17. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

488/2021 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, ezartzen duena Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza itunak aldatzeko prozedura 2022-2023 ikasturterako.

Apirilaren 13ko 139/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 21ekoa), Lehen Hezkuntzarako hezkuntza itunak onetsi ziren, sei urterako. Gero, uztailaren 21eko 274/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 12koa), irailaren 16ko 341/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 19koa) eta urriaren 13ko 369/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 248. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa) itun horiek aldatu edo zabaldu ziren 2021-2022 ikasturterako.

Abuztuaren 9ko 494/2019 Ebazpenaren bidez (2019ko 168. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan, martxoaren 5eko 107/2019 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (2019ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa). Abuztuaren 17ko 270/2020 Ebazpenak (2020ko 192. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 28koa) irakaskuntza horietarako ituna aldatu zuen 2020-2021 ikasturterako. Gero, hurrengo ikasturtean, apirilaren 13ko 141/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 21ekoa), irakaskuntza horietarako ituna aldatu zen 2021-2022 ikasturterako. Azken ebazpen hori irailaren 28ko 350/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zen (2021eko 241. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 18koa).

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela unitate kopurua aldatzea hezkuntza ituna Hezkuntza Departamentuarekin sinatua duten ikastetxeetan, hezkuntzarako eskubideari berme egokia eman ahal izateko.

Hori guztia kontuan harturik, beharrezkoa da oraingo itunak aldatzeko irizpideak ezartzea eta horretarako prozedura finkatzea, Lehen Hezkuntzari dagokion ituna izan ezik, aurten berrituko baita.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Haur Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza itunak aldatzeko prozedura 2022-2023 ikasturterako, honako oinarri hauei jarraikiz:

1.–Eskaerak aurkeztea.

Bat etorriz Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin, ikastetxe pribatuek Hezkuntza Departamentuan eskaera bat aurkezten ahalko dute sinatuak dituzten hezkuntza itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko Haur Hezkuntzarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Hezkuntza Berezirako eta Lanbide Heziketarako. Horretarako epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatu beharko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.

2.–Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea.

2.1. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza itunak aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

2.2. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen 1. oinarrian adierazitako epeetan, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

a) 2022-2023 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

c) Titularraren aitorpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna onesteko bete beharreko baldintzak betetzen, bai eta itunean eragina izan dezaketen aldaketak ere.

2.3. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan dezaten eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.

2.4. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Otsailaren 5eko 35/2021 Ebazpenean (2021eko 37. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 17koa) eta martxoaren 5eko 107/2019 Ebazpenean (2019ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa) finkaturiko ratioak bete beharko dira. Izan ere, ebazpen horietan ezartzen dira, hurrenez hurren, unitate itundu bakoitzeko ikasleen gutxieneko batezbestekoa Lehen Hezkuntzarako, eta unitate itundu bakoitzeko ikasleen gutxieneko batezbestekoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatu bezala.

2.5. Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, oro har, errespetatu beharko da otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluan –Lehen Hezkuntzarako– eta 16. artikuluan –Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako– ezartzen den ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua (132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena). Lanbide Heziketan, ikasleen gehieneko kopurua errespetatuko da, ikasleak onartzeko prozesua garatuko duen indarreko araudiaren arabera.

3.–Unitate iragankorren hezkuntza itunak.

3.1. Unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi baterako baimenarekin duten ikastetxeek zilegi izanen dute sinaturik duten ituna mantentzeko eskatzea.

3.2. Itunak mantentzeko eskaerak Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura zuzenduko dira, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeetan.

4.–Itunak aldatzeko eta berriak sinatzeko prozedura.

4.1. Itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak, ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

4.2. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaeren eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.

4.3. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta 10 egun naturaleko epea finkatuko du beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

4.4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.

4.5. Horrekin batera, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, kontuan harturik, alde batetik, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak, eta bestetik, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak egiten dituzten txostenak eta balorazioak, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, espedientea erakutsiko die interesdunei eta 10 egun naturaleko epea finkatuko du eskubidez bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

5.–Itunak aldatzeko edo itun berriak sinatzeko ebazpena.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak egiten duen proposamena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari igorriko zaio, kontuan harturik ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatuko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza itunak aldatzeko eta itun berriak sinatzeko ebazpena eginen da kontuan harturik ebazpen honetan aipatzen diren hezkuntza-mailetan 2022-2023 ikasturterako dagoen eskolatze aurreikuspena, eta formalizatu aurretik egokituko dira, epe arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua bukatu ondoren.

6.–Formalizazioa.

Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza hori agiri bidez frogatu beharko du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari.

Iruñean, 2021eko abenduaren 28an.–Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Amaya Bordonaba Ruiz (108/2019 Foru Agindua, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

Iragarkiaren kodea: F2118440