179. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

439E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ETEentzako dirulaguntza-deialdi bat onesten baita kanpo merkataritzako teknikariak kontratatzeko. DDBN identifikazioa: 645195.

Kanpo merkataritzako teknikariak kontratatzeko laguntzen 2022ko deialdiak helburu du Nafarroako enpresa txiki eta ertainen (ETEak) esportazioen bolumena bultzatzea eta ohiko esportatzaile diren ETEen kopurua handitzea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Kanpo merkataritzako teknikariak kontratatzeko ETEentzako laguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810003-81400-4709-431300: Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat

2023

163.200,00

810003-81400-4709-431300: Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat

2024

40.800,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 22an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

1. ERANSKINA

Kanpo merkataritzako teknikariak kontratatzeko laguntzak ETEentzat. Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da kanpo merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontratatzea, horrela, Nafarroako enpresa txiki eta ertainek nazioartekotzeko gaitasuna gara dezaten eta haien esportazioak areagotu ditzaten, eta, ondorioz, eskuarki esportatzen duten Nafarroako ETEen kopurua handitu dadin.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izan daitezke onuradunak:

a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.

b) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere zein den enpresaren egoitza fiskala eta desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.

3. Eskatutako betebeharrak eskabidean berean sartuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira, eta laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, bai eta diruz laguntzen den kontratua indarrean den bitartean ere.

3. oinarria.–Kontratazio diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren xedea izanen da onuradunek kontratatzea enpresaren nazioartekotze plana gauzatuko duten pertsonak, dela enpresaren Nafarroako lantoki batean, dela kanpoko batean. Azken kasu horretan, enpresa onuradunaren filial batek destinoko herrialdean kontratatzea ere onartuko da. Kontratazioari lotutako gastuak diruz lagungarriak izateko, enpresa onuradunak ordaindu beharko ditu, edo, langilea destinoko herrialdean kontratatua badago, haren filialak.

Kontratatzen diren pertsonek baldintza hau bete beharko dute kontratazioaren unean:

Ez izatea enpresaren jabetza edo kontrola dutenen ezkontideak, aurreko ahaideak, ondorengoak edo ezkontza nahiz odol bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak, ezta zuzendaritzako karguak dituztenenak ere, edo, sozietatearen forma juridikoa duten entitateen edo enpresen kasuan, ezta haietako administrazio organoetako kideenak ere.

2. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez hamabi hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.

b) Kontratua mugagabea edo aldi baterakoa izan daiteke; ez, ordea, praktiketarako edo ikaskuntza eta prestakuntzarako. Ez dira baliozkoak izanen autonomo gisa aritzen diren langileekin sinatutako kontratuak.

c) Kontratuak adieraziko du ezen kontratatutako pertsona ariko dela kanpo merkataritzako lan teknikoetan, eta lan horiei dagokien talde profesionala esleituko dio.

d) Kontratuak sinatuko dira deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita dirulaguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabete igaro bitarte.

3. Kontratatzen den pertsona Gizarte Segurantzan afiliatuko da 1., 2. edo 3. kotizazio taldeetan, bere lanbide kategoriari dagokionaren arabera, edo filiala dagoen herrialdean kotizazio talde horien baliokidea den batean.

4. Laguntzaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanen da kontratu bakoitzeko.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 30ean bukatuko.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/ayudas-a-pymes-para-la-contratacion-de-personas-tecnicas-en-comercio-exterior-2022(aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Laguntza eskatzen bada kontratu baterako baino gehiagotarako, horietako bakoitzerako eskaera bat aurkeztuko da.

4. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, fitxan eskura dauden ereduen arabera, artxibo bereizietan eskaneatuak eta izenaren bidez behar bezala identifikatuak:

a) Eskaera telematikoa, 2. oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasotzen duena.

b) Nazioartekotze plana, kontratatuko den pertsonaren laguntzarekin ezarri nahi dena.

c) Kontratazio plana: kontratatu beharra justifikatzea, kontuan izanik planteatutako nazioartekotze estrategia eta kontratazio horrek konpontzen lagunduko lituzkeen zailtasunak, eta kontratatuko den pertsonak egin beharreko lanak.

d) Eskaera 6. oinarriko 3., 4., 5.eta 6. irizpideen arabera baloratzeko bidea ematen duen dokumentazioa (3. irizpidea: “Kalitatezko enplegua sortzeko eragina”; 4. irizpidea: “Enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa”, 5. irizpidea: “Enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa”, eta 6. irizpidea: “Jasangarritasuna”).

e) Urteko kontu erregistratuak (baita ikuskatuak ere, horretara derrigortuak badaude), itxita dauden azkeneko 2 zerga ekitaldietakoak (laguntzak eskatzen diren egunean itxita daudenak). Eskatzailearen kontuak eta hari elkartutako eta lotutako enpresenak aurkeztuko dira, halakorik bada.

