160. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

276/2022 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Ebazpen horren bidez onetsi dira Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako jarduna ebaluatzeko oinarriak.

2/2006 Lege Organikoak 145. artikuluan ezartzen du hezkuntza administrazioek, beren eskumenen esparruan, ikastetxeen ebaluazio planak prestatu eta gauzatzen ahalko dituztela, eta ikastetxeen autoebaluazioa lagundu eta erraztuko dutela.

Lege horren beraren 121.2 ter artikuluak xedatzen du ikastetxeko hezkuntza proiektuak hobekuntza plan bat izanen duela, eta aldian behin berrikusiko dela. Plan horretan, ikasleen eta ikastetxearen ebaluazio prozesuen azterketatik abiatuta, hezkuntza emaitzak eta familiekiko eta inguruarekiko koordinazio eta harreman prozedurak hobetzeko behar diren estrategiak eta jarduerak planteatuko dira.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 10eko 45/2022 Foru Aginduaren bidez ezarri da Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen hezkuntza ebaluaziorako esparru orokorra. Foru agindu horretan xedatzen da ikastetxeen jarduna, beste esparru batzuen artean, behar den ebazpenaren bidez garatuko dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren 2017-2021 aldiko Plan Estrategikoak, urriaren 5eko 454/2017 Ebazpenaren bidez onetsiak, 2.2. Arrakastarako Faktore Kritiko moduan du: Ikastetxeen jarduna hobetzeko prozesu berri bat abian jartzea, irakaskuntza-prozesuetara, irakaslanera eta ikasleen ikaskuntza-prozesuen emaitzetara bideratua.

Lege-agindu horiek guztiak direla eta, ebazpen bat behar da, ikastetxeak ebaluatzeko eta hobetzeko sistema bat ezarriko duena.

Testuinguru horretan, ebazpen horren zeregina ikastetxeen jarduna biziberritzeko eta etengabe berritzeko elementu gisa ulertu behar da, hezkuntzaren kalitatea, ekitatea eta inklusioa hobetzen laguntzeko.

Horretarako, ebazpen honek esparru berri bat garatzen du hezkuntza-zuzendaritza eta -plangintza berrantolatzeko eta hobetzeko, irakasleen parte-hartzea eta talde-lana bultzatzeko, hezkuntza prozesuak hobetzeko, bitartekoak eta baliabideak eguneratzeko, kanpoko lankidetza indartzeko eta hezkuntza-jarduera emaitzetara bideratzeko. Bereziki, garrantzi berezia ematen zaie irakatsi eta ikasteko prozesuari eta ikasleen ikaskuntzen emaitzei.

Azken batean, ebazpen honek ebaluazio sistema komun berri bat ezartzen du, ikastetxeak beraiek izan daitezen beren jarduna hobetzearen protagonista, ikasleei hezkuntza- eta gizarte-aukera onenak emateko.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako jardunaren ebaluazioaren oinarriak, ebazpen honen eranskinean agertzen direnak.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura eta Lanbide Heziketako Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen eta haren eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko uztailaren 1ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako jardunaren ebaluaziorako oinarriak

Lehena.–Xedea.

Ikastetxeen ebaluazioaren xedea da haien jardun-maila zehaztea eta diagnostiko fidagarri eta balioduna lortzea, hezkuntza prozesuen eraginkortasuna eta ikasleen ikasketa emaitzak hobetzeari begira.

Bigarrena.–Aplikazio esparrua.

Ebaluazio prozesu hau aplikatuko zaie funts publikoekin finantzatutako Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen ikastetxeei.

I.–Ebaluazioaren alderdi orokorrak

Hirugarrena.–Helburuak.

Ikastetxeen jarduna ebaluatzeak berariazko helburu hauek ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako kalitatea, ekitatea eta inklusioa hobetzen laguntzea.

b) Ikastetxeetako hezkuntza proiektuak, programak eta planak bideratzea.

c) Ikastetxeen funtzionamenduaren gardentasuna eta eraginkortasuna handitzea.

d) Ikastetxeetako hobekuntza planetan eta urte anitzeko beste plan batzuetan planteatutako helburuen eta jardueren betetze-mailari buruzko informazioa ematea.

e) Ebaluazioaren eta antolaketa-ikaskuntzaren kultura txertatzea, ikastetxeen, organoen, irakasle-taldeen eta irakasleen hobekuntza-gaitasun kolektiboa sustatzeko.

f) Ikastetxeetan elkarrizketa irekia, lankidetza eta elkarrekiko ikaskuntza ahalbidetzea irakasle-taldeen, lantaldeen eta irakasleen artean, informazioa eta esperientziak trukatuz.

g) Ebaluazioa atzeraelikatzeko eta jarduna etengabe hobetzeko bide gisa aplikatzea.

