160. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 6koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana. Honen bidez xedatzen da argitara dadila Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak 2022ko uztailaren 6an hartutako Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita kudeaketa esleipen bat egitea Ondare Zerbitzuari, Orientazio eta Ekintzailetza Zentroaren Tuterako egoitza berritzeko obrak kontratatu eta gauzatzeko behar diren jarduketak egin ditzan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.3. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eskubide Sozialetako kontseilariak eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak 2022ko uztailaren 6an biek batera hartu zuten Erabakiaren bidez, baimendu zen Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari kudeaketa esleipen bat egitea, aipatu lanak kontratatzeko eta gauzatzeko.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak 2022ko maiatzaren 19an batera hartutako Erabakia, zeinaren bidez baimendu baitzen kudeaketa esleipen bat egitea Ondare Zerbitzuari, Orientazio eta Ekintzailetza Zentroaren Tuterako egoitza berritzeko obrak kontratatzeko eta gauzatzeko behar diren jarduketak aurrera eraman ditzan (eranskinean jaso da).

2. Foru agindu hau igortzea Ondare Zerbitzura, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura eta Eskubide Sozialetako Departamentuko eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusietara, bai eta departamentu horietako Kontu-hartzailetza Delegatuetara ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 6an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

ERANSKINA

Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak batera hartutako Erabakia, zeinaren bidez baimendu baitzen kudeaketa esleipen bat egitea Ondare Zerbitzuari, Orientazio eta Ekintzailetza Zentroaren Tuterako egoitza berritzeko obrak kontratatzeko eta gauzatzeko behar diren jarduketak aurrera eraman ditzan

Mª Carmen Maeztu Villafranca, Eskubide Sozialetako kontseilaria.

Elma Saiz Delgado, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenbizikoa.

Tuterako Enplegu Agentziaren egoitza Díaz Bravo kalean 20-22 behea helbidean dago. Lokal horrek 715 m² ditu eta 31 lanpostu daude bertan, haietatik 17 Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari (NL-NEZ) dagozkionak eta 14 Estatuaren Enplegu Publikoko Zerbitzuari (SEPE). Lokal hori erosi zenean, 2007an, 22 langile hartzeko aurreikusia zegoen.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren bidez, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoarekin finantzatutako kredituak lurraldeka banatu dira, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, lan arloko eskumenak bereganatuak dituzten autonomia erkidegoek kudea ditzaten. Kreditu horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota dauden inbertsio proiektu hauek gauzatzeko dira: “Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala” eta “Politika publiko berriak lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako”. Egikaritzeko dauden proiektuetako bat da programa hau: “Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Akonpainamendua eta Berrikuntza Zentroen Sarea sortzea”; 23. Osagaiari dagokio, “Politika publiko berriak lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako”. 5. Inbertsioa “Gobernantza eta bultzada enplegurako aktibazioa sustatzeko politikentzat”. Programa horren helburua da konfiguratzea, erkidego mailan, Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Akonpainamendu eta Berrikuntza Zentro bat, berrikuntza gune gisara eratua, enplegurako aktibazioa sustatzeko politika publikoak diseinatu, garatu eta ebaluatzean aukera berdintasuna sustatzeko eta integratzeko lagungarria izan dadin. Proiektu horren bitartez Nafarroan Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Akonpainamendu eta Berrikuntza Zentro bat sortuko da, egoitza bat Burlatan (Iturrondo) izanen duena, eta beste bat Tuteran (Enplegu Agentzia). Agentziaren alboko lokala erosi ondoren, Diaz Bravo kaleko 24.ean, bidezkoa da eraberritze lanei ekitea. Helburua da Agentziaren espazioak zabaltzea, erabilera anitzeko gelak eta bulegoak prestatuz, instalazioak hobetzeko eta dagozkion zerbitzuak eta/edo programak eskaintzeko.

2022ko martxoaren 29an Albarrada Proyectos y Obras enpresari agindu zitzaion proiektua prestatzeko eta obraren zuzendaritza, gauzapena eta segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko lanak egin zitzan, Tuterako Enplegu Agentziaren alboko lokala, Diaz Bravo kaleko 24.ean dagoena, egokitu ahal izateko. Proiektu hori 2022ko ekainaren 30ean helarazi du enpresak. Beraz, bidezkoa da obra horren egikaritza materiala lizitatzea.

Bigarrena.

NL-NEZk ez du baliabide tekniko ez langile aski lan horiek aurrera eramateko behar diren administrazio espedienteak prestatzeko, tramitatzeko, esleitzeko eta gauzatzeko. Bestalde, Ondare Zerbitzuari Foru Komunitatearen ondare ondasunen kudeaketari loturiko eginkizunak dagozkio, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren higiezinen politikarako planak idatzi, kudeatu eta gainbegiratzea ere.

Hirugarrena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat. Manu horren 3. apartatuak ezartzen du esleipen hori egin behar dela bi departamentuetako titularrek batera emandako baimen baten bitartez, baldin eta esleipena egiten duen organoa eta kudeaketa esleitzen zaion administrazio organoa departamentu desberdinetakoak badira, kasu honetan bezala.

Adierazitakoaren ondorioz,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenengoa.–Batera baimentzea kudeaketa esleipen bat egitea Ondare Zerbitzuari, Orientazio eta Ekintzailetza Zentroaren Tuterako egoitza eraberritzeko obrak kontratatzeko eta gauzatzeko behar diren jarduketa guztiak aurrera eraman ditzan.

Bigarrena.–Esleipen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak, lanak amaitu arte, hau da, aurreikuspenen arabera, 2023ko irailera arte.

Hirugarrena.–Agindutako lana egikaritzeko diru kopuru zenbatetsia 412.846,36 eurokoa da. Zenbateko hori finantzatuko da 2022ko gastuen aurrekontuko 950000-96000-6020-241305 MRR Orientazio eta Ekintzailetza Zentroko Inbertsioak diru partidaren kontura, edo Erakunde horren 2023ko aurrekontuetan gaituko diren antzeko diru partiden kontura, kreditu aski eta egokia izanez gero. Zenbateko hori Ondare Zerbitzuaren eskura jarriko da, behar diren kontratuak lizita ditzan eta horien ondoriozko ordainketak egin ditzan.

Laugarrena.–Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ondare Zerbitzura, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Kudeatzailetzara eta Eskubide Sozialetako Departamentuko eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusietara, bai eta departamentu horietako Kontu-hartzailetza Delegatuetara ere.

Iruñean, 2022ko uztailaren 6an.

Mª Carmen Maeztu Villafranca, Eskubide Sozialetako kontseilaria.

Elma Saiz Delgado, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria.

Iragarkiaren kodea: F2209858