21. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5629E/2021 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboaren esparruaren barruan (EGIF 2020-2024) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateei dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 602345.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (hemendik aurrera NL-NEZ) enplegu politika aktiboen kudeaketaren erakunde autonomo arduraduna da. Politika horietan jasotzen diren neurrien helburua da, alde batetik, kalitateko enpleguaren sorrera sustatzea eta, beste aldetik, langabeen enplegagarritasuna handitzea, lan merkatuaren baldintzak hobetuz eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei arreta berezia eskainiz, Europako Enplegu Estrategiaren eta Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren esparruan.

Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren 2014-2020 Programa Operatiboa Europako Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zen 2015eko abuztuaren 6an. Bertan, EGIFaren jarduketa-esparruaren barruan gauzatu beharreko helburuak, lehentasunak eta neurriak biltzen dira.

Programa Operatiboak funtsezko hiru printzipio ditu oinarrian:

1. Inklusio aktiboa, herritar guztiek, batez ere egoera behartsuenean daudenek, gizartean parte hartu ahal izan dezaten eta lan merkatuan aukera hobeak izan ditzaten.

2. Ekonomia soziala, Espainiak gaur egun duen egoera ekonomiko eta sozialaren ondorio negatiboei aurre egiteko gako-elementua den aldetik.

3. Lan merkatu inklusiboak sustatzea, pobrezia tasak murrizteko eta talde ahulenen beharrei erantzuteko.

Helburua da, beraz, merkatutik urrutien dauden biztanle taldeei laguntzea.

Europako Gizarte Funtseko Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboaren barrenean dauden proiektuak finantzatu nahi dira, gizatalde horren laneratzeko gaitasuna hobetzen laguntzeko, eta horretarako bide hauek erabiliko dira: gizatalde ahulentzako ibilbide integratuak garatzea, gizatalde horiei arreta emateko politiken koordinazioa hobetzea eta haien beharretara egokitzea, eta oinarrizko zerbitzuetara iristeko bideak hobetzea.

Frogaturik dago luzaroko enplegagarritasun zaila duten pertsonekin egindako ekintzetan banakako arretak, intentsitate handikoa denak eta hurbileko jarraipena duenak, nabarmen murrizten duela pertsona horiek langabezian ematen duten denbora. Beharrezkoa den arreta mota horrek eskatzen du denboran iraupena izatea, lehenagoko deialdietan gauzatutako programei jarraipena emanez, eta 2023ra arte luzatuko den deialdi bat planteatzea.

Dirulaguntzen deialdi honek moduluen araberako esleipena eta justifikazioa aplikatzen du, Enplegu Sistema Nazionalaren enplegua aktibatzeko programa arruntak arautzen dituen 818/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, aplikatuz. Zehazki, Enplegu politika aktiboen programa arrunten V. kapituluko Enplegu proiektu integralen programaren 3. azpiatala aplikatzen da.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboa-EGIF 2022-2024 esparruaren barruan, Nafarroako Foru Komunitatean, finantzazio partekatuko enplegu ekimenak 2022an eta 2023an aurrera eramateko hautatzen diren entitateei dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. DDBN: 602345

2. Baimentzea 800.000 euroko gastua, honako aurrekontu banaketa honekin, betiere kreditu erabilgarria egonez gero:

–400.000 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko “EBaren funtsekin batera finantzatutako enplegu ekimenetarako laguntzak” izeneko 950001 96100 4819-241306 partidaren kargura.

–400.000 euro, 2023ko gastuen aurrekontuko “EBaren funtsekin batera finantzatutako enplegu ekimenetarako laguntzak” izeneko 950001 96100 4819 -241306 partidaren kargura, edo gaitzen den antzeko partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko abenduaren 31n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Dirulaguntzaren eremua eta betearazpen epea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean bazterketa egoeran dauden edo egoera horretan geratzeko arriskua duten pertsonen lan eta gizarte inklusioa hobetzeko programak egiteko dirulaguntzak emateko eta haien jarraipena egiteko eta kudeatzeko araubide bat ezartzea, bereziki, langabezian daudenentzat, enplegagarritasun baldintzak hobetzeko programa integralen bitartez, haien enplegagarritasunaren egoera hobetu dezaten, kontuan harturik parte-hartzaileek frogatzen ahal dituzten ezaupideak, abileziak, trebeziak eta esperientzia profesionala.

