242. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2249/2022 EBAZPENA, 2022ko azaroaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskarako OLko teknikari izateko hiru lanpostu (A maila) sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdiak onesten dituena. Lanpostuetako bat oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez beteko da, eta bi lanpostu oposizioaren sistemaren bidez.

19/2022 Foru Legeak, 2022ko uztailaren 1ekoak, 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan gauzatzeko neurriak ezartzen ditu –2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzkoa–.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2022ko irailaren 23an hartutako erabaki baten bidez, 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan gauzatzeko neurriak ezarri zituen –2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzkoa–. Erabakian espresuki arautuak ez dauden alderdi guztietarako, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan ezarria dagoena aplikatuko da, lege horri atxiki baitzaio Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Erabaki horretan adierazitakoa administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lan eskaintza jakin batzuetan sartuak dauden lanpostuei aplikatu behar zaie –beheragoko zerrendako lan eskaintzetan daudenei– baldin eta lehenago ez bada egin lanpostu horietarako deialdirik edo deialdia egin eta ebazpena eman arren lanpostuak bete ez badira. Lan eskaintza horiek 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legean, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-Dekretuan eta enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legean jasotako aurreikuspenak aplikatzeko onetsi ziren.

–2019rako lan publikoaren eskaintza, 2019ko abenduaren 13ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsia (2019ko abenduaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–C eta D mailei dagokien lan publikoaren eskaintza, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritako egonkortze-tasa aplikatzearen ondoriozkoa eta Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko otsailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-Dekretuan ezarritako egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko abenduaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondoriozko lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2022ko maiatzaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Erabakiak xedatzen du egonkortze-prozesuan sartzen diren lanpostuak hornitzeko deialdia oposizio-lehiaketa bidezkoa izanen dela, salbuespen bakar honekin: enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aditzera emandako baldintzak betetzen dituzten lanpostuak. Bestetik, oposizio-lehiaketa bidezko prozedura horiek arautzen ditu, eta haien lehiaketa-faseari aplikatu beharreko merezimenduen baremoa finkatzen.

Egonkortze prozesu horretan sartutako lanpostuen artean, Euskarako OLko teknikari izateko lanpostu bat dago, eta, hortaz, hura oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin behar da.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak, 2022ko azaroaren 2an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2022ko lan publikoaren eskaintza onetsi zuen, eta han, besteak beste, Euskarako OLko teknikari izateko bi lanpostu jaso zituen, funtzionarioen araubidekoak (A maila).

Lanpostu horiek oposizio sistemaren bidez bete behar dira, administrazioko eta zerbitzuetako langileak sartzeko sistema ezartzen duen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren 2018ko uztailaren 19ko Erabakian ezarritakoarekin bat etorriz.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Euskarako OLko teknikari izateko lanpostu horiek (A maila) sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdiak onestea, baita haien oinarriak ere. Lanpostuetako bat, egonkortze prozesuari dagokiona, oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez beteko da, eta bi lanpostu, 2022ko lan publikoaren eskaintzaren barnekoak, oposizioaren sistemaren bidez.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan Euskarako OLko teknikari izateko hiru lanpostu (A maila) sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdiak, non lanpostuetako bat oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez beteko baita, eta bi lanpostu oposizioaren sistemaren bidez, bai eta bi hautaketa-prozesuetan aplikatzekoak diren oinarriak ere.

Bigarrena.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 15ean.–Joaquín Romero Roldán, Kudeatzailea.

I.–EUSKARAKO OL-KO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTU BAT (A MAILA) OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Euskarako OLko teknikari izateko lanpostu bat (funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa) oposizio-lehiaketa bidez eta txanda irekian betetzea da. Oinarri hauen III. eranskinean ageri da zein diren lanpostu horren zenbakia, baldintzak eta lantokia.

1.2. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, bi deialdietako arau komunen F oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

1.3. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Lizentziako, ingeniaritzako, arkitekturako edo graduko titulua edukitzea, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Euskararen jakintzari buruzko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiriren bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

e) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

g) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

Onarpena bi deialdietan eskatuz gero, bi tasa ordainduko dira, bat sarrera-prozedura bakoitzeko.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdi honen 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan eskatutako titulazioen eta ziurtagirien baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.

b) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo deialdi honen 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

c) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

Horretarako, eta tasaren ordainketatik salbuetsita gelditzeari buruz deialdi honen 4.2.a) oinarrian ezarritakoari begira, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "Euskarako OLko teknikaria, oposizio-lehiaketa" identifikazioa agertuko dira.

