162. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

520/2022 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdia onesten duena 2022. urterako Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak eman dakizkien lagun egiteko animalien babeserako jarduketak egin ditzaten Nafarroan. DDBN identifikazioa: 640732.

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes- eta ongizate-maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia bermatzea eta animalien edukitze arduratsua sustatzea abandonuari aurre egiteko, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatzea.

2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora asko igaro bada ere, gure lurraldean txakurren eta katuen abandonua arazo larria da oraindik. Egiaztatuta dago Nafarroako udalerri askotan aske baina giza-ingurune baten menpe bizi diren katuen populazioak gero eta ugariagoak direla; gainera ez da populazio horien tamaina eta osasun egoeraren gaineko inolako kontrolik egiten, eta horrek, sarritan, gatazkak eragiten ditu bizilagunen artean. Gizarteak gertaera hauen gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko erakunde eskudunen aldetik.

Horri loturik, foru legearen atarikoan funtsezko bi estrategia aipatzen dira lagun egiteko animalien abandonua prebenitu eta murrizteko bide gisa: esterilizazioa eta identifikazioa. Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera zentroak eta katu-koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege honen 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo desagertutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu-koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.

Toki-erakunde gehienek ez dute oraindik eginbehar horiek betetzeko beharko luketen azpiegiturarik edo bitarteko materialik, eta dituztenek aseta izaten dute beti zentroen edukiera. Zailtasunak zailtasun, udal batzuk alternatiba bila dabiltza beren gain hartzeko lagun egiteko animaliak babesteko duten erantzukizuna. Hori horrela, Abeltzaintzako Zerbitzuaren ustez funtsezkoa da toki-erakundeek ildo horretan lanean jarraitzea, horrela arreta egokia ematen ahalko baitzaie bai abandonatutako animaliei, bai haien udalerrietan aske bizi diren katuei, hori bai, ahaztu gabe harrera zentroetako txakur eta katuen identifikazioak eta esterilizazioak, eta katu-kolonien ezarpenak berebiziko garrantzia dutela populazioen kontrolerako, abandonuaren prebentziorako eta animalien arteko bizikidetza errazteko neurri eraginkor gisa.

Arazo honi erantzun bat eman beharrez, eta arestian zehaztutako jarduketak gauzatze aldera, ezinbestekotzat jotzen da zuzeneko laguntzen lerroa ezartzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2022rako gastuen aurrekontuetan, toki.erakundeentzako dirulaguntzen bi partida aurreikusi dira, guztira 250.000 eurokoak, animaliak babesteko ekintzak sustatzeko. Horrela bada, administrazioak laguntzak emanen dizkie toki-erakundeei abandonatutako eta desagertutako animaliak jaso eta mantentzeari buruz 19/2019 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzen laguntzeko xedez, eta haien udalerrietan aske bizi diren katuen kudeaketari begira ezartzen dizkien betebeharrak bete ditzaten, lege horrek berak animalien babesaren eta ongizatearen arloan ematen dizkien eskumenak baliatuz.

Ebazpen honen xedea da laguntza zehatz batzuen oinarri arautzaileak ezartzea, lagun egiteko animalien babesa sustatzera bideratzeko Nafarroan. Horretarako, toki-erakundeei laguntza emateko zenbait laguntza lerro ezarri dira: lagun egiteko animalien harrera-zentroetan ostatatuta dauden txakur eta katuen esterilizazio, identifikazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako laguntzetarako batetik, eta bestetik, haien udalerrietan aske bizi diren katu-populazioen babes eta kontrol jardueretarako laguntzak. Beste alde batetik, animalien harrerarako zentroak dituzten toki-erakundeek etengabeko inbertsioak egin behar izaten dituzte zentroetan, han hartzen dituzten animalien ongizatea hobetzeko edo eskura dituzten plazak gehitzeko, zentroek gainezka egin ez dezaten. Badira, halaber, instalazio txikiak sortu edo hobetu nahi dituzten toki-erakundeak, abandonatutako edo galdutako animaliak edo katu-kolonietako katakumeak aldi baterako hartu ahal izateko. Hori horrela, xede horretarako berariazko laguntzen lerroa ere ezarri da.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Animalien Ongizatearen Atalari dagozkio aipatu foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdia, 2022. urtean lagun egiteko animalien babeserako jarduketak gauzatu ditzaten Nafarroan.

2. Onestea ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren deialdiaren oinarri arautzaileak, eta onestea II. eta III. eranskinak, ebazpen honetan jasotzen den moduan.