Laugarrena.–Ezaugarriak.

Ikastetxeetako jardunaren ebaluazioak berezko ezaugarri batzuk ditu:

a) Jardunaren estandarrak eta adierazleak ezartzen ditu, ebaluazio zorrotz eta arrazoitua egiteko. Garapenaren funtsezko alderdiak identifikatzen ditu.

b) Balorazio-eskalak eta -metrikak finkatzen ditu, eta jardunean errendimendu-maila desberdinak bereizten ditu.

c) Norberaren xedeak eta xede kolektiboak lerrokatzen ditu.

d) Emaitzak neurtzen ditu.

e) Eragile eta protagonista guztien konpromisoa eta erantzukizuna sustatzen ditu.

f) Planen eta programen garapenak denboran izan duen aurrerapena eta proposatutako jomugen lorpena monitorizatzen ditu.

g) Autoebaluazioa sustatzen du.

h) Baztertu egiten du ikastetxeen artean edozein ranking edo lehentasun egitea.

Bosgarrena.–Ebaluazio esparrua.

Ikastetxeen ebaluazioak ebaluazio esparru bat du, jardun arlo hauen inguruan antolatzen dena:

1. Norabidea.

2. Plangintza.

3. Irakasleak eta taldeak.

4. Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua.

5. Bizikidetza.

6. Baliabideak eta testuingurua.

7. Hezkuntza-komunitatea eta kolaboratzaileak.

8. Emaitzak.

Esparruan protagonismo berezia dute irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak eta emaitzek. Horrela, modu honetan erraztu nahi da ebaluazioa izan dadin irakaskuntza hobetzearen eta prozesu pedagogikoen ardatz eta, horrela, hezkuntza aukerak eta ikasleen ikaskuntzak indartu nahi dira.

Arloak jardun-estandar ebaluagarri sorten bitartez garatzen dira, eta estandar horiek hausnarketarako eta baloraziorako gida moduan erabiltzen dira.

Seigarrena.–Estandar eta adierazle homologatuak.

Jardun-estandar ebaluagarriak irakaskuntzaren eraginkortasunean eta ikaskuntzaren kalitatean gehien eragiten duten elementuak edo dimentsioak dira.

Estandar bakoitzean espero den jardun-maila adierazle homologatu batzuen laguntzarekin ezartzen da.

Esparruan jasotako estandarrek eta adierazleek lortu nahi den jardunari buruzko informazio objektiboa emanen dute, eta ikastetxeari egungo jarduerari buruz eta planteatutako hezkuntza-helburuak lortzeko egin beharreko hobekuntzei buruz hausnartzen lagunduko diote.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ezarriko ditu ebaluazio esparruko estandar eta adierazle homologatuak, eta zuzendari nagusiak onartuko ditu.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak estandarren eta adierazleen esparru orokorra egokitzen ahalko du, hala badagokio, landa eskolen, Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeen eta/edo araubide bereziko irakaskuntzak ematen dituzten beste ikastetxe batzuen errealitate pedagogikora eta antolaketara egokitzeko.

Zazpigarrena.–Ikastetxea ebaluatzeko modalitateak.

Eredu honek ikastetxeen jardunaren ebaluazioa jasotzen du, bi prestakuntza-ikuspegi bateratzaile eta osagarritatik abiatuta: barne-ikuspegia eta kanpo-ikuspegia.

Ikastetxeen ebaluazioa, barne- eta kanpo-perspektiben arabera, jardun eremu, erreferentzia estandar eta adierazle homologatuen arabera eginen da, errealitate berari erantzuten diotela bermatzeko.

Kanpo-ebaluazioa ikastetxetik kanpoko langileek eginen dute, eta barne-ebaluazioa, berriz, ikastetxeko kideek.

II.–Autoebaluazioa

Zortzigarrena.–Ikastetxearen autoebaluazioa.

Zuzendaritza taldeak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordearekin lankidetzan, ikastetxearen autoebaluazioa planifikatu eta zuzenduko du, Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasierako jarraibideetan ezartzen dituen jarraibideen arabera.

