21. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1247E/2021 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: “Laguntzak, lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuak gauzatzeko 2022an”. DDBN identifikazioa: A motako proiektuak 604517. B motako proiektuak 604511.

Nafarroako Gobernuak, Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S3-Nafarroa) eguneratzeko asmoz, ahalegina egin du baliabide gehienak bideratzeko eskualdeko ekonomia bultzatzeko ahalmenik handiena duten arlo ekonomikoetara, eta, hala, klusterrekin lan egitea da estrategia hori ezartzeko tresna nagusietako bat.

Klusterretan parte hartuz enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duen elkarlana sustatzearren, 2016. urtetik laguntzen deialdi bat onesten da urtero, zeina aldatzen joaten baita, biltzen den esperientziaren arabera eta xedeko elkarteen errealitatearen arabera.

2022an, 2021ean ezarritako egitura mantenduko da. Batetik, klusterrak berak egiten dituen egonkortze jarduketak finantzatuko dira; eta, bestetik, klusterren, plataformen eta beste elkarteren elkarlan proiektuak diruz lagunduko dira. Proiektu horiek urte bakarrekoak edo zenbait urtetakoak izaten ahalko dira, proiektuaren beraren izaeraren arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuei laguntzak emateko 2022ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, kreditu hauek baimentzen dira 2022rako eta 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida baliokideetan:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

810001-81100-4819-422200: Suspertu Plana. Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

2022

400.000

810001-81100-4819-422200: Suspertu Plana. Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

2022

95.592

810001-81100-4819-422200: Suspertu Plana. Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana, edo partida baliokidea

2023

200.000

Hurrengo ekitaldietako gastua aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abenduaren 30ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako enpresen arteko elkarlana sustatzea, eta, orobat, enpresek beren eraginkortasuna hobetzen duten proiektuetan parte har dezatela, lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta kluster erakundeen bitartez.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Kluster erakundea (hemendik aurrera, klusterra): balio kate baten ezagutza entitate, erakunde eta enpresen multzoa, bere bazkideen lehiakortasuna hobetzea bilatzen duena elkarlanaren bitartez; balio kate hori egon daiteke S3-Nafarroa estrategiaren lehentasunezko arloetako merkatu batera edo merkatuaren segmentu batera orientatua, edo teknologia erraztailea eskaintzera.

b) Enpresa berrikuntzarako eta lehiakortasunerako plataforma (hemendik aurrera, plataforma): entitate independenteek (konparazio batera, enpresak, ikerketa eta ezagutza erakundeak eta antzeko beste eragile ekonomiko batzuk) osatutako egiturak edo talde antolatuak, izaera juridikoa bai baina irabazteko asmorik ez dutenak, jarduera berritzailea edo lehiakorra sustatzeko helburua dutenak proiektu pilotuak gauzatuz, ezagutza teorikoa eta praktikoa trukatuz eta balioztatuz, sareak sortuz, informazioa hedatuz eta enpresen eta beste erakunde batzuen arteko elkarlanaren bidez.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako eremu hauetan sartu beharko dira jarduketa diruz lagungarriak:

a) S3-Nafarroa Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoak (Automozioa eta mekatronika, Elikakatea, Energia berriztagarriak eta baliabideak, Osasuna, Turismo integrala eta Sorkuntza industriak eta industria digitalak).

b) Arlo horietako teknologia erraztaile bat.

c) Nafarroako Industria Planean identifikatutako balio kate erraztaileetako bat.

2. Jarduketa ildo diruz lagungarriak honako hauek dira:

2.1. A ildoa. Klusterrak sendotzea.

Ildo honetan, klusterren egitura sendotzeko jarduketa hauek lagunduko dira diruz.

2.1.1. Klusterraren funtzionamendurako oinarrizko jarduerak:

a) Kudeaketa: Kudeaketako jarduera komunak: klusterra sustatzea, bisitak eta bazkideak lortzea, batzarrak eta bilerak antolatzea, erakundeen ordezkaritza, erakundearen kudeaketa ekonomiko administratiboa (kontuak, laguntzak, kuotak...).

b) Komunikazioa: Klusterraren komunikazio jarduketak, sarean presente egotea, informazio aldizkariak, hirugarrenen jardunaldietan elkarlanean aritzea, jarduera propioak eta hirugarrenenak zabaltzea.

c) Jardunaldiak eta networkinga: Jardunaldiak antolatzea, baita prestakuntza ekintzak, mintegiak eta ekitaldiak ere, klusterraren edo sektorearen zabaltze jardueraz, teknologiei buruzko informazioaz edo joera orokorrez.

d) Urteko kudeaketa planak: egokitzapen lanak, plan estrategikoa oinarri hartuta urteko jarduerak definitzeko.

