220. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Udal ordenantza, arautzen dituena ibilgailuen hornidura elektrikoa eta kargatzeko zutoinak jartzeko tasak, herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen aprobetxamendu bereziari dagozkionak. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2022ko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: Ibilgailuen hornidura elektrikoa eta kargatzeko zutoinak jartzeko tasak, herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen aprobetxamendu bereziari dagozkionak, arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 9an, eta Beriaingo Udalaren ediktu-taulan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.c) artikuluko manuak betez, aipatutako ordenantza behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Beriainen, 2022ko urriaren 18an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

Beriaingo Udalaren ordenantza, arautzen dituena ibilgailuen hornidura elektrikoa eta kargatzeko zutoinak jartzeko tasak, herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen aprobetxamendu bereziari dagozkionak

Oinarria eta araubidea

1. artikulua.

Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11.etik 15.era eta 28.etik 35.era bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), Beriaingo Udalak udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua arautu du, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko aprobetxamendu bereziaren tasari dagokionez, ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearekin (lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitateak dira toki erakundeko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:

1. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzea edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornigailuak jartzea (automobilak, patineteak, bizikleta elektrikoak eta gisakoak).

Zerbitzu ematea

3. artikulua.

Ibilgailuak kargatzeko zerbitzua emanen da ibilgailuak kargatzeko prestatu den instalazioaren bidez, Beriaingo Larre plazako aparkaleku publikoan, kultura etxearen ondoan.

Beriaingo Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk ezartzen ahalko ditu Beriaingo udalerrian, toki berean edo beste espazio publiko batean.

Ordaindu beharraren sorrera

4. artikulua.

Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Beriaingo Udalari.

Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzuaren prestazioa edo jarduera hasten denean; Beriaingo Udalak, baina, eska dezake aldez aurretik haren zenbateko osoa edo zati bat ordaintzea, bat etorriz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordaindu beharra

5. artikulua.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko aprobetxamendu bereziaren tasari dagokionez, ordaindu beharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean. Aurretik, behar den baimena eskatu behar da, betiere.

Erabilera edo aprobetxamendua aurretik Udalaren nahitaezko lizentzia izan gabe hasita ere, sortuko dira zerga jasan beharra eta ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa ordaindu beharra. Ordaintzeak, baina, ez ditu legeztatuko eginiko erabilera edo aprobetxamenduak, eta agin daiteke kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko, zigorrak ere ezarrita, kasua bada.

Ordenantza honen xedeko erabilerak edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena eskatzen duenean, hura urtarrilaren 1ean sortuko da, urtero, eta zergaldia izanen da urte naturala edota dena delako urte sasoia, kasua bada, salbu eta erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta, berdin, kuota hainbanatuko.

Elkarteen Erregistroan inskribatuta dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta gizarte- eta/edo hezkuntza-erakundeek lurzorua okupatzen badute, ez dute tasarik ordaindu beharko kontzeptu horrengatik, beren jarduerak direla-eta.

Ordaintzera behartuak

6. artikulua.

Ibilgailuen hornidura elektrikoari dagokionez, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta/edo juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko aprobetxamendu bereziaren tasari dagokionez, tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta toki erakundearen jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

7. artikulua.

Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak egonen dira dagokien ordenantza fiskalari edo aplikagarri diren udal erabakiei loturik.

Zenbatekoa

8. artikulua.

Prezio publikoagatik jaso beharreko eskubideen zenbatekoa izanen da ordenantza honen tarifen eranskinean ezarritakoa.

Beriaingo Udalak eranskin hori eguneratzen ahal du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.

Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko aprobetxamendu bereziaren tasari dagokionez, tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da erabilera edo aprobetxamenduaren iraupenaren arabera eta bide publikoan okupatzen den eremuaren tamainaren arabera.

Kobrantza

9. artikulua.

Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da jarduera edo zerbitzua ematen hastean.

Zerbitzua edo jarduera ematen edo egiten ez bada, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko eta/edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ordaindutako zenbatekoa itzuliko da.

Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko da.

10. artikulua.

Kobratzeko prozedura.

Prezio publikoa autolikidazio araubidean eskatzen ahal da; horretarako udaletxean eskuratuko dira ibilgailuak kargatzeko txartel, bonu edo fitxak, dagokien zenbatekoa ordaindu ondotik.

Autolikidazio sistemaz gain, Udalak kobratzeko sistema bat ezartzen ahal du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidezkoa, eraginkorrak direla uste bada; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agenteek emandakoak.

Sistema horiek erabiltzeak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori, gehienez ere, kargaren zenbatekoaren %5 izanen da, eta 0,1 euroko kostu finkoa karga bakoitzeko.

Kudeaketa arauak

11. artikulua.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna behartuta egonen da, dagokion tasaz gain, berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori finkatuko da ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera, hura zenbakietara ekartzeko Udalaren txosten teknikoa aurretik eginda.

Gordailua lot daiteke indarreko araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarreko araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

12. artikulua.

Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, suntsitutako gauzek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki, konponezintzat hartuko dira kalteak, baldin eta interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo hogei urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.

Fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte lehenik eta behin.

13. artikulua.

1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa urtean behin ordaindu beharko da, Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako epeetan eta baldintzetan.

2. Likidazioa dagokion bulegoan eginen da, eta ordaindu beharko da lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehen, erabileraren edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenetan.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordain daiteke mugaeguneratutako urteen arabera.

Lizentzia eskuratu ondotik eskatzaileak uko egiten badio, ordaindu beharko du eskatutako epe osoaren zenbatekoa.

Azken xedapena

Beriaingo Udalak 2022ko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran onetsi zuen hasiera batez udal zerbitzu hau emateko eta prezio publikoa ezartzeko erabakia, bai eta dagokien ordenantza onestekoa ere.

Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onesten denean eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta indarrean jarraituko du harik eta Beriaingo Udalak indargabetzea edo berariaz aldatzea erabaki arte.

Tarifen eranskina

Ibilgailu elektrikoen karga erdilasterraren zerbitzua emateko tasak

Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik kargatze puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energia elektrikoaren unitateko prezioa.

Unitateko prezioa (BEZa barne), ibilgailu elektrikoen bide publikoko karga "erdilasterraren" zerbitzurako:

Karga "erdilasterreko" zerbitzua (potentzia ≤ 22 kW): 0,22 euro/kWh.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko tasak

I. epigrafea.–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko lurzoruaren erabilera edo aprobetxamendu bereziak.

Tasa kalkulatuko da honako kontzeptu hauek batuz:

–Baimen bakoitzeko edo aprobetxamendu baimengarri bakoitzeko: 50,87 euro.

–Herriko jabari publikoaren benetako erabileragatik: 0,09 euro metro koadroko eta eguneko.

Iragarkiaren kodea: L2213802