3. Baimentzea 200.000 euroko gastua, 710004-71300-4609-412202 partidaren kargura (“Toki-erakundeentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako”), eta 50.000 euroko gastua, 710004-71300-7609-412200 partidaren kargura (“Toki-erakundeentzako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako”), 2022ko Aurrekontu Orokorretakoak bi partidak, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari jakinaraztea (BDNS).

5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko uztailaren 21ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nafarroan lagun egiteko animalien babesa sustatzeko ekintzak gauzatzeko Nafarroako toki-erakundeetara 2022. urtean bideratutako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea da, Nafarroako toki-erakundeei 2022. urtean dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko arauak ezartzea, lagun egiteko animalien harrera-zentroetan ostatatuta dauden txakur eta katuen identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako, zentro horien handitze-, hobekuntza-, konpainiako animaliak hartzeko zentroak sortu eta/edo hobetzeko instalazio eta ekipoamenduetan egindako inbertsio-gastuak, eta aske baina giza-ingurune baten mende bizi diren katuen populazioa babestu eta kontrolatzera bideratutako jarduketetarako.

1.2. Diruz lagunduko diren jarduera horiek onura publikoko helburua dute; izan ere, abandonatutako txakur eta katuen inpaktua ahalik eta txikiena izatea dute xede eta lagun egiteko animalien babesa sustatzea, horretarako haien udalerrietan bizi diren katu-populazioaren gaineko kontrola gauzatuz. Jarduketa horiek guztiak toki-erakundeen eskumenekoak dira izan, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa apirilaren 4ko 19/2019 Foru legearen arabera.

2. oinarria. Erakunde onuradunak.

Toki-erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

Hiru dirulaguntza modalitate ezartzen dira eta horietako bakoitzerako jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. 1. modalitatea: toki-erakunde baten titulartasuneko konpainiako animaliak hartzeko zentroetan egindako jarduketak (zentrook baimenduta eta Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (NAUE) erregistratuta egon behar dut laguntza-deialdi hau argitaratzen den egunean). Hauek izanen dira jarduketak:

a) Inbertsioak: obra zibileko gastuak edo instalazioak hobetzeko edota handitzeko behar den ekipamendua erosteko gastuak.

b) Animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotutako ekipamendu-ondasunak eskuratzea, eta baimendutako harrera-zentroetan sartzen diren etxeko animaliak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurkako txertoa jartzeko, parasitoak kentzeko eta larrialdiko albaitaritza-tratamenduak egiteko jarduketak egitea.

3.2. 2. modalitatea: dirulaguntzen eskaera aurkezteko egunean lagun egiteko animalia abandonatuak, konfiskatuak edo galduak aldi baterako hartzeko beren zerbitzu propioa duten toki-erakundeek gauzatutako jarduketak, animalia horiek jabeari edo lagun egiteko animalientzako harrera-zentro baimendu eta erregistratu batean entregatu bitartean.

a) Inbertsioak: obra zibileko gastuak edo konpainiako animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortu, hobetu eta/edo handitzeko beharrezko ekipamendua erosteko gastuak.

b) Animalien aldi baterako bilketa- eta mantentze-zerbitzua kudeatzeko beharrezkoak diren ekipamendu-ondasunak eskuratzea, animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotuta daudenak, eta abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako animaliak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurkako txertoak jartzeko, parasitoak kentzeko eta larrialdiko albaitaritza-tratamenduak egiteko jarduketak.

3.3. 3. modalitatea: toki-erakundeen jarduketak, baldin eta laguntza-eskabidea aurkezten den egunean zerbitzu propio edo itundu bat badute katu-koloniak ezarri eta/edo mantentzeko, beren udalerrietan askatasunean bizi diren katu-populazioak babesteko eta kontrolatzeko neurri gisa. Jarduketa horiek honako hauek dira: koloniako katuen zaintzarako eta ongizaterako beharrezko ekipamendua eskuratzea, eta katuak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurkako txertoak jartzeko, parasitoak kentzeko eta larrialdiko albaitaritza-tratamenduak egiteko jarduketak.

4. oinarria. Baldintzak.

4.1. Nafarroako toki-erakundeek honako betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko unean:

1.–1. modalitatea:

1. Lagun egiteko animaliak hartzeko zentro baimendu bat izatea, eta hura Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea.

2.–2. modalitatea:

1. Bere zerbitzu propioa edo itundua izatea abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako lagun egiteko animaliak jaso eta haiei aldi batean mantenua emateko.

3.–3. modalitatea:

1. Katu-kolonien ezarpenerako eta/edo mantentzeko bere zerbitzu propioa edo itundua izatea, haien udalerrietan aske bizi diren katuen babes eta kontrolerako neurri gisa.

