191. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

25/2022 FORU LEGEA, irailaren 19koa, zeinaren bidez aldatu egiten baita 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ ALDATU EGITEN BAITA 19/2022 FORU LEGEA, UZTAILAREN 1EKOA, ZEINAREN BIDEZ NEURRIAK HARTZEN BAITIRA NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN EGONKORTZE PROZESUAK GAUZATZEKO, ENPLEGU PUBLIKOAN BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO PREMIAZKO NEURRIEI BURUZKO ABENDUAREN 28KO 20/2021 LEGEAREN ONDORIOZ

HITZAURREA

2022ko uztailaren 14an argitara eman zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Aipatu foru legeak xedapen gehigarri bat dauka, hitzez hitz honela dioena:

“Hirugarren xedapen gehigarria.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak tramitatzen dituzten aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozedurei aplikatu beharreko arauak.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eremuetan, arau honen 10. artikuluan ezarritako lekualdatze-lehiaketaren aurretik, aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozedurak deituko dira, eta horietan parte hartzen ahalko dute urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinean jasotzen diren estamentu eta espezialitate bereko enplegatu finkoek.

2. Prozeduren deialdian prozesuaren ezaugarriak jasoko dira, eta aplikatuko da Osasuneko kontseilariaren urriaren 28ko 129/2008 Foru Aginduan xedatutakoa (foru agindu horren bidez ezarri zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aldez aurreko barne-egokitzapen sistema arautzen duen prozedura berezia), honako salbuespen hauekin:

2.1. Hauek izanen dira prozesua egiteko epeak:

a) Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea: 7 egun baliodun.

b) 5 egun balioduneko epea izanen da aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozesuaren tramiteen kontra erreklamazioak aurkezteko, zer egintza edo ebazpenen aurka erreklamatu nahi den, hura argitaratu edo jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Dagokion lan-eremuko Profesionalen Zerbitzuko buruari edo zuzendariari aurkeztuko zaio, eta hor erregistratu beharko da berariaz.

c) Erreklamazioak ebazteko epea 7 egun baliodunekoa izanen da.

2.2. Deialdia eginen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek onesten duten enplegu publikoa egonkortzeko eskaintzan sartzen diren lanpostuetarako. Ez dira eskainiko beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak.

Aldez aurreko barne-egokitzapenaren ondoren hutsik geratzen diren lanpostuetarako deialdia eginen da foru lege honen 10. artikuluan ezarritako lekualdatze-lehiaketan.

2.3. Parte hartzen duten langile finko interesdunen mugikortasuna gauzatuko da dagokien lan-eremuko estamentu eta espezialitate berean.

2.4. Aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozeduran eskaintzen diren lanpostu hutsak betetzeko, lehentasuna izanen dute eskainitako lanpostu hutsaren estamentu eta espezialitate bereko lanpostu bat betetzen ari diren langileek, baldin eta destinoa badute egokitzapena egiten den oinarrizko antolamendu-unitatean. Gerta daiteke egokitzapena eginen den antolamendu-unitatean langile batek baino gehiagok interesa izatea hizpide dugun prozedura honetan parte hartzeko; gerta daiteke, hala berean, prozeduran parte hartzeko interesa dutenek ez izatea destinoa egokitzapena egiten den oinarrizko antolamendu-unitatean. Horrelakoetan, eskaintzen den lanpostu hutsa esleituko zaio antzinatasun aitorturik handiena egiaztatzen duen izangaiari.

Lehiakideak puntuetan berdindurik baldin badaude, ebatziko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zerbitzu ematen denbora gehien daramanaren alde. Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

2.5. Aldez aurreko barne-egokitzapenean lehiakideei egokitu zaizkien lanpostuak esleitzeko ebazpena formalizatu egin beharko da foru lege honen 10. artikuluan aipatzen den lekualdatze-lehiaketa ebatzi aurretik.

