167. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Landa-bide publikoen erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Lesakako Udalak, 2022ko maiatzaren 19an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen landa-bide publikoen erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Lesakan, 2022ko abuztuaren 9an.–Alkatea, Ladis Satrústegui Alzugaray.

LESAKAKO LANDA-BIDE PUBLIKOAK ERABILTZEKO ETA APROBETXATZEKO ORDENANTZA

Lesakako landa-bideak erabilera publikoari atxikitako ondasunak dira, eta beraz, erabilera egokirako irizpideen arabera erabili behar dira. Irizpide horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: trazaduratik ez ateratzea jabetza mugakideak inbaditzeko, egon daitezkeen partzelak ixtea azienda kontrolatzeko, fauna, flora eta jabego mugakideak errespetatzea, kutsadura akustikoa saihestea, obra-hondakinik eta hondakinik ez botatzea, sua ez piztea eta zigarrokinik piztuta ez botatzea, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren aurkako jokabideak saihestea.

Lesakako bide-sarea Lesakako bizilagun guztien ondarearen parte da.

Funtsezko elementua da udalerriko mendi eta zelaien aberastasuna kontserbatzeko eta eskuratzeko. Ezinbertzeko elementua da bizilagunen arteko komunikaziorako eta bisitariei eta oinezkoei bidea errazteko. Bere kontserbazio egoera onak bizilagunen ongizatean eragiten du.

Lesakako herri-mendian pistak eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen direnez, beharrezkoa da horien erabilera arautzea, hiru helbururekin: Lesakako natura-ondarearen balioak zaintzea, erabiltzaile mota guztiek erabilera harmoniatsua izan dezaten erraztea, bereziki bizilagunena, eta erabilera-egoera onean mantentzea.

Horregatik guztiagatik, Lesakako Udalak konpromisoa hartzen du udalerriko landa-bide publiko guztien kontserbazioa zaintzeko, erabilera normaleko egoera iraunkorrean. Horretarako, neurriak hartuko ditu, eta beharrezko obrak eginen ditu landa-bide guztiak ez galtzeko, interesgarritzat jotzen diren adarrak eta bidexkak barne.

Ukitutako ondasunen izaera eta hedadura kontutan hartuta, zaintza zorrotz bat egitea ezinezkoa egiten dela ikusirik, herritarrak behartuta daude, halaber, tokiko agintariekin lankidetzan aritzera, baimendu gabeko jokabideak eta ekintzak prebenitzeko eta zuzentzeko, hori guztia udal-ondare berezi hori kontserbatzeko eta behar bezala erabiltzeko.

Horretarako, Udalaren ikuskapen eta zaintza zerbitzuek arau hauek eta ordenantza honetako edukiak betetzen direla zainduko dute.

Helburu horiek lortzeko eta etorkizunean pisten zirkulazioa arautu ahal izateko, Lesakako Udalak horien erabilera arautu nahi du Udal ordenantza honen bidez.

1.–Lesakako landa-bide publikoak, erabilera nagusiaren arabera honela sailkatu dira:

a) Auzo-bidea: baserrietara eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategi pribatuetara iristeko erabiltzen dituzte, batez ere, baserriko bizilagunek edo auzoko edo baserrietako auzotarrek; oro har, egoera onean daude, eta zorua hormigoizkoa eta asfaltozkoa izaten da gehienbat, proportzio ttikiagoan zabor-legar artifizialekoak, eta haien neurriengatik beraietatik mendiko eta obrako kamioiak sar daitezke.

b) Baso-bide nagusiak: batez ere mendi komunalean daude, eta mendi-eremu handietara iristeko erabiltzen dira, baita inguruko herriekin komunikatzeko ere. Erabilera anitzak izan ohi dituzte: basogintza, abeltzaintza, turismoa eta ehiza. Oro har, egoera onean daude, eta zorua hormigoizkoa, asfaltozkoa, zabor-legarrezkoa eta naturala izan daiteke, eta, dituen neurriengatik, egurra garraiatzeko kamioiak sar daitezke bertatik.

