248. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1112E/2022 EBAZPENA, urriaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira honako laguntza hauen oinarri arautzaileak eta deialdia 2023. ekitaldirako: basogintzako teknologietan nahiz basogintzako produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak (2014-2020 Landa Garapenerako Programaren 08.06.01 azpineurria). DDBN identifikazioa: 656942.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Nafarroak, halaber, eskumen esklusiboa du Foru Komunitatearen edo udalen, kontzejuen eta Nafarroako gainerako entitate administratiboen titulartasuneko mendien arloan, eta hari dagozkio legegintzako garapena eta Estatuko oinarrizko legeria betetzea partikularren jabetzako mendien arloan, hala baitago ezarrita Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1 c) eta 50.2 artikuluetan.

Horrez gain, Estatuko oinarrizko legeriaren esparruan, Nafarroari dagokio ingurumenaren eta ekologiaren arloko legegintza garatu eta betetzea, Foru Hobetzearen 57. artikuluari jarraikiz. Eta, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat etorriz eta dagozkion konstituzio-manuen arabera, eskumen esklusiboa dagokio Nafarroan jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko.

Nafarroako mendi publikoen kudeaketari dagokionez, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak, 2. artikuluan, honako hauek ezartzen ditu arau horren oinarrizko helburu gisa:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremuetako zuhaiztien hedadura sustatzea, batez ere birsortzearen eta eboluzioaren ondorioz jatorrizko baso bilakatzen ahal diren landare-formazioak sortuz.

3. artikuluan beste helburu hauek gehitzen ditu:

1. Toki erakundeen lankidetza sustatzea, baso lurrak zaindu eta babesteko.

2. Mendiko produktuen lehen mailako eraldaketarako jarduerak bultzatzea.

Helburu horiek, oinarrizkoak eta oinarrizkoak ez direnak, erdiesteak berekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko baso sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatu eta lanpostuak sortzearekin eta buka baso suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, gai berriztagarrien erabilerarekin (egurra, konparazio batera) eta menpekotasun energetikoa gutxitzearekin. Helburu horiek guztiak onura publikokoak dira eta interes sozial handia dute.

Aurrekoa aintzat harturik, arauaren 66. artikuluan ezartzen duenez, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo baso lur publiko nahiz pribatuen titularrei, baso aprobetxamenduen titularrei, basogintzako elkarteei eta basogintzako industria eta enpresei".

Halaber, 13/1990 Foru Legearen 63.1 artikuluak honako hau dio: "Nafarroako Gobernuak basoko lan eta zerbitzuak egiten dituzten enpresen birmoldaketa eta hobekuntza sustatuko ditu, bai eta lehen mailako eraldaketako industriena ere; besteak beste, zerrategiak eta xaflak, oholak, orea, papera eta kortxoa lantzekoak". Era berean, arau bereko 63 bis.3 artikuluak dio ezen basogintzako produktuak merkaturatzeko baldintzak hobetzea sustatuko dela.

Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 66. artikulutik 74. artikulura bitartekoek basogintzaren sektorerako laguntzen mailaketari eta bateragarritasunari buruzko alderdi orokorrak ezartzen dituzte, baita dirulaguntzarako baremoei buruzkoak ere. Otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Mendien Erregelamenduaren 100. artikulutik 112. artikulura bitartekoetan zehazten dira alderdi horiek. Erregelamendu horrek berak 105. artikuluko 9. puntuan ezartzen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendietako kontseilariaren foru agindu bidez garatuko dela artikulu horren edukia, eta bi urteko aldietarako ezarriko dela basolanetarako laguntzen zenbateko unitarioa, adierazitako mugen barruan; 10. epigrafean gehitzen du laguntzak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendietako kontseilariaren foru agindu bidez emanen direla.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duenak, 13. artikuluan xedatzen duenaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitutako eskumenak baliatzea honako arlo hauetan: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura, nekazaritza-azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta parte-hartzailea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea eta konektibitate eta leheneratze ekologikoak; paisaia txertatzea plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan; ur-baliabideak; klima aldaketaren aurkako estrategia eta estrategia horretara egokitzeko ekimenak definitzea; ekonomia zirkularra sustatzea; bai eta indarreko xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak ere.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, 3. epigrafean, ezartzen du Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten direla, bere eskumenen eremu materialean, indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari dirulaguntzen arloan esleitzen dizkion administrazio-eskumenen titulartasuna eta erabilera, (...) ordainketa-betebeharrak baimentzea eta aitortzea barne. Ildo beretik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren lehen paragrafoak ezartzen du Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren titularraren esku uzten direla, bere eskumenen eremu materialean, indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari dirulaguntzen arloan esleitzen dizkion administrazio-eskumenen titulartasuna eta erabilera, (...) ordainketa-betebeharrak baimentzea eta aitortzea barne.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoak eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duenak, 21. artikuluan «Baso eremuak garatzeko eta basoen bideragarritasuna hobetzeko inbertsioak» izeneko neurria arautzen du, eta 1. epigrafearen e) letran zehazten du neurri horren araberako laguntzak honako hauek hartuko dituela barnean: (...) e) basogintzako teknologietan eta basogintzako produktuak eraldatzeko, mobilizatzeko eta merkaturatzeko teknologietan egindako inbertsioak. Horrelako inbertsioak arautzen ditu 1305/2013 Erregelamenduaren 26. artikuluak. Artikulu horren 4. epigrafeak xedatzen duenez, "laguntzen gehieneko ehunekoak II. eranskinean ezarritakoak izanen dira".

