201. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Udal ordenantza, birgaitzeko laguntzei buruzkoa. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2022ko maiatzaren 5ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, birgaitzeko laguntzak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 24an, eta Beriaingo Udalaren ediktuen taulan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Beriainen, 2022ko irailaren 19an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

UDAL ORDENANTZA, BIRGAITZEKO LAGUNTZEI BURUZKOA

Atarikoa

Udalak eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA (Nasuvinsa) enpresa publikoak 2022ko otsailaren 16an sinatutako hitzarmenaren eremuan sartuta dago ordenantza hau. Hitzarmen horrek helburu du hiri-berroneratze prozesuetan laguntzea, ELENA-PRIMAVERA Europako proiektua garatzeko (kontratua: ELENA-2017-141).

Hitzarmen horretan, Beriaingo Udalak konpromisoa hartu zuen laguntzen ordenantza bat ezartzea aztertzeko, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden bizilagunei laguntzeko, erkidegoetako obren kostuetan haien ekarpena murriztuz (hala nola inguratzaile termikoak jartzeko obretan edo oztopo arkitektonikoak kentzekoetan).

Ordenantza honen helburua da erabakiak hartzen laguntzea jabeen erkidegoetan, bizitegi-eraikinen eta horien instalazioen energia-efizientzia hobetzeko jarduketei ekin nahi dietenean, edo beren erkidegoan oztopo arkitektonikoak kendu nahi dituztenean, egoera ekonomiko zaurgarriena duten bizilagunek ordaindu beharreko kuotaren zati handi bat finantzatuz.

Bertan definitzen dira ekonomikoki zaurgarriak diren pertsonen eta pertsona zaurgarri larrien figurak, Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunari (ERREGEROSNA) loturiko errenta-muga jakin batzuei loturik, bizikidetza-unitateko kide kopuruaren arabera eta erreferentziatzat hartzen diren inguruabar berezi jakin batzuen arabera.

Horrenbestez, eraikitako hiria berroneratzea eta birgaitzea dira helburuak, Beriaingo hiri-ingurunean pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko, eta eraikinen oztopo arkitektonikoak ezabatzeko.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da laguntzak arautzea, honako obra hauek sustatzeko:

–Etxebizitzen energia-efizientzia eta jasangarritasuna.

–Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Laguntzak aplikatuko zaizkie etxebizitza kolektiboetan egiten diren jarduketei, baldin eta egiten bada 3. artikuluan adierazitako obra motaren bat, 20 urte edo gehiagoko antzinatasuna duten jabeen erkidegoen, etxebizitza-elkarteen edo kooperatiben ekimenez.

3. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Laguntzak aplikatuko zaizkie gutxienez 20 urteko antzinatasuna duten eta antolamenduz kanpo ez dauden etxebizitza kolektiboen eraikinetako birgaitze-jarduketei, baldin eta sustatzen badira jabeen erkidegoen, etxebizitza-elkarteen edo kooperatiben ekimenez, eta honako obra hauek guztiak edo hauetako batzuk egiten badira:

a) Eraikineko inguratzaile termikoaren hobekuntza, berotzeko edo hozteko behar den energia murriztearren, fatxadan, estalkian, babestu gabeko beheko solairuetan edo aipatu inguratzailearen edozein paramentutan; isolamendu termikoaren hobekuntzak; zureria aldatzea eta hutsarteetan beirak jartzea; terraza teilatudunak ixtea edo haietan beira jartzea; eta bestelakoak, gailu bioklimatikoak (landare estalkiak eta fatxadak eta abar) eta itzala sortzekoak paratzea barne.

b) Jarduketak irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona guztientzako diseinurako, oztopoak kentzeko badira, dibertsitate funtzionala dutenak eraikinaren eremu komunetan sar daitezen, bide publikotik etxebizitzetaraino, eta eremu horiek erabil ditzaten.

c) Energia berriztagarriak (eguzki-energia, fotovoltaikoa, biomasa, aerotermia, geotermia) sortzeko edo horiek erabiltzeko ekipoak jartzea, energia termiko edo elektriko konbentzionalaren kontsumoa murriztearren. Baita energia berriztagarriko edozein teknologia, sistema edo ekipo jartzea ere. Esaterako, eguzki-panel termikoak eta aerotermiaren arloko konponbide integralak aire-girotzerako eta etxeko ur berorako, etxebizitzek eskatzen duten etxeko ur beroa sortzeko edo aire-girotzeko instalazioen ur beroa sortzeko.

