16. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

273/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 22koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onesten duena 2022. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Era berean, foru lege horren xedea gizarte zerbitzuen sistema bat itxuratzea da, halako moduan non bermatuko baita zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintza onenetan ematen direla.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua 3. eta 4. artikuluetan zehaztuta dago. Izan ere, artikulu horietan ezartzen da zer den gizarte zerbitzuen sistema eta zeintzuk diren gizarte zerbitzu horien hartzaileak. Bestalde, 6., 7. eta 8. artikuluetan gizarte zerbitzu horien hartzaileen eskubide eta betebeharrak ezartzen dira.

Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 70. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortzea eta haiei eustea. Baimen horien xedea da baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea.

Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitzen dio Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen den jakiteko kontrola eta ikuskapena egiteko ardura, hau da, ea gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta zerbitzu horien hartzaileek betetzen ote duten lege horretan xedatutakoa. Ikuskapen Atalak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak foru dekretu horretan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu gizarte gaien, familiaren eta adingabeen babesaren esparruan, bereziki, honako hauek:

a) Kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean, gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta horien hartzaileek betetzen ote duten Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta aplikatzekoak diren bestelako arauetan xedatutakoa.

b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

Era berean, begiratuko du agiri arauemaileak eta baldintza teknikoak betetzen diren, Egoitzetako plazak, eguneko egonaldiak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak kudeatzeko esparru-akordioarenak eta Nafarroako Foru Komunitateko mendekotasuna duten adinekoen eguneko zentroaren zerbitzuaren esparru-akordioarenak.

Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuen ikuskapena kontrol eskumen gisa hartu behar dela, ez bakarrik kontrolatzeko zentro eta zerbitzuek nola betetzen duten baliabideen eta eginkizunen arloan indarra duen araudia eta zenbateraino betetzen diren zerbitzu-emaileek sinatutako kontratuetako baldintzak eta agiri arauemaileak, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak zaindu eta errespetatzen ote diren ere kontrolatu behar baita.

Gainera, zaindu behar du pertsonek jasotzen dutela beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, espezializatua eta pertsonalizatua.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa-lerro nagusien oinarriak.

2022rako Ikuskapen Planak biltzen ditu egoera epidemiologikoaren ondorioz 2020an eta 2021ean sartu ziren neurrietako batzuk (espazioen eta distantzien kontrola, talde txikiak jardueretan, maskara eta babeserako elementuak erabiltzea, eta abar).

Halaber, Ikuskapen Plan hau egokitzen zaio abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren onespenari (291. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa), kontuan hartuta araudi horren seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baldintza funtzionalak eta materialak egokitzeko epea (92/2020 foru dekretuak, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua arautzen du adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea).

Ikuskapen lanari eusten zaio kontrolatzeko betetzen diren araudiak eta PAGNAren eta zerbitzu-emaileen artean sinatutako kontratuak edo kontzertuak, egiaztatu dadin entitate horiek eman eta Nafarroako Gobernuak ordaintzen dituen zerbitzuak egiten direla administrazio kontratugileak ezarritako baldintzetan eta hark eskatutako kalitate mailarekin, horretarako emandako jarraibideek edo araudiek emandako malgutasunarekin eta kontuan izanik osasun publikoaren errekerimenduak betetzearen ondoriozko eskakizunak, hala nola prebentzio neurriak eta jardutekoak COVID-19aren agerraldi deklaratuen aurrean.

Aurreko urteetan bezala, baieztatuko da betetzen diren Egoitzako postuak, eguneko egonaldiak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak kudeatzeko esparru-akordioa arautzen duten orrien baldintza teknikoak eta administratiboak. Zehazki, egiaztatuko da baden berdintasun planik zerbitzuak ematen dituzten entitateetan eta zer prestakuntza aurreikusten den alor horretan, entitatearen urteko prestakuntza planaren barnean. Halaber, egiaztatuko da langileen betebeharrak eta ratio global lotesleak betetzen diren, eta baldintza teknikoak betetzen diren, arreta pertsonengan zentratzen duen eredua ezartzeari dagokionez eta bizitzako historiak sartzeari dagokionez, lan metodo gisa eta erabiltzaileari arreta pertsonalizatua emateko metodo gisa. Halaber, aurreko urteetako helburuekin segituz, bizikidetza errealeko unitateen ezarpenarekin jarraituko da (bizitzeko espazioak erabiltzaileen eta langileen talde txikietarako), arreta pertsonalizatuagoa eta etxekotasun handiagoa eskaintzen baitute.

