158. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Ordenantza, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2022ko otsailaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 10ean, baita Beriaingo Udalaren ediktuen taulan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Beriainen, 2022ko uztailaren 26an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne (foru lege horrek Nafarroako Toki Ogasunak ditu hizpide).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta haren zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik zein izan gabe, edo eskatzen bada aurkezteko erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa, eta Beriaingo Udalari badagokio lizentzia ematea.

Zergari atxikitako zerga-egitatetzat har daitezke honako hauek, besteak beste:

a) Mota guztietako eraikuntza- eta instalazio-obrak, eraikuntza berrikoak badira.

b) Lehendik dauden mota guztietako eraikin edo instalazioak handitzeko obrak.

c) Bestelako eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatzen edo berritzen dituzten obrak.

d) Eraikinen barreneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere haien erabilera.

e) Behin-behinean egin beharreko obrak eta erabilerak.

f) Hirigintzako partzelazioak eta landa-lurreko finkak banantzea eta zatitzea.

g) Lur-mugimenduak, hala nola lurra erauzi, zelaitu, hondeatu eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek zehaztu eta programatutako obrak badira onetsia den urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean.

h) Eraikinak eta instalazioak lehenbiziko aldiz erabiltzea edo okupatzea, oro har, eta haien erabilera aldatzea.

i) Eraikinak eraistea, salbu eta berehalako aurri-egoera deklaratzen denean.

j) Lurpeari eragiten dioten instalazioak.

k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin badira zuhaitz-masa, basogune, arboladi edo parke, planeamendu onetsia izan zein ez, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak direnean.

l) Presa, idoi eta defentsa-obrak egitea eta ubide publikoak zuzentzea, ez badira interes orokorreko obra publikoak.

m) Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, jabari publikoko lurretan egin eta administrazio kontzesioa behar izanda ere.

n) Eta, oro har, erregelamendu bidez seinalatzen diren egintzak, berekin ekartzeagatik obrak, edo lurzoruaren nahiz lurpearen erabilera handiagoa, haien erabilera pribatiboa edo erabilera ez-normala edo lurren berezko nekazaritza edo oihangintzako erabileraz bestelakoa.

3. artikulua. Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak edo toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, portu, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatzen dituzten, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziokoa.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko eta juridikoak eta Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren erakundeak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabeak badira, hura egiten den higiezinaren jabea izan zein ez.

Aurreko paragrafoko ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat joko da bere gain hartzen dituena haiek egiteak dakartzan gastuak edo kostua.

5. artikulua. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria

6. artikulua. 1) Zerga-oinarria eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren kostu erreal eta benetakoa izanen da. Ondorio horietarako, kostu erreala izanen da haren exekuzio materialaren kostua.

Ez dira zerga-oinarriaren zati izanen ez balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek baldin badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo gastu orokorrak.

2) Zerga-oinarria interesdunek aurkeztutako aurrekontuaren arabera zehaztuko da, dagokion elkargo ofizial batek ikus-onetsi badu, hura aginduzko baldintza denean. Bestelakoetan, udal teknikariek zehaztuko dute zerga-oinarria, proiektuaren kostu zenbatetsian oinarrituta.

Tasa

7. artikulua. Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

Kuota

8. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari ordenantza honen eranskineko karga-tasa aplikatzetik heldu dena.

Sortzapena

9. artikulua. Zerga hau eraikina, instalazioa edo obra hasten denean sortzen da, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

Kudeaketa arauak

10. artikulua. 1) Aginduzko lizentzia ematen denean, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, lizentzia eskatu, eman edo ukatu baino lehen edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten denean, likidazioa eginen da –autolikidazioa, hurrengo 2) eta 3) puntuetan adierazten diren kasuetan–, betiere behin-behinekoa eta konturakoa izanen dena.

Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua edo xedea aldatzen bada, eta horren aurrekontuak gora egiten badu, subjektu pasiboek zergaren likidazio edo, hala behar denean, autolikidazio osagarria bat aurkeztu beharko dute, hasierako aurrekontuaren eta aldaketaren ondoriozkoaren artean dagoen aldea dela eta, ordenantza honetan ezarritako epe, betekizun eta ondorioei lotuta.

2) Tramitazio laburreko araubideari lotutako lizentzien kasuan edo lizentzia jakinarazien araubide bereziari lotutakoen kasuan, eskatzaileak, lizentzia-eskabidearekin batera, aurkeztu beharko ditu autolikidazio agiria, behar bezala betea, eta ordainagiria. Autolikidazioa ordaintzeak ez dakar berekin lizentzia ematea, eta lizentziaren ziurtagiria erretiratu beharra dago, behin tramitatu eta gero.

3) Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteko eskatzen den obretan, adierazpenarekin edo komunikazioarekin batera autolikidazioko agiria aurkeztuko da, behar bezala betea, bai eta ordainagiria ere.

4) Zergaren autolikidazioa eskatzen den kasuetan, subjektu pasiboek autolikidazioa egin beharko dute udal administrazioak eskura jartzen dituen inprimakietan. Betebehar hori ez konplitzeak tributu arloko arau-haustea eta zehapena ekarriko ditu.

