16. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1286E/2021 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, honako dirulaguntza hauen deialdia onesten duena: “Dirulaguntzak toki erakundeentzat klima-aldaketara egokitzeko jarduketa pilotuak egiteko Ingurumena Sustatzeko Planaren esparruan (PIMA Klima-aldaketa)”. DDBN identifikazioa: 601462.

Nafarroako Parlamentuak, 2019ko irailaren 23an, eta Nafarroako Gobernuak, 2019ko irailaren 24an, adierazpen instituzional bana egin zuten larrialdi klimatikoaren aurrean. Nafarroako Gobernuak bere adierazpenean esaten zuen badakiela ezinbestekoa dela Nafarroan ingurumenaren arloko estrategia integral eta zeharkakoa ezartzea klima-aldaketaren erronka handiari toki erakundeen eremutik heltzeko, eta toki erakundeak oso garrantzitsuak direla klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Horren ildotik, Klima eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Itunari 169 udal atxiki zaizkio dagoeneko; udalerri horietan nafarren % 83 baino gehiago bizi dira. Klima eta energiaren arloko udalen konpromisoa honetan datza: lehenik, udalerriko berotegi-efektuko gasen isuriak gutxienez % 40 murriztea hemendik 2030era bitartean, 2005eko isuria erreferente hartuta, batez ere efizientzia energetikoa hobetuz eta energia-iturri berriztagarriak gehiago erabiliz; bigarrenik, toki erakundeen erresilientzia hobetzea klima-aldaketaren ondorioetara egokituz.

Beste alde batetik, 2020ko urtarrilaren 21ean Espainiako Gobernuak klima eta ingurumen larrialdia deklaratu zuen. Adierazpen hura komunitate zientifikoaren adostasun orokorrari erantzunez egin zuen, eskatzen baitu ahalik azkarren ekiteko ingurumena eta herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko lanei.

Hain zuzen ere, Estatuak ingurumena babesteko oinarrizko legeriaren arloan dituen eskumenen itzalpean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak abian paratu ditu ingurumena sustatzeko planak (PIMA) zenbait deialditan. Plan horiei esker abian dira jada klima-aldaketari aurre egiteko ekintza batzuk.

Horiekin bat etorriz, PIMA Klima-aldaketa plana garatu da (finantza-zuzkidura Konferentzia Sektorialean ezarri da), eta ekintzak sustatu dira hiriguneetako eta aldirietako egokitzapenerako gaitasuna hobetzeko; ekintza horiek administrazio autonomikoek, toki erakundeek eta udalek Espainiako Konstituzioaren 148.1 artikuluaren arabera hartu dituzten eskumenen barruan daude.

Horregatik, autonomia erkidegoek egin behar dituzte PIMA Klima-aldaketa planaren helburuak jasotzen eta hautatzeko irizpideak ezartzen dituzten deialdiak.

PEP E-21/000312-01 elementua sortu da, bai eta behar diren gastu-partidak ere, Estatuko Administrazio Orokorrak transferitutako diru-kopuruaz; hona:

–74100-740001-7609-456205 (PEP E-21/000312-01) Toki erakundeentzako dirulaguntzak - PIMA Klima-aldaketa plana, edo horren baliokidea 2022ko Gastuen Aurrekontuan: 86.000 euro.

–74100-740001-7609-456205 (PEP E-21/000312-01) Toki erakundeentzako dirulaguntzak - PIMA Klima-aldaketa plana plana, edo horren baliokidea 2023ko Gastuen Aurrekontuan: 100.706,15 euro.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Ingurumena Sustatzeko Planaren esparruan (PIMA Klima-aldaketa) 2022an eta 2023an toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia.

2. Deialdia arautzen duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinetan daude.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001741007609456205 (PEP E-21/000312-01) Toki erakundeentzako dirulaguntzak - PIMA Klima-aldaketa (1)

2022

86.000

740001741007609456205 (PEP E-21/000312-01) Toki erakundeentzako dirulaguntzak - PIMA Klima-aldaketa (1)

2023

100.706,15

(1) Edo 2022ko eta 2023ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2022an eta 2023an.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabete iragan baino lehen. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalean, argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete iragan baino lehen; nolanahi ere, Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiten ahalko zaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezartzen den moduan eta bertan finkatzen diren epealdietan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea Ingurumena Sustatzeko Planaren esparruan (PIMA Klima-aldaketa) 2022an eta 2023an toki erakundeei emanen zaizkien dirulaguntzak.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 186.706,15 eurokoa da; honela banatuko da:

EKITALDIA

ZENBATEKOA

2022

86.706,15 euro

2023

100.000,00 euro

2. oinarria.–Diruz lagundu ahal diren proiektuak.