Alderdi hauek guztiak, bai langileen ratioa, bai berdintasun planak, bai pertsonarengan zentratutako arretaren ereduari buruzkoak, denak berraztertuko dira, baita ere, administrazioarekin kontratua izenpetu ez duten zentro eta zerbitzuetan, arreta-lerro hau delako zerbitzu sozialen funtzionamendua eta baimenak arautzen dituen araudi berriaren helburu nagusia (abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak onetsi zuena eta 291. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, abenduaren 17koan); izan ere, araudi berriak alderdi horiek exijitzen ditu martxan jartzeko baldintza gisa (baimena eta aldez aurretiko komunikazioa), eta 4 urtera arteko gehieneko epe bat ezartzen du araudiak indarra hartu baino lehen baimendutako zerbitzuentzako, egokitu daitezen.

Aurreko urteetan bezala, egiaztatuko da erreferentziako langile dibertsifikatuaren figura badagoela, zeina erabiltzaileak aukeratzen baitu harekiko kidetasuna errespetatuz. Aurreko urteetan eskatu den bezala, ahalegina eginen da figura horrek rol garrantzitsua bere gain har dezan, erabiltzailearen arretan eta zerbitzuko gainerako langileekin eta familiarekin ezartzen den komunikazioan. Hori dela eta, ezagutzeaz gain, erabiltzaileak berak hautatu beharko du, eta bere Banakako Arreta Plana egiten eta aldatzen aktiboki parte hartu beharko du.

Era berean, arauak ezartzen ditu bi eskakizun, garrantzi erabatekoa dutenak, eta horiek betetzen ahalegina eginen da: norbanako arreta plan integralak izatea (plan pertsonalizatuak, gustuak, interesak eta gaitasunak kontuan hartzen dituztenak), eta helburuak finkatzea, baita horiek lortzeko jarduketak ere. Plan horiek erabiltzaileekin edo beren senideekin gaurkotuta, informatuta eta adostuta egon behar dute.

Era berean, lokailu fisikoen erabilerari buruzko alderdi guztiak betetzen direla egiaztatuko da (baimen informatua, preskripzioa, hileko berrikuspena, esperimentatutako ordezko neurriak, talde teknikoak egindako azterketa, denbora-mugako aipamena, eta beti osasun-helburu batekin, eta ez antolaketaren arrazoiengatik), aurreko urteetan egin izan den bezala, irailaren 8ko 79/2021 Foru Dekretuak indarrean dagoen araudian sartutako aldaketarekin, aplikazio-eremuari dagokionez (Gaixotasun Mentalaren Arloa gehitu da), baita elementu murriztaile batzuen kontrol handiago bati buruzkoa ere (eskudelak).

Esparru horretan, ikuskapen arruntak eginen dira eguneko arretako zenbait zerbitzutan eta hainbat egoitzatan: zaharrei edo adingabeei arreta ematekoak, mendekotasunaren arlokoak, gaixotasun mentala edo desgaitasuna dutenentzakoak eta gizarte bazterketaren arlokoak. Bereziki azpimarratuko da zerbitzu horiek kudeatzen dituzten entitateek erabiltzaileen eskubideak errespetatzen dituztela, bereziki arreta osoa, berariazkoa eta haien premietara egokitua jasotzekoa eta zerbitzua ematearen baldintza guztiak harrera kontratuaren bidez ezagutzekoa. Era berean, COVID-19ari dagokionez, prebentzioari eta sektorizazioari buruzko gutxieneko jarduerak berrikusiko dira (maskarak eta beste babes elementu batzuk erabiltzea, espazio aireztatuak eta segurtasun distantziak, jarduerak talde txikietan egitea eta bizikidetza-unitateak).

Zehazki, Ikuskapen Atalak 2021eko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Orobat, egiaztatuko da betetzen diren loturei buruzko araudia eta aplikatu beharreko beste erregulazio batzuk eta kontratuetako beste alderdi jakin batzuk, konparazio batera, erantzukizun zibileko aseguruak, banakako arreta planak, bizitzako historien ezarpena, berdintasun planak, protokoloak eta erregistroak.