Jardun arloen ebaluazioa arretaz eta xehetasunez eginen da, modu koherente eta sekuentziatuan, ikastetxearen ebaluazioa bere osotasunean ziurtatzeko.

Bederatzigarrena.–Autoebaluazioaren prozedura.

Ikastetxearen autoebaluazioaren prozedura honako urrats hauen arabera eginen da:

1. Hezkuntza komunitatearen sentsibilizazioa.

Hezkuntza komunitatea zabaldu eta sentsibilizatzeko aurretiazko fase batekin hasiko da prozedura. Batez ere hasieran, ikastetxeko zuzendaritzak denbora bat eskainiko dio irakasleei eta taldeei barne-ebaluazioaren helburuei eta prozedurari buruzko informazioa eta prestakuntza emateari.

2. Ebaluazioaren plangintza.

Ikastetxeko zuzendaritza taldeak planifikatu eta zuzenduko du ikastetxearen autoebaluazioa. Ikastetxeko autoebaluazio-prozeduraren ezarpena, koordinazioa eta jarraipena bermatzeko azken arduraduna izanen da.

Komunitatea sentsibilizatu ondoren, zuzendaritza-taldeak, KPBren ekarpenak kontuan hartuta, lan plan bat ezarriko du, eta bertan zehaztuko dira ikastetxearen autoebaluazioa egiteko denborak, baliabideak eta pertsonak.

Esparru beretik abiatuta, autoebaluazioa hiru antolamendu-mailatan eginen da: ikastetxearen antolamendu orokorra, departamentuko/zikloko irakasle taldearen antolamendua eta irakasleen antolamendu partikularra. Ebaluazioa autoebaluazioko hiru prozedura paraleloren bidez garatuko da. Lehenengo autoebaluazio-maila zuzendaritza taldeak eta KPBk osatuko dute (ebaluazio batzordea). Bigarren maila departamentuko/zikloko kideek osatuko dute eta, azkenik, hirugarren maila banakako irakasleek osatuko dute.

3. Estandarren eta adierazleen ebaluazioa.

Autoebaluazioa egiten den maila bakoitzean ebaluazio-taldeek, beren kideen artean eztabaidatuz eta erabakiz, ebaluazio adierazleak eta estandarrak noraino betetzen diren baloratuko dute. Hau da, jardun-estandarrak banan-banan aztertu eta puntuatuko dira, ezarritako ordenan, estandarra definitzen duten adierazleetako bakoitzari emandako puntuaziotik abiatuta.

6. arloak (Baliabideak eta testuingurua) ikastetxearen testuinguru sozial, kultural eta ekonomikoa eta dauzkan baliabideak islatzen ditu. Eremu honetako estandarrak eta adierazleak baloratzeko ez dira erabiliko arestian aipatutako deskriptoreak, eta horretarako berariazko parametroak daude. Hala ere, eremu honetako estandarrak eta adierazleak hobetzen ahalko dira.

8. arloa (Emaitzak) baloratu ahal izateko, zuzendaritza taldea, Educa plataformaren bitartez, kanpo- eta barne-ebaluazioetako emaitzen bilakaeran sartuko da.

Ondoren, zuzendaritzak emaitzen datuak eta grafikoak emanen dizkie departamentuei/zikloei autoebaluazio prozesuan tratatu eta azter ditzaten.

4. Ikastetxearen jardunaren diagnostikoa.

Hurrengo urratsa ikastetxearen diagnostikoa lortzea izanen da, indarguneak eta jarduna hobetzeko arloak definituz.

Autoebaluazioan 3 edo 4 ateratzen duten estandarrak eta/edo adierazleak indargune gisa sailkatuko dira automatikoki. Bestalde, 1 edo 2 ateratzen dutenak hobekuntza arlo gisa tipifikatuko dira.

5. Txostena egitea.

Ondoren, ikastetxearen autoebaluazio orokorreko txostena eginen da, eta departamentuen/zikloen autoebaluazio txostenak. Txosten horietan jasoko dira prozesuan zehar identifikatu diren jardunaren indarguneak eta ahuleziak eta horien lehentasun-maila.

6. Txostenaren aurkezpena.

Azkenik, egindako ebaluazio prozesua eta emaitzen txostena hezkuntza komunitatearen organoei, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari, irakasleen klaustroari eta Eskola Kontseiluari aurkeztuko zaizkie.