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean basogintzako teknologietan nahiz basogintzako produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako Programak (Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken 8143 C(2015) Erabakiaren bidez onetsia) neurri hori biltzen du, eta, berariaz, 8.6 azpineurria, hots, basogintzako produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzeko inbertsioak, M08 neurriaren barruan. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Laguntza hauek bideratuko dira baso aprobetxamenduei aplikatutako teknologia eta zuraren lehen eraldaketarako industrietan erabiltzen dena hobetzeko jarduketei laguntzeko. Sostengu publiko horrek, gainera, Nafarroako Baso Planean du jatorria. Izan ere, plan horretan aurreikusten da, sektore horretarako helburu berariazkoak aipatzen direlarik, Nafarroan basogintzaren industria-sektore egoki eta lehiakor bat garatzea eta, horretarako, enpresen modernizaziorako, berrikuntza teknologikorako eta proiekzio komertzialerako baldintzak sortzea; horrela, sektoreak toki nabarmena bereganatuko du Nafarroako ekonomian, landa-eremuetako bizitza dinamizatzen eta herrietako biztanleria aktiboa mantentzen lagunduko baitu, bai eta mendien baso-kudeaketa jasangarrian ere, modu eraginkorrean.

Sostengu publikoak basogintzako sektoreko enpresen bideragarritasun ekonomikoa hobetzen lagunduko du, horrek baso aprobetxamenduen exekuzioa erraztuko baitu, ustiapen kostuak murriztu eta ustiategietako lanetan segurtasun eta osasun baldintzak hobetuko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, "Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak" (1305/2013 erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen direnak) lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile bat lortu beharrez, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den "Esparru Estrategiko Komunari" dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta bertze zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Berariaz, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.5 artikuluko c) letrari jarraikiz, neurri hau bat dator Batasunaren landa garapeneko lehentasun honekin: "5) Nekazaritza-, elikagai- eta basogintza-sektoreetan baliabideen efizientzia sustatzea eta karbono gutxiko eta klima-aldaketara egokitzeko gai den ekonomia batera igarotzea sustatzea, honako hauei garrantzia emanez, bereziki: (...) c) Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea, bioekonomiaren garapena sustatzeko: energia-iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak".

Beraz, honako esparru juridiko honen barnean dago:

–1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak.

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen 2014ko martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

Basogintzako teknologietako inbertsioetarako laguntzak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 41. artikuluan jasotakoen menpe ere (erregelamendu horrek zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, laguntza honen berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek adierazi zuen Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jasoa zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.43021 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatu behar zaio, zuzenean aplikatzekoak diren Europar Batasuneko eta estatuko garapen- edo transposizio-arauen osagarri gisa.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

Ebazpen hau ematen da babes harturik urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoa (foru dekretu horren bidez ahalmena ematen zaio Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundeari, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dira). Izan ere, azken xedapen horren bidez ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barnean, behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretua garatzeko eta betearazteko, eta bereziki, arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzetarako, lotura eginik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrarekin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin, xedapen gehigarri horien bidez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten baitira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari dirulaguntzen arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera, (...) barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluak, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legeak ezarritako idazketarekin, ahalbidetzen du gastu-espedienteen tramitazio aurreratua, haien araudiak gastu-konpromisoa formalizatzea ahalbidetzen badu; hala ere, honako muga eta urteko kuota hauek bete beharko dira: (Lehena) Gastuak ezin izanen dira egotzi bost ekitaldi baino gehiagotan, salbu eta lege mailako arau batek baimendutako kasuetan. (BIgarrena) Baimendu ondoko ekitaldietan egozten den gastua ezin da handiagoa izan kapitulu bakoitzaren hasierako kredituen bolumenari ehuneko hauek aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa baino: hurren-hurreneko ekitaldian, ehuneko 70; bigarren ekitaldian, ehuneko 60; eta hurrengo ekitaldietan, ehuneko 50. Nolanahi ere, bereziki justifikatuta dauden kasuetan Nafarroako Gobernuak aldatzen ahalko ditu ehuneko horiek. Horrelakoetan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, dagokion departamentuak eskatuta, proposamena igorriko dio Nafarroako Gobernuari. Gainera, horren aurretik, Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena beharko da, aldaketa hori epe ertainera begira dagoen aurrekontu-esparruarekin koherentea dela frogatzen duena.

Laguntza hauen tramitazio aurreratuaren arrazoia da lehen mailako eraldaketako industrien eta basolanen enpresen sektoreak, jakinarazi duenez, makinak erosteko zailtasunak dituela: entrega-epeak luzeak dira, batzuetan 10 hilabetetik gorakoak, eta horrek esan nahi du onartutako inbertsioa ezin dela gauzatu urteko deialdi batean sartzen diren epeetan. Horregatik, beharrezkoa da deialdia aurreratzea, onuradunek epe luzeagoa izan dezaten inbertsioak egiteko.

Ikusita ebazpen proposamen honek badituela Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzarena.

Ikusita ebazpen proposamen honek baduela Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuak emandako aldeko fiskalizazioa.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea laguntza hauen deialdia 2023. urterako: basogintzako teknologietan nahiz basogintzako produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako laguntzak (2014-2020 Landa Garapenerako Programaren 08.06.01 azpineurria).

2. Dirulaguntza oinarri arautzaileak onestea (I. eranskinean jasota daude), bai eta ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinak ere.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 2022an horretarako gaitzen den 2022ko gastu-aurrekontuko aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira, baldin eta aurrekontu-kreditu nahikoa badago.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740002-74200-7709-456703: LGP LGENF 2014-2020. Eragile pribatuentzako dirulaguntzak. Basogintzako industria

2023

480.000,00

4. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, Europako Batzordeak M08 neurriaren 8.6 azpineurriari buruz xedatutakoa bete beharko da. Inbertsioak basogintzako teknologietan eta basogintzako produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzean, 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programaren barruan. Ildo beretik, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Dirulaguntza eta laguntza publikoen publizitate-sistema nazionalaren datu-basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta haien deialdia, eta martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan aipatzen den informazio guztia eman beharko da (130/2019 Errege Dekretua, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautzen dituena).

