174. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47/2022 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Energia Jasangarriaren III. Lehiaketaren oinarriak onesten dituena.

2030erako Nafarroako Energia Planak, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an onetsiak, komunikazio eta partaidetza publikoari, prestakuntzari eta sentsibilizazioari lotutako helburu estrategikoak jasotzen ditu 9.2.1 apartatuan, eta, horien artean, honako hauek daude: «Energiaren inguruko kultura berri bat zabaltzea herritarren artean» eta «Komunikazio eta partaidetza publiko onak sustatu eta bermatzea».

Helburu horiekin bat etorriz, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak Energia Jasangarriaren Hirugarren Lehiaketaren oinarriak onesten ditu, Nafarroako ikastetxe publiko eta itundu guztientzat.

Edizio honetan, lehiaketak ikastetxeetan energia aurreztea bultzatzea du xede, hezkuntza komunitatea energia aurreztearen eta energia efizientziaren garrantziaz kontzientziatze aldera. Lehiaketak zerikusia du baliabide energetikoen erabilera arduratsu eta eraginkorrarekin, energia aurreztearekin, energia efizientziarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planak agertzen duen eredu energetiko jasangarri berriarekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Energia Jasangarriko III. Lehiaketaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. 1.497,98 euroko gastua onestea lehiaketako sariaren ondoriozko gastuetarako. 2022ko gastuen aurrekontuko 820001 82500 2268 425200 “Jasangarritasuneko eta energia hezkuntzako sariak” partidaren bidez finantzatuko da.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, hartan 00001121-2021-0048 espediente zenbakia adierazita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 16an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ENERGIA JASANGARRIKO III. LEHIAKETA

1. oinarria.–Xedea.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak III. Jasangarritasun Lehiaketa antolatu du, ikastetxeetan energia aurreztea bultzatzeko eta eskolako gazteak eta hezkuntza komunitatea energia aurreztearen eta energia efizientziaren garrantziaz kontzientziatzeko helburuarekin. Lehiaketak zerikusia du baliabide energetikoen erabilera arduratsu eta eraginkorrarekin, energia aurreztearekin, energia efizientziarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planak agertzen duen eredu energetiko jasangarri berrirako trantsizioarekin.

Honetan datza lehiaketara aurkeztu beharreko lana: energiaren erabilera efizientearen bidez eta ikastetxearen ezaugarrietarako egokia den metodologia zehatzaren bitartez energia aurrezteko helburuak, aztarna ekologikoa txikiagotzen laguntzen dutenak, jasotzen dituen proiektu bat garatzea.

2. oinarria.–Parte hartzeko betekizunak.

Nafarroako ikastetxe publiko eta itundu guztiek, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako, unibertsitateko graduetako eta helduen hezkuntzako edozein etapa eta modalitatetakoek, hartzen ahal dute parte Energia Jasangarriko III. Lehiaketan (“ikastetxeetan energia aurreztea”).

3. oinarria.–Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektua PDF formatuan aurkeztuko da. Ikastetxean energia aurreztea sustatu beharko du eta zati hauek jaso beharko ditu:

3.1. Hezkuntza komunitatea inplikatuz energia aurrezteari eta energia erabiltzeko aztura hobetzeari dagokionez lortu beharreko helburuak azaltzen dituen testua. Lehenago, zentroko idazkaritzan galdetuko da zein diren energia gastuari buruzko datuak eta zer eragin ekonomiko eduki zuten aurreko ikasturtean.

3.2. Euronet 50/50 metodologia ikastetxeko benetako egoerara egokituta azaltzen duen testua (azalpen eranskina jasotzen da). Ikasleekin eta hezkuntza komunitatearekin egiteko jolasak edo jarduerak aurkeztuko dira.

Aurkeztu beharreko eredua oinarrien I. eranskinean dago.

4. oinarria.–Lanak non eta noiz aurkeztu.

