164. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Ordenantza, prozedura arautzen duena obren erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko. Obra txikien determinazioa. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2022ko otsailaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Udal ordenantza, prozedura arautzen duena obren erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko. Obra txikien determinazioa”.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 10ean, baita Beriaingo Udalaren ediktuen taulan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, jarraikiz Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari.

Beriainen, 2022ko uztailaren 26an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

UDAL ORDENANTZA, PROZEDURA ARAUTZEN DUENA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA EGITEKO. OBRA TXIKIEN DETERMINAZIOA

ZIOEN AZALPENA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea onesteak administrazio prozesua arintzea eta sinplifikatzea bultzatu du.

Onetsitako aldaketen artean, nabarmentzekoak dira figura berriak sartu izana, hala nola aurretiazko komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena, eta “a posteriori” kontrolaren aldeko apustua, toki-eremuan esku hartzeko ohiko tresna gisa.

Aldaketa horiek islatu dira foru araudian ere. Alde batetik, Ingurumenean Esku-hartzeari buruzko 17/2020 Foru Legeak, Ingurumena Babesteari buruzko 4/2005 Foru Legean jasotakoa errepikatzen duenak, ezartzen du jarduera sailkatu batzuk nahitaez izapidetu behar direla, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez, eta ordezten du irekitzeko udal-lizentziaren izapidea, jarduera sailkatua abian jartzeko edo hasteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztearekin.

Ildo beretik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (eta lehenago, Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera bultzatzeko neurriei buruzko 5/2015 Foru Legeak) erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren figurak sartzen ditu, eta horiek aurkezteak ahalmena ematen dio titularrari komunikatutako hirigintzako jarduketa egiteko.

Horregatik, Beriaingo Udalak egokitzat jotzen du ordenantza hau egitea eta onestea, jarduera eta obra horiek ondoren kontrolatzeko prozedura administratiboa zehazteko, Udalaren jardunak estaldura juridikoa izan dezan, eta segurtasun juridikoa eman dakien erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez obrak edo jarduera hasi dituzten establezimenduen titularrei.

Azkenik, aipatu beharra da Estatuko eta Nafarroako araudiak zehaztuko dituela aurretiazko baimen administratiboa erantzukizunpeko adierazpenarekin ordezteko araubide horri lotutako jarduerak, izan ere 12/2012 Legearen azken xedapenetan 9.ak eta 10.ak ahalmena ematen baitiete gobernuari zein autonomia erkidegoei azaleraren atalasea nahiz jardueren eta zerbitzuen katalogoa handitzeko, aplikatzen ahal zaienean erantzukizunpeko adierazpena eta, hortaz, baita ordenantza honek ezartzen duen ondorengo kontrolaren araubidea ere.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da alderdi orokorrak arautzea Udalaren esku-hartze prozedurei aplikatzekoa zaien araubide juridikoan, Beriaingo udalerriko establezimendu edo lokalei eta zenbait obrari dagokienez, erantzukizunpeko adierazpenarekin eta aurretiazko komunikazioarekin loturik, halakoak behar direnean honako hauetarako: merkataritzako txikizkako jarduerak hastea eta gauzatzea, eta 12/2012 Legearen eranskineko beste zerbitzu batzuk gauzatzea, baita Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean sartutako jarduera sailkatuak ere (hura garatzeko erregelamendua onesten denean) eta baita 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluko obrak ere. Orobat, aplikatuko da indarreko legerian aipatutako prozedurei buruz egiten diren aldaketetan.

Ordenantza honen helburua da jarduera ekonomikoa bulkatzea eta dinamizatzea, eta zenbait obra egiteko eta zenbait jarduera abiarazteko tramiteak erraztea, beharrezkoak ez diren karga eta muga administratiboak kenduz, aipatutako jardueren hasierari eta gauzatzeari eragiten baitiete.

2. artikulua. Definizioak.

1. Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:

a) Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, bere erantzukizunpean, adierazten baitu betetzen dituela eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa, eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

b) Aurretiazko komunikazioa: dokumentu bat, zeinaren bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari ezagutzera ematen baitizkiote beren identifikazio datuak eta gainerako beharkizunak, eskatzen direnak eskubide bat erabiltzeko, jarduera bat hasteko edo uzteko, edo titulartasuna aldatzeko.

c) Jarduera ekonomikoa: industria edo merkataritza jarduera guztiak, ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakartenak, jarraikiz Toki-Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan ezarritakoari.

d) Zerbitzua: norberaren konturako jarduera ekonomiko oro, gehienetan ordainsari baten truke emana.

e) Jarduera sailkatua: Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 3. eranskinean eta hura garatzeko araudian sartutako jarduerak eta instalazioak.

f) Jarduera sailkatu gabea: ingurumenari buruzko indarreko legerian jarduera sailkatu gisa ezarrita ez dauden jarduera guztiak.

g) Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiboa aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar). Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

h) Lizentzia: aldez aurreko kontroleko edozein administrazio-egintza, arautua eta deklarazio izaera duena, dagokion toki-erakundeak jarduketak baimentzeko egiten duena, kasu bakoitzean indarrean dagoen ordenamenduarekin bat datorrela egiaztatu ondoren.

i) Titulartasun aldaketa: administrazioari egiten zaion komunikazioa, zeinaren bidez ezagutzera ematen baitzaio lehendik legeztatutako jarduera baten titulartasuna eskualdatzen dela. Titulartasun aldaketaren xede den jarduera hasierako jarduera bera izan behar da.

