169. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASU

Deialdia, hautaproba bidez eratzeko aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat, berdintasunerako agentearen lanpostua betetzeko

Altsasuko Gobernu Batzarrak, 2022ko abuztuaren 1ean egin bilkuran, oinarriak onetsi zituen hautaproba bidez eratzeko aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat, Altsasuko Udalaren zerbitzuko berdintasunerako agentearen lanpostua betetzeko. Hona hemen oinarriak:

Lehena.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia egiten da hautaproba bidez eratzeko, oposizio-lehiaketaren prozedura baliatuz, izangai zerrenda bat, berdintasunerako agentearen lanpostua betetzeko, administrazio-kontratuaren bidez, Altsasuko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

1.2. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, bai eta plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta Altsasuko Udalari aplikatu behar zaizkion gainerako xedapenetan.

1.3. Oro har, lanpostuan honako eginkizun hauek bete beharko dira, betiere bat etorriz ‘Nafarroako toki entitateetako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea’ dokumentuarekin:

–Jarduketa-plana prestatu, koordinatu eta kudeatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bai eta urteko planak eta horien ondoriozko jarduketa zehatzak ere.

–Berdintasun Alorraren plangintzak ebaluatzea, hobekuntza arloak identifikatzea eta haietarako konponbideak sortzea.

–Ekintza positiboak definitzea, eta aholku eta laguntza ematea horiek gara daitezen eta gauza daitezen. Era berean, behar diren baldintzak bultzatu eta finkatzea, udal-administrazioan genero-zeharkakotasuna aplika dadin.

–Koordinatzea Sakanako emakumeen aurkako indarkeriaren arreta koordinatzeko II. protokoloa, bertan onetsitako klausulen arabera.

–Berezko erantzukizun esparruan, aholkuak eta prestakuntza ematea beste interes talde batzuei (udal alorretako teknikariak, politikariak, mugimendu feminista, bestelako erakundeak, etab.) berdintasun gaien inguruan, arlo honetan indarrean dagoen araudia betez.

–Berdintasun Alorrean egiten den lanaren berri ematea eta hura ikusaraztea.

–Koordinazio kanalak irekitzea beste erakunde eta instituzio batzuekin eta berdintasun alorra duten beste toki-erakunde batzuekin.

–Udalaren parte-hartzea koordinatu eta erraztea berdintasunaren arloko programetan, hala udalerriaz gaindikoetan nola Europa mailakoetan, aurrekontuak eta baliabideak hobetzeko eta optimizatzeko.

–Agintzen zaion beste eginkizun oro, lanpostuarekin lotura badu eta haren mailaren barnean badago.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Honako hauen jabe izatea:

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, diplomadun, lizentziadun, edo gradudun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

–Euskarazko C1 maila; dagokion titulua edo ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da hura frogatzeko.

–Titulu edo ziurtagiri hori ez dutenek, euskaraz jakitea frogatzen ahalko dute proba bat gaindituz, eskatzen den hizkuntza-mailakoa. Interesdunek proba horretan parte hartzea eskatu beharko dute deialdirako eskabidea aurkeztean (II. eranskina).

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Udal Diruzaintzan 15,30 euro sartzea, azterketarako eskubideak ordaintzeko.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) apartatuan eskatzen den titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 3.3 apartatuan ezarritakoarekin bat.

2.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Altsasuko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Gartzia Ximenez kalea, 36), 15 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:00ak arte; bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Altsasuko Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorrean. Erregistro hori Altsasuko Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.altsasu.net/eu/). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udalaren bulego orokorretan eskura daitezke, bai eta Interneten ere, www.altsasu.net/eu/ helbidean. Eskabideetan adierazi beharko da eskaturiko baldintza guztiak betetzen direla.

3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek aurkeztu behar dituzte nortasun agiri nazionalaren kopia bat, titulazioaren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak, eta lehiaketako baremazioan kontuan hartzea nahi dituzten merezimenduak. Hala, 2.1.C) oinarriko titulazioaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo hura lortzeko eskubideak eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago ordaindu izanaren frogagiriarena, bai eta gainerako dokumentazioaren fotokopia ere.