Hamargarrena.–Autoebaluazio teknikak.

Autoebaluazioaren prozeduran, adierazleen eta estandarren balorazioak egiteko behar adina ebidentzia eta datu objektibo izanen dira.

Askotan, ikastetxeko dokumentazio instituzionala aztertu beharko da, eta gobernu edo koordinazio organoetatik edo irakasleengandik bertatik informazioa bildu.

III.–Kanpo-ebaluazioa

Hamaikagarrena.–Kanpo-ebaluazioa.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak bere urteko jarduketa planarekin bat eginen du kanpo-ebaluazioa, ikastetxeen autoebaluazio prozesua osatzeko.

Ikastetxe bakoitzeko jardunaren kanpo-ebaluazioa ikuskatzaile talde batek eginen du. Zerbitzuko zuzendariak izendatuko du talde hori.

Ebaluatzaile taldeek aldez aurretik prestakuntza teoriko eta praktiko sendoa izanen dute.

Ikastetxeen ebaluazioak kontuan hartuko ditu aurreko ebaluazioetan lortutako ondorioak, autoebaluazioaren emaitzak eta autoebaluazioaren ondoriozko hobekuntza plana, bai eta testuinguru sozioekonomikoa eta eskura dauden baliabideak ere.

Kanpo-ebaluazioaren emaitza espezifikoak ebaluazio-taldeak aurkeztuko ditu Koordinazio Pedagogikorako Batzordean. Ondoren, ikastetxeko zuzendaritzak Eskola Kontseiluari eta irakasleen klaustroari jakinaraziko dizkie, azter ditzaten eta, ondoren, ikastetxeko dokumentu programatikoetan sar ditzaten. Dokumentu horiek kontuan hartu beharko dira ondorengo hobekuntza planak diseinatzerakoan, bai eta ikastetxearen prestakuntza instituzionalean ere.

Hamabigarrena.–Kanpo-ebaluazioaren prozedurak.

Kanpo-ebaluazioaren prozedura honako hau izanen da: ikastetxeko dokumentazioa aztertzea, ikasgela behatzeko bisitak egitea, eta zuzendariari, ikasketa-buruari, departamentuko/zikloko buruei edo beste koordinazio-figura batzuei elkarrizketak egitea.

Ebaluazio taldeak azterketa- eta sintesi-fase batekin jarraituko du, eta, amaitzeko, ikastetxearen ebaluazio txosten bat eginen du eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko dio.

Fase hauen arabera eginen da:

1. Ebaluatu beharreko ikastetxeak hautatzea.

Ikuskapen Zerbitzuaren zuzendariak, Urteko Jarduera Planaren esparruan, ikasturtean zehar ebaluatuko diren ikastetxeak hautatuko ditu, eta erabaki horren berri emanen die zuzendaritzei.

2. Ebaluazio taldeak antolatzea.

Zerbitzuko zuzendariak ikuskatzaile talde bat izendatuko du ebaluatu beharreko ikastetxe bakoitzerako.

Ebaluazio-taldearen ardura duen ikuskatzaileak ebaluatuko den ikastetxea bisitatuko du, zuzendaritza taldeari eta irakasleei ikastetxean eginen diren ebaluazio-jardueren plangintzaren berri emateko.

3. Dokumentazioa ikastetxeari eskatzea.

Zuzendariek ebaluazio-taldeari bidaliko diote ebaluaziorako eskatzen den erakunde plangintzari eta irakaskuntza jardueraren antolamenduari buruzko dokumentazioa.

4. Ikuskatzaile taldeak dokumentazioa aztertzea.

Ebaluazio taldeak ikastetxearen dokumentazio instituzionalaren aldez aurreko azterketa eginen du, honako dokumentu hauek bereziki nabarmenduta:

–Autoebaluazioaren ondoriozko txostena eta hobekuntza plana.

–Ikastetxearen urte anitzeko beste plan batzuk (Misioa, ikuspegia eta balioak; hezkuntza proiektua, plan estrategikoa, zuzendaritza proiektua).

–Urteko Programazio Orokorra (UPO) eta amaierako memoria.

–Programazioak.

–Emaitza akademikoen eta kanpo-ebaluazio estandarizatuen txostenak.

5. Ikastetxea bisitatzea.

a) Ikuskatzaile bakoitza zenbait klasetara joanen da, eta behaketa ez-parte-hartzailea eginen du. Behaketa horretan, zenbait arlo/ikasgai/modulutako irakasleen irakaskuntza jarduna gainbegiratuko da.

