240. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

257E/2022 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honetarako 2023ko deialdia onesten baita: "0547-Nekazari gazteak beren gain jartzeko laguntza, 2014-2020 LGPren esparruan". DDBN identifikazioa: 657287.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Eskumen horien artean dago nekazari gazteak beren gain jar daitezela sustatzea, neurri hori lagungarria baita belaunaldi aldaketa egiteko, biztanleria finkatzeko eta landa eremuetan jarduera sortzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua; haren 19. artikuluan nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri gisa, berriz, artikulu horren 1.a) puntua, nekazari gazteek enpresak sortzeari buruzkoa.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean "nekazari gazte" bakoitzeko emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 aldirako programak neurri hori jasotzen du, eta, zehatzago, nekazari gazteak jardueran hasteko azpineurria ere bai. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Nekazari gazteentzako enpresak sortzeko laguntzaren bidez belaunaldi aldaketa sustatu nahi da, oinarri hartuta behar adinako prestakuntza daukaten gazteak, nekazaritzako enpresen titularrak, hori baita alternatiba nagusia nekazaritzaren sektoreari jarraipena emateko eta etorkizunari arrakastaz ekiteko.

Kontuan harturik nekazaritzan ari den populazio aktiboa zahartzen ari dela, gazteak landa eremuetatik hiri aldera joaten direla, gazteek jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuk nahiago dituztela eta landa eremuetan gizonezkoak nagusitzen ari direla, beharrezkoa da gazteak (gizonezkoak zein emakumeak) nekazaritzan aritzera bultzatzeko estrategiak ezartzea, horien bitartez biztanleria finkatzeko, jarduera ekonomikoari eusteko eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen jasangarritasuna eta garapen orekatua bermatzeko.

Nekazari gazteak beren gain jartzeari laguntzeak oso helburu garbiak ditu, Nafarroako nekazaritzaren sektorearen beharrekin lotuak. Azken helburua da erraztasunak ematea gazteak nekazaritza lanetan has daitezen ustiategi bideragarrietan, sektorearen egokitzapen estrukturalarekin bat. Helburu hori beste neurri batzuekin estuki lotuta dago, hala nola, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzekin, garapen okupazionalarekin eta etengabeko aholkularitzaren eta prestakuntzaren bidez gaitasunak hobetzeko neurriekin.

Ildo horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien lehiakortasuna bultzatu nahi da, beste jarduketa ildo batetik, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta aukera berdintasunerako eta bizitzeko baldintza egokiak eskaintzeko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, "Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak" lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile bat lortu beharrez, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den "Esparru Estrategiko Komunari" dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.b) artikuluaren arabera, neurri hau Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin bat dator: "erraztasunak ematea nekazaritza sektorean nekazari behar bezala prestatuak sartzeko, eta, bereziki, belaunaldi aldaketa erraztea".

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna, eta sektorean diharduten emakumeen tasa txikia dela, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat.

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau ematen da babes harturik urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoa (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta ezarri ziren haren antolamendua eta funtzionamendua). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barnean, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatzeko eta betearazteko, eta bereziki, arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzetarako.

Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren 8an hartutako Erabakiaren bidez Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman zaio 3.503.944,00 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauen 2023ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko 2024ko eta 2025eko ekitaldien kargura.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

"Nekazari gazteak beren gain jartzeko" laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den moduan.

2. Deialdiaren onespena.

"Nekazari gazteak beren gain jartzeko" laguntzen 2023ko deialdia onesten da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sorrarazten dituen gastuei aurre egiteko, 1.751.972,00 euroko gastua baimendu da 2024ko ekitaldian, eta 1.751.972,00 eurokoa, 2025eko ekitaldian, 2022ko Aurrekontu Orokorretako 720004 72200 7700 412103 partidaren baliokidearen kargura ("Nekazari gazteak beren gain jartzea. Landa GP 2014-2020 LGENF"), behar adinako kreditu egokia baldin bada.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdia honetan eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko otsailaren 3an bukatuko da.

5. Mendialdea, goi mendialdea, eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdea, goi mendialdea, eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak izanen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduaren V. eranskinean jasotakoak. Foru agindu horren bidez 2022ko kanpainarako deia egin zen, honako hauetarako: NBEUFk finantzatutako nekazaritzarako eta abeltzaintzarako zuzeneko ordainketen eta, orobat, Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuen ordainketen eskaera bakarra egiteko, erreserba nazionalerako eskubide eskaera egiteko eta, SIGPACen aldaketa egiteko eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena egiteko, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean inskribatze aldera.

Ustiategi bat eskualde zehatz batean kokatzeari begira, kontuan hartuko da Estatistikako Institutu Nazionalaren zer kode duen ustiategiaren udalerriak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko fitxan.

Ez dira halakotzat hartuko laguntza iragankorra duten eskualdeetan daudenak, V. eranskinaren arabera.

6. Komunikatzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari.

Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko azaroaren 3an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafe Aranda.