2.1.2. Egiturazko jarduera aurreratuak:

a) Lankidetza dinamizatzea: enpresetako taldeak, batzordeak edo lan mahaiak (iraunkorrak edo aldi baterakoak) dinamizatzea eta haien gaineko jarraipena egitea, lan egituratu baten bidez, gai bat ardatz hartuta edo baterako helburu bat betetzera bideratuta (adibidez, I+G proiektuak definitzea, zerbitzu partekatuak...).

b) Merkaturatzea eta nazioartekotzea: Nazioarteko nahiz estatuko merkataritza sustatzeko ekitaldiak antolatzea, atzerrian egiten diren azoketara joatea, zuzeneko eta alderantzizko misio komertzialak, merkatu azterketak, edo Nafarroako Nazioarteko Planeko jarduketekin elkarlanean aritzea.

c) Berrikuntza: zerbitzu propioak, bideraturik daudenak I+G+b-a (teknologikoa nahiz ez-teknologikoa) sustatzeko enpresetara, eskaria-eskaintza bitartekaritza edo zaintza teknologikoa.

d) Estrategia: klusterra epe ertainean antolatzeko plan estrategikoa, klusterraren mapaketa edo ezaugarritzea, zaintza estrategikoa eta lehiakortasunerako adimena.

2.2. B ildoa. Elkarlan proiektuak.

Jarduketa ildo honen xedea da kluster bateko edo berrikuntza plataforma bateko enpresen lehiakortasuna eta berritzeko ahalmena sendotzea.

Ildo honen barnean, diruz lagunduko dira bazkideen lehiakortasuna hobetzeko asmoz esparru hauetakoren batean egiten diren proiektuak: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez-teknologikoa edo kudeaketakoa, nazioartekotzea, marketina, banaketa eta merkaturatzea, hobekuntza produktiboak, azpiegitura komunak ezartzeko azterketak, estandarrak eta kalitate arauak garatzea edo aldatzea, zaintza estrategikoa edo teknologikoa egiteko sistemak garatzea, eta merkatuak eta konpetentzia.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat jotzeko, proiektu bakoitzaren gastu aurrekontuak 20.000 eurotik gorakoa izan behar du.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako hauek izanen dira onuradunak, jarduketa ildo bakoitzaren arabera:

–A ildoa (Klusterrak sendotzea): 1. oinarriari jarraikiz “kluster” definizioan sartzen diren eskatzaileak.

–B ildoa (Elkarlan proiektuak): 1. oinarriari jarraikiz “kluster” edo “plataforma” definizioan sartzen diren eskatzaileak.

2. Onuradun izan ahal izateko, eskatzaileek betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Berezko nortasun juridikoa izatea, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa, betiere irabazi asmorik ez badu.

b) Egoitza soziala Nafarroan izatea, eta lehentasunezko jarduketa eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea izatea. Gainera, bazkideen edo kideen %50ek gutxienez Nafarroan izan beharko dute egoitza soziala edo lantokia.

c) Gutxienez ere hogeita bost bazkide izatea taldean, kluster baten kasuan, edo hamar bazkide, plataforma baten kasuan.

d) Bere helburu sozialen artean izatea bazkide guztien lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzea.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero bazterketatzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako kondena epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

g) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

h) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

i) Krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. definizioaren arabera. Salbuetsita geldituko dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeuden enpresak, baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

3. Horiez gain, A ildoko (“Klusterrak sendotzea”) jarduketen onuradunek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lan eremu nagusia balio kate bat izanen da, merkatu batera edo teknologia erraztaile bat eskaintzera orientatua, betiere Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoen barruan; hau da, arlo ekonomiko horietan teknologiaren, ondasunen edo zerbitzuen eskaintza eta diseinua sustatu behar dira.

