211. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21624E/2022 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako toki erakundeek prestakuntza- eta enplegu-tailerrak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN: 650525.

Enplegurako lanbide-heziketaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistemaren osoko erreforma bati ekin zaio eta esparru juridiko berri bat ezarri da hala enpresek nola Administrazio Publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza eskaintzetarako.

Lege horren 8. artikuluak aurreikusten du ikas-ekinezko prestakuntza, enplegu eta prestakuntzaren prozesu misto baten bitartez. Prozesu horrek aukera ematen dio langileari ikaskuntza formala lanpostuko lanbide praktikarekin batera uztartzeko, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu baten bitartez.

Ekimen hau, eta hura osatzen duten ekintzak, lanbide kualifikazio eta gaitasunak eskuratu, hobetu eta etengabe eguneratzera bideratuta daude, biztanleria aktiboari bizitza osoan prestatzen segitzeko aukera emateko, pertsonen, enpresen, lurraldeen eta sektore produktiboen beharrak bateratuz.

Nafarroako 2021-2024 Enplegurako Planaren helburu estrategikoak dira pertsonen enplegagarritasuna hobetzea eta bizialdi osoko ikaskuntzarako gaitasuna sustatzea eta garatzea. Gainera, enplegurako politika aktiboen akordioan, pertsonen zeharkako gaitasun profesionalak eta enplegurako lanbide-prestakuntza bultzatzen dira, prestakuntza eskaeren eta premien arabera planifikatuz eta diseinatuz lurralde-ikuspegi batekin, enpleguan eragin zuzen handiagoa izan dezan.

Deialdi honen bidez, erantzun nahi zaie horretarako zailtasun handienak dituzten produkzio-sektoreen kontratazio-beharrei, langabeei behar duten prestakuntza eta esperientzia emanez, ahalik eta bermerik handienarekin laneratzeko. Horretarako, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu batekin kontratatuko dira onuradunak proiektu osoan, bat etorriz Enpleguari buruzko Legearen testu bateginaren 10.4b) artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan aurreikusitakoarekin (urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Prestakuntza eta enplegu programa horiek banakako ebaluazioaren araubidearekin bat banatuko diren dirulaguntza publikoen bidez finantzatuko dira, eta entitate publiko onuradunek beraiek gauzatu beharko dituzte.

Beraz, bidezkoa da oinarri arautzaile berriak onestea Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko prestakuntza eta enplegu tailerrak egin ditzaten.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea. Foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Nafarroako Gobernuak 2022ko urriaren 5ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi honetan banakako ebaluazioa egiteko, haren xede eta helburuetara hobekien egokitzen dena baita.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea Nafarroako toki erakundeek prestakuntza- eta enplegu-tailerrak egiteko, bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean jasota daudenak.

2. 5.000.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuaren "Lantegi-eskoletako programak eta berariazko programak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002 96200 4819 242200 [PEP: E-22-000430-02] partidaren kargura.

3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak eta oinarri arautzaileek ez dutela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urriaren 10ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea dirulaguntzak emateko Nafarroako toki erakundeek langabeei zuzendutako prestakuntza- eta enplegu-tailerrak egin ditzaten.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Definizioa.

Prestakuntza- eta enplegu-tailerrak langabeen enplegagarritasuna hobetzea xede duten programak dira, eta horretarako ikaskuntza eta prestakuntza jardun produktiboarekin tartekatzen dituzte, langabe horiek laneratzea sustatzeko.

3.–Hartzaileak.

Tailer horien hartzaileek gutxieneko baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Eskatzaile gisa izena emanda egotea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (aurrerantzean, NL-NEZ) enplegu-agentzietan, proiektuan sartu aurreko egunean.

2. Proiektuko prestakuntza 2. edo 3. kualifikazio-mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratua badago, bermatuko da ikasleen profila profesionaltasun-ziurtagirietan sartu ahal izateko betebeharretara egokitzen dela edo proiektuak dirauen bitartean eskuratuko dutela.

3. Proiektuak 8-20 laguneko talde bati zuzenduko zaizkio.

4.–Entitate onuradunak.

1. Nafarroako toki erakundeek, haien erakunde autonomoek eta haien mendeko edo pareko entitateek sustatzen ahalko dituzte deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen prestakuntza- eta enplegu-tailerrak, baldin eta haien titulartasun osoa toki erakunde horiei badagokie, eta guztiak Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikokoak badira.

Proiektua gauzatzen den bitartean, erabilgarritasun publikoko edo interes sozialeko obrak edo zerbitzuak eginen dira, eta horiei esker, ikasle-langileek aukera izanen dute benetako lana egiteko. Lan horrek, jasotzen duten lanbide heziketarekin batera, lanbide-prestakuntza ematen die eta lan-munduan txertatzea errazten.

2. Entitate onuradun guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

5.–Laneratzea.

1. Proiektu guztiek bermatu beharko dute bertan parte hartu eta ebaluatzen ahal direnen % 10 laneratuko direla, gutxienez. Ehuneko hori aplikatu ondoren dezimalak ateratzen badira, gertuen dagoen zenbaki osoaren arabera borobilduko da, gorantz edo beherantz, eta digitua 5 bada, goiko zenbaki osoaren arabera borobilduko da. Pertsona bat ebaluatu ahal izateko, gutxienez proiektuak irauten duen denboraren % 50 egin beharko du.

2. Honela egiaztatuko da pertsona ebaluagarriak laneratu direla:

–Lan kontratuak, gutxienez 3 hilabeteko guztizko iraupenekoak, lanaldi osoa bada, edo horren baliokidea, lanaldi partziala bada, baldin eta proiektuak iraun bitartean eta hura amaitu ondorengo 9 hilabeteetan kontratu hori lanaldi erdikoa baino txikiagoa ez bada.

–Altak langile autonomoen araubide berezian, eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetez, aurreko apartatuan zehaztutako epealdian.

–Era berean, laneratutzat hartuko dira proiektua amaitu ondorengo 9 hilabeteetan hezkuntza-sistemara itzultzen diren pertsona ebaluagarri guztiak, barne hartuta parte hartzea Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako edozein prestakuntza ekintzatan.

3. Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa da, laneratze epea amaitzen denetik hasita.

6.–Onuradunekin egindako kontratuak.

1. Proiektuak irauten duen bitartean, ikasle-langileei lanaldi osoko kontratua eginen diete entitate onuradunek.

2. Horretarako, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratua erabiliko da, bat etorriz Enpleguari buruzko Legearen testu bateginaren 10.4 b) artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan aurreikusitakoarekin (urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

3. Programan parte hartzeagatik ikasle-langileekin sinatutako lan-kontratuen iraupenak ezin izanen du gainditu proiektuaren amaiera-data.

7.–Proiektuaren edukia eta iraupena.

1. Proiektuak 6 hilabete iraunen du.

2. Proiektu guztiak 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean garatu behar dira.

3. Proiektuak, nahitaez, eduki hau izanen du:

a) Prestakuntza edukia.

a.1) Ikasleen prestakuntza bete beharreko lanera egokitutako gaitasun teknikoei buruzkoa izanen da, memorian bildutako prestakuntza-planaren arabera. Prestakuntza programa profesionaltasun-ziurtagiri osoekin osatuko da, edo I. eranskinean jasotako moduluekin, eta/edo oinarri hauen II. eranskinean jasotako prestakuntza-espezialitateekin.

Prestakuntza ekintzak bideratuta baldin badaude profesionaltasun-ziurtagiria(k) edo modulua(k) lortzera, eskaeran adierazi beharko da zer ziurtagiritara dauden zuzenduta. Era berean, bete beharko dituzte profesionaltasun ziurtagiri bakoitza arautzen duten errege dekretuetan ezarritako baldintzak nahiz urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren xedapenak (abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak aldatu zuten).

Horretarako, proiekturako dirulaguntza eskatu aurretik, entitateak kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiria emateko egiaztagiria izan beharko du, Prestakuntza zentro eta entitateen Estatuko erregistroak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen barnean.

II. eranskinean agertzen diren prestakuntza ekintzetan, edukia nahiz orduak errespetatu beharko dira, aipatutako eranskinean agertzen diren espezialitateen gaineko informazioari dagokionez.

a.2) Gainera, entitate onuradunek prestakuntza osagarri hau programatu beharko dute:

–Ingurumenarekiko sentsibilizazioa. Modulu horren edukiak 5 orduko iraupena izanen du gutxienez, eta memoriaren prestakuntza planaren barnean sartuko da.

–Genero-berdintasuna. Modulu horren edukiak 5 orduko iraupena izanen du gutxienez, eta memoriaren prestakuntza planaren barnean sartuko da.

–Laneko arriskuen prebentzioa: Modulu horrek 30 orduko iraupena izanen du gutxienez eta bere edukia urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren a) eta b) letretan ezarritakoari jarraituko zaio. Dekretu horren bidez Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onetsi zen. Eskatutako memoriaren prestakuntza planean sartuko da.