Aurreko titularraren erantzukizun eta eskubideak hartuko ditu berriak.

j) Jarduera uztea: enpresa jarduerak aldi baterako bertan behera uztea. Hau da, erakundeak existitzen jarraitzen du, baina “jarduerarik ezaren” egoeran.

k) Jarduera azkentzea: jarduera behin betiko uztea, eta, hortaz, era guztietako jarduerei bukaera ematea. Jarduerarik gabeko 2 urte iraganik (behin betiko uzten den egunetik zenbatzen hasita), Udalak iraungitze-espedientea hasi beharko du.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Erantzukizunpeko adierazpenaren eta geroko kontrolaren menpe jarriko dira:

a) 3. eranskineko jarduera sailkatuak ezartzea, lekualdatzea edo horietan aldaketa funtsezkoak edo ez-funtsezkoak egitea, udal-jardueraren lizentzia eta udal-eskumeneko baimena behar izanik. Gaur egun Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legeak ez du garatzeko erregelamendurik. Beraz, araudi hori onesten ez den bitartean eta legearen 3. eranskineko prozedura berariaz arautzen, ordenantza hau aplikatuko da Beriaingo udalerrian.

b) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan sartutako obrak, edo horren ordezko edo osagarri une oro ematen den arauan sartutakoak.

c) Edozein jarduera abiaraztea, jarduera sailkatua ez denean.

2. Aurretiazko komunikazioaren menpe egonen dira honako hauek, kontuan izan gabe erantzukizunpeko adierazpena edo lizentzia behar izan duten abian jartzeko:

a) Jarduera guztien titulartasun aldaketak.

b) Izandako era guztietako jarduera ekonomikoak uztea eta azkentzea.

4. artikulua. Salbuespenak.

1. Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude establezimendu, jarduera eta obra hauek, eta aplikatzekoa den araudi sektorialaren menpe egonen dira:

a) Obrak eta/edo jarduerak, baldin horien establezimendua atxikirik badago ondare historiko-artistikoko ondasunei, multzoei edo inguruneei, eta, hortaz, babes araubide baten menpe badaude, hala ezarri dutelako legeria orokor edo sektorialak, lurralde antolamenduak edo hirigintzako planeamenduak.

b) Obrak jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioan, eta jarduerak, berekin badakarte jabari publikoko ondasunak ukitzea edo horien erabilera pribatiboa.

c) Jarduerak edo obrak, baldin aplikatzekoa den hirigintzako araudiaren arabera erabilera debekatuak badira.

d) Proiektu teknikoa behar duten obrak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.

e) Obrak eta jarduerak, baldin Nafarroako Foru Komunitateari badagozkio haien gaineko eskumena eta aurretiazko kontrola.

f) Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

g) Obrak, antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetan.

h) Behin-behineko gisa definitutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa egitea, sektoreko legeriak eta hirigintzako planeamenduak baimenduta daudelako, eten beharrekoak eta, betiere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

i) Eraikinen sostengu-egitura ukitzen duten obrak (eskaileren afekzioa eta solairuarteen eraikuntza barne) edo eraikinen elementu komunak ukitzen dituztenak (salbu fatxada, estalki eta instalazioetan egiten diren obra txikiak).

j) Jarduerak aldatzea.

k) Atikoak eta antzekoak ixtea.

l) Antzeko beste batzuk.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak aurkeztuko dira ordenantza honen eranskinetan dauden eredu normalizatuen arabera.

Eredu horiek Beriaingo Udalaren webgunean nahiz dagokien udal bulegoetan egonen dira herritarren eskura, harrera egiteko ordutegian.

LEHEN TITULUA

Alderdi orokorrak erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren prozeduretan

I. KAPITULUA

Aurretiazko kontsulta

6. artikulua. Aurkezpena eta dokumentazioa.

1. Interesdunek aurretiazko kontsulta egiteko eskaerak aurkezten ahalko dituzte, honako hauei buruz: jardueraren bideragarritasun urbanistikoa, egin nahi diren egokitze eta instalazio obren gaineko tramiteak eta jardueraren hasiera.

Aurretiazko kontsulta ez da izanen inola ere egokitasun teknikoaz eta hartu beharreko neurri zuzentzaileez; horrek ez du galaraziko hitzordua eskatu ahal izatea Udalaren zerbitzu teknikoekin, kontsulta tekniko zehatzak argitzeko.

2. Aurretiazko kontsulta egiteko, interesdunak aurkeztu beharko ditu:

a) Beriaingo Udalaren eskabide orokorra.

b) Deskribapen txikia, behar adina datu dituena, azalduko dituena egin beharreko jardueraren edo obren ezaugarri orokorrak, baita haien xedeko higiezinarenak ere.

7. artikulua. Erantzuna.

Kontsulta ebatziko da eta interesdunari jakinaraziko zaio aplikatzekoa den araudian ezarritako bitartekoen bidez, eta hori egiteak dagokion udal tasa sortuko du.

Erantzun hori ez da loteslea Administrazioarendako, eta ez du salbuesten erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztetik.

II. KAPITULUA

Arau komunak

8. artikulua. Arau komunak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa eta horri erantsitako dokumentazioa Beriaingo Udalaren erregistroan aurkez daitezke, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan ere.

2. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ez du esan nahi establezimendua eta/edo egin beharreko obrak eta/edo jardueraren hasiera berez bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez du mugatzen kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudi sektorialak Beriaingo Udalari esleitzen dizkion egiaztatzeko, ikuskatzeko, zehatzeko eta, oro har, kontrolatzeko administrazio-ahalak erabiltzea.

3. Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza-jarduketa egiteko, baldin horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere ukatu gabe behar diren egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

4. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduerak gauzatzen edo garatzen badira kautelazko etetea edo behin betikoa deklaratu arren, ondorio guztietarako hartuko dira baimen edo lizentziarik gabeko jarduketatzat, eta lizentziarik gabeko jarduera sailkatuen, obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

5. Erantzukizunpeko adierazpenaren datuak edo bertan adieraziak ez-zuzenak badira, faltsuak badira, edo omisioren bat badute, funtsezko eraren batean, edo adierazpena ez bada aurkezten Beriaingo Udalean, horrek berarekin ekarriko du jarduera, zerbitzua edo obra hasi, aurrera eraman edo gauzatu ezina, gorabehera horien berri jakiten den unetik bertatik; horrez gain, erantzukizun penal, zibil eta administratiboak ere egon litezke.

Udalak ebazpena emanen du aipatutako inguruabarrak gertatu direla deklaratzeko, eta erabaki dezake interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa lehengoratzera, harik eta jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aitzineko uneraino, eta orobat erabaki dezake xede berarekin beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko ezintasuna, ordenantza honen IV. tituluan ezarritako epean, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarri bezala.

6. Jarduera edo zerbitzu beraren inguruan lokal berean zenbait jarduketa egin behar badira, bidezko diren erantzukizunpeko adierazpenak eta/edo aurretiazko komunikazioak batera tramitatuko dira.

7. Beriaingo Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute ezen erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hasitako espediente bat tramitatu behar dela aurretiazko lizentzia edo baimena behar duen prozedura baten bidez, interesdunak berriro eskatu beharrik gabe eginen da, espediente hori prozedura zuzenera birbideratzeko Alkatetzaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horretan bertan adieraziko da erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazio hori onartezina dela, eta eragindako eskubidea edo jarduera lizentzia eskuratzea ezinezkoa dela.

Jarduera ezin bada legeztatu, aginduko da establezimendua itxi dadila.

8. Inola ere ez da ulertuko erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hartzen direla legeriaren kontrako edo hirigintzako planeamenduaren kontrako ahalak, eta erabat deusezak izanen dira legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak, baldin eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez badituzte.

9. Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera, segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumen kalitateari dagokienez, espazio publikoetan eragina izatea murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, eskura daudenen artetik.

10. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez egiten den jarduera edo obraren ardura dutenek betebehar berariazkoa dute jarduera edo obrako establezimenduan deklaratutako elementu eta beharkizunen frogagiriak gordetzeko, eta, behar denean, Udalaren esku jartzeko, baldin egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen bada.

11. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe dauden jarduerak ikuskatzeko ofizialki izendatutako langileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira, berezko dituzten eginkizunak betetzeko, ikuskapenetarako ezarri den bezala hirigintzako eta/edo ingurumeneko legerian.

12. Beriaingo Udalean indarrean diren ordenantza fiskalek arautuko dituzte erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ekartzen dituen tributuak.

BIGARREN TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Obrak

9. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak.

1. Gaur egun, erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak 1/2017 Foru Lege horren 192. artikuluan definitu dira.

Gainerako obrek lizentzia beharko dute, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan xedatuarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

2. Ordenantza honen ondorioetarako, hona zein diren:

2.1. Merkataritza jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

2.2. Munta edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

a) Etxebizitzen barnealdeko obrak, ez badakarte erabileraren edo etxebizitza kopuruaren aldaketarik, adibidez:

–Igeltserotza-lanak eta trenkadetakoak.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Instalazioak edo azpiegiturak ezartzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

b) –Obrak, edozein erabileratako lokaletan:

–Fatxadak eraberritzea.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.

–Garrantzi txikiko obrak edo obra txikiak.

c) Obrak fatxada eta estalkietan, adibidez:

–Balkoiak ixtea, jabeen erkidegoak eraikin osoak jarraitu beharreko eredua onetsi ondotik, eta betiere eraikin horretarako hirigintza aldetik egiten ahal bada. Aurretiazko kontsulta bat tramitatu beharko da, 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–Kanpoan galdarak jartzea (etxebizitzen balkoietan) eta/edo gasaren hodiak fatxadetan, betiere fatxadaren diseinu bateratua mantenduz. Aurretiazko kontsulta bat tramitatu beharko da, 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–Olanak paratzea goiko solairuetan eta lokaletan.

–Baoak irekitzea lokalen beheko solairuan, baldin eta ez badute eraldatzen fatxadaren konfigurazio orokorra.

–Kanpoko arotzeria ordeztea.

–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordezkatzea.

–Estalkiak konpontzea, bai jarduketa puntualetan bai fatxaden zaharberritze integraletan eta estalkien teilaberritzeetan. Jarduketak diseinu bateratua eman beharko dio eraikinaren estalki edo fatxada osoari.

–Zorrotenak garbitu eta ordeztea.

d) Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

–Konponketak, ordezkapen partzialak edo erabateko eraberritzeak.

–Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

e) Eraispen puntual txikiak, etxebizitzak edo lokalak zaharberritzeko proiektu bat idatzi aurrekoak.

f) Eraberritze txikiak kanpoaldeko urbanizazioetan eta jabetza pribatuko lorategi eremuetan.

g) Etxebizitzen eraikinetako atariak berritzeko obrak, soilik estaldurei edo dekorazioari eragiten badiete, eta konponketak, araudiko baldintzak nabarmen aldatzen ez badituzte.

h) Artikulu honetan aipatutakoen antzeko ezaugarriak dituzten obra txikiak edo garrantzi txikikoak.