I. ERANSKINA

2023ko ekitaldiko deialdia, "Nekazari gazteak beren gain jartzea" sustatzen duten laguntzak emateko, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barruan. Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako "Nekazari gazteak beren gain jartzea" sustatzen duten laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19.1 artikuluaren a) letrako i) atalaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du landa garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EE) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Bat etorriz 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin, "nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko" neurri honen azken helburua da landa eremuetan enpresak sortzea, eta azpineurri honen helburua da, zehazki, nekazari gazteek nekazaritzako enpresak sortzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, laguntzen dute, zalantzarik gabe, Europar Batasuneko lehentasunak, zeinak 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen baitira, lortzen, eta lagungarriak dira, orobat, nekazaritzaren sektorean behar bezalako prestakuntza duten langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko, emakumeak nekazaritzan sartzeko, eta, gainera, sustatzen dute enpresak sortu, garatu eta dibertsifikatzea, enplegua sortzea, eta, horrekin denarekin loturik, landa eremuen tokiko garapena sustatzea.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurri hau bideratua dago behar bezalako enpresa plan baten bidez bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular, titularkide edo bazkide gisa lanean jartzen diren pertsona fisikoei. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon beharko dute, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diete.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke nekazaritzako ustiategi batean lehenbizikoz beren gain hasten diren pertsona fisikoak, laguntza eskatzen den egunean onartua izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 18tik 40 urtera bitarte izatea, biak barne.

b) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko urtebeteko aldian ez izatea nekazaritzako ustiategi baten titularra, titularkidea ezta bazkidea ere. Hori dela eta, ezin dute laguntzarik jaso eskaera aurkeztu aurreko urtebeteko aldian honako inguruabar hauetako batean izan diren pertsonek:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduan edo aurreko kanpainetarako emandako agindu baliokideetan aurreikusitako laguntzetako edozein eskatu dutenek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (NNUE) alta eman ondoren. Foru agindu horren bidez 2022ko kanpainarako deia egin zen, honako hauetarako: NBEUFk finantzatutako nekazaritzarako eta abeltzaintzarako zuzeneko ordainketen eta, orobat, Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuen ordainketen eskaera bakarra egiteko, erreserba nazionalerako eskubide eskaera egiteko eta, SIGPACen aldaketa egiteko eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena egiteko, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean inskribatze aldera.

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko azken eguneratzetik hasita, azken bost urteetan, nekazaritzako jarduerari esker zerga-aitorpena egin beharra eragin duten diru-sarrerak lortu dituztenek.

–Guztira 0,1 nekazaritzako lan-unitatetik gora jotzen duten nekazaritzako edo abeltzaintzako ekoizpen-elementuen titular direnek, nahiz eta nekazaritzako jarduerak diru-sarrerarik ez sortu.

c) "Enpresa plan bat" aurkeztea, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoaren araberakoa.

d) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza edukitzea.

Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da baldin eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen badu:

–Erdi mailako ziklo baten pareko edo goragoko mailako nekazaritzaren arloko prestakuntza arautua edukitzea, edo bestela aurreikusitako ustiategi motarekin zerikusi zuzena duen unibertsitate-prestakuntza.

–Nekazari gaztea zer ustiategitan jartzen den, ustiategiaren tipologiarekin loturiko ikastaroak egitea, berori kudeatu eta erabiltzeko. Ikastarook 250 ordu baino gehiago iraun behar dute.

–"Nekazaritzako ustiategian sartzeko" berariazko ikastaro bat egitea, gutxienez 200 ordukoa, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategietarako aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak arautzen dituen foru araudiak homologatu, aitortu edo izendatutako prestakuntza entitateek emana. Ordu kopuru horretatik kentzen ahalko dira gazteak truke programetan eta nekazaritzako ustiategietara egindako bisitetan emandako orduak (1305/2013 EB Erregelamenduaren 14.1 artikulua).

Laguntza eskatzeko unean gazteak ez baditu aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen, 2025eko azaroaren 1era arteko epea izanen du prestakuntza hori jaso duela erakusteko, eta hala zehaztuko da haren enpresa planean.

e) Ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

f) Egunean izatea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

2. Onuradunek laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteko epean hasia izan behar dute ustiategian beren gain hasteko prozesua, eta ez dute amaiturik izan behar.

Prozesu hau hasia dela ulertuko da, inguruabar hauetako bat betetzen dela frogatzeko modua baldin badago:

–Oinarri honen 1.d) puntuko hirugarren marran aipatzen den prestakuntza ikastaroan inskribatu izana, behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzeko.

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea langile autonomo gisa; zehazki, egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa.

–Onuraduna titular bakar moduan jartzen bada, eskaera bakarra aurkeztea (PAC), edo NNUEn inskribatuta edukitzea guztira 0,1 nekazaritzako lan-unitatetik gora jotzen duten ekoizpen-elementuak.

–Elkartean bazkide moduan sartzea, elkarte asoziatibo bateko kide eginez gero.

Apartatu honetan esaten denaren ondorioetarako, ulertuko da bere gain jartzearen prozesua amaitu dela onuradunak ATP kalifikazioa (ogibide nagusia nekazaritza duenaren kalifikazioa) lortzeko betebeharrak betetzen dituenean.

3. Nekazari gaztea ustiategiaren titular bakarra ez bada, haren izaera juridikoa zeinahi delarik ere, ustiategiaren titular bakarrak izanik hasten diren nekazari gazteei eskatzen zaizkien antzeko baldintzak eskatuko zaizkio.

4. Kasu guztietan nekazari gazteek ustiategiaren egiazko kontrola egin beharko dute. Kontrol hori enpresaren jokabide estrategikoari buruzko funtsezko erabakiak hartzearen gainekoa izanen da (negozio plana, aurrekontua, finantzaketa, etab.), onuradunarentzako konpromisoak indarrean dauden denbora osoan.