Halaber, ikuskatutako zerbitzuen antolaketa, eginkizunak, lan planak eta langileen banaketa egiaztatuko dira, begiratzeko proportzionalak eta egokiak direla asteko egunetan eta eguneko eta gaueko orduetan, zerbitzua behar bezala emateko erabiltzaileei. Bereziki, egiaztatuko da esparru-akordioak lotutako zentro guztietan zentroetako langile guztiek fitxatzen duten eta ratio globala den kontratua sinatzean izan zena. Orobat, lan planak eta lanbide-kategoria bakoitzaren eginkizunak egiaztatuko dira, baita agirietan aurreikusitako gaueko arretaren eskakizuna ere.

Aurreko urteetan bezala, 2022. urtean, zentro edo zerbitzuen benetako okupazioa kontrolatuko da, eta erabiltzaileen mendekotasuna baloratuko da, baieztatu ahal izateko zerbitzua baimenduta dagoela eskaintzen diren prestazioak eskaintzeko, eta erabiltzaileek jasotzen dutela behar duten arreta, beren egoera eta beharrak kontuan hartuta.

Laguntzak kontrolatzeko lerroari dagokionez, errenta bermatuen ikuskapenak mantentzen dira, eta ikuskapenak eginen dira, jadanik ebatzita egonda ere, baldintzak betetzeari buruz zalantza edo zantzuren bat egoteagatik, Diru-sarreren Bermearen Atalak bidalitako espedienteen gainean. Kontrol hori egiteko, Foruzaingoaren laguntza eskatzen ahalko da, aurretik ezarritako prozeduraren arabera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onestea, 2022. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

NAFARROAKO GIZARTE ZERBITZUEN IKUSKAPEN PLANA 2022. URTERAKO

Lehena.–Organo arduraduna.

Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak Eskubide Sozialetako Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena.–Helburuak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia eta kalitatekoa jaso dezaten arduratzea, araudi indardunarekin bat.

2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.

3. Zentroei eta zerbitzuei aholku ematea indarreko legedia betetzearen gainean, eta zehazki abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren gainean eta erabiltzaileei kalitateko arreta emateko zenbait alderdiren gainean, arlo horretaz Eskubide Sozialetako Departamentuan prestatzen diren agiriei buruz eta bete behar dituzten betebehar material eta funtzionalei buruz.

Ildo horretan, aholkuak, bereziki, arreta pertsonarengan zentratzen duen eredua ezarri beharrari buruzkoak izanen dira, hura aipatutako foru dekretuan aurreikusita baitago, eta COVID-19aren aurrean osasun arloko prebentzio eta jarduketa araudiei buruzkoak, haiei aplikatu beharko bazaie.

Hirugarrena.–Prozedura.

Eskubide Sozialetako Departamentuak 2021. urtean egin dituen ikuskapen lanak plan honetan jaso direnak dira, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai, baita Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitako baimenei erantzuteko behar direnak edo aurretiazko jakinarazpenen ondorioz sortutakoak (abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan aurreikusitakoak) ere.

Salbuespen gisa, Eskubide Sozialetako kontseilariak, goragotik datorren aginduaren ondorioz, agintzen dituen jarduera guztiak egiten ahalko dira, edo beste organo batzuek (hala nola zuzendaritza nagusiek edo PAGNAko kudeatzaileak) eskaera arrazoitua egiten dutenean, baita Ikuskapen Atalaren beraren ekimenez egokitzen direnak ere.

Laugarrena.–Aplikatzekoa den araudia.

Ikuskapen lanetan gizarte zerbitzuen arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Lan horretan, batez ere, honako arau hauei begiratuko zaie:

1) 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2) Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretua, arautzen duena Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

3) 209/1991 Foru Dekretua, maiatzaren 23koa, Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duena, indarrean irauten duten artikuluetan.

4) 15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa, edo hori ordezkatzen duen legezko araudia.

5) 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena, martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak aldatu ondoan.

6) 221/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena, eta horren garapenerako araudia, irailaren 8ko 79/2021 Foru Dekretuak egin zuen aldaketa kontuan hartuta.

7) Ikuskatu beharreko laguntzen arau berariazkoak, eta izenpetutako kontratuen agiri teknikoak eta administratiboak, bidezkoa bada.

8) Maiatzaren 16ko 48/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Ikuskatzaileen Araubidea ezartzen duena.

Bosgarrena.–Jarduketa lerro nagusiak.