Dirulaguntza jasotzen ahal da jarduketa pilotu berritzaileak egiteko eta klima-aldaketara egokitzeko proiektuak eta txosten teknikoak idazteko honako eremu hauetan:

–Eraikin publikoak egokitzea, bero handiegia saihesteko eta efizientzia energetikoa hobetzeko, beroa moteltzeko prebentzio-neurrien bidez (itzalak sortzeko sistemak eta estalki berdeak) eta beroak gogorren astintzen dituen pertsonek erabiltzen dituzten ekipamenduetan esku hartuz (ikastetxeak, adinekoen egoitzak, osasun-zentroak, adinekoen eguneko zentroak, etab.). Honen barnean sartzen ahal da eraikin publikoen klimatizazioa hozgarri naturalen bidez edo 150etik beherako PCAko HFOen bidez.

–“Klima-aterpeak” irekitzea, hau da, tenperatura egokian mantentzen diren ekipamenduak, bero handia dagoen aldietan herritarrentzat zabalik egonen direnak.

–Espazio publikoetan esku hartzea hiriguneetako bero-uhartearen efektua arintzeko (kaleak eta plazak itzalpean jartzea baliabide naturalen edo artifizialen bitartez, zoruaren iragazgaiztasuna murriztea, euri-urak erakartzea, mikroklimak sortzea ur-laminez, soluzio bioklimatikoak aplikatzea, etab.).

–Naturan oinarritutako soluzioak aplikatzea hiriguneetan eta aldirietan klima-aldaketaren ondoriozko arriskuak saihesteko: tenperatura handiak, suteak hiriguneetako baso-eremuetan, uholdeak, lehorteak, etab.

–Hirietako azpiegitura berdeak eta urdinak hobetzea (ezaugarri nagusia funtzio anitzekoak izatea dute): hiriguneen barnean dauden ibai-tarteak lehengoratzea, uholde-eremuak jartzea ibaiak ur asko dakarrenerako, hirigunearen eta aldirien arteko lotura naturalak hobetzea, hiriko lurzorua drainatzeko sistema jasangarriak, paisaia lehengoratzeko jarduketak, naturguneak balioan jartzea eta hiriko espazioak naturalizatzea, etab.

–Hirietako biodibertsitatea gehitzea eta animalia basatien habitatak hobetzea: hirietako berdeguneak handitzea eta habitatak hobetzea; lorategi bertikalak; teilatu berdeak; hezeguneak lehengoratzea edo birgaitzea; polinizatzaileentzako habitatak, habiak egiten dituzten espezieentzako aterpeak, eta landaretza egokia parkeetan, lorategietan eta txorkoetan; dauden habitatak artatzeari lehentasuna ematea gune berriak sortzearen aldean.

3. oinarria.–Dirulaguntzarako onartuko diren gastuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzarako onartuko dira diruz laguntzen den jarduketaren izaerarekin inongo zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako epealdiaren barruan eta ezarritako moduan egiten badira.

2. Dirulaguntza jasotzen duten jarduketen proiektuak eta horiei buruzko txostenak idazteko gastuak.

3. Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak egiteko gastuak.

4. Toki erakunde bakoitzak eskaera bat aurkezten ahalko du gehienez.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa onartzen diren gastuen % 70 izanen da, gehienez 30.000 euro. Proiektua 2022an eta 2023an egiteko bada, dirulaguntzaren zenbatekoa urte bakoitzean onartzen diren gastuen % 70 izanen da, gehienez 30.000 euro.

6. Dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, puntuazioen hurrenkeraren arabera, ezarritako funts guztiak agortu arte.

7. Eskatutako zenbateko osoa ematen ahal da, aipatutako gehieneko mugarekin, edo, bestela, eskatutako zenbatekoaren zati bat bakarrik, baldin eta entitatea puntuazioaren arabera dirulaguntza jasotzen duen azkena bada eta deialdirako ezarritako aurrekontuko zuzkidurarekin zenbateko osoa ematerik ez badago.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. PIMA Klima-aldaketa planaren arauen arabera, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke 100.000 biztanle baino gutxiagoko Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak eta udalak.

