16. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

373/2021 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko laguntzen 2022ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. (2014-2020 LGP-Landa Garapenerako Programaren 16.08.01 azpineurria). DDBN identifikazioa: 601695.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremuetako zuhaiztien hedadura sustatzea, batez ere birsortzearen eta eboluzioaren ondorioz jatorrizko baso bilakatzen ahal diren landare-formazioak sortuz.

3. Mendien aprobetxamendu ordenatua arautzea eta sustatzea, lehengai berriztagarrien iturri diren aldetik, bateragarri eginez ingurumenaren babesarekin eta mendiak dauden eremu geografikoetan errentak sortzearekin.

Zehazki, 50. artikuluak ezartzen du mendi publikoek eta pribatuek mendi antolakuntzako proiektua edo baso kudeaketako plan teknikoa eduki beharko dutela, baso administrazioak onetsia, zeinak emanen baititu antolakuntzako proiektuak eta plan teknikoak egiteko jarraibide orokorrak. Mendi publikoetan, babesleetan eta araututakoetan, baso administrazioak prestatuko ditu antolakuntzako tresna horiek. Mendiaren titularrek lan horretan lagunduko dute. Gainerako mendi pribatuetan, titularrari dagokio antolakuntza tresnak prestatzea.

Baso antolamenduaren helburua da Nafarroako Foru Komunitateko baso sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin: landako populazioak finkatzea, lanpostuak sortzea, basoko suteen prebentzioa, higaduraren kontrako borroka, gai berriztagarrien erabilera (egurra, konparazio batera) eta menpekotasun energetikoa gutxitzea. Horiek guztiak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua; haren 35. artikuluan “Lankidetza” izeneko neurria ezarri zuen, eta aipatu artikuluaren j) puntuan baso kudeaketako planak edo tresna baliokideak egiteko laguntzak finkatu zituen.

Nafarroako Landa Garapenerako Programak (Europako Batzordearen azaroaren 18ko azken C (2015) 8143 Erabakiaren bidez onetsia) “Lankidetza” neurrian 16.08.01 azpineurria ezarri zuen (Baso kudeaketako planak egitea). Haren definizioan kontuan hartu zen, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, oro har, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi zenetik, titulartasun publikoko mendietan kudeaketa planak edo plangintzako tresna baliokideak egiteko laguntzak aktibatu dira; kasu horretan laguntza horien onuraduna baso administrazioa da, arlo horretako foru legeekin bat.

2018an laguntza lerro berri bati eman zitzaion hasiera, zeinaren helburua baitzen baso kudeaketako planak edo tresna baliokideak prestatzea titulartasun pribatuko mendietan, dagoeneko eragile pribatuen artean daudenak berrikustea barne.

Neurriak kudeaketa planak idazteko jabe pribatuen arteko lankidetza bultzatzen du, laguntza publikoa baliatuz. Horrek planifikaziorako gastuei aurre egiteko aukera emanen die jabeei, eta erraztuko du basogintzako jarduketa bateratu eta jasangarria egitea jabe bakoitzak proiektuari ekartzen dizkion baso-masetan.

Oinarri hauetan espedienteak hautatzeko baremo bat ezartzen da, hainbat alderdi kontuan hartzen dituena: mendiaren azalera, inolako planifikaziorik ez duten mendien antolaketa lehenestea, basoen ziurtapena bultzatzea (kudeaketa jasangarriaren bermatzaile gisa, mundu mailan onartutako sistema ezagun batek egiaztatua), bai eta elkartegintza sustatzea eta baso elkarteak sortzea ere.

Gainera, plan horiek izan behar duten gutxieneko edukia ematen da, haiek idazteko eskema batekin batera. Horrek planifikazio tresnen homogeneotasuna bermatzen du oro har.

Eginen diren kontrolak zehazten ditu deialdiak, baita eskatzaileen konpromisoak eta Europako araudiak kostuen moderazioari buruz ezarri dituen baldintzak ere.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen 2017ko uztailaren 10eko 2017/1242 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua aldatzen duena. Azken honen bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri ziren, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Azkenik, ebazpen honek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzaren adostasuna du.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Onestea eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko 2022ko kanpainako laguntzen oinarri arautzaileak, I. eranskinean jasotzen den moduan. Orobat, onestea ebazpen honen II. eta III. eranskinak.