Proiektua 2021eko azaroaren 1etik 2023eko urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko da.

2.–Hartzaileak.

Bereziki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan lan eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak, bazterketa egoeran daudenak edo egoera horretan geratzeko arriskua dutenak.

2.1. Zehazki programen hartzaileak izan daitezke honako pertsona hauek:

a) Enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak.

Programa bakoitza bukatzen duten pertsona guztien gutxienez % 75ek talde horretakoak izan behar dute.

b) Enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden landunak.

Programa bakoitza bukatzen duten pertsona guztien gehienez % 25ek talde horretakoak izan behar dute.

Parte-hartzaileak landun ala langabe diren ebazteko, kontuan hartuko da lehenengo artatze-egunean lan aldetik duten egoera.

2.2. Entitate onuradunak justifikatu behar du parte-hartzaileen % 40, gutxienez, langabezia, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera hartzen ari direla.

Orobat, hartzailea bazterketa egoeran edo horren arriskuan dagoela justifikatuko dute.

2.3. Artatuko diren pertsonak izaten ahal dira Nafarroako Orientazio Sarea osatzen duten erakundeetatik bideratutakoak (NL-NEZ zerbitzuko teknikariak, lanbide orientazioko zerbitzuak ematen dituzten erakundeak, Auzo Oinarri/Unitateko Gizarte Zerbitzuak, Laneratu eta Gizarteratzeko Taldeak). Hala ere, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonentzako arretak justifikatzen ahalko dituzte entitate onuradunek. Nolanahi ere, arreta jasotzeko erabateko lehentasuna izanen dute NL-NEZ zerbitzuak bideratutako pertsonek.

3.–Erakunde onuradunak.

Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboaren esparruaren barruan (EGIF 2020-2024) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateak izan daitezke dirulaguntza hauen onuradunak.

4.–Jarduera diruz lagungarriak.

Proiektu horien helburua izanen da enplegagarritasuna hobetzeko ondoko jarduketa hauek egitea:

4.1. Gaitasunak diagnostikatzeko eta ebaluatzeko ekintzak:

a) Banakako diagnostikoa eta lanbide profila egitea:

arreta espezifikoa emanen zaio onuradunari, identifikatu ahal izateko haren abileziak, gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia egoera eta izan ditzakeen lanbide aukerak, bai eta beste hainbat aldagai ere, jarduera hau garatzen duen protokoloan garrantzitsutzat jotzen ahal direnak. Informazio hori parte-hartzailearen profila egiteko eta enplegagarritasunaren arabera sailkatzeko erabiliko da.

Egiteko modua: nahitaez banaka eta aurrez aurre egin beharrekoa.

b) Norberaren enplegu ibilbidea diseinatzea.

Enplegagarritasunaren diagnostikoa egin ondoren, parte-hartzailearen lanbide profilaren arabera, harentzat egokitutako enplegu ibilbide berezia eta pertsonala prestatuko da, programan aurrera egin ahala aldatu eta doitu daitekeena, detektatzen diren beharren arabera. Hori egiteko, enplegurako akordio pertsonala onartu eta sinatu behar da, parte-hartzailearen aldetik eta entitate onuradunaren teknikari orientatzailearen aldetik, eta bi parteak lotuta geratuko dira, haren jarraipena egiteko konpromisoarekin.

Ibilbide horretan, gutxienez, urrats hauek jasoko dira:

–Lanbide aukerak identifikatzea.