Onuraduna ez bada ustiategiaren titular bakar gisa hasten bere gain jarduten, bere gain jartzearen prozesuan zehar entitate juridikoaren egiazko kontrola hartuko du, abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 24. artikuluaren hirugarren apartatuko b) letran jasotakoarekin bat (errege dekretu hori Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketaren araubideko eskubideen esleipenari buruzkoa da).

Elkarte asoziatiboek beren eraketa-agiria eskritura publiko batean jaso beharko dute, eta hartan adierazi beharko da nola banatzen diren partaidetzak eta haiek mantentzeko konpromisoa.

5. oinarria.–Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

1. Onuraduna bazkide egiten bada dagoeneko baden elkarte asoziatibo batean (elkarte asoziatibotzat hartuko dira eskaera aurkezteko eguna baino urtebete lehenago sortu direnak), eskaera aurkezteko unean ustiategi-elkarteak mikroenpresa eta enpresa txikien definizioaren barruan egon behar du, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (2003.5.20ko L 124 AO) ezartzen den bezala, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egon behar du.

2. Kasu guztietan, ustiategiak mikroenpresa eta enpresa txikien definizioaren barruan egon beharko du, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (2003.5.20ko L 124 AO) ezartzen den bezala, eta gutxienez dimentsio ekonomikoaren 12 unitate (DEU) edukiko ditu, eta ematen duen unitateko lan errentak %15 handiagoa izan behar du erreferentzia-errenta baino. Elkarte asoziatibo sortu berrietan, ustiategiari buruzko informazioa enpresa planean agertu behar da.

Enpresa planean aurreikusi behar da ustiategiak NLU (nekazaritza lan-unitatea) bat sortuko duela sartzen den gazte bakoitzeko.

Bere gain jartzea elkarte asoziatiboen bidez egiten denean, baldintza hauek bete behar dira:

–Onuraduna dagoeneko baden elkarte asoziatibo baten bidez bere gain jartzen bada, NLU gehigarri bat sortuko da, lehen zeudenez gain. Hori dela eta, gaztea laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sartu bada, sartzen den egunean elkartea nola dagoen hartuko da kontuan; eta eskaera aurkezten denerako gaztea barruan ez badago, berriz, eskaera aurkezten den egunean elkartea nola dagoen. Aurrekoa ez da bete beharko gaztea erretiratu den bazkide baten ordez sartzen denean elkartean, ez eta lanerako ezintasuna iraunkorra daukan baten ordezkoa denean ere. Batera zein bestera, ordezkatzen denak lana utzi duenetik eskaera aurkeztu arteko aldia urtebete baino laburragoa izan behar da.

–Onuraduna sortu berri den elkarte asoziatibo bateko bazkide egiten bada, elkarte berri horretako titular, titularkide edo bazkide diren ustiategietakoez gainera, beste NLU bat sortuko da. Hori dela eta, sozietatea laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu bada, gaztea bertan sartzen den egunean ustiategiak nola dauden hartuko da kontuan, eta eskaera aurkezten denerako sozietatea eratu gabe badago, berriz, eskaera aurkezten den egunean ustiategiak nola dauden.

–Lehendik dauden elkarteen kasuan, edo deialdi honetako laguntzen eskatzaileek bakarrik osatutako elkarte sortu berrien kasuan, eskatzaile bakoitzari 1 NLU dagokio gutxienez, partaidetza-portzentajearen kontura.

–Elkarte asoziatiboan deialdi honetako laguntza eskatzen ez duen kiderik bada, kontuan hartuko da 5. oinarriko 2. zenbakiko bigarren marran ezarritakoa.

6. oinarria.–Enpresa plana eta tutoretza.

1. Eskaera atzematearekin batera, enpresa plana gehituko da, oinarri izanen dena gaztea nekazaritzako ustiategi baten titular, titularkide edo bazkide gisa bere gain hasteko prozesurako.

2. Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:

a) Beren gain jartzeko prozesuaren egoera eta jardueraren hasieraren justifikazioa, 4. oinarriko 2. puntuan adierazitakoaren arabera.

b) Nekazaritzako ustiategian bere gain hasteko prozesuaren garapenerako faseen eta funtsezko helburuen deskribapena.

c) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, esaterako, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak etab.

d) Honako arlo hauetan hartu beharreko beste jarduketa batzuen gaineko erreferentziak: prestakuntza, aholkularitza, kalitatezko produkzioak, nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan parte hartzea, 8. oinarrian aurreikusitako balioespen irizpideekin loturiko jarduerak, eta egokitzat jotzen diren beste batzuk.

e) Ustiategirako helburu gisa planteatzen den azken egoera, abiapuntuko egoeran azaldutako parametroekin alderatuta.

3. Plan honek ustiategiaren azken emaitza deskribatuko duen azterketa ekonomiko bat edukiko du, bideragarritasuna bermatzeko.

4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak tutore bat esleituko dio onuradun bakoitzari, eta hark banakako jarraipena eginen du bere gain jartzeko bilakaerari buruz; orobat, txostenak eginen ditu enpresa planaren bilakaerari buruz, eta organo kudeatzaileari igorriko zaizkio.