2. Onuraduna izateko ezinbestekoa izanen da toki erakundea atxikita egotea Klima eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Itunari. Itun horren sustapena LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren barruan egiten ari da.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

4. Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaera alkateak edo tokiko korporazioko lehendakariak sinatu beharko du, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hogei egun natural iragan baino lehen aurkeztu beharko da.

2. Laguntza-eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-inprimakia (I. eranskina).

b) Dirulaguntza aplikatu nahi den proiektuaren memoria teknikoa; bertan honako informazio hau agertu behar da gutxienez:

I. Sarrera orokorra, proiektuaren justifikazioa, eta jarduketa klima-aldaketaren zer eremutan eginen den (bigarren oinarrian azaltzen direnetako bat izan behar da).

a) Klima-aldaketara egokitzea dela-eta, jarduketarekin lortu nahi diren helburuak.

b) Egin nahi diren jarduketen deskribapena.

c) Jarduketak egiteko kronograma.

d) Aurrekontu zehaztua.

II. II. eranskineko (“II. eranskina betetzen delako justifikazioari buruzko txostena”) baldintzen inguruko dokumentazioa.

III. Klima eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Itunari atxikitzeko dokumentua.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran (eskaera-orri orokorra), eta adierazi beharko du dokumentu den eta zer administrazio-espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haietan sartzeko.

6. oinarria.–Instrukzio-organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Klima Aldaketaren Atalaren bidez.

7. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

1. Eskaera hartu ondoren Klima Aldaketaren Atalak oinarri hauetan eskatzen diren dokumentu guztiak erantsi ote diren egiaztatuko du. Eskatutako dokumentu guztiak aurkezten ez badira, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezala errekerimendua jakinarazi eta hurrengo egunetik hamar egun natural iragan baino lehen, eta adieraziko zaio ezen, eskatutako egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Klima Aldaketaren Atalak txosten arrazoitua eginen du proiektuei emandako puntuazioez, eta dirulaguntzak emateko proposamena bidali du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira.

3. Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Urte bakoitzean (2022an eta 2023an) laguntzak puntuazio-hurrenkeraren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte. 2022rako ezarritako kreditua agortzen ez bada, gerakina 2023an aurkezten diren proiektuetarako dirulaguntzak emateko erabiltzen ahalko da.

Dirulaguntza jasotzen ahal duen azken proiekturako ez badago aski krediturik aurrekontuan, erabilgarri dagoena emanen zaio aurrekontuko saldoa ahitu arte.

Aurrekontuan aski kreditu ez egoteagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten entitate onuradunen zerrenda agertuko da ebazpenean.

4. Prozedura ebazteko epealdia bi hilabetekoa izanen da eskaerak aurkezteko epealdia bukatzen denetik. Aldi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio-irizpideak.

Proiektuen edo ekintzen balorazioa jarraian zehazten diren irizpideen araberako puntuazio orokorra izanen da.

Gehieneko puntuazioa 100 izanen da; honako irizpide hauek aplikatuko dira baloraziorako:

A. Jarduketaren kalitate teknikoa: 0-50 puntu.

I. Jarduketaren koherentzia deialdiaren helburuekin eta helburuen eta edukien definizioaren argitasuna: ezarritako neurria, lortu nahi den helburua, eta ingumenean, gizartean eta ekonomian espero diren onurak. 0-25 puntu.

II. Proiektuaren berrikuntza eta froga-balioa: 0-25 puntu.

B. Jarduketaren sinergiak: 0-50 puntu.

I. Herritarren parte-hartzea: 0-50 puntu.

II. Jarduketaren ekarpena klima-aldaketara egokitzeko, klima-aldaketaren aurreko alderdi ahulen eta arriskuen murrizketa, modu eskematikoan. 0-25 puntu.

III. Proiektuaren integrazioa klima-aldaketarekin lotutako beste plan batzuetan, Nafarroako Klima Aldaketaren Bide Orriaz gainera (HCCN- KLINa): 0-15 puntu.

9. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren gorabehera guztien berri ematea, gertatzen diren unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Proiektuak 2022ko azaroaren 10erako gauzatzea eta ordaintzea, ekintzak 2022an eginez gero, eta 2023ko azaroaren 10erako, ekintzak 2023an eginez gero, Nafarroako Gobernuak 2022ko eta 2023ko ekitaldietan egin ditzaten toki erakundearen aldeko igorpenak.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektu edo ekintzen kontrataziorako prozedura tramitatzea, horren fase guztietan, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik gauzatzeko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak ere; hori guztia, lanen hasieratik haien behin betiko harrerara arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartuko du, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

Edonola ere, entitate onuradunak diruz lagundutako inbertsioen % 100 bitarte kontrata dezake.

4. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea:

a) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

b) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

5. Proiektu edo ekintza guztiek, dirulaguntzen deialdi honen babesean egiten badira, genero ikuspegia hartu beharko dute kontuan, testuetan eta irudietan bazterkeria islatzen duen elementurik erabili gabe.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epealdia.

Finantzatzen diren proiektuak dirulaguntza eman dela jakinarazi ondoren hasiko dira. Proiektuak amaituta egon beharko dira 2023ko azaroaren 10erako. Proiektuak bukatzeko epealdia ez da luzatuko.

11. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo ekintzak amaitu ondoren, eta 9. oinarriko 2. apartatuan ezartzen diren datak baino lehen, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko diote Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari:

1. Jarduketaren berri ematen duen memoria; non egin den eta zer helburu lortu den azaldu behar da.

2. Jarduketa frogatzen duten argazkiak: jarduketa hasi aurretik, jarduketa egin bitartean eta jarduketa amaitu ondoren (3 gutxienez).

3. Herritarren parte-hartzearen inguruan egindako material grafikoa, egonez gero.

4. Egindako gastuen eta ordainketen zerrenda, udaleko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta horren ordainketa frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturak eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta ordainketa behar bezala frogatzen bada zuzenbidean onartutako bitarteko baten bidez.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino gutxiago bada, dirulaguntza zati proportzionalean murriztuko da.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero ordainduko da dirulaguntza. Horretarako, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, eta horrekin batera onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena ere bai.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, entitate onuradunak helburu bererako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Era berean, entitate onuradunak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eman beharko dio jasotzen dituen dirulaguntza ez bestelako diru-sarrera eta finantzabide guztien berri, diruz lagundutako jarduketaren finantzaketa gehiegizkoa izan ez dadin.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabete iragan baino lehen.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Dirulaguntzaren eskaera.

II. eranskina.–Adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruz eta gastuei eta diru-sarrerei buruzkoa.

Deskargatu I. eta II. eranskinak (DOCa).

III. ERANSKINA

Klima-aldaketara egokitzeko proiektuak baloratzeko irizpideak

KONTZEPTUA

BALORAZIO-IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

Jarduketaren koherentzia deialdiaren helburuekin eta helburuen eta edukien definizioaren argitasuna: ezarritako neurria, klima-aldaketara egokitzea dela-eta lortu nahi den helburua, eta ingumenean, gizartean eta ekonomian espero diren onurak.

Jarduketa deialdiaren helburuekin koherentea dela azaltzen duen deskribapen eskematikoa (gehienez A4 orrialde bat, letra-tipoa Arial 11, eta marjina normala).

25

Proiektuaren berrikuntza eta froga-balioa

1. Jarduketaren berrikuntza: gehienez 15 puntu emanen zaizkie klima-aldaketara egokitzeko edota horren garapenerako berritzailetzat jotzen diren jarduketei, edo Nafarroako Foru Komunitatean lehenengoz egiten direnei.

2. Jarduketaren froga-balioa edo beste toki batzuetan erabili ahal izatea: gehienez 10 puntu emanen zaizkie jarduketaren eraginkortasuna edo arrakasta monitorizatzeko edo zenbatzeko modua aurreikusten duten proiektuei, baldin eta lortzen diren emaitzen publikotasuna edo jakinarazteko modua beste toki batzuetan ere erabiltzen ahal badira.

25

Herritarren parte-hartzea

1. Herritarrek jarduketaren diseinuan parte hartu dutelako justifikazioa: gehienez 5 puntu emanen dira.

2. Herritarrek jarduketaren mantentzean parte hartu dutelako justifikazioa: gehienez 5 puntu emanen dira.

10

Jarduketaren ekarpena klima-aldaketara egokitzeko, klima-aldaketaren aurreko alderdi ahulen eta arriskuen murrizketa, modu eskematikoan

Honako alderdi ahulen eta arriskuen murrizketaren azalpena: uholdea (ibaien edota euri-uren kudeaketa), tenperatura handiak, lehortea luzeak, eta ur-eskasia.

25

Proiektuaren integrazioa klima-aldaketarekin lotutako beste plan batzuetan, Nafarroako Klima Aldaketaren Bide Orriaz gainera (HCCN- KLINa)

Klima-aldaketara egokitzeko helburuak lortzeko ekarpenaren azalpena

15

Iragarkiaren kodea: F2117973