160. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 26koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko arreta zerbitzua ezartzea programa esperimental moduan.

Nafarroako Gobernua osatzeko sinatu zen “Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako 2019-2023 aldirako programa akordioa”k funtsezko bi helburu ezartzen ditu, besteak beste: desberdinkeriaren aurkako borroka eta nafar gizarte pluralaren bizikidetzaren sustapena.

Bestalde, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan, seigarren xedapen gehigarrian, programa esperimentalak ezartzeko aukera agertzen da, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren arabera, departamentu horri dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak esleituak dituen eskumenak erabiltzea arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko.

Eskumen horiei erantzuteko, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak hainbat jarduera, estrategia eta plan bultzatu ditu eta, besteak beste, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako 2021-2026 Plana prestatu du, Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 16an onetsia.

Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako 2021-2026 Planak zenbait neurri ezartzen ditu eta aurreikusten du, besteak beste, arrazakeriaren eta xenofobiaren biktimei laguntzeko zerbitzu publiko bat sortuko dela zerbitzu hauek ematearren: arreta integrala, bitartekaritza, justizia errestauratiboa, dokumentazioa eta sentsibilizazioa.

Horiek horrela, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak programa esperimental hau ezartzea proposatu du: Nafarroan Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurka Egiteko Arreta Zerbitzua. Hasteko, bi urterako ezarriko da, eta helburu izanen du arrazakeria edo xenofobiagatik diskriminazioa jasaten duten biktimei arreta integraleko zerbitzua ematea. Programa amaitu aurretik, baloratuko da hura luzatzea, eta sartzea Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko arreta zerbitzua ezartzea programa esperimental moduan. Eranskinean dago jasota.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko uztailaren 26an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

ERANSKINA

“Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko arreta zerbitzua” izeneko programa esperimentala

1.–Justifikazioa.

Azken urteotan, migratzaileak azkarrago gehitu dira Nafarroan Espainiako gainerako lurraldeetan baino. Gorakada hori gorabehera, bertako biztanleak pixka bat gutxiago dira. Populazio-aldaketa horiek arrazakeria- eta/edo xenofobia-egoera desberdinak eragin ditzakete.

Gizarte konplexu, askotariko eta aldakorretan bizi gara, eta behar-beharrezkoa da berdintasunarekin konpromiso handiena duten politika publikoen nortasun ikur bihurtzea arrazakeriaren eta diskriminazioaren aurkako borroka.

Nafarroako biztanleek immigrazioari buruz duten diskurtsoaren azterketak, funtsean, bi narratiba mota azaleratzen ditu. Lehenik eta behin, “diskurtso tolerantea” daukagu, immigrazioaren aurreko argudio positiboetan oinarritzen dena. Hala ere, batez ere izaera utilitaristako narratiba batean oinarritzen dira, eta horren azpian immigrazioa positiboa delako ideia dago, Nafarroako gizartearentzat erabilgarria delako maila ekonomikoan eta demografikoan. Mota horretako eraikuntza narratiboak badu eragozpen bat, “irismen laburreko” tolerantzia baitakar berekin; izan ere, immigrazioaren balioa haren erabilgarritasunaren ondoriozkoa bada, tolerantzia hori berehala desager daiteke krisi ekonomikoko egoera baten aurrean, horretan gutxiago “justifikatzen baita” premia hori.

Bigarrenez, immigrazioaren aurreko “diskurtso intolerantea” ere badago, argi eta garbi azaleratzen dena. Baldin eta immigrazioa justifikatzen bada Espainiako biztanleek onartu nahi ez dituzten lanpostuen lan-merkatuaren eskaeragatik, etsaitasunaren diskurtsoa eraikitzen da, zeinak immigrantea jotzen baitu “abusatzaile”tzat gizarte-laguntza eta -zerbitzuen eremuan, baita etxebizitzaren arloan ere.