Orobat, azterketarako eskubideak ordaintzeko, Udalaren Diruzaintzan 15,30 euro sartu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute. Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan: ES93 2100 3729 29 2200021680. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: berdintasunerako agentearen azterketa.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria, organo eskudunak emana. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Altsasuko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.altsasu.net/eu/). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila, bakarrik, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.altsasu.net/eu/). Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Bosgarrena.–Lehiaketaldia.

5.1. Ondotik ematen den baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Hautapen prozesu honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatu eta frogatu beharko dira merezimendu guztiak. Merezimenduen balorazioa eginda, jendaurrean jarriko dira emaitzak Altsasuko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.altsasu.net/eu/).

5.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez puntuazio osoaren %30 izanen da. Honela baloratuko da:

5.2.1. Prestakuntza: 15 puntu gehienez.

–Unibertsitateko graduondoko ikasketak, “berdintasunerako agentearen” lanbideari lotuak. 3 puntu emanen dira 20 kredituko, eta 10 puntu gehienez. Ez da baloratuko 20 kreditu baino gutxiagoko ikasketarik. Gutxieneko prestakuntza hori gainditurik, 20 kreditutik beherako zatiei esleituko zaie dagokien puntuazio proportzionala.

–Berdintasunerako agentea izateko ikastaro burutuak, administrazio publikoek antolatutakoak. 0,1 puntu emanen da 10 orduko, eta 5 puntu gehienez. Ez da baloratuko 120 ordu baino gutxiagoko ikastarorik. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 10 ordutik beherako zatiei esleituko zaie dagokien puntuazio proportzionala.

5.2.2. Lanbide-esperientzia: 15 puntu gehienez.

–Administrazio publikoetan besteren kontura emandako zerbitzuak, administrazio-araubidean edo lan-araubidean, berdintasunerako agente (teknikari) gisa B mailako eginkizunak betetzen: 4 puntu lan-urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez.

Zein administraziotan lan egin den, hark emandako egiaztagiriaren bidez frogatu beharko da, kontratuaren iraupena eta lanpostua adierazirik.

–Enpresa eta/edo erakunde pribatuetan besteren kontura emandako zerbitzuak, berdintasun teknikari gisa B mailako eginkizunak betetzen, edo eginkizun baliokideak edo antzeko lan kategoriak: 2 puntu lan-urte bakoitzeko, eta 5 puntu gehienez.

Hori egiaztatu beharko da lan kontratuaren kopiarekin eta Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren ziurtagiriarekin.

Batean zein bestean, emandako zerbitzuak urte natural osokoak ez direnean, proportziozko puntuazioa emanen da, kontratuaren hasiera eta bukaera egunak aintzat harturik.

Seigarrena.–Oposizioaldia.

6.1. Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute eskaturiko jakite-maila agiri bidez frogatu ez duten izangaiek (C1 maila), betiere eskabidean adierazi badute proba egin nahi dutela. Proba horretan idatzizko ariketa eta ahozko ariketa eginen dira, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, eskaturiko hizkuntza-mailari dagokionez. Gai deklaratzen ez direnek ezin izanen dute egin oposizioaldia.

6.2. Proba honen emaitzak argitaratzean, gogorarazi eginen da proba teorikoa eta praktikoa egiteko eguna eta tokia, biak egun berean eginen baitira.

6.3. Oposizioaldian bi proba eginen dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Biak ere baztertzaileak izanen dira.

6.4. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.5. Lehenbiziko proba: proba teorikoa.

Proba teoriko horretan test moduko 40 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ordubetean gehienez. Galderok izanen dira deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak zenbait erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Erantzun zuzen bakoitzari puntu bat emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko da.

Ariketa horretan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

6.6. Bigarren proba: proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktiko horretan idatziz garatu eta ebatzi beharko dira epaimahaiak proposaturiko gai eta kasu praktikoak, I. eranskineko gai-zerrendakoei buruzkoak.

Epaimahaiak ezarriko du zer denbora izanen duten izangaiek proba egiteko, hura hasterakoan.

Bigarren proba honetan gehienez 30 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituztenak.

6.7. Proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren web-orrian paratuko ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta 7 egun naturaleko epea irekiko du, interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten balorazioei buruz.

6.8. Bi probetarako, dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

6.9. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez, Altsasuko alkatea.

