206. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51E/2022 EBAZPENA, urriaren 4koa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez euskararen jakite-maila egiaztatzeko maila-proben deialdia onartzen baita, Nafarroako toki erakundeek deitzen dituzten egonkortze-prozedurei lotuak.

Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeak, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz, honako hau xedatzen du zazpigarren xedapen gehigarrian: Nafarroako toki erakundeek deitzen dituzten egonkortze-prozeduretara aurkeztu nahi duten izangaiek euskararen jakitea frogatze aldera, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak maila-probetarako deialdi bat eginen du.

Halaber, xedatzen du, proba horien emaitza gisa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararen jakiteari buruzko ziurtagiriak jaulkiko dituela, eta horien baliozkotasuna gehigarria izanen dela gai horretako titulazio ofizialen aldean, bai elebitasun eskakizunarekin deituriko lanpostuetara aurkezteko, bai, hala badagokio, Nafarroako edozein toki erakundetako egonkortze-prozeduretan merezimendu gisa baloratua izateko.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuak erakunde horren eginkizunen artean jasotzen du hautaketa prozesuei lotutako euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea.

Horrenbestez, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz, eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko Foru Dekretuak eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Euskararen jakite-maila egiaztatzeko maila-proben deialdia onestea, Nafarroako toki erakundeek deitzen dituzten egonkortze-prozedurei lotuta, eta deialdi hori Nafarroako Gobernuaren web atarian izapide elektroniko gisa argitaratzea.

2. Deialdi hori arautzen duten oinarriak onartzea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean daude.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoari, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari helaraztea, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari jakinaraztea, dagozkion ondorioetarako.

5. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean; hori guztia bat eginik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

Iruñean, 2022ko urriaren 4an.–Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Mikel Arregi Pérez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Deialdiaren xedea eta ezaugarriak.

1.1. Euskara maila-proben deialdi hau behin bakarrik eginen da, eta salbuespen gisa, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legean ezarritakoa betetzeko, eta proba horien emaitzak abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz Nafarroako toki erakundeek deitutako egonkortze-prozeduretan soilik izanen du balioa, bai elebitasun eskakizuna duten deitutako lanpostuak eskuratzeko, bai, hala badagokio, merezimendu gisa baloratzeko.

1.2. www.navarra.eus web-orrian (Nafarroako Gobernuaren izapideen "Izen-ematea ikastaro, azterketa eta bestelako jarduerak" atalean) deialdiaren fitxa bat gaituko da, eta bertan deialdi honi lotutako informazio osoa argitaratuko da. Fitxa horretara Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko webgunearen bidez ere sartzen ahalko da.

1.3. Proben eta kalifikazioen gaineko informazioa, bai eta baliagarria den beste edozein informazio gehigarri eta proben prozesuari buruzko abisuak ere deialdiaren fitxan argitaratuko dira, hargatik galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean ofizialki argitaratu beharreko izapideak.

1.4. Idatzizko eta ahozko proba bana eginen da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila bakoitzeko, A1etik C1era. Hautagaiek eskabidean adierazi beharko dute zein mailatan egin nahi duten azterketa. Ezagutza maila jakin bat egiaztatzeko, idatzizko zein ahozko proba gainditu beharko dira.

1.5. Eskabidean adierazitako mailaz gain, hala adierazten duten izangaiek adierazitakoaren beheragoko mailan ere egiten ahalko dute azterketa.

1.6. Deialdiaren fitxan, izangaiek azterketa ereduak izanen dituzte, aldez aurretik beren maila neurtzeko.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

2.2. Nafarroako toki erakundeek deitutako egonkortze-prozeduretara aurkezteko aukera izatea, baldintza orokorrak betez.

2.3. Eskatutako mailaren baliokideak diren eta egonkortze-prozeduretarako baliozkoak diren euskara tituluak edo ziurtagiriak ez edukitzea.

2.4. Desgaitasuna dela-eta probak egokitzea behar duten izangaiek egokitzapen hori zehaztu beharko dute, eta desgaitasun ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu.

2.5. Izangaiek NANa edo identifikazio agiri baliokidea aurkeztu beharko dute eskabidean eta egiten dituzten proba guztietan.

2.6. Izangaiek boligrafo urdina edo beltza erabili beharko dute idatzizko probak egiteko, eta probetan ezin izanen da bestelako materialik erabili. Halaber, sakelako telefonoak edo proben garapena oztopatzen duen beste edozein gailu elektroniko itzali edo isildu beharko dute.

3.–Izena ematea eta epeak.

