196. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren prozeduraren bidez. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaro horiek. DDBN identifikazioa: 646472.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak 6.1 artikuluan xedatzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokiola “gazteen eskubideak babestea, garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean askatasunez, berdintasunez eta eraginkortasunez parte hartuz”, eta “gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa”, gazteen prestakuntza premiak erraztearen aldeko apustu argia eginez.

Bestalde, azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua eta onesten baitira haren estatutuak, 3.2.b) artikuluan, beste eginkizun batzuen artean, “laguntza eta dirulaguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea” esleitzen dio.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) sortzea onetsi zuen ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuak. Arau horren 3. artikuluaren arabera, haren zereginak dira, besteak beste, NGJEk eta onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek sustatutako ikastaroen tituluak, diplomak eta ziurtagiriak ematea, ezartzen den aurretiazko tramitazioari jarraituz. Orobat, NGJEn zeregina da ezartzea gazteriaren arloko jardueren eremuko tituluen ikastaroetako programak eta aisialdiko eskolei onarpen ofiziala ematea eta kentzea.

Monitore edo zuzendariak prestatzeko ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea eta elkarte sareak mantendu eta garatzea sustatzen dira, gazteen boluntariotza laguntzen da, baita lan merkatuan sartzea ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da, komunitate mailan, herri eta auzoetan, bai gazteriaren etxeetan bai aisialdiko espazioetan.

Horregatik, eta arlo horretan gazteriaren arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak ezarritako eginkizunak eta helburuak betetzeko, egokia da aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroetara doazen partaideei dirulaguntzak emateko deialdia izapidetzea, ikastaro horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak direnean.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko ekainaren 29ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari deialdi hori onets zezan, laguntzok banakako ebaluazio prozeduraren bidez emateko.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Ikastaroek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak izan behar dute, eta haien zati teorikoak 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdiari erantzuteko, 35.000,00 (hogeita hamabost mila) euroko gastua baimentzea; 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Gazteen prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002 09100 4809 232102 partidak 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan izanen duen partida korrelatiboari egotziko zaio gastu hori.

2023ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua 10.000,00 euro handitzen ahalko da gehienez.

4. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5. Ebazpen hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 25ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenei laguntza ekonomikoak emateko, ikastaro horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak direnean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek banakako ebaluazioko araubideari jarraikiz emanen dira.

Laguntzak eskatu ahal izateko, ikastaroek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta haien zati teorikoak 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik

Zati teorikotzat hartuko da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 20ko 34/2004 Foru Aginduaren 5. artikuluan (1.a eta 2.a apartatuak) zehazten den aldi teoriko-praktikoa. Foru agindu horrek onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek aisialdiko zuzendari eta monitore izateko ikastaroak arautzen dituzten arauak ezarri zituen.

Monitore edo zuzendariak prestatzeko ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea eta elkarte sareak mantendu eta garatzea sustatzen da, gazteen boluntariotza laguntzen da, baita lan merkatuan sartzea ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da, komunitate mailan, herri eta auzoetan, bai gazteriaren etxeetan bai aisialdiko espazioetan.

Dirulaguntza hauen bidez, gizarte onura horri lagundu nahi zaio, eta haien xedea da zati batean estaltzea Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek aisialdiko monitore edo zuzendari izateko antolaturiko eta emaniko ikastaroetarako matrikula eskubideek dakartzaten gastuak.

2.–Zenbatekoak.

Deialdiari honetako 35.000,00 (hogeita hamabost mila) euroko gastua 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Gazteen prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002 09100 4809 232102 partidak 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan izanen duen partida korrelatiboari egotziko zaio.

2023ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua 10.000,00 euro handitzen ahalko da gehienez.

3.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatutako eta emandako monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroan bizitzea eskaera aurkezten den unean.

b) Laguntza eskatzen den unean 31 urte beteak ez izatea.

c) Zati teorikoa gaindituta izatea. Gazteriaren Nafarroako Institutuak ofizioz egiaztatuko ditu aisialdiko eskolek egindako ikastaroen gainean igortzen dituzten aktak.

d) Matrikularen zenbatekoa ordainduta izatea.

e) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

Aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaro batean lehenbiziko aldiz parte hartzen denean soilik emanen da dirulaguntza, eta ez ondorengoetan, salbu behar bezala frogatutako gaixotasun larrien kasuan.

4.–Aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2023ko urriaren 31ra bitarte aurkezten ahalko dira.

4.2. Eskaerak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-jovenes-que-realicen-cursos-de-monitor-o-director-de-tiempo-libre-2022-2023

5.–Dokumentazioa.

5.1. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskaera-orria, behar bezala beterik. Hori izanen da tramite honetarako eskabidea (2. eranskina).

b) Ikastaroaren kostua ordaindu izanaren egiaztagiria, zenbatekoa agertzen duena.

c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.

d) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria, laguntza eskatu aurreko hilabetean emana.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala beterik (hori aurretik aurkeztu ez dutenen kasuan soilik).

f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena (2. eranskina).

g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (2. eranskina).

h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hiru hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean (2. eranskina).

5.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatuko zaie dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6.–Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

6.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da dirulaguntza kudeatzeko unitatea. Eskaerak izapidetuko ditu eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

6.2. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko monitore izateko ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza eskatzaileak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50 izanen da; nolanahi ere, gehieneko muga bat ezarri da laguntza bakoitzeko: 175 euro.

6.3. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko zuzendari izateko ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza eskatzaileak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %90 da; nolanahi ere, gehieneko muga bat ezarri da laguntza bakoitzeko: 360 euro.

7.–Ebazpena.

7.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, erregistroan aurkeztu ziren ordena horretan berean.

7.2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Laguntzak ebaztean zenbait eskaera biltzen badira ebazpen berean, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da gutxienez, eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

7.3. Laguntzen zenbatekoa 2023rako Nafarroako Gobernuko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.–Bateragarritasuna.

8.1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza-emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan adieraziko da jaso den zenbatekoa.

8.2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ezin izanen da inola ere izan onuradunak matrikula edo inskripzioan ordaindutakoa baino handiagoa.

9.–Onuradunen betebeharrak.

9.1. Laguntza erabiltzea eman den xederako.

9.2. Ikastaroa osorik gainditzea eta dagokion titulua eskuratzea.

9.3. Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

9.4. Informazioa ematea eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatutako egiaztapenak egitea.

9.5. Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuari.

9.6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

10.–Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Onartutako laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta hiru hilabeteko epean, gehienez.

11.–Ez-betetzeak.

Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu eta jasotako dirua itzuli beharko da.

Laguntza itzuli beharko da baldin ikastaroa ez bada osorik gainditzen eta dagokion titulua ez bada lortzen eta, horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutako arrazoiengatik.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

13.–Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

14.–Aplikatu beharreko legeria.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2211910