–Enpleguaren bilaketa aktiborako teknikak: entitate onuradunak proiektuaren 10 ordu emanen ditu, gutxienez, enplegua modu aktiboan bilatzeko teknikak irakasteko.

b) Benetako lana.

Proiektuak irauten duen bitartean, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu bat sinatuko da ikasle-langileekin, proiektuan aurreikusitako gizarte-ekintza egiteko, eta haiek dagozkien lansariak jasoko dituzte.

8.–Prestakuntzaren eta kualifikazioaren ziurtagiriak eta Profesionaltasun-ziurtagiriak.

1. Proiektuan parte hartu ondoren, ikasle-langileek entitate onuradunak emandako egiaztagiria jasoko dute. Agiri horretan proiektuan egindako ordu kopurua agertuko da, baita eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren maila eta egindako prestakuntza moduluak.

2. Proiektuaren prestakuntza bideratuta egon bada profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera, entitateak, prestakuntza amaitu ondoren, ebaluazio-akta bat emanen dio NL-NEZi, non jasoko baitira ikasleek prestakuntza-unitate/moduluetan lortutako emaitzak. Aktarekin batera, zentroak aurkeztu beharko ditu ikasleek profesionaltasun-ziurtagiria osorik edo partez egiaztatzeko betetako eskaerak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezkoak diren tramiteak eginen ditu ziurtagirien egiaztatze partzial edo osoak erregistratu eta prestatzeko.

9.–Proiektuaren koordinazioa.

Tailerretako ikasle-langileek akonpainamendua eta aholkularitza jasoko dute, bai eta enpleguaren bilaketa aktibora bideratutako ezagutzak ere. Horretarako, proiektu osoan lanaldi osoko profesional bat izan beharko dute, koordinazio-lanak eta proiektuaren kudeaketa-, justifikazio- eta jarraipen-lanak eginen dituena. Koordinatzaile horrek psikopedagogiako, psikologiako edo pedagogiako titulazio akademikoa izan behar du. Koordinatzaileak horrelako titulaziorik ez badu, gutxienez 6 hilabeteko lan-esperientzia egiaztatu beharko du honako hauetan: lanbide-orientazioko, prospekzioko eta bitartekotzako ekintzak egiten, edo prestakuntza- eta enplegu-programa mistoak edo baliokideak garatzen.

10.–Gaitasuna, instalazioak, ekipamenduak eta prestakuntza materiala.

1. Entitate onuradunek eskumena izanen dute kasuan kasuko onura publikoko obrak edo zerbitzuak gauzatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan.

2. Onetsitako proiektuaren memoriaren arabera, entitate onuradunak jarri beharko ditu ikasgelak, tailerrak, altzariak, makineria eta abar, hori baita proiektuak behar bezala funtzionatzeko behar duen oinarrizko ekipamendua.

3. Proiekturako erabiltzen diren gelak, tailerrak eta gainerako gelak entitate onuradunaren jabetzakoak ez direnean, eskaera egiteko unean egiaztatu beharko da profesionaltasun-ziurtagiriak emateko lokalak erabiltzeko prest daudela eta horretarako akreditatuta daudela.

4. Proiektuko memorian adierazitako gainerako oinarrizko ekipamendua prest egonen da erabiltzeko, proiektua behar bezala garatzeko beharrezkoa den unean.

11.–Parte-hartzaileen hautaketa.

1. Parte-hartzaileak hautatu aurretik, proiektua gauzatuko den lurraldeko enplegu agentziak aurrehautaketa bat eginen du.

Entitate onuradunek dagokion enplegu agentziari adierazi beharko dizkiote proiektuari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko betebeharrak, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez behar bezala kudeatzeko.

Enplegu agentziak zundaketa bat egiten badu, bilaketa esparrua hautaketa egiten den enplegu agentziaren eragin eremua izanen da Zabalkunde iragarkiak interesdunek izena emateko epea, erak eta baliabideak zehaztuko ditu.

Entitate onuradunek enplegu agentziari hautagai zerrenda bat aurkezten ahalko diote, aurrehautatuak izan daitezen, eta jarduketa eremuan proiektuaren hartzaileekin lan egiten duten beste entitate batzuetatik deribazio bideak ezarrita izaten ahalko dituzte.

Aurrehautaketa egin ondoren, enplegu agentziak entitate onuradunari igorriko dizkio aurrehautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak, hautaketa egin dezan.