2. Deialdia onestea.

Onestea eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko laguntzen 2022ko ekitaldiko deialdia.

3. Aurrekontuko kredituak.

Guztira, 20.000 euroko gastu-konpromisoa baimentzea eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko laguntzetarako, 2022ko gastuen aurrekontuaren kontura, hain zuzen, 2021eko gastuen aurrekontuan “Suspertu Plana, 2014-2020ko LGP, LGENF, Eragile pribatuentzako dirulaguntzak baso kudeaketako planak egiteko” izena duen 740002/74200/7709/456704 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kontura, betiere horretarako kreditu nahikoa badago.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren 16.08.01 neurriari buruz (“Lankidetza: baso kudeaketako planak egitea”) xedatutakoa betetzea. Ildo beretik, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abenduaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Eragile pribatuei baso kudeaketako planak egiteko laguntzak emateko 2022ko kanpainako deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programako “Lankidetza” neurrirako laguntzak arautzea. Neurri hori bilduta dago Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzei buruz 2013ko abenduaren 17an emandako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 35. artikuluan.

2. Neurri honen esparruko laguntza gutxienez ere bi entitate pribaturen arteko lankidetza moduak sustatzeko emanen da. Lankidetza lotuta egonen da baso kudeaketako planak edo tresna baliokideak egitearekin.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programan zehaztutakoarekin, 16.08.01 azpineurri honen helburua da titulartasun pribatuko bi mendiri edo gehiagori dagozkien plangintza-agiriak erredaktatzea, hau guztia lortze aldera:

1. Baso eremuak modu jasangarrian kudeatzea eta hainbat jabe pribaturen arteko elkartzea eta lankidetza kudeatzea. Nafarroako Baso Planean aurreikusten da, basogintzaren sektorerako helburu berariazkoak aipatzen direlarik, baso ekosistemen egokitzapen gaitasuna eta haien ingurumen balioa handitzea, bai eta baso plangintza sustatzea ere. Europar Batasunak finantzatzen ditu jarduketa horietatik gehienak; guztira, gastu publikoaren %65. Planifikazioa funtsezkoa da basoko ekosistemen baso kudeaketa jasangarrirako, bai eta haren kontserbaziorako eta biodibertsitatea hobetzeko ere, Europan Basoak Babesteari buruzko Ministerioen arteko 1993ko Biltzarrak baso kudeaketa jasangarriari buruz egindako definizioaren arabera.

2. Basoberritzeak eta basolanak egiteko erraztasunak ematea, baso aprobetxamenduetarako basoko bideak eraikiz eta haien mantentze-lanak eginez, eta bestelako balioak ere sustatzea, hala nola kontserbazio bereziko eremuetako (KBE) habitaten kontserbazioa eta aisiarako erabilera.

3. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, laguntzen dute, zalantzarik gabe, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren Europar Batasunaren lehentasunak lortzen, eta lagungarriak dira, orobat, basogintzaren sektorean behar bezala prestatutako langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko. Gainera, teknologia berritzaileen ezarpena eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzen dute.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurri hauen onuradun izan daiteke edozein baso eragile pribatu (pertsona fisiko edo juridiko), laguntza eskatzen duena baso lurretan ondorengo epigrafeetan zehaztuko diren lanak egiteko, baldin oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eusteko hitza ematen badu.

4. oinarria.–Eragile pribatu onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke aurreko oinarrian aipatutako eragile pribatuak, baso kudeaketako plan bat egitea eskatzen badute. Planaren edukiak helbide honetan ezarritakoari jarraituko dio:

http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/5013/Planificacion-y-certificacion-de-terrenos-forestales-privados

2. Aurreko puntuan azaldutako lanak diruz lagungarriak izanen dira baldin eta, gainera, onartuak izateko honako irizpide hauek betetzen badituzte laguntza eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eskatzaileak planifikazio lanaren kostua zehaztu, justifikatu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

b) Laguntza eskaera bi baso jabek aurkeztu beharko dute gutxienez, eta beren izenak oinarri hauen 2. inprimakian agertu beharko dira. Laguntza eskaeraren xede diren lurrak mugakideak izanen dira, edo gutxienez haiek elkarrekin kudeatzeko aukera egonen da.

5. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Kostu diruz lagungarriak izanen dira baso kudeaketako plan bat egitearekin zerikusia dutenak, baldin betetzen badute www.nafarroa.eus web-orrian ezarritako edukia.

2. Kostuen moderazioa proiektuei eta memoriei aplikatuko zaie Nafarroako basolanen prezio ofizialen tarifak kontuan hartuta.

3. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

6. oinarria.–Laguntza mota eta zenbatekoa modalitateen eta ekintzen arabera.

1. Baso kudeaketako planak idazteko laguntzak aurrekontu onargarriaren gainean kalkulatuko dira, 6. oinarriaren arabera. Honela izanen da:

a) Antolatu beharreko azalera osotara 50 hektarea baino gutxiagokoa duten eskaerei %40ko laguntza emanen zaie. Portzentaje hori 5 puntu handiagoa izanen da formalki eratutako jabeen elkarteak direnean, hau da, eskaera 11. oinarriaren f letran azaltzen den moduan egiten bada.

b) Antolatu beharreko azalera osotara 50 hektarea baino gehiagokoa duten eskaerei %50ko laguntza emanen zaie. Portzentaje hori %70ekoa izanen da formalki eratutako jabeen elkarteak direnean, aurreko kasuan azaltzen den moduan.

2. Inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko muga 10.000 (hamar mila) eurokoa da eskaera bakoitzeko, eta gutxieneko muga, 2.000 (bi mila) eurokoa.

Eskaerak inbertsioaren gehieneko eta gutxieneko mugak errespetatzen dituela zehazteko, kontuan hartuko da kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak baliozkotzen duena, hala laguntza onartzean nola ordaintzean. Aipatutako zerbitzuak Nafarroako Baso Jardueraren Prezioen Tarifak erabiliko ditu erreferentziatzat, aurrekontu hori baliozkotzeko. Aurkeztutako memorian edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horien araberakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatu beharko du, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du, hori guztia 5. oinarriko 2. puntuan adierazitako kostuen moderazioa aplikatuz.

Tarifak ikusteko esteka:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren Jarraipen Batzordeak 2021eko azaroaren 19an onetsitako hautapen irizpideen arabera, eskaerak lehenesteko hurrenkera eginen da balorazio irizpideak aplikatuz lortzen diren puntuak batuta.

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Ordenatu beharreko mendi-multzoak erabilera publikoko deklaratuta daude (1)

15

2

Bere ezaugarri ekologikoak direla-eta, antolatu beharreko mendien guztirako azaleratik Natura 2000 sarearen barnean sartuta dagoen azalerak lehentasuna ezartzen du planifikazio tresnak idazteko orduan (2)

10

3

Mendiek baso kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria dute (3)

10

4

Baso jabeen elkarteak sortzea. Lehengoez gain mendi gehiagoren antolamendua sustatzea (4)

30

5

Basoko baliabideen tipologia (5)

20

(1) Erabilera publikoko mendiak XX. mendearen hasieran deklaratu ziren, beren ingurumen-balioa zela medio, eta deklarazio hori Nafarroan dagoen kontserbazio-figura zaharrena da. Aipatu mendiek beren ezaugarri horiek mantendu behar dituzte, eta beren lurrak ezin dira saldu edo enbargatu, eta beren jabetza ezin daiteke aldatu, babesle deklaratutako mendiak bezala (jabe partikularrenak direnak).

(2) Mailaketa honako hau da, antolatu beharreko guztirako azaleratik Natura 2000 sarearen barnean sartuta dagoen ehunekoaren arabera:

–Natura 2000 sarean azaleraren %0: 0 puntu.

–Natura 2000 sarean azaleraren > %0 eta < %25: 3 puntu.

–Natura 2000 sarean azaleraren ≥ %25 eta < %50: 5 puntu.

–Natura 2000 sarean azaleraren ≥ %50: 10 puntu.

(3) Baso kudeaketako planak haiei dagozkien plan berezietan ezarritakoari jarraituz berrikusi behar dira, eta baso ziurtapenaren eskakizunen arabera eguneratu. Ziurtagiria izateak berekin dakar mendia aurretik antolatua izan dela eta berrikuspena beharrezkoa dela. Lehenengo plangintzaren kasuan, baso kudeaketa jasangarria egiaztatzen duen PEFC sistemari atxikitzeko eskaera aurkeztea nahikoa izanen da puntuazio hori lortzeko.