Jarduteko ildo nagusiek helburu hauek lortzea izanen dute xede:

I.–Bermatzea gizarte zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen eskubideak errespetatzen direla, bereziki egoitza-izaera duten gizarte zerbitzuen hartzaileenak eta batez ere honako hauei dagokienez: arreta integratua, espezifikoa eta beren beharretara egokitua jasotzea, eta erabiltzaileek zerbitzuaren baldintza guztien berri izatea, zerbitzuan sartzeko kontratua sinatzearekin batera. Zehazki, Ikuskapen Atalak 2021eko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Era berean, egiaztatuko da ea betetzen diren loturei buruz indarra duen araudia eta aplikatu beharreko beste erregulazio batzuk, eta kontratuen alderdi jakin batzuk, hala nola erreferentzia langileak izatea, bizitzako historiak eta arreta pertsonarengan zentratzen duten ereduak ezarrita egotea, banakako arretarako planak, protokoloak eta erregistroak (gorabeheren parteak, atazen liburuak, etab.). Zehazki, nahitaezkoa izanen da dokumentu horiek egotea eta hor bilduta dauden gertaerak ikusi dituzten langileek sinatuta egotea.

Halaber, zerbitzuen zinezko okupazioa egiaztatuko da, bai eta haien erabiltzaile guztien mendekotasunaren balorazioa ere, egiaztatzeko zerbitzua baimenduta dagoen benetan eskaintzen dituen zerbitzuak emateko eta erabiltzaileek beren egoerara eta premietara egokitutako arreta jasotzen duten.

II.–Zentroen eta zerbitzuen gainbegiratzea eta kontrolatzea. Bereziki aztertuko dira langileen antolamendu eta banaketa, eta haien eginkizunak, begiratzeko horiek proportzionalak eta egokiak direla asteko egun guztietan eta eguneko nahiz gaueko ordutegian, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten. Apartatu hori behar bezala aztertzeko, ikuskatzaileek honako hau eska dezakete: fitxaketak, lan kontratuak, txanden planillak eta lan planak. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, haien ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

III.–Errenta bermatuaren onuraduna izateko baldintzak betetzeari buruzko ikuskapenaren oinarrizko lerroa, jadanik emandako espedienteen gainean egina, baldintzak ez betetzeari buruz zantzuren bat egoteagatik Diru-sarreren Bermearen Atalak kontrolerako bidali ondoren.

Seigarrena.–Metodologia.

Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:

1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietan sartzen ahalko dira. Orobat, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie.

Bisitaren unean zerbitzuaren arduraduna ez dagoenean, bere eginkizunak zerbitzuko beste langile baten esku utzi beharko ditu aldez aurretik, eta hark izanen du ikuskatzaileari laguntzearen eta errekerimenduei erantzutearen ardura, eta pertsona horrek sarbidea izanen du eskatzen zaizkion agiri, datu edo informazio guztietara.

Ildo horretan, zentro edo zerbitzu bakoitzak zerrenda bat izanen du, gutxienez hiru arduradunekin, zuzendaria ez dagoenean arreta emateko ikuskatzaileei nahiz erabiltzaileei eta senitartekoei.

Ordezkapenen zerrenda hori zentroko iragarki-taulan egonen da ikusgai, eta arduradun ordezkoen izen-deiturak eta lanpostuak izanen ditu, baita ordezteko hurrenkera ere.

Ikuskatzaileei ez bazaie uzten instalazioetara joaten edo agiriak eskuratzen, izan ordezkoa ez izendatzeagatik izan hark ez dakielako non dauden datuak edo ezin dituelako eskuratu, uler daiteke ikuskapen lanari egiten zaion eragozpena dela, eta hori arau-hauste astun gisa dago sailkaturik Gizarte Zerbitzuei buruzko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86.n) artikuluaren arabera.

2. Bisita arruntak eta salaketa baten ondoriozkoak ez dira aldez aurretik iragarriko. Ikuskatzaile egiaztatuen identifikazioarekin hasiko dira, eta ikuskatzaileek zehaztuko dute zein den bisitaren zergatia.

Ikuskatzaileek egokitzat jotzen dutenean, beharrezkotzat jotzen dituzten areto edo geletara joan daitezke zuzenean, ikuskatu beharreko gauza zehatzak egiaztatzeko, itxoin beharrik gabe zerbitzuko arduraduna agertu eta haiekin joan arte.