5) Gainerakoetan, zergaren kuota gehienez ere bi hilabeteko epean ordaindu beharko da, honako hauetatik aurrera:

a) Hasierako likidazioan, lizentzia jakinarazten den egunetik aurrera, edo hura oraindik eskatu, eman edo ukatu gabe egonda, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten denetik; azken kasu horretan, egindako ordainketak ez dakar inolako presuntziorik ezta inolako eskubideen deklarazio egintzarik subjektu pasiboaren alde.

b) Proiektua aldatzeagatik likidazio osagarririk baldin bada, proiektu berriaren baimena jakinarazten denetik aurrera, lizentzia behar badu.

11. artikulua. 1) Eraikuntzak, instalazioak eta obrak bukatu ondoren, eta egiazki egin direnak ikusita, zergapekoak deklarazio bat aurkeztuko du egoera horren eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren kostu erreal eta benetakoaren gainean, gehienez ere hiru hilabeteko epean, obrak bukatu edo behin-behineko harrera egiten denetik hasita. Horrekin batera aurkeztu beharko du obraren zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria, dagokion lanbide-elkargoak ikus-onetsia, eta, hala badagokio, kostu hori egiaztatzeko fakturak edo antzeko beste batzuk, 12.3 artikuluan aipatzen baitira. Tramitatu behar baldin bada jarduera baten abiatzea edo eraikin edo instalazioen lehen erabilera edo okupazioa, dokumentazio hori behar den lizentziaren eskaerarekin batera aurkezten ahal da, edo dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean.

2) Subjektu pasiboek bukatutako eraikuntzen, instalazioen edo obren benetako kostuaren gaineko adierazpena aurkezteko betebeharra dute, nahiz eta hasierako likidaziorik edo, hala behar denean, autolikidaziorik aurkeztu ez eta Administrazioak kontzeptu hori dela medio aurrez ordaintzeko ez errekeritu.

3) Behin benetako kostua ezagututa, eta egitekoa den administrazio-egiaztapena eginik, Udalak behin betiko likidazioa eginen du, subjektu pasiboak hasieran likidatutako edo, hala badagokio, autolikidatutako kuotarekin dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatu edo itzuliko baitzaio.

4) Eraikuntzen, instalazioen edo obren bukaerako datatzat joko da zuzenbidean onargarri den edozein frogabide erabilita zehazten ahal dena, eta, partikularki, aurreikusitako xederako edo erabilerarako prestaturik dauden unea, ondoren inolako jarduketa materialik egin beharrik gabe.

5) Baldin eta eraikuntzak, instalazioak edo obrak gauzatu bitartean zergaren subjektu pasiboen aldaketa edo ordezkapena gertatzen bada, bukaerako likidazioa eginen zaio obrak bukatzen diren egunean subjektu pasiboaren izaera duenari.

12. artikulua. 1) Udal administrazioak egiaztatuko du likidazioak eta autolikidazioak ordenantza honen arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza direla. Xede horrekin, udal administrazioak kasu guztietan egiaztatuko du jarritako oinarria dela interesdunek kasuan-kasuan aurkeztutako aurrekontuan, fakturetan edo benetako kostua justifikatzen duen ziurtagirietan agertzen den bera.

2) Udal administrazioa likidazioekin edo autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, zuzenduta gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak, berandutze-interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu.

Era berean, subjektu pasiboak aitortu ez dituen zerga-egitateen likidazioa eginen du.

3) Udal administrazioak subjektu pasiboari errekeritzen ahalko dizkio eraikuntza, instalazio eta obren kostu erreal eta benetakoa jasotzen duten agiriak, hala nola behin betiko aurrekontua, obra ziurtagiriak, exekuzio kontratuak, proiektuari dagokion kontabilitatea, obra berriaren deklarazioa edo kostua zehazteko egokitzat jotzen den beste edozein dokumentu. Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, edo osatu gabe aurkezten badira, edo haietatik ezin bada atera kostu erreal eta benetakoa, udal administrazioak zerga-oinarria zedarrituko du, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako prozedurarekin bat.

4) Zerbitzu anitzetako enplegatuek, hala aginduta dutenek, begiratuko dute udal-mugartean eraikuntza, instalazio eta obrak lizentziarik gabe gauzatzen diren, edo erantzukizunpeko adierazpenik edo aurretiazko komunikaziorik gabe.

13. artikulua. Zergaren likidazioaren ondorioetarako, berdin jokatuko da administrazioaren isiltasun positiboz eman diren lizentziekin eta berariaz eman direnekin.

14. artikulua. Lizentziaren titularrak baimendutako obrak, eraikuntzak edo instalazioak egiteari uko egiten badio, idatziz aurkeztutako berariazko ukoaren bidez, Beriaingo Udalak, hala behar denean, ordaindutakoa itzuliko du.

Era berean, lizentzia iraungi ondoren, Beriaingo Udalak egindako likidazioa deuseztatuko du eta, hala behar denean, itzuliko, non ez duen titularrak lizentzia horren berritzea eskatzen eta Udalak baimentzen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, aplikatuko da xedaturik dagoena Ordenantza Fiskal Orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

TARIFEN ERANSKINA

% 5eko tasa ezartzen da exekuzio materialaren aurrekontua 6.000 eurokoa edo gehiagokoa duten obretarako, eta % 4,5ekoa obra txikietarako.

Iragarkiaren kodea: L2210350