230. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2655E/2022 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita medikuen lanpostu batean, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez sartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aritzeko.

Maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretuaren bidez, 2022. urterako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuan aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona. Foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Irailaren 14ko 81/2022 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa.

Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeak, non neurriak hartzen baitira Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan egiteko, bere 5.3 artikuluan ezartzen du egonkortze-prozesuetan sartzen diren lanpostuetako batzuk oposizio-lehiaketa bidez beteko direla, alegia, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2.1 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenak, eta enplegua egonkortzeko lan publikoaren eskaintzetan sartzen diren gainerako lanpostuak, berriz, merezimendu-lehiaketa bidez beteko direla, salbuespenez.

Bestalde, aipatutako foru legearen 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, oposizio-lehiaketa bidezko hautapen prozeduretarako onesten diren deialdietan, bete beharreko gehieneko lanpostu kopurua zehaztuko da, eta aurrerago, foru lege horren 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz tramitatzen den lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren, zehaztu eta identifikatuko dira eskaintzen diren lanpostu hutsak, lanpostu zenbaki zehatzak jakinarazita. Gainera, sarrerarako hautapen-prozeduran gehituko dira lekualdatze-lehiaketen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak.

Aurrekoa kontuan hartuta eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak egindako proposamena ikusita, bidezkoa da deialdi bat onestea medikuen lanpostu 1ean, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez sartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aritzeko. Lanpostu hori zehaztu eta identifikatuko da lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 10. artikuluarekin bat etorriz.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat eta haren oinarriak onestea medikuen lanpostu batean, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez sartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aritzeko.

2. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

3. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2022ko azaroaren 10ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

DEIALDIA, MEDIKUEN LANPOSTU BATEAN, GEHIENEZ ERE,
OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ SARTZEKO, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAN ARITZEKO

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko lanpostua.

Deialdi honen xedea da medikuen lanpostu 1 gehienez betetzea, sarrera-prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aritzeko. Lanpostu hori egonkortzeko lan publikoaren eskaintzan sartuko da, kontuan izanik zein geldituko den hutsik uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera deitutako lekualdatzearen ondoren.

Destinoa eta plantilla-zenbakia aipatutako lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren zehaztu eta identifikatuko dira.

Era berean, deialdi honen xedea da mediku lanpostuak betetzeko aldi baterako kontratazio bidez izangaien zerrenda subsidiarioak eratzea.

1.2. Deialdi honek jarraituko dio 19/2022 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoari (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.3. Deialdiaren ondoriozko egintzak bitarteko hauek erabiliz argitaratuko dira:

–Lanpostuetan sartzeko deialdia eta izendapen ebazpena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

–Gainerako egintzak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), "Oposizioak" izeneko erlaitzean, dagokion kategoriaren barnean.

1.4. Deitutako lanpostu hutsa txanda irekian beteko da.

1.5. Deitutako lanpostua A mailakoa edo taldekoa da.

1.6. Hala agintzen baitu Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Medikuntzako graduko edo lizentziako titulua izatea, eta Osasun Sistema Nazionalean medikuntza orokorreko mediku lanetan aritzeari buruzko ekainaren 4ko 853/1993 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzea edo baliokidetzat jotako titulua izatea, edo aipatu gradu edo lizentziaren bidez sartzen ahal den osasun arloko edozein espezialitate izatea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat.

Nafarroako administrazio publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek bakar-bakarrik parte hartzen ahalko dute beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.3. Aldi baterako enplegua egonkortzeko asmoz deitzen den sarrerako hautapen-prozeduran ezin izanen dute parte hartu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xedeko lanpostu berean langile finko gisa ari diren langileek.

Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

2.4. Baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lanpostuaz jabetu arte, eta izangaiek frogatu beharko dituzte deialdi honen oinarrietan zehazten den unean.