Txostenean, besteak beste, egiaztatuko dira 10. oinarrian ezarritako konpromisoak, enpresa plana gauzatzeari buruz, eta, zehazki, honako alderdi hauek jasoko dira:

–Enpresa plana betetzen den (ekoizpen-unitateak, aurreikusiak eta egiazkoak; sortutako lana; egindako inbertsioak) eta laguntzaren ebazpenean onetsitako balorazio-irizpideak bete diren.

–Gazteak ustiategia gobernatzen eta kontrolatzen badakien eta bere enpresa plana aplikatu duen egiaztatzea.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazari gazteak beren gain jartzeko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Laguntzaren zenbatekoa 37.276 eurokoa da, guztira.

3. Prima bakarreko laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira. Azkeneko ordainketa egiteko, enpresa plana zuzen bete izana eskatuko da.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera prestatzeko, honako balorazio-irizpide hauek aplikatuta lortzen diren puntuen batuketa eginen da (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) Gaitasun profesionala: baldin eskatzaileak frogatzen badu, eskaera egiteko unean, badituela gaitasun eta trebetasun profesional egokiak, 4. oinarriko 1. zenbakiko d) letraren arabera: 10 puntu.

b) Berariazko lanbide heziketa arautua: baldin eskatzaileak frogatzen badu, eskaera egiteko unean, baduela nekazaritzaren arloko berariazko lanbide heziketa arautua, erdi mailako ziklo baten parekoa edo goragoko mailakoa, aurreikusitako ustiategiaren arabera dagokiona: 5 puntu.

c) Kokapen geografikoa: 15 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–Goi-mendiko eskualdeetan kokatutako ustiategietan proiektatzen bada: 15 puntu.

–Eskualde menditsuetan kokatutako ustiategietan proiektatzen bada: 12 puntu.

–Muga natural esanguratsuak dituzten eskualdeetan kokatutako ustiategietan proiektatzen bada: 9 puntu.

d) Eraginkortasun produktiboa eta balio-katearen merkataritzako marjina hobetzen denean, eta enpresa-planak aurreikusten duenean Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako dirulaguntzak eskatzea 4.1 neurriarengatik ("Laguntzak, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko"), 4.2 neurriarengatik ("Laguntzak, nekazaritzako produktuak eraldatzeko/merkaturatzeko eta/edo garatzeko inbertsioak egiteko") 6.2 neurriarengatik ("Laguntzak, landa eremuetan nekazaritzakoak ez diren jardueren enpresak sortzeko") edo 6.4 neurriarengatik ("Laguntzak, nekazaritzaz bestelako jarduerak sortu eta garatzeko inbertsioak egiteko"): 10 puntu.

e) Prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzea: enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, onuradunak parte hartu behar duenean aholkularitza eta prestakuntza neurrietan, Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 14. edo 15. artikuluen arabera: 15 puntu.

f) Ekoizpen sistema jasangarriak: baldin eta enpresa planean aurreikusten bada ustiapen ereduaren oinarria nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa izatea –dela bihurtze-fasean nahiz hori gaindituta–, edo abeltzaintzaren edo erlezaintzaren kasuan, behi, ardi, ahuntz eta/edo zaldien, edo erleen arraza autoktonoak erabiltzea, bi ekoizpen-ereduetako bat, bereiz hartuta, gutxienez 0,5 nekazaritzako lan-unitateren pare bada beren gain hasteko ustiategian: 15 puntu.

Ondorio hauetarako, arraza autoktonotzat hartuko dira abuztuaren 29ko 309/2014 Foru Aginduak ezartzen dituenak. Foru Agindu horrek aldatu zuen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindua, Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala onesten duena.

g) Elkartegintza: enpresa planak aurreikusten badu eskatzailea bere gain hastea elkarte asoziatibo baten ustiategian sartuta, edo sartzen den nekazaritza-ustiategi hartan nekazaritza-kooperatiba bateko bazkide gisa parte hartuko duela: 5 puntu gehienez ere.

–Eskatzailea bere gain hasten bada Nafarroako Kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan aurreikusitako elkarte asoziatibo edo kooperatiba batean: 2,5 puntu.

–Eskatzailea bere gain hasten bada Nafarroako Kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.b) artikuluan aurreikusitako kooperatiba batean: 2,5 puntu.

h) Generoa: laguntzaren eskatzailea emakumezkoa baldin bada: 10 puntu.

i) Balio-katearen hobekuntza: baldin enpresa planak aurreikusten badu Nafarroan ezarritako kalitate araubideetan parte hartzea, 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluari jarraikiz, horiei lotutako ekoizpen unitateak gutxienez ere nekazaritzako 0,5 lan unitate badira: 5 puntu.

j) Enplegu sorkuntza: onuradunaren enpresa planean aurreikusita badago ustiategian nekazaritzako 1,5 lan unitate edo gehiago sortzea: 10 puntu. 10 puntu.

Irizpide hori kasu hauetan betetzen dela ulertuko da:

–Titular bakarra baldin bada, ustiategian 1,5 lan unitate edo gehiago lortzea.

–Lehendik dauden elkarteen kasuan, edo deialdi honetako laguntzen eskatzaileek bakarrik osatutako elkarte sortu berrien kasuan, partaidetza-portzentajearen arabera nekazaritzako 1,5 lan unitate edo gehiago dagokienean.

