214. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

230/2022 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Donejakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko neurri murriztaileak ezartzen dituena, 2022ko azaroaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitarte.

Frantziako Donejakue bideko lehenbiziko etapan, Nafarroako sarreran, bi ibilbide daude: mendebaldekoa, Donibane Garazitik abiatuta Luzaidetik eta Ibañetako mendatetik Orreagara doana, eta ekialdekoa, Donibane Garazitik abiatuta Hontotik, Oriundik eta Lepoederko mendatetik Orreagara ailegatzen dena.

Ekialdeko ibilbidean 1.200 metroko desnibela gainditzen da; izan ere, Donibane Garazi 154 metrora dago itsas mailaren gainetik eta Lepoederko mendatea, berriz, 1.432 metrora. Gainera, tartean beste desnibel batzuk ere badaude.

Desnibel hori gainditzeko, etapa horri heltzen dioten erromesek prestaketa fisiko egokia izan behar dute, eta, ikusi denez, halakorik ez da gertatzen portzentaje handi batean. Horretaz gain, egin beharreko esfortzua are handiagoa da elurra dagoenean edo eguraldia txarra denean, hori guztia kontuan hartu gabe halakoetan eraman beharreko ekipamendu materiala, zein, ikusi denez, oso maiz ez baita eramaten.

Kontua da ekialdeko ibilbidea altitude handian sartzen dela Nafarroara, 1.288 metrora itsas mailaren gainetik. Eta Nafarroako tarte horrek ez du aterabiderik Lepoederko mendi leporaino, Nafarroan sartu eta 5 kilometrora.

Seinaleztapena hobetzeko lanak etengabe egin dira, eta, aldian behin, erabiltzeko moduan dagoela egiaztatzen da. Egun, zehatza da eta bisutsetan baino ez daiteke hari jarraitzeko problemarik egon.

Edonola ere, oraindik ere egiten dira erreskatatzeko esku-hartze profesionalak zein boluntarioak, askotan erromesen akidurak eta informazio eta prestakuntza faltak eraginda, ekialdeko ibilbide hori hain da gogorra. Egoera hori bereziki larriagotzen da neguan, erreskateak egiteko baldintzak latzagoak direnean; izan ere, salbamendu taldeko kideen bizitza arriskuan jar daiteke, eskualdeko orografia eta klimatologia direla kausa eta iritsi, lokalizatu eta ebakuatzeko oztopo larriak direla bide.

Erromesen segurtasuna bermatzearren, Barneko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 152/2015 Ebazpenaren bidez, neurri murriztaileak ezarri ziren Donejakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, urtero, azaroaren 1etik martxoaren 31ra bitarte, eta desagertua den Nafarroako Larrialdietako Agentziaren esku utzi ziren igarotzeko murrizketatik salbuesten duten berariazko baimenak.

Barneko zuzendari nagusiaren urriaren 21eko 487/2016 Ebazpenaren bidez, ordea, neurri murriztaileak ezarri ziren Donejakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, 2016ko azaroaren 1etik 2017ko martxoaren 31ra bitarte, eta indarrik gabe utzi zen arestian aipatutako uztailaren 1eko 152/2015 Ebazpena, eta berariazko baimenak emateko aukera bertan behera geratu zen, haien aplikazioaren konplexutasuna eta zailtasuna ikusirik.

Ildo beretik, neurri murriztaileak ezarri ziren Donejakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko martxoaren 31ra, 2018ko azaroaren 1etik 2019ko martxoaren 31ra, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko martxoaren 31ra, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko martxoaren 31ra eta 2021eko azaroaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra, honako hauek emanda hurrenez hurren: Barneko zuzendari nagusiren urriaren 23ko 315/2017 Ebazpena, Barneko zuzendari nagusiaren urriaren 17ko 250/2018 Ebazpena, Barneko zuzendari nagusiaren urriaren 1eko 283/2019 Ebazpena, Barneko zuzendari nagusiaren urriaren 23ko 180/2020 Ebazpena eta Barneko zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 197/2021 Ebazpena.

Azken urteetako esperientziak erakutsi du komenigarria dela Donejakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko murrizketari eustea, bere horretan, partikularren eta erreskateko langileen (profesionalen zein boluntarioen) segurtasun handiagoari begira.

Horrenbestez, larrialdien kudeaketan eskumenak dituzten zerbitzuen adostasunarekin eta kontuan hartuz urriaren 21eko 487/2016 Ebazpena onesteko egindako kontsultak, ikusirik ekialdeko ibilbidetik igarotzeko neurri murriztaileei bere horretan eutsi behar zaiela.

Ikusita Nafarroako Gobernuak segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearekin bat, baita Nafarroako Gobernuari babes zibilaren arloan eta larrialdiak kudeatzekoan dagozkion ekintza publikoko neurriak ere, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko ekainaren 1eko 8/2005 Foru Legearekin bat, eta urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuak, zeinak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri baitzuen, Barneko zuzendari nagusiari aitortzen dizkion eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Jendearen segurtasuna dela eta, neurri murriztaileak ezartzea Donejakue bideko ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, Nafarroako lehendabiziko etapan, eta xedatzea nahitaezkoa izanen dela 2022ko azaroaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra arte Donejakue bideko mendebaldeko ibilbidetik igarotzea (Luzaide).

2. Nafarroan sartzeko ekialdeko ibilbidea ixtea egun horien artean, 43.º3'2,02''N eta 1.º16'6,04''W koordenatu geografikoetan, Bentartea mendi-lepotik hurbil.

3. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari agintzea jar ditzala igarotzea debekatzeko seinaleak eta igarotzea galarazteko beharrezko elementuak.

4. Foruzaingoari agintzea ebazpen hau betetzen den edo ez zain dezala.

5. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari agintzea ebazpen honi publizitatea eman diezaiotela Donejakue bideari buruzko web-orrietan, agentzietan eta Donejakue bideari buruzko publizitate edo informazioko beste baliabide batzuetan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Foruzaingoari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, Donejakue Bideko Lagunen Nafarroako Elkarteari, Donejakue Bideko Lagunen Pirinio Atlantikoetako Elkarteari, Luzaideko Udalari, Orreagako Udalari, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari, eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Administrazio publikoen kasuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete zuzenean, galarazi gabe Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako aldez aurreko errekerimendua.

Iruñean, 2022ko urriaren 25ean.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

Iragarkiaren kodea: F2214140