160. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

86E/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Europa Hurbilago Programarako Laguntzak” dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 639905.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren 94E/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako Nafarroako Gobernuaren 2021-2024 Kanpoko Ekintza Planean adierazten den bezala, Bruselan egoitza dute Europako edo nazioarteko 1.500 erakundek baino gehiagok, 160 enbaxadak eta Europako lanbide elkarte eta federazio gehienek. Horrez gain, Brusela munduko prentsa zentro handienetako bat da, eta bertan aritzen dira atzerriko 60 banketxetik gora, nazioarteko 1.700 enpresa, nazioarteko 300 abokatu kabinete eta aholkularitza-etxe, bai eta nazioarteko 21 eskolatik gora ere.

Plan horren ardatzetako bat da Europar Batasuneko funtsak eskuratzeko orduan Nafarroako entitateen itzulkina hobetzea. Europar programetatik edo bestelako iturrietatik (adibidez, Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiek berek, partzuergoek eta Europa mailako ekimenek antolatutako deialdi eta lizitazioetatik) eskualdeko enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateentzako funtsak lortzeko eskaintza eta proposamenak prestatzen direnean, aurretiaz zehaztutako metodologia edo estrategia bati jarraitu behar zaio, baldin eta, itzultzen diren funtsei dagokienez, Nafarroak izan duen arrakasta maila hobetu nahi bada. Bruselan gertatzen denari buruzko informazioa eta ezagutza izatea funtsezkoa da. Jakina, Europako programei eta finantzaketarako beste aukera batzuei buruzko informazioa erraz eskuratzeko bideak behar dira, eta zabalkunde kanpaina bat egin beharra dago.

Horregatik egin da Europa Hurbilago laguntza programaren deialdia, helburu duena Nafarroako entitateei laguntza zehatza izateko aukera eskaintzea, hobetu ditzaten Europako proiektuen arloan laguntzen deialdietara aurkezteko prestatzen ari diren proposamenak, eta modu horretan areagotu dadin Nafarroako entitateek aurkeztutako proposamen horien arrakasta maila, Foru Komunitatearen lurraldera Europako funts gehiago erakarriz.

2022ko Nafarroako Aurrekontuetan partida hau dago: “B50003/B5200/4701/145100: Europa Hurbilago Programarako Laguntzak”, 20.000 eurokoa.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Europa Hurbilago Programarako Laguntzak izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

ZENBATEKOA

B50003-B5200-4701-145100: Europa Hurbilago Programarako Laguntzak

2022

20.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko uztailaren 19an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAKO ENPRESENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA EUROPA HURBILAGO PROGRAMAREN ESPARRUAN

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da zehaztea zer laguntza araubide izanen duten Europa Hurbilago Programan parte hartzen duten Nafarroako enpresek. Programa hori Enterprise Europe Network sareak antolatzen du (https://een.ec.europa.eu/) (EEN).

Neurri horiei esker, enpresek Europako proiektuen esparruko laguntzen deialdietara aurkezteko prestatzen ari diren proposamenak hobetuko dituzte. Hori egokitzat jotzen da, horrela proposamen horien arrakasta maila handitzen ahal delako eta, ikuspegi publikoari dagokionez, Europako funts gehiago erakarriko dituelako Foru Komunitatearen lurraldera.

2. oinarria.–Aurrekontua.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 20.000 eurokoa da, gehienez ere, 2022ko gastu aurrekontuko “Europa Hurbilago Programarako Laguntzak” izeneko B50003/B5200/4701/145100 partidaren kargura.

3. oinarria.–Onuradunak.

Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

b) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

d) Parte hartzea Nafarroako EEN puntuek antolatzen duten Europa Hurbilago Programan.

e) Laguntza honen aurreko deialdietan parte hartu ez izana.

4. oinarria.–Europa Hurbilago Programa.

Enterprise Europe Network mundu mailako enpresak lotzeko sare bat da, Europar Batasunak sustatzen duena. Gaur egun, Barne Merkatuaren, Industriaren, Ekintzailetzaren eta ETEen Zuzendaritza Nagusiaren (DG GROW) mende dago, eta Enpresen eta ETEen Lehiakortasunerako Programak (COSME) finantzatzen du. Europako Batzordeak enpresei laguntzeko Europan ezarri duen sare handiena da EEN. 60 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta guztira tokiko 600 erakunde baino gehiago daude elkarrekin lotuta, enpresei laguntza eta zerbitzuak emateko helburu bakarrarekin. Haren eginkizun nagusia da ETEei berritzen eta nazioartean hazten laguntzea, bat etorriz Itun Berdea Europako hazkunde-estrategiaren eta Europa jasangarri eta digital baterako ETEen estrategia berriaren printzipioekin.