–Elkartea lehendik egonik zein sortu berria izanik, bazkideren batek deialdi honetan laguntzarik eskatu ez badu, ustiategian nekazaritako 1,5 lan unitate edo gehiago sortu beharko dira sartzen den gazte bakoitzeko, 5. oinarriaren 2. zenbakiaren bigarren marran ezarritakoari jarraikiz.

Elkarte asoziatibo batean bi gazte edo gehiago sartzen direnean, bakoitzak bere aldetik bete beharko du baldintza hau.

Irizpide hau aplikatzearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko eraldaketako edo zuzeneko salmentako jarduerek sortutako nekazaritzako lan unitateak.

3. Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat enpresa planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gehitu gabe.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a) letran puntu gehien lortzen duen espedienteak, eta gero, b), c), d) eta ondorengo letrak aintzat hartuko dira banan-banan, zerrenda bukatu arte. Berdinketak bere horretan segitzen badu, eskaera bati lehentasuna emanen zaio baldin haren enpresa planean aurreikusten bada ezen, zer nekazaritzako ustiategitan sartzen den, hark bazkide gisa parte hartuko duela "lehentasunezko elkarte" batean, edo "lehentasunezko elkarte" baten bazkide den entitate batean. Hala ere berdinketak irauten badu, eskatzaile zaharrenei emanen zaie lehentasuna.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria.–Onuradunen konpromisoak eta betebeharrak.

1. Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Hasiera batean, edo 15. oinarriko 2. puntuan jasotako oharrak aplikatu ondoren onartutako enpresa plana betetzea, 2025eko azaroaren 1ean. Enpresa plana oso-osorik burutu dela ondorioztatzeko, 8. oinarriko 2. puntuan aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, betiere jarduketa horiei esker puntuak lortu baldin badira hautapen irizpideak aplikatzean.

b) Enpresa plana aplikatzen hastea laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteko epearen barnean. Horren ondorioetarako, enpresa plana hasi dela ondorioztatuko da gutxienez inguruabar hauetako bat gertatu bada eskaera aurkeztu ondoren, eta hura ez bada bideratu jardueraren hasiera egiaztatzeko:

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea langile autonomo gisa, nekazaritzako jarduera ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide modura egiteagatik.

–Egiaztatzea inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak (Landa Errentamenduen Erregistroan agertu behar dira) egin direla.

–Eskaera bakarra (PAC) aurkeztu izana.

–Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan 0,1 NLU baino gehiagorekin inskribatu izana, onuradunaren bazkide izaera barne, elkarte diren entitateen kasuan.

c) Enpresa planaren amaiera egunean hauek betetzea:

–Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzea, 4.1 oinarriko d) letran ezarritakoaren arabera, baldin onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.

–Ustiategia egiatan kontrolatzea, 4.4. oinarrian deskribatzen denaren arabera.

–Ustiategiaren titularrak gutxienez ustiategiaren azaleraren %50 baliagarri daukala frogatzea. Hori frogatzeko honako hauek aurkezten ahal dira: Nafarroako Landa Errentamenduen Erregistroan inskribatutako errentamendu-kontratuak, jabetza-tituluak, zedula partzelarioak edo herri-lurren adjudikazioak.

–"Jarduneko nekazari gisa" aritzea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Enpresa planaren arabera ustiategian hasi izana eta ustiategia bat etortzea mikroenpresen eta enpresa txikien definizioarekin, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea honako ezaugarri hauekin: NLA bat gutxienez, dimentsio ekonomikoaren 12 unitate (DEU) gutxienez eta ematen duen unitateko lan errenta erreferentzia-errenta baino %15 handiagoa.

–ATP izaera lortzea eta ustiategian NLU gehigarri bat sortzea sartu den pertsona gazte berri bakoitzeko, 5.2 oinarrian ezartzen diren betebeharren arabera.

–Ustiategiak Nafarroan izan beharko du kokatuta nekazaritzako azalera handiena, eta, nekazaritzako azalerarik ez badu, Nafarroan erregistratuta izan beharko ditu abere gehienak.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean aurreikusitako ekintzak egin dituela, hala lanean hastearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.

e) Laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertara egiten direnak, baita izendatutako tutoreak ezartzen dituen egiaztapenak ere. Kontrol horietan sartzen ahalko da gazteak bere enpresa plana eta ustiategiaren kudeaketa ezagutzen dituela frogatu beharra, galdetegiak eta/edo elkarrizketa pertsonalak eginez.

f) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzez ere. Onuradunak ustiategia benetan kontrolatzen duen egiaztatzeko eta baldintza artifizialik sortzen diren kontrolatzeko, honako hauen dokumentuak hauek aurkezten ahal dira informazioa emateko: merkataritzako transakzioak, kutxa-fluxuak, enplegatutako pertsonak, bezero edo hornitzaileekiko ahaidetasuna, makinen lagapenak, finantzaketa eta abalak, eta abar.

g) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

h) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

i) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean jasotzen diren itzultzeak ekarriko ditu.

11. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza-eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren bidez. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 30eko 59/2019 Foru Aginduaren bidez, oinarriak onetsi ziren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren kontura laguntzen tratamenduan parte hartuko duten erakunde laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko.

3. Eskaerak enpresa planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira, 10. oinarriaren 1.b) puntuan ezarritakoari jarraikiz, salbu lanean bere gain hasi dela justifikatzeko erabiltzen direnak.