c) Bigarren mailako baso-bideak: mendi komunalean daude, baso-bide nagusien sarearen osagarri, eta mendietara, basoberritzeetara eta belar-eremuetara sartzea ahalbidetzen dute, normalean. Baso-bide nagusi batetik abiatzen dira eta, oro har, egoera onean daude, baina euri aunitz egiten duen garaietan arazoak izan daitezke bertatik ibiltzeko; zorua zabor-legarrezkoa eta naturala da, eta ehiztarien txaboletara ailegatzeko pista puntualen bat hormigonatua dago, eta beren neurriengatik mendi-kamioiak sar daitezke bertatik.

d) Trotxak edo egurra ateratzeko bideak: mendi komunalean daude, bigarren mailako baso-pistetatik abiatzen dira, eta konifero-masa helduetan kokatuta daude, non entresaka egiteko eta azken mozketa lanetarako erabiltzen diren. Gaur egun, egin diren azken mozketak birpopulatze-baso gazteetan egin dira.

e) Abeltzaintzakoa: herri-mendian eta herrigunetik gertu daude, eta bide hauen bidez irits daiteke batez ere abereengatik eta abereentzako erabiltzen diren bordetara eta belardietara. Lur orotako ibilgailuak edo traktorean ibil daitezke, baina euria egiten duen egunetan zailtasunak izaten dira. Zorua naturala da, baina hirigunetik hurbil dagoen zatiren batean hormigoizkoa edo zabor-legarrezkoa izan daiteke.

f) Trenbidea: udalerriaren ekialdetik igarotzen den trenbide zaharra da. Bi bide-zoru mota daude: asfaltoa eta zabor-legar artifiziala. Neurriak direla eta, litekeena da zura garraiatzeko atoi kamioiek bertatik zirkulatu ahal izatea.

g) Bideak: 2 metro baino gutxiagoko zabalera dute, ‘2. mailakoak edo kategoriakoak’ esaten zaie, eta ez dira irisgarriak lau gurpileko ibilgailuentzat.

h) Bidexkak: antzinako gurdibideak eta bidexkak, erabilera eta funtzio anitzekoak, lasterbideak barne, eta, oro har, bidexka turistikoak. Oro har, ezin da bertatik ibili ibilgailuekin, salbu bidexka batzuetan non posible den bertan ibiltzea zenbait zailtasunekin, eta orokorrean zorua naturala da baina izan daiteke herrigunetik gertu baten batek galtzada erromatarra izatea.

2.–Lesakako landa-bideetatik igarotzea.

a) Lesakako pista guztietan, erabat debekatuta dago baso- eta eraikuntza-produktuak arrastatzea.

b) Erabat debekatuta dago kate-ibilgailuak zirkulatzea, salbu erabiltzen direnak pistak berak garbitzeko eta hobetzeko, edo partikularrek eta Udalak erabiltzen dituztenak obrak eta hobekuntzak egiteko beren finketan, dagokion baimenarekin.

c) Debekatuta dago ibilgailu motordunak lur irekian zirkulatzea, udalerri osoan, goitian kategorizatutako bideetatik kanpo, bai eta bi metro baino guttiagoko zabalera duten bide guztietan edo “G” eta “H” kategorietako bideetan ere, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 65. artikuluarekin eta lurzoru urbanizaezinean motordun jarduera antolatuak eta ibilgailu motordunen zirkulazioa arautzen dituen 36/1994 Foru Dekretuaren 11. artikuluarekin bat etorriz.

d) Pertsonak eta ibilgailuak landa-bideetatik igarotzeko, Zirkulazio Kodeko arauak bete beharko dira.

Nolanahi ere, baimendutako gehieneko abiadura ez da orduko 30 kilometrotik goitikoa izanen.

e) Eurite iraunkorren kasuan, debekatuta dago mota guztietako ibilgailu motordunak ibiltzea pista guztietan, “A” eta “B” motakoetan izan ezik; horietan, pertsonak eta abereak baserrietara garraiatzeko ibilgailuak bakarrik zirkulatzea baimenduko da.

f) “B” motako pisten kasuan, salbuespen gisa, langileak garraiatzeko ibilgailuak erabiltzeko baimena eman ahal izango zaie soilik pista horietako batetik bakarrik sar daitekeen lekuren batean lanean ari direla frogatzen duten pertsonei, udalerrian bizi diren abeltzainei eta ehiztariei, jarduera horretarako behar den denborarako bakarrik; ehiztarien kasuan, ehizarako baimena izan beharko dute, ehizalekuetara sartzeko eta sarbidea ehiza-garaira mugatuko da.