3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanik ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahalko dira, egunez edo gauez.

4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete beharko dituzte.

5. Departamentuko organo eta erakundeak behartuta daude ikuskatzaileei ahalik arinen eta eraginkortasunez laguntzeko, hala eskatzen zaien guztietan.

6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.

Zazpigarrena.–Gizarte politikaren arloko ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2022. urtean.

I.–Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa. Zehazki, erabiltzaileen beharren araberako arreta egokia den behatuko da. Zehazki, Ikuskapen Atalak 2021eko Ikuskapen Plana gauzatzeari buruz egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenen betearazpena berrikusiko da, bai eta zerbitzu horiek izandako salaketak aztertzean egindako eskaeren eta/edo ohartarazpenena ere. Era berean, egiaztatuko da indarreko araudia bete den loturei dagokienez eta aplikatu beharreko beste erregulazio batzuei dagokienez eta kontratuetako baldintzei dagokienez: banakako arretarako planak, protokoloak eta erregistroak, erreferentziako langilea izatea, bizitzako historiak eta arreta pertsonarengan zentratzen duten ereduak ezarrita egotea. Banakako arretarako planek erabiltzailearen balorazio integrala izanen dute, eta hartan agertuko dira haren gaitasunak eta lehentasunak.

Halaber, agiri bat banakako arreta plantzat hartzeko, helburu orokorrak eta zehatzak markatu beharko ditu arloka, baita horiek lortzeko neurriak edo programak ere. Agiri horretan, erabiltzailearen mendekotasuna eta arreta zuzenari lotutako alderdiak bildu beharko dira, hala nola oheratzeko, jaikitzeko, garbitzeko, mugiarazteko eta jateko ordutegiak, eta horien justifikazio teknikoa, ohikotzat jotzen direnetatik desberdinak badira; modu orokorrean ezin izanen dira antolamendu-neurri hutsak hartu erabiltzaileen eta senitartekoen beharrak eta nahiak aintzat hartu gabe.

Banakako arretarako plana dokumentu diziplinartekoa eta integrala izanen da, eta aldian behin berrikusi beharko da, gutxienez ere urtean behin eta erabiltzailearen egoeran aldaketa garrantzitsuak gertatzen diren aldiro. Orobat, agiri horren berri emanen zaio erabiltzaileari eta/edo sendiari. Haiekin adostu beharko da (ahal den neurrian), eta haiek sinatu beharko dute.

Bestalde, bizitzako historiak ez dira tramite dokumental hutsa izanen, edo erabiltzailearen balorazio teknikoa, banakako arretarako planaren parte dena; izan ere, erabiltzaileak edo haren hurbilekoek bere bizitzaz, balioez, gustuen hezibideaz, kidetasunez, helburuez eta bizitza planez egiten duen narrazioa da, haren irudia taxutzen eta haren jokabidea ulertzen laguntzen duena. Bizitzako historiak agiri bizia eta dinamikoa izan behar du, erabiltzaileak zerbitzuan bizi izandakoak ere biltzen dituena. Pertsona horri arreta ematen dioten langile guztiek eskura izan eta ezagutu behar dute agiria.

2022. urtean zehar, aurreko urteetan bezala, baieztatuko da, alde batetik, PAGNArekin esparru-akordioa izenpetu duten zerbitzu guztiek, akordioetako klausuletan biltzen bada pertsonarengan zentratutako arreta ereduak ezartzeko eskaera, eskaera hori betetzen dutela. Beste alde batetik, klausula horien mendeko zerbitzuetan, egiaztatuko da hurrenez hurren ezartzen direla pertsonarengan zentratutako arretaren ereduak (indarreko araudiarekin bat etorriz), eta ez erakundean; horretarako, neurri zehatzak hartuko dira, hala nola batentzako logela gehiago izatea, birentzako logeletan egoiliarrak banantzeko elementuak paratzea, haien intimitatea gordetzeko, eta irakurtzeko argiak jartzea, egoiliar batek irakurtzeko modua izan dezan gelakideari trabarik egin gabe, erabiltzaileek aukeratu ahal izatea dutxak eta garbiketak arratsaldez egitea, gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko ordutegi zabalak izatea, bi edo menu gehiagotatik aukeratu ahal izatea, lagun egiteko eta aisialdirako boluntariotza bultzatzea, bizikidetza-unitateak ezartzea zentroetan, bizikidetza familiarragoa izan dadin, eta “burbuila taldeak” sortzea, COVID-19aren aurrean prebentzio eta sektorizazio neurri gisa. Horretarako, langileen txandakatzea murriztu beharko da ahal den neurrian, txandak murriztuz nahiz arreta zuzeneko langileak izendatuz bizikidetza-unitate bakoitzerako.