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urriaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Laguntzen oinarri arautzaileak, 2023. urtean basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako

1. oinarria.–Neurriaren xedea, aplikazio eremua eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan jasotzen diren "Basogintzako teknologietan eta basogintzako produktuen industrietan egiten diren inbertsioetarako laguntzak" arautzea, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 21.1.e) eta 26. artikuluak (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua) eta bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 41. artikulua (erregelamendu horrek deklaratzen du zenbait laguntza kategoria, nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, barne merkatuarekin bateragarriak direla , Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Aipatutako inbertsioetarako dirulaguntzaren xedea da basogintzako produktuak ustiatu, eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzeko erabiltzen diren teknologiak, jardunbideak eta ekipamenduak eta mendien balio ekonomikoa hobetzeko helburu duten jarduketei laguntzea.

Basogintzako produktuen mobilizaziotzat hartuko dira zutikako egurraren eta basogintzako beste produktu batzuen balioa nabarmentzeko jardunbide egokiak, baso kudeaketa jasangarri baten ondorioz haien aprobetxamendua ikusgai jartzeko. Jardunbide horiek garatzen ahalko dira bai mendian, bai produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko prozesuan.

2. oinarria.–Neurri honetarako baldintza orokorrak.

1. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza bat jaso duten enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak.

2. Krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso. Horretarako, aintzat hartuko da nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauetan (2014/C 204/01, hemendik aurrera zuzentarauak), 2.4 kapituluko 35.15 puntuan, dagoen definizioa. Kontrola egiteko, tresna egokiak erabiliko dira, definizio horretan aipatzen diren inguruabarretako bat gertatzen den zehazteko.

3. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 26.1 artikuluan, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 41. artikuluan eta 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programan ezarritakoaren arabera, neurri honen azken helburua basoen bideragarritasuna hobetzea da, eta, zehazki, azpineurri honen helburua da basogintzaren potentziala hobetzea, eta basogintzako produktuak eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzea, haien balioa handitzeko. Hori guztia lortu nahi da inbertsioak eginez Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan basogintzako produktuak ustiatu, eraldatu, mobilizatu eta merkaturatzeko teknologietan, jardunbideetan eta ekipamenduetan.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, laguntzen dute, zalantzarik gabe, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren Europar Batasunaren lehentasunak lortzen, eta lagungarriak dira, orobat, basogintzaren sektorean behar bezala prestatutako langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko. Gainera, teknologia berritzaileen ezarpena eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzen dute.

4. oinarria.–Onuradunak.

Basoen titular diren pertsona fisiko eta juridikoak, publikoak zein pribatuak, izan daitezke neurri honen onuradun, baita udalerriak, haien elkarteak eta ETEak (enpresa txiki eta ertainak) ere, Nafarroan kokatuta badaude eta basoak ustiatzeko lanetan eta lehen transformazioan aritzen badira, baldin eta eskatutako hasierako baldintzak betetzen badituzte eta hitz ematen badute oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsiko dietela.

5. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke, aurreko artikuluan aipatutako pertsonak izanik, inbertsio hauetako bat egiten dutenak:

a) Zura lehengai gisa edo energia iturri gisa erabiltzearekin lotutako inbertsioak (adibidez, egurra txikitzeko edo zatikatzeko makinak), haren lehen tratamenduarekin lotuta badaude, hau da, bigarren transformazioaren aurrekoak, non ez baitira aldatuko zuraren ezaugarri kimikoak, eta, bakar-bakarrik, enpresaren tamainari begiratuta, produktua eskala txikian egiten bada, hots, ETE batek egina bada.

b) Zura prozesatzeko ekipamendu eta instalazio mugikorretan egiten diren inbertsioak, mozketa eremuen inguruetara eramateko diseinatuetan.

2. Aurreko puntuan adierazitako inbertsioak diruz lagungarriak izateko, gainera, onartua izateko honako irizpide hauek bete beharko dira laguntza-eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eskatzaileak bere eskaera zehaztu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du. Eragiketa diruz lagungarria izateko, aurrerapen teknologiko bat aurkeztu beharko da enpresaren jardunean gas kutsatzaileen emisioak murrizteari, lurzoruaren gaineko afekzioak murrizteari eta segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeari buruzkoa.

b) Enpresa diruz lagungarriak ETE gisa sailkatuak egon beharko dira. Horren ondorioetarako, ETEtzat hartuko dira Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

c) Jarduketa diruz lagungarriak bateragarriak izan behar dira Nafarroako Baso Agendarekin.

d) Zura lehengai gisa edo energia iturri gisa erabiltzearekin lotutako inbertsioak, betiere, zuraren bigarren transformazioaren aurreko eragiketetakoak izanen dira.

e) Jarduketek ingurumen baimena beharko dute, eta behar diren baimenak ere eduki beharko dituzte, jarduketa zein den.

f) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Foru Ogasunarekin bere zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz.

4. Betiere, onuradunek efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin hautatuko dituzte hornitzaileak, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzua ematen duen nahikoa entitate, edo salbu eta gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoa errespetatuz. Horretarako, hornitzaile independenteen eskaintzak kontrastatuko dira, prezio diruz lagungarria merkatuko prezioarekin bat datorrela justifikatzeko (ahal den neurrian, gutxienez 3 eskaintza). Zenbateko diruz lagungarria proposamen ekonomiko onuragarrienari dagokiona izanen da eta, salbuespen gisa, zenbateko diruz lagungarri handiagoa duten beste eskaintza batzuk ere finantzatzeko aukera onartuko da, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatzen baditu eta kudeatzaileak agiri bidez baliozkotzen baditu.

Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla eta, ezin bada eskaintza bat baino gehiago lortu, kostuak moderatzeko prozedura eskatzaileak aurkeztutako eskaintza baloratzeko batzorde batek betetzen ahalko du. Egiaztatuko da arrazoizko merkatu batean ez dagoela ondasun hori hornitzen edo zerbitzua ematen duen entitate gehiagorik, eta eskaintzaren hornitzaileak eskaintzen duenaren arloan aritzen dela.

6. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira kostu diruz lagungarriak:

a) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea. Lurretarako dirulaguntza emanen da bakarrik kasuan kasuko eragiketaren guztirako kostu diruz lagungarrietatik %10 gehienez.

b) Makineria eta ekipamendu berria erostea, produktuaren merkatu-balioa gainditu gabe;

c) Goiko a) letran sartutako gastuei lotutako kostu orokorrak, hau da, arkitekto, ingeniari eta aholkularien zerbitzu-sariak, ingurumen eta ekonomia aldetiko jasangarritasunaren gaineko aholkularien zerbitzu-sariak, bideragarritasun azterlanak barne; bideragarritasun azterlanek diruz lagungarriak izaten segituko dute, nahiz eta, azterlan horien emaitzen ondorioak ikusita, ez egin a) letran adierazitako inolako gasturik.

Kostu orokorren %100 lagunduko da diruz, baina ezin izanen dute gainditu inbertsio diruz lagungarriaren %4.

d) Programa informatikoak eskuratu edo garatzea, eta inbertsioari lotutako patenteak, lizentziak, egile eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

2. Kostuen moderazioa obra proiektuei aplikatuko zaie Nafarroako basolanen prezio ofizialen tarifak kontuan hartuta.

3. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

4. Basoko zerbitzuetarako den makineria ez da diruz lagunduko.

7. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Inbertsio plan horretan, besteak beste, honako hauek azalduko dira: enpresaren hasierako egoera, haren deskribapena, bere jarduera garatzeko behar dituen jarduketak eta laguntzaren xedeko inbertsioarekin zein egoeratan egotea aurreikusten den.

3. Inbertsio plana prestatzeko, deialdi honen II. eranskinean jasotzen den agiria erabiliko da, baita ezarrita dagoen eredua ere. Nafarroako Gobernuaren Atarian eskuratu daiteke eredu hori, laguntza hauen gaineko izapideen katalogoko web-orrian.

8. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Basogintzako enpresetan eta basoko produktuen industrietan egindako inbertsiorako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 20.000 eurokoa izanen da (BEZa kenduta), salbu basoen ziurtapen sistemak ezartzeko kasuetan eta kudeaketa-programa informatikoen kasuan, horientzat ez baita gutxieneko inbertsiorik eskatuko.

Espediente bakoitzeko gehieneko inbertsio diruz lagungarria 325.000 eurokoa izanen da (BEZa kenduta), eta horren barnean sartzen da proiektuaren edo beste agiri tekniko batzuen kostua.

3. Laguntza kalkulatzeko, honako portzentaje hauek aplikatuko zaizkio onartzen den inbertsioaren zenbatekoari, BEZa kenduta. Onartzen den inbertsioaren zenbatekoa, BEZa kenduta, bi hauen arteko txikiena izanen da: batetik, onuradunak aurkezten duena, eta bestetik, instrukzio organoak onartzen duena, laguntza-eskaera ebaluatu eta kontrola aplikatu ondoren, bai laguntza emateko orduan, aurkeztutako inbertsioaren deskribapenaren eta justifikazioaren arabera, bai ordaintzeko orduan, egindako inbertsioaren arabera, eta betiere kostuen moderazioa aplikatuta bi une horietan.

Espediente bakoitzeko onartzen den zenbateko hori gutxieneko inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa baino handiagoa izan beharko da (ikus oinarri honen 2. puntua). Hala ez bada, laguntza-eskaera ukatuko da. Eskaerak inbertsio diruz lagungarriaren gehienekoa gainditzen badu, gehieneko inbertsio onargarriaren arabera kalkulatuko da emakida.

Dirulaguntzaren portzentajea kalkulatzeko, eskaera egin aurreko urte naturalari edo Merkataritza Erregistroan egindako azken gordailuari dagokion enpresaren batez besteko tamaina aplikatuko da.

Eskaera mota

ETEen (salbu mikroenpresak), pertsona fisikoen eta autonomoen portzentajeak

Mikroenpresen
portzentajeak

1. mailako eraldaketa egiten duen industriaren ezarpen berria

%40

%40

1. mailako eraldaketa egiten duen industria handitzea/hobetzea

%25

%30

Baso ustiapenerako eta basolanetarako makineria erostea (1)

%25

%30

Baso ustiapenerako eta baso-lanen enpresetarako makineria berritzea (2)

%20

%25

Ziurtapen sistemak eta kudeaketa-programa informatikoak ezartzea

%40

%40

(1) Laguntza hau 5 puntuz igoko da kasu hauetako bakoitzean:

a) Enpresa ezarri berria denean.

b) Enpresak plantilla handitu baldin badu laguntzaren aurreko urtean (kontuan hartuko da igoera %5ekoa edo hortik gorakoa bada, eta 9. oinarriko 5) puntuan adierazi bezala egiaztatuko da).

(2) Ordeztutako makineria hondakinen kudeatzaile baimendu bati eman zaiola frogatuko da. Edo, hori saldu bada, horren balioa frogatuko da. Salbuespen gisa, behar den ziurtapenarekin edo justifikazioarekin batera, baimentzen ahalko da ordezten den makineria ez entregatzea hondakinen kudeatzaile baimenduari, eta enpresaren esku gelditzea ustekabeko edo matxura kasuetan erabiltzeko.

4. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira. Espedienteren batean inbertsio kontzeptu bat baino gehiago sartuz gero ("Eskaera mota" gisa azaldutako sailkapenaren arabera), bakoitzari dagokion dirulaguntza-portzentajea aplikatuko zaio, enpresaren tamainaren/motaren arabera.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

Kontzeptua

Puntuazioa, gehienez ere

1.–Aurrerapen teknologikoa dakarren makinerian inbertitzeko eskaera (1)

15 puntu

2.–Instalazio berrietan edo instalazioak hobetzeko lanetan inbertitzeko eskaera (2)

25 puntu

3.–Enpresak badu zaintza katearen ziurtagiri bat, edo laguntza eskatzen du hura ezartzeko besterik ez (3)

10 puntu

4.–Egoitza soziala mendialdean edo mendialdetik kanpo baina naturak mugatutako eskualde batean dago, azken 8629 C(2017) Erabakiaren bidez onetsitako 2014-2020 LGParen katalogazio berriari jarraikiz.

5 puntu

5.–Enpresaren jarduera menditik hurbil dago (4)

10 puntu

6.–Enpresako eskulanaren profesionalizazio maila (5)

10 puntu

7.–Enpresak enplegua sortu du azken urtean (6)

10 puntu

(1) Makinerian egindako inbertsioak aurrerapen teknologikoa dakarrela egiaztatzeko, makinaren sistemak deskribatzen dituzten ezaugarri teknikoak aurkeztuko dira, zehazki, gas kutsatzaileen isurketak eta lurzoruari egiten zaizkion afekzioak gutxitzekoak eta langileen osasuna eta segurtasuna hobetzekoak. Lehentasuna izanen dute aurreko kanpainetan laguntzarik jaso ez duten titular berrien inbertsioek, modu horretan profesionalizazioa, modernizazioa eta hobekuntza teknologikoa basogintzako enpresa mota gehiagotara eramateko. Irizpide hau aplikatuta 15 puntu lortzen ahal dira gehienez, graduazio honen arabera:

–15 puntu aurrerapen teknologikoa dakarren makineria erosteko, aurreko kanpainan laguntzarik jaso ez duten onuradunen kasuan.

–10 puntu aurrerapen teknologikoa dakarren makineria erosteko, aurreko kanpainan laguntza jaso duten onuradunen kasuan.

–5 puntu aurrerapen teknologikoa dakarren makineria erosteko, aurreko bi kanpainetan laguntza jaso zuten onuradunentzat.

(2) Basogintza sektoreari lotutako enpresa berrien instalazioa sustatu nahi da lehen mailako eraldaketaren esparruan, produkzio lerroak hobetzen dituzten jarduneko enpresen aldean lehenetsiz. Enpresa horiek enplegua sortzen dute landa eremuan, eta, horrela, landa ekonomiari eta basoetako baliabideen kudeaketari eusten laguntzen dute. Gehienez ere 25 puntu emanen dira, graduazio honen arabera:

–25 puntu lehen mailako eraldaketako enpresen instalazio berriak ezartzeko.

–20 puntu jada ezarritako instalazioak hobetzeko.

(3) Zaintza katea ziurtatzeko sistemak: PEFC, FSC edo antzeko beste arau bat aplikatuz eman direnak.

(4) Hori egiaztatzeko, salmenten guztizko bolumena Excel orri batean bilduko da. Orri horretan, gutxienez, eremu hauek agertuko dira, bereizita: faktura zenbakia, data, kontzeptua eta zenbatekoa. Atal honetan, puntuazio hau esleituko da (10 puntu gehienez):

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %50etik beherakoa bada: 3 puntu.

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %50etik %75era bitartekoa bada: 7 puntu.

–Enpresaren salmenten bolumen osotik mendiko lanetatik datorrena %75etik gorakoa bada: 10 puntu.

Laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ez badira irizpide honetarako faktura edo egiaztagiri guztiak, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak eskatzaileari eskatuko dio aurkez ditzala betebehar hau betetzen dela egiaztatzeko behar diren fakturak (aurkeztutako zerrendan daudenetatik). 50 fakturatatik bat aztertuko da gutxienez; hala, gehienez 29 faktura aztertuko dira, ausaz aukeratuak".

(5) Irizpide hau frogatzeko, deialdiaren aurreko urtean jardunean zeuden langileen 1. edo 2. mailako Lanbide Heziketaren titulua edo erdi mailako edo goi mailako unibertsitateko heziketa zikloen titulua aurkeztuko da. Ikasketa horiei dagokienez, nahitaezkoa izanen da ikasketa planean jasotzea basoen ustiapenari, egurraren teknologiari edo egurraren eraldaketa prozesuei buruzko prestakuntza. Langilearen jardun denborari dagokionez, berriz, batez besteko plantillaren gaineko txostena begiratuko da, Gizarte Segurantzak emandakoa, eta lan kontratua ere aurkeztu beharko da. Puntuazio hau emanen da:

–Plantillako %15ek baino gehiagok badu prestakuntza hori: 3 puntu.

–Plantillako %35ek baino gehiagok badu prestakuntza hori: 7 puntu.

–Plantillako %60k baino gehiagok badu prestakuntza hori: 10 puntu.

(6) Laguntza eskatu aurreko urtean plantillan izandako hazkundea egiaztatzeko, 2021eko eta 2020ko batez besteko plantillaren gaineko txostenak aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzak emanak. Urte berean plantillaren txosten bat baino gehiago aurkeztuz gero, hazkundea baloratzeko, txosten horien batezbestekoa hartuko da aintzakotzat. Bi urteotan gertatzen den igoera portzentualaren arabera honako puntuazio hau emanen da, balorazio hau kontuan hartuta:

–%5etik beherakoa: 0 puntu.

–%5 eta %10 artekoa: 5 puntu.

–%10etik gorakoa: 10 puntu.

Onuradunen puntuazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu diren inguruabarrak eta betekizunak mantendu egin beharko dira laguntza ordaintzen den unean.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 9. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Bi espedienteren edo gehiagoren puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie lehen mailako eraldaketarako industriaren instalazioak sortu edo hobetzeko dirulaguntza eskatzen dutenei, eta ez makineria erosteko dirulaguntza eskatzen dutenei.

