233. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

156/2022 EBAZPENA, urriaren 26koa, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren eskuordetzea erabiliz nekazaritzako ustiategien titularren edo/eta bazkideen katalogazioa onesten duena, hots, ogibide nagusia nekazaritza dutenena, nekazari profesionalena eta nekazaritzako profesionalena, baita lehentasunezkoak diren nekazaritzako ustiategien katalogazioa ere.

Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak 4. artikuluan ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa zerbitzu administratibo bat dela, non laguntza publikoen hartzaileak zehazteko erabiltzen den nekazaritzako ustiategien informazioa biltzen baita, eta haren helburua dela nekazaritzako ustiategiak katalogatzea, hau da, zein diren lehentasunezkoak eta zein ez finkatzea.

Ogibide nagusia nekazaritza dutenen definizioa ere uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan dago jasota. Bestetik, nekazari profesionalaren definizioa Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 2. artikuluan zehaztuta dago, eta nekazaritzako profesionalaren definizioa, berriz, Landa-ingurunearen Garapen Jasangarriari buruzko abenduaren 13ko 45/2007 Legearen 16. artikuluan.

Katalogazio horiek beharrezkoak dira Nafarroako Foru Gobernuaren eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren NBEUF eta LGENF funtsen bidez finantzatutako laguntza mota batzuk eskuratzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren bidez Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautu da eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezarri dira. Foru agindu horren 7. artikuluak ezartzen du urtero kalifikatuko direla ustiategien titularrak edo nekazari batasunen ustiategietako bazkideak, dela ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa, dela, nekazari profesional gisa, dela nekazaritzako profesional gisa, eta, orobat, lehentasunezkoak diren ustiategiak zehaztuko direla, horretarako oinarritzat harturik Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan urriaren 1ean dauden datuak. Urtero, azaroaren 1a baino lehen, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebatziko ditu katalogazio horiek, eta onesten direnetik hurrengo urtekoak onetsi arte izanen dira baliozkoak, betiere ez badira aldatzen onetsitako katalogazioa ekarri zuten baldintzak.

Bidezko da, hortaz, ustiategien titular eta bazkideen kalifikazioa onestea, hots, ogibide nagusia nekazaritza dutenak, nekazari profesionalak edo nekazaritzako profesionalak, eta, orobat, lehentasunezko ustiategiak katalogatzea, eta informazio horren balioa onestea, hori guztia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan 2022ko urriaren 1ean dauden datuetatik abiatuta, datu horiek lortu eta eguneratu baitira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2014 Foru Aginduaren 1. eta 3. artikuluen arabera. Foru agindu horren bidez Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautu da eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezarri dira.

Erabilitako datuak hauek izan dira: 2022ko laguntzetarako eskabide bakarreko lurzatien deklarazioa, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean titularrek eskatuta inskribatutako urteko aitorpeneko lurzatiak, titularrek eskatuta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako lurzatiak, 2022ko urriaren 1ean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan nekazaritzako jarduera duten ustiategietan inskribatutako abelburuak, 2021eko ekitaldiko PFEZaren aitorpena, 2022 erreferentziako errenta (AAA/1398/2021 Agindua) eta 2022ko hirugarren hiruhilekoari dagokion gizarte segurantzako afiliazioa.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 28ko 2/2019 Ebazpenaren bidez, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dira araudiak Landa Garapeneko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion nekazaritza arloko eskumen administratibo batzuk.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan dauden datuak kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien titular, bazkide eta nekazaritzako ustiategi guztien kalifikazioa onestea, hots, nortzuk diren ogibide nagusia nekazaritza dutenak, nortzuk nekazari profesionalak eta nortzuk nekazaritzako profesionalak, bai eta zein diren lehentasunezko ustiategiak ere, hori guztia ebazpen honen 1. eranskinaren arabera.

2. Ebazpen hau sinatzen denetik 2023koa onetsi arte izanen dute balioa katalogazio horiek, martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin bat, betiere aldatzen ez badira onetsitako katalogazioa eragin zuten baldintzak (nekazaritzako diru-sarrerak, marjina garbiak, Gizarte Segurantza, sozietatearen estatutuak).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Interesdunek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren web-orriaren bidez kontsultatzen ahalko dute beren katalogazioa, Nekazaritza eta Abeltzaintza arloan, ziurtagiri digitala edo Cl@ve-a erabiliz, edo departamentuaren eskualdeko eta eremuko bulegoetan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke haren kontra, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko urriaren 26an.–Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, Ignacio Guembe Cervera.

Iragarkiaren kodea: F2214338