g) Landa-bideetako mugakide diren finken jabeek beren animaliak zaindu beharko dituzte, horiek zirkulazio askea eta egokia oztopa ez dezaten ibilgailuen zirkulaziorako egokitutako landa-bideetan, istripuak saihesteko. Animalien jabeak izanen dira pertsona, oinezko edo ibilgailuei eragindako eragozpen, kalte edo istripuen erantzuleak, baldin eta bidearen erabiltzaileek arreta-arauak betetzen dituztela egiaztatzen bada.

h) Lesakako mendietan egur edo zur sortak esleitzen zaizkien zurgileek, aprobetxamendu publiko zein pribatuak izan, ezin izango dute egurrik metatu areketan eta urak husteko azpiegituren ertzetan, ezarritako ebakuazio-lerroetatik ura libre ibiltzea eragozteko moduan. Ahal izanez gero, pisten mugan egin beharreko baso-aprobetxamenduek kargategi erantsiak sortzea aurreikusi beharko dute, pisten zabalgunea okupatzea saihesteko.

3.–Erabilera-mugak.

a) Debekatuta dago lurrak, harriak, obra-hondakinak eta nekazaritzako edo basogintzako produktuen hondakinak bide eta pistetan eta areketan uztea eta botatzea.

b) Debekatuta dago nekazaritzako, basogintzako edo bestelako produktuen hondakinak erretzea bideetan eta pistetan, bai eta horien aparkalekuetan ere.

c) Baliabide naturalen kontserbazio eta kudeaketa arrazoiengatik eta pertsonen eta ondasunen segurtasun arrazoiengatik, Udalak baldintzatu eta/edo debekatu ahal izanen du ibilgailu motordunak, animaliak eta pertsonak landa-bideetatik joatea, edozein kategorietakoak direla ere.

Baldintza eta/edo debeku horiek ofizioz edo alderdi batek eskatuta ezar daitezke, eta hartutako neurriak arrazoituak eta kasuan kasuko kudeaketa babestu beharreko jarduerarekin bat datozenak izanen dira (adibidez, kirol-proba bat).

d) Baldin eta neurriek debekatzen badute ibilgailuekin zirkulatzea bere kategoriaren arabera horretarako gaitutako bideetan, edo pertsonak eta animaliak zirkulatzea edozein bide motatan, aldi baterako neurriak izanen dira, eta jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik dagokion tasa sortuko dute, baldin eta alde batek eskatuta eta indarreko legeriaren arabera behar bezala izapidetutako espedienteak badira.

Muga eta/edo debeku horiek behar bezala iragarriko dira tokian bertan, eta horien edukiak Udalak erabakitakora egokituko dira. Udalak adostasuna eman behar du, eta debekua eragin zuen ekitaldiaren amaierarekin batera amaituko dira.

e) Aitzineko paragrafoan jaso ez diren gainerako kasuetan, berariaz debekatuta daude paseatzaileentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta fauna basatiarentzat arriskutsuak diren lehiaketak, lasterketak edo bertzelako gidatze-modalitateak.

f) Larrialdietako ibilgailu guztiak Lesakako edozein landa-bidetan zirkulatzea eta erabiltzea baimenduta dago. Gidarien erantzukizuna izanen da ibilgailuan ibiltzeko eta maniobrak egiteko gaitasunak baloratzea.

4.–Baimentzeko prozedura.

a) Lesakako Alkatetza izanen da mugei buruzko ataleko “C” eta “D” artikuluetan eta igarobideari buruzko ataleko “F” letran jasotako balizko baimenak izapidetzeko organo eskuduna. Era berean, pistak erabiltzea eskatzen duten beste baimen batzuk izapidetu ahal izango ditu alkateak.

b) Baimen-eskaerak ofizialki ezarritako ereduan aurkeztuko dira, eta bertan zehaztuko dira datu pertsonalak, erabili beharreko ibilgailuaren edo ibilgailuen datuak eta eskatzen den baimen-modalitatea.