4. Eskatutako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza justifikatzeko, aski izanen da hiru aukera hauetako batean adierazten diren agiriak aurkeztea:

I) Nekazaritza arloko ikasketa titulu bat, erdi mailako zikloaren baliokidea edo goragoko mailakoa, eta/edo eskatu izanaren gordekina.

II) Nekazari gaztea zer ustiategitan jartzen den, ustiategiaren tipologiarekin loturiko ikastaroak egin direla egiaztatzen duen dokumentazioa, berori kudeatu eta erabiltzeko. Ikastarook 250 ordu baino gehiago iraun behar dute.

III) Gutxienez 200 ikastorduko ikastaro bat, nekazaritzako enpresan sartzeari buruzkoa, egin izana frogatzen duen egiaztagiria; ikastaro hori Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek emandakoa izan behar du.

5. Onuraduna lanean jartzen bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Zein entitatetan lanean hasten den, haren IFKren fotokopia.

b) Zein entitatetan lanean hasten den, haren eratze-eskritura aldatuak, nekazari gaztearen ekarpena eta hura bazkide edo partaide gisa sartzeko baldintzak adieraziko dituena, eta horrekin batera entitatearen estatutu edo arauen kopia fede-emailea eta zuzendaritza teknikoan eta kudeaketan ari diren pertsonen zerrenda.

6. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

12. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

13. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, egiaztatuko da ea baduten eskatzen den dokumentazio guztia. Behar izanez gero, eskaera 15 egun naturaleko epean zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate arduradunak argibideak eska ditzake aurkeztutako informazioari eta dokumentazioari buruz. Behar izanez gero, interesdunari eskatuko zaio argibideak gehienez 15 egun naturaleko epean aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, dagoen informazioaren arabera bideratuko dela espedientea.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

14. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik sei hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko eta onuradunak bete behar dituen betebeharrak eta konpromisoak zein diren jakiteko nahikoa den informazioa edukiko du.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko dirulaguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, "Nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzea" eta "Nekazari gazteak beren gain jartzea" izeneko neurrietan.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

15. oinarria.–Enpresa planaren aurrerapenen ebaluazioa eta aldaketak.

1. Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa planaren oinarrizko alderdiak nola garatu diren egiaztatuko da, hala agiri bidez, nola ustiategian bertan. Kontrolak epe hauek bukatu baino lehen eginen dira, betiere laguntza esleitzeko ebazpenaren egunetik hasita.

–9 hilabetera:

Hasierako kontrola, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluaren 4. puntuan ezarritakoa bete ote den egiaztatzeko. Horretarako, behar diren agiriak eskatuko dira, honako jarduketa hauek edo hauetako bat betetzen direla justifikatzeko, betiere ez badira erabili eskaera aurkeztearekin batera bere gain jarri izana frogatzeko:

  • Gizarte Segurantzan alta emanda egotea langile autonomo gisa; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.
  • Egiaztatzea inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak (Landa Errentamenduen Erregistroan agertu behar dira) egin direla.
  • Eskaera bakarra (PAC) aurkeztu izana.
  • Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan 0,1 NLU baino gehiagorekin inskribatuta egotearen agiria, onuradunaren bazkide izaera barne, elkarte asoziatibo diren entitateen kasuan.

–15 hilabetera:

Tarteko kontrola; jarduketa hauetako bat justifikatzeko agiriak eskatuko dira:

  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.).

–27 hilabetera:

Kontrol honetan jarduketa hauek justifikatzeko agiriak eskatuko dira:

  • Ustiategirako sarrera.
  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketari eta ingurunearekin duen harremanari (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.) buruzko agiriak.
  • Ustiategia bisitatzea, azken ordainketa egin aurretik, ustiategiaren elementuak egiaztatzeko.

Horren ondorioetarako, onuradunak ebaluazio horren unitate arduradunarekin kolaboratu beharko du, eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurreikusitako epeetan emanez eta ustiategira egiten diren bisitetan lagunduz.

2. Enpresa planaren aldaketak prozedura honen arabera egin beharko dira:

a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketaren bat egitea, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, 2025eko maiatzaren 1a baino lehen.

b) Hauek joko dira aldaketa nabarmentzat: produkzioko orientazio aldaketak sektorearen, labore motaren edo abere espeziearen aldaketek eraginda; produkzioan ari direnen, labore hektareen edo abelburuen murrizketa, baldin eta aldaketa hauek ustiategiaren azken egoeran nekazaritzako lan unitateen %30 baino gehiagoko aldaketa badakarte, edo balioespen irizpideetan eragiten badute.

c) Proposatzen den aldaketa egiteko arrazoiak eman behar dira, enpresa plan berriaren bideragarritasuna bermatu behar da eta proposatzen denari baremazio irizpideak aplikatuta lortzen den puntuazioa laguntzaren onuraduna izateko adinakoa izan behar da.

3. Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.

4. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea:

–Aldaketak nabarmenak izanez gero, enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berberei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.

–Aldaketak ez badira nabarmenak, enpresa planean behar bezalako doikuntzak eginen dira, eta espedientean horren berri jaso beharko da, txosten tekniko bat erantsita.

5. Uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 13. artikuluko 1. puntuko a) letra betetzearen ondorioetarako (haren bidez onetsi zen Nafarroako Nekazaritza Ustitategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina), aipatu dekretuan xedatutakoak ezartzen duenaren mende aritu nahi duten dirulaguntzen onuradunek Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eskatu beharko dute lehentasunezko ustiategiaren kontsiderazioa. Horretarako, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (REAN) izena emanda dauden ekoizpen-elementuak eduki beharko dituzte, zehazki, nekazaritzako 0,1 lan-unitate baino gehiago jotzen dutenak, eta Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharko dute, langile autonomoen araubide berezian. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eskaera zein egunetan egin duten, horixe hartuko da bere gain hasi izanaren datatzat, lehen jarduera-urtea zenbatzeari begira.

16. oinarria.–Enpresa plana gauzatzeko epeak.

1. Egutegi hau ezarri da:

a) Enpresa plana abiaraztea: laguntza esleitzeko ebazpena eman ondoko bederatzi hilabeteetan.

b) Enpresa plana gauzatzeko azken eguna: 2025eko azaroaren 1a. Onartuak izateko baldintzak (4. eta 5. oinarriak) eta eskaerak baloratzeko irizpideak (8. oinarria) bete behar dira.

c) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza lortzea: 2025eko azaroaren 1a.

d) Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluaren arabera, "jarduneko nekazaria" dela frogatzea eta enpresa plana eta gainerako konpromisoak bete direla egiaztatzea: 2025eko azaroaren 1a.

17. oinarria.–Baldintzak ordainketa baino lehen betetzea, ordainketa-eskaera, laguntzen ordainketa eskatzeko modua eta epeak.

1. Laguntzak esleitzeko ebazpenean ezarriko da zenbateko laguntza dagokion ekitaldi bakoitzari, eta laguntza hori jasotzeko beharrezkoa izanen da onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztea, deialdian ezarritako epea baino lehen, horretarako berariaz ezarritako atzemate programaren bidez. Programa Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskuratzen ahal da (www.navarra.eus).

2. Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete direla frogatzekoak. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak esleitzeko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

Onuradunak laguntza erakunde hartzekodun bati lagatzea erabakitzen badu, ordainketa-eskaerarekin batera aurkeztu beharko du hori justifikatzen duen dokumentua. Lagapena laguntza osorako bada, aski izanen da dokumentu hau lehen ordainketaren eskabidearekin batera aurkeztea.

3. Dirulaguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira 2024ko eta 2025eko ekitaldietan.

4. Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa da onuradunek ordainketa-eskaerak aurkeztea epe hauetan:

–Laguntzaren lehen zatia ordaintzeko eskaera: laguntza esleitzen denetik ondoko 9 hilabetean, eta dagokion aurrekontu ekitaldiko urtarrilaren 1etik aurrera.

–Laguntzaren bigarren zatia ordaintzeko eskaera, 2025. urtean: azaroaren 1a baino lehen, eta dagokion aurrekontu ekitaldiko urtarrilaren 1etik aurrera, enpresa plana gauzatu ondoren eta egun horretarako eskatzen diren konpromisoak bete ondoren. Ordainketa hau egiteko, azken ordainketa egiteko bete behar diren konpromisoak eta enpresa plana bera bete direla egiaztatuko da, "jarduneko nekazari" gisa aritzearena barne.

5. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

6. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo tutoreek egindako txostenak, laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, in situ bisitak egin daitezke ustiategietara, enpresa plana bukatu eta zuzen gauzatu dela egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko ere.

18. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Egiaztatzen bada enpresa plana ez dela bete, ez gauzapenean, ezta aplikatzeko egutegian ere, edo 10. oinarrian biltzen diren konpromisoak ez direla bete, edo ikusten bada ustiaketa plana amaitzen denean onuradunek ez dituztela betetzen 4. eta 5. oinarrietan aurreikusitako onartuak izateko irizpideak, murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira, oinarri honetan ezartzen diren irizpideen arabera.

2. Laguntza esleitzeko ebazpenaren egunetik bederatzi hilabetera onuradunak aurkeztu ez baditu ordainketa-eskaera eta enpresa plana aplikatzen hasi dela justifikatzeko agiriak, edo instrukzio organoak egiaztatzen badu hasiera hori ez dela benetan egin emandako laguntza baliogabetu eginen da.

3. Enpresa plana gauzatzeko epea amaitu ondoren, ikusten bada onuradunak ez duela berori bete, edo ez dituela hartutako konpromisoak bete, esleitutako laguntza baliogabetuko da, eta hartutako ordainketak itzuliko dira, edo azken ordainketa murriztu edo deuseztatuko da, bidezkoa denaren arabera, aplikatzen ahal den murrizketarik handiena aplikatuz, irizpide hauei jarraikiz:

a) Honako inguruabarretako bat gertatzen bada, ez da eginen azken ordainketa eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira, legezko interesak gehituta:

–Ordainketa-eskaera epe barruan aurkezten ez bada.

–Titularra edo ustiategia onartzeko baldintzak –4. eta 5. oinarrietan ezarriak– betetzen ez badira.

–10. oinarriaren 1.c) apartatuan aipatzen diren konpromisoak betetzen ez badira.

–Baremazio irizpideetan ezarritakoa betetzen ez bada, hots, baieztatzen bada onuradunari puntuazio txikiagoa zegokiola eta horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela; izan ere, laguntzak esleitzeko prozeduran, baremo horien arabera kalkulatzen dira puntuazioak, eta puntuazio horien arabera osatzen da eskaeren lehentasun-hurrenkera.