d) Eraikineko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea, besteak beste lanparak eta argiak aldatuz energia-errendimendu handiagoko beste batzuekin ordezkatuta eta orokortuz, adibidez, LED argiztapena, piztea kontrolatzeko eta argiztapen-maila erregulatzeko sistemen instalazioak eta argi naturalaren aprobetxamendua.

e) Ur-horniduraren instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak jartzea, saneamendu sare bereiziak ezartzea edo ur grisak eta euri-urak eraikinean edo lurzatian bertan berrerabiltzeko bestelako sistemak ezartzea, baita estolderia publikora isurtzen den bolumena gutxitzeko balio duten sistemak ezartzea ere.

Baldin eta aurkeztutako proiektuak obra horiekin batera garatzen baditu beste obra mota batzuk, laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko dira soilik artikulu honetan zerrendatutako obrak.

Aldez aurretik, Eraikinaren Ebaluazio Txostena (EET) egin beharko da. Txosten horretan, laguntzen xede den birgaitze-proiektuaren bidez zuzenduko diren gabeziak identifikatuko dira. Laguntza jasotzeko Gai izateko, jarduketak eraikinaren ebaluazio txostenean zehaztutako obrak jaso beharko ditu.

4. artikulua. Baldintzak.

4.1. Udal laguntzak jasotzen ahalko dituzte eraikin horietako obrek, baldin eta, Nafarroako Gobernuak ezarritako laguntzak lortzeko baldintzak betetzeaz gain, ordenantza honetan zehaztutako baldintzak ere betetzen badituzte.

4.2. Jarduketak bildu beharko ditu lurzati horretarako hirigintzako araudian nahitaez egin beharrekotzat jotzen diren jarduketa guztiak.

4.3. Gainera, ondotik zehazten diren baldintza guztiak bete beharko dira:

a) Kontrataren aurrekontua (BEZik gabe) etxebizitza bakoitzeko gutxienez ere 4.000 eurokoa izanen da, batez beste.

b) Eraikinen inguratzaile termikoaren gaineko jarduketa aurreikusten duten obrak izanen dira higiezinaren itxituren multzoarenak, eta beteko dituzte Eraikuntzaren Kode Teknikoak ezarritako eskakizunak (EKT-HE1, energia-eskaera mugatzea).

c) Espediente bakoitzak aldeko txosten tekniko bat izan beharko du, EEBBk edo gaitutako bulegoak emana. Obrak, oro har, txosten horren arabera behar dira izan nahitaez egin beharrekoak, eta oso-osorik egin beharko dira. Orobat, obrak horiek Udalak onetsi beharko ditu ondoren.

d) Egin beharreko obrek aurrekontu zehaztu batean agertu beharko dute nahitaez, neurri eta prezio unitarioak adieraziz, edo proiektu teknikoa beharko da, behar bezala ikus-onetsia, hala badagokio.

e) Obrak udal planeamenduarekin bat etorriko dira eta beteko dute araudia, birgaitzeari, egituren segurtasunari, bizigarritasunari eta aplikagarri diren gainerako guztiei dagokienez.

f) Aurrekontuan baliabide ekonomikoak izatea, egokitzen den ekitaldi ekonomikoaren kargura laguntzak eman ahal izateko.

g) Behar diren inprimaki ofizialak bete beharko dira eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko, bai eta adierazpen espresua ere, interesdunek eskatzen zaizkien betebeharrak baldintzarik gabe onartzen dituztela dioena.

4.4. Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte artikulu honetan agindutako baldintzak betetzen dituzten obrek, baita obra-lizentzia ordenantza honek indarra hartu aitzin eskuratu bada ere, betiere laguntzen eskaera-datan hasita ez badaude diruz lagungarriak diren obrak.

5. artikulua. Udalaren laguntza motak.

5.1. Laguntzen aplikazio oinarria.

Laguntzak kalkulatzeko, aurrekontu babesgarria hartuko da oinarritzat.