c) Lesakako bizilagunek eta beren ibilgailuak erabiltzeko beharra justifikatzen duten bertze pertsona batzuek eskatu ahal izanen dute baimena, betiere ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

d) Organo eskudunak ebatziko ditu baimen-eskaerak, gehienez ere bortz eguneko epean, eta ebazpena eman eta hurrengo egunetik aitzin izanen dituzte ondorioak.

e) Baimena gauzatzeko, ibilgailu bakoitzeko edo jarduera ekonomiko bakoitzeko txartel indibidual bat emanen da, dagokionaren arabera, aurreikusitako kasuetan eta aurreikusitako modalitateetan; horretarako, baimendutako ibilgailuen erregistro bat sortuko da, eta horren zergadunen errolda korrelatiboa. Erroldan hasiera batez ofizioz sartuko da, baimena eman ondotik.

f) Antzineko paragrafoan aipatutako erroldako subjektu pasiboek baimena eragin zuen arrazoia amaitzen den unean egin beharko dituzte baja-deklarazioak.

5.–Zaintza.

Tokiko edo Gobernuko mendi-zaintzaileen zerbitzuko eta agintaritzako agenteek, beren zaintza- eta ikuskapen-eginkizunak betez, zerbitzu horiei atxikitako ibilgailuekin zirkulatu ahal izanen dute mota guztietako landa-bideetan, baldin eta haien eraikuntza-ezaugarriek horretarako aukera ematen badute, horien kategoria edo kasu bakoitzean oro har ezar daitezkeen erabilera-mugak gorabehera. Bitarteko eta eranskin horietan hautematen dituzten arau-hauste guztiak salatzeaz ere arduratuko dira.

6.–Zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea.

Bide publikoen mugakide diren jabetza partikularretan zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko guttieneko distantziak, oro har, hiru metrokoak izanen dira kanpoko ertzetatik. Babesteko edo apaintzeko, zuhaitzak edo zuhaixkak landatu ahal izanen dira mendi-ebaketetan, lubetetan eta Udalaren landa-bideen ertzetan, edozein dela ere inguruko lursail partikularretatik dagoen distantzia. Hiru metrotik beheitiko distantzien kasuan, interesdunei entzunaldia emanen zaie dagokion ebazpena eman baino lehen.

Nolanahi ere, landaketen jabeak zaindu beharko du adarrek edo sustraiek ez dutela inbaditzen edo oztopatzen ukitutako bideetako joan-etorri askea, eta mozketa- edo inausketa-baimen egokiak eskatuko dizkio erakunde eskudunari.

7.–Ur korronteen hustubidea.

Bideetatik datozen urak igarotzen diren finken jabeek, errentariek edo apartzeroek ezin izanen dute galarazi urak finka horietan askatasunez ibiltzea. Era berean, ezinen dute uren ohiko ibilbidea desbideratzen duen obrarik egin, bidera bideratzeko. Era berean, bideko ur-pasabideetatik datozen hustubideak jasan beharko dituzte. Horien diseinuan, obren proiektuek ezinbertzean kontuan izanen dute ur horiek hartzen dituzten finketan izan daitezkeen kalteak minimizatzea, eta, beharrezkoa izanez gero, kargak ukitutako guztien artean modu bidezkoan banatzea, bidearen mugakidearen luzeraren arabera, urak askatasunez joan daitezen saiatzeko.

8.–Erantzukizunak.

Baldin eta Udalak ikusten badu azpiegitura baten zorua eta/edo esplanada ohi ez bezala hondatzen ari dela behar bezala ez erabiltzeagatik, azpiegitura geldiarazi eta konpontzeko aginduko da, kalteak eragin dituen pertsonaren edo/eta enpresaren kontura.

Erabiltzaileak izanen dira ordenantza honetako arauak ez betetzeagatik pistetan eragindako gehiegizko kalteen erantzule bakarrak.

Udalak baimendutako zur-aprobetxamenduen edo bertzelako aprobetxamenduen kasuan, esleipendunak fidantza nahikoa jarri beharko du, arrazoi hori dela-eta pistetan edo bideetan sor daitezkeen kalte-galeren ordaina bermatzeko.

9.–Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da.

10.–Zehapenak.

Ordenantza hau urratzeagatik egindako arau-hausteak 100 eta 600 euro bitarteko isunekin zehatuko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2210997