4.2. Toki-erakundeek diruz lagungarriak diren jarduera horietako edozein zeharkako kudeaketa bidez eta/edo lankidetza hitzarmen bidez gauzatzen badute, modu sinesgarrian egiaztatu beharko dute aldeen artean dagoen harremana eta iraupena, baita dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak gauzatzeko epean izanen duen indarraldia ere.

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

5.1. Diruz lagungarriak dira 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte gauzatu eta ordaindutako jarduketak.

5.2. 1. modalitaterako eskaera aurkezten duten toki-erakundeek ez dituzte eskatzen ahalko 2. modalitaterako dirulaguntzak.

5.3. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

5.3.1. 1. modalitatea, jarduketak Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan erregistraturik dauden lagun egiteko animaliak hartzeko zentro baimenduetan.

a) Inbertsioak:

–Obra zibila, azpiegiturak eta instalazioak egiteko gastuak, zentroaren edukiera handitzeko edo hartutako animalien ongizatea handitzeko beharrezkoak direnak.

–Instalazioak mantentzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta ekipamenduak erosteko gastuak.

b) Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk:

–Animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastuak.

–Harrera-zentroan hartutako animalien identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako gastuak, baldin eta galdutako animaliak direlako horiek ordaintzea haien jabeei ez badagokie, edo ez bazaizkie harreran hartzen dituztenei ordainarazten.

5.3.2. 2. modalitatea, dirulaguntzen eskaera aurkezteko egunean lagun egiteko animalia abandonatuak, konfiskatuak edo galduak aldi baterako hartzeko beren zerbitzu propioa duten toki-erakundeek gauzatutako jarduketak, animalia horiek jabeari edo lagun egiteko animalientzako harrera-zentro baimendu eta erregistratu batean entregatu bitartean.

a) Inbertsioak:

–Konpainiako animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortu, hobetu eta/edo handitzeko beharrezkoak diren obra zibilak, azpiegiturak eta instalazioak egiteko gastuak.

–Instalazioak mantentzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta ekipamenduak erosteko gastuak.

b) Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk:

–Animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastuak.

–Abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako animalien identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto eta desparasitazio gastuak, hala nola albaitaritzako larrialdiko tratamenduek eragindakoak, baldin eta galdutako animaliak direlako horiek ordaintzea haien jabeei ez badagokie, edo ez bazaizkie harreran hartzen dituztenei ordainarazten.

Galdutako, konfiskatutako edo utzitako animaliak jasotzeko eta mantentzeko zerbitzua NAUEn erregistratutako harrera-zentro baimendu batekin hitzartuta duten toki-erakundeek 2. modalitateko a) apartatuan (inbertsioak) bakarrik eskatzen ahalko dituzte laguntzak, bai eta animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzeneko zerikusia duten ekipamendu-ondasunak eskuratzeari buruzko b) apartatuan ezarritakoak ere.

5.3.3. 3. modalitatea, katu-koloniak ezartzea eta/edo mantentzea, baliabide propioekin edo zerbitzua hirugarren batekin hitzartuta:

–Katu-kolonia batean beharrezkoa den eta animalien zainketarekin zerikusi zuzena duten ekipamenduko ondasunak eskuratzeko gastuak.

–Ezarri edo mantendu gogo den koloniako katuen identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduek eragindako gastuak.

5.3.4. Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak diren inbertsioetako gastuak:

–Igeltserotza-, iturgintza-, elektrizitate-, klimatizazio-, argiztapen-, isolamendu-, energia-hobekuntzako eta lorezaintza-obrak, zentroaren handitzearekin, instalazioen hobekuntzarekin edo horien egokitzapenarekin zuzenean lotutakoak, zentroan ostatu hartzen duten animalien ongizatea areagotzeko, bai eta animalien aldi baterako bilketa- eta mantentze-zerbitzua kudeatzeko instalazioak sortzearekin, hobetzearekin edo egokitzearekin lotutakoak ere.

–Boxak, etxolak edo antzekoak eraikitzea, erostea eta instalatzea.

–Instalazioak garbitzeko, desinfektatzeko edo mantentzeko ekipoak eskuratzea, hala nola hidrogarbigailua, belarra mozteko makina, sasi-garbitzeko makina edo antzekoak.

–Zentroko animaliak artatzeko beharrezkoa den ekipamendu espezifikoa eskuratzea, hala nola hilotzak edo ekipo-ondasunak mantentzeko izozkailua eta ebakuntza-gelako tresneria. Ez dira hemen sartzen atzemandako animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuak.

–Toki-erakundeek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

5.3.5. Honako hauek hartuko dira animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastu diruz lagungarritzat:

–Mikrotxip irakurgailuak.

