159. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

230E/2022 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntza emateko deialdia, 2022an emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuneko agentea kontratatu eta finkatzeko. DDBN identifikazioa: 637624.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (NABI), haren estatutuak arautzen dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuarekin bat, eskumen hau dagokio, besteak beste: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Hala, bere eginkizunen artean dago genero berdintasuna sustatzeko deialdiak kudeatzea.

Tokiko ekintza taldeak eskualde mailako elkarteak dira, eta eskualdeko sare sozioekonomikoa ordezkatzen duten solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakume-elkarteak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, etab.) biltzen dira bertan. Landa garapenaren Europako estrategiak aplikatzea dut helburu, kolektibo sozial, ekonomiko eta instituzionalen arteko adostasunaren ondorioz sortzen diren eskualdeko programak diseinatuz, abian jarriz eta kudeatuz.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki elkarteek emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin eta tokiko ekintza taldeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Tokiko esparruko errealitateen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak tokiko ekintza taldeentzako dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du, diruz laguntzeko Nafarroako Foru Komunitateko tokiko ekintza taldeek emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuneko agenteen lanpostua sortzea eta finkatzea.

Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatzea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen arteko berdintasun helburuak tokian-tokian egon eta bultza daitezen. Kontratazio hori sustatzearen emaitza izanen da profil profesional hori tokiko esparruan finkatzea, eta, horregatik, eskualdeko elkarte horietan ere sustatu nahi da figura profesional horren kontratazioa. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, emaitza hori lortzeko bidean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2022an emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 28.000 euroko gastua baimentzen da, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4819-232207: (E) Tokiko ekintza taldeentzako transferentziak

2022

28.000

Salbuespen gisa, 10.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, baldin Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko uztailaren 6n.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2022an Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak emateko, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuneko agenteak kontratatuz eta haien figura profesionala finkatuz.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Deialdi honi heltzen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitatean legez eratutako tokiko ekintza taldeek, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira 3. oinarri honetan eskatutako betebehar guztiak. Adierazpen hori III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko da.

3.1. Tokiko ekintza taldeek honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte:

1.–Diruz lagundu daitekeen aldian, B mailako berdintasuneko agente bat kontratatzen hastea, lanaldi osoan.

Betiere, kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Betebehar hori egiaztatutzat joko da tokiko ekintza taldeak erantzukizunpeko adierazpenean dagokion atala betez gero (III. eranskina). Adierazpen horren bidez, egiaztatu beharko da tokiko ekintza taldeak konpromisoa hartu duela berdintasuneko agente bat kontratatzeko, eta ondoren, diruz lagundutako kontratazioa egin dela.

2.–Diruz lagundutako aldian, elkartearen egitura organikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako arlo bat izatea, edo berdintasunaren arloko eginkizunak dituen bat, edo emakumeen arlo bat.

3.–Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

4.–Aukera berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo genero berdintasunerako lan egitasmoa izatea, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentuan oinarrituta (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/310539/ItinerariotrabajoEntidadesLocales22022015.pdf).

Eskakizun hori egiaztatutzat joko da tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpenean (III. eranskina) dagokion atala betetzen bada. Bertan, egiaztatuko da tokiko ekintza taldeak berdintasun plana edo urteko lan-plan bat egiteko asmoa duela, deialdi honek hartzen duen aldirako. Plan horrek oinarri izanen du ‘Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea’ izeneko dokumentua.

5.–Elkarte eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada, deialdi honek aintzat hartzen duen aldian.

4. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Tokiko ekintza talde bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan.

Berdintasuneko agente baten 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 30a bitarteko kontratazioa finantzatzeko emanen da dirulaguntza, baldintza hauei jarraikiz:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, kontratazioak dirulaguntza izanen du bi lagunek lanaldi osoa betetzen badute.

Agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen duenean, lanaldi osoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

c) Dirulaguntzaren bidez kontratatzen den berdintasuneko agenteak altan egon beharko du, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen eta bultzatzen jardun. Kontratazio berrien kasuan, alta egoera ezin izanen da hasi 2022ko azaroaren 30a baino beranduago.