5. Baldin eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 4. ataleko b), c) eta d) letretan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora zuzendu.

5. oinarria.–Norgehiagoka.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.4 oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Enpresa batek eskaera egiten badu kontratu bat baino gehiago egiteko, eta horietako batean 6.2 oinarrian adierazitako puntuazioa baino handiagoa eskuratzen badu, dirulaguntza baten baino gehiagoren onuraduna izaten ahalko da baldin eta kreditu nahikoa badago gutxieneko puntuaziotik gora eskuratzen duten gainerako eskatzaileei erantzuteko.

6. oinarria.–Balorazio irizpideak.

1. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1. irizpidea: Nazioartekotze planaren kalitatea xedeko merkatuan, gehienez 65 puntu.

Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan proposamenaren kalitatea aztertzeko irizpide honetan:

ATALA

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.1. Barne analisi estrategikoa

Enpresaren barne baliabideen analisi zehatza, xedeko merkatuari eta enpresa nazioartekotzeko proiektuari dagokienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

12

–Langileak: baloratuko da nola aztertu den zer neurritan dauden enpresako langileak motibaturik nazioartekotze proiektuarekin, nola egokitzen diren esportazioan inplikatutako langileen profilak egin beharreko eginkizunetara, tamaina egokia, langileen antolakuntza (1 puntu).

–Nazioartekotuko den produktua edo zerbitzua: baloratuko da behar bezala deskribatzea haren ezaugarriak eta lehiakortasun faktoreak (teknologia, diseinua, marka, prezioa, etab.) (3 puntu).

–Nazioartekotze planaren bideragarritasunaren azterketa (5 puntu).

–Enpresak bere prozesuetan duen digitalizazio maila (3 puntu).

1.2. Kanpoko analisi estrategikoa

Baloratuko da honako alderdi hauen analisia, kontuan izanik sakontasuna eta enpresa nazioartekotzeko proiektuarekin duen lotura.

13

–Ingurune politikoa (1 puntu).

–Ingurune legala (2 puntu).

–Ingurune sozioekonomikoa (2 puntu).

–Sektorearen egoera xedeko merkatuan (2 puntu).

–Xedeko publikoaren profila (3 puntu).

–Lehiakideen analisia (zer enpresa diren, zer estrategia duten, zer produktu edo zerbitzurekin lehiatzen diren) (3 puntu).

1.3. AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak)

Barneko eta kanpoko analisia oinarritzat harturik, baloratuko da zer analisi egin den xedeko merkatuan nazioartekotzeko enpresak dituen indarrez eta ahuleziez, baita mehatxuez eta aukerez ere.

12

1.4. Planifikazioa

Xedeak. Baloratuko da zer neurritan diren helburu horiek berariazkoak, neurgarriak, errealistak, garrantzitsuak eta diruz lagundutako kontratazioaren bukaera-epera mugatuak (10 puntu).

Xedeko merkaturako ekintza plana, diruz lagundutako ekintzaren aldirako. Baloratuko da behar bezala garatzea, egutegia, balorazio ekonomikoa (aurrekontua) eta, batez ere, justifikazioa, aurreko atalean planteatutako helburuak lortzeko (10 puntu).

20

1.5. Orokorra

Planaren koherentzia

8

2. irizpidea: Kontratazio planaren justifikazioa eta koherentzia, gehienez ere 15 puntu.

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTUAK

2.1. Kontratazioaren justifikazioa, aurreko puntuetan planteatutako nazioartekotze estrategiarekin loturik, eta, orobat, azalduko da zer zailtasun konpontzen lagunduko lukeen kontratazioak.

7,5

2.2. Kontratatutako pertsonaren eginkizunak. Baloratuko da zer neurritan egokitzen zaizkion proposatutako eginkizunak kanpo merkataritzako profil tekniko bati.

7,5

3. irizpidea: Nafarroan kalitateko enplegua (kontratu mugagabeak) sortzeko duen eragina, gehienez 6 puntu.

Irizpide hau baloratzeko, “Kotizazioaren Kontu Kode baten Lan Bizitzaren Txosten” bat erantsi beharko da enpresak Nafarroan duen Gizarte Segurantzako kotizazioaren kontu kode bakoitzerako, 2020ko abenduari eta 2021eko abenduari dagozkienak, non langile bakoitzaren kontratu mota agertzen den.