Aurrekoa egin ondoren ere berdinketak jarraitzen badu, 1. irizpidean puntuazio handiena lortu duen espedienteak izanen du lehentasuna; horren ondoren, bi eskatzaileren edo gehiagoren arteko berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidean puntuazio handiena lortu duen espedienteak izanen du lehentasuna; eta, era berean, berdinketak jarraitzen badu, gainerako irizpideetan berdindutako eskaeren puntuazioak alderatzen joanen da, banan-banan, 9. oinarrian ezarritako irizpideak agortu arte.

Aurreko irizpideak aplikatu ondoren berdinketak jarraitzen badu:

Makineria erosteko inbertsioetarako, enpresei aurrerapen teknologikoa dakarkieten eskaerak lehenetsiko dira, hau da, makineria erosteko egindako inbertsioak ordenatuko dira lehentasun ordena honi jarraituta:

1. Prozesagailua.

2. Autokargagailua.

3. Skidderra.

4. Basolanetarako kamioia.

5. Zura zatitzeko makina mugikorra.

6. Erdiatoia eta garabia.

7. Garabia.

8. Basolanetarako bestelako makina mugikorrak.

Amaitzeko, aintzakotzat hartuko da, beharrezkoa bada, motorraren watteko (W) potentzia, potentzia txikiagoko makineria lehenetsita; izan ere, haren eraginak potentzia handiko makinek eragindakoak baino txikiagoak izanen dira.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 25 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean. Zilegi da jarduketa berean aldaketa partzialak egitea hasieran eskatutakoaren gainean, baldin eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak onesten baditu eta Nafarroako Baso Planarekin bateragarriak badira.

b) Ordainketa ebatzi arte, bosgarren oinarrian ezarritako betebeharrei eutsi behar zaie, baita bederatzigarren oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

c) Behar diren argibideak eman beharko dituzte inbertsioaren alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz, baita neurri hauen esparruan jasotako laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

d) Laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartu behar dira.

e) Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kontura edo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentutik ematen direnekin.

f) Dirulaguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea, eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileei baimena ematea dirulaguntzen xede diren instalazioetan sar daitezen edo erositako makineria lokaliza dezaten, lanak gainbegiratzeko eta, bidezko bada, inbertsioak hurrengo bost urtean (edo ondasunen balio-bizitza osoan, bizitza laburragoa badute) mantentzeko konpromisoa bete ote den ikuskatzeko.

h) Diruz laguntzen den inbertsioa basolanetarako baizik ezin izanen da erabili edo bideratu.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

j) Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa (BEZa kenduta) duten inbertsioen kasuan, onuradunak proiektuaren edo eragiketaren deskribapena egiten duen erakusgarri bat jarri beharko du, gutxienez haren %25 hartuko duena. Gainera, Europako ikurra agertuko da, helbide honetan dauden arau grafikoen araberakoa: http://europa.eu/about-eu/basic-information/symbols/flag/index-es.htm Harekin batera, goiburu hau: "Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du".

k) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

l) Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak horren berri eman beharko dio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, zerbitzuak behar diren neurriak har ditzan inbertsioei eustea egiaztatzeari buruz.

12. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntza likidatzen duen ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten ez dien inolako aldaketarik ez egitea. Konpromiso hori ez zaie aplikatuko basolanak bertan behera uzten badira iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

3. Horren ondorioetarako, honako hauek dira gerora bete beharreko konpromisoak:

a) Basolanak egiteari ez uztea.

b) Inbertsioaren xedeko ondasunen jabetza aldaketak saihestea, baita errentan ematea edo erabilera hirugarrenei lagatzea ere. Hala ere, Administrazioak baimena ematen ahalko du inbertsioaren titulartasuna eskualdatzeko, baldin eta titular hori oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebehar eta konpromisoetan subrogatzen baldin bada.

c) Aldaketarik ez egitea, horren ondorioz eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren.

d) Diruz lagunduriko inbertsioak abian mantentzea epe horretan, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, besteak beste: onuradunaren eritasun luzea, makineriak funtzionaltasuna galtzea titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik (behar bezala eta behar den epean jakinarazten baldin bazaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari) eta inbertsioen funtzionaltasunari kalte egiten dioten hondamendi naturalak.

13. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/Zerbitzuak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).

Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden pertsonek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, eskatutako dokumentazio guztiarekin batera. Subjektu horietakoren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio, eta 10 egun naturaleko epea emanen zaio horretarako. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

Eskatutako dokumentazioa ezarritako moduan eta epeetan aurkezten ez bada, titularrak eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta, hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, eragiketa honek eragin pizgarria izan nahi duelako, zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan erabakitakoarekin bat, salbu eta seigarren oinarriaren 1. puntuko c) atalean aurreikusitakoari lotutako kostu orokorrak.

3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Laguntza-eskabidearekin batera doazen inprimakiak (III. eranskina).

–Laguntza eskatzeko inprimakia: eskatzaileek beren gain hartzen dituzten konpromisoen zerrenda eta enpresaren tamainari buruzko zinpeko aitorpena jasotzen dira inprimaki honetan, aurkeztu beharreko inprimakien zerrenda sinplifikatzeko.

–Erantzukizunpeko adierazpena, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzekoa. Hornitzailea hautatzeko eskatutako eskaintza guztiak erantsiko dira.

