225. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 14a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATAKO ETA ATARRABIAKO HILARIÓN ESLAVA MUSIKA ESKOLAREN PARTZUERGOA

Deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko)

Partzuergoko Batzarraren 2022ko urriaren 21eko Erabakiaren bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari, foru lege horren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Burlatan, 2022ko azaroaren 4an.–Partzuergoko burua, Ana M.ª Góngora Urzaiz.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

g) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa I. eranskinean zehazten dena da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

Lan-eskatzaileak, baldin behar den bulegoan izena emanik badaude eta lan-eskatzailearen txartela aurkezten badute, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emana eta eguneratua. Deialdian enplegua hobetzeko parte hartzen dutenak ez dira salbuetsiko.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3 apartatuaren kasuan, ordaintzetik salbuetsirik daudenek enplegu-bulegoak emaniko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea amaituta, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

6.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, ezaugarrien taulan zehazten den Interneteko helbidean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitara dadila aginduko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Oposizioaldiak test motako proba bakarra izanen du.

7.2.3. Proben kopurua, ezaugarriak eta edukia deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztuko dira.

7.2.4. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

7.2.5. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.6. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.7. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.8. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. eranskinaren araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Toki erakundean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 12 puntu.

b.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 3,2 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.8. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.b.1) atalean puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.a) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiatal horiek zerrendatuta agertzen diren hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko du zerrenda, eta organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.–Baldintzak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Kontratazio hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko lan-kontratudun langile finko bilakatuko da, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Kontratatzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratudun finkoa, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

10.3. Kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiei kontratazio-ebazpenean finkatzen den egunean eginen zaie kontratua.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko lan-kontratudun langilea izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Baldin lan-kontratudun finko bihurtzen den izangai bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie lan-kontratudun finko berriei.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, eratuko dira aldi baterako kontratatzeko izangai zerrendak, jarraikiz aplikatu beharreko araudiari.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

13.–Datu pertsonalen babesa.

Hilarión Eslava musika eskola da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta musika eskolak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

Datuak beste toki-erakunde, sozietate publiko, partzuergo edo beste edozein organismo publikori laga dakizkieke, deialdiko lanpostuaren antzeko lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko, beharren arabera, bat etorriz Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.e) artikuluan ezarritakoarekin:

"Datuen tratamendua beharrezkoa da eginkizun bat betetzeko interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleituriko botere publikoen izenean".

Emaitzak udalaren webgunean eta iragarki-tauletan argitaratuko dira, deialdian adierazitakoaren arabera.

Interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak ikusteko, zuzenak ez badira zuzentzeko, datuak ezabatzeko eskatzeko, haien tratamenduaren aurka egiteko eta gainerako eskubideez baliatzeko; horretarako helbide honetara jo beharko dute: Hilarion Eslava musika eskola San Juan, 18 - 31600 Burlata (Nafarroa) Telefonoa: 948 23 23 71. Helbide elektronikoa: hilarioneslava@hilarioneslava.net

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Honako deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

HILARION ESLABA MUSIKA ESKOLAREN PARTZUERGOA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

1110/2015 ERREGE DEKRETUKO ZIURTAGIRIA

2.3

Garbiketa

E

Lan-kontratuduna

%100

Musika eskola

Eskola-ziurtagiria

Bai

Lanpostuak identifikatzeko taularako oharrak:

(**) Ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

Taulan jasotako lanpostuez ari garela, eta Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetan jaiotakoek espainiarren aukera berberak izanen dituzte enplegu publiko guztietara iristeko. Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu batean jaiotako ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen joan-etorri askea aplikagarria bada.

2.–Tasa:

Ordaindu beharreko zenbatekoa: Tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean jasotakoa (2022ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ekoan).

2022ko ekitaldiko tasak: Oposizioetarako azterketa eskubideak: 25,00 euro.

2.1. Ordaintzeko modua:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatuari jarraituz, tasaren zenbatekoa ordaintzen ahalko da modu hauetako batean:

–Adierazitako tasaren transferentzia agindua eginez kontu korronte honetara: ES89 3035 0087 0608 7001 0356 (Caja Laboral Popular), "Hautaprobak" eta dago(z)kion plaza(k) adierazita.

Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen prozeduratik baztertzeko.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada berari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere salbuetsiko hautaproban parte hartzeko eskaera behar den denboran eta forman aurkeztu behar izatetik, eta hala egin ezean izangaia baztertuko da, nahiz eta azterketa eskubideak ordaindu.

3.–Oposizioko probak:

LANPOSTUA

LEHENBIZIKO PROBA (deskribatu probaren ezaugarriak, denbora, puntuazioa...)

Garbitzailea

Proba teorikoa.

Test motako proba bakarra; 100 galderakoa, gehienez, eta 4 erantzun posiblerekin.

Gehieneko iraupena: Ordubete eta 30 minutu.

Gehienez ere, 60 puntu. Gainditzeko, gutxienez atera beharko dira: 30 puntu.

Partzuergoko buruak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta proba zer egunetan eginen den jakinarazteko emanen duen ebazpenean zehaztuko da zenbat puntu kenduko diren erantzun okerrengatik.

4.–Gai-zerrenda.

–Lehenengo proba eta bakarra.

1.–Lokalak, eskailerak eta denendako gela-pasabideak garbitzea; garbiketarako produktuak, tresnak eta materialak, eta horiek erabiltzeko modua.

2.–Zoruak, leihoak, kristalak, ispiluak, komunontziak eta komunak garbitzea.

3.–Garbitze lanetan erabil daitezkeen tresna egokiak, denbora eta indarra aurrezteko.

4.–Hondakin motak; idenfitikatzea eta tratatzea. Biltzea, ebakuatzea eta birziklatzea.

5.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. Langile motak. Hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

6. gaia.–Segurtasun eta higieneko ezagutzak eta neurriak lanpostuan.

7.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

5.–Deialdiaren web fitxa toki erakundearen atarian: (Helbide elektronikoa).

https://sedeelectronica.burlada.es/eu/carpeta-ciudadana/

6.–Lan publikoaren eskaintza eta plantilla organikoa onesten dituen ebazpena.

Hilarión Eslava Musika Eskolaren Partzuergoaren Batzordearen Ebazpena, 2022ko maiatzaren 20koa, argitaratu zena 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 26an https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/103/50

7.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Hilarión Eslava Musika Eskolaren Partzuergoaren Batzordearen Ebazpena, 2022ko azaroaren 4koa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_II_SOLICITUD_C_OPOSICION_E.pdf

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://sedeelectronica.burlada.es/wp-content/uploads/2022/11/ANEXO_III_AUTOVALORACION_C_OPOSICION.docx

Iragarkiaren kodea: L2214714