(4) Mendien kokapenaren, elkartearen tipologiaren eta jabe kopuruaren arabera:

–Bateratutako mendien ezaugarriak ondoren aipatzen diren irizpideetako bakar batekin ere bat ez badatoz: 5 puntu.

–Azalera batua 10 ha eta 50 ha artean duten mendiak: 10 puntu.

–Azalera batua > 50 ha eta < 100 ha artean duten mendiak: 15 puntu.

–Azalera batua > 50 ha eta < 100 ha artean duten eta Kantaurialdean edo Pirinioaldean dauden mendiak: 20 puntu.

–100 hektarea baino gehiagoko azalera batua duten mendiak: 25 puntu.

–100 hektarea baino gehiagoko azalera batua duten eta Kantaurialdean edo Pirinioaldean dauden mendiak: 30 puntu.

(5) Antolatu beharreko mendi-multzoan baimendutako baso-ustiapen espedienteen maiztasunaren arabera:

–Bi urtetik gorako maiztasuna: 10 puntu.

–Bi urteko maiztasuna: 15 puntu.

–Urteko maiztasuna: 20 puntu.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 7. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe, baldin eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren Jarraipen Batzordeak 2021eko azaroaren 19an onetsitako gutxieneko puntuazioa lortzen bada.

2. Espediente bakoitzeko gehieneko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 2., 1., 4., 5. eta 3. ataletan puntuazio altuena lortzen dutenak lehenetsiko dira, ordena horrexetan.

3. Diruz lagundutako ekintza gauzatzen ez bada, eta, betiere, onuradunak hurrengo oinarri arautzailean aurreikusitako moduan horren berri eman ondoren, laguntzak emateko ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuan kontsignazio aski ez izateagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

4. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 25 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

5. Oinarri honen 3. puntua aplikatzearen ondorioz, deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Plana deialdi honetan ezartzen den epearen barrenean aurkeztea, eta planifikazioarekin batera hartan zehazten diren jarduketak egitea Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz eta deialdian ezartzen den epean.

b) Konpromisoa hartzea ziurtapenari eusteko behar diren agiriak prestatzeko, Nafarroako Basoen Ziurtapenaren eskualdeko entitate eskatzaileak erabakitzen dituen epeetan eta moduan (laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko eskabide-orrian eta dokumentazioan zehaztua dagoen bezala).

c) Ordainketaren onespenari buruzko ebazpena eman arte, 4. oinarrian ezarritako betebeharrei eustea, baita 7. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

d) Lanen alderdi teknikoei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

e) Behar diren kontrolak onartzea egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, baso kudeaketako plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela.

f) Laguntzaren xede den baso kudeaketako plana gauzatzeko konpromisoa hartzea. Eskaera bakarra eginen da baso kudeaketako planak ukituriko mendi guztietarako.

g) Xede bererako beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, nolanahi ere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kontura edo Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentutik ematen direnekin.

h) Dirulaguntza onartzen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta tributuen arlokoak beteta izatea.

i) Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileei baso kudeaketako planean dauden lurzatietan sartzen uztea, lanak gainbegiratzeko, baso kudeaketako planean proposatutakoa eta mendiaren errealitatea kontrastatzeko eta, kasua bada, aipatu kudeaketa planaren jarraipena egitea indarrean dagoen bitartean.

j) Kasua bada, laguntza onartzeko ebazpena jakinarazi eta 10 eguneko epean Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari adieraztea hari uko egiten diola, laguntza onartzeko ebazpena aldatu ahal izateko eta, aurrekontuetako diruak horretarako aukera ematen badu, puntuazio txikiagoko espedienteak kontuan hartzeko, 7. oinarriko irizpideak aplikatu ondoren.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

l) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

10. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak. Zehazki, hauek: baso kudeaketa jasangarriaren ziurtapen bat lortzea eta mantentzea (behin baso kudeaketako plan teknikoa onetsirik), eta planean aurreikusitako jarduerak inplementatzea, laguntza likidatzen duen ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

11. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Laguntza-eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak tramitatuko ditu, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira; kasu horretan, ziurtagiri digitala beharko da identifikatzeko (www.nafarroa.eus).