4.1. Proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Epea lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta hurrengo hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

4.2. Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten ahal dira (Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko izapideen katalogoko «III. Jasangarritasun Saria: Ikastetxeetan energia aurreztea» izeneko fitxaren bidez, www.nafarroa.eus webgunean), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Proiektuak telematikoki zein aurrez aurre aurkezten ahal dira eta datu hauek jaso beharko dituzte:

–Proiektua aurkezten duen pertsonaren izena eta bi abizen eta ordezkatzen duen ikastetxearekin duen lotura.

–Ikastetxearen izena eta helbidea.

Eskabideari eskatutako proiektua erantsiko zaio, PDF formatuan.

5. oinarria.–Proiektu irabazlearen hautaketa

5.1. Epaimahaiak jasotako proiektuak ebaluatuko ditu. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuaren zuzendaria.

–Nazioarteko Proiektuen Bulegoko burua.

–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko langile bat.

5.2. Ebaluazioari begira, epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat:

–Proiektuaren bideragarritasuna, proiektuaren bidez proposaturiko emaitzak: 30 puntu.

–Hezkuntza komunitatearen inplikazio maila (irakasleak, ikasleak, familiak, irakasle ez diren langileak): 40 puntu.

–Hezkuntza komunitateko eragile guztiek parte hartzen dute: 40 puntu.

–Hezkuntza komunitateko hiru eragilek parte hartzen dute: 30 puntu.

–Hezkuntza komunitateko bi eragilek parte hartzen dute: 20 puntu.

–Hezkuntza komunitateko eragile bakar batek parte hartzen du: 10 puntu.

–Energia erabiltzeko azturetan planteatutako hobekuntza: 30 puntu.

Ez dira aintzat hartuko epaimahaiaren iritziz 3. oinarrian aipatutako ezaugarriekin zerikusirik ez duten proiektuak.

5.3. Bai epaimahaiaren epaitza bai proiektu irabazlea izapideen katalogoko fitxa zehatzean, Nafarroako Gobernuaren sare sozialetan eta egokitzat jotzen diren hedabideetan argitaratuko dira, proiektuaren ikastetxea ere adierazita.

6. oinarria.–Saria.

Lehiaketako saria 1.497,98 eurotan baloratutako laguntza teknikoa izanen da, zentro irabazleari proiektua inplementatzen laguntzeko helburuarekin. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak kontratatuko du.

7. oinarria.–Administrazio deitzailearen eskubideak.

7.1. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak beretzat gordetzen du oinarri hauetan xedatutakoa betetzen ez duten ikastetxeak lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea.

7.2. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari lagatzea lan irabazlea, bai eta proiektu irabazlea jendaurrean komunikatzeko eskubideak ere, proiektua sustatzen duen ikastetxea aipatuta.

8. oinarria.–Datuen babesa.

Parte hartzeak berekin dakar lehiaketa honetan parte hartzen duten pertsonen datuak tratatzeko baimena ematea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren esparruan.

9. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea, baita epaimahaiak edo Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak hartzen dituen erabakiei men egitea ere. Oinarriok ez betetzeak lehiaketan parte hartzeko ezintasuna ekarriko du, epaimahaiaren edo zuzendaritza nagusiaren irizpideari jarraikiz.

ENERGIA JASANGARRIKO III. LEHIAKETA

Ikastetxeetan energia aurreztea

I. ERANSKINA

Proiektuaren ezaugarriak

Proiektuak ikastetxean dirua eta energia aurreztea lortzea xede duten zenbait urrats jaso beharko ditu. Eraikinen erabiltzaileak aktiboki nahasi beharko ditu energia kudeatzeko prozesuan, eta ekintza praktikoen bitartez ingurumena errespetatzen duten portaerak aplikatu beharko dira.

I. zatia.

I.–Ikastetxeko energiaren erabilerak identifikatzea: elektrizitatea, gasa, gasolioa…

II.–Aurreztea eta energia efizientzia hobetzeko helburuak.

III.–Hobetzen ahal diren energiaren erabilerak, zehaztuta.

II. zatia.

1.–Lan metodologiaren proposamena (gero azalduko da), ikastetxera egokituta.