–Lakioak edo animaliak harrapatzeko kaiola moduko tranpak.

–Animaliak garraiatzeko behar den materiala, hala nola garraiatzaileak, arnesak edo sareak.

–Katu-kolonien ezarpenaren kasuan, janlekuak, edanlekuak, etxolak, oheak, katuentzako plataforma edo kutxa goratuak, gorotzetarako erretiluak edo hondartegiak, atzamarka egiteko objektuak, animaliari erosotasuna eta aterpea emanen dioten elementuak.

–Jolasa bultzatzeko materialak, hala nola, sokak, pilotak, arrapalak, eta abar.

–Uhalak edo arnesak.

–Animaliak zaintzeko edo mantentzeko box eramangarriak erostea.

–Toki-erakundeek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

5.3.6. Identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, honako hauek:

–Mikrotxip homologatuak erosi eta jartzea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.

–Amorruaren aurkako txertoak eta parasito-kontrakoak erosi eta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.

–Animalia bat esterilizatzea edo hari albaitaritzako larrialdiko arreta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.

Gastu hauek animalia zehatz bati lotu beharko zaizkio; kasuan kasu esku hartu duen albaitariak ziurtatu beharko du hori.

Albaitaritzako larrialdiko tratamendutzat hartuko da abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako lagun egiteko animalia bati zaurituta dagoelako, istripua izan duelako edo beste edozein kausa larrirengatik harrera-zentroan sartu aurretik edo sartzeko unean ematen zaion arreta, betiere gastu horiek ez bazaizkio haren jabeari ordainarazten, jaberik izatekotan. Halakotzat hartzen dira halaber, katu multzo batekoak izanik tratamendu hori albaitaritzako lehenbiziko artan jasotzen duten katuak ere.

5.4. Gastu-kontzeptu bakoitzean diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Inbertsioetan eta instalazioetarako ekipamendu-ondasunen erosketan egindako gastuaren % 60 lagunduko da diruz, gehienez.

b) Animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotutako ekipamendu-ondasunak erosteko gastuaren % 70 lagunduko da diruz, gehienez ere.

c) Gehienez ere, esterilizazioari, identifikazioari, amorruaren aurkako txertoari, desparasitazioari eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduari dagozkion gastuen % 80 diruz lagunduko da, betiere, animalia bakoitzeko gehieneko muga hauek gainditu gabe:

–Txakur espezieko animalien esterilizazioa: 120 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 80 euro gehienez ar bakoitzeko.

–Katu espezieko animalien esterilizazioa: 85 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 35 euro gehienez ar bakoitzeko.

–Identifikazioa: 25 euro gehienez ere.

–Amorruaren aurkako txertoa: 15 euro gehienez ere.

–Desparasitazioa: 6 euro gehienez barneko desparasitazio bakoitzeko, eta 8 euro gehienez kanpoko desparasitazio bakoitzeko.

–Larrialdiko albaitaritzako tratamenduak: 300 euro gehienez ere.

5.5. Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzerik ez duenean.

5.6. Toki-erakundeak zerbitzuak hirugarren batekin itunduta baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izaten ahalko toki-erakundeak entitate kudeatzaileari zerbitzu horiek egiteagatik ordaindu dion kopurua baino handiagoa.

6. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. 1. modalitatean aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:

6.1.1. 1. Modalitatea, a apartatua, Inbertsioak: 40.000 euro.

6.1.2. 1. Modalitatea, b apartatua, Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 40.000 euro.

6.2. 2. modalitatean aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:

6.2.1. 2. Modalitatea, a apartatua, Inbertsioak: 10.000 euro.

6.2.2. 2. Modalitatea, b apartatua, Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 70.000 euro.

6.3. 3. modalitatean laguntza emateko aurreikusitako zenbatekoa 90.000 eurokoa da.

6.4. Inbertsioei dagozkien 1. eta 2. modalitateetako zenbatekoak 2022ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-7609-412200 partidaren kontura ordainduko dira (“Animaliak babesteko ekintzetarako toki-erakundeentzako laguntzak”). 50.000 euroko zuzkidura dauka partidak.

6.5. Beste jarduketa diruz lagungarri batzuei dagozkien 1. eta 2. modalitateetako zenbatekoak, bai eta 3. modalitatekoak ere, 2022ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-4609-412200 partidaren kontura ordainduko dira (“Animaliak babesteko ekintzetarako toki-erakundeentzako laguntzak”). 200.000 euroko zuzkidura dauka partidak.

6.6. Modalitate eta jarduketa diruz lagungarri bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida dirulaguntzaren xedeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe agortzen bada, 9. oinarrian ezarri bezala, modalitate eta jarduketa diruz lagungarri mota bakoitzera bideratutako zenbateko osoa aurkeztutako eskaeren artean eta eskatutako proportzioaren arabera hainbanatuko da.