2.6. Osasun arlokoak ez diren eta lehiakideei aldez aurreko barne-egokitzapenean egokitu zaizkien lanpostuak esleitzeko ebazpena onetsi egin beharko da 2022ko abenduaren 31 baino lehen”.

Zehazki, 2.2 apartatuan aurreikusten da kanpo uztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldez aurreko barne-egokitzapenerako deialditik “gelditzen” direnak, xedatzen baita lanpostuak betetzeko prozesu horietan ez direla eskainiko beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten postuak eta, halaber, aldez aurreko barne-egokitzapenaren ondoren hutsik geratzen diren lanpostuak lekualdatze-lehiaketan deituak izanen direla.

Bada, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko aldez aurreko barne-egokitzapenerako deialditik “gelditzen” diren postuak kanpoan uzteak dakarren ondorioa da langile finkoek, atxikita dauden lantokian bertan mugikortasunerako eskubidea baliatu nahi badute, murriztuta edukiko dutela lanpostu-betetze prozesuan parte hartzea, ez dutelako modurik izanen titularrek aldez aurreko barne egokitzapeneko prozesuetan parte hartzearen ondorioz hutsik “gelditzen” den lanposturik eskuratzeko, ez aldez aurreko barne egokitzapenaren bidez, ez geroagoko lekualdatze-lehiaketaren bidez ere.

Foru lege honek lanpostu-betetze prozesuen bitartezko barne mugikortasunerako eskubide osoa berreskuratu asmo du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitako langileentzat, egonkortze prozesuek halatan langile finkoei ez diezaieten eskubide-galerarik ekar.

Artikulu bakarra.–Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea aldatzea, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Bat.–Hirugarren xedapen gehigarriaren 2.2 apartatua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:

“2.2. Deitu beharrekoak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek enplegu publikoa egonkortzearen ondorioetarako onesten duten eskaintzan sartuta dauden lanpostuak, bai eta aldez aurreko barne egokitzapeneko prozesu horietan parte hartzearen ondorioz beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere.

Aldez aurreko barne egokitzapenaren ondoren hutsik geratzen diren lanpostuak sartuak izanen dira foru lege honen 10. artikuluan aurreikusitako lekualdatze-lehiaketan”.

Bi.–Xedapen gehigarri bat eransten da, bederatzigarrena, honako testu hau izanen duena:

“Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Arauak, aldi baterako enplegua merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozedurei aplikatzekoak, baso-kanpainetako lanpostuen kasuan.

Suhiltzaile-peoi laguntzaile eta suhiltzaile-gidari laguntzaile lanpostuak merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozeduretan, 9.1 artikuluko a.1) letrak adierazten duen lanbide-merezimenduen balorazioak zerbitzu-urtealdi bat osoa eman dela joko du noiz eta, gutxienez ere, kanpaina bat osoa lan egin denean urte naturalean.

Apartatu honetan emandako puntuazioan berdinketarik egonez gero, ebatziko da suhiltzaile-zerbitzuan lan egindako egunen guztizko kopuruari erreparatuz”.

Hiru.–Xedapen gehigarri bat eransten da, hamargarrena, honako testu hau izanen duena:

“Hamargarren xedapen gehigarria.–Arauak, aldi baterako enplegua merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozedurei aplikatzekoak, errenta-kanpainetako lanpostuen kasuan.

Gradu ertaineko tituludun lanpostuak merezimendu-lehiaketaren bidez egonkortzeko prozeduretan, 9.1 artikuluko a.1) letrak adierazten duen lanbide-merezimenduen balorazioak zerbitzu-urtealdi bat osoa eman dela joko du noiz eta, gutxienez ere, kanpaina bat osoa lan egin denean urte naturalean.

Apartatu honengatik emandako puntuazioan berdinketarik egonez gero, ebatziko da kasuko lanpostuan lan egindako egunen guztizko kopuruari erreparatuz”.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarra hartuko du argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko irailaren 19an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2212741