204. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

227/2022 EBAZPENA, urriaren 7koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez dei egiten baita estatuko lekualdatze-lehiaketarako Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko irakasle funtzionarioentzat.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, seigarren xedapen gehigarriko lehenengo apartatuan, xedatzen du, besteak beste, irakasle funtzionario publikoen estatutu-araubidearen oinarria dela lanpostuak estatu mailako lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea.

Xedapen horren 3. apartatuan ezartzen da hezkuntzako administrazioek aldian-aldian estatu osorako lekualdatze-lehiaketen deialdiak egin behar dituztela, haien mendeko ikastetxeek finkatzen dituzten lanpostu hutsak bete ahal izateko. Horrez gainera, beren kudeaketa esparruko funtzionarioei beste hezkuntza administrazio batzuetako lanpostuetara jo ahal izateko aukerabidea bermatu behar diete eta, halakorik bada, lehiaketaren ondorioz sortzen diren lanpostuen esleipena egin beharra dute. Lehiaketa hauetan irakasle funtzionario publiko guztiek parte har dezakete, kontuan hartu gabe zein hezkuntza administraziotakoak diren edo nondik sartu ziren, baldin eta betetzen badituzte kasuan kasuko plantillaren edo lanpostu-zerrenden arabera deialdi bakoitzean ezartzen diren betebehar orokorrak eta berariazkoak.

Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren bidez arautu ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatuko lekualdatze-lehiaketak, baita funtzionario horiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk ere. Errege dekretu horren 7. artikuluak ezartzen du estatuko lekualdatze-lehiaketak bi urtean behin eginen direla. Kontuan harturik lehiaketa horien deialdia 2020-2021 ikasturtean egin zela, bidezkoa da ikasturte honetan arau hartan aurreikusitako estatuko lehiaketaren deialdia egitea.

Era berean, abuztuaren 2ko EFP/834/2022 Aginduak ezartzen du zer prozedura-arau aplikatu behar zaien Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat 2022-2023 ikasturtean deituko diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketei.

Bestalde, Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2022ko uztailaren 21eko 1081/2022 Epaiak, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 93. artikuluarekin, finkatu du emandako zerbitzuen balorazioari eman beharreko interpretazioa, aintzat hartuta Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentaraua (Europako Sindikatuen Konfederazioaren –CES–, Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren –UNICE– eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren –CEEP– arteko Aldi Baterako Lanari buruzko Esparru-akordioaren gainekoa) eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) akordio horren 4. klausula interpretatu eta aplikatzean emandako jurisprudentziaren bilakaera.

Epaiaren arabera, "ezin dira beste era batera baloratu karrerako funtzionario, langile finko, bitarteko funtzionario edo iraupen mugatuko langile gisa emandako zerbitzuak, ez bitarteko funtzionarioek egindako lana alde batera utzita, ez lanpostu berari puntuazio txikiagoa emanda, baldin eta lanpostu berberei badagozkie eginkizun horiek edo antzekoak eginez. Azaldutakoaren aurkako konponbidea diskriminaziozko tratua litzateke, zeina debekatzen baitu Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentarauak (zuzentaraua Europako Sindikatuen Konfederazioaren –CES–, Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren –UNICE– eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren –CEEP– arteko Aldi Baterako Lanari buruzko Esparru-akordioaren gainekoa da), eta EBJAren jurisprudentzia ere aintzat hartuta, aurreko oinarrian azaldutako moduan".

Ondorioz, aplikatu behar baitira jurisprudentziaren irizpide hori eta Hezkuntzaren Konferentzia Sektorialeko Langileen Batzordearen 2022ko urriaren 7ko erabakia, deialdi honetan sartzen da epaiak aipatzen duen balorazioa.

Horiek horrela, eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lekualdatze-lehiaketen deialdia onestea Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionario irakasleentzat, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

LEKUALDATZE-LEHIAKETAREN DEIALDIKO OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Lekualdatze-lehiaketarako deia egiten da, deialdi honetan aipatzen diren zehaztapenekin bat, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko irakasle funtzionarioei dagozkien lanpostu hutsak betetzeko.

