158. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

166E/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022-2023 denboraldirako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra, eranskinean jasota dagoena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza-aprobetxamendua antolatzeko, ingurumen gaietako eskumenak dauzkan departamentuko titularrak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

Era berean, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 7.d) artikuluak xedatzen duenez, Nafarroan ehizan aritzeko, bete beharko dira debekualdien xedapen orokorra eta ehiza antolatzeko kasuan kasuko plana.

Bestalde, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.

Haren 2.2 artikuluan ezartzen denez, debekualdiei buruzko xedapen orokorra urtero onetsiko da, eta hartan ezarriko da zer espezie, azpiespezie edo populazio ehizatzen ahal diren.

Eta erregelamendu beraren 29. artikuluan ezarrita dago ehiza antolatzeko planek izan dezaketen zonifikazioa.

Azkenik, 52. artikuluan ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatean bi eskualde egonen direla ehizaren ondorioetarako: iparraldekoa eta hegoaldekoa.

Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2022-2023 kanpainarako ehiza arautzen duen xedapen orokorra onestea.

Hori horrela, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak proposaturik, eta Ehizako Aholku Batzordearen eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenak ikusirik, eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2022-2023 denboraldirako (eranskin gisa erantsi da).

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskina (ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2022-2023 denboraldirako).

Iruñean, 2022ko uztailaren 19an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

ERANSKINA

Ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2022-2023 denboraldirako

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokor honen xedea da Nafarroan 2022-2023 denboraldiko ehizari buruzko araudi berariazkoa finkatzea.

2. artikulua. Ehizaldiak.

Ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokor honek, oro har, Nafarroako ehiza barrutietarako ehizaldiak finkatzen ditu; horrek, dena dela, ez du zertan eraginik izan ehiza antolatzeko planetan ageri diren beste jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legetik eratortzen ahal diren ehiza modalitate berriak aurreikusita egonen dira ehiza antolatzeko planean, edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimendu beharko ditu.

3. artikulua. Eskualdeak.

Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen iparraldeko eta hegoaldeko eremuen banalerroa ezarrita dago Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatzeko eta betearazteko Erregelamenduaren 52. artikuluan; erregelamendu hori ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

II. KAPITULUA

Ehiza-espezieak

4. artikulua. Ehizatzen ahal diren espezieak.

Nafarroan, 2022-2023 denboraldian, ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokor honen III. kapituluan jasota dauden espezieak ehizatzea baimentzen da. Horiek denak sartuta daude Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamenduaren 2. artikuluan. Erregelamendu hori ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

III. KAPITULUA

Ehizaldiak

5. artikulua. Ehiza garaiak eta ehiza egunak.

1. Kapitulu honetan finkatutakoak dira ehizaldiak eta ehiza egunak, ehizaldia irekitzeko eta ixteko egunak barne. Ehiza barrutiren bat herri zenbaitek osatua baldin bada, herri haietariko bateko jaia hautatu beharko da, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haren berri eman, aldez aurretik.

2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Almanakatik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.

6. artikulua. Basurdea.

1. Baimena ematen da basurdea ehizatzeko, 2022ko abuztuaren 15etik 2023ko otsailaren 26ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, su armaz uxaldietan eta mendi-ehizaldietan, eta arkuz uxaldietan, mendi-ehizaldietan, eta bakarka.

2. 2022ko abuztuaren 1etik 2023ko uztailaren 31ra bitarte, basurdea egunero ehizatzen ahalko da su armaz edo arkuz, zelatan eta gaueko itxaronaldietan. Apartatu honi dagozkion modalitateetan jarduteko, aprobetxamenduaren titularrak 48 lehenago abisatu beharko die kasuan kasuko eskualdeko basozainei.

Gaueko itxaronaldiak egiteko, ehiza antolatzeko planean baimendutako postuak erabiliko dira. Zelata-ehizan aritzeko ere postu horiexek berak erabiliko dira.

Gaueko itxaronaldietan, segurtasun arrazoiak direla eta, baimena ematen da su armari edo arkuari lotutako linternak erabiltzeko, tiroa egin edo gezia bota aurre-aurreko unerako bakarrik. Eraginkortasun arrazoiak direla-eta, baimenduta dago substantzia usaintsuak erabiltzea, petrolioaren eratorriak ez badira, gehienez 10 cm × 10 cm-ko azaleran zabalduta.

3. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen ehiza barrutietan, uxaldian ehizatzen ahalko da, ehiza antolatzeko planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.

4. Orkatzen zelata-ehizan basurdeei tiro egin ahal izanen zaie, ehiza barrutiaren titularrak horretarako baimena emanez gero.

7. artikulua. Orkatza.

1. Baimena ematen da orkatza uxaldietan eta mendi-ehizaldietan ehizatzeko, 2022ko abuztuaren 15etik 2023ko otsailaren 26ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Epe horretan berean baimenduta dago zelatan edo bakarka ehizatzea asteko egun guztietan. Horretarako, ehiztariak 24 ordu lehenago abisatu beharko die kasuan kasuko eskualdeko basozainei, eta erabiliko den besokoak zer zenbaki duen adieraziko die, baita jarduketaren eremua/azalera ere. Ehiza egun horietarako ehizazaina duten ehiza barrutietan, honek emanen die abisua eskualdeko basozainei, eta erabiliko den besokoaren zenbakia eta jarduketaren eremua/azalera jakinaraziko dizkie. Horrez gain, jarduera koordinatuko du eta parte hartzen duten ehiztarien eguneroko kontrola eramanen du.