Bukatzeko, erreferentziako langilea, zeina kontrolatzen baitzen aurreko urteetan ere, funtsezko figura izatera pasatu da pertsonarengan zentratzen den arretan. Erabiltzaileak aukeratu behar du figura hori, bere premien arabera eta harekin duen kidetasunaren arabera. Erreferentziako langileak dibertsifikatuak egonen dira, eta arreta zuzeneko langileak izanen dira lehentasunez. Erreferentziako pertsona bakoitzak pertsona bakan batzuk izanen ditu bere ardurapean. Egoiliarrei eta haien ahaideei figura honen berri emanen zaie, beren funtzioak ezagutu ditzaten eta nahi dutena izenda dezaten.

Helburua.–Ikuskapen lanaren bidez egiaztatuko da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz (Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea).

Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egiaztatuko da ea egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen diren, honako hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, desgaitasunak dituzten pertsonak, eritasun mentalak, adingabekoentzako arreta eta gizarte bazterketa.

Eskubideak errespetatzen diren jakiteko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, ikuskapenak erabiltzaileen eskubide hauek bete ote diren aztertuko du nagusiki:

1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenen tolerantzian eta ulermenean.

Era berean, erreferentziazko langileek duten garrantzia azpimarratuko da, baita erabiltzaileen zainketa pertsonalei ematen zaien arreta egokia izatea ere, haien inguruabarren eta egoeraren arabera.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzeko eskubidea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzekoa, berariazko baimena eman ahal izateko. Ildo horretan, bereziki, kontrolatuko da ea erabiltzaileek eta/edo haien senideek ezagutzen dituzten eta jaso dituzten zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua eta zerbitzuarekin sinatu duten kontratuaren zehaztapenak zerbitzua ematen hasi baino lehen, eta bi agiri horiek errespetatzen dituztela erabiltzaileen autonomiarako eskubidea eta askatasuna.

3. Banakako arreta jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa, baita haien mendekotasun mailaren araberakoa ere. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek banakako arretarako planik ote duten erabiltzaile bakoitzeko, eta ea profesional eskudunek aldian-aldian aztertu duten. Halaber, kontrolatuko da ea eraginkorra, egokia eta bana-banakoa den arreta pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala, eta ea errespetatzen diren haren borondatea eta lehentasunak, arreta pertsonarengan zentratzen duten ereduek adierazi bezala. Ildo horretan, eta eredu horretako aurrerapena izan dadin, erabiltzaile bakoitzari aukera eman behar zaio zenbait arreta motatako alderdi batzuen artean: garbiketak, ordutegiak, menuak, jarduerak, lagunak, erreferentziako langilea, etab. Orobat, egiaztatuko da zentroek bete dituztela atal horietan 2021. urtean jaso dituzten eskaerak eta/edo ohartarazpenak.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Nabarmenduko da ea zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin jasotzeko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta ea pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez. Eskubide hori egokitu beharko da COVID-19a kutsatzea prebenitzeko unean-unean ezartzen diren osasun arloko neurrietara. Hala ere, kasu guztietan, zentro eta zerbitzuek hartu beharko dituzte beharrezko neurri guztiak (instalazioak eta eremuak egokitzea, maskara egokiak erabiltzea, segurtasun-tartea, bisiten eta irteeren kontrola, aireberritzea, deiak eta bideodeiak egitea aurrez aurre egon ezin denean) erabiltzaileen eskubide hori betetzen dela bermatzeko.

5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, baita zerbitzuak emandako eta eskatzaileak jasotako erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.