Bigarrena.–Borondatez parte har dezaketenak.

1. Karrerako funtzionarioak, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende daudenak.

1.1. Deialdi honetan borondatez parte hartzen ahalko dute deialdiaren lehenbiziko oinarrian aipatzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek, baldin eta ondoko egoeraren batean baldin badaude:

A) Jardunean egotea eta behin betiko destinoa izatea Hezkuntza Departamentuaren mendeko hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batean, betiere ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez, bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

B) Zerbitzu berezietan egotea, gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batetik deklaratuta, baldin eta ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

C) Borondatezko eszedentzian egotea, gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batetik deklaratuta, baldin eta ikasturte hau bukatzen denerako gutxienez bi urte igaro badira aipatutako egoerara pasatu zirenetik.

Atal honetan (1.1) ezarritako ondorioetarako, 2023ko abuztuaren 31 hartuko da ikasturtearen bukaerako data gisa.

1.2. Oinarri honetako 1. atalean aipatzen diren parte-hartzaileek beren eskaeran sartzen ahalko dituzte, halaber, gainerako hezkuntza administrazioek egindako deialdietako lanpostuak, deialdi horietan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

2. Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak.

Beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioek deialdi honetako lanpostuak eska ditzakete, deialdiko betebeharrak eta baldintzak betez gero.

Langile horiei eskatuko zaie lehenengo behin betiko destinoa lortu izana hautatuak izateko erabilitako deialdiari dagokion hezkuntza administrazioaren kudeaketa esparru berean.

Hirugarrena.–Nahitaez parte hartu behar dutenak.

1. Deialdi honetan nahitaez parte hartu behar dute deialdiaren lehenengo oinarrian aipatzen diren kidegoetako funtzionarioek, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren mende daudenek, hauetako egoeraren batean baldin badaude:

A) Nahitaezko eszedentzian dauden karrerako irakasle funtzionarioak, behin-behinekoz itzultzea lortu ez dutenak, baldin eta eszedentzia deklaratu bazen gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen hezkuntzako ikuskatzailetzako plazaren batean ari zirelarik.

B) Kanpoko lanpostuei atxikita egon ondoren, 2023-2024 ikasturtean Hezkuntza Departamentuko hezkuntzako ikuskatzaileen lanpostuetara itzuli behar duten irakasle funtzionarioak, edo, aurreko ikasturteren batean itzulita ere, behin betiko destinoa lortu ez dutenak.

C) Epai bat bete edo errekurtso bat ebaztearen ondorioz, edo behin betiko zuten lanpostua berariaz kendu zaielako, behin betiko destinoa galdu duten karrerako irakasle funtzionarioak.

Deialdi honen ondorioetarako, kendutako lanpostutzat hartuko dira, bakar-bakarrik, ebazpen formal eta banan-banan egindakoaren bidez berariaz kendu direnak.

2. Lehiaketan parte hartzera beharturik egonda ere, parte hartzen ez duten langileei eta, parte hartuta ere, lanpostu aski eskatzen ez dutenei behin betiko destinoa libreki esleituko zaie, eskatzen diren betebeharrak betetzen dituzten lanpostuetan. Behin betiko destinoa lortzen ez badute, behin-behineko destinoko egoeran geratuko dira.

Laugarrena.–Deialdiko lanpostuak eta haien argitalpena.

Deialdi honetan beteko diren lanpostu hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, lekualdatze-lehiaketa hauetako prozedura arau aplikagarriak ezarri zituen abuztuaren 2ko EFP/834/2022 Aginduaren bosgarren atalean aurreikusitako egunetan zehaztuko dira, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: www.navarra.es/eu.

Ondorio horietarako, hezkuntzako plangintza orokorrean aurreikusten diren lanpostuak sartuko dira, baita kidego bakoitzaren betetze prozedurak ebatzita hutsik gelditzen direnak ere. Horiez gain, gutxienez 2022ko abenduaren 31ra arte erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentziengatik sortzen diren lanpostu hutsak ere sartzen ahalko dira. Lanpostu huts horiek hezkuntzako plangintza orokorrean aurreikusita egon beharko dute.