2. Eskaerarekin batera II. eranskinean (“Laguntza-eskaerari atxikitako inprimakiak”) zehazten diren agiriak eta atal hauetan jasotzen direnak aurkeztuko dira:

a) Eskabide-orri ofiziala, betea, zigilatua eta sinatua (1. inprimakia) 2. inprimakiaren batera (“Baso kudeaketako planaren xedeko lurzatiak”).

b) IFK/IFZren fotokopia.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu. Agiri hori helbide honetan eskuratu daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

d) Memoriaren kopia bat, hautatzeko irizpideekin lotutako alderdiez gain, honako hauek ere bilduko dituena:

–Plano kartografiko bat 1:5.000 eskalan, baso kudeaketako planean bildutako esparruak eta lurzatiak zehaztuko dituena, jabetza motaren arabera identifikatuta.

–Plana egiteko aurrekontua.

e) Ordezkariari baimena emateko inprimakia (3. inprimakia), eredu normalizatuaren araberakoa, eskaeraren tramitazioan hirugarrenek ordezkatzea nahi duten eskatzaileentzat; ordezkariaren NANaren fotokopia erantsi beharko da.

f) Dirulaguntzen deialdian lehenbiziko aldiz parte hartzen duten mendi batasunen kasuan, eskabidea batasunaren alde egin beharko da, eta honako dokumentazio osagarri hau erantsi:

–Batasunaren estatutuak; batasunaren IFK.

–Ordezkariaren izendapena (3. inprimakia), baldin bera ez bada Batasuneko lehendakaria estatutuen arabera.

g) Lursailak erabil daitezkeela frogatzen duen dokumentazioa (4. inprimakia).

Katastroaren arabera eskatzailea baso kudeaketako plana egin nahi den lurzatien titularra bada, ez da beharrezkoa lurrak erabiltzen ahal direla frogatzea. Bestela frogatu beharko du modu hauetako batean:

a) Jabea dela justifikatuz lurren jabetza eta erabilgarritasuna bermatzen duten beste agiri ofizial batzuen bidez, esaterako: Jabetza Erregistroaren ziurtagiria, eskritura publikoa, erregistroaren ohar bakuna, katastroaren ziurtagiria edo erroldatze-agiria, udaleko idazkariak emana.

b) “Lurzatiaren titularraren baimen-ematea eskatzailearen alde” izeneko 4. inprimakia aurkeztuz, lurren titular bakoitzaren NANaren/IFZren/IFKren fotokopiarekin batera.

c) Errentamendu kontratuak, udalen baimenak (herri-lurren kasuan) edo gozatzeko edo edukitzeko eskubidea frogatzen duen beste edozein agiri, zuzenbidearen araberakoak betiere.

h.–Toki entitateen eta partikularren artean titulartasunari buruz gatazka dagoen lurretarako ez da laguntzarik emanen.

3. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

4. Errekerimenduei elektronikoki erantzutea onartuko da, erregistro elektronikoa erabiliz tramitatzen badira.

5. Onuradunak eskaera bakar bat aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

12. oinarria.–Instrukzio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

1. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek bertatik bertarako aurretiazko bisitak eta jarduketak eginen dituzte, eskaeran aipatutako mendien planifikazioaren beharra finkatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten guztiak.

2. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, instrukzio organoak proposatuko du dirulaguntza ukatzea ikuspuntu tekniko batetik beharrezkoak ez diren baso kudeaketako planen proposamenei, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnei ere.

13. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahal dira onuradunentzako laguntzei buruzko dokumentazioa gordetzen den tokietara, lanak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

3. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

14. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko zuzendari nagusiak dirulaguntzak onartzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, “Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak” izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, dirulaguntzei buruzko foru legeetan ezarritako epea bukatu baino lehen, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz daiteke, eskatzaileak laguntzak eskatzeko inprimakian emandako helbide elektronikoen bitartez.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

15. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Aurkeztutako eskaeren aldaketak onartuko dira, betiere ebazpen honen 4. puntuan (“Eskaerak aurkezteko epea”) aurreikusita dagoen epean egiten badira. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da laguntza eskaeran aldaketak onestea. Horrez gain:

–Eskaeretan funtsezko aldaketarik egitea ez da onartuko (esaterako, aldatzea zer eremu geografikotan eginen den baso kudeaketako plana), salbu eta behar bezala justifikatuta badaude.