3.1. Ziurtatze prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, www.navarra.eus helbidean (Nafarroako Gobernuaren izapideen "Izena ematea ikastaro, azterketa eta bestelako jarduerak" atalean). Fitxa horretara Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko webgunearen bidez ere sartzen ahalko da. Probetan izena emateko, deialdiaren izapidea bete beharko da.

3.2. Probetan izena emateko hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda eta baztertzeko arrazoia deialdiaren fitxan argitaratu ondoren, zazpi egun naturaleko epea ezarriko da zuzenketak egiteko. Izena emateko prozesuan hautematen den edozein inkongruentzia baztertzeko arrazoia izanen da, zuzentzen ahalko dena.

3.4. Zuzenketak egiteko epea igarota eta horiek ebatzita, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, maila bakoitzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko eta probak hasteko data ezartzeko.

3.5. Probak hasi baino hamar egun natural lehenago gutxienez, deialdiaren fitxan argitaratuko dira datak, ordutegiak, tokiak eta maila bakoitzeko idatzizko probetara deitutako pertsonen zerrenda.

3.6. Idatzizko proben behin betiko kalifikazioak argitaratzen direnetik (deialdi honetako 5.4 puntua), izangaiei ahozko probak egiteko egiten zaizkien deialdiak deialdiaren fitxan argitaratuko dira, gutxienez 48 ordu lehenago.

3.7. Antolamendu eta puntualtasun arrazoiak direla eta, izangaiek 10 minutu lehenago aurkeztu beharko dute deitutako probetara.

3.8. Probak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan eginen dira, eta izangaien kopuruak probak eginen diren lekuko gehieneko edukiera gainditzen badu, maila bakoitzeko probak banatzen ahalko dira edo zenbait egoitzatan egin.

3.9. Izangaiek probetara joan izanaren egiaztagiria eskatzen ahalko dute.

4.–Proben zehaztapenak.

4.1. Maila bakoitzeko bi proba eginen dira, lehena idatzia eta bigarrena ahozkoa, eta idatzizko proba baztertzailea izango da.

4.2. Oinarri arautzaile hauetako 1.5 puntuan adierazitakoari jarraikiz, izangaiak elkarren segidako bi mailetako idatzizko probak egiten baditu eta horietako bat gutxienez gainditzen badu, ahozko proba bat eginen du bi mailak ebaluatzeko. Nolanahi ere, gainditutako maila gorena baino ez da egiaztatuko.

4.3. A1 mailako probek neurtuko dituzte izangaien gaitasun hauek: izangaia gai da oso ohikoak diren eguneroko adierazpideak ulertu eta erabiltzeko, baita berehalako beharrak asetzeko moduko esaldi errazak ere. Gauza da bere burua eta beste batzuk aurkezteko eta bere helbideari, bere gauzei eta bere ezagunei buruzko oinarrizko informazio pertsonala emateko. Oinarri-oinarrizko harremanak izan ditzake, betiere solaskideak poliki eta garbi hitz egiten badu eta laguntzeko prest baldin badago.

4.4. A2 mailako probek neurtuko dituzte izangaien gaitasun hauek: izangaia gai da berarentzat bereziki garrantzitsuak diren esperientzia arloei buruzko ohiko esaldi eta adierazpideak ulertzeko (oinarrizko informazioa berari eta bere familiari buruz, erosketei, toki interesgarriei, lanbideei eta abarrei buruz). Badaki komunikatzen, harentzat ezagunak eta ohikoak diren kontuei buruzko informazio-truke erraz eta zuzena besterik eskatzen ez duten eginkizun errazak eta ohikoak badira. Bere iraganari eta inguruneari buruzko kontuak modu errazean azaltzen daki, hala nola bere berehalako beharrei buruzko kontuak.

4.5. B1 mailako probek neurtuko dituzte izangaien gaitasun hauek: izangaia gai da testu argien eta hizkuntza estandarreko testuen puntu nagusiak ulertzeko, baldin eta ezagutzen dituen gaiei buruzkoak badira, lanean, ikasketetan edo aisialdian. Kasuko hizkuntza erabiltzen den eskualdeetan barna bidaiatzen ari delarik, sortzen diren egoera gehienetan moldatzen daki. Testu erraz eta koherenteak sortzeko gauza da, gaiak ezagunak baldin badira edo haien gainean interes pertsonala baldin badu. Esperientziak, gertaerak, desioak eta asmoak deskriba ditzake, eta bere iritziak laburki justifikatu edo bere planak azaldu.