2.3. Itxiturak eta hesiak.

2.4. Bide publikotik ikusten ahal diren errotuluak eta publizitate kartelak, salbu egiturazko elementuak dituztenak (proiektu teknikoa behar baitute).

2.5. Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

2.6. Eguzki-energia aprobetxatzeko autokontsumorako instalazioak, eraikin edo egituren nahiz aparkaleku-pergolen gainean paratuak, potentzia-mugarik gabe. Honako instalazio hauek ez dira araubide horretara lotuta egonen:

–Kultura intereseko edo katalogaturiko ondasun gisa deklaraturiko eraikinetan eginak direnak; halakoetan, foru lege honen 62.7.c) artikuluak jasotakoa izanen da aplikatzekoa.

–Eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenak.

–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenak, aplikatzekoa den ingurumen-araubidearen arabera.

2.7. Eraikinen barruan dauden ibilgailu elektrikoetarako errekarga-puntuak, non eta ez duten eraginik kultura interesekotzat deklaratutako ondasunetan edo beste edozein babes-araubideren pean dauden ondasunetan.

10. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak obra hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Beriaingo Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

II. KAPITULUA

Jarduera sailkatuak

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak.

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak izanen dira indarreko ingurumeneko araudiak ezartzen dituenak.

Gaur egun, abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean zehazturik daude jarduera horiek. Foru agindu horrek abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak ezartzea du helburu, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatutako foru dekretuak onesten du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua. Baina kontuan hartu behar da Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Lege berriak indarra hartu duela, eta bertan aurreikusten dela garatzeko araudi bat ezartzea, zeinak zehaztuko baititu udal eskumenekoak diren baimenak lortzeko eta garatzeko prozedurak. 3. eranskina. Barne hartuta garatzen den araudiak ezartzen ahal dituen aldaketak.

12. artikulua. Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Egin beharreko obra eta/edo jardueraren titularrak edo sustatzaileak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena, obra eta/edo jarduera hasi aurretik.

V. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Beriaingo Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

III. KAPITULUA

Jarduerak abiaraztea

13. artikulua. Abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak.

Jarduera guztiak, sailkatuak izan nahiz ez izan, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez tramitatuko dira, jarduera bat abiaraztea baldin badakarte berekin.

14. artikulua. Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Edozein jarduera abiarazi behar denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak edo sustatzaileak, jarduera hasi aurretik eta behin jarduera gauzatzeko behar diren baldintza sektorial guztiak beteta eta baimen guztiak eskuratuta.

VII. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Beriaingo Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, kasu bakoitzerako beharrezkotzat jotzen badu, lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki definitzeko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

15. artikulua. Proiektatutako jarduera eta/edo obra hastea.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak interesdunari ahalmena ematen dio proiektatutako jarduera hasteko eta/edo obrak gauzatzeko, aurkezpenaren egunetik bertatik edo hasierarako adierazitako egunetik, baldin Udalaren esku uzten bada tramitaziorako legez eskatzen den dokumentazio guztia, horrek galarazi gabe udal administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan.

16. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

1. Jarduera sailkatuak.

Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren, 2 urteko epean proiektua gauzatzen hasten ez bada, edo 3 urteko epean jarduera bukatzen ez bada edo garatzen hasten ez bada, jarduera gauzatzen hasi edo jarraitu nahi duen interesdunak nahitaez aurkeztu beharko du jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpen berri bat.

2. Obrak.

Obren kasuan, interesdunak erregistroan eskabidea eskatzen duenean, ezagutzera emanen du zer egunetan aurreikusten duen obra hastea eta bukatzea, Udalak aukera izan dezan hura egiaztatzeko eta ikuskatzeko. Eskabidea Udalaren erregistroan aurkezteko unean ezin badira egun horiek aurreikusi, gero emanen zaizkio aditzera Udalari, idatziz, eskabide orokor baten bidez.

Nolanahi ere, obrak sei hilabeteko epean hasiko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira. Pertsona interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eska dezake, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Epe horiek iraganik obrak ez badira ez hasi ez gauzatu, Udalak, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, erantzukizunpeko adierazpena eten eginen du, eta eraginkortasuna galduko du. Hortaz, obrak hasteko edo horiei segida emateko beharrezkoa izanen da erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

3. Jarduerak abiaraztea (bai jarduera sailkatuak bai sailkatu gabeak).

Pertsona interesdunak jarduera hasteko data adierazi beharko du eskabidea aurkezten duenean, Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen bada.

Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo gelditzen bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera hasi edo hari segida eman nahi dion interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

HIRUGARREN TITULUA

Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Titulartasuna aldatzea eta jarduera uztea

17. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketak.

a) Jardueraren titulartasunaren aldaketa, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe ea jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

b) Jarduera uztea eta/edo azkentzea, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

18. artikulua. Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, jarduera egin behar den lokalaren salerosketa, alokairu edo eskualdatze kontratua sinatzen denetik.

VIII. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Beriaingo Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

19. artikulua. Jarduera uzteko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Jarduera uzteko aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar da gehienez ere hamabost eguneko epean, jarduera uzten den egunetik zenbatzen hasita; data hori izanen da udal zerbitzu teknikoek jarduera utzi edo azkendu dela egiaztatzen duten eguna.