–Prestakuntza ibilbide bat identifikatzea.

–Programaren amaieran lortu beharreko helburuak.

–Enplegu bilaketa aktiboa egiteko jarduketak eta aurreikusitako egutegia identifikatzea, kronograma edo bide-orri gisa.

Egiteko modua: nahitaez banaka eta aurrez aurre egin beharrekoa.

4.2. Enplegua bilatzeko orientazioa eta laguntza eskaintzeko ekintzak.

a) Curriculumaren definizioa: Informazioa, aholkua eta laguntza teknikoa haren lanbide profila islatuko duen “curriculum vitae” zehazteko.

“Curriculum vitae” hori landu eta onduko da ibilbide osoan barna.

Egiteko modua: nahitaez banaka eta aurrez aurre egin beharrekoa.

b) Parte-hartzailearentzako laguntza eta jarraiena.

Parte-hartzaileak bere ibilbidean aurreikusitako jarduketetatik gauzatu dituen urratsen jarraipen banakakoa eta pertsonalizatua eginen da, helburuen betetze maila egiaztatuz eta aztertuz, eta prozesuan sortutako zailtasunak identifikatuz. Jarraipenak aukera ematen die teknikariei ibilbidearen betetze maila baloratzeko, eta identifikatzeko noiz parte-hartzaile batek ez duen aurrera egiten, eta laguntza edo egokitzapena behar ote dituen, ibilbidean ezarritakoa lortzeko. Jarraipenen maiztasuna parte-hartzaile bakoitzaren beharren arabera doituko da, eta gutxienez bi jarraipen ekintza eginen dira, haren ibilbideak irauten duen bitartean.

Egiteko modua: nahitaez banaka eta aurrez aurre egin beharrekoa.

c) Enplegu bilaketa aktiborako teknikak.

Parte-hartzaileei eskainiko zaizkie informazioa eta besteren konturako lana bilatzeko eskuragarri dituzten bitartekoak, teknikak eta tresnen oinarrizko erabilera, barne direla, besteak beste, baliabide telematikoak eta sare sozialen erabilera.

Lan eskaintzak jasotzen dituzten atari publiko eta pribatuen inguruko informazioa ere emanen zaie.

Egiteko modua: aurrez aurrekoa edo telematikoa, banaka nahiz taldeka.

d) Laneko elkarrizketak eta hautatzeko probak prestatzea:

Ekintza hauen helburua da parte-hartzaileak trebatzea hautaketa proba desberdinak gainditzeko, esaterako elkarrizketak, proba teknikoak, proba profesionalak, etab.

Egiteko modua: aurrez aurrekoa edo telematikoa, banaka nahiz taldeka.

4.3. Laneratu aurreko trebakuntza eta trebakuntza tekniko-profesionala lantzeko ekintzak.

a) Izapideak online egiteko tailerra, eguneroko bizitzarako eta administrazio publikoarekiko harremanetarako.

Tailer honetan informazioa, motibazioa eta trebakuntza eskaintzen zaie parte-hartzaileei, online izapideen tresnak erabiltzeko eguneroko bizitzan eta administrazio publikoarekiko harremanetan.

Egiteko modua: aurrez aurrekoa edo telematikoa, banaka nahiz taldeka.

b) Lan mugigarritasuna kudeatzeko laguntza:

Informazioa, aholkularitza eta laguntza izanen dute pertsonen mugigarritasun geografiko eta funtzionalari buruz (Espainian, Europan eta nazioartean), pertsona bakoitzari hobekien egokitzen zaion enplegu eskaintzak aprobetxatu ditzaten.

Horren barnean, informazio orokorra emanen da Europar Batasunaren lurralde eremuaren barneko lan arloko inguruabar aipagarrienei buruz, EURES sarean eskuratzen ahal den informazioa barne.

Egiteko modua: aurrez aurrekoa edo telematikoa, banaka nahiz taldeka.

c) Autoenplegu eta ekintzailetza ekintzak.