6.7. Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan. Horretarako, kontuan hartuko da modalitateak eta jarduketa diruz lagungarri mota zein aurrekontu-partidari esleituta dauden; beraz, honako hauek bateragarriak izanen dira:

a) 1. modalitatea, a apartatua, eta 2. modalitatea, a apartatua.

b) 1. modalitatea, b apartatua, eta 2. modalitatea, b apartatua eta 3 modalitatea, elkarren artean.

6.8. Eskatzaile bakoitzeko dirulaguntzetarako gehieneko zenbateko hauek ezarri dira, dirulaguntza modalitatearen arabera, aurkeztutako jarduketaren kostu osoa handiagoa den ala ez alde batera utzita:

a) 1. modalitatea:

–a apartatua: 20.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

–b apartatua: 20.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

b) 2. modalitatea:

–a apartatua: 2.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

–b apartatua: 10.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

c) 3. modalitatea:

10.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

6.3. 9. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko modua eta epea, eskatzen diren agiriak eta baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Aurkezteko modua:

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Eskaerak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Abere Ekoizpenaren Atalera bideratuko dira.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eta toki-erakunde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak ez dira aurkeztutzat hartuko egokitzen ez badira laguntzen fitxan dagoen eredura eta ez badira telematikoki aurkezten, aipatutako fitxa erabiliz. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

7.3. Aurkeztu beharreko agiriak: Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da dirulaguntza modalitatearen arabera:

7.3.1. 1. modalitatea:

a) Animalien harrerarako zentro baimenduaren identifikazio datuak.

b) 3.1.a) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien justifikatzeko memoria eta aurrekontu xehatua, eta horiekin batera, eskuratu nahi den materialaren zerrenda xehatua, horietako bakoitzaren banakako kostua, eta ase nahi diren beharren azalpena.

c) 3.1.b) oinarrian zehaztutako kontzeptuengatik laguntza eskatuz gero, eskuratu nahi diren ondasunen justifikatzeko memoria eta aurrekontu xehatua aurkeztu beharko dira. Txakurren eta katuen identifikazioari, esterilizazioari, amorruaren aurkako txertaketari, parasito-kentzeari eta larrialdiko albaitaritza-tratamenduei dagokienez, aurrekontuak zehaztu egin behar du diruz lagun daitekeen aldian zenbat txakur eta katu identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurka txertatu, desparasitatuko direla aurreikusten den, eta albaitarien larrialdiko tratamendua zenbatek jasoko dutela uste den. Kostuak kontzeptuaren arabera diruz lagunduko diren gehieneko zenbatekoetan aurreikusitako kategorietan banakatuta emanen dira. Kalkulua egiteko erabili den irizpidea ere azaldu beharko da, eta aurreko bi urteetan eginiko jarduketen berri emanen da.

7.3.2. 2. modalitatea:

a) 3.2.a) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien justifikatzeko memoria eta aurrekontu xehatua, eta horiekin batera, eskuratu nahi den materialaren zerrenda xehatua, horietako bakoitzaren banakako kostua, eta ase nahi diren beharren azalpena.

b) 3.2.b) oinarrian zehaztutako kontzeptuengatik laguntza eskatuz gero, eskuratu nahi diren ondasunen justifikatzeko memoria eta aurrekontu xehatua aurkeztu beharko dira. Diruz lagun daitekeen aldian udalerrian identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurkako txertoa jartzeko, desparasitatzeko eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak egiteko zenbat katu eta txakur biltzea aurreikusten den. Datuok kontzeptuaren arabera diruz lagunduko diren gehieneko zenbatekoetan aurreikusitako kategorietan banakatuta emanen dira. Aurreikuspena zehazteko jarraitu diren irizpideak ere azaldu beharko dira, eta aurreko bi urteetan eginiko jarduketen berri emanen da.

7.3.3. 3. modalitatea:

a) 3.3. oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien justifikatzeko memoria eta aurrekontu xehatua, eta horiekin batera, eskuratu nahi den materialaren zerrenda xehatua, bai eta horietako bakoitzaren banakako kostua ere.

b) Katu-kolonietan kokatutako animalien identifikazio, esterilizazio, desparasitazio, amorruaren aurkako txertaketa eta larrialdiko albaitaritza-tratamenduengatik laguntza eskatuz gero, aurrekontuak argi eta garbi zehaztu behar du animalia-motaren eta kontzeptuaren araberako banakako gastua, eta, horrez gain, gutxieneko eduki hau eman behar du: ezarritako katu-kolonia bakoitzeko edo egun dagoen katu multzokatze bakoitzeko katuen kopurua, aldi diruz lagungarri bakoitzean identifikatu, esterilizatu, desparasitatu eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak egitea aurreikusten den katuena, bai eta aurreikuspena gauzatzeko erabilitako irizpidea, aurreko bi urteetako jarduerei erreferentzia eginez.

