209. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

175E/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurrekontua handitzen baita eta 8. eta 10. oinarriak aldatzen baitira honako deialdi honetan: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". DDBN: 574654; 597225; 597302; 597306.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza honen deialdia onetsi zen: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan".

Deialdi horren funtsak Nafarroako Foru Komunitateari egindako zuzeneko emakidatik datoz, eta apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi ziren. Errege dekretu horrek onetsi zituen zuzeneko laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa gauzatzeko (MOVES III programa), betiere Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Industriaren, Energiaren eta Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 30eko 58E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdiaren 12. oinarria aldatu zen.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 114E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdiaren 4.5 oinarria aldatu zen.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak deialdia aldatzea proposatzen du, aurrekontua (3. oinarria) eta 8. eta 10. oinarriak aldatzeko.

Aurrekontua handitzeari dagokionez, Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutua (IDAE) MP enpresa-erakunde publikoko presidentearen ekainaren 10eko Ebazpenaren bidez, handitu zen mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programarako (MOVES III programa) aurrekontua. Programa hori apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ebazpen horretan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako aurrekontua handitzea onartu zen, hain zuzen ere 17.840.000,00 euroan.

Aurrekontua handitzea onartu ondoren eta zeharkako kostuak eta zuzeneko inbertsioak kenduta, deialdi honen zuzkidura ekonomikoaren handitzea 16.000.000 eurokoa da. Zenbateko hori 1. eta 2. jardueren artean banatuko da, modu honetan:

2022

2023

2024

2025

GUZTIRA

DEIALDIA

1. jarduera. 820001 82500 7819 425208 MRR MOVES III laguntzen deialdia

7.200.000,00

-

-

-

7.200.000,00

2. jarduera. 820001 82500 7819 425208 MRR MOVES III laguntzen deialdia

8.800.000,00

-

-

-

8.800.000,00

GUZTIRA

16.000.000,00

-

-

-

16.000.000,00

Deialdiaren 8. oinarriaren aldaketari dagokionez, haren 4. apartatuan, honako hau adierazten da: "Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela".

Organo kudeatzaileak deialdia kudeatzen urtebete baino gehiago eman ondoren, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, espedienteen kudeaketan zuzenketa gutxiago egin beharra lortzeko xedez, honako adierazpen hau gehitzea proposatu du deialdiaren 8. oinarriaren 4. apartatuan:

"Ezin izanen da inola ere zuzendu dokumentazioa aurkeztu ez izana".

Aldaketa hori aplikatuko zaie aldaketak indarra hartu ondoren aurkezten diren eskaera berriei.

Justifikatzeko epeari dagokionez, deialdiaren 10. oinarriaren 1. apartatuan honako hau adierazten da: "Gehienez, onuradunek 12 hilabeteko epea dute jarduketa justifikatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita. Horretarako, 8.1 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko dute ordainketa eskaera, laguntzen fitxako ereduari jarraikiz, bai eta deialdi honen II. eranskinean eskatutako dokumentazioa ere".

Apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren 16. artikuluaren 10. apartatuan honako hau adierazten da: "Autonomia erkidegoek ezartzen ahalko dute jarduketak egiaztatzeko epea luzatzeko aukera deialdietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) 70. artikuluan aurreikusitakoaren arabera".

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) 70. artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntza ematen duen organoak justifikatzeko epea luzatzen ahalko du, baldin eta oinarri arautzaileetan kontrako manurik ez bada. Luzatze hori ezin izanen da hasierako epearen erdia baino luzeagoa, baldin eta hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epea luzatzeko baimena 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritako eran eginen da. Horren arabera, epea ofizioz edo interesdunek eskatuta luzatzen ahal da, eta luzatzeko erabakia interesdunei jakinarazi beharko zaie.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jarduketa justifikatzeko gehieneko epea hamabi hilabetetik hemezortzira luzatzea proposatu du; izan ere merkatuan atzerapenak gertatzen ari dira erositako ibilgailuak entregatzean eta kargatzeko guneetan instalatu behar diren materialetan, eta horrek zaildu egiten du onuradunek jarduketa epearen barruan gauzatu izana justifikatu ahal izatea, haiekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa indarrean sartu aurretik aurkeztu diren eskaerei ere aplikatuko zaie aldaketa hau, baldin eta horiek izapidetzen ari badira, justifikazioaren zain.

Horrenbestez, aipatutako arrazoiengatik bidezkoa da "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan" dirulaguntzetarako deialdian hauek aldatzea: 3. oinarrian aurreikusitako aurrekontua, bai 8. eta 10. oinarriak ere. Deialdi hori Industriaren, Energiaren era S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 3. oinarria aldatzea, deialdiaren aurrekontu-zuzkidurari dagokionez, aurrekontua handitzea onartu baita, ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan.

2. 8.4 oinarria aldatzea, paragrafo hau gehitzeko: "Ezin izanen da inola ere zuzendu dokumentazioa aurkeztu ez izana".

3. Deialdiaren 10.1 oinarria aldatzea, justifikaziorako epea luzatuz, hamabi hilabetetik hemezortzira, emakidaren ebazpena jakinarazten denetik.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2213600