Autoenplegurako eta ekintzailetzarako informazioa eta motibazioa. Parte-hartzaileen artean beren autoenplegua bultzatu edo lan jarduera baten ekimena hartzeko interesa duten pertsonarik balego, horretarako laguntza kualifikatua eta jarraipena eskainiko zaizkio.

Egiteko modua: nahitaez banaka eta aurrez aurre egin beharrekoa.

d) Laneratzeko Alderdi Pertsonalen Garapena (LAPG).

Helburua da enplegu bilaketa aktiborako motibazioa sustatzea, autoestimua indartzea eta hainbat arlo lantzea, besteak beste, komunikazio, gizarte edo harremanetarako trebetasunak, erabakiak hartzea, edo etsipenari aurre egiteko gaitasuna, enplegua lortzen edo mantentzen laguntzeko.

Egiteko modua: aurrez aurrekoa edo telematikoa, banaka nahiz taldeka.

e) Lan merkatuari buruzko informazioa.

Parte-hartzaileen enplegurako aukerak zabaltzeko baliagarriak izan daitezkeen lan merkatuaren arloko informazioak emanen zaizkie, besteak beste, honako hauek:

–Lan eta gizarte arloko informazioa: kontratazioei eta lan hitzarmenei buruzko informazioak, etab.

–Lan sektoreei eta aukerei buruzko informazioa

–Enpleguaren sorgune berriak.

Egiteko modua: aurrez aurrekoa edo telematikoa, banaka nahiz taldeka.

f) Prestakuntza jarduketak, ezaupide teoriko-praktikoak eskuratzeko, lan merkatuan eskatzen diren betekizunetara egokitzeko beharrezkoak diren gaitasun teknikoen arloan.

Egiteko modua: aurrez aurrekoa edo telematikoa, banaka nahiz taldeka.

4.4. Enpresetan prospekzioa egiteko ekintzak, lan eskaintzak eta enplegatzaileen beharrak identifikatzeko asmoz.

Ekintza horrek bisitak edo enpresekiko harremanak egitea dakar, enplegatzaileen beharrak zehaztu ahal izateko. Lan eskaintzak biltzeko eta, lan eskaintzak sortzea bultzatze aldera, enpresekiko harremana sustatzeko balioko du.

Ondorio horietarako, lan eskaintzen bilketatzat honako hau joko da: entitateak identifikatzea enplegatzaile batek lanpostu bat edo gehiago betetzeko duen premia, eta hautagai gisa proposatuko diren pertsonek izan beharreko lanbide profila zehaztea.

Entitate onuradunak gutxienez prospekzio ekintza bat eginen du, urtean emandako dirulaguntzaren 2.000 euroko.

5.–Parte-hartzailea “eskatzaile artatua” jotzea.

5.1. “Eskatzaile artatua” izanen da programan parte hartu eta, gutxienez, bere enplegagarritasuna hobetzeko honako ekintza hauek jaso dituen pertsona:

–Gaitasunen diagnostikoa eta ebaluazioa egiteko ekintza guztiak, 4.1. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Lana bilatzeko orientazioa eta bidean laguntzeko 4.2. oinarrian jasotzen diren ekintza guztiak.

–Laneratu aurreko eta gaitasun tekniko-profesionalak lortzeko 4.3. oinarrian jasotzen diren ekintzetatik hiru, gutxienez.

5.2. Aurreko atalean aipatutako ekintzak programak irauten duen bitartean eginen dira, parte-hartzaile bakoitzaren prestasun eta premietara egokituta, eta egikaritze aldian zehar garatuko dira.

5.3. Inola ere ez da diruz laguntzen ahalko deialdi honen onuradun diren bi erakundek pertsona bera, aldi berean, artatzea.

Egoera hori gertatuko balitz, pertsona horren lehenengo artatzea lehenengoz egin duen entitateak jasoko du dirulaguntza.