Obra zibila edo instalazioak diren jarduketekin batera, inbertsioa gauzatzeko aurrekontua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera arlo horretan eskumena duten teknikariek idatzi eta sinatuak, bai eta memoria bat ere. Memoria horretan, laguntzaren xede diren jarduketak deskribatu beharko dira, jarduketaren aurrekari eta helburu batzuekin.

Edozein modutan, dirulaguntzaren 3. modalitateetako zeinahi aukeratzen dela ere, toki-erakundeek transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehenbiziko aldiz eskatzen badizkiote.

7.4. Toki-erakundeak zerbitzua hirugarrenekin itundua badu, entitate horrekin izenpetutako hitzarmenaren edo kontratuaren kopia erantsi beharko du, bertan zehazturik itundutako jardueraren nondik norakoa eta hirugarrenen bidez emandako zerbitzuaren kudeaketa arautzen duten baldintza ekonomikoak.

7.5. Eskaerak emateko 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazte aldera, erakunde eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) 1. modalitatea: Toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Badagoela harrera-zentroko inbertsioak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2022. urterako.

–Animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta lagun egiteko animalien abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, tokia, data eta iraupena adierazita.

–Azken bi urteetan instalazioak handitzeko, hobekuntzak egiteko edo moldatzeko eginiko obrak, honako hauek adierazita: noiz egin diren, egindako jarduketen azalpena, jardueraren kostua, gauzatzeaz arduratu den entitatea.

–Azken bi urteetan harreran eman diren animalien kopurua, urteka bilduta.

b) 2. modalitatea: Toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Badagoela lagun egiteko animaliak babesteko inbertsioak eta/edo jarduerak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2022. urterako.

–Badituela udal instalazioak animalien harrerarako eta aldi baterako ostatu emateko.

–Animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta lagun egiteko animalien abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, zehaztuz, tokia, data eta iraupena, zein entitatek egin dituen eta jardueraren deskribapena.

–Azken bi urteetan jasotako eta animalien harrera-zentroetara bideratutako animalien kopurua, urteka bilduta.

–Toki-erakunde eskatzaileko biztanle kopurua:

c) 3. modalitatea: Toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Badagoela lagun egiteko animaliak babesteko jarduerak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2022. urterako.

–Toki-erakunde eskatzailean aske bizi diren katu multzoen kopurua.

–Azken bi urteetan animalien defentsarako elkarteekin katu-kolonien ezarpenerako edo aske baina giza-ingurune baten menpe bizi diren katuen kudeaketarako eginiko lankidetza hitzarmenak: sinatutako hitzarmenen kopurua, data, indarraldia eta zein elkarterekin izenpetu diren.

–Giza-ingurune baten menpe bizi diren katu populazioen babes eta kontrolari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, zehaztuz, tokia, data eta iraupena, zein entitatek gauzatu duen eta jardueraren deskribapena.

–Toki-erakunde eskatzaileko biztanle kopurua:

7.6. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, baldin eta interesduna haiek kontsultatzearen aurka agertu ez bada.

7.7. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki-entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.

8.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalari esleitu zaizkio.

8.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.

9. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

9.1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

9.2. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.

9.3. Laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak honako puntuazioa lortu beharko du gutxienez modalitatearen arabera:

8.3.1. 1. modalitatea: 4 puntu.

8.3.2. 2. modalitatea: 3 puntu.

8.3.3. 3. modalitatea: 4 puntu.

9.4. Modalitate eta jarduketa diruz lagungarri mota bateko aurrekontua ez bada aski gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

9.5. Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, 6. oinarriko 7. puntuan adierazitakoaren arabera.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskaeren ezespena, kasua bada.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2022ko azaroaren 15ean, beranduenez:

11.2.1. Jarduketak justifikatzeko memoria; eskatutako modalitatearen eta egindako jarduketen arabera, honako informazio hau eman beharko du:

a) 1 modalitatea: obra-zuzendariak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz lagundu daitekeen epean egindako jardueren justifikatzeko memoria, honako alderdi hauek zehaztuta, egindako jarduketen arabera:

a. Instalazioetan handitutako plazak eta/edo egindako hobekuntzak, horien erabilgarritasuna eta lortu nahi den animalia-ongizatearen helburua berariaz adierazita.

b. Zentrorako egindako obrak, instalazioak eta erositako ekipamendua, bai instalazioei dagokienez, bai animalien ongizatea hobetzeko.

c. Harrera-zentroan aldi horretan identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurkako txertoa jarri, parasitoak kendu edo larrialdiko albaitaritza-tratamenduak jaso dituzten txakurren eta katuen kopurua, espeziearen eta jarduketa diruz lagungarri motaren arabera banakatuta.