2.–Zentroan energia aurreztea eta hezkuntza komunitatean energiaren inguruko kultura berri bat sortzea xede duten jarduera esanguratsuak. Azaldutako jarduerak txertatzen ahal dira, ikastetxera egokituta.

3.–Jardueren garapenean eta energiaren inguruko kultura berriaren sorketan parte hartuko duten eragileak.

4.–Energia aurrezteari eta energia erabiltzeko azturak hobetzeari dagokionez espero diren emaitzak.

50/50 metodologia.

1. urratsa.–Energia taldea sortzea.

Energia taldeak honako kide hauek eduki behar ditu, gutxienez: ikasle talde bat (gela batekoak edo gela bat baino gehiagoko ordezkariak), irakasle interesdun bat edo bi eta ikastetxeko atezaina. Haren zeregina ikastetxearen oraingo energia egoera arakatzea eta energia aurrezteko neurriak proposatu eta inplementatzea da. Halaber, taldeak hezkuntza komunitateko gainerako kideentzako informazio eta hezkuntza kanpaina bat antolatuko du.

2. urratsa.–Energia ibilbide gidatua.

Ikasleekin lan egiten hasi aurretik, zuzendariak, nahasitako irakasleekin eta atezainarekin batera, “energia ibilbide gidatu” delakoan parte hartuko du. Horrek geroko zereginetarako prestatuko ditu. Hona hemen ibilbidearen helburuak:

–Eskola eraikinaren energia ezaugarrien hasierako ebaluazioa egitea (berokuntza sistema, eraikinaren egoera teknikoa eta abar barne).

–Ikasleek arreta jarri behar dieten elementuak identifikatzea eta ikasleentzat arrakastatsuak izan daitezkeen esperientziak bilatzea.

3. urratsa.–Ezagutzea, jabetzea eta planifikatzea.

Etapa honetan, ikasleak (bai energia taldekoak bai besteak) gai hauekin trebatuko dira:

–Energiaren formak edo energia eguneroko bizitzan erabiltzeko modua eta horrek ingurumenean duen eragina.

–Berotegi efektua, klima aldaketa eta klimaren babesa.

–Energia aurreztea, energia efizientzia, energia iturri berriztagarrien erabilera.

Kontu horiek bai ohiko eskoletan bai ikasleekin egindako bilera gehigarrietan (hau da, ekoeskolako bileretan, energia taldearen bileretan…) planteatzen ahal dira. Helburua da ikasleei klimarekin eta energiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ezagutza eta kontzientziazioa ematea eta jakinaraztea klima aldaketari eragiten dioten ekintzak egiten ahal dituztela eta haien banakako ekintzak garrantzitsuak direla.

4. urratsa.–Energia ibilbidea/ikuskapena.

Oraingoan, energia taldeak eginen du energia ibilbidea. Ikastetxeko irakasleek eta atezainak gainbegiratuta, ikasleek eskola eraikin guztia ikuskatuko dute eta ikastetxeko energia kontsumoari eragiten dioten alderdiak ebaluatuko dituzte, alegia:

–Eraikinaren egoera teknikoa.

–Berokuntza sistema.

–Argiztapena.

–Ekipo elektronikoen erabilera.

–Ur beroaren erabilera.

Ikastetxeko gela guztiak aztertu beharko lirateke (ikasgelak, korridoreak, eskailerak, gimnasioak, komunak, irakasleen gela, biltegiratze gelak, etab.).

5. urratsa.–Tenperaturari buruzko datuak hartzea eta energiaren erabilera ebaluatzea.

Proiektuaren exekuzioaren etapa honetan, energia taldeak bi zeregin dauzka:

–Ikastetxearen epe luzeko tenperatura profil bat egitea. Horretarako, 2 astez ikasgela guztietako tenperaturak neurtuko ditu eta ezarritako estandarrekin bat datozen egiaztatuko du.