IX. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Beriaingo Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

20. artikulua. Bete beharra eta ondorioak.

Jardueraren titulartasun aldaketen eta/edo jarduera uztearen aurretiazko komunikazioa (ordenantza honen aplikazio-eremuko jarduerak ukitzen dituenean) ondorio informatiboetarako bakarrik eskatuko da.

Betebehar hori betetzen ez bada, administrazioak aukera izanen du, zuzenbideak ezartzen dituen bitartekoen bidez, zehazteko noiz izan diren gertaera horiek, egoki diren ondorioetarako, galarazi gabe horietan xedatutakoa, aplikatzekoa den zehapen prozeduran.

Aurretiazko komunikazioek kasuan kasuko legerian zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera bat hasiko. Betiere, galarazi gabe Administrazio Publikoek dituzten ahalmenak egiaztapena, kontrola eta ikuskapena gauzatzeko.

Titulartasuna aldatzen bada, aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan, harik eta Udalak jardueraren abiarazteari buruzko frogagiria ematen duen arte.

21. artikulua. Dokumentazioaren eskaera.

Behin aurretiazko komunikazioa aurkezturik, Udalak egiaztatuko du aurkeztutako dokumentazioa osorik dagoen.

Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean komunikazioa zuzendu dezala, eta aurretiazko komunikazioaren eraginkortasuna eten eginen da harik eta eskatzen den zuzenketa egiten den arte.

Epe horretan komunikazioa zuzentzen ez bada, aplikatzekoa den zehapen prozeduraren arabera jokatuko da.

22. artikulua. Jarduera ezaren ondorioak.

Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo eteten bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera berriz hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

Baldin, jarduera utzi denetik, 2 urteko epean berriz hasten ez bada, beharrezkoa izanen da berriz hasteko interesdunak jarduerarako lizentzia berri bat eskatzea, eta/edo jarduera abiarazi izanaren erantzukizunpeko adierazpen berri bat, kasu bakoitzean behar dena.

Jarduera uztearen aurretiazko komunikazioa aurkezten denetik 2 urte iragan gabe, jarduerari berriz ekin nahi bazaio, jarduera berriz hasteko aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko da (baldin jarduera utzi zuen titular berbera bada) edo titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa (titularra beste bat izan behar bada).

LAUGARREN TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Hirigintzako arau-hausteak eta legeria sektorialak araututako gainerako arau-hausteak sailkatuko eta zehatuko dira egoki den legerian ezarritakoaren arabera.

Gainera, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten egintzak eta ez-egiteak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.

Arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke, hurrengo artikuluetan ezarritako tipifikazioari jarraituz, deusetan ukatu gabe arlo horretan aplika daitezkeen arauek ezartzen dutena arau-hausteen sailkapenarei dagokionez, horiek zehatzeko ahalmena udal administrazioarena denean.

24. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Ordenantza honetan ezarritako zehapen osagarriak ez betetzea.

b) Falta astunak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

c) Arau-haustearekin ondasunen edo pertsonen segurtasuna edo osotasun fisikoa arriskuan edo arrisku larrian jartzen bada, edo bizikidetza modu larrian nahasten bada, horrekin eraginez beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideen erabilerari edo jardueraren garapen normalari larriki, berehalakoan eta zuzenean.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpenari eta aurretiazko komunikazioari erantsitako edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua izatea, edo zerbait falta izatea.

b) Jardueran aritzea Udalean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

c) Jardueran aritzea, bete gabe indarrean den araudian eskatutako baldintzak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak.

d) Jardueran aritzea izan gabe indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak.

e) Agintaritza eskudunak jarduera eteteko aldez aurretik emandako agindua ez betetzea.

f) Establezimendu publikoak segurtasun arloan egoera txarrean edukitzea, eska daitekeen segurtasun maila gutxitzen dutenean.

g) Establezimenduetan, adierazitakoaz besteko jardueretan aritzea.

h) Establezimenduak eta bertako instalazioak nabarmen aldatzea, baimen berririk edo erantzukizunpeko adierazpenik tramitatu gabe.

i) Ezarritako neurri zuzentzaileak edo horiek gauzatzeko egindako errekerimendua ez betetzea.

j) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

k) Agintari eskudunek ikuskapen eginkizunak betetzeari trabak jartzea.

3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Establezimenduak, bertako instalazioak edo baldintza teknikoak arinki aldatzea, hala adierazi gabe baimenaren espedientean, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan.

b) Jardueren titulartasun aldaketek behar duten aurretiazko komunikaziorik ez izatea.

c) Ordenantza honetan, legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa ez betetzea, baldin eta arau-hauste oso astun edo astun gisa tipifikaturik ez badago.

25. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilpena.

Zehapen ahalmena erabiliko da ordenantza honetako dagokion tituluan ezarritakoari jarraituz.

Zehapen espedienteak tramitatuko dira administrazio prozedura arautzen duen legeria orokorrean eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz.

26. artikulua. Zehapenak.

1. Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak honako zehapen hauek ekarriko ditu:

a) Arau-hauste oso astunak: 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

27. artikulua. Zehapen osagarriak.

Ezarritako diru bidezko zehapenak alde batera utzi gabe, ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteak berekin ekar ditzake zehapen osagarri hauek:

a) Jarduerak aldi baterako etetea eta establezimenduak aldi baterako ixtea, hilabetetik hiru hilabetera bitarte arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Sustatzailea desgaitzea arau-haustea egin zueneko jarduera berdinean edo antzekoan aritzeko, hilabetetik hiru hilabetera bitarte, arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasunik eza deklaratzea, arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan.

28. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Arau-hausteen erantzuleak izanen dira, inguruabarrak kontuan harturik, haien portaerarekin arau-hausteak egiten dituztenak, bereziki eta kasuen arabera:

a) Jardueren titularrak.

b) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

c) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

2. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak azkentzen badira, erantzukizuna subsidiarioki eskatuko zaie haien administratzaileei.

3. Arau-hausleen erantzuleak teknikariak badira eta horiek lanbidean aritzeko kidetuta egon behar badute, egitate horiek dagokion elkargo profesionalari jakinaraziko zaizkio, bidezko neurriak har ditzan zehapen prozeduraren tramitazioaren ondorioz, deusetan ukatu gabe udal administrazioak ezartzen ahal dizkien zehapenak.

29. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Arau-hauste mota bakoitzari dagokion zehapena ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta, betiera, honako mailaketa irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Nahita aritu izana.

c) Kalteak nolakoak diren.

d) Berrerori den.

e) Berregilea izatea.

f) Lanbidea, profesioa edo ohiko jarduera dela-eta norainoko ezagutza duen legezko araudiaz eta nahitaez bete beharreko lege teknikoez.

g) Arau-haustetik ateratako onura edo, hala behar bada, hura egitea etor daitekeen onura ekonomikoari begiratu gabe.

2. Berregilea dela interpretatuko da izaera ezberdineko arau-hauste bat baino gehiago egiten baditu urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

3. Berrerortzetzat joko da urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

4. Isun bidezko zehapenak ezartzeko orduan betiere kontuan hartuko da zehapena betetzea hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa ez izatea arau-hauslearentzat.

5. Zehapenak mailakatzeko orduan, inguruabar astungarriak izanen dira:

a) Pertsonen segurtasun eta osasunean, eta ingurumenean kalte egiteko arriskua.

b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

c) Arau-haustearen eragilea nahita aritu izana.

d) Arau-hausteen berregilea izatea eta haietan berrerortzea, baldin eta aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.

e) Arau-haustea egitea eremu zaratatsuetan.

6. Inguruabar aringarria izanen da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.

30. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Halaber, arrazoitutako erabakiaren bitartez, behar diren behin-behineko neurriak har daitezke, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

2. Behin-behineko neurri horiek izaten ahalko dira: establezimenduak edo instalazioak ixtea eta/edo jarduerak etetea. Neurri horiei eutsiko zaie argi eta garbi egiaztatu arte eskatutako baldintzak betetzen direla edo aurkitutako akatsak konpondu direla.

31. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

2. Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

3. Instruktoreak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

4. Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

5. Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du, edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino astunagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat, dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

6. Zehapen prozedura bukatzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboa bukatzen denean.

7. Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahalko da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

Lehen xedapen gehigarria.–Alkatetzaren ebazpen baten bidez aldatzen ahalko dira ordenantza honen eranskinak, dena delako aldaketak baldin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua sinplifikatzea eta bizkortzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraikitzen bazaio. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berarekin ekarriko du, besteak beste, honako hauek onestea eta aldatzea: eskabideetarako eredu normalizatuak, aurretiazko kontsulta, erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa, ikuskapen aktak, prozeduraren definizioa eta erantsi beharreko dokumentazioa edo establezimenduan gorde beharrekoa, edukia zehazturik.

b) Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

Xedapen iragankor bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak, aurreko araudiaren arabera beharrezkoak ziren lizentziak edo baimenak lortzea helburu dutenak, hasi zirenean indarrean zegoen araudia aplikatuz izapidetu eta ebatziko dira. Nolanahi ere, interesdunak, ebazpenaren aurretik, eskaeran atzera egiten ahalko du, eta, hala, araudi berria aplikatzea aukeratzen ahalko du, eta ordenantza honetan araututako prozedura edo araubideen bidez aurrera egitea tramitazioan, baldin eta espresuki uko egiten badio aurreko espedientea tramitatzeari, Beriaingo Udalari hala komunikatzen badio eta ordenantza honetan azaldutako prozedura bakoitzean eskatzen den dokumentazioa aurkezten badu.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

I. ERANSKINA

Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

II. ERANSKINA

Obretarako erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

III. ERANSKINA

Jarduera abiarazi izanaren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

IV. ERANSKINA

Titulartasuna aldatzeko edo jarduera uzteko aurretiazko komunikazioaren eredua.

Deskargatzeko artxiboak PDF formatuan daude.

V. ERANSKINA

Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua (I. eranskina), behar bezala betea.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Jarduera sailkatuaren proiektua, agiri bidez ikus-onetsia, dokumentazioa 448/2014 Foru Aginduaren 27. artikuluan eta haren ordez une bakoitzean ematen den arauan ezarritakora egokitua. Adierazi beharko dira Nafarroako Gobernuko Proiektuen kontsignak emandako proiektuen zenbakia eta sarbide gakoa, agiri bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako. Gainera, kopia bat eman beharko da paperean, eta beste 4 formatu digitalean.

d) Ziurtagiria, teknikari eskudun batek idatzia, Udalak normalizatutako ereduaren araberakoa “Jarduera sailkatuen ziurtagiria”. Ziurtagiri horren bidez egiaztatuko da jarduerak betetzen dituela ingurumeneko eta hirigintzako araudiak, baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

e) Proiektatutako obren eta instalazioen zuzendaritzarako teknikaria kontratatzearen frogagiria.

f) Egintzak, lanak edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

g) Eranskineko erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan adierazten den dokumentazioa.

