180. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

91/2022 FORU AGINDUA, irailaren 2koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren urriaren 13ko 47/2015 Foru Agindua, 591 eredua onetsi zuena, “Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena” izenekoa.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren harmonizazio irizpideak Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis artikuluan jasotzen dira (abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako hitzarmena). Artikulu horrek ezartzen du ezen, zerga horren ordainarazpenean, Estatuak une horretan ezarriak dituen funtsezko eta formazko arau berak aplikatu behar dituela Nafarroako Foru Komunitateak. Dena dela, zergaren aitorpena eta diru-sarrera egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu Foru Komunitateak, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean diru-sarrera egiteko epeak ezartzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe.

Tributu arloko ahal hori baliatuz, Foru Komunitateak martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legea onetsi du, zeinak lehenengo artikuluan energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga arautzen baitu. Zerga horrek energia elektrikoa ekoiztea eta sistema elektrikoan sartzea zergapetzen du. Zerga-oinarria izanen da energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbateko osoa (energia elektrikoa, betiere, zentraleko barretan neurtua).

Zerga behar bezala kontrolatzeko, abenduaren 27ko 1041/2013 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezarri zuen ezen energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zergadunei diru-zenbatekoak ordaintzen dizkietenek zergadun horiekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpen bat aurkeztu behar dutela. Urteko aitorpen hori 591 ereduaren bidez eginen da, “Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena” izenekoa, zeina Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren urriaren 13ko 47/2015 Foru Aginduaren bidez arautu baitzen.

2021eko eta 2022ko ekitaldietan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga eteteko salbuespenezko neurriak hartu dira. Etete horren ondorioz, zergaren zerga-oinarria kalkulatzeko, eta, orobat, ordainketa zatikatuak kalkulatzeko oinarria kalkulatzeko, beharrezkoa da zerga etenda dagoen hiruhilekoetan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainketak kentzea.

Zehazki, Tributu Harmonizazioari buruzko uztailaren 14ko 3/2021 Legegintzako Foru Dekretuak zerga hori eten egin zuen 2021eko hirugarren hiruhilekoan. Tributu Harmonizazioari buruzko irailaren 22ko 5/2021 Legegintzako Foru Dekretuak 2021eko laugarren hiruhilekora luzatu zuen etenaldi hori. Azkenik, Tributu Harmonizazioari buruzko apirilaren 13ko 2/2022 Legegintzako Foru Dekretuak 2022ko lehenengo bi hiruhilekoetara luzatu zuen etenaldia.

Foru agindu honen xedea da 591 ereduaren edukia aldatzea, zerga etenda dagoen hiruhilekoei dagozkien ordainketei buruzko aitorpenak egin beharrik egon ez dadin.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren urriaren 13ko 47/2015 Foru Aginduaren aldaketa. Agindu horren bidez 591 eredua onetsi zen, “Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena” izenekoa.

Xedapen gehigarri bakarra gehitzen zaio urriaren 13ko 47/2015 Foru Aginduari, eduki honekin:

Xedapen gehigarri bakarra.–Zergadunekin egindako eragiketen urteko aitorpena, zerga etenda izan duten zergaldiei dagokiena.

Zergaldi baten barruan zerga hiruhilekoren batean eteten denean, zergadunekin egindako eragiketen urteko aitorpenean sartuko da, bakar-bakarrik, zerga likidatzeko betebeharra dagoen zergaldiko hiruhilekoetan sistema elektrikoaren garraio- eta banaketa-sisteman sartutako elektrizitatea ordaintzeko egindako ordainketen zenbatekoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2022ko irailaren 2an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2211929