Onarpena bi deialdietan eskatuz gero, bi tasa ordainduko dira, bat sarrera-prozedura bakoitzeko.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

5.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.

5.2. Oposizio-fasea berbera izanen da bi deialdietarako, eta bi deialdietako arau komunen C oinarrian ezarritakoaren arabera garatuko da.

Oposizio-fasea baztertzailea izanen da. Oposizio-fasea osatzen duten probak ez dira baztertzaileak izanen oposizio-lehiaketaren deialdian parte hartzen duten izangaientzat. Oposizio-fasea gainditzeko, 30 puntu lortu behar dira.

5.3. Lehiaketa-fasea eta balorazioa.

5.3.1. Epaimahai kalifikatzaileak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.

Oposizioa gainditu duten izangai guztiek, epaimahai kalifikatzaileak ezarritako epean, modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharra dago, helbide elektroniko honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako zerbitzuak, epaimahai kalifikatzaileari helaraziko baitzaizkio barema ditzan.

5.3.2. Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahai kalifikatzaileak.

Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

5.3.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.

5.3.4. Epaimahai kalifikatzaileak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu eta agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman apartatu bakoitzean.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie epaimahai kalifikatzaileak izangaiei.

5.3.5. Merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, horiek argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, izangaiek merezimenduen balorazioari dagokionez erreklamazioak egin eta beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

5.3.6. Epaimahai kalifikatzaileak, egiten diren erreklamazioak ebatzirik, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan, lortutako puntuazioen arabera ordenatuak betiere. Zerrenda argitaraturik, bukatutzat emanen da lehiaketa-fasea.

6.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.

6.2. Prozeduran parte hartzen duten izangaien puntuazioan berdinketarik bada, oposizio-fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak iraunez gero, II. eranskineko merezimenduen baremoaren b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da, eta, puntuazio bera badute, a) apartatuan puntuazio handiena duenaren alde; irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren izen-deituretatik abiatuta.

6.3. Oposizio-fasea eta lehiaketa-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak, eta lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, fasetan eta txandatan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.

7.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Epaimahaiak oposizio-lehiaketan puntuaziorik altuena lortu duen izangaia funtzionario izendatzeko proposamena igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

7.2. Proposatutako izangaiak bi deialdietako arau komunen D oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du bertan ezarritako epean.

8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Izangaia funtzionario izendatuko da eta lanpostuaz jabetuko da bi deialdietako arau komunen E oinarrian ezarritakoaren arabera, eta deialdi honi dagokion lanpostu bakarra esleituko zaio.

8.2. Izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza.

II.–EUSKARAKO OL-KO TEKNIKARI IZATEKO BI LANPOSTU (A MAILA) OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Euskarako OLko teknikari izateko 2 lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak) oposizio bidez betetzea da. IV. eranskinean ageri da zein diren lanpostuen zenbakia, baldintzak eta lantokia.

1.2. Txanda hauetan banatuko dira 2 lanpostu hutsak:

–Lanpostu bat txanda librean.

–Lanpostu bat igoera-txandan.

1.3. Igoera-txandako lanpostu hutsa bete gabe gelditzen bada izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, lanpostu hori txanda librera pasatuko da.

Bestalde, igoera-txandan dauden lanpostu hutsak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda hori gainditu baina lanposturik gabe gelditzen direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa betetzeko, txanda horretako izangaiekin lehian, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, bi deialdietako arau komunen D oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezteko epea amaitzen den unean deialdi honen 2.1.2 oinarrian eskatzen diren baldintza bereziak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak ere txanda libreko lanpostu hutsera aurkezten ahalko dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

1.4. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, bi deialdietako arau komunen F oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

1.5. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Lizentziako, ingeniaritzako, arkitekturako edo graduko titulua edukitzea, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Euskararen jakintzari buruzko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiriren bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

e) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

g) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

Onarpena bi deialdietan eskatuz gero, bi tasa ordainduko dira, bat sarrera-prozedura bakoitzeko.

2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako baldintza espezifikoak:

Igoera-txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea eta lanpostuz igotzeko erabili nahi den jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Deialdi honen 2.1.1.c) eta 2.1.1.d) oinarrietan eskatutako titulazioen eta ziurtagirien baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.

b) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo deialdi honen 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

c) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

Horretarako, eta tasaren ordainketatik salbuetsita gelditzeari buruz deialdi honen 4.2.a) oinarrian ezarritakoari begira, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "Euskarako OLko teknikaria, oposizioa" identifikazioa agertuko dira.