Lehenengo artatzea data berean egin badute, lehentasuna emanen zaio erabiltzaile horren dokumentazioa lehenik aurkeztu duen entitateari.

6.–Parte-hartzaileak “eskatzaile laneratua” jotzea.

6.1 Programako parte-hartzaileak “eskatzaile laneratuak” izanen dira, lehen “eskatzaile artatu” gisa hartu eta beren egoera modu hauetakoren batean hobetu dutenean:

–Lan-kontratua sinatu badute, gutxienez 3 hilabete jarraian egiteko lanaldi osoan, edo haren baliokide den denboran aritzeko lanaldi partzialean, betiere, lanaldi erditik beherakoa ez bada. Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da proiektuaren amaiera-epetik zenbatzen hasita.

–Hezkuntza sistemara itzultzea: laneratze modura zenbatuko dira, gehienez 12 hilabetean, proiektuaren amaiera-epetik zenbatzen hasita, hezkuntza sistemara itzultzen diren parte-hartzaile guztientzat. Matrikula batekin justifikatu behar da.

–Altak langile autonomoen araubide berezian eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetez. Laneratze hori justifikatzeko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, proiektuaren amaiera-epetik zenbatzen hasita.

6.2. Nolanahi ere, langabea Nafarroako Foru Komunitatean zein beste edozein autonomia erkidegotan laneratzen ahalko da.

Ez da laneratze gisa hartuko Gizartean eta Lan munduan txertatzeko Enpresa batek egindako kontratazioa.

Proiektuaren amaiera-epetik hilabete batera, gehienez, laneratutako pertsonen zerrenda igorri beharko da, Nafarroako atarian (www.navarra.es) ageri den deialdi fitxari atxikitako XX. eranskinaren arabera.

7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

7.1. Hauek izanen dira erakunde onuradunak jasotzeko zenbatekoak:

a) 1.560 euro artatutako eskatzaile bakoitzeko, deialdiko 5. oinarrian aurreikusitako baldintzetan.

b) 1.250 euro artatutako eskatzaile bakoitzeko, deialdiko 6. oinarrian aurreikusitako baldintzetan.

Eskatzaile laneratua izateko betekizunak betetzen baldin badira, horretarako aurreikusitako kopuruak jasoko ditu erakunde onuradunak eta, horiez gain, eskatzaile artatua izateagatik aurreikusitako kopuruak ere bai.

7.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa artatu beharreko parte-hartzaile kopuruaren eta erakunde onuradunak bere proiektuan laneratzeko proposatutako pertsonen portzentajearen arabera zehaztuko da.

Entitate bakoitzerako dirulaguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izanen da urtean.

8.–Aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak modu elektronikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Atariaren (www.navarra.es) tramiteen atalean jasotzen den deialdiaren fitxak eskaintzen duen “tramitatu” tresnatik, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean.

8.2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar oinarriak onartzea.

8.3. Eskaera aurkezteak berekin dakar entitate bakoitzak onartzea NL-NEZk erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

9.–Eskaerarako aurkeztu beharreko agiriak.

9.1. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzeko dokumentazioa, bere eraketa eskrituraren, bere estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia aurkeztuz. Halaber, entitatearen ordezkariaren ahalordetzea aurkeztu beharko dute.

b) Egiaztagiriak:

–Ez duela xede bereko beste laguntzarik jasotzen, edo, betiere, laguntza horien zenbatekoak ez duela gainditzen onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. eskaeraren I. eranskina.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzearen adierazpena. eskaeraren II. eranskina.

c) Proiektu-memoria, eskaeraren III. eranskinaren arabera.

d) 11. oinarrian jasotzen diren balorazio irizpideak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

Eskaera honekin aurkeztu beharreko ereduak eskuragarri daude Nafarroako Atarian (www.navarra.es) jasotzen den deialdiaren fitxan.

Administrazioak entitate eskatzailearen legezko ordezkarien nortasuna egiaztatuko du.