Ulertuko da berdintasuneko agente titularra alta egoeran dagoela soldatarik gabeko baimenetan, lizentzietan, eszedentzietan eta/edo ezintasunetan, edo lan arloko legerian aurreikusitako antzeko beste edozein kasutan.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, orduan ez baita 2022ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko.

Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da apartatu honen hasieran adierazitako beharkizuna.

4.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2021eko abenduaren 31ko zenbatekoan) finantzatzeko izanen da, bai eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota ere, lanaldi osoari dagokiona.

4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen.

5. oinarria. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2021eko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

b) Aurreko apartatuaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, dirulaguntzaren portzentaje hauek aplikatuko dira, kontuan hartuta urtea eta hasierako kontratazioan egindako hobekuntzak:

–Diruz lagundutako kontratazioko lehen eta bigarren urteak, % 95.

–Diruz lagundutako kontratazioaren hirugarren urtea, % 90, baldin eta tokiko ekintza taldeak lanpostuari kontratu mugagabea eman badio diruz lagundutako hirugarren urtea amaitu baino lehen, hobekuntza horren helburua izanik lanpostua finkatzea eta enpleguaren behin-behinekotasuna murriztea.

c) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion portzentajeak aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten tokiko ekintza taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko apartatu hauei dagozkien dokumentu bereiztuetan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak, halakorik badago:

a) Eskabidea nahitaez aurkeztu beharko da horretarako diseinatutako eskabide ereduan (II. eranskina). Eskabide ereduak barne hartzen ditu urteko lan-plana eta aurrekontua, eta nahitaez bete beharko dira biak.

Eskabidea aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da kalkulatzeko zenbateko dirulaguntza eman behar den.

b) Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), egiaztatzen duena 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla.

Adierazpen horretan, halaber, egiaztatuko da kontratazioa indarrean den legeriaren arabera egin dela. Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko unean egin gabe dauden kontratazioen kasuan, aipatu adierazpena kontratua sinatzeko momentuan igorriko da.

Diruz lagundu daitekeen aldian kontratazio bat hasten bada, tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpen horretan bertan jasoko da elkarteak konpromisoa daukala emakumeen eta gizonen berdintasuneko agente bat kontratatzeko.

Lehen aldiz kontratatzen bada berdintasuneko agentea, tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpen horretan bertan jasoko da taldeak konpromisoa daukala 2022an berdintasun plana edo urteko lan-plana egiten hasteko.

c) Tokiko ekintza taldearen eta berdintasuneko agente gisa kontratatzen den/diren pertson(ar)en artean izenpetutako kontratuaren kopia. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, elkarteak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari. Kontratuaren kopia lehendik aurkeztu bada eta kontratuak indarrean badirau, baldintza beretan, ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean entitate eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan zuzentzen ahal diren akatsak daudela, horren berri emanen dio eskatzaileari, bost egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da lehentasunezko bidea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta tokiko ekintza talde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako.

Elkarte eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzak baloratuko ditu eskaerak, eta, horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Eskaeren lehentasun hurrenkera:

–Lehenik eta behin, aurrez berdintasuneko agenterik izan ez duten tokiko ekintza taldeek egindako kontratazioak, edo, izan arren, dirulaguntza hau lehenago jaso ez dutenak.

–Bigarrenik, berdintasuneko agentea duten tokiko ekintza taldeek egiten dituzten kontratazioak, kontrataziorako dirulaguntzarik jaso ez badute eta agente gehiago kontratatu nahi badute.

–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.