4.6. B2 mailako probek neurtuko dute izangaien gaitasun hauek dituzten baloratuko da: izangaia gai da testu konplexuetako ideia nagusiak ulertzeko; gai horiek zehatzak zein abstraktuak izanen dira, baita teknikoak ere baldin eta bere espezializazio eremukoak badira. Jatorrizko hiztunekin harremanak izan ditzake, arintasun eta naturaltasun nahikoarekin, solaskide guztiek komunikazioa ahaleginik gabe aurrera eramateko moduan. Hainbat gairi buruzko testu argiak eta zehatzak sor ditzake, eta gai orokorrei buruz duen ikuspuntua defenda dezake, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako puntuak adieraziz.

4.7. C1 mailako probek neurtuko dituzte izangaien gaitasun hauek: izangaia gai da hainbat motatako testu luze eta zail samarrak ulertzeko, hala nola horrelako testuetan zentzu inplizituak harrapatzeko. Adierazpen arin eta bat-batekoa du, adierazpide egokia aurkitzeko oso ahalegin nabarmengarriak egin gabe. Hizkuntza helburu sozial, akademiko eta profesionaletarako erabil dezake, malgutasunez eta eraginkortasunez. Nolabaiteko zailtasuna duten testu argiak sor ditzake, ongi egituratuak eta zehatzak, testuaren antolaketarako, loturarako eta kohesiorako baliabideak egoki erabiliz.

4.8. Idatzizko probek erantzun anitzeko itemak eta idazlanak izanen dituzte, eta ahozko probak, berriz, banakako adierazpenak eta elkarrizketak, bi kasuotan gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaiei buruzkoak.

4.9. Deialdiaren fitxan kontsultatzen ahalko dira maila bakoitzeko proba bakoitzaren iraupena eta tipologia.

4.10. Ahozko probak grabatu eginen dira.

4.11. Proba bakoitzaren ebaluazioa 1etik 10era bitarteko eskalan eginen da, eta proba bakoitza gainditzeko gutxieneko kalifikazioa 5 izanen da. Nolanahi ere, kalifikazioak "gainditua" edo "ez gainditua" argitaratuko dira.

5.–Egiaztagiriak.

5.1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko euskara teknikariek beren gain hartuko dute probak prestatu, zuzendu eta kalifikatzea, bai eta deialdiaren fitxaren bidez telematikaz jasotako erreklamazioak ebaztea ere, atal horretako burutzak koordinatuta.

5.2. Behin-behineko eta behin betiko kalifikazioen zerrendak probaren maila eta motaren arabera argitaratuko dira, "gainditua" edo "ez gainditua" kalifikazioarekin, eta datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia errespetatuz.

5.3. Idatzizko proben behin-behineko kalifikazioak deialdiaren fitxan argitaratu ondoren, izangaiek zazpi egun natural izanen dituzte probak aurrez aurre berrikusteko (Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan, identifikaziorako agiri batekin) eta deialdiaren fitxan erreklamazioak telematika bidez egiteko. Berrikusketa egiten den bitartean, idatzizko proban izangaiak bere erantzun orria (txantiloi ofizialaren arabera zuzenduta) soilik ikusten ahalko du, bai eta idazlanak ere.

5.4. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak idatzizko proben behin betiko kalifikazioak onesteko ebazpena emanen du.

5.5. Ahozko proben behin-behineko kalifikazioak deialdiaren fitxan argitaratu ondoren, izangaiek zazpi egun natural izanen dituzte probak aurrez aurre berrikusteko (Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan, identifikaziorako agiri batekin) eta deialdiaren fitxaren bidez erreklamazioak telematika bidez egiteko. Ahozko probaren berrikusketa egiten den bitartean, izangaiak bere ahozko probaren grabazioa kontsultatzeko aukera izanen du soilik.

5.6. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ahozko proben behin betiko kalifikazioak onesteko ebazpena emanen du.

5.7. Proba idatzia eta ahozko proba gainditzen dutenek gainditutako mailaren ziurtagiri bat eskuratuko dute. Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da soilik Nafarroako toki erakundeek deitutako abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozeduretan aurkezteko, bai elebitasun eskakizuna duten deitutako lanpostuetara sartzeko, bai, hala badagokio, merezimendu gisa baloratzeko. Ziurtagiria lortzeko jarraibideak deialdiaren fitxan argitaratuko dira.

5.8. Oinarri arautzaile hauen 1.5 puntuan adierazitakoari jarraikiz, pertsona batek maila desberdinak gainditu baditu idatzizko proban eta ahozko proban, ziurtagiriak inguruabar hori jasoko du, eta lortutako maila mailarik txikiena izanen da.

Iragarkiaren kodea: F2213292