Entitate onuradunak parte hartzaileen eta ordezkoen zerrenda eta hautatzeko irizpideak behar bezala justifikatuta igorriko dizkio enplegu agentziari.

Enplegu agentziak, bere eskumenen arabera, deialdi honetan ezarritako betebeharrak bete ote diren egiaztatuko du.

2. Hautatutako ikasleek hautaketa-baldintzak bete beharko dituzte proiektuan sartu aurreko egunean.

12.–Eskaerak eta aurkezteko epea.

1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu/), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuz.

2. Eskaerak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira. Aurkezteko epea 2022ko abenduaren 12an bukatuko da.

3. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horri berariaz aurka egin nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz egin badu horren aurka. Kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

13.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek eskaera bat eta dagokion memoria aurkeztu beharko dituzte egin nahi duten prestakuntza- eta enplegu-tailer bakoitzeko, eredu normalizatuaren arabera, honako dokumentazio honekin batera:

a) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan jasotako betebeharrak konplitzen dituela.

b) Eskatzaileen nortasuna identifikatzen duen dokumentazioa eta entitate onuradunen izenean eta haiek ordezkatuz jarduteko ahalorde aski eta iraunkorra dutela egiaztatzen duena.

c) Dirulaguntzarik jasotzen ez duen proiektuaren kostua finantzatzeko kreditua baduela egiaztatzen duten agiriak.

d) Organo eskudunak proiektua onesteko hartutako erabakiaren ziurtagiria.

e) Proiektua II. eranskinean jasotako prestakuntza-espezialitateak ematera bideratuta baldin badago, entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza-espezialitateak inskribatzeko, eredu normalizatuaren arabera.

f) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko aitorpena.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen zaion lehenengo aldia baldin bada.

h) Beste edozein dokumentu edo informazio gehigarri, uste bada beharrezkoa dela espedientea ebazten denerako.

2. Eskaerak ez baditu betetzen adierazitako betebeharrak, instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzendu dezala. Zuzentzen ez badu, bere eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

14.–Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa NL-NEZko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

15.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

16.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

3. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

17.–Dirulaguntzen xedea.

Entitate onuradunei ematen zaizkien dirulaguntzak erabiliko dira proiektuan parte hartzen duten ikasle-langileen akonpainamendu- eta kudeaketa-gastuak, prestakuntza eta soldaten eta gizarte-segurantzaren kostuak finantzatzeko, esleitzen zaien aurrekontu-zuzkiduraren arabera.

18.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauen batuketa eginda aterako da:

a) Akonpainamendua egiteko, kudeatzeko eta koordinatzeko dirulaguntza.

3.965,48 euroko dirulaguntza emanen da proiektuak irauten duen hilabete bakoitzeko, edo haren zati proportzionala, proiektuaren koordinatzailearen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak ordaintzeko.

Entitate onuradunak bere proiektuan hala aurreikusiz gero, diruz lagungarria izanen da entitate onuradunak koordinatzailea kontratatzea proiektua hasi baino 15 egun lehenago eta proiektua amaitu eta 15 egun geroago. Kasu horretan, 3.965,48 euroko zenbateko finkoko dirulaguntza bat emanen da epealdi osoagatik, edo 1.982,74 euro, kontratua 15 egunerako bada.

b) Prestakuntzarako dirulaguntza.

Eman beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da: proiektuko prestakuntza-orduak bider 8,58 euroko modulu bat ikasle eta ordu bakoitzeko, bat etorriz Batzordearen 2018ko maiatzaren 28ko 2018/1127 (EB) Erregelamendu Delegatuak onetsitako baremo estandarrarekin.

c) Ikasle-langilearen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak ordaintzeko dirulaguntza.

Ikasle-langileekin izenpetzen diren ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuen ondoriozko soldata-kostuak lagunduko dira diruz, benetako lanaren portzentajearen proportzioan, eta urtean ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren % 65eko gehieneko mugarekin. Diruz lagunduko dira Gizarte Segurantzari dagozkion eta kontratu horietarako araudi espezifikoan ezarrita dauden kuota guztiak, enplegatzailearen kargura, Soldatak Bermatzeko Funtsa eta langabezia-kotizazioa barne, zenbateko horietan aparteko bi ordainsariren zati proportzionala sartuta.

19.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa:

1. Dirulaguntzaren azken justifikazioa egin baino lehen, eta betiere 2023ko ekainaren 30a baino lehen, entitateak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, gauzatze-memoria tekniko bat aurkeztuta.

Konturako ordainketen zenbatekoa ez da izanen emandako dirulaguntzaren % 60 baino handiagoa.