Aurkeztutako agiriak kopia soilak izan daitezke. Nolanahi ere, administrazio publiko deitzaileak notaritzan edo administrazioan egiaztatutako kopiak eskatzeko eskubidea izanen du, kopia horien inguruko zalantzarik badago.

9.2. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita Administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, NL-NEZek bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan, eta, beraz, puntuatuko.

Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da hurrengo oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:

1. irizpidea.–Aurreikusitako laneratzeen portzentajea: 25 puntu gehienez.

–Entitateak aurreikusten badu % 10etik % 15era bitarteko laneratzeak, biak barne: 5 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu % 15etik % 20ra bitarteko laneratzeak, azken hau barne: 12 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu % 20tik % 25era bitarteko laneratzeak, azken hau barne: 18 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu % 25 baino gehiago laneratzea: 25 puntu.

2. irizpidea.–Entitate eskatzailearen jarduketa eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitatean, 15 puntu gehienez.

Proiektu-memorian, entitate onuradunak adierazi beharko du Nafarroako enplegu agentzien zein lurralde eremutan garatu behar duen programa.

Gehienez 15 puntu emanen dira, eskala honen arabera:

a) Entitateak Iruñerriko enplegu agentzia baten lurralde eremuan jarduten badu: 2 puntu.

b) Entitateak Tuterako enplegu agentziaren lurralde eremuan jarduten badu: 4 puntu.

c) Entitateak Nafarroako gainerako enplegu agentzien lurralde eremuan jarduten badu: 9 puntu horietako bakoitzeko.

Hala, entitateak a), b), eta c) atalei dagozkien puntuak batu ditzake.

3. irizpidea.–Prospekzio eta bitartekaritza plana, 5 puntu.

Entitateak prospekzio eta bitartekaritza sistema bat badu, eta proiektua egikaritu bitartean garatzeko asmoa badu, 5 puntuz baloratuko da.

Kasu horretan, entitateak aurkeztu behar du, azken justifikazioarekin batera, egikaritutako planaren garapenari buruzko txosten bat.

4. irizpidea.–Proiektuari atxikitako teknikarien profila, gehienez 5 puntu.

Lanbide orientazioan eta/edo prospekzio eta bitartekaritza eginkizunetan frogatutako esperientzia urteak. Artatzea ematen dutenak pertsona bat baino gehiago badira, esleituko den puntuazioa proiektuari atxikitako teknikari guztien esperientzia urteen batezbestekoari dagokiona izanen da. Puntu bat emanen da urte bakoitzeko, gehienez 5 puntu. Esperientzia ez bada urte osokoa, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Irizpide hau aplikatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira: titulazioa, lan bizitzaren txostena (lan kontratu eta guzti), hirugarrenek emandako ziurtagiriak, edo organo kudeatzaileak aski deritzon beste edozein frogabide.

5. irizpidea.–Entitatearen esperientzia: 10 puntu, gehienez.

a) Azken hamar urteetako dirulaguntzen deialdietako programa integraletan izandako parte-hartze frogatua. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Errenta Bermatua edo Gizarteratze Errenta hartzen ari diren pertsonentzat aldi horretan egindako programak ere baloratuko dira. Programa bakoitzeko puntu bat emanen da. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, bi puntu emanen dira. Dagokion puntuazioa emateko, IV. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektu-memoriaren zer orritan dagoen adierazita.

Dagokion araua edo deialdia eta adjudikazio ebazpena aurkeztuz egiaztatu beharko da esperientzia.

Programa adjudikatzea eta/edo sinatzea NL-NEZri badagokio, erakunde horrek ofizioz egiazta dezala eskatzen ahalko du entitateak idatziz, adjudikatutako programa eta deialdiaren urtea adierazita.

b) Azken 10 urte naturaletan garatu eta administrazio publikoek antolatu ez dituzten dirulaguntza-deialdietako programa integralen kasuan, programa bakoitzeko 0,5 puntu emanen dira. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, puntu bat emanen da. Dagokion puntuazioa emateko, V. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektu-memoriaren zer orritan dagoen adierazita.