Bosgarrena.–Parte-hartzaileek eska ditzaketen lanpostuak.

1. Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek Hezkuntza Departamentuan dauden lanpostuak eskatzen ahalko dituzte.

2. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzeko, EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla frogatu beharko dute.

Seigarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Parte-hartzaile guztiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte parte hartzeko eskabidearekin batera:

A) Abuztuaren 2ko EFP/834/2022 Aginduaren IV. eranskin gisa argitaratutako baremoaren 2., 3., 4.1 eta 4.2 ataletan aipatzen diren merezimenduak baloratzeko egiaztagiriak. Agindu horren bidez, 2022-2023 ikasturtean deitzen diren estatuko lekualdatze-lehiaketetan aplikagarri diren prozedura arauak ezarri ziren Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan adierazitako irakasle kidegoetako funtzionarioentzat, hezkuntza sistemaren eskola irakaskuntzak ematen dituztenentzat, eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetako eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioentzat. Agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2022ko irailaren 1ean.

B) Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

C) Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz erantsiko ditu baremoko 1. eta 4.3 atalei dagozkien merezimenduak, parte-hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioaren arabera.

Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du norberaren zerbitzu-orrian ageri den euskara titulua hizkuntza horretan ematen den espezialitate bati atxikitako funtzionarioentzat, non eta parte-hartzaileek ez duten aurkezten, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, merezimenduen baremoko 4.4 atalean aipatutako euskara tituluaren frogagiria.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira parte hartzeko betebehar guztiak eta alegatutako merezimenduak.

Zazpigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi honetan parte hartzen dutenek eskabide bakarra aurkeztuko dute, eredu ofiziala erabiliz, Hezkuntza Departamentuan eta haren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/) eskura egonen dena, hari erantsitako jarraibideen arabera beteta.

Eskabideak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (San Domingo kalea z.g., Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

2. Parte hartzeko eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, epearen barrenean aurkezten den azkeneko eskabidea baizik ez da tramitatuko, eta horrek bakarrik balioko du.

Zortzigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 2022ko urriaren 17tik azaroaren 7ra artekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen soilik egin dakioke uko lehiaketan parte hartzeari. Hamabigarren oinarrian adierazten den epean ere aurkezten ahalko dira ukoak. Uko horrek parte hartzeko eskabidean adierazitako eskaera guztiak hartuko ditu.

Aurkezteko epea bukatuta, ez da onartuko eskabide gehiagorik, eskabideen eta egindako eskaeren gaineko inolako aldaketarik edo merezimenduen agiririk.

Bederatzigarrena–Lanpostuen eta postuen eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek, parte hartzeko eskabidean ("eskatzen diren lanpostuak" izeneko epigrafean), eskura ditzaketen lanpostuetatik eskatzen dituztenak jarri beharko dituzte, lehentasun ordenaren arabera, deialdi honen eranskinean azaltzen den ikastetxearen kodea adieraziz.

Eskaera guztietan ikastetxearen edo herriaren kodea eta lanpostu motaren kodea (lanpostuaren edo espezialitatearen kodea) azaldu beharko dira, eta beharrezkoa denean baino ez, bertako hizkuntzaren kodea ere adierazi beharko da euskarazko lanpostuetarako. Parte-hartzaile bakoitzak ezin ditu 300 eskaera baino gehiago egin eskabidean.

2. Euskarazko lanpostuak eskatzen badira, 1 markatuko da bertako hizkuntzen gaineko laukian (V). Hizkuntzaren betebeharra daukan lanpostua eskatzea beste eskaera bat balitz bezala kontatuko da. Gaztelaniazko lanpostuak eskatzeko, ez da hizkuntzaren laukia bete behar.

3. Ikastetxe edo herri bateko lanpostu bat baino gehiago eskatzen badira, beharrezkoa da eskatzen diren lanpostuak adina aldiz errepikatzea ikastetxea edo herria. Horren ondorioetarako, hizkuntzaren betebeharra duten lanpostuak beste espezialitate batekotzat hartuko dira.