Ordezkoa: M.ª Carmen Goicoechea Napal, Altsasuko Udaleko Emakume eta Berdintasun Batzordeko burua.

–Epaimahaikidea: Idoia Goikoetxea Gómez, Altsasuko Udaleko berdintasun teknikaria.

Ordezkoa: Eider Pérez de Heredia Goñi, Baztango Udaleko berdintasun teknikaria.

–Epaimahaikidea: Zaloa Basabe Gutiérrez, Iruñeko Udaleko berdintasun teknikaria.

Ordezkoa: Begoña Armendariz Murillo, Izarbeibarko Mankomunitateko teknikaria.

–Epaimahaikidea: sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutakoa.

Ordezkoa: sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutakoa.

–Epaimahaikide-idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: eskuordetza ematen zaiona.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, gertatzen direnean urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Halaber, zilegi izanen da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko legez ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak profesional adituen aholkua eskatzen ahalko du; beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haiexetan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiari.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Kalifikazio epaimahaiak, puntuazio berdinketak ebazteko (halakorik gertatuz gero), aintzat hartuko du probaren lehen zatian lorturiko notarik handiena, hots, zati teorikoan. Berdinketak badirau, proba praktikoan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, hala ere, berdinketak iraunez gero, zozketa bat eginen da, kalifikazio epaimahaiak horretarako prestatuko duena. Zozketaren emaitzak argitaratuko dira Altsasuko Udalaren web-orrian (deialdiaren aipuan) eta iragarki-taulan.

8.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak iragarki-taulan eta web-orrian paratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortu duten puntuazioaren ordenaren arabera.

Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo, gaindituta ere, uko egiten badio administrazio dei-egileak kontratatzeari, Udalak kontratatzen ahalko du oposizioko ariketa teorikoa gainditu duen hurrengo izangaia, zorrotz jarraikiz hautapen prozesuan guztira lortutako puntuazioaren ordenari.

8.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onets dezan.

Bederatzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

9.1. Gainditu duten izangaiei Altsasuko Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

9.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Altsasuko Udalari dagokio egiaztatzea bete beharreko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

9.3. Lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.4. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean lanpostu baterako, dei eginen zaio une horretan zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiari. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak.

Telefonozko harremana izateko lehen saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.6 apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

9.5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki-erakunde eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

9.6. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Zaindu behar izatea hiru urtetik beherako semea edo alaba, edo hiru urtetik beherako adingabea, harrera iraunkorrean hartua edo adoptatua.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edota, uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Foru Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin epe barrenean aurkezten ez bada kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia zerrendako azken tokira iraganen da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.7. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, baldin kontratuan halakoa ezarri bada.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

9.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Altsasun, 2022ko abuztuaren 4an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa.

2.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.

3.–9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

4.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

5.–Nafarroako Foru Komunitateko biztanleen egoeraren diagnostikoa berdintasun arloan (berdintasunerako legearen aurreproiektua baino lehenagokoa): ondorio nagusiak.

6.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa: ekintza plana.

8.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa. Batera jarduteko protokoloa. Profesionalentzako gidaliburua. (Nafarroako Berdintasunerako Institutua).

9.–Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida. (Nafarroako Berdintasunerako Institutua).

10.–Genero-berdintasuna Nafarroako toki entitateetan: Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea.

11.–Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea eraginkortasunez komunikatzeko plana.

12.–Altsasuko Udalaren Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunerako II. jarduera plana.

13.–Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako II. lurralde protokoloa.

14.–Altsasuko Udalaren Hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera arautzen duen ordenantza (2011ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa; akats zuzenketa: 2011ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 1ekoa).

15.–Altsasuko Udaleko Berdintasunerako I. barne plana.

16.–Altsasuko Udalaren Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kontrako protokoloa.

17.–Altsasuko Udala. Udal antolaketa. Udal eskumenak. Gobernu organoak: osoko bilkura eta gobernu batzarra. Plantilla organikoa. Udal aurrekontua eta 2022ko aurrekontuen genero inpaktuari buruzko txostena.

18.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa (atariko titulua, I. titulua, III. titulua eta IV. titulua).

19.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa (atariko titulua, I. titulua eta III. titulua).

20.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (I. titulua).

21.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediarekin.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2210806