–Makineria erosi eta programa informatikoak, patenteak, lizentziak, egile eskubideak edo marka erregistratuak eskuratu edo garatuz gero, proformako hiru faktura gutxienez erantsi behar dira, katalogoekin batera (makinei dagokienez), eskatutakoaren ezaugarri teknikoak egiaztatu eta, horrenbestez, hiru eskaintzak erkatu ahal izateko. Hornitzailea aukeratzeko erabakiaren justifikazioa aurkeztuko da. Proformako fakturek produktu bera edo antzeko prestazioak dituzten produktuak erakutsi beharko dituzte. Hiru faktura aurkezteko modurik ez badago, hornitzailearen ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko da, markaren esklusibotasuna baldin badago, edo antzeko beste agiri baten bidez. 19. oinarrian aipatzen den ebaluazio-batzordeak, beharrezkoa izanez gero, adieraziko du eskatutakoaren kostuak bere irizpide teknikoaren arabera egokitzen ote diren merkatu-kostuetara.

Obra zibilaren kasuan, inbertsioa justifikatzen duen proiektua aurkeztu beharko da, elkargo ofizialak zigilatua. Gainera, proiektuak bereiz gauzatzea aurreikusten duen atal bakoitzeko, sustatzaileak hiru eskaintza erantsi beharko ditu, eta enpresa aukeratzeko erabakiaren justifikazioa.

b) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu. Agiri hori helbide honetan eskuratu daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

c) IFZaren kopia, enpresa berrien kasuan.

d) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiria (sozietatea eratzeko eta geroko aldaketen eskrituraren kopia) eta ordezkatzen dituen pertsona fisikoaren ahalmena frogatzen duena. Dokumentazio hori Administrazioaren esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, dokumentu horietan aldaketarik egon ezean.

e) Egoera ekonomiko finantzarioa: ez da beharrezkoa izanen inolako agiririk eranstea basoetako ziurtapen sistemak edo programa informatikoak ezartzeko eskaeretan, ezta kontu gordailuak aurkeztu beharra duten enpresei dagokienez ere. Gordailu horiek aurkeztu beharrik ez duten enpresek PFEZaren eta BEZaren aitorpenak aurkeztuko dituzte, azkeneko bi urteotakoak.

Departamentuak horretarako gaituta dituen kontrol sistemetan enpresari buruzko daturik ez badago, horri buruzko informazioa eskatzen ahalko da espedientea tramitatzean.

f) Ebazpen honetako 9. oinarriko "Balorazio irizpideak" izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazio beharrezkoa.

g) Inbertsioa eginen den lurren jabetza ziurtatzen duen eskrituraren kopia, baita hura Jabetza Erregistroan inskribaturik dagoela ziurtatzen duen agiria ere, eta, hala behar izanez gero, hirigintzako agiria, bertan eraikitzen ahal dela ziurtatzen duena.

h) Obretako udal lizentzia, behar baldin bada.

i) Irekitzeko lizentzia edo, horrelakorik ezean, jarduera sailkatuarena, bidezkoa bada.

j) Inbertsio plana (II. eranskina).

4. Eskaera egiteko eta ezarritako betekizunak betetzen direla frogatzeko epeak: 30 egun natural, oinarri hauek jasotzen dituen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

6. Kudeaketa organoaren errekerimenduei emandako erantzunak erregistro elektronikoaren bidez tramitatuko dira.

7. Onuradunak eskaera bakar bat aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

14. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari atxikita dago.

15. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Laguntzak emateko proposamenaren txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

3. Eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

4. Ebaluazioa ikusirik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta laguntzak esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak. Proposamenak honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak Ingurumeneko zuzendari nagusiari aurkeztuko dio emakida-proposamena, hark onar dezan.

16. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena eman eta jakinaraziko du, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, egitateen eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginez, eta behar bezala egiaztatu beharko dira.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, puntuazioaren arabera ordenatuta, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, bai eta horretarako arrazoia ere. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, "Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak" izeneko 9. oinarrian (Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak) ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, beste deialdi bat egin behar izan gabe, puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei dirulaguntza ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Lortutako puntuazioak adieraziko dira, irizpideen arabera banakatuta, eta, gainera, berdinketak ebazteko kontuan hartu den edozein inguruabar gertatzen dela adieraziko da.

Ondorio horietarako, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

17. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Eskaeraren aldaketak onartuko dira, baldin eta eskaera aurkezteko epean edo eskaera aurkezteko epea amaitu ondorengo hamabost egunetan aurkezten badira. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Aldaketek honako irizpide hauek beteko dituzte:

–Ez dira nabarmenak izanen, salbu eta atzemandako akatsen ondoriozkoak badira, hau da, ez da onartuko ekintza berririk gehitzea, kalkulu errore material bati erantzun gabe eskatutako aurrekontua gorantz aldatzen duenik, ezta hasierako eskaeran aipatutako makina motak ordeztea ere (adibidez, ez da onartzen prozesagailu baten ordez autokargagailu bat hartzea).

–Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutako inbertsioaren helburuari eta izaerari kalte egiten ez dietenak.

–Emakida-ebazpena onartu ondoren, ez da onartuko hura aldatzeko eskaerarik, salbu eta emakidaren egitatezko akatsak zuzentzeko aurkezten badira.

Eskatutako aldaketak ebazpen arrazoitu bidez onartu edo ukatuko dira.

18. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Inguruabarren aldaketa atzematen bada, laguntza ordaintzeko ebazpenean sartuko da. Ebazpen hori arrazoitua izanen da, eta dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen organo berak emanen du. Ebazpen horretan, atzemandako aldaketen ondorioak adieraziko dira.

19. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2023ko urriaren 16a izanen da 2023ko kanpainako laguntza-eskaerentzat. Inbertsio horiek ez dira hasi behar laguntza-eskaera aurkeztu aurretik.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2023ko urriaren 31a baino lehen:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (IV. eranskina).

b) Jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, laguntza-eskaeraren ondotik datatuak.

c) Fakturak banku transferentziaren bidez ordaindu izanaren frogagiriak. Bankuko karguak izanen dira, datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko.