Kluster batek ezin izanen du erabat edo partez bikoiztu Nafarroako Gobernuak aurretik finantzatutako beste kluster baten lan eremua, baldin eta finantzaketa hori klusterretan elkarlanean egiten diren ekintzetarako dirulaguntzen deialdiren batetik badator.

b) Bazkideek klusterraren lan eremuaren balio katea ordezkatu beharko dute, eta gutxienez ikerketa, teknologia eta/edo ezagutza zentro bat sartu beharko da.

c) Urteko jarduketa plan bat eduki beharko da, epe ertainerako plan estrategiko baten ondoriozkoa.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak dira kontzeptu hauengatik izandako zuzeneko gastuak:

a) Langileria, lan eta lanbide kostuak, diruz laguntzen den jarduketari zuzenean lotuak badaude. Kluster managerraren kasuan, hautaketa 5. oinarrian adierazten den moduan eginen da.

b) Bidaia eta ostatu gastuak. Kilometraje kostuak ezin dira 0,32 eurotik gorakoak izan kilometro bakoitzeko. Ostatu gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 eurokoa izanen da gehienez.

c) Aholkularitza teknikorako edo komunikazioaren edo ezagutzaren arloko kanpo zerbitzuen kontratazioa.

2. Oinarri honetako 1. ataleko c) letrako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte, 11. oinarrian ezarritako epean, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Honako kasu hauetan onuradunek ez dute hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko dute):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

Ez dira diruz lagunduko 2. atal honetan adierazitako moduan justifikatzen ez diren gastuak.

3. BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

4. Gastu diruz lagungarriek fakturaturik eta ordaindurik egon behar dute 6. oinarrian adierazitako gauzatze aldian.

5. oinarria.–Kudeatzailearen edo kluster managerraren hautaketa.

Kudeatzailea edo kluster managerra kontratatu nahi bada –harekin laneko edo merkataritzako lotura izan gorabehera–, hautaketa egitean irizpide hauei jarraitu behar zaie: inpartzialtasuna, profesionaltasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna.

Orobat, egiaztatu beharko da klusterraren batzordeak gutxienez 4 pertsona baloratu dituela (bi gizon eta bi emakume), eta baloratu diren lan profilak edo proposamenak aurkeztuko dira.

Kontrataziorako betebeharrak, ahal den guztietan, honako hauek izanen dira:

a) Klusterraren lan eremuan goi mailako prestakuntza teknikoa izatea (nagusiki arlo horretakoa edo baliokidea), arlo horretan lanbide esperientzia izatea eta enpresen kudeaketa arloa ezagutzea.

b) 5 urteko esperientzia izatea, gutxienez, lanpostu exekutibo batean, lan taldeen arduradun gisa, aholkulari gisa edo enpresa proiektuak dinamizatzeko antzeko profilarekin.

c) Esperientzia izatea proiektuak, politika publikoak eta lehiarako estrategiak kudeatzen.

d) Hizkuntzak jakitea, batik bat ingelesa.

6. oinarria.–Gauzatzeko aldia.

1. Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:

–A ildoa (Klusterrak sendotzea): 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra, egun hori barne.

–B ildoa (Elkarlan proiektuak): eskaera aurkezten denetik 2023ko irailaren 30era, egun hori barne.

Jarduketak epealdi horren barruan daudela hartuko da baldin eta gastu diruz lagungarriak epe horietan fakturatuak eta ordainduak badira.

2. Proiektu hauetara bideratutako laguntzak pizgarri izan behar dira; horregatik, proiektuak ezin dira hasi laguntza eskaera aurkeztu aurretik (2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikulua, zeinetan barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria ezartzen baitira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

7. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak honenbestekoak izanen dira, jarduketa ildo bakoitzaren arabera:

1. A ildoa (Klusterrak sendotzea):

a) Laguntzen intentsitatea izanen da gastu diruz lagungarrien %90. Organo kudeatzaileak erabakiko du zer gastu diren diruz lagungarriak. Dirulaguntzaren ehunekoa 9. oinarrian ezarritako irizpideen arabera lortutako puntuen batura adinakoa izanen da, eta laguntzaren ehunekoa %90 izanen da gehienez.

b) Onuradun bakoitzari 75.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

2. B ildoa (Elkarlan proiektuak):

a) Laguntzen intentsitatea izanen da gastu diruz lagungarrien %50. Organo kudeatzaileak erabakiko du zer gastu diren diruz lagungarriak.

b) Onuradun bakoitzari 75.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

8. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa).

2. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 14. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

3. Kluster bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztuko du A ildoko jarduketetarako. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (adibidez, “Estatutuak”):

a) Eskaera orria, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena Excel formatuan; besteak beste, klusterra sustatzen duten kideen edo entitateen zerrenda sartuko da, adierazita izena, jarduera, tipologia (enpresa txiki eta ertaina, enpresa handia, ezagutza zentroa, etab.), gutxi gorabeherako fakturazioa, langile kopurua eta sarrera urtea.

b) Klusterraren eraketa agiria edo akta.

c) Klusterraren estatutuak.

d) Klusterraren plan estrategikoa, barnean hartzen dituena lehiakortasunaren analisia eta epe ertainerako agenda estrategikoa, lehenesten diren lehiakortasun eta berrikuntza ildoak zehaztuta.

e) Klusterraren jarduketa plana, aurtengoa eta, laguntza zer urtetarako eskatzen den, horretakoa. Barnean, laguntzen fitxan jasotako eduki espezifikoa ere izanen du, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

4. Kluster edo plataforma bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko da B ildoko jarduketetarako, eta bertan adieraziko da 2. oinarriko elkarlan proiektuetatik zeinetarako eskatzen den laguntza. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (adibidez, “Estatutuak”):

a) Eskaera orria, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena Excel formatuan.

b) Entitate eskatzailearen eraketa agiria edo akta.

c) Entitate eskatzailearen estatutuak.

d) Hala badagokio, finantzatu beharreko jarduketaren iturri den plan estrategikoa.

e) Memoria bat, eskatzen den proiektu bakoitzeko. Memoria bakoitzean jaso beharko da laguntzen fitxan adierazitako eduki espezifikoa, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Zuzenketa nahitaez telematika bidez egin beharko da, 14.1 oinarrian adierazitakoarekin bat.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Bi zerrenda eginen dira horrela, jarduketa ildo bakoitzeko bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 7. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte:

a) 400.000 euro, A ildoko jarduketetarako, 2022ko gastu aurrekontuan partida honen baliokide izanen denaren kargura: 810001 81100 4819 422200 “Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana”.

b) 95.592 euro, B ildoko jarduketetarako, 2022ko gastu aurrekontuan partida honen baliokide izanen denaren kargura: 810001 81100 4819 422200 “Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana”.

c) 200.000 euro, B ildoko jarduketetarako, 2023ko gastu aurrekontuan partida honen baliokide izanen denaren kargura: 810001 81100 4819 422200 “Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana”.

Ildo bateko jarduketak diruz laguntzeko kreditua agortzen ez bada, beste ildoko jarduketak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

2.1. A ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira, gehienez 100 puntu bildu arte:

a) Proiektuen balio erantsia. Atal honetan honako hauek baloratuko dira: proiektuen anbizioa, proposatutako jarduketen kalitatea eta proiektuek kluster edo plataforma erraztaileko enpresen lehiakortasun-posizionamendua hobetzeko edo berrikuntza sustatzeko sortutako balioa (gehienez 40 puntu).

b) Lerrokatze estrategikoa. Atal honetan honako hau baloratuko da: jarduketak zenbateko balioa izan duen balio katea sendotzeko eta klusterreko edo plataformako enpresak klusterraren edo plataforma erraztailearen sektorearen erronka estrategikoetara egokitzeko (gehienez 20 puntu).

c) Elkarlana. Atal honetan honako hauek baloratuko dira: proiektuetan parte hartzen duten bazkideen kopurua, horien konpromisoa eta osagarritasuna, bai eta beste eragile batzuen inplikazioa eta beste entitate batzuekiko lankidetza ere, Nafarroako Gobernuaren Plan Estrategikoetako ekintzekin koordinatuta (Industria, Energia, Nazioartea, Ekintzailetza, I+G) (gehienez 20 puntu).

d) Proiektuen aurrekontua. Atal honetan honako hauek baloratuko dira: aurrekontuaren egitura eta koherentzia, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako, bai eta beste finantzaketa batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (gehienez 20 puntu).