6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, Partaidetza Kontseiluen bitartez, araudi aplikagarriak horien eraketa eta urteko bilkura ezartzen baititu. 2020. urtean zentro eta zerbitzu askok ez zuen egin araudiak eskatzen duen bilerarik, agintari eskudunek ezarri zituzten osasun neurriak direla-eta; alabaina, 2021. urtean zehar ikusi zen zerbitzu askok segitzen zutela exijitzen diren bilerak egin gabe. Hortaz, aurten baieztatuko da zerbitzuek bilera bat egiten dutela seihilekoan behin, dela presentzialki (behar den distantziarekin, parte-hartzaileen kopuru egokiarekin, aireztapen, garbiketa eta maskara egokien erabilerarekin), dela telematikoki, abenduaren 2ko 92/20202 Foru Dekretuaren 43. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

7. Baimen informaturik gabe edo sendagileek agindu eta gainbegiratu ezean, inolako immobilizazio edo murrizketa fisikorik edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, salbu eta erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako berehalako arriskua badago, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruko lotura fisikoen eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuari eta apirilaren 2ko 186/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako erabilera protokoloari. Zehazki, loturen batzorderik baden eta bere funtzionamendua egiaztatuko da, baita loturen aldean izan daitezkeen aukerak proposatu eta horiek jartzea eta ebaluatzea ere. Egiaztatuko da ea bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan, 2021. urtean, zentroei bidalitako errekerimenduak eta/edo ohartarazpenak, 2021eko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondorioz edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondorioz.

Era berean, 2022. urtean, irailaren 8ko 79/2021 Foru Dekretuaren bidez egindako aldaketa sartu zen indarrean. Aldaketa horren bidez, loturen araudiaren aplikazio eremua gaixotasun mentalaren arlora zabaldu zen, eta eskudelak erabiltzearen arauen garapen bat sartu zen; izan ere, eskudelak ez dira lotura mekaniko bat, baina bai da kontrol handiagoa behar duen neurri murriztaile bat, bai lehen aldiz aplikatzeko erabakia hartzean, baita erabileran ere. Era berean, gaixotasun mentalaren arloan egoten diren euste-gelak ere arautzen dira, araudian aurreikusten diren eskakizunak bete behar diren neurri murriztaileak direnez gero.

Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren jakiteko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:

–Zentroko erabiltzaileek eta/edo horien senideek eta adiskideek ikuskatzaileei ematen dieten informazioaren bidez.

–Ikuskapen lanean nabarmentzen diren gorabeheren bidez.

–Zentroko langileek, langile ohiek eta arduradunek ematen duten informazioaren bidez.

Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek Ikuskapen Protokoloetan finkatuko dira.

II.–Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa, bereziki azpimarratuz erakundearen kontrola eta langileen banaketa eta langileen eginkizunak, begiratzeko proportzionalak eta egokiak diren asteko egunetan eta eguneko eta gaueko orduetan, zerbitzua behar bezala emateko erabiltzaileei premien arabera, egoeraren arabera eta arretaren zenbait alderditan egin dituzten aukeren arabera, arreta pertsonarengan zentratzen duten ereduak ezartzen direnean. Bereziki, esparru-akordioa sinatu duten zentroetan, egiaztatuko da arreta zuzeneko langileen eginkizunak betetzen diren soilik erabiltzaileei arreta emateko, eta ez dituzten bere gain hartzen garbitzaileen, arropa-garbitzaileen, sukaldarien edo mantentze-lanetako langileen berezko eginkizunak. Kontratatutako langileek zaintzailez bestelako kategoria baten kontratua dutenean, lan-kontratuan zehaztu beharko da lanaldiaren zer portzentaje erabiliko den arreta zuzenerako, eta egiaztatzen ahalko da hori betetzen den benetan. Halaber, kontrolatuko da zentroko ratio globalari eusten zaiola une oro kontratuak irauten duen bitartean.

Era berean, egiaztatuko da zentroek dokumentazio administratibo guztia duten, indarreko araudiak nahiz izenpetutako kontratuen agiriek eskatzen dutena. Zehazki, bereziki egiaztatuko da bat ote dagoen erantzukizun zibileko asegurua, eta horrek betetzen dituen izenpetu den esparru-akordioan ezarritako baldintzak. Berebat, horretara behartuta dauden zentroei eskatuko zaie berdintasun plana izan dezatela langileentzat, eta berdintasunaren arloko ikastaroak prestatu eta egin ditzatela enplegatuen prestakuntzaren urteko planaren barnean. Halaber, egiaztatuko da prestakuntzaren urteko plan horietan ikastaroak antolatzen diren langile guztientzat arreta pertsonarengan zentratzen duten ereduei buruz.

II.1 programa.–Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiak legeztatzea.