VI. ERANSKINA

Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Udalak normalizatutako eredua (II. eranskina), behar bezala betea.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Erantzukizunpeko adierazpena zer obretarako aurkezten den, horien deskripzio-memoria.

d) Partidetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.

e) Obrek behar dituzten baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

f) Obren zuzendaritzarako teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin obrek egiturazko elementu txikiak ukitzen badituzte (hala nola teilatu hegalak, balkoietako lauzak, estalkiko petralak edo gisakoak), edo obrek hala eskatzen badute, dokumentazio espezifikoaren arabera, hala eskatzen duten obren kasuan.

Hona hemen horietako batzuk:

f.1) Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritzako jarduera betetzeko edo zerbitzuak emateko (12/2012 Legearen eranskina):

–Egungo egoeraren eta zaharberrituaren planoak, adierazita azalerak, erabilerak eta instalazioak.

–Aplikatzekoa den araudia (hirigintzako planeamendua, CTE-SI, CTE-SUA, irisgarritasuna, zaratak, etab.) betetzen dela frogatzen duen memoria teknikoa, salbu obra txikien kasuan; horietan, ondoko 2. atalean adierazitako dokumentazioa eskatuko da.

–Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

–Obren zuzendaritzarako teknikari eskuduna kontratatzearen frogagiria. Ez da eskatuko garrantzi edo tamaina txikiko obretan eta frogagiri hori behar ez duten obra txikietan (ikus hurrengo apartatuko B mota).

f.2) Munta edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

A mota.–Etxebizitzetako obrak:

A.1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako: estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea; barneko zura aldatzea edo ordeztea; tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea; instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

A.2. Etxebizitzen barneko obrak (igeltserotza eta trenkadak):

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin eta obrek trenkadak eraistea badakarte, edo banaketa-aldaketak egitea badakarte.

–Bizigarritasun baldintzak aldatzen badira, Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zerbitzuaren txostena aurkeztu beharko da.

A.3. Etxebizitzen barneko obrak (azpiegitura edo instalazio berriak paratzea):

–Etxebizitzaren planoa, ezarriko diren instalazioak dakartzana.

B mota.–Lokaletako obrak:

B.1. Fatxadak eraberritzeko obrak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

B.2. Barneko estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

B.3. Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin eta obrek trenkadak eraistea badakarte, edo banaketa-aldaketak egitea badakarte, aldaketak eraginez Eraikuntzaren Kode Teknikoaren eta aplikatzekoa den bestelako araudi teknikoaren baldintzen betetzean.

C mota.–Fatxadetako eta estalkietako obrak:

C.1. Fatxadetako eta estalkietako obra puntualak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira, esaterako: estalkiak konpontzea; zorrotenak garbitzea eta ordeztea; fatxadak margotzea, paramentuak konpontzea, kanpoko zura ordeztea, eta abar.

–Fatxadetako eta estalkietako jarduketetan, obren xede diren elementuen argazkiak aurkeztu beharko dira.

–Kanpoko zura ordezten bada: jabeen erkidegoaren erabakia, jarri behar den zurari buruzkoa, edo jabeen erkidegoaren erabakia, kanpoko zura ordezteko.

C.2. Balkoiak ixtea: jabeen erkidegoaren erabakia, balkoiaren itxitura ereduari eta/edo olanaren ereduari buruzkoa, edo jabeen erkidegoaren erabakia, hura ordezteko.

C.3. Galdarak kanpoan jarri eta/edo fatxadetan gas hodiak paratzea (balkoiak eta etxebizitzak): jabeen erkidegoaren erabakia, galdara kanpoan jarri/aldatu eta/edo ke hodiak ateratzeko eredua onesteko, edo baimena, paratzeko eta/edo aldatzeko.

C.4. Eraikin eta lokaletan eguzki-oihalak paratzea:

–Haien diseinua zehazteko dokumentazioa (planoak, argazkiak...).

–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, zehazteko non kokatuko diren.

–Eraikinetako etxebizitzen edo etxebizitza atxikien olanen kasuan: jabeen erkidegoaren erabakia, haiek onesteko.

C.5. Fatxada-baoak zabaltzea beheko solairuan:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Baoa zer fatxadetan ireki behar den, haren argazkia.

C.6. Obrak fatxada eta estalkietan, oro har:

–Egungo egoeraren planoak eta eraberritu ondokoak, baldin diseinua, elementuen distribuzioa eta abar ukitzen badira.

–Justifikazio grafikoa eta/edo idatzia, agertzeko fatxadaren edo estalkiaren diseinuari eutsiko zaiola.

–Fatxadaren argazkia.

–Erkidegoaren erabakia eredua onesteko.

D mota.–Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

D.1. Egungo instalazioen trazaduran aldaketak dakartzaten obrak edo instalazio berriak ezartzekoak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

D.2. Fatxada ukitzen duten obrak:

–Fatxada horien argazkiak eta proposatutako obraren krokisa.

–Azterlan teknikoa, frogatzeko betetzen direla aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak.

D.3. Gas instalazioak:

–Azterlan teknikoa, enpresa hornitzaileak zigilatua, instalazioa deskribatzeko, eta frogatzeko betetzen direla aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak.

