164. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

84/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 9koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak uztailaren 20an emandako 80/2022 Foru Agindua, diru-sarrera eta ondasun gutxi dituzten pertsona fisikoentzako laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, ezarri zen Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola 11/2022 Errege Lege-dekretuaren 31. artikuluan aipatzen diren laguntzak kudeatzeko eta tramitatzeko eskumena.

Hortaz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 20ko 80/2022 Foru Aginduaren bidez, arautu egin zen diru-sarrera eta ondasun gutxi dituzten pertsona fisikoentzako laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura. Foru agindu hori eman ondoren, egiaztatu da laguntza hobeki kudeatzeko komenigarria dela zerga-prozeduren barruan sartzea. Hori dela eta, foru agindua aldatu behar da, errekurtsoen araubideari dagokionez zerga arloko araudira igortzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 20ko 80/2022 Foru Aginduaren manu hauek honela idatzita geldituko dira:

Bi.2. Indarrik gabe uzten da apartatu honen bigarren paragrafoa.

Hiru.

“Laguntza-eskaera aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean ordainketarik egin ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Ustezko ezespen horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga kudeatzeko eskumena duen atalari zuzendua, bai eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa ere, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera.”

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko uztailaren 20tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 9an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2211037