Kasu guztietan, talde bakoitzaren barnean berdinketa gertatzen bada, lehentasuna emanen zaie biztanle gehieneko lurralde-eremuan dauden tokiko ekintza taldeen eskaerei.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan adierazitako gardentasun betebeharra betetzeko, adierazpen eredu normalizatua bete beharko da (IV. eranskina).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko agente bat 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 30era kontratatzearen kostuei aurre egiteko. Aldez aurretik, 10.2 apartatuan bildutako agiri guztiak aurkeztu beharko dira, apartatu horretan adierazitako eranskinen arabera. Justifikazioa aurkezteko epea 2022ko azaroaren 30ean bukatuko da.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, ondoko apartatu hauei dagozkien dokumentu bereiztuetan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak, halakorik badago:

–Justifikazio memoria, diruz lagundutako aldian berdintasuneko agenteak zer eginkizun eta jarduketatan parte hartu duen jasotzen duena. V. eranskineko ereduaren arabera egin behar da.

–Izenpetutako kontratuaren edo kontratuen kopia, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada/badira.

–Tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena (VI. eranskina), berdintasuneko agentearen kontratazioa indarreko legeriaren arabera egin dela adierazten duena, baldin eta aldez aurretik igorri ez bada.

Adierazpen horretan kontratazioaren kostuaren eta orain arte ordaindutako gastuaren justifikazioa jasoko da, eta, gainera, gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola egiaztatuko da. Kontratazioaren kostuaren banakapena hilabeteka bete beharko da, aipatu VI. eranskineko ereduan agertzen den bezala.

Oro har, egindako gastutzat hartuko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoa, salbu eta finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Adierazpen horretan, dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak jasoko dira. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

–Frogagiri bat, egiaztatzeko Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra betetzen dela, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (4/2016 Foru Dekretua partzialki aldatu zuen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak).

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa erantsiko da, eta testu hau izanen du: “Subvenciona/Lagunduta”. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoarekin batera, Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen atarian paratuko da (www.nafarroa.eus) (deialdi honen fitxa: Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak ematekoa 2022an emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuneko agentea kontratatu eta finkatzeko.). Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio tokiko ekintza taldeari, beharrezko frogagiriak erants ditzan bost egun balioduneko epean, gehienez. Tokiko ekintza taldeak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

10.4. Kontratazioaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari. Nolanahi ere, deialdi honen 5. oinarrian ezarritako portzentajeak errespetatuko dira.

10.5. Aurrekoa galarazi gabe, honako hau hartuko da kontuan dirulaguntza ordaintzeko ezintasun, eszedentzia, lan lizentzia edo/eta soldatarik gabeko baimen egoeretan, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean:

a) Ordezkapenik eginez gero, kontuan hartuko dira laneko bajan dagoen pertsonaren benetako kostuak, bere gain hartuko dituenak tokiko ekintza taldeak, gehi hura ordezten duen pertsonaren kostua, ordainketa kalkulatzeko soilik, eta emandako zenbatekoa gainditzen ez bada.

b) Lanaldiaren murrizketaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxiagotuko da.

c) Eszedentzietan, lizentzietan, baimenetan edo ordainsaririk ez duten egoeretan, proportzionalki gutxiagotuko da ordaindu beharreko kopurua.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, baldin eta horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren elkarteek jasotzen ahalko dituzte, helburu eta xede bererako, bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kontratazioaren kostuaren % 100 baino handiagoa.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, tokiko ekintza talde onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea, deialdiaren helburua bete dadin.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero dirulaguntzaren onuradun diren tokiko ekintza taldeetako teknikarientzat, ebazpen honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko kontratazioa dela-eta sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aldez aurreko baimena eskatzea egin daitekeen edozein aldaketarako.

d) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehaztuta. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagunduta”.

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoan, xedaturikoa betetzea.

13. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

13.1. Elkarte onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–4.1 oinarrian ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, % 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–10. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

13.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta tokiko ekintza taldeak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu berdintasuneko beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, elkarte onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

13.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

16. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabide orria.

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

IV eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena.

V. eranskina.–Justifikazio memoria.

VI. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena (justifikazioa).

Deskargatu II. eranskinetik VI.era bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2209884