Diskriminazioa edozein arrazoitan oinarritzen den bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasun oro da, hala nola kulturan, jatorri etnikoan, sexu-orientazioan, generoan edo bestelako ezaugarrietan, baldin eta dagokion gairako garrantzitsua ez bada.

Diskriminazioak daudenez, diskriminaziorik ez izateko eskubidea sortzen da, helburu duena, batez ere, historikoki beren eskubide eta askatasunen babesetik kanpo geratu diren pertsonak eta taldeak babestea, baldintzak berdintzeko eta mundu guztiak bere eskubideak baliatu ahal izatea bermatzeko asmoz.

Arrazakeriak eragindako diskriminazioak talde batek bestearekiko duen nagusitasun naturala aintzat hartzeko sinesmenean eta jarreran oinarritzen dira, eta pertsonak baztertzea dakarte haien larruazalaren koloreagatik edo ustezko “arraza” bati fikziozko ezaugarri batzuk egozteagatik. Xenofobiagatiko diskriminazioa sortzen da, ordea, beste herrialde edo etnia batzuetako pertsonei beldur irrazionala diegunean edo horiek arbuiatzen ditugunean.

Nafarroako migratzaileen zati handi bat diskriminatua sentitzen da jatorriagatik, hizkuntzagatik, nazionalitateagatik edo egoera sozioekonomikoagatik. Diskriminazioaren pertzepzioa, era berean, beste gai batzuekin lotua dago, hala nola egoera juridikoarekin edo iritsitako urtearekin.

Bestalde, gorroto-delituei dagokienez, Nafarroak delinkuentzia-indize txikia du, bai oro har, bai gorroto-delituei dagokienez. Berriak badira ere, gorroto-delituek gora egin dute azken urteetan. Nafarroan nagusi diren gorroto-delituak eta gorroto-istiluak –alde handiarekin– kolektibo etnikoei (zentzu zabalean ulertuak: arraza, etnia eta jatorri nazionala, baita erlijioa, sinesmenak eta ideologia ere) zuzendutakoak dira.

Gorroto-diskurtsoaren (hate speech) hazkundeak eta teknologia berrien bidez diskurtso horiek hedatzeko erraztasunak gomendatzen dute eztabaida konprometitua eta diziplina anitzekoa irekitzea, diskurtsoak kontrolatzeko tresnak emanen dituena. Orain arte, diskurtso intolerantea ezin da zehatu, eta, horregatik, askotan, kontrol polizial eta judizialetik kanpo geratzen da.

Benetako delitu eta arau-hausteak salatutakoak baino askoz gehiago dira. Izan ere, delitu horietako gehienak ez dira salatzen, eta, beraz, ezkutuan geratzen dira bai erakundeentzat, bai gizartearentzat berarentzat. Baina (aintzatespen- eta sentsibilizazio-prozesu motel batean), kopuruak azaleratzen ari dira, eta salaketak handitzen. Are gehiago: estatistika ofizialetan jasotzen den gorroto-delituen hazkundea bi faktore hauen konbinaziotik etor daiteke: batetik, nolabaiteko hazkundea egon daiteke; eta, bestetik, inplikatutako eragileak (biktimak, delitugileak, segurtasuneko indar eta kidegoak eta justizia-administrazioa) ageriagoan daude.

Ezkutatze horren arrazoiak askotarikoak dira: biktimek berek zailtasunak dituzte beren burua halakotzat hartzeko, eta poliziako eta justiziako kideek ez dute ez prestakuntzarik, ez tresnarik.