Ikasgela bisitatzean, ez da irakasle bakoitzaren jarduna ebaluatuko, baizik eta informazioaren lagina bilduko da ikastetxearen egoera orokorra ondorioztatzeko.

b) Bestalde, ikuskatzaile bakoitza behatutako klase bakoitzeko ikasle-bikoteekin elkarrizketatuko da, irakaskuntza-jardunari buruzko informazioa biltzeko. Ikasleek behatutako arlo/gaiaren ekoizpen pertsonal dokumentalak edo digitalak emanen dituzte aztertzeko (ikasturte osoko ekoizpenak: koadernoa, lanak, etab.).

c) Elkarrizketak eginen dira irakaskuntza-jarduera behatu zaien irakasleekin. Eraginkortasun handiagoa lortzeko, irakasleak ikasgelan behatutako irakasgaiari buruzko dokumentazioa eta baliabideak (ikasgelako koadernoa, programazioa, egindako probak, etab.) erabiliko ditu elkarrizketan.

d) Ikuskatzaile bakoitzak bi departamentu-buru/ziklo-koordinatzaile elkarrizketatuko ditu, eta organo horren dokumentazio instituzionala aurkeztuko dute (programazioak, urteko plana, prestakuntza plana, ebaluazioen emaitzak, aktak, etab.). Halaber, KPBko bilerak, departamentuko/zikloko bilerak eta abar behatzen ahalko dira.

e) Azkenik, zuzendariarekin eta ikasketa-buruarekin elkarrizketak eginen dira, beste jardun-eremu batzuk aztertzeko: zuzendaritza, plangintza, emaitzak, bizikidetza, bitartekoak eta testuingurua, eta hezkuntza komunitatea eta laguntzaileak.

6.–Azterlana eta ondorioak.

Ikastetxeari ikustaldia egin ondoren, ebaluazio-taldeak bertan egiaztatutakoa bateratuko du, eta, azkenik, ebaluazioaren ondorioak zehaztuko ditu.

7.–Txostena idaztea.

Azkenik, ikastetxeak egindako lanari buruzko txostena idatziko da, ezarritako ereduaren arabera.

8.–Txostena ikastetxeari aurkeztea.

Ebaluazio taldeak ikastetxeko Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari aurkeztuko dizkio ebaluazioaren emaitzak.

Hamahirugarrena.–Kanpo-ebaluazioaren informazio iturriak.

Ebaluazioan, informazio iturri eta tresna hauek erabiliko dira:

a) Ikastetxearen dokumentazioa: Misioa, ikuspegia eta balioak; hezkuntza proiektua; zuzendaritza proiektua/plan estrategikoa/plan zuzentzailea; beste proiektu eta plan batzuk; Urteko Programazio Orokorra eta amaierako memoria; programazioak; ikastetxeko organoen aktak...

b) Kanpo-ebaluazio estandarizatuen emaitzen txostenak eta ikastetxeen barneko emaitza akademikoen txostenak.

c) Ikastetxearen jardunaren autoebaluazioaren eta kanpo-ebaluazioaren txostenak (aurrekoak).

d) Ikastetxeko jardunaren hobekuntza planak.

e) Ikasgelaren behaketa: klase kopuru esanguratsua.

f) Bileren behaketa.

g) Ikasleek eskolan egindako lana (ekoizpenak) aztertzea: koadernoak, apunteak, proiektuak, lanak, azterketak, kontrolak...

h) Irakasleak zuzendu eta koordinatzeko kideei elkarrizketak egitea: zuzendaria, ikasketa-burua, departamentu-buruak / zikloko koordinatzaileak, etab.

i) Irakasleei elkarrizketak egitea.

j) Ikasleei elkarrizketak egitea.

k) Familiei pertzepzioari buruzko galdetegia egitea.

Hamalaugarrena.–Kanpo-ebaluaziorako teknikak eta tresnak.

Informazioa biltzeko eta aztertzeko, teknika eta tresna desberdinak erabiliko dira, jardun arloen, ebaluatu beharreko estandar eta adierazleen, ebaluazio unearen eta erabilitako informazio iturrien arabera.

Ebaluazioak ikuskapen-lanean ohikoak diren hiru teknika izanen ditu:

–Irakaskuntza eta ikaskuntzako egoerak zuzenean behatzea: ikasgela behatzeko gida.