KONTRATU MUGAGABEA DUTEN PLANTILLAKO LANGILEEN KOPURUA (2020-2021 KONPARAZIO TAULA, ABENDUAREN 31KO DATUEKIN)

PUNTUAK

Enplegu mugagabeari eustea

1

%10 edo gutxiago handitzea

1+ (½ x handitutako portzentaje-puntuak)

%10 baino gehiago handitzea

6

(*) Esaterako, enpresa batean kontratu mugagabea duten langileen kopurua %5 handitu bada, orduan 3,5 puntu dagozkio irizpide honetan.

4. irizpidea: Enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa; gehienez, 4 puntu.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko dirulaguntzen azken hiru deialdietako onuradunak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean aritzeko.

b) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko dirulaguntzen azken hiru deialdietako onuradunak kontratatu izana.

Irizpide hau baloratzeko, laguntza eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.

KONTRATATUTAKO EDOTA PRAKTIKETAN HARTUTAKO PERTSONA KOPURUA

PUNTUAK

Pertsona bat

2

Bi pertsona edo gehiago

4

5. irizpidea: Enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa: gehienez, 5 puntu.

Honako neurri hauetakoren baten bidez frogatuko da enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa:

a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia” zigilua, eta abar).

b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

c) 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

–Norberaren, laneko eta familiako bizitza uztartzeko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk aplikatu izana, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentu baten bidez egiaztatu daitezkeenak (laguntzen fitxan eskuragarri dagoen “Berdintasunaren aldeko enpresa-ekintzak” izeneko dokumentuan, berdintasunaren aldeko ekintzetako batzuk zerrendatzen dira).

–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

ENPRESAREN KONPROMISOA GENERO BERDINTASUNAREKIN

PUNTUAK

Berdintasun plana izatea, edo tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatiko bereizgarri edo aitortzaren bat, edo, bestela, zuzendaritza postuetan gutxienez %30 emakumeak izatea

5

Berdintasunaren aldeko ekintzak (puntu bat esleituko da ekintza bakoitzeko), edo sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo hedatu izana

3, gehienez

6. irizpidea: Enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa: gehienez, 5 puntu.

Garapen jasangarriarekiko konpromisoa honako ziurtagiri eta kudeaketa-sistema akreditatu hauen bidez egiaztatzen duten enpresek 5 puntu lortzen ahalko dituzte:

–Ingurumenaren kudeaketa: EMAS egiaztapena, ISO 14001 eta antzekoak (ISO 14006, ekodiseinuaren kudeaketari buruzkoa, edo ISO 14040, produktuaren bizi-zikloaren analisiari buruzkoa), produktuaren ingurumen adierazpena (PIA, ISO 14025 arauaren arabera), aztarna hidrikoa edo karbono-aztarna murrizteko estrategiak.

–Energia-efizientziaren kudeaketa: ISO 50001.

–Ekonomia zirkularraren kudeaketa: Ekonomia zirkularreko estrategiak, zero hondakinak.

–Gizarte-erantzukizunaren kudeaketa eta jasangarritasun globala: InnovaRSE sistema, IQNet SR10, ISO 26000, garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpena, Bcorp.

–Erakundeak jasangarritasuna hobetzearekin duen konpromisoa erakuts dezaketen beste ziurtagiri batzuk.

2. Enpresek ez dute dirulaguntzarik jasoko baldin eta ez badituzte lortzen, 1. eta 2. irizpideak batuta, gutxienez ere 42 puntu.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 4 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ebazpenean azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten enpresa eskatzaileen zerrenda eta onartutako zenbatekoa. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

8. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.

Dirulaguntzaren onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki laguntzen fitxaren bitartez, hemen azaltzen diren epeetan:

1. Laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabetera:

a) Kontratuaren kopia bat.

b) Kontratazioa atzerriko filial baten bidez egiten bada, filialaren eraketa-eskrituren kopia.

c) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.

d) Zinpeko aitorpena, 3. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

e) Kontratatutako pertsonaren nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Lan bizitzaren txostena, enpresaren kotizazio kontuaren kodeari dagokiona, non kontratatutako pertsona agertuko den, edo agiri horren baliokidea dena filiala kokatuta dagoen herrialdean.