Aurrekontu babesgarria osatzen dute exekuzio materialaren aurrekontuak, gastu orokorrek, mozkin industrialak, ordainsari teknikoek eta tasek.

Laguntzen portzentajeak zein zenbatekoei aplikatu behar zaizkien kalkulatzeko, lehenbizi kenduko dira haien gainean izan daitezkeen zergak.

5.2. Laguntza ekonomikoak.

5.2.1. Laguntza bereziak, eskasia egoeran daudenendako.

Eskasia egoeretarako laguntza berezien onuradunak izanen dira higiezineko etxebizitzen jabeak, baldin eta eskasia egoera jakin batean badaude.

Jabe bat eskasia egoeretarako laguntza berezien onuradun izateko, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituen higiezin batean bizitzeaz gain, bete beharko ditu, orobat, bai artikulu honetan bai 6. artikuluan zehaztutako baldintzak.

Dirulaguntza indibidualak izanen dira, Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuaren kalifikazioan onartutako aurrekontu diruz lagungarrian parte hartzeko laguntza-ehunekoa aplikatuz eta kontuan hartuz eskatzailearen familia-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak (FDH), errenta egokiagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazleari (ERREGEROSNA) erreferentzia egiten dioten errenta-atalaseek zehaztua.

FDHaren kalkulua eginen da bat etorriz laguntza eskatzeko unean indarrean dagoen araudiarekin, eta aplikatuko da eskaera egiteko unean indarrean dagoen koadroa.

Onuradunak 5.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez, inguratzaile energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko, eta 2.000 euro gehienez, energetikoki eraginkorrak diren instalazioak hobetu edo jartzeko, eta ordenantza honetan ezarritako koadroan jasotako gainerako kasuetarako.

Betiere, zaurgarritasun egoeretarako laguntzak jasoko ditu jarduketa sustatzen duen erakundeak –izan daiteke jabeen erkidego bat, kooperatiba bat edo etxebizitza-elkarte bat–, baina horiek erabiliko dira laguntza eman zaion jabe edo gozamendun eskatzaileak murriztu dezan esleitutako obraren kostua. Laguntza ematen bada, interesdunari eta erakundeari jakinaraziko zaie, aldi berean.

Interesdunek ez badute PFEZaren aitorpena egiteko betebeharrik, Ogasunaren salbuespen-ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute (F98 inprimakia), bai eta familia-unitateko kideen diru-sarreren erakunde jaulkitzaileen ziurtagiriak ere, honako hauek jasoko dituztenak: familia-unitateko kideen izena eta NAN zenbakia, diru-sarreren kontzeptuak, urteko zenbatekoak, data eta sinadura.

6. artikulua. Eskasian daudenendako laguntza bereziak eskatu nahi dituzten etxebizitzen jabeek bete beharreko baldintzak.

Eskasian daudenendako laguntza bereziak eskatu ahalko dituzte etxebizitzen jabeek, baldin eta 3. artikuluko betebeharrak betetzen dituen jabeen erkidego bateko kide izateaz gain, ondoko oinarrizko baldintzak betetzen badituzte:

–Zein eraikinetan egin behar den birgaitze lana, bertako etxebizitza baten jabe izatea, eta horretan bertan modu jarraian bizitzea.

–Beste etxebizitza baten jabea edo gozamenduna ez izatea, birgaitu beharreko eraikinean edo lokalean kokatutako etxebizitzaz gain.

–Eskatzailearen familia-unitatearen hilabeteko errenta haztatua egon beharko da ordenantza honetako udal laguntzen laburpen-koadroan jasotako tarteen barruan.

–Udal zergen ordainketa egunean izatea, eta ordaindu gabeko inolako zorrik ez izatea Beriaingo Udalarekin.

Laguntza berezi hau eman dela interesdunari jakinaraziko zaio, betiere horretarako gaituak dauden gizarte zerbitzuek aldeko txostena emanda.

7. artikulua. Onuradunak.

Onuraduntzat hartuko dira jabeen erkidegoak.

Laguntza guztiak jabeen erkidegoak jasoko ditu. Baina eskasian daudenendako laguntza bereziak erabili beharko dira jabe onuradun horrek murriztu dezan bere partaidetza kuota.