“Ikerketek erakusten dutenez, gorroto-delituetako biktimek joera dute bakartzeko, fedea eta nortasuna galtzeko, nork bere burua erruduntzat hartzeko, frustrazioa agertzeko eta ondoren ere biktima sentitzeko egoerari aurre egiteko jokabideetako gabeziak egoteagatik. Hori dela eta, salaketa jarri behar duten edo ez erabakitzea zeregin oso zaila da haientzat (Kercher, Nolasco & Wu, 2008)”. Honako hauek dira biktimek erasotzaileak ez salatzeko dituzten arrazoietako batzuk: benetan biktimizatu izanaren kontzientzia falta, hau da, gertakaria normaltzat hartzea; konfiantza falta agintari polizial eta judizialengan; ezer aldatuko ez delako pertzepzio subjektiboa, salatzen badute ere; delituaren egileen edo haien ingurukoen aldetik errepresaliak pairatzearen beldurra; biktima batzuen kalteberatasun handia, gizarte-bazterkeriako egoeran baitaude; bizileku-baimenik ez izateagatik estraditatzearen beldur diren etorkinak; lanik gabeko transexualak, eta abar.

Azaldutako arrazoiak askotarikoak dira, eta adierazten dute erantzukizuna biktimena zein salaketa idazten eta izapidetzen parte hartzen duten agenteena dela: lehenengoek ez dakite ezer prozesuaren gainean edo ez dira ausartzen salaketa aurkeztera, eta bigarrenei prestakuntza eta/edo sentsibilizazioa falta zaie mota horretako delituen arloan.

Azterketa horren guztiaren ondorioz, uste dugu zerbitzu publiko bat eskaini behar dela, egoera horiek agerian uzten dituena, gaiari buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza eskaintzen dituena eta etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioaren biktimei arreta osoa ematen diena. Zerbitzu hori giza eskubideak bermatzeko mekanismo bat izanen da Foru Komunitatean. Diskriminazio horiek gorroto-delitu bihur daitezke, baina modu sotilagoan eta ikusezinagoan ere agertzen dira.

Gaur egun, Nafarroak ez du arrazakeria edo xenofobiagatiko diskriminazioaren biktimei arreta osoa emateko erakunde publikorik. Batetik, gorroto-delituen arloko tratamendu polizial eta judiziala dago; eta, bestetik, hirugarren sektoreak eta biktimei laguntzeko bulegoak (orokorra denentzat) eman beharreko aholkularitza eta laguntza. Dena den, baliabide integral eta holistikoa falta da.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Nafarroan zerbitzu bat izatea, arrazakeriak, xenofobiak, ijitoen aurkako jarrerek eta diskriminazio intersekzionalak eragindako gorroto-istiluak eta -delituak prebenitu, detektatu eta artatzeko behar diren eragile guztiak barnean hartzen dituena.

2.–Hartzaileak.

Zerbitzu hori etnia- edo arraza-jatorriagatik diskriminazioa jasan duten pertsonentzat eta prebentzioan, detekzioan eta biktimentzako arretan inplikatutako profesionalentzat da.

3.–Helburuak.

Helburu orokorra:

Arreta integrala eskaintzea etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioaren inguruan, genero-ikuspegia eta intersekzionala kontuan hartuta, eta esku hartzeko neurriak antolatzea jokabide horiek prebenitzeko eta detektatzeko eta biktimei babesa eta ordaina emateko.

Helburu espezifikoak:

–Biktimei arreta osoa ematea hezkuntzaren, zuzenbidearen eta arlo psikosozialaren ikuspegitik.

–Prebentzioan, detekzioan eta biktimentzako arretan inplikatutako profesionalak prestatzea.

–Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren biktimei laguntzen dieten erakundeen eta eragileen arteko koordinazioa hobetzea, lanerako, komunikaziorako eta itun eraginkorrak garatzeko esparru partekatu baterantz aurrera eginez.

–Gatazkak konpontzeko eta ordaina emateko bide alternatiboak txertatzea, ikuspegi errestauratiboan oinarritzen direnak.

4.–Programaren funtsezko alderdiak.

“Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko arreta zerbitzua”ren helburua da etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioa jasaten duten pertsonei arreta integrala ematea, esku hartzeko hiru ildo estrategikotan oinarrituta, koordinazioa zeharkako ardatz duten prebentzio-, babes- eta ordain-ekintzen bitartez.