–Elkarrizketak eta inkestak protagonisten iritziak jasotzeko: elkarrizketa-gidak, galdetegiak, etab.

–Dokumentazio ofiziala eta ez-ofiziala, emaitzak eta abar aztertzea: kontrol-gidak.

Hamabosgarrena.–Kanpo-ebaluazioaren txostenak.

Ebaluazio prozesua amaitzeko, txosten bat eginen da, eta bertan jasoko dira ikastetxearen ezaugarriak, jardunaren eraginkortasun orokorra eta etengabe hobetzeko gaitasuna, indarguneak eta erreferentziazko estandarretarako hobetu beharreko arloak –bai eta horietako bakoitzean lortutako puntuazioa ere– eta azken proposamena.

IV.–Jardunaren balorazioa

Hamaseigarrena.–Estandarren balorazioa.

Barne- zein kanpo ebaluazio-estandarrak eta -adierazleak betetzearen eraginkortasun-mailaren balorazioa honako metrika honen arabera eginen da: 4. Bikaina, 3. Ona, 2. Oinarrizkoa eta 1. Desegokia.

Jardun-maila horietako bakoitzerako, honako deskriptore hauen arabera hautematen diren ebidentziak zenbateraino agertzen diren hartzen da kontuan:

[4]. Bikaina: Baloratutako adierazlearen jardun bikaina. Ezagutza nabarmena dela agerian gelditzen da, eta praktikan modu sendo, egituratu eta sistematikoan jartzen da. Jardunbide egokiaren erreferentzia-eredu moduan har daiteke.

[3]. Ona: Jarduna ona da, ebaluatutako adierazlean espero denarekin alderatuta. Ebidentziak daude ezagutza handia eta praktikan jartze ona direla. Hori hala izanik ere, betetzea ez dago behar bezala egiaztatuta eta sistematizatuta.

[2]. Oinarrizkoa Adierazlearen oinarrizko jardun-maila. Ezagutza-maila nahikoa egiaztatzen da. Hori hala izanik ere, praktikan jartzeko maila ozta-oztakoa da. Betetzea ez dago egituratua eta sistematizatua.

[1]. Desegokia: Adierazlearen jardun-maila ez da nahikoa. Ezagutzan eta haren betetze-mailan gabezia nabarmenak daude. Praktikan jartzeak adierazlearen funtsezko elementuak alde batera uzten ditu.

V.–Jarduna hobetzeko plana

Hamazazpigarrena.–Jarduna hobetzeko plana.

Autoebaluazio txostenean (barnekoan edo, hala badagokio, kanpokoan) hautemandako ahulezietatik abiatuta, erabaki-maila bakoitzean (zuzendaritza taldea eta departamentua/zikloa), lehentasuna emanen zaie prozesuan detektatutako garapen arloei, baldin eta funtsezkotzat jotzen badira ikastetxearen edo, hala badagokio, zikloaren/departamentuaren funtzionamendu orokorra hobetzeko.

Lehenespen-ariketa horretan, kontuan hartu beharko da ikastetxe baten jardunaren funtsezko bi eremuak irakaskuntza prozesua eta ikasleen ikaskuntzaren emaitzak direla. Horregatik, jarduna aldatzeko ekintzak sustatzen direnean, horien azken helburua ikasleen ikaskuntza hobetzea izan behar da.

Funtsezko garapen arloetatik abiatuta, zuzendaritza taldeak ikastetxea hobetzeko urte anitzeko plana eginen du.

Planak egitura operatibo bat izan behar du, eta hor nahi diren helburuak, jarraipen adierazleak, espero diren xedeak edo emaitzak, abiarazi beharreko ekintzak eta ekimenak, erantzukizunen banaketa eta denboren banaketa jasoko dira. Era berean, dauden baliabideak eta azpimarratu nahi diren prozesuak eta proiektuak baloratu behar dira.

Urte anitzeko hobekuntza plana hartzen dituen ikasturteetan ezarriko da pixkanaka, ikasturte bakoitzean Urteko Programazio Orokorrean ezarritako urteko planaren bitartez.

Hobekuntza planaren aplikazioaren jarraipena ikastetxeko erreferentziako ikuskatzaileak Urteko Programazio Orokorraren gainbegiratzearen esparruan egiten duen gainbegiratze-lanari lotuta geratuko da.

Iragarkiaren kodea: F2209674