2.2. B ildoko proiektuetan, alderdi hauek baloratuko dira, gehienez 100 puntu bildu arte:

a) Proiektuen balio erantsia. Atal honetan honako hauek baloratuko dira: proiektuen anbizioa, proposatutako jarduketen kalitatea eta proiektuek kluster edo plataforma erraztaileko enpresen lehiakortasun-posizionamendua hobetzeko edo berrikuntza sustatzeko sortutako balioa (gehienez 40 puntu).

b) Lerrokatze estrategikoa. Atal honetan honako hau baloratuko da: jarduketak zenbateko balioa izan duen balio katea sendotzeko eta klusterreko edo plataformako enpresak klusterraren edo plataforma erraztailearen sektorearen erronka estrategikoetara egokitzeko (gehienez 20 puntu).

c) Elkarlana. Atal honetan honako hauek baloratuko dira: proiektuetan parte hartzen duten bazkideen kopurua, horien konpromisoa eta osagarritasuna, bai eta beste eragile batzuen inplikazioa eta beste entitate batzuekiko lankidetza ere, Nafarroako Gobernuaren Plan Estrategikoetako ekintzekin koordinatuta (Industria, Energia, Nazioartea, Ekintzailetza, I+G) (gehienez 20 puntu).

d) Proiektuen aurrekontua. Atal honetan honako hauek baloratuko dira: aurrekontuaren egitura eta koherentzia, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako, bai eta beste finantzaketa batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (gehienez 20 puntu).

3. Diruz lagunduak izateko, jarduketek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte, A ildoko proiektuen kasuan, eta 50 puntu B ildoko proiektuen kasuan.

Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, jarduketa ildo bakoitzerako ezarritako a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa.

10. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen kudeaketa organoak ebaluatuko ditu eskaerak, hots, Lehiakortasunaren Zerbitzuak. Prozesu horretan, laguntzen eskatzaileari eskatzen ahalko dio beharrezkoa den informazio osagarri edo argigarri guztia aurkez dezala, adieraziz, errekerimenduari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Zerbitzu horrek eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio. Emakida horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Epe hauek izanen dira diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko:

1.1. A ildoa: 2022ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

1.2. B ildoko proiektuak, 2022ko azaroaren 1a baino lehen bukatzen badira: 2022ko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne.

1.3. B ildoko proiektuak 2022ko azaroaren 1etik aurrera bukatzen badira, bi justifikazio egin beharko dira, epe hauetan:

a) Diruz lagundutako jarduketaren justifikazio partziala: 2022ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

2022ko urriaren 31ra arte gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda aurkeztu beharko dira (Excel formatuan, eta proiektu bakoitzerako ordenatuta).

b) Oinarri honen 2. puntuan adierazitako azken justifikazioa: 2022ko urriaren 15era arte, egun hori barne.

2. Bi ildoetako jarduketak justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da (B ildoaren kasuan, baita justifikazio partziala ere, 1.3.a atalean adierazitakoa):

a) Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak justifikatzen dituen memoria, bai eta onuradunari ezarritako betebeharrak bete dituela ere (laguntzen fitxan eredu bat dago).

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) 4. oinarriko langileria gastuak justifikatzeko, aurkeztuko dira nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak. 2021eko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen eta 2022ko urriko Gizarte Segurantzaren ordainagiriak 2023ko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak aurreko atalean eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Hala fakturak nola ordainagiriak onuradunen izenean egon beharko dira, eta gauzatze aldiaren barnean emanak beharko dute izan, kontuan harturik zer epe adierazten den 6. oinarrian, jarduketa bakoitzerako.

e) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. 4.2 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

f) Bidezkoa bada, kudeatzailearen edo kluster managerraren lanposturako kontratazioa 5. oinarrian adierazitako moduan justifikatuko da.

g) Beste edozein agiri, onuradunak egokitzat jotzen duena egindako proiektuak eta gastuak justifikatzeko.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza honela ordainduko da, ildoa zein den:

1. A ildoko jarduketak:

1.1. Diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, onuradunek eskatzen ahalko dute ordainketa bat edo bi egitea epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura (2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra arte).