Espazio neutroa izanen da, markatu gabekoa, biktimek hitz egiteko, laguntza eskatzeko eta beren egoera salatzeko aukera izan dezaten. Arrazakeria, xenofobia edo diskriminazio intersekzionalaren ondoriozko gorroto-delituen biktimei arreta emateko zerbitzu integrala, biktimizazio bikoitzak saihestuko dituena, segurtasun juridikoa eta administratiboa eskainiko duena eta biktimekiko enpatiazko harremana ezarriko duena, eta, aldi berean, Nafarroako arrazakeria-egoerari, prestakuntzari eta justizia errestauratiboari buruzko informazio-mekanismoak ezarriko dituena.

Foru Komunitatean dauden pertsona guztiei emanen zaie arreta doan eta isilpean, aldez aurretik inolako baldintzarik bete beharrik gabe, eta esku hartzeko hiru eremu elkartuko dira:

–Gizarte eta hezkuntza arloko ekintza.

–Aholkularitza juridikoa, justizia errestauratiboa.

–Arreta psikosoziala.

Pertsonarengan oinarritutako arreta integralaren ikuspegitik planteatuko da gizarte eta hezkuntza arloko ekintza, haren eskaerak zainduz eta eskubide-urraketak eta/edo diskriminazioak tratatzen diren prozesuan sortzen diren emozioetan lagunduz.

Hezkuntza-ekintza horrek pertsonak estigma soziala gainditzeko dituen berezko baliabideak indartuko ditu, eta bere burua babesteko eta eskubideak bermatzeko mekanismoak erabiltzeko tresnak emanen dizkio. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean oinarritutako eskubideen defentsa sustatuko du, balioetan oinarritutako ikuspegiarekin, eta horrek honako hauek ekarriko ditu berekin: kulturartekotasuna; hezkuntza, gizartea eraldatzeko tresna gisa; pertsonekiko errespetuzko bizikidetza, eta balio demokratikoak.

Aholkularitza juridikoan, diskriminazio-egoera bakoitza aztertuko da, eta ahalegina eginen da honako hauek detektatzeko/baloratzeko/identifikatzeko: diskriminazioaren arrazoia, urratutako oinarrizko eskubidea(k), jarduteko eta/edo ekintza judizialetarako bide posibleak eta Justizia Errestauratiboaren Zerbitzura bideratzeko aukera eta/edo horrekin koordinatzeko aukera.

Arreta psikosozialari dagokionez, ebaluazioa eginen da arraza-diskriminazioaren, diskriminazio etnikoaren/migratzailearen eta intersekzionalaren biktima diren pertsonen kalteberatasun-egoera espezifikoetan dauden alderdi psikologikoen eta/edo osasun mentaleko alderdien gainean. Diskriminazioaren biktimarekin adostutako arreta indibidualizatua eskainiko da, oinarritzat hartuta gertaera traumatikoaren afektazio emozionalei buruzko lana, laguntza psikoedukatiboa, ahalduntzea eta pertsonaren estigmaren aurkako arreta. Arreta hori Osasun Mentaleko Sistema Publikoarekin koordinatuko da.

Gainera, prebentzioan, detekzioan eta biktimentzako arreta ematean inplikatutako erakunde publikoetako profesionalen eskaerei erantzunen zaie, eta haientzako prestakuntza espezifikoa ezarriko da, biktimei arreta hobea emateko asmoz.

5.–Kokapena.

“Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko arreta zerbitzua” Nafarroako Foru Komunitatean dago, eta aurrez aurreko bi arreta-gune ditu, Iruñean eta Tuteran. Hala ere, zerbitzuko langileak Nafarroako geografia osoan barna mugituko dira prestakuntzarako eta beste leku batean aurrez aurreko arreta behar den kasuetarako.

Iragarkiaren kodea: F2210393