–Onuradunak uko egiten badio 10. oinarriaren 1. zenbakiaren e) letran aurreikusitako kontrolak egiteari edo f) letran aipatzen den dokumentazioa aurkezteari.

–Onuradunak eragozten baditu tutorearen bi bisita edo gehiago, edo uko egiten badio egoteari, hori justifikatzen duen arrazoirik gabe.

b) Honako inguruabarretako bat gertatzen bada, ez da eginen azken ordainketa:

–Hasi eta 15 hilabetera egin beharreko tarteko kontrolean (15. oinarrian azaldu da) aurreikusitako jarduketak egiten ez badira edo egin direla egiaztatzen ez bada.

–Onuradunak eragozten badu tutorearen bisita bat, edo uko egiten badio egoteari, hori justifikatzen duen arrazoirik gabe.

c) Honako inguruabarretako bat gertatzen bada, azken ordainketa %20 murriztuko da:

–Enpresa planean agertzen diren ekoizpen-elementuak murrizten badira, baldin eta aldaketak ustiategiaren lan unitateen murrizketa badakarte, eta azken egoeran murrizketa horiek %30 baino handiagoak badira.

4. Onuradunak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programako beste neurri batzuetan daukan partaidetzaren inguruko baremazio-irizpidea eta nekazaritza ekologikoaren ekoizpenaren ingurukoak betetzat joko dira, baldin eta:

–Landa Garapenerako Programako beste neurri batzuetan parte hartuz gero, onuraduna laguntzarik gabe gelditu bada deialdirako ezarritako aurrekontua aski izan ez delako edo eskatzailearekin zerikusirik ez duen beste inguruabarren baten erruz, edo onuradunak parte hatzen badu landa garapenerako beste programa bateko neurrietan, eta neurriok oinarri hauetan arautzen direnen baliokideak badira.

–Nekazaritza ekologikoan, bihurtzen ari diren azalerak ere kontuan hartzen badira nekazaritzako 0,5 lan-unitateetara iristeko.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

6. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onartutako laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

7. Frogatzen bada, espediente baten bidez, onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.

19. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntzaren azken ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita hiru urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

2. Hauek dira, oro har, espediente eta pertsona guztiek gerora bete beharreko konpromisoak:

–Gaztea sartu den ustiategiak ez uztea bertan behera bere jarduna.

–Enpresa plana amaitzen denean, gutxienez lortu den dimentsioaren %75 egiten duten ekoizpen-elementuei eustea, lan unitateetan neurtuta.

–Gizarte Segurantzan afiliatua izatea, langile autonomoen araubide berezian.

–Gutxienez ustiategiaren nekazaritzako lan-unitateen %50i dagozkion ekoizpen-elementuen titulartasuna atxikitzea, 10. oinarriko 1. zenbakiko c) letran ezartzen denarekin bat etorriz.

Ekoizpen jarduera bat bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik, konpromiso horiek ez zaizkie aplikatuko.

3. Balorazio irizpideei loturiko konpromisoak ere gerora bete beharreko konpromisoak dira, 8. oinarriaren 2. puntuaren arabera.

4. Aurreko 2. puntuko konpromisoak, beti, pertsona onuradunak hartzen dituela ulertu behar da. 3. puntuko konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da, baldin eta balio izan badute eskaeren lehentasun-hurrenkera finkatzeko balorazio irizpide gisa.

20. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Betetzen ez badira gerora bete beharreko konpromisoak, oinarri arautzaile hauen 19. oinarrian ezarritakoak, jasotako laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharra ezartzen ahalko da.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.

a) 19.2 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, bertan ezarritako salbuespenak salbuespen, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

Honi dagokionez, onuradun batek, azken ordainketaren ondoren erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, ez da ulertuko bertan behera utzi duela konpromisoa, baldin eta: onuraduna bere baitan hartu duen entitateak lehentasunezko nekazaritza ustiategiaren izaera badu; ustiategiaren nekazaritzako lan unitateak –hots, entitate berriaren kapital sozialean daukan partaidetza kontuan hartuta onuradunari dagozkionak– balio berekoak edo handiagokoak baldin badira, benetan ekarri dituen ekoizpen unitateekin alderatuta, eta onuradunak haien kontrol eraginkorra izaten jarraitzen badu eta entitate berriak bere gain hartzen baditu gerora bete beharreko konpromisoak.

b) 19.3 oinarrian ezarritako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, balorazio irizpideei lotuak daudenak eta onuraduna baztertzea ekarriko zutenak, jasotako laguntzaren %50 galduko da azkeneko ordainketaren ondoko lehenengo urtean gertatzen bada, eta hurrengo urteetako batean gertatuz gero, %25.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko bete gabe gelditu direla aurreko apartatuetan aipatzen diren konpromisoak:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiategia edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurretan eta/edo instalazioetan kalte nabarmena eragin duena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, onuradunaren azienda edo labore guztiei edo zati bati kalte egin diena.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen aldaketak onuradunari egotzi ezin zaizkion eta gerora sortu diren arrazoiek eragindakoak direnean eta behar bezala justifikatzen ahal direnean.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen pertsona onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publikotasunak jarraituko die kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

Iragarkiaren kodea: F2214824