2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, proiektua amaitu eta biharamunetik gehienez hilabeteko epean, entitate onuradunak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko memoria tekniko bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, prestakuntzan, akonpainamenduan eta laneratzean egindako lana zehaztuta.

b) Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

b.1. Prestakuntza amaitu zuten ikasleen zerrenda, oinarri honen 3. apartatuan jasotakoaren arabera.

b.2. Justifikatutako aldiko ikasleei soldataren eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuan egindako ordainketen justifikazioa.

b.3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

3. Prestakuntzari dagokion dirulaguntza zehazteko, prestakuntza amaitu duten ikasleak kontuan hartuko dira, eta bukatu dutela ondorioztatuko da gutxienez prestakuntza ekintza osoaren ehuneko 75ean parte hartu badute. Prestakuntza ekintza proiektuan zehar emandako prestakuntza ordu guztien batura dela ulertuko da. Gainera, pertsona batzuek prestakuntza ekintza utzi behar izan badute lana aurkitu dutelako, beka bat jaso dutelako, edo lanekoak ez diren praktikak egiteko, eta gutxienez prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute, prestakuntza ekintza amaitu dutela ondorioztatuko da. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten dituen egunera arte.

4. NL-NEZek aurkeztu den dokumentazioa ebaluatuko du, eta dagokion ordainketa onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen du.

20.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek zein atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, salbu eta kontratatzeko pizgarrien dirulaguntzak.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen zenbatekoa inoiz ere ez da izanen, bakar batean edo beste batzuekin batera, proiektua egiteak sortutako kostuen ehuneko ehun baino handiagoa.

21.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek bete beharko dituzte:

a) Programa hasi eta ondorengo 5 egunetan, proiektuaren xede den jarduera hasi delako jakinarazpena igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Ezarritako epean ez jakinarazteak penalizazio bat ekarriko du berekin: emandako zenbatekoa murriztea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionalaren baliokidea.

b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

c) Diruz lagundutako langileen lan kontratuak aurkeztea.

d) Proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi xehatua aurkeztea proiektuaren hasieran, bai eta eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren maila zehazten duen ebaluazio-sistema bat ere.

e) Lehenbailehen jakinaraztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari parte hartzaileen artean izan diren altak eta bajak.

f) NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, estatukoek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar bezala justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete direla.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

j) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapen eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetza aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

k) Jarduketak grabatzea NL-NEZek adierazitako plataforma informatikoetan.

l) Parte hartzaile bakoitzari egin duen aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat ematea, deialdi honetan adierazi bezala. Proiektuan parte hartu ondoren, onuradunek entitate onuradunak emandako ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri horretan adieraziko da zenbat ordutan parte hartu duen eta zer ebaluazio izan duten eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoak eta egindako prestakuntza-moduluek, edo, hala badagokio, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria jasoko da.

m) Parte-hartzaileei proiektura joateak dakartzan betebeharren berri ematea.

n) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena aurkeztea, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

22.–Onetsiriko programen aldaketak.

1. Programak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, aitzinetik horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, haietarako baimena eman dezan.

Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

2. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez komunikatuko da baimena.

23.–Azpikontratazioa.

Irailaren 9ko 30/2015 Legearen 14. artikuluan ezartzen den bezala, entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontratatu proiektatutako prestakuntza jarduera, ezta koordinatzailearen eginkizunak ere.

Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko.

24.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. NL-NEZek beharrezkoak diren ekintza guztiak gauzatuko ditu proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, bai alderdi kualitatiboan, bai kuantitatiboan. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsulta eginda, programetan parte hartu dutenak laneratu direla egiaztatuko da.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.

25.–Dirulaguntzen publikotasuna.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea. Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

26.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Ezarritako epean justifikatzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori NL-NEZi jakinarazten ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo programen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

4. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, "esanguratsutzat" joko da onetsitako proiektuaren % 75 betetzea.

5. Bosgarren oinarrian ezarritako laneratze konpromisoa betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 5 itzuli beharko da laneratzearen portzentajea betetzen ez denean.

6. Aurreko apartatuetan ezarritakoaz gain, proiektuan ezarritako laneratze konpromisoa ez betetzeak honako zigor hau ekarriko dio entitateari: hurrengo deialdian, lagundutako proiektuan bete ez duen kontzeptuarengatik emandako puntu kopuru bera kenduko zaio.

7. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada berandutze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

27.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

28.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Halaber, organo kudeatzaileak proiektuetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete horiei.

29.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2213555