LABURPEN-KOADROA

Udalaren laguntzak

LAGUNTZA MOTAK

ZENBATEKOA

ESLEIPENAREN BALDINTZAK

LAGUNTZA BEREZIAK, ZAURGARRITASUN EGOERAN DAUDENENTZAKO

JARDUKETA MOTA

FAMILIA-UNITATEAREN EDO BIZIKIDETZA-UNITATEAREN DIRU-SARRERAK

ETXEBIZITZEN ENERGIA-EFIZIENTZIA ETA JASANGARRITASUNA

< 1 aldiz ­ERREGEROSNA

1 eta 1,7 arteko ­ERREGEROSNA

a) Inguratzaile termikoa hobetzea.

%40

Gehienez ere: 5.000 euro

%20

Gehienez ere: 2.500 euro

b) Efizientzia energetikoko instalazioak hobetzea edo jartzea.

c) Energia berriztagarriak sortzeko edo erabiltzeko aukera ematen duten ekipoak instalatzea.

d) Eraikineko edo lurzatiko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea.

e) Urez hornitzeko instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak instalatzea

%40

Gehienez ere: 2.000 euro

%20

Gehienez ere: 1.000 euro

IRISGARRITASUNA ETA SEGURTASUNA, ERABILTZEKO ORDUAN

Irisgarritasun unibertsala eta pertsona ororentzako diseinua

%40

Gehienez ere: 5.000 euro

%20

Gehienez ere: 2.500 euro

Eskasia egoeretarako laguntza bereziak erabiliko dira jabe onuradunak murriztu dezan proiektuaren eta obraren kostuan duen partaidetza kuota; laguntza guztiak jabeen erkidegoari emanen zaizkio.

8. artikulua. Mugak.

Higiezin bat birgaitzeko ordenantza honetan dauden laguntzak jaso ondoren, ezin izanen da beste laguntza espedienterik tramitatu 5 urteko epea iragan arte.

Ordenantza honekin bat egiten duten etxebizitzak ez dira inola ere inter vivos gisa lagatzen ahalko, bost urteko epean, laguntzak jasotzen dituzten obrak bukatzen direnetik hasita, non ez zaion Udalari itzultzen laguntza berezi gisa eskuratutako zenbateko guztia, salbu eta Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako kasu bereziak direnean.

9. artikulua. Laguntzak emateko irizpideak.

Udalak lehentasun ordena ezartzen ahalko du obrei udal baliabideak esleitzeko, ondotik zehazten diren irizpideen arabera:

a) Esku hartzeko premia larria, eraikinaren egituraren egoeraren ondorioz pertsonentzako eta ondasunentzako arriskuak saihesteko.

b) Birgaitu beharreko etxebizitzetarako aurreikusten den erabilera, beharrizan sozioekonomikoak kontuan hartuta.

c) Aurreikusita dauden obren tipologia.

d) Beste batzuk.

10. artikulua. Espedienteak izapidetzea.

11.1. Orokorrean, interesdunek EEBBra edota horretarako gaitua dagoen bulegora jo beharko dute, behar dituzten jakingarriak jaso ahal izateko.

11.2. Birgaitze bulegoak honako alderdi hauen berri emanen die interesdunei, ikuskapen-bisita egin ondoren, hala badagokio:

–Zer obra egin behar diren.

–Kasu bakoitzean zer agiri tekniko behar den.

–Zer laguntza jaso daitezkeen.

11.3. Interesdunak behar den dokumentazioa aurkeztuko du EEBBn edo horretarako gaitua dagoen bulegoan.

11.4. EEBBk edota horretarako gaitua dagoen bulegoak Udalari igorriko dio eskabidea, txosten teknikoarekin batean, Udalak haren gaineko erabaki espresua har dezan. Ebazpen hori gehienez ere bi hilabeteko epean eman beharko du, Udalaren Erregistro Orokorrean sartzen denetik hasita.

11.5. Oro har, eta ordenantza honetan berariaz jasorik ez dauden eta izapidetzean planteatzen diren inguruabar berezietan, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzean Nafarroako Gobernuak baliatzen duen irizpideari jarraikiko zaio.

11. artikulua. Laguntzak jasotzea.