Onarpena bi deialdietan eskatuz gero, bi tasa ordainduko dira, bat sarrera-prozedura bakoitzeko.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Oposizioaren garapena.

5.1. Oposizio-fasea berbera izanen da bi deialdietarako, eta bi deialdietako arau komunen C oinarrian ezarritakoaren arabera garatuko da.

5.2. Proba guztiak baztertzaileak izanen dira. Baztertuta geldituko dira proba bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

6.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaprobak bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du oposizioan lortutako kalifikazioekin, txandaren eta lortutako puntuazioaren arabera banaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari helaraziko dio, lanpostu hutsak hautatzeko tramitea egin dezan.

6.2. Berdinketa oro lehenbiziko proban puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, hirugarren eta bigarren probetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren izen-deituretatik abiatuta.

7.–Lanpostu hutsen hautaketa.

7.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda, hautaketara deitutako izangaien zerrenda –lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua–, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.

7.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, bi deialdietako arau komunen D.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

7.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, betiere haientzako behar adina lanpostu baldin badaude.

Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aldean, deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat dutenen txandako izangaien salbuespena kontuan hartuta.

7.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Lanpostu hutsak hautatzeko tramitea amaituta, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera, gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izendatu ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

7.2. Proposatutako izangaiek bi deialdietako arau komunen D oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute bertan ezarritako epean.

8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Izangaiak funtzionario izendatuko dira eta lanpostuaz jabetuko dira bi deialdietako arau komunen E oinarrian ezarritakoaren arabera.

8.2. Izendatutakoek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik kontatzen hasita.

III.–BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK

A.–Izangaiak onartzea.

A.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzeko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzeko aginduko du.

A.2. Eskaera edo bi deialdietako 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

A.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira lehiaketatik.

A.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du deialdi bakoitzeko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara daitezela aginduko du.

A.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

A.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

A.7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

B.–Epaimahai kalifikatzailea.

B.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

B.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

B.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

B.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

B.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi hauen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdietan kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

B.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

B.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

C.–Oposizioaren garapena.

C.1. Oposizio-fasea 2023ko abendutik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahai kalifikatzaileak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahai kalifikatzailearen iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

C.2. Oposizioko probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

C.3. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

C.4. Proba hauek izanen ditu oposizioak:

C.4.1. Lehenbiziko proba:

–Proba praktikoa. Bi ariketa izanen ditu.

a) Lehenbiziko ariketa: gaztelaniatik euskarara itzultzea, gehienez bi orduan, epaimahaiak emandako testuak. Ariketari dagokion gehieneko puntuazioa 19 puntu da.

b) Bigarren ariketa: euskaratik gaztelaniara itzultzea, gehienez ordubetean, epaimahaiak emandako testuak. Ariketari dagokion gehieneko puntuazioa 6 puntu da.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 25 puntu da.

Bi ariketak ordenagailuz egin litezke, word formatuko dokumentuekin.

C.4.2. Bigarren proba:

–Proba teorikoa. Idatziz erantzutea galdera laburrak edo test galderak (lau erantzun posibleetatik bakarra izanen da baliozkoa), I. eranskineko gaiei buruzkoak. Galdera laburrei euskaraz erantzun behar zaie, non eta enuntziatuan ez den besterik esaten.

Probak hiru ordu iraunen du gehienez.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 15 puntu da.

C.4.3. Hirugarren proba:

–Proba praktikoa.

Euskarazko testuak berrikusi eta zuzentzea.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 10 puntu da.

C.4.4. Laugarren proba:

–Interpretazioa, aldibereko itzulpena.

Aldibereko interpretazio proba izanen da, euskaratik gaztelaniara, gehienez 15 minutukoa.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 10 puntu da.

C.5. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

C.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.

C.7. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

D.–Dokumentazioaren aurkezpena.

D.1. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Deialdiaren 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan eskatzen den tituluaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

e) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia konpultsatua.

f) Alegatutako merezimenduak eta baldintzak egiaztatzen dituzten gainerako agirien jatorrizko dokumentuak edo haien kopia konpultsatuak.

D.2. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

D.3. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

D.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, dagokion deialdia gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

E.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

E.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Euskarako OLko teknikari izateko lanpostuan aritu daitezen, eta lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituko dizkie.

E.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatutako pertsonak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan ezarritako babesarekin.

E.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

E.4. Adierazitako egunean edo epean, ezinbesteko kasuetan salbu, proposatutako izangairen batek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, bi deialdietako arau komunen D.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

E.5. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, bi deialdietako arau komunen D.4 oinarrian xedatutakoaren arabera.

E.6. Aurreko apartatuetan ezarritako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa, eta egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei.

F.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

F.1. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira prozeduran parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

2) Oposizioa gainditu gabe gutxienez oposizioko probetako bat gainditu duten izangaien zerrenda.

3) Lanposturik lortu gabe oposizio-lehiaketako oposizio-fasea gainditu duten izangaien zerrenda. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzeko hautaketa-prozedura baten ondorioz eratzen diren kontrataziorako izangaien zerrenda indardunak osatzeko aplikatuko da.

4) Oposizio-lehiaketako oposizio-fasea gainditu ez duten izangaien zerrenda. Lehenbiziko probaren gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortu duten izangaiak sartuko dira zerrenda horretan. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzeko hautaketa-prozedura baten ondorioz eratzen diren kontrataziorako izangaien zerrenda indardunak osatzeko aplikatuko da.

F.2. Zerrendako ordena erabakitzerakoan, kontuan hartuko da nor ailegatu den proba gehiagotan gehieneko puntuazioaren erdira. Oraindik ere berdinketarik baldin badago, gehieneko puntuazioaren erdira iritsitako probetan lortutako puntuazioaren batura hartuko da aintzat zerrendako ordena erabakitzerakoan. Berdinketak iraunen balu, dagokion deialdiaren 6.2 oinarrian berdinketa-kasuetarako ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.

F.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

G.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

H.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi hauen aurka, haien oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahai kalifikatzaileak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gaiak

Parte orokorra.

1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle eta ikertzaileak: motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak. Araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua: langile funtzionarioen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzeko eta galtzeko prozesua; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak finkatzeko parte-hartzea.

5. gaia.–Ikertzaileen kontratazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Arau-esparrua eta kontratatzeko politikak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia.

6. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.

7. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio publikoen arteko harreman elektronikoak.

8. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

9. gaia.–Irakaskuntza mota desberdinak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Irakaskuntza berekiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

10. gaia.–15/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa.

11. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Estatu Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

12. gaia.–I+G+b-ko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

13. gaia.–Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: botere adjudikatzaileak, kontratistak, kontratu motak eta araubide juridikoa, kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak, publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak, kontratuen exekuzioa. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

14. gaia.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legea. Legearen aurrekariak eta aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoak kudeatzeari buruzko printzipio orokorrak. Dirulaguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen segimendua eta kontrola. Dirulaguntzen itzulketa. Espainian dirulaguntza publikoak arautzen dituen legeari buruzko aipamena,

15. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

16. gaia.–Kalitatea LOUn eta NUPeko Estatutuetan.

17. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

18. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko.

19. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubide eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

20. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

21. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

Parte espezifikoa.

22. gaia.–Itzulpena: definizioa eta itzulpen-motak. Itzulpenaren printzipio, prozesu, teknika eta baliabideak.

23. gaia.–Itzulgarritasuna eta itzulezintasuna. Itzulpengintza eta kulturak. Munduari buruzko ikuskerak.

24. gaia.–Itzulpen intersemiotikoa, intralinguistikoa eta interlinguistikoa.

25. gaia.–Itzulpenaren teoria: ikuspegi teoriko nagusiak.

26. gaia.–Itzulpenaren teoria: gaur egungo joerak.

27. gaia.–Itzulpenaren teoria: Vinay-Darbelnet.

28. gaia.–Itzulpenaren teoria: E. A. Nida.

29. gaia.–Itzulpenaren teoria: L. Venuti.

30. gaia.–Itzulpenaren teoria: I. Even-Zohar.

31. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi funtzionalistak: Skopos teoria. C. Nord.

32. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi komunikatiboak: B. Hatim eta I. Mason.

33. gaia.–Baliokidetasunaren arazoa itzulpengintzan. Baliokidetasun motak.

34. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (I): itzulpengintza eta ideologia; itzulpengintza eta feminismoa; itzulpengintza eta postkolonialismoa.

35. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (II): itzulpengintza eta teknologia berriak; ikus-entzunezko itzulpena; lokalizazioa; itzulpengintza kolaboratiboa, komunitate-itzulpengintza, crowdsourcinga edo CT3; itzulpengintza profesionala eta borondatezkoa.

36. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (III): itzulpengintza espezializatua; itzulpengintza zientifikoa eta teknikoa; itzulpengintza marketinean eta publizitatean.

37. gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.

38. gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak: itzulpenaren beharra eta itzulpengintza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.

39. gaia.–Itzulpengintzaren rola Administrazioko euskararen normalizazioan. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta Administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.

40. gaia.–Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.

41. gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara-gaztelania binomioan. Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.

42. gaia.–Hizkuntza arrunta eta espezialitateko hizkuntza. Erregistro linguistikoak.

43. gaia.–Estilo- eta hizkuntza-liburuak. Estilo-liburu nagusiak euskaraz.

44. gaia.–Itzulpenen kalitatea. Berrikuspena eta zuzenketa. Zuzenketa-lana. Irizpide nagusiak. Metodologia. Zuzenketaren garrantzia ordenagailuz lagundutako itzulpenetan.

45. gaia.–Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI tresnak): itzulpen-memoriak eta terminologia kudeatzeko tresnak. Itzulpen automatikoa: ereduak. Itzulpen automatikoa euskararen kasuan.

46. gaia.–Itzultzaile automatikoak: haien erabilera, haiekin lan egiteko prozedurak, postedizioa, euskararako itzultzaile automatikoak.

47. gaia.–Itzulpengintzaren historiako gertakari nagusiak: ekarpen praktikoak eta teorikoak historian barna.

48. gaia.–Euskarazko itzulpengintzaren historia: bilakaera eta gertakari historiko nagusiak.

49. gaia.–Interpretazioa: kontzeptua, ezaugarriak eta historia; interpretazioaren berezitasunak itzulpenarekin alderatuta.

50. gaia.–Interpretazio-modalitateak eta -teknikak. Interpretaziorako behar diren trebetasunak.

51. gaia.–Sekretu profesionala, etika eta deontologia itzulpengintzan.

52. gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Lan-estatusa eta elkargo profesionalak.

53. gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak: hiztegiak, entziklopediak, terminologia-bankuak, corpusak, hizkuntza-kontsultarako zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak eta bestelako tresna informatikoak, Internet...

54. gaia.–Terminologiaren oinarriak. Terminologia-bankuak.

55. gaia.–Terminologia eta itzulpengintza. Euskarazko eta gaztelaniazko terminologia juridiko-administratiboa.

56. gaia.–Terminologiaren problematika itzulpengintza administratiboan. Terminologia administratiboaren baterakuntza euskaraz.

57. gaia.–Hizkera inklusiboa eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz. Hizkera sexista ekiditeko baliabideak euskaraz.

58. gaia.–Hitzen ordena perpausaren barnean euskaraz: ordena markatua eta ordena markatu gabea; euskarazko tradizioak ordenari dagokionez; galdegaia, mintzagaia eta iruzkina; testu-antolatzaileen eginkizuna.

59. gaia.–Deklinabidea euskaraz: definizioa; formak eta kasuak; kasu-formen aldaerak hitzen ezaugarrien arabera; deklinabide mugagabea; deklinabidearen inguruko problematikak itzulpenetan.

60. gaia.–Euskal lexikoa: hitzak sortzeko bideak; hitz elkartuak eta eratorriak.

61. gaia.–Hizkuntza-maileguak eta neologismoak. Zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala eta berrikuntza fonologikoa.

62. gaia.–Euskal ortografia: arau nagusiak; puntuazio-markak.

63. gaia.–Ortotipografia euskaraz (I): aldaera tipografikoak, komatxoak, barrak, marrak eta bestelako zeinuak erabiltzeko irizpideak.

64. gaia.–Ortotipografia euskaraz (II): letra larriak erabiltzeko irizpideak eta maileguak eta hitz elkartu eta eratorriak idazteko erak.

65. gaia.–Laburdurak, siglak eta sinboloak euskaraz eta gaztelaniaz. Sinboloen adierazpena zientziaren eta teknikaren esparruan.

66. gaia.–Zientziarako eta teknikarako euskara arautzeko gomendioak.

67. gaia.–Ortografia eta ortotipografia gaztelaniaz: arau eta irizpide nagusiak; ortografiako eta ortotipografiako eskuliburuak gaztelaniaz.

68. gaia.–Euskarazko onomastikarako irizpide eta erabakiak.

69. gaia.–Estiloa euskaraz: problemak, irtenbideak, gomendioak eta irizpideak.

70. gaia.–Kalko okerrak. Euskaraz kalko okerrak saihesteko formulak.

71. gaia.–Euskarazko morfosintaxiaren inguruko problema eta zalantza nagusiak.

72. gaia.–Euskaltzaindia: hizkuntza-baliabideak; argitalpenak; Euskaltzaindiaren webgunea; Euskara Batuaren Eskuliburua eta haren edukiak.

73. gaia.–Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura-euskalkiak. Hizkuntza estandarra eta euskalkiak: erabilera-esparruak.

74. gaia.–Nafarroako euskalkiak: bilakaera, ikerketak eta proposamenak. Nafarreren ezaugarri nagusiak eta haien tokia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren itzulpen-produkzioan.

75. gaia.–Euskara Nafarroan: egoera juridikoa, demolinguistikoa eta soziala; Europako, Espainiako eta Nafarroako araudia.

76. gaia.–Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak: elebitasuna, diglosia, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituak. Euskara hizkuntza gutxitua.

77. gaia.–Hizkuntza-normalizazioa: hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa; estandarizazio ereduak; euskararen estandarizazioa.

78. gaia.–Toponimia: haren inguruko baliabideak; problematikak eta kontuan hartu beharrekoak itzulpen-lanean.

79. gaia.–Euskararen egoera Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren azken urteotako plan estrategikoetan.

80. gaia.–Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan. Unibertsitatean Hizkuntza Plangintza Diseinatzeko Oinarriak.

81. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara erabiltzeko jarraibideak eta gidaliburua.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 30 punturekin, puntuazio honen arabera:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

2. Beste lanpostu batzuetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

3. Deialdiaren xede den lanpostu berean beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,6 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

4. Beste lanpostu batzuetan beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,3 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

–Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

–30 puntukoa izanen da gehienez ere a) apartatuari dagokion puntuazioa.

–Langileak egindako zerbitzuak aldi baterako erlazio bakoitza hasi zen egunetik amaitu arte hartuko dira kontuan, lanaldiaren ehunekoa edozein izanik ere.

–Deialdia argitaratzen den egunaren ondoren egindako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko.

–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian aritu bada, egiatan bete duen lanpostuan egindako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan egoera horretan egindako aldiak.

Izangaia beste motibo batzuengatiko zerbitzu berezietako egoeran edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari izan bada, egoera horretara sartzean izangaiak zuen lanpostuan egindako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan aldi horiek.

–Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.

b) Bestelako merezimenduak 10 puntu gehienez ere:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana baina lanposturik lortu gabe Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 7 puntu.

2. Hizkuntzak 3 puntu gehienez ere:

i. Frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 1 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

ii. Ingelesa jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 1,5 puntu gehienez ere.

iii. Euskara jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 2,5 puntu gehienez ere.

Oharrak 2. apartatuari buruz:

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa lortuko du aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzean.

Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

–Euskara merezimendu gisa baloratzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako "urrats" bakoitzari gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen zaio.

III. ERANSKINA

Oposizio-lehiaketaren sistemaren bidezko deialdia

Betetzeko dauden Euskarako OLko teknikari izateko lanpostu hutsak (A maila)

LANPOSTUAREN IDENTIFIKAZIOA

ATXIKIMENDU EREMUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HIZKUNTZA

HERRIA

LANALDIA

278

KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / EUSKARARAKO ATAL TEKNIKOA

FUNTZIONARIOA

EUSKARA C1

IRUÑEA

GOIZEZ

IV. ERANSKINA

Oposizioaren sistemaren bidezko deialdia

Betetzeko dauden Euskarako OLko teknikari izateko lanpostu hutsak (A maila)

LANPOSTUAREN IDENTIFIKAZIOA

ATXIKIMENDU EREMUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HIZKUNTZA

HERRIA

LANALDIA

279

KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / EUSKARARAKO ATAL TEKNIKOA

FUNTZIONARIOA

EUSKARA C1

IRUÑEA

GOIZEZ

663

KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / HIZKUNTZA PLANGINTZARAKO ATALA

FUNTZIONARIOA

EUSKARA C1

IRUÑEA

GOIZEZ

Iragarkiaren kodea: F2215978