–Energiaren erabilera ebaluatzea. Horretarako:

  • Ikasleen, irakasleen eta eskola eraikinaren beste erabiltzaile batzuen jokabideak ikastetxeko energia kontsumoan duen eragina behatuko du. Arreta berezia jarriko da portaera hauetan: ikasgelak eta ikastetxeko aretoak aireztatzeko metodoa, berokuntza erregulatzeko metodoak, aparatu elektriko eta elektronikoen erabilera, etab.
  • Ikasleen artean (energia taldetik kanpokoen artean) inkestak eginen dira ikastetxeko tenperaturei buruz, airearen kalitateari buruz, ekipo elektriko eta elektronikoen erabilerari buruz eta energiarekin zerikusia duten beste gai batzuei buruz duten iritzia jakiteko.

6. urratsa.–Ekintza plana/irtenbideak.

Etapa honetan, energia taldeak bere emaitzak analizatu eta ikastetxeko energia kontsumoa murrizteko irtenbide proposamenak eginen ditu (portaeren aldaketa eta inbertsio txikiak). Era berean, proposamenen “xede taldeak” identifikatuko ditu, baita energia aurrezteko mezua helarazteko moduak ere.

7. urratsa.–Informazio kanpaina.

Etapa honetan, energia taldeak ikastetxearen gainerako erabiltzaileekin partekatuko du proiektuaren exekuzioan ikasi duena eta ikastetxearen erabiltzaile guztiek energia aurrezteko egiten ahal dutena. Taldeak zenbait komunikazio kanal erabiltzen ahal ditu, besteak beste: kartelak edo arbel digitalean aurkezpenak egitea, ikasgeletan eta ikastetxeko ekitaldietan aurkezpenak egitea, energia aurrezteari buruzko jardunaldi bat antolatzea, ikastetxearen webgunean horri buruzko espazio bat sortzea, etab.

8. urratsa.–Inbertsio txikiak eskatzen dituzten neurrien berri ematea.

Batzuetan, diru kopuru txikiek ere aldaketa handia ekar dezakete! 50/50 metodologiaren helburu nagusia energia inbertsio ekonomikorik gabe (jokabideak aldatuz) aurreztea den arren, energia taldeak inbertsio txikiak inplementatzea ere proposatzen ahal die eskolako agintariei edo beste babesle batzuei, laguntza eske.

9. urratsa.– Aurreztutako diruaren berri ematea eta hura erabiltzea.

Proiektuaren oso zati garrantzitsu bat da ikasleek aurreztutako dirua nola erabili erabakitzeko parte hartzea. Horrela, haien ekintzek emaitza onuragarri eta neurgarriak dauzkatela sentituko dute. Beraz, 50/50 metodologia aplikatzen den urte bakoitza igarotakoan, zenbat energia, CO2 eta diru aurreztu den kalkulatu eta horren berri eman behar zaio eskolako gizarteari eta, ondoren, ikasleekin eztabaidatu behar da zer egiten ahal den aurreztutako diruarekin.

Eta gogoratu: proiektuak dibertigarria izan behar du ikasleentzat eta eraikinaren gainerako erabiltzaileentzat!

EURONET 50/50 MAX proiektuaren webgunetik ikastetxeetan eta beste eraikin publiko batzuetan 50/50 metodologia exekutatzeko laguntza ematen da, hain zuzen ere:

–50/50 e-packa emanez. Bertan, material eta tresna metodologiko eta hezigarriak biltzen dira.

–Proiektuan parte hartzen duten toki agintarientzako, ikastetxeentzako eta eskolaz kanpoko eraikin publikoentzako gaikuntza ikastaroak antolatuz.

–Ikastetxe “ikastunen” eta “esperientziadunen” artean lan taldeak sortuz.

–50/50 sarea abian jarriz, ikastetxeen eta 50/50 kontzeptua aplikatzen duten beste eraikin batzuen artean harremanak eta esperientzien eta ideien trukea bultzatzeko helburuarekin.

Nafarroako adibidea:

Motxila energetikoak. «Con energía +» - Proclade Yanapay.

Iragarkiaren kodea: F2207351