Kasu horretan agiri baten bidez frogatu beharko du esperientzia, honako hauek adierazita: entitate emailearen izena, entitate eskatzailearen aldeko hautaketaren data, programaren iraupena eta aurreikusitako jarduketak. Entitate emailearen ordezkari eskudun batek sinatu beharko du agiri hori.

Datu horiek agertzen ez badira, aurkeztutako agiriak ez dira baloratuko.

6. irizpidea.–Ebaluazio sistema, 5 puntu.

Eskainitako ekintzen kalitatea kontrolatzeko ebaluazio sistema duten entitateen kasuan, sistema horretan eraginkortasun ekonomikoaren adierazleak jaso badira, bai eta erabiltzaileen gogobetetze-mailaren, enplegagarritasuna hobetzearen eta laneratze tasaren adierazleak ere, 5 puntuz baloratuko da.

Kasu horretan, entitateak aurkeztu behar du, azken justifikazioarekin batera, egindako ebaluazioa.

11.2. Deialdian aurreikusitako diru zenbatekoa puntuaziorik onena lortzen duten erakundeen artean banatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Berdinketa izanez gero, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

Hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrelaxe jarraituko da 6. irizpidera iritsi arte.

b) Dirulaguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurre kontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera.

Balorazio hori egin ondoren erabilgarri gelditzen den aurrekontu-kreditua zerrendako azken entitateak eskatu duen zenbatekoa baino txikiagoa bada, horren berri ematen ahalko zaio, eta aukera izanen du eskaera berregiteko. Nolanahi ere, eskaera berreginda ere, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz esleitutako puntuazioa ez da aldatuko.

25 puntu baino gehiago lortzen dituzten proiektuak baino ez dira onartuko.

12.–Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa NL-NEZko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

Aurkeztutako agiriak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

Lehendakaria: NL-NEZko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

Bokala: Enplegu Programa Integralen Ataleko burua.

Bokal idazkaria: Enplegu Programa Integralen Ataleko teknikaria.

NL-NEZko zuzendari kudeatzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 3 hilabeteetan emanen du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

13.–Artatutako pertsona bakoitzeko egindako artatzeen justifikazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Artatutako pertsonen zerrenda. VI. eranskina. Aldi berean zenbait pertsonaren justifikazioak igortzen badira, haien zerrenda zehaztuko da agiri horretan.

b) Enplegurako akordio pertsonala. VII. eranskina.

c) Onuradunen egoera pertsonalaren adierazpena. VIII. eranskina.

d) Jarduketa frogatzen duen agiri bat, egindako ekintza bakoitzeko. IX. eranskinetik XV.era.

e) Jarduketa telematikoen justifikazioa edo ebidentzia.

f) Azken ebaluazioa. XVI. eranskina

Agiri horien eredu guztiak eskuragarri daude Nafarroako Atarian (www.navarra.es) jasotzen den deialdiaren fitxan.

Ekintza telematikoak justifikatzeko, konexioaren pantaila-argazkiak edo konexioen erregistro bat aurkeztu beharko dira. Hori ezinezkoa balitz, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da (XVII. eranskina, hori ere gure Atarian eskuragarri). Ez dira kontuan hartuko telefono, e-mail edo whatsapp bidez egindako ekintzak.

Agiri horiek hilabeteko epean aurkeztu behar dira, erabiltzaile bakoitzaren azken artatzearen datatik hasita, edo 2023ko urriaren 31n, hilabete bateko epe hau 2023ko urriaren 31tik harago doazenen kasuan.

Betebehar hori betetzen ez bada, ez da pertsona artatutzat hartuko.

14.–Egindako jarduketak ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epeak.