4. Betiere, eskabidean adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak izanen dira parte-hartzaileek eskatutako lanpostutzat hartuko direnak. Irakurri ezin diren kodeak, osatu gabe daudenak, existitzen ez direnak, behar den laukian jartzen ez direnak edo parte-hartzaileak eskatzen ahal dituen lanpostuekin bat ez datozenak dituzten eskaerak bertan behera utziko dira. Eskaera guztiak aurreko inguruabarrak direla-eta bertan behera uzten badira, lehiatzailea destino esleipenetik baztertua izanen da, galarazi gabe deialdian ezarritakoaren arabera destinoa ofizioz esleitzeko kasuak.

Interesdunak daturen bat oker ematen badu edo eman gabe uzten badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, ezin izanen da inolako arrazoirengatik eskaera aldatu, ezta bertan eskaturiko lanpostuen lehentasunezko hurrenkera ere.

Hamargarrena.–Merezimenduen baremoa.

Lehiaketa ebazteko, aintzat hartuko da abuztuaren 2ko EFP/834/2022 Aginduaren IV. eranskinean jasotako baremoa. Agindu hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen irailaren 1ean, eta haren bidez ezarri ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusi eta irakasle funtzionarioentzat 2022-2023 ikasturtean eginen diren estatuko lekualdatze-lehiaketen deialdietan aplikatu beharreko prozedura arauak.

Guztirako puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, horiek ebazteko kontuan hartuko da nork duen puntuaziorik altuena baremoko ataletako bakoitzean, lehenbizikotik hasi eta baremoan ageri den ordenari jarraikiz. Horrekin ez bada berdinketa hausten, ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena azpiataletako bakoitzean, orduan ere baremoan ageri den ordenari jarraikiz. Bi kasuotan, atal bakoitzean aintzat hartzen den puntuazioa ez da izanen baremoan atal horrexentzat ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagoa, eta, azpiatalen kasuan, horiexek biltzen dituen atalaren gehieneko puntuazioa baino altuagoa. Irizpide horiek aplikatuta, azpiatalen batean edo batzuetan atal guztiari emandako gehieneko puntuazioa lortzen bada, gainerako azpiatalen puntuazioak ez dira kontuan hartuko.

Beharrezkoa baldin bada, berdinketa hausteko irizpide hauek erabiliko dira ordena honetan: kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia zein urtetan izan zen, eta hautapen prozeduran lorturiko puntuazio handiena.

Hamaikagarrena.–Merezimenduen balorazioa.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduen balorazioa organo hauek eginen dute:

A) Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzua.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari dagokio merezimenduen baremoko 1. eta 4.3 atalei dagokien puntuazioa esleitzea parte-hartzaileei.

B) Balorazio batzordeak.

Merezimenduen baremoko gainerako atalei dagokien puntuazioa parte-hartzaileei esleitzea balorazio batzordeei dagokie.

Balorazio batzorde horiek Hezkuntzako Administrazioko ikuskatzaileen kidegoko edo Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek osatuko dituzte. Horien izendapena Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen da. Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta haren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/) argitaratuko da izendatzeko ebazpen hori.

Balorazio batzordeak osatuko dituzten langileak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta izendatzen ahalko dira, edo lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren eta, hala behar bada, bigarren deiturakoaren arabera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuan, abiapuntuko letrak finkatzeko, eginen den zozketaren emaitza kontuan harturik.

Batzordeek merezimenduak baloratuko dituzte Hezkuntza Departamentuak finkatzen duen ordutegian, batzordekideen lanpostuei dagozkien eginkizunak uneoro bermatuta. Batzordeen egoitza Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusian egonen da.

Erakunde sindikalek balorazio batzordeetan parte hartzen ahalko dute.

Izendatzen den balorazio batzordeetako bakoitzean, kasuan kasuko batzordeak izendatzen duen funtzionarioak eginen du idazkari lana.