EEN sareak garatutako Europa Hurbilago Programak honako ekintza hauek biltzen ditu:

1. Horizon Europe programan proposamenak prestatzeko prestakuntza-ekintzak, bai eta Europar Batasunaren beste programa edo ekimen batzuk ere, komenigarritzat jotzen denean. Prestakuntza hori Nafarroan emanen da, Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako guneekin lankidetzan, eta nagusiki praktikoa izanen da.

2. Ekitaldietara, biltzarretara eta hitzaldietara joateko bidaiak, bilerak antola ditzaten beren proposamenak Europar Batasunaren esparruan hobetzeko gakoak diren eragileekin. Horretarako, Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorrak enpresen beharrei egokitutako bileren agenda bat antolatuko du, lankidetzan Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) Bruselan duen bulegoarekin (SOST) eta Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako guneekin. Hasiera batean, agendek honakoak hartuko dituzte barnean:

–Taldeko lan saioak SOSTen egoitzan; horietan CDTIko ordezkariek eta Europako Batzordeko txostengileak bertatik bertara azalduko dituzte etorkizuneko Horizon Europe programaren eta beste programa batzuen aldaketa eta berrikuntza nagusiak, bai eta enpresen parte-hartzearen gakoak ere.

–Europako Batzordeko Project Officers-ekin banakako elkarrizketak; aurretik zehaztuko dira, enpresek garatutako proposamenen arabera. Banakako elkarrizketak eginen dira, betiere enpresak proposamen zehatza badu eta Project Officers-ek berresten badituzte.

–Bilerak Europako entitateekin (beste enpresa batzuk, Europako sareak eta plataformak, Merkataritza Ganberak...), partzuergoak osatzeko, Nafarroako enpresek Europa mailan antolatzen den artekaritzan izandako parte-hartzeen bidez.

–Parte hartzea Europar Batasunak antolatutako info days jardunaldietan, biltzarretan, mintegietan eta beste edozein eratako ekitaldietan, bai eta lotutako erakundeek antolatutakoetan ere, baldin helburu badute eskaintza hobeto kokatzea eta prestatzea, Europar Batasuneko deialdi batetik finantzaketa lortzeko asmoz.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira Europa Hurbilago Programan parte hartzearekin lotutako bidaia-gastuak eta bidaia horretako gomendioak ezartzeko beharrezkoak diren aholkularitza-gastuak, baldin eta 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 4ra bitartean egiten badira, biak barne.

6.1. Diruz lagungarriak izanen dira Europar Batasunean egindako bidaiaren garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena, taxia edo autobusa), ostatu hartzea eta mantenua.

–Ekintzaren garapenerako ezinbestean behar diren gastuak bakarrik onartuko dira.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

–Bertaratze bakoitzeko onartutako gastuaren gehieneko zenbatekoa ez da izanen 1.000 euro baino gehiagokoa (BEZa kenduta).

–Gehienez, 82,94 euro ordainduko dira egun bakoitzeko mantenuagatik, eta zenbateko hori ezin izanen da metatu.

–Gastu horiek berariaz zehaztuak egon behar dute onuradunari igorritako fakturetan, eta espresuki adierazi behar da eginkizun horretarako zein profesional izendatu duen enpresak. Bertaratze bakoitzeko profesional bakar baten joan-etorria finantzatuko da.

6.2. Diruz lagungarriak izanen dira aholkularitza-etxe bat kontratatzeko gastuak, baldin eta laguntzen badio enpresari EEN sareak antolatutako bidaian parte hartzean lortutako gomendioak eta oharrak ezartzen Europako proiektuaren deialdi batera aurkezteko proposamen batean. Aholkularitza-etxearen fakturan jaso beharko da zerbitzuak zein programa eta deialditarako eskatzen diren.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2022ko deialdi honetan, enpresa onuradun bakoitzaren gastu diruz lagungarria ez da izanen, inola ere ez, 2.000 euro baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien honako portzentajeak finantzatuko dituzte laguntzek:

GASTUAREN KONTZEPTUA

DIRULAGUNTZAren %

Europa Hurbilago Programako bidaia gastuak (bidaia gastuak, ostatua, mantenua)

% 100

Aholkularitzaren kontratazioa

% 100

6. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 16an bukatuko.

Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/convatoria-de-ayudas-a-empresas-de-navarra-en-el-marco-del-programa-europa-cerca-2022 (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan ezarritako ereduaren arabera.

b) Enpresa eratzeko edo, hala badagokio, aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

c) Enpresaren jarduketa planaren memoria, garatu nahi duen Europako proiektuari buruzkoa, 7. oinarriko balorazio irizpideen arabera.

d) Jarduerak, banakatuta, eta aurrekontua, non adierazten baita dirulaguntzaren xedeko jardueretan parte hartzeko kostuen aurreikuspena.

e) EEN sareko Europa Hurbilago Programan parte hartzeko aurreinskripzioa.

Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak enpresa interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Laguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, oinarri honetako irizpideen arabera baloratutako eskaerak konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira:

a) Enpresaren deskribapena eta Europa Hurbilago Programan parte hartzearen helburuak (gehienez 25 puntu): helburuek SMART izan behar dute (espezifikoak, neurgarriak, errealistak, egokiak eta denboran mugatuak). Baloratuko da benetako sinergiarik dagoen enpresaren xedearen eta eskuratu nahi diren EBko programen eta dirulaguntzen helburuen artean (2000 karaktere, gehienez ere).

b) Proiektu ideiaren deskribapena, zer deialditara aurkez litekeen adierazita (gehienez 25 puntu): modu arrazoituan identifikatzea zein izan daitezkeen EBko programen deialdi berariazko interesgarriak haietan parte hartzeko. Baloratuko da enpresak identifikatzea Europako Batzordearen urteko balizko lan programa edo bestelako dokumentu batzuk (2000 karaktere, gehienez ere).

c) Proiektua idazteko eginen diren ekintzen kronograma (gehienez 25 puntu): EBk 2022rako aurreikusitako deialdien egutegiaren identifikazioa eta azalpena (2000 karaktere, gehienez ere).

d) Proiektua gauzatuz lortu nahi diren emaitzak (gehienez 25 puntu): Enpresak aurreikusten dituen prestakuntza ekintzen, aldebiko topaketen eta abarren deskribapena (2000 karaktere, gehienez ere).

8. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak, hura baita laguntzak kudeatzen dituen organoa, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Enpresa onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia da laguntzak nori eman erabakitzeko organo eskuduna. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, enpresa interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea hilabeteko epean, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). Inguruabar hori espresuki aipatu beharko da laguntza emateko ebazpenetan.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa eta laguntzen metaketarena aipatutako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Horretarako, interesdunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako de minimis laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

10. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten enpresek:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxaren bidez, gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera (aplikatu beharrez Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, 2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

c) Laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri ematea Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari. Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Edozer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

d) Argitara ematea Nafarroako Gobernuaren finantzaketa. Betebehar hori gauzatzeko, enpresaren webgunean jaso beharko da, egokitzat jotzen den atalean (albisteak, bloga, orri-oina...), Europa Hurbilago Programan parte hartu dela, eta adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak diruz lagundu duela partaidetza hori, eta erakunde horren ikur grafikoa sartu. Logo hori hemen deskarga daiteke: (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala).

e) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

I) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte. Dirulaguntzen arloko zehapenak ezartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 120. eta 121. artikuluetan xedatutakoari beteko da.

12. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

2022ko azaroaren 11 azken eguna izanen da egindako ekintzaren justifikazioa aurkezteko, behar bezala eta telematika bidez aurkeztuko dena.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako dirulaguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutenak. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Faktura guztiek entitatearen izena eta IFZ izan beharko dute.

Aholkularitza-etxe bat kontratatu bada, horren fakturan jaso beharko da proposamena zer programa eta deialditarako idazten ari den.

Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, enpresaren legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko.

b) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, gastu justifikatutzat hartuko da soilik 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 4ra bitartean (biak barne) ordaindu dena, 5. oinarrian zehazten den moduan. Txartel pertsonalen bidezko ordainketen kasuan (enpresaren izenean ez badaude), aurkeztu beharko dira txartel horren ordainagiria nahiz enpresak txartelaren titularrari eginiko ordainketa.

Enpresak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan.

Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Kudeaketa organoak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

Iragarkiaren kodea: F2210122