12.1. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak behar bezala bukatzen direnean, betiere bi hilabeteko epean, interesdunak aginduzko "Obra bukaeraren orria" aurkezten duenetik hasita, eta obrek bat egiten badute lizentziarekin, dagokion dokumentu teknikoarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin.

12.2. EEBBaren esku egonen da nahitaezko txosten teknikoa prestatzea, obrak bukatu ondoren, zertarako eta, behar bezala eginak badira, Udalak espedientean jasota dauden gainerako laguntzen gaineko likidazioa egin dezan; orobat, harekin loturik dauden inguruabar guztien jarraipena eginen du eta haiek kudeatuko ditu, hasieratik bukatu arte, hori guztia onuradunek hartu dituzten laguntzek erabateko eraginkortasuna lor dezaten.

12. artikulua. Udalaren laguntzen bateragarritasuna.

Ordenantza honetan aurreikusitako udal laguntzak bateragarriak izanen dira espedientean helburu berarekin izan daitezkeen edozeinekin, muga bakarra izanik jasotako laguntzen batura osoa ez izatea jabe bakoitzari dagokion aurrekontu babesgarriaren zenbatekoaren %100 baino handiagoa.

13. artikulua. Laguntzak galtzea.

14.1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutuz gero, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarra duen legean diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke.

Orobat, aplikatzekoak izanen dira laguntza eta dirulaguntza publikoen onuradunei ezartzen zaizkien betekizun eta erantzukizunak, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 81 eta 82. artikuluetan (1091/1988 Legegintzako Errege Dekretua, irailaren 23koa) orokorrean jasotzen direnak, baita dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ere.

14. artikulua. Eskumena.

Ordenantza honen aplikazioari dagokion orotan, EEBBak edo horretarako gaitua dagoen bulegoak udal irizpideak bete beharko ditu Tokiko Gobernu Batzarraren bitartez, hori izanen baita udal organo eskuduna ondorio guztietarako, ordenantza behar bezala betetzen dela zainduko duena bidezko helburuak lor daitezen.

1. ERANSKINA

Zaurgarritasun ekonomikoko egoeren sailkapena

ZAURGARRITASUN EKONOMIKOKO EGOEREN SAILKAPENA

FAMILIAREN OSAERA (1)

GEHIENEKO DIRU-SARREREN TAULA – 2018KO PFEZ

ERREGEROSNA ALDIETAN HAZTATUTAKO DIRU-SARRERAK. 2018KO ZERGA-OINARRIAREN ZATI ­OROKORRAREKIN ETA SALBUETSITAKO ERRENTEKIN ALDERATU BEHARREKO DATUA

Zaurgarritasun egoera larria: < 1 ERREGEROSNA

Zaurgarria, > 1 < 1,7 ERREGEROSNA

Lagun bakarra

8.793,79

14.949,44

2 lagun

11.725,05

19.932,58

3 lagun

12.562.55

21.356,34

4 lagun

13.323,92

22.650,66

5 lagun

14.183,53

24.112,00

6 lagun

15.161,70

25.774,89

7 lagun

16.284,79

27.684,14

8 lagun

17.587,57

29.898.88

9 lagun

19.116,93

32.498,78

Taula 2019ko ekainaren 20tik dago indarrean.

Oharra (1). Familia-unitatean desgaituren bat badago, beste pertsona bat zenbatuko da. Gauza bera gertatzen da familia-unitateak 65 urtetik gorako pertsonaren bat edo genero-indarkeriaren biktimaren bat duen kasuan.

Oharra (2). GIEE eta genero indarkeriaren biktimak: %90 lehenengo urtean eta %75 bigarren urtean.

Oharra (3). Kategoria orokorreko familia ugaria: %3 gehiago; kategoria berezikoak %6 gehiago.

T haztapen-koefizientea: 0,94.

N haztapen-koefizientea:

–Kide 1eko familia: 1.

–2 kideko familia: 0,75.

–3 kideko familia: 0,7.

–4 kideko familia: 0,66 (hortik gorako kide bakoitzeko, haztapen koefizienteari 0,04 kenduko zaio).

ERREGEROSNA 2018. urtea = 8.266,16 euro.

(Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna).

II. eranskina.–Eskabidea, zaurgarritasun egoeretarako laguntza ordaintzeko, Beriaingo eraikinak birgaitzeko jarduketetan.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2212658