Memoriarekin batera, bilketa-zentrorako zerbitzuak ematen dituzten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean espeziea, arraza, sexua eta mikrotxip-zenbakia adierazten dituen animalien zerrenda jaso beharko da, hauek egin zaizkien animaliei dagokienez:

–Esterilizazio kirurgikoa egin.

–Identifikaziorako mikrotxipa ezarri.

–Parasitoaren aurkako tratamendua egin.

–Amorruaren aurkako txertoa jarri.

–Larrialdiko albaitaritza-tratamendua egin.

b) 2 modalitatea: obra-zuzendariak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz lagundu daitekeen epean egindako jardueren justifikatzeko memoria, honako alderdi hauek zehaztuta, egindako jarduketen arabera:

a. Instalazioetan sortu eta handitutako plazak eta/edo egindako hobekuntzak, horien erabilgarritasuna eta lortu nahi den animalia-ongizatearen helburua berariaz adierazita.

b. Egindako obrak, instalazioak eta erositako ekipamendua, bai instalazioei dagokienez, bai animalien ongizatea hobetzeko.

c. Aldi horretan identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurkako txertoa jarri, parasitoak kendu edo larrialdiko albaitaritza-tratamenduak jaso dituzten txakurren eta katuen kopurua, espeziearen eta jarduketa diruz lagungarri motaren arabera banakatuta.

Memoriarekin batera, toki-erakundearentzat edo, hala badagokio, zerbitzua kudeatzen duen erakundearentzat zerbitzuak ematen dituzten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean espeziea, arraza, sexua eta mikrotxip-zenbakia adierazten dituen animalien zerrenda jaso beharko da, udalerriaren arabera, hauek egin zaizkien animaliei dagokienez:

–Esterilizazio kirurgikoa egin.

–Identifikaziorako mikrotxipa ezarri.

–Parasitoaren aurkako tratamendua egin.

–Amorruaren aurkako txertoa jarri.

–Larrialdiko albaitaritza-tratamendua egin.

c) 3. modalitatea: diruz lagundu daitekeen aldian egindako jarduketen justifikatzeko memoria, katu-kolonia edo taldekatze bakoitzerako honako hauek adierazita: kolonia ezartzeko edo hobetzeko erositako ekipamendua, larrialdiko albaitaritza-tratamenduak egin behar izan zaizkien katuen kopurua, identifikatutako, esterilizatutako, amorruaren aurkako txertatutako eta desparasitatutako katuen kopurua, egindako jarduketa motaren arabera banakatuta.

Memoria horrekin batera, katu-kolonia kudeatzen duen erakundearentzat zerbitzuak ematen dituzten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta honako alderdi hauek jaso beharko ditu:

2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean kolonia bakoitzean identifikatutako katu-kopurua, sexua adierazita, toki-erakunde bakoitzeko, hauek egin zaizkien animaliei dagokienez:

–Esterilizazio kirurgikoa egin.

–Identifikaziorako mikrotxipa ezarri.

–Parasitoaren aurkako tratamendua egin.

–Amorruaren aurkako txertoa jarri.

–Larrialdiko albaitaritza-tratamendua egin.

11.2.2. Jarduketa diruz lagungarriak erreferentziako aldian egiteko beharrezkoak izan diren gastuen fakturak, eta horien ordainagiriak. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

Diruz lagundutako jarduketen gastu osoaren justifikazioa, toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta egiten ahalko da; bertan, diruz lagundutako jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketa egiaztatzeko balioko du.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio aldia bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Ziurtagiriarekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, kalkulu-orriaren formatuan. Zerrenda horretan, kontzeptu diruz lagungarrien arabera multzokatutako fakturen zerrenda zehatza jasoko da, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta. Zerrenda horretan, hornitzailea, IFK, faktura-zenbakia, jaulkipen-data, BEZik gabeko zenbatekoa, ordaindutako zenbateko osoa, ordainketa-data eta ordaintzeko modua adieraziko dira, III. eranskinean aurreikusitako ereduaren arabera.

Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, edo 40.000 eurotik gorakoa obrak egiteagatik, toki-erakundeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

11.2.3. Jarduketa diruz lagungarriak zerbitzua hirugarren batekin hitzartuta egiten badira, eta, sinatutako hitzarmenaren arabera, hirugarren horri hilero zenbateko bat ordaintzen bazaio, eta erakunde kudeatzailearen kontu eta karguaren kudeaketatik eratorritako gastuak badira, erakunde kudeatzaileak 11.2.1. apartatuan aurreikusitako jarduketen memoria egiten ahalko du.

Bertan, diruz jarduketa diruz lagungarri bakoitzean izandako gastuak zehaztuko ditu, baita dagozkion fakturak eta ordainagiriak ere, eta, hala badagokio, kontratatutako albaitariei dagozkien nominak ere bai. Toki-erakundeak memoria hori baliozkotu eta onartu beharko du, eta idazkaritzaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko du, aldi diruz lagungarrian toki-erakundeak egin dituen jarduketak eta kudeaketak eragindako gastuak ordaintzeko erabilitako zenbatekoak onartzen dituela jasotzen duena.

Toki-erakundeak egindako ekarpenek gastuaren fakturak zuzenean ordaintzen ez badituzte, hileko kopuru orokor bat baizik, identifikazio, txertaketa, desparasitazio, esterilizazio eta larrialdiko albaitaritza-tratamenduen gastuetarako dirulaguntza 5.4 oinarriko b) apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoen arabera kalkulatuko da.

Ateratzen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izaten ahalko, inola ere, toki-erakundeak zerbitzua finantzatzeko egiten dituen ekarpenak baino handiagoa, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Gobernuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako jarduketen kostuaren % 100 baino handiagoa.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki-entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

b) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

c) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuak parte hartzen duela dioen testua agertzea dirulaguntza ematen denetik aurrera, diruz lagundutako jarduerei buruz idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan.

i) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.

14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Araudi gehigarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskaerak baloratzeko irizpideak

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak, laguntza zein modalitatetan eskatzen den horren arabera:

1. 1. modalitatea, Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan erregistraturik dauden lagun egiteko animaliak hartzeko zentro baimenduak:

1.1. Harrera-zentroko inbertsioak finantzatzera edo lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako diru-partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2022. urterako. 5 puntu.

1.2. Azken bi urteetan animalien babesaren arloan eginiko zabalkunde-, prestakuntza- eta informazio-jarduerak. 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.

1.3. Aurreko bi urteetan instalazioak hobetzeko, handitzeko edo egokitzeko eginiko obrak: 2 puntu eginiko obra bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

1.4. Urte bakoitzean harreran eman diren animaliak, aurreko bi urteetako datuen batezbestekoa hartuta:

–10 animalia baino gutxiago: 1 puntu.

–10 edo gehiago eta 20 baino gutxiago: 2 puntu.

–20 edo gehiago eta 30 baino gutxiago: 3 puntu.

–30 edo gehiago eta 40 baino gutxiago: 4 puntu.

40 edo gehiago eta 50 baino gutxiago: 5 puntu.

50 edo gehiago eta 60 baino gutxiago: 6 puntu.

60 animalia baino gehiago: 7 puntu.

2. 2. modalitatea, abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako animaliekin zerikusia duten jarduketak:

2.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2022. urterako. 5 puntu.

2.2. Animaliak hartu eta haiei aldi baterako ostatu emateko udal instalazioak izatea. 3 puntu.

2.3. Lagun egiteko animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.

2.4. Toki-erakunde eskatzailearen udal-mugartean azken bi urteetan harrera-zentro batean sartu diren animalien kopurua, aurreko bi urteetako datuen batezbestekoa hartuta:

–0 animalia baino gehiago eta 3 baino gutxiago: 1 puntu.

–3 animalia edo gehiago eta 6 baino gutxiago: 2 puntu.

–6 animalia edo gehiago eta 10 baino gutxiago: 3 puntu.

–10 animalia edo gehiago: 4 puntu.

2.5. Eskaera egiten duen toki-erakundean erroldatutako biztanle kopurua:

a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.

b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.

c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.

d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.

e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.

3. 3. modalitatea, katu-kolonien ezarpena:

3.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2022. urterako. 5 puntu.

3.2. Katu-koloniak edo udalerrian aske bizi diren katu multzoak: 1 puntu, kolonia edo multzo bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

3.3. Animalien defentsarako elkarteekin azken bi urteetan katu-kolonien ezarpenerako eginiko lankidetza hitzarmenak: 1 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 3 puntu.

3.4. Giza-ingurune baten mende bizi diren katu-populazioen babes eta kontrolerako azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.

3.5. Eskaera egiten duen toki-erakundean erroldatutako biztanle kopurua:

a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.

b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.

c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.

d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.

e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. eranskina: fakturen zerrenda.

Deskargatu III. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2210325