Ordezko batzordekideak izendatzen ahalko dira, batzordeak aukeratzeko erabilitako irizpideei jarraikiz. Halaber, balorazio batzordeen jardueren koordinatzaile bat izendatzen ahal da. Batzordeko kideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezartzen diren abstentzio eta errefusatze kausei lotuta egonen dira.

Hamabigarrena.–Destinoen esleipena.

1. Batzordeek lehiatzaileei emandako puntuazioen aktak departamentuan jaso ondoren, destinoak behin-behinekoz esleituko dira, parte-hartzaileek egindako eskaerei, merezimenduen baremoaren arabera lortutako puntuazioei eta deialdi honetan xedatutakoari jarraituz.

2. Behin-behineko esleipena eta parte hartzeari uko egiteko eta erreklamazioak aurkezteko epea.

Aurreko atalean aipatzen diren destinoen behin-behineko esleipena jendaurrean jarriko da eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian: www.navarra.es/eu

Argitaratze horren bidez, ukitutako lehiatzaile guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.

Lehiatzaileek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko ebazpenen kontra, horiek argitaratu eta biharamunetik bost egun balioduneko epean.

Halaber, eta epe horretan bertan, borondatez parte hartzen duten lehiatzaileek uko egiten ahalko diote lehiaketan parte hartzeari, oinarri honetan ezarritako baldintzetan. Hori dela eta, adierazten da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez dakarrela ezinbestean behin betiko ebazpenean destinoa lortzerik ez dagoela. Era berean, behin-behineko ebazpenean destinoa lortzeak ez dakar berarekin behin betiko ebazpenean destinoa lortzea.

Erreklamazio edo uko egite horiek Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta deialdiaren zazpigarren oinarrian adierazitako erregistroetako edozeinetan aurkeztuko dira.

3. Behin betiko esleipena.

Aurreko atalean adierazitako erreklamazioak eta uko egiteak aintzat harturik, deialdi honen behin betiko ebazpena onesten duen ebazpena emanen da. Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/) argitaratuko da.

Argitaratze horren bidez, ukitutako lehiatzaile guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.

Lekualdatze-lehiaketan esleitzen diren destinoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Esleitzen diren lanpostuei ezin izanen zaie uko egin; beraz, parte-hartzaileek lortutako lanpostuetan hasi beharko dute lanean.

4. Organo dei egile desberdinetako lanpostuetara lehiatuta ere, destino bakar bat lortzen ahalko da.

Hamahirugarrena.–Borondatezko eszedentzian egonda, behin betiko destinoa lortzen dutenak.

Eszedentzian egon eta lekualdatze -lehiaketa honetan destinoa lortzearen ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek, lanpostuaren jabetza hartu baino lehen, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuan, frogatzeko ez daudela zigor-espediente bidez bereizita Estatuko Administrazioaren, Autonomia Erkidegoetako Administrazioaren edo Toki Administrazioaren inongo kidego edo eskalatatik eta ez daudela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Behin betiko destinoa lortuta jardunean hasten ez badira, funtzionario izaera galduko dute, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamalaugarrena.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

Deialdi honetan ezarritakoari jarraituz lortzen diren destino berrien jabetza hartzea 2023ko irailaren 1ean izanen da, eta data horretatik aurrera hasiko dira ondorio administratibo eta ekonomikoak.

Deialdi honen bidez behin betiko destinoa beren jatorrizko lanpostuari dagokion kudeaketa esparruan ez beste batean lortzen duten funtzionarioek destinoa lortzen duten esparruari dagozkion lansari arauen araberako lansariak jasoko dituzte.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin, ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Lekualdatze-lehiaketan ematen den behin betiko ebazpenaren kontrako errekurtsoak, hezkuntzako zein administrazioren bitartez parte hartu den kontuan hartu gabe, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion hezkuntza administraziora igorri beharko dira eta hark ebatziko ditu.

Iruñean, 2022ko urriaren 7an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

ERANSKINA

Ikastetxeen zerrenda

IKASTETXEAREN IZENA

IKASTETXEAREN KODEA

HERRIA

HERRIAREN KODEA

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

31000013

IRUÑA

312010011

Iragarkiaren kodea: F2213509