Helburua.–Funtzionamenduan egon arren beharrezko baimenak ez dituzten edo funtzionamendurako oinarrizko baldintzak betetzen ez dituzten zentro eta zerbitzu guztien administrazio egoera erregularizatzea. Beraz, aurretik emandako baimenak baliogabetu eginen lirateke.

II.2. programa.–Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Espezifikoen Erregistroan baimen eta inskripzio berriak ematea, bai baimen berrien ondorioz, bai abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan aurreikusitako aurretiazko komunikazioen ondorioz.

Helburua.–Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetako aldaketa garrantzitsuak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak, behin-behineko baimenak salbuespen kasuetarako, eta jarduera uztekoak), eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan egin, kendu edo aldatzen diren inskripzioak. Orobat, aurretiazko komunikazioak jasoko dira, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak aurreikusten dituen zerbitzuak funtzionamenduan jarri baino lehen. Foru dekretu horren bidez arautzen da, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

II.3 programa.–Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea.

Helburuak:

Urtean behin bisita bat egitea honako arlo hauetako egoitzetara eta eguneko zentroetara: adineko pertsonentzako arreta, mendekotasuna, desgaitasunak, gaixotasun mentalak, gizarte bazterketa eta adingabeen arreta. Egiaztatuko da ea honako alderdi hauek legearen arabera betetzen dituzten:

a) Aplikagarria den araudia betetzea: funtzionamendua, segurtasuna, administratiboak, erabiltzaileen eskubideak, loturak.

b) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa. Langileen antolamendua eta banaketa, eta haien eginkizunak kontrolatuko dira bereziki, begiratzeko proportzionalak eta egokiak diren asteko egunetan eta eguneko nahiz gaueko orduetan, hala erabiltzaileei zerbitzua modu egokian eman ahal izan diezaieten beren beharren eta egoeraren arabera. Bereziki, honako hau egiaztatuko da: Eskubide Sozialetako Departamentuak zerbitzuak emateko izenpetutako kontratuetako baldintza teknikoen agirian bildutakoa, Egoitzetako plazak, eguneko egonaldiak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak kudeatzeko esparru-akordioaren agirietan bildutakoa eta Eguneko zentroaren zerbitzuaren esparru-akordioan bildutakoa, hala zentroak aitortzen dituen zerbitzuetarako, nola zentroak aitortu eta izenpetutako ratio globaletarako. Horregatik, zerbitzuen zinezko okupazioa egiaztatuko da, bai eta haien erabiltzaile guztien dependentziaren balorazioa ere, egiaztatzeko zerbitzua baimenduta dagoen benetan eskaintzen dituen zerbitzuak emateko eta erabiltzaileek beren egoerara eta premietara egokitutako arreta jasotzen dutela. Atal hori behar bezala aztertzeko, ikuskatzaileek fitxaketak eskatzen ahal dituzte; fitxatzea nahitaezkoa da, bai lan arloko araudian, bai aipatutako esparru-akordioetako agiri administratiboetan. Berebat, lan kontratuak, txanden planillak eta lan planak eska daitezke. Halaber, banakako elkarrizketak egin ahal izanen zaizkie langileei, beren ordezkariei edo beharrezkotzat jotzen diren beste pertsona edo erakundeei. Orobat, behaketa zuzenaren bidezko egiaztapen jarduerak egin ahal izanen dituzte egindako bisitetan.

Egiaztatuko da ea bete diren Ikuskapen Atalak arlo horretan, 2021. urtean, zentroei bidalitako errekerimenduak eta/edo ohartarazpenak, 2021eko Ikuskapen Plana gauzatzearen ondorioz edo gai horren gaineko salaketa ebatzien ondorioz.

III.–Ikuskatzeko oinarrizko lerroa, errenta bermatuaren onuraduna izateko baldintzak betetzearen kontrolari buruz, arreta berezia emanez bizikidetzari, bizilekuari eta diru-sarrerak izateari.

Onartutako espedienteak berrikusiko dira bereziki, baldin eta Diru-sarreren Bermearen Atalak aditzera ematen badu badirela zantzuak edo zalantzak pentsarazten dutenak aipatutako baldintzak betetzen ez direla.

Hori gauzatzeko, Foruzaingoaren laguntza eskatu ahal izanen da, aurretik Foruzaingoarekin prestatutako eta adostutako prozedurari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2118168