2. Bi hilabeteko epean, diruz lagundutako kontratuaren seigarren hilabetea betetzen denetik hasita:

a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, kontratuaren lehenengo sei hilabeteei dagozkienak.

b) Gizarte Segurantzako “Langileen izenen zerrenda” agiria, edo horren baliokidea, kontratuaren lehenengo 6 hilabeteei dagokiena.

c) Agiri bidezko froga bat, egiaztatzen duena bete dela publizitateari buruzko betebeharra, 10. oinarriko d) letran ezarritakoa, salbu eta publizitate hori egiten bada enpresaren webgunearen bidez. Kasu horretan, webgunearen helbidea adieraziko da.

3. Bi hilabeteko epean, kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatzen denetik hasita, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, kontratuaren zazpigarren hilabetetik kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatu arte igarotako hilabeteetakoak.

b) Gizarte Segurantzako “Langileen Izenen Zerrenda” izeneko agiria, edo horren baliokidea, kontratuaren zazpigarren hilabetetik kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatu arte igarotako hilabeteetakoak.

c) Enpresaren kotizazio kontuaren kodeko lan bizitzaren txostena, edo horren baliokidea, diruz lagundutako aldiari dagokiona (12 hilabete).

d) Diruz lagundutako kontratazioaren finantzabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa.

e) Azken memoria, gutxienez honako informazio hau jasoko duena:

–Aurkeztutako Nazioartekotze Planaren barrenean kontratatuak egindako ekintzen azalpena, eta egindako lanarekin enpresak duen gogobetetasun maila.

–Zer mailatan bete diren nazioartekotze planaren helburuak (laguntzen eskaeran adierazitakoaren arabera), eta, nolanahi ere, nola aldatu diren enpresaren esportazioak, bai guztira egindakoak, bai diruz lagundutako nazioartekotze planaren xedeko merkatura egindakoak.

f) Eskatzailearen eta, hala badagokio, haren enpresa elkartu eta lotuen azken ekitaldi fiskal itxiaren urteko kontu erregistratuak (eta ikuskatuak, horretara behartuta egonez gero), bai eta ETEaren aitorpen eguneratua ere, eskabidea aurkeztu zenetik aldaketarik izan bada.

g) Eraginkortasun eta ebaluazio inkesta (online inkesta bat da, eta laguntzen fitxan dago eskura).

4. Justifikazioa aurkezten bada oinarri honetan adierazitako epeak bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Dirulaguntza bi unetan ordainduko da:

a) Kontura egindako lehenbiziko ordainketan, emandako dirulaguntzaren %80 ordainduko da. Ordainketa hori 2023an eginen da, 8. oinarriko 1. eta 2. ataletan eskatutako justifikazioa aurkeztu ondoren.

b) Gainerako %20a 2024an ordainduko da, behin aurkezturik 8. oinarriko 3. atalean adierazitako justifikazioa.

3. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) 3.2 oinarrian kontrataziorako ezartzen diren betebeharrei eustea diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean.

c) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea 8. oinarrian adierazten den moduan.

d) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz adieraztea dirulaguntza honen onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. Logoa www.planinternacionaldenavarra.es helbidean deskarga daiteke.

e) Betetzea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskatzen dizkion eraginkortasun adierazleen galdetegiak, diruz lagundutako kontratazioa bukatzen den ekitaldiaren ondoko 2 ekitaldietan.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea gal daiteke, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Zehazki, deklaratzen ahalko da galdu dela dirulaguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea, proportzioan kalkulatua, baldin eta kontratua azkentzen bada urte bat igaro baino lehen –epe hori eskatzen da 3.2.a) oinarrian–, salbu eta enpresak 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen beste norbait kontratatzen badu hurrengo hilabetean, eta horren berri ematen badio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari, hilabeteko epean, kontratu berria egiten den egunetik hasita.

11. oinarria.–De minimis laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Horretarako, onuradunek, eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntzen berri emanen dute.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, zeina www.nafarroa.eus webgunean eskuratzen ahal den (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/ayudas-a-pymes-para-la-contratacion-de-personas-tecnicas-en-comercio-exterior-2022).

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira soilik lan merkatua berritzeko presako neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoekin eta, kontratazioa dela-eta, onuradunek lor ditzaketen zerga arloko kenkariekin eta Gizarte Segurantzako bestelako hobariekin.

2. Dirulaguntzak ez ditu inola ere gaindituko, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, lehenbiziko kontratazio urteko lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Era berean, deialdi honen emaitzak laguntzen fitxan argitaratuko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-pymes-para-la-contratacion-de-personas-tecnicas-en-comercio-exterior-2022).

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2211526