3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Inskripzio-orria eta tasak.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.empleosalud.navarra.es/eu helbideko "Oposizioak" atalean, deialdi honen aipamenean sartuta.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak. Salbuespen hori 3.3.1 oinarrian ezarritakoaren arabera frogatu beharko da.

b) Langabe gisa inskribatuta daudenak deialdi hau argitaratu baino hilabete lehenagotik, gutxienez.

Salbuespen hori frogatzeko, baimena eman dakioke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera telematikoki aurkezteko unean agiri hauek aurkeztu beharko dira, eskaneatuta:

3.3.1. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

3.3.2. Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

3.4. Euskaraz jakitearen betebeharra, hala badagokio, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean.

3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.7. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

4. Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

4.4. Izangaiari berari egotzitako arrazoiengatik baztertutakoei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen interesdunei onartzea deialdi honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean inskripzio eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez izendatuko du kalifikazio epaimahaia, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onetsi aurretik, eta kide kopuru bakoiti batez osatua egonen da –hiru gutxienez–, eta beste horrenbeste ordezko kide izendatuko dira, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.6. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako aldiak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioaldia 2023ko ekainetik aurrera hasiko da. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, azterketa egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldiak proba bat izanen du: idatziz erantzun beharko zaio galdetegi bati, zeina honela banatuko baita:

–Zati teoriko-praktikoa: test motako 82 galdera, eta ordezko 8. Galdera bakoitzak 4 erantzun izanen ditu, eta bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

–Kasu kliniko praktikoak: 3 kasu praktiko, test motako 6 galderarekin kasu bakoitzeko, gehi erreserbako 1 galdera bakoitzeko. Erantzuteko 4 aukera izanen ditu galdera bakoitzak, eta horietatik bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.

Galdera guztiak II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruzkoak izanen dira.

6.3.2. Gehienez ere 60 puntu lor daitezke, eta 30 puntu lortzen ez dituztenak baztertuta geldituko dira.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Oposizioaldia gainditu duten izangaiek modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren aipamenean ezarritako estekaren bidez, alegatzen dituzten merezimendu guztiak egiaztatzen dituzten agiriak, deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz. Horretarako, 10 egun balioduneko epea egonen da, oposizioaldiko behin betiko emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz eta haren erakunde autonomoez besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, I. eranskineko baremoan aurreikusitako baldintzetan, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren jakite-maila egiaztatzen duten tituluak edo ziurtagiriak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

Honako hauek ez dira aurkeztu behar, deialdia egin duen organoak zuzenean emanen baitizkio epaimahaiari:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izanaren ziurtagiria, gainditu arren lanposturik eskuratu gabe gelditu bazen, eta, betiere, deialdia 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratu bazen.

–Deialdiaren web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.4.2. Lehiaketaldian kalifikatu eginen dira izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honen I. eranskineko baremoen arabera.

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.4.4. Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioaren azterketatik ondorioztatzen bada hautagairen batek merezimendu horiek ez dituela, merezimendu horiei emandako puntuazioa deskontatuko da.

6.4.5. Merezimenduak berrikusi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

6.4.6. Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu deialdiaren web-orrian, bai eta oposizio-lehiaketaren azken emaitza ere. Erreklamazioak ebatzitzat joko dira emaitza hori argitaratzearekin.

Izangaiak lehiaketaren emaitza eta merezimenduen banakako balorazioa ikusten ahalko ditu deialdiaren webgunearen bidez.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura.

Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, I. eranskineko baremoaren b.1) atalean puntuaziorik handiena lortzen duen pertsonaren alde ebatziko da; eta hor ere berdinketa egonez gero, I. eranskineko a) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, atal horren barrenean azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, azpiatal horiek agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

Oposizio-lehiaketa amaitu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, eta administrazio-organo eskudunari izendapen proposamena edo kontratazio baimena igorriko dio puntuazio handiena lortu duen izangaiarekin.

8.–Izendatzeko edo kontratazioa baimentzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Administrazio organo eskudunak proposamena eginen du, hautaketa egin ondoren lanpostua egokitu zaion izangaiaren alde, hura funtzionario izendatzeko edo lan-kontratudun langile finko gisa kontrata dezaten baimentzeko. Proposamen hori deialdiaren web-orrian argiratuko da.

8.2. Hura argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak dokumentazioa aurkeztu beharko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean. Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak, kasuaren arabera:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako foru araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

f) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 8.2.1. b) eta f) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

8.2.3. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik. Txosten hori ofizioz emanen da, horretarako berariaz egindako osasun-azterketa egin eta gero.

8.2.4. Desgaitasuna dutenek, gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.

9.–Izendapena, lanpostuaz jabetzea eta kontratatzeko baimena.

9.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko baimena emanen du.

Izendapena edo, kasua bada, kontratatzeko baimena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpenaren ondorio berak izanen ditu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

9.2. Izendapenaren edo lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatua nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko da, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Nafarroako administrazio publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren administrazioaren montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

Lan-kontratudun langile finkoak dagokion araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen ditu. Era berean, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaio.

9.3. Izendatzen diren izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Era berean, lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzen den izangaiak aurreko paragrafoan adierazitako egun berean sinatu beharko du kontratua.

9.4. Izangaia jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik ezarritako lizentziaren aldiaren barnean badago, geroago jabetuko da lanpostuaz funtzionario gisa edo sinatuko du dagokion kontratua.

Halakoetan, jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik ezarritako lizentziaren denbora igarotakoan jabetuko da lanpostuz edo dagokion kontratua sinatuko du, edo lehenago, interesdunak hala eskatuz gero, betiere nahitaezko atsedenaldia errespetatuta.

Dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko gerorapen epe hori. Aitortze horrek balioa izateko, beharrezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea funtzionario gisa edo dagokion kontratua sinatzea, eta jabetzaren edo sinatzearen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

9.5. Adierazitako epearen barnean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, kasuan kasuko lanpostuaz jabetzen ez direnek edo kontratua sinatzen ez dutenek galdu eginen dituzte Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario edo lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak.

9.6. Deitutako lanpostua beteko dela ziurtatzeko, honako kasu hauetan, administrazio organo eskudunak baja beteko du gainditu dutenen zerrendan agertzen den hurrengo izangaiarekin: hautaketa-prozesutik eratorritako eskubideei uko egiten bazaie; lanpostua betetzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez badira; lanpostua ez bada hautatu behar den epean eta moduan, ezarritako prozeduraren arabera; izendapen proposamenaren ondoren eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik; esleitutako lanpostuaren jabetza hartu ez bada edo dagokion kontratua sinatu ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik; edo izangaia borondatezko eszedentzia egoeran deklaratu bada, hark eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrerako ondorioekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu esleipena. Beraz, izangai berriei egoera horien ondoriozko lanpostua esleituko zaie.

9.7. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak prestatzea.

10.1. Oposizio-lehiaketa bidez tramitatzen diren egonkortze-prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira. Zerrenda horiek subsidiarioak izanen dira, Osasun Departamentuko erakunde autonomoetan sartzeko hautaketa-prozeduretatik datozen kontrataziorako izangaien indarreko zerrenden aldean.

10.2. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta gero horiek kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

10.3. Kontrataziorako zerrenda motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

10.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

10.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Telematikoki eginen da, dagokion kategoriara sartuz esteka honen bidez:

https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion

10.5.1. Titulazioa.

Zerrendan onartua izateko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da. Zure titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaizu, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.

10.5.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizio fasea gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusten baduzu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak luzatutako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagirietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

10.5.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

10.5.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

10.6. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetarako euskararen ezagutzaren betekizuna edozein unetan egiaztatzen ahalko da zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

10.7. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera edozein unetan egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

10.8. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta deialdien, oinarrien eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin, eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako eskumenak.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 12 puntu:

b.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 3,2 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, betiere, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuetan (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 2 puntu gehienez hizkuntza bakoitzagatik.

b.3) Euskara:

Euskara jakitea puntuazio honekin baloratuko da:

1. Eremu euskaldunean: euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 4,4 puntu gehienez.

2. Eremu mistoan: euskara jakiteagatik, betiere, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuetan (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 2,8 puntu gehienez.

b.2) eta b.3) ataletarako oharrak:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. atala: Araudia

Europako araudia.

1. gaia.–2002/98/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2003ko urtarrilaren 27koa, kalitate eta segurtasun arauak ezartzen dituena giza odola eta haren osagaiak erauzteko, egiaztatzeko, tratatzeko, biltegiratzeko eta banatzeko, eta 2001/83/EE Zuzentaraua aldatzen duena.

2. gaia.–Batzordearen 2004/33/EE Zuzentaraua, 2004ko martxoaren 22koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/98/EE Zuzentaraua aplikatzen duena odolaren eta odol osagaien betekizun tekniko jakin batzuei dagokienez.

3. gaia.–Batzordearen 2005/61/EE Zuzentaraua, 2005eko irailaren 30ekoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/98/EE Zuzentaraua aplikatzen duena trazabilitate baldintzei eta kontrako erreakzio eta ondorio larrien jakinarazpenari dagokienez.

4. gaia.–Batzordearen 2016/1214/EB Zuzentaraua, 2016ko uztailaren 25ekoa, 2005/62/EE Zuzentaraua aldatzen duena odol transfusioko zentroetarako kalitate sistema bati buruzko arauei eta zehaztapenei dagokienez.

Estatuko araudia.

5. gaia.–1088/2005 Errege Dekretua, irailaren 16koa, odol-emateen eta transfusiorako zentro eta zerbitzuen gutxieneko baldintza eta betebehar teknikoak ezartzen dituena.

6. gaia.–SCO/322/2007 Agindua, otsailaren 9koa, odolaren eta odol osagaien trazabilitateari eta kontrako erreakzio eta ondorio larrien jakinarazpenari buruzko betekizunak ezartzen dituena.

7. gaia.–905/2018 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen baita1343/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, transfusioko zentro eta zerbitzuen kalitate sistemari buruzko arauak eta zehaztapenak ezartzen dituena.

8. gaia.–Pazientearen autonomiari buruzko legeak: 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa, eta 41/2002 Oinarrizko Legea, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan dituen eskubide eta betebeharrak arautzen dituena.

Nafarroako araudia.

9. gaia.–1/2013 Foru Legea, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua sortzen eta arautzen duena.

10. gaia.–69/2016 Foru Agindua, irailaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko organoen eta ehunen emate eta transplanteei buruzko programaren koordinaziorako eta kalitaterako egiturak erregulatzen dituena.

Odol Transfusioen Segurtasunerako Batzorde Zientifikoaren (OTSBZ) eta Hemoterapia Batzorde Nazionalaren txosten eta argitalpenak.

11. gaia.–Sustapen Integral Jasangarria. Odol emaileen galdetegi bateratua. Odolaren eta odol osagaien emaileak hautatzeko oinarrizko irizpideak.

12. gaia.–Kalitateari eta transfusioei buruzko gida (kalitatea ebaluatzeko baldintzak). Jardunbide egokien jarraibideak.

13. gaia.–OTSBZren erabakiak (I). Emaileak: transfusioarekin loturiko biriketako lesio akutua (LPART/TRALI): prebentzio neurriak. Odol-ematerari eta homokromatosiari buruzko irizpideak. Odol-ematea eta ferropenia.

14. gaia.–OTSBZren erabakiak (II). Odol-emateak: odol emaileen hautaketa eta Chikungunya birusa. Odol emaileen hautaketa eta dengearen birusa. Odol emaileen hautaketa eta Zika birusa. Odol-emateetan agente infekziosoak atzemateko probak interpretatzeko irizpideak. Ebola birusaren gaixotasunaren (EVE) eriondoko emaileengandik plasma lortzeko aholkuak. Birusak atzemateko proba genomikoak odol-emateetan. Hegazti gripearen pandemia eta transfusioa. Creutzfeldt-Jakoben gaixotasunaren aldaera (vECJ). Mendebaldeko Niloko gaixotasuna (VNO) eta transfusioa. Chagasen gaixotasuna. A influentzaren (H1N1) pandemia. COVID-19aren eriondoko emaileen plasma lortzeko jarraibideak. Transfusioa eta koronabirus berria. Transfusio eta tximino baztanga (monkeypox).

15. gaia.–OTSBZren erabakiak (III). Osagaiak. Odol osagaietan patogenoak indargabetzea. Odol osagaien leukodeplekzio unibertsala.

2. atala: Lanerako prozedura operatiboak

1. gaia.–Donazioa: hemodonazio modalitateak. Emaileen hautaketa eta donazio prozesua. Donazioaren ondorio kaltegarriak.

2. gaia.–Aferesi bidezko donazioa. Orientazio eraginkorra eta baztertzeko irizpideak.

3. gaia.–Bilketen plangintza, programazioa eta antolaketa.

4. gaia.–Odol-ematearen sustapena eta fidelizazioa. Komunikazioa eta informazioa.

5. gaia.–Historia klinikoa eta erregistro sistema informatizatuak odol transfusioko zentroetan.

6. gaia.–Odola. Analisia eta odol-ematea. Odol osagaiak prestatzea. Leukodeplekzioa. Indargabetzea. Garbitzea. Irradiatzea. Odol osagaiak egoera berezietarako.

7. gaia.–Hemozaintza. Trazabilitatea. Nafarroako Hemozaintza Sistema.

8. gaia.–Gainkarga ferrikoa eta poliglobulia. Odoluste terapeutikoak.

9. gaia.–Eritropoiesia. Burdinaren metabolismoa. Anemiaren sailkapena. Hemoglobinopatiak.

10. gaia.–Hemostasia primarioa eta sekundarioa. Koagulazioaren eta plaketen alterazioak.

11. gaia.–Proteina plasmatikoak Immunoeskasia primarioak. IgA defizita. Gammapatia monoklonalak. Transfusioetan erabiltzen diren hemoderibatu plasmatikoak.

12. gaia.–Autodonazioa odola aurrez gordeta. Indikazioak. Kontraindikazioak. Harekin lotutako tratamenduak. Transfusioaren beste alternatiba batzuk.

13. gaia.–Guraso hematopoietikoen donazioa. Gurasoen Plan Nazionala. Hezur-muinaren Emaileen Espainiako Erregistroa (REDMO). Sartzeko irizpideak eta kontraindikazioak. HLA sistema.

3. atala: Osasun publikoa eta osasun sistemei eta odol bankuei kudeatzen ahal zaizkien kudeaketa eta kalitate sistemak

1. gaia.–Osasunaren ekonomia. Oinarrizko kontzeptuak: efikazia, efektibitatea eta ekitatea.

2. gaia.–Epidemiologia. Maiztasun neurriak. Arriskua eta kausazko lotura. Proba diagnostikoen eta baheketa proben baliozkotasuna.

3. gaia.–Kalitatea kudeatzeko sistemak: ISO 9001:2015 arauak eta EFQM sistema. CAT estandarrak hemoterapian. GMPen ezagutza. Auditoretzak.

4. gaia.–Erauzketa taldeen kudeaketa. Komunikazioa. Motibazioa. Talde-lana.

5. gaia.–Ebaluazioa eta kalitatearen hobekuntza odol transfusioko zentroetan. Egitura, prozesua eta emaitza neurtzeko tresnak. Kalitatearen eta jardueraren adierazleak.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: F2215126