Horretarako, proiektu bakoitzeko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte 14.1 oinarrian adierazitakoarekin bat: gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda (Excel formatuan, eta proiektu bakoitzerako ordenatuta).

1.2. Nolanahi ere, 11.2. oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

1.3. Aipatutako frogagiriak aztertzerik ez badago, ordainketa ebazpenak 2022an ematen direla ziurtatzearren, 2022ko urriaren 31 arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren konturako ordainketa bat eginen da, salbu eta dirulaguntza osoa ordaindu bada oinarri honen 1.1. atalean adierazi bezala. Horretarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak 11.2 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako frogagiriak aztertuko ditu.

1.4. Konturako ordainketak egiten badira, dirulaguntza likidatzeko ebazpen bat emanen da. Hala badagokio, PFEZaren 2022ko azken hiruhilekoaren atxikipenak eta 2022ko urritik 2023ko otsailaren 10era bitarteko Gizarte Segurantzako kuotak ordaindu izanaren frogagiriak aurkeztu beharko dira, 11.2.c) oinarrian adierazten den bezala.

2. B ildoko proiektuak:

2.1. Konturako ordainketa bat eginen da, 2022ko urriaren 31ra arte gauzaturiko jarduketei dagokien dirulaguntza ordaintzeko, egiaztatu ondoan 11.oinarriaren 1.1.3.a) atalean eskatzen den justifikazio partziala egin dela.

2.2. Proiektuak modu egokian finantzatu ahal izateko, onuradunek eskatzen ahalko dute, 2022ko maiatzaren 15a baino lehen, ordainketa bat egin dakiela 2021eko azaroaren 1etik 2022ko apirilaren 30era bitarte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura. Horretarako, 11. oinarriaren 1.3.a) atalean eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

2.3. Nolanahi ere, 11.2 oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari, behin kopuru horri konturako ordainketak kenduta. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

3. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, behar diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar orokor hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza emanen zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz. Aitorpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Lehiakortasunaren Zerbitzuari aurretik jakinaraztea deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuetan gertatzen den aldaketa garrantzitsu oro (esate baterako, onetsitako aurrekontuan edo proiektuen gauzatze mailan gertatzen diren desbideratzeak), aipatu zerbitzuak horretarako baimena eman dezan.

d) Nafarroako Gobernua gonbidatzea jasotako laguntzekin finantzatzen diren jarduketetan parte hartzera, baita diruz lagundutako proiektuak koordinatzeko edo zuzentzeko bileretan parte hartzera ere.

e) Enpresentzako ekintzetan erabiltzen diren materialak hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliz erredaktatzea, baita dirulaguntza justifikatzeko dokumentazio guztia ere.

f) Diruz lagundutako jarduketei buruz egiten den zabalkunde publikoan eta erakundearen webgunean adieraztea jarduketa horiek Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela. Horrez gain, A ildoaren onuradun diren klusterren kasuan, “Nafarroa Klusterrak” logotipoa txertatu beharko da zabalkunderako erabiltzen den webgunean eta materialetan.

g) Diruz lagundutako jarduketen zabalkunderako materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko dirulaguntzaren xedeari loturik prestatzen den dokumentazio guztian.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. A ildoko dirulaguntzen onuradunek, gainera, berariazko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kuotak ezartzea bazkideei, egitura finantzatzeko.

b) Klusterraren esportazio ekintzak Nafarroako Nazioarteko Planean jasotako ekimenekin koordinatu beharko dira, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin batera.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze maila %70etik beherakoa bada (kontuan harturik dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua), emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

14. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, helbide horretan bertan egin beharko da Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza.

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.

Bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo estatuko nahiz nazioarteko partikularrenak. Kasu horretan, B ildoko laguntzetarako, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak.

Halaber, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

16. oinarria.–De minimis laguntzak (A ildoko laguntzak).

Deialdi honetako A ildoko dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zergaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

17. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea (B ildoko laguntzak).

Deialdi honetako B ildoko laguntzei dagokienez, Administrazio hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 27. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2200286