Urte bakoitzeko azken justifikazioaren aurretik, konturako bi ordainketa ere eskatzen ahalko ditu entitateak, proiektua egikaritu bitartean, eta horretarako, egindako jardueren memoria teknikoa aurkeztu behar du. Konturako ordainketen zenbatekoa ez da izanen esleitutako kopuruaren % 75etik gorakoa, eta gutxienez % 25 utziko dira urteko azken justifikaziorako.

Urte bakoitzeko urriaren 31 baino lehen, dirulaguntza ordaintzeko eskatuko du entitateak, eta horretarako aurkeztuko ditu egikaritzaren memoria teknikoa eta ebaluazio sistemaren emaitzak, haiengatik punturik eman bazaio, eta orobat, egindako prospekzioak, XVIII. eranskinaren arabera, (web-orrian eskuragarri). Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru sarreren berri zehatza ere aurkeztu behar du, bakoitzaren jatorria adierazita.

15.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Eskatutako agiriak eta web-orrian eskuragarri daudenak aurkeztea, deialdian zehaztutako epeetan.

c) Egindako ekintzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoan erregistratzea, NL-NEZk proposatzen duen moduan eta denboran.

d) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

e) Diruz laguntzen diren ekintzen hartzaile diren pertsonei ezin zaie ezer kobratu inola ere.

f) NL-NEZri jakinarazi behar zaio edozein aldaketa, gertatu eta hilabeteko epean, ukitzen badira dirulaguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabarrak eta baldintzak, eta entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoak eta betebeharrak.

g) Proiektuari atxikitutako teknikariren bat ordezten bada, hilabeteko epean egin beharko da, eta NL-NEZren aurrean erakutsi beharko dira oinarri hauetan eskatzen diren esperientzia eta titulazioa.

h) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.

16.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate pribatu onuradunek, dirulaguntzak hartzen dituztenean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, maiatzaren 17ko Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezartzen den gardentasun betebeharra bete beharko dute, bi egoera hauetako batean badaude:

1) 20.000 euroren edo gehiagoren laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura.

2) Entitateak jasotako laguntzen edo dirulaguntzen kopurua haren urteko diru-sarreren % 20 edo handiagoa bada, beti ere 5.000tik gorakoak badira.

Horretarako, bi egoera horietan dauden entitate onuradunek XIX. eranskina aurkeztu beharko dute modu telematikoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, NL-NEZri zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, ondotik aipatzen den informazioa emanez:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

Gardentasun betebehar hori bete ezean, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, ez eta aurrerakinik ere, eta kobratutako diru-kopuruak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiek behar den informazio guztia eman behar diote unitate kudeatzaileari, errekerimendua jaso eta hamar eguneko epean, hark bete ditzan Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun printzipioa.

17.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzak itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak, bereziki 16. oinarrian jasotako gardentasun betebeharra, betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eskaeran adierazitakoak ez diren helburuetarako, eta aldaketa hori NL-NEZri komunikatzen ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza osoa itzuli behar dela, berandutze-interesak barne.

Onuradunak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa komunikatzen duenean, NL-NEZk, aldaketa onartuz gero, aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatzen ahalko dio.

Ekintzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoan erregistratzen ez badira, ekintzak justifikatzeko unean grabatu ez den ekintza bakoitzagatik, artatutako pertsona bakoitzeko emandako zenbatekoaren % 5eko zigorra ezarriko da.

18.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, bai eta ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere.

Gizartearen jarraipenerako, NL-NEZk egiaztatuko du deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen direla.

19.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira jarduera hori bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak aurrera eraman beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Emandako dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi beharko zaio NL-NEZi beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso izana, eta ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da horren ondorioz.

20.–Dirulaguntzaren publizitatea, entitate onuradunaren aldetik.

Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paper-gauzetan, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izan dutela adierazi behar dute. Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat erabili beharko da Nafarroako Gobernuaren sinboloa.

21.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioko administrazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren xede den administrazio ekintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

22.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

23.–Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.empleo.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2200072