Ehiza antolatzeko planean zehaztutako kupoak beteko dira.

Erabilitako besokoen gordekinak, baita eme eta kumeen besoko erabili gabeak ere, 2023ko martxoaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan.

2. 2023ko apirilaren 1etik uztailaren 31ra arte, egunero ehizatzen ahalko dira, bakarka, ehiza antolatzeko planeko kupoaren barrenean sartu ziren orkatz arrak, baita baimenduriko modalitateetan otsailaren 26ra arte hil ez ziren orkatz arrak ere. Orobat, arrak, emeak eta kumeak hiltzen ahalko dira aldi horretan, zenbait barrutitan; hain zuzen, besoko neutroak esleiturik dituztenetan, kalteak izateko arriskua dela eta. Besoko horietan ez da zehazten aleen sexua eta adina. Horretarako, ehiztariak 24 ordu lehenago abisatu beharko die kasuan kasuko eskualdeko basozainei, eta erabiliko den besokoak zer zenbaki duen adieraziko die, baita jarduketaren eremua/azalera ere. Ehiza egun horietarako ehizazaina duten ehiza barrutietan, honek emanen die abisua eskualdeko basozainei, eta erabiliko den besokoaren zenbakia eta jarduketaren eremua/azalera jakinaraziko dizkie. Horrez gain, jarduera koordinatuko du eta bakarkako ehizan parte hartzen duten ehiztarien eguneroko kontrola eramanen du.

Ehiza antolatzeko planean zehaztutako kupoak beteko dira.

Erabilitako besokoen gordekinak eta besoko erabili gabeak ere 2023ko irailaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan.

3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

4. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen ehiza barrutietan, uxaldian ehizatzen ahalko da, ehiza antolatzeko planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.

8. artikulua. Oreina.

1. Baimena ematen da arrak zelata eginez ehizatzeko 2022ko irailaren 11tik urriaren 2ra arte, egunero, ehiza antolatzeko kasuan kasuko planean xedaturikoari jarraikiz. Horretarako, ehiztariak edo barrutiko ehizazainak 24 ordu lehenago jakinarazi beharko die kasuan kasuko eskualdeko basozainei, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari eta Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Brigadari.

2. Baimena ematen da 2022ko urriaren 12tik 2023ko otsailaren 26ra arte uxaldietan eta mendi-ehizaldietan ehizatzeko, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza antolatzeko planak ezarritako kopuruan betiere.

3. 2023ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan.

4. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

9. artikulua. Adarzabala.

Baimena ematen da adarzabala uxaldietan eta mendi-ehizaldietan ehizatzeko, 2022ko urriaren 12tik 2023ko otsailaren 26ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

10. artikulua. Azeria.

Baimena ematen da azeria ehizatzeko, honako ehiza modalitateen bidez betiere:

a) Bakarkako jauzi-ehiza: galeperra harrapatzen ahal den egun eta toki beretan ehizatzen ahalko da, debekualdi erdian, eta 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urtarrilaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

b) Uxaldiko eta taldeko modalitateak: 2022ko irailaren 1etik 2023ko otsailaren 26ra arte ehizatzen ahalko da azeria modalitate horietan, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Soilik azeria ehizatzeko uxaldietan, perdigoiez egin beharko zaio tiro, eta ehiztariek ikusgarritasun handiko txaleko edo jantziak jantzi beharko dituzte; laranja kolorekoak, ahal bada, eta gutxienez bularraldea eta bizkarraldea estaliko dituztenak. Ikusgarritasun handiko txanoa erabiltzea gomendatzen da, halaber.

c) Zelata-ehiza: 2022ko azaroaren 1etik 2023ko otsailaren 26ra arte ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, azeri-zuloen inguruan.

d) Ehiza larriaren uxaldiak eta mendi-ehizaldiak: ehiza modalitate hauetan, balak erabiliz ehizatzen ahalko da azeria, 2022ko abuztuaren 15etik 2023ko otsailaren 26ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

e) Orkatzen zelatan, azeriei balaz tiro egiten ahalko zaie ehiza larriko modalitate honetan, 2022ko abuztuaren 15etik 2023ko otsailaren 26ra arte eta 2023ko apirilaren 1etik uztailaren 31ra bitarte.

f) Untxiek eragindako kalteak prebenitzeko plan baimenduak dituzten barrutietan eta ehizaldi orokorretik kanpo edo salbuespenezko metodoekin untxiak ehizatzea baimentzen den barrutietan, artikulu honetako aurreko apartatuetan xedatutakoa aplikatuko da.

g) Oro har, f) apartatuan aipatutako barrutietan debekatuta dago harraparien bidez espezie hori kontrolatzea, non ez duen barrutiaren kudeaketaren titularrak hori behar bezala justifikatzen.

11. artikulua. Eