremu horietan, edo ezagutzak, prozedurak, teknologiak edo joera berriak birziklatzea eta eguneratzea ahalbidetzen dutenak, lehentasunez, adierazitako eremuetan.

h) Prestakuntza ekintza osagarriak:

1. Zeharkako gaitasunei buruzko lantegiak, gutxienez 30 ordukoak parte-hartzaile bakoitzarentzat (talde-lana, denboraren kudeaketa eraginkorra, lorpenerako orientazioa, gatazkak konpontzea, sormena, ekimena eta proaktibitatea, komunikazioa, erantzukizuna, lidergoa, berdintasuna lanean sartzeko areagotzea, eta egoki jotzen diren gainerakoak).

2. Oinarrizko alfabetizazio digitala. Gutxienez 40 ordu. Helburua da oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzea, teknologia digitalei lotutako aukerak baliatu ahal izateko informazioa bereganatzeko eta komunikaziorako prozesatzeko eta erabiltzeko, edukiak sortzeko, segurtasunerako eta arazoak konpontzeko, Europar Batasuneko Herritarren Gaitasun Digitalen Esparruaren arabera.

i) Pertsonek proiektuan parte hartzeko pizgarriak, egindako ibilbide pertsonalizatuaren ondorio denean. Parte-hartzailearengan atzematen dituen beharren arabera, erakunde onuradunak laguntza ekonomikoak edukitzen ahalko ditu programan parte-hartzea errazteko. Ekintza horiek honako hauek izan daitezke:

1. Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo 2. mailara arteko mendetasuna duen senideren bat duten langabeak izan daitezke laguntza honen onuradun.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen (IPREM) ehuneko 75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

2. Garraiorako eta ostaturako laguntzak.

I.–Garraiorako laguntza.

Erakundeak proposatzen dituen jarduketetara joaten direnek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza edukitzeko. Pertsonek zer enplegu agentziatan emana duten izena, horko datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan.

Erakundeak proposatzen dituen orientazioko edo/eta prestakuntzako jarduketetara joateko hiri garraio publikoa erabiltzen badute, eskubidea izanen dute 1,5 euroko gehieneko laguntza jasotzeko, ikastaroko eta asistentzia-eguneko.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek erakundeak proposatzen dituen orientazioko edo/eta prestakuntzako jarduketetara joatek egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

II.–Mantenurako laguntza.

Erakundeak goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin proposatzen dituen jarduketetan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada erakundeak proposatzen dituen jarduketen ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

3. Beste laguntza batzuk.

I.–Desgaitasuneko bekak.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak egiaztaturik.

Jasoko den zenbatekoa 9 euro izanen da, erakundeak proposatzen dituen jarduketetara joaten den egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu erakundeak proposatzen dituen bi jarduketatan edo gehiagotan, jarduketa bati dagokion beka jasoko du.

II.-Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena.

Jasoko den zenbatekoa 10 euro izanen da, erakundeak proposatzen dituen jarduketetara joaten den egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu erakundeak proposatzen dituen bi jarduketatan edo gehiagotan, jarduketa bati dagokion beka jasoko du. Laguntza hau ez da jasoko programak aurreikusitako jarduketetan parte hartu ez den egunetan.

Erakunde onuraduna arduratuko da laguntzarako eskubidea duten kasuak zehazteaz, baita laguntzak kudeatzeaz eta ordaintzeaz ere.

6.–Ibilbideak garatzeko baldintzak.

1. Banako arretaren ibilbide bakoitzak 5. oinarriaren 2. apartatuaren a), b), c), d), e), g) eta h) letretan agertzen diren jarduketak eduki beharko ditu. Ibilbide baten gutxieneko iraupena sei hilabetekoa izango da, ibilbidearen hasiera-datatik zenbatzen hasita, eta gehieneko iraupena zortzi hilabetekoa izango da.

2. Pertsona batek ibilbidea osatzen duela ulertuko da aurreko paragrafoan ezarritako nahitaezko ekintza guztiak egiten dituenean. Era berean, amaitutzat joko da ibilbideko ekintza guztiak burutu ez arren, pertsonak enplegu bat lortu badu eta behar bezala egiaztatzen bada, edo programa utzi behar izan badu, programaren %75 egin ondoren, behar bezala justifikatutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimendutako kausa bat gertatzen bada.

Une oro emango zaie parte-hartzaileei ibilbidean parte hartzeak dakartzan bertaratze eta aprobetxamendu-betebeharren berri.

3. Ahal dela, apirilaren 10eko ESS/381/2018 Aginduaren eranskinean aurreikusitako protokoloen arabera garatuko dira 1. artikuluan adierazitako ibilbide pertsonalizatuak osatzen dituzten ekintzak, banakakoak zein kolektiboak. Agindu horren bidez, Enplegu Sistema Nazionalaren zerbitzu komunen zorroan protokoloak garatzeko erreferentziazko gida teknikoa onartzen da.

7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez, 6.000 euroko modulu bat izanen da, diseinatu zaion ibilbide pertsonalizatua amaitzen duen parte-hartzaile bakoitzeko, 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

2. Dirulaguntzaren finantzaketa osoa dagokion emate-ebazpenean zehaztuko da, proiektuak dituen parte-hartzaileen kopuruaren, egindako ekintzen, emandako prestakuntza-orduak eta parte-hartzeko pizgarrien aurreikuspenaren arabera, eta moduluaren zenbatekoa honela banatuko da:

a) Prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik jasotzen ahal den gehieneko kopurua 1.200 euro/parte-hartzaileko da. Hori kalkulatzeko kontuan hartu da 12 euro/orduko modulu bat.

b) Orientazio eta laguntza ekintzetarako, arreta eman zaion eta ibilbidea amaitzen duen pertsona bakoitzeko jaso beharreko gehieneko zenbatekoa 3.000 euro da. Hori kalkulatzeko kontuan hartu da 25 euro/orduko modulu bat.

c) Parte hartzeko pizgarrien kasuan (bekak eta laguntzak), gehienez ere 1.800 euro jasoko dira pertsonako, 5. oinarrian aurreikusitako zenbatekoak aplikatuta.

Zenbateko horiek modulutzat hartzen dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko eta justifikatzeko.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren III. eranskinean ezarritako kostu unitarioa kontuan hartuta konfiguratu da modulua.

8.–Eskaerak eta aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko maiatzaren 31n bukatuko.

2. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

3. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horren aurka berariaz egonez gero, dagokion dokumentazio aurkeztu beharko da.

4. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

9.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1. Dirulaguntzarako eskabidea (I. eranskina), behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

2. Eskabidearekin batera, laneratze-proiektu integratuaren memoria deskribatzailea aurkeztuko da (II. eranskina), honako hauek jasoko dituena:

a) Eskatzen den dirulaguntza ildoa.

b) Garatu beharreko ekintzen aurreikuspena, ibilbide pertsonalizatuen zati gisa.

c) Parte-hartzaileen kopurua.

d) Proiektuaren guztizko iraupen epea, aurreikusitako hasiera eta amaiera datak adierazita.

e) Proiektuaren lurralde-eremua, zein udalerritan egingo diren adierazita.

f) Proiektuari atxikitako teknikarien profil profesionala.

g) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

h) Proiektu osoaren kostuaren gutxi gorabeherako aurrekontua, kostu unitarioen eta parte-hartzaileen arabera.

3. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturiko konpromisoaren adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa (III. eranskina).

4. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturiko datuen lagapenaren eta tratamenduaren adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa (IV. eranskina).

5. Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

10.–Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuari dagozkio.

2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

4. Onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan esku hartzen duten pertsonek berariaz adieraziko dute ez dagoela interes-gatazkarik edo abstentzio-kausarik, kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 61.3 artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori Europar Batasuneko aurrekontu orokorrari aplikatzekoak zaizkion finantza-arauei buruzkoa da, “finantza erregelamendua”) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikulua; interes-gatazkarik edo abstentzio-kausarik izanez gero, eragindako pertsonak ez du jardun horietan esku hartu beharko.

11.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Ebazpena erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

4. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

12.–Entitate onuradunaren betebeharrak.

1. Dirulaguntza hauen erakunde onuradunek azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluak oro har ezartzen dituen betebeharrak izanen dituzte, baita aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezartzen direnak ere, bereziki Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzearekin loturikoak, eta zehatzago esanda, 36/2020 Errege Lege-dekretua eta 1030/2021 eta 1031/2021 ministerioaren aginduak.

2. Erakunde onuradunek honako hauek bidali beharko dizkiote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, jarduera hasten den egunean, beranduenez:

a) Proiektuaren xedea den jardueraren hasiera jakinarazteko komunikazioa. Ezarritako epean ez jakinarazteak penalizazio bat ekarriko du berekin: emandako zenbatekoa murriztea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionalaren baliokidea.

b) Proiektuan zehar egin beharreko jarduera guztien plangintza eta egutegi zehaztua egitea.

3. Aldez aurreko betebehar horiez gain, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

b) Proiektua gauzatzeko baliabide material eta giza baliabide egokiak eta nahikoak izatea.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezartzen duen denboran, egindako jarduketa guztiak grabatzea, aplikazio hauetako batean: Orientasare, SilcoiWeb eta/edo IRIS, hala badagokio.

d) Ahalik eta lasterren jakinaraztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen artean izan diren altak eta bajak. Programari atxikiriko parte-hartzaileen zerrenda, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo beste kontrol erakunde batzuek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek, estatukoek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, bost urteko epe batean, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

4. Erakunde pribatuek, urtebeteko epean 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien %20 badira gutxienez, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatzen den moduan, aipatutako foru lege horren gardentasun-betebeharrak bete beharko dituzte.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko zeregin guztiak eginen ditu proiektuak ebaluatu eta haiei jarraipena egiteko. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko.

2. Dirulaguntza hauek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen, kontrol eta ebaluazio prozedurak bete beharko dituzte, bai eta barne araudiak eta Europar Batasunak EBko Suspertze eta Erresilientzia Bitartekorako ezartzen dituen eta nahitaez aplikatu beharko diren betebehar espezifikoak ere, hain zuzen ere informazioari eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerako betebeharrei buruzkoak.

3. Erakunde onuradunak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko egiaztapen-jarduketen mende jarriko dira, bai eta, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolen eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoen mende ere, eta Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren kontrako Europako Bulegoak, Europako Auditoretza Bulegoak eta, bidezkoa denean, Europako Fiskaltzak ere egin ditzaketenen mende.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak, halaber, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egongo dira, bai eta barne araudiak eta Europar Batasuneko araudiak ezarritako informazio eta publizitate, kontrol, egiaztapen, jarraipen, ebaluazio betebehar espezifikoen eta gainerako betebeharren mende ere, baldin eta Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Bitartekorako ezartzen badira eta horien aplikazioa nahitaez bete beharrekoa bada, “ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko printzipioa” barne (“do no significant harm-DNSH” printzipioa).

Egiaztatze-jarduketak betetze aldera, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoaren funtsen azken hartzaileak diren aldetik, honako hauek gorde beharko dituzte: finantzaketari dagozkion frogagiriak, datu estatistikoak eta gainerako dokumentuak, baita erregistroak eta dokumentuak ere, formatu elektronikoan, bost urteko epe batez.

Era berean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak datuen kategoria bateratuak bilduko ditu, funtsen erabileraren auditoretza eta kontrola egiteko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, formatu elektronikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, 2021eko otsailaren 12ko araudiaren arabera, eta aplikatzekoa den araudiak zehazten duen moduan.

4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.

5. Jarraipen-batzorde bat sortuko da, organo kudeatzaileko eta erakunde onuraduneko profesionalek osatua. Hiru hilean behin bilduko da normalean, eta ezohiko bilera eginen du alderdietako batek eskatzen badu.

Hauek izanen dira Batzordeari esleitutako zeregin nagusiak:

–Jomugak, helburuak eta jarduerak berrikustea.

–Erakundeak egindako jardueren jarraipen txostenak berrikustea.

–Egokiak diren aurreikuspenak egitea.

–Orientazio profesionalaren eta prospekzioaren arloan egindako lana Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin koordinatzea.

–Proiektua gauzatzean sortzen ahal diren zailtasunak ebaztea.

Saio horiek egin aurretik, erakunde onuradunak garatutako jardueren jarraipen txostenak emanen ditu, bai eta eskatzen zaion beste edozein dokumentazio ere.

14.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Proiektuaren %40 gauzatu eta gero, erakundeak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, gauzatze-memoria tekniko bat aurkeztuta. Konturako bi ordainketa eskatzen ahalko dira gehienez, eta guztira ezin izanen dute emandako zenbatekoaren %80 gainditu. Konturako ordainketa hori eskatzeko azken eguna 2022ko azaroaren 30a da.

2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, erakunde onuradunak, hilabeteko epean proiektua amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2023ko abuztuaren 30a baino lehen, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. Memorian sartu beharrekoak:

1. Parte-hartzaile bakoitzari egindako banakako ibilbidearen ziurtagiria, honako hauek adierazita: ibilbidea osatu duten jarduerak, emandako ekintzen identifikazioa, edukia zein izan den adieraziz, non eta noiz eman diren, ordutegia, eman duen tutorea edo irakaslea, eta haietako bakoitzera joan diren pertsonen zerrenda. Halaber, parte-hartzaileen sinaduren orria aurkeztu beharko da, egindako jarduketa bakoitzean parte hartu dutela egiaztatu ahal izateko.

2. Erakunde onuradunak ordaindutako beken eta laguntzen ziurtagiria, onuradunak eta 5. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela zehaztuta.

3. Proiektuari esleitutako baliabide materialen eta giza baliabideen zerrenda, proiektuari atxikitako langileen kontratuekin batera.

4. Dirulaguntzaren zenbateko justifikatua, aurkeztutako jarduketa-memorian kuantifikatutako jardueretan eta 7. oinarrian jasotako moduluetan oinarrituta kalkulatua. Dirulaguntzaren likidazioa laneratze-proiektua amaitu duten parte-hartzaileen arabera eginen da, 6. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Likidazioaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren kopurua.

5. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.–Azpikontratazioa.

1. Erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren %80ra arte azpikontrata dezakete hirugarrenekin proiektuaren gauzatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatuaren arabera.

2. Irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko.

3. Erakunde onuradunak azken memorian eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari azpikontratatutako erakundeei buruzko beharrezko informazioa, zehazki:

a) Azpikontratistaren IFZa.

b) Izena edo sozietatearen izena.

c) Azpikontratistaren egoitza fiskala.

d) Inplikatutako administrazio publikoen arteko datuen komunikazioa onartzea, aplikatzekoa den Europako araudian aurreikusitakoa betetzeko eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz, horretarako prestatutako ereduaren arabera.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak ezartzen dituen zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoari buruzkoa, kudeatu beharreko eremuari eraginen lioketenak, horretarako prestatutako ereduaren arabera.

16.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea. Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira inbertsio-proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuk jasotzearekin, eta ezin izanen dute finantzaketa bikoitza izan. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso dezakete, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak artikulu honetan zehaztutakoaren arabera finantzatzen duenaren kostu bera. Onuradunak dirulaguntzak ematen dituen Administrazioari jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu dituela helburu bererako, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik izan gabe, beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, nazionaletik edo nazioartekotik.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo erakunde pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

17.–Ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko konpromisoa.

1. Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren erakundeek bermatu beharko dute, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm, DNSH printzipioa), bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honakoetan aurreikusitakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakia (Council Implementing Decision-CID), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

2. Eskaerekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, zeinaren bidez adieraziko baita “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioarekin” bat etortzea (do no significant harm printzipioa, DNSH), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz; adierazpena deialdian jasoko da eta erakunde eskatzaileak behar bezala bete beharko du.

3. “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (“do no significant harm” printzipioa, DNSH) jasotzen duten erantzukizunpeko adierazpenek nahitaez bete behar dute Europako Batzordearen Komunikazioa (2021/C 58/01), hau da, “Kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (“do no significant harm” printzipioa, DNSH) aplikatzeari buruzko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoari buruzko Erregelamenduaren arabera.

4. Nolanahi ere, erakunde onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm printzipioa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio-memorian.

18.–Dirulaguntzen publizitatea.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako Enplegu Atarian argitaratuko ditu onartutako dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta komunikazioa).

2. Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela.

3. Erakunde onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako funtsen jatorriari, eta beraz, dokumentazioan eta hedabideetan jarri beharko dute “Europar Batasunak-Next Generation EU”k finantzatua, dirulaguntza horiekin finantzatzen diren jarduketen kasuan. Ikusgaitasun hori agertuko da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanez, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea, oro har, barne.

4. Horri dagokionez, hauxe izanen da sartu behar den gutxieneko publizitatea, edozein euskarri fisiko edo digitaletan agertuko dena, zuzen eta nabarmen idatzita:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren sinboloa, lehentasunezko tokian, inoiz ez erakunde onuradunarena baino txikiagoa, jatorrizkoaren proportzioak eta gama kromatikoa errespetatuz.

b) Europar Batasunaren ikurra, finantzaketari buruzko deklarazio egokiarekin (tokiko hizkuntzetara itzulita, beharrezkoa denean), hauxe esanen duena: “Europar Batasuna-NextGeneration EU”k finantzatua, esteka honetan dagoena: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es.

c) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren logoa, esteka honetan eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.

19.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

20.–Onetsiriko proiektuen aldaketak.

1. Proiektuak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, aitzinetik horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, haietarako baimena eman dezan.

2. Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

3. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

21.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Ezarritako epean justifikatzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, erakunde onuradunak dirulaguntza osoa itzuli beharko du, berandutze-interesak barne, horren ondorioz ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

4. Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo programen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

5. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada beranduntze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

22.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean, eta aplikatzekoa den beste araudi batean xedatutakoa beteko da, zehazki, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein araudi, besteak beste, irailaren 29ko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari aplikatzekoa den edozein araudi; hauek, besteak beste: Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema egituratzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien aurrekontu eta kontabilitate betearazpenaren eta mugarrien betetzearen jarraipena egiteko.

23.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

24.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

  • II. eranskina.–Proiektua deskribatzen duen memoria.
  • III. eranskina.–Planeko jarduketak gauzatzeko konpromisoaren adierazpena.
  • IV. eranskina.–Datuen lagapenaren eta tratamenduaren adierazpena.

Deskargatu I. etik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2200295