Fakturen ordainketen frogagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

d) Inbertsioen liburua edo emaitzen kontu nagusia, lagundutako inbertsioen kontabilizazioa egiaztatzeko.

e) Salerosketaren eskritura publikoaren bidez frogatu beharko da ondasun higiezinen erosketa.

f) Proposatutako kostuen moderazioa Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 48.2 artikuluaren e) letran aurreikusitakoaren arabera eginen da. Erregelamendu horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-xedapenak ezartzen dira kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzei dagokienez. Benetan egin diren eta benetan ordaindu diren kostu diruz lagungarriak ebaluazio-sistema egoki baten bidez ebaluatuko dira. Zehazki, eskaintza desberdinen konparazioa erabiliko da, salbu eta merkatuan horren hornidura egin edo ematen duten entitate nahikorik ez badago; kasu horretan, horretarako sortuko den ebaluazio batzorde batek esku hartuko du.

g) Kontratista batekin azpikontratatutako lanen zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta 60.000 eurotik goitikoa denean, idatzizko kontratu bat egin beharko da, ordainketa egiteko gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztuko dena.

h) Langileek lan ekipoak erabiltzeko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezartzen dituen uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretua betetzeari buruzko egiaztagiriak. Makineria erosiz gero, EEEko adostasun adierazpena eta makinaren jarraibideak.

3. Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

4. Salbuespen gisa, eta justifikatuz gero, inbertsioa bukatzeko eta ordainketa-eskaera aurkezteko luzapen bat eskatzen ahalko da, baina, betiere, 2023ko azaroaren 10etik harago joan gabe. Eskaera 2023ko urriaren 15a baino lehenago egin beharko da, eta laguntzak kudeatzen dituen unitateak onetsi beharko du.

20. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela eskaera aurkeztu zenetik gehienez hiru hilabeteko epean. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta haren bukaeraren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal zaizkie onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 21. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

6. Ez da onartuko hasieran baimendutako aurrekontuak gora egitea, non ez dauden egitatezko akatsak eskaeran edo ez diren baso administrazioak eskatuta sartutako arrazoizko aldaketak.

7. Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan dago eskura (www.nafarroa.eus). Hala aurkeztu ezean, dagokion urtekoa galduko da.

8. Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

21. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 19. oinarriko 1. puntuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galduko da.

2. 11. oinarriaren b) letran bildutako konpromisoa azkeneko ordainketa baino lehen betetzen ez bada, laguntza galduko da.

3. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua onetsitako inbertsioaren %70etik beheitikoa bada, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, betiere %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, baina, bakar-bakarrik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko teknikarien iritziz, inbertsioak bere funtsezko ezaugarriei eusten badie eta laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu.

4. Inbertsioa gauzatu ondoren, onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (8. oinarriko 2. puntuan adierazia), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.

5. Kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ez da izanen laguntza osoa kentzetik haragokoa.

6. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

c) Onuradunaren eritasun luzea.

7. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko adierazpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

8. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

9. Onuradunak, konpromisoaren aldian, hartutako konpromisoak bete gabe uzten baditu bi urtez jarraian, laguntzaren %100 itzuli beharko du, eta ezin izanen ditu laguntza berak eskatu bigarren ez-betetzea gertatu eta hurrengo kanpainan.

22. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek bete ezean jasotako laguntzaren portzentaje bat itzuli beharko da, baita legez ezarritako berandutze-interesak ordaindu ere. Bosgarren oinarriko 2. puntuan ezarritakoa ez dela bete egiaztatzen bada, hartan finkatutako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

–Basolanen jarduera uzten bada: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

–Diruz lagunduriko inbertsioen jabea aldatzen bada eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagapen, alokatze edo antzeko beste sistema baten ondorioz: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

–Funtsezko aldaketa bat gertatzen bada, inbertsioaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak ukitzen dituena, eta horrek jatorrizko helburuei kalte egiten badie: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

2. Konpromiso horiek bete gabe utzi direla ez da ondorioztatuko baldin eta ezinbesteko arrazoi hauetako bat gertatzen bada:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

c) Onuradunaren eritasun luzea.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar eguneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Legez ezarritako mugen barruan, honako laguntza hauek metatzen ahalko dira:

1. Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

2. Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

3. Estatuak landa garapenerako ematen dituen laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.

4. Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarriak ez baditu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.

5. Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

6. Landa garapenerako estatu-laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

Laguntza hauek ezin dira metatu:

1. Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluan ezarrita dauden laguntzak.

2. Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) tartekietan nekazari gazteentzako enpresak sortzeko edo ustiategi txikiak garatzeko aipatzen den laguntza, bien batura 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

24. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa.

1. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, baldin zerikusirik badute administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 117. artikuluan xedatutakoarekin. Erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da, eta, haren bitartez, indarrik gabe uzten dira Kontseiluaren erregelamendu hauek: 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE).

2. Ondorio horietarako, onuradunek honako hauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte: Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua, Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

3. Onuradunek finantzaketa komunitarioaren eta publikoaren publizitate-neurriak hartuko dituzte, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean adierazitakoaren arabera.

Horien artean, eta aipatutako eranskinean adierazten diren gainerako erantzukizunei kalterik egin gabe, laguntza publiko osoa 50.000 eurotik gorakoa duten inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak azalpen-plaka bat edo antzeko bat jarri beharko du, non eragiketa europar ikurra agertuko den, Europar Batasuneko arau grafikoen arabera, goiburu honekin batera: "Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du". Laguntzak kudeatzen dituen unitateak emanen du eredua.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Inbertsio planaren eredua.

III. eranskina.–Basogintza-teknologietan inbertitzeko eta basogintzako produktuak mobilizatu eta merkaturatzeko laguntza-eskaerarekin batera doazen beste inprimaki batzuk.

IV. eranskina.–Laguntzak ordain daitezela eskatzeko inprimakia, basogintzako teknologietan nahiz basoko produktuak mobilizatu eta merkaturatzerako jardueretan egiten diren inbertsioetarako.

Deskargatu II. eranskinetik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2214653