–Hautaketa-irizpideen aplikazioa aldatzea dakarten aldaketak ez dira onartuko.

–Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutako baso kudeaketako planaren helburuari eta izaerari eragiten ez dietenak.

2. Onartutako aldaketak eskaeraren titularrari jakinaraziko zaizkio eta, betiere, laguntza ematen duen ebazpena baino lehen tramitatuko dira.

16. oinarria.–Kudeaketa plana gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Baso kudeaketako planak egiteko azken eguna 2022ko urriaren 7a izanen da 2022ko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2022ko urriaren 14a baino lehen:

–Ordainketa eskatzeko inprimakia. Laguntzen onuradunak beteko du ordaintzeko eskaera, eskatutako kudeaketa planak ukituriko gainontzeko baso jabeen ordezkari jardunez. (5. inprimakia)

–Jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, laguntza eskaeraren ondotik datatuak.

–Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, datu hauek agertuko dituztenak, gutxienez: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura-zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Gauzatan edo norberaren baliabideak erabiliz egindako ordainketak ez dira onartuko. Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta 2022ko urriaren 14a baino lehenagokoak izanen dira.

–Erantzukizunpeko adierazpena, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzekoa. (6. inprimakia).

–Kudeaketa plana, hark ukituriko lurren baso jabe guztien adostasunarekin eta plana idatzi duen teknikariak sinatua. Hemen zehazten dena bete beharko du: http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/5013/Planificacion-y-certificacion-de-terrenos-forestales-privados

3. Aurreko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, emandako dirulaguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.

4. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin plana aurkeztuta eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko teknikariek ebaluatuta. Ondorio horietarako, ez da ulertuko kudeaketa planaren balioa frogatu denik harik eta haren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

5. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta baso kudeaketako plana bat datorrela baso administrazioak prestatutako edukiekin eta mendiaren errealitatearekin. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko da.

6. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira. Laguntzaren ordainketak berekin ekarriko du aurkeztutako baso kudeaketako plana onestea. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz dakieke interesdunei, eskatzaileak laguntzak eskatzeko inprimakian emandako helbide elektronikoen bitartez.

7. Ez da onartuko hasiera batean baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.

17. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 16. oinarriko 1. puntuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galduko da.

2. Bederatzigarren oinarriaren c) letran bildutako konpromisoa azkeneko ordainketa baino lehen betetzen ez bada, laguntza galduko da.

3. Inbertsioa gauzatu ondoren, onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (6. oinarriko 2. puntuan adierazia), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.

4. Kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ez da izanen laguntza osoa kentzetik haragokoa.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

18. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek bete ezean, jasotako laguntzaren portzentaje bat itzuli beharko da, baita legez ezarritako berandutze-interesak ordaindu ere. Halakoetan, mailaketa bat eginen da, honako irizpide hauekin bat:

a) Laguntza ordaindu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean atzematen bada baso ziurtapenari eusteko jarduera guztiak ez direla egin, baso kudeaketako plan teknikoa egiteko jasotako laguntzaren %25 itzuli beharko da.

b) Baso kudeaketako planaren plan berezian onetsitako jarduerak egiten ez badira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, egoera hori detektatu arte jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

3. Konpromiso horiek ez dira betegabetzat hartuko baldin eta baso kudeaketako planaren bidez planifikatutako mendiei nabarmen eragiten dien hondamendi natural larri bat gertatzen bada.

19. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Onuradunei emandako dirulaguntzak argitaratu eginen dira, jarraikiz Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluari. Batasuneko eta haren estatuetako auditoretza eta ikerketa organismoek tratatzen ahal dituzte horien datuak, Batasunaren finantza interesak babestearren.

2. Datu pertsonalak direnean, Batasuneko estatuek haien eskubideak jakinaraziko dizkiete onuradunei, datuen babeserako arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko aplikagarriak diren prozedurekin bat, edo, halakorik ezean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat, horren bidez pertsona fisikoen babesa arautu baitzen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez (Datuen babeserako erregelamendu orokorra).

Deskargatu II. eta III. eranskinak (1-6 inprimakiak, DOC formatua).

Iragarkiaren kodea: F2117976