E mota.–Etxebizitzen eraikinetako atariak berritzeko obrak (dekorazioa, estaldurak...,), baldin araudiko baldintzak nabarmen aldatzen ez badituzte:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Egungo egoeraren argazkiak.

–Memoria teknikoa, jarduketak araudiaren alderdiren bat ukitzen badu.

F mota.–Antzeko beste batzuk, “Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak” apartatuan adieraziak:

–Antzekotasun handieneko obretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

F.1. Itxiturak eta hesiak:

–Lurzatiaren planoa.

–Itxitura edo hesiaren ereduari buruzko dokumentazio teknikoa, adieraziz ezaugarriak, altuera, materialak, etab.

F.2. Eremu publikotik ikusten diren publizitate kartelak eta errotuluak:

–Kartela edo errotulua instalatuko den lurzatiaren planoa, berariaz adieraziz kartela edo errotulua non kokatuko den.

–Kartelaren edo errotuluaren ezaugarriak, adieraziz neurriak, materialak, espaloiaren edo lurraren sestratik zer altueratan dagoen, fatxadarekiko hegalkina (kasua bada), etab.

–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, zehazteko non kokatuko diren.

–Zehaztu behar da kartel finkoa edo behin-behinekoa den, eta, bigarren kasuan, zenbat denboraz egonen den jarririk.

F.3. Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak:

–Teknikari eskudunak idatzitako txostena, non justifikatzen den zundaketak, prospekzioak, laginak eta/edo saiakuntzak egin beharra.

G mota.–Eguzki-energia aprobetxatzeko autokontsumorako instalazioak, eraikin edo egituren nahiz aparkaleku-pergolen gainean paratuak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Egungo egoeraren argazkiak.

–Azterlan teknikoa, instalazioa deskribatzeko, eta frogatzeko betetzen direla aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak.

H mota.–Eraikinen barruan dauden ibilgailu elektrikoetarako errekarga-puntuak, non eta ez duten eraginik kultura interesekotzat deklaratutako ondasunetan edo beste edozein babes-araubideren pean dauden ondasunetan:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Egungo egoeraren argazkiak.

–Azterlan teknikoa, instalazioa deskribatzeko, eta frogatzeko betetzen direla aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak.

VII. ERANSKINA

Edozein jarduera abiarazi izanaren erantzukizunpeko adierazpenarekin batean aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua, behar bezala betea (III. eranskina).

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua eta haren elkargo ofizialak ikus-onetsia, Udalak normalizatutako “PM-AACC ziurtagiriaren” edo “PM-INOC ziurtagiriaren” arabera, frogatzeko jarduera dagoela ordenantza honen aplikazio eremuaren barnean, eta betetzen dituela hirigintzako araudia eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

d) Jardueraren behin betiko planoak, barne dituela banaketa, azalerak, instalazioak, eta jarduera eta lokala deskribatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak.

e) Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan justifikatzea instalazioak (elektrizitatea, igogailuak...), kasua bada.

f) Osasun-zentroaren funtzionamendurako baimena, kasua bada.

g) Egintzak, lanak edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

1. Jarduera sailkatuen kasuan:

–Behar izanez gero, zaraten neurketaren ziurtagiria, teknikari tituludun eskudunak sinatua, frogatzen duena lokalak araudiaren araberako isolamendu akustikoa daukala.

–Lokalaren fitxa, baldin jarduera sartuta badago Ikuskizun Publiko eta Josteta Jardueren Katalogoan.

–Hondakin arriskugarriak kudeatzeko baimenaren agiria, beharrezkoa bada.

–Garajea bada: titulartasunaren aldaketaren aurretiazko komunikazioa aurkezteko berariazko konpromisoa, behin jabeen erkidegoa eraturik dagoenean eta beste titular bat dagoenean, bere gain hartuko duena erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa beteko dela.

2. Jarduera sailkatu gabeen kasuan:

–Beharrezkoa bada, egin beharreko jardueraren arabera: zaraten neurketaren ziurtagiria, teknikari tituludun eskudunak sinatua, frogatzen duena lokalak araudiaren araberako isolamendu akustikoa daukala.

VIII. ERANSKINA

Titulartasuna aldatzeko behar den aurretiazko komunikazioarekin batean aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua, behar bezala betea (IV. eranskina).

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Eskualdatzen duen titularraren edo aurrekoaren aurretiazko komunikazioaren kopia, abiarazteko erantzukizunpeko adierazpenarena, irekiera lizentziarena edo jarduera kaltegabea hasteko lizentziarena.

d) Aurreko titularraren ekonomia-jardueren gaineko zergaren bajaren kopia, eta titular berriaren ekonomia-jardueren gaineko zergaren altaren kopia.

e) Lokalaren fitxa, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren kasuan.

f) Heriotza agiria, mortis causa eskualdatzeen kasuan, edo jaraunspenaren ziurtagiria, eskualdatzearen frogagarri.

IX. ERANSKINA

Jarduera uzteko edo azkentzeko aurretiazko komunikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua, behar bezala betea (IV. eranskina).

b) Ordezkaritzaren frogagiria, halakoa dagoenean, partikularra, legala zein profesionala izan.

c) Eskualdatzen duen titularraren edo aurrekoaren aurretiazko komunikazioaren kopia, abiarazteko erantzukizunpeko adierazpenarena, irekiera lizentziarena edo jarduera kaltegabea hasteko lizentziarena.

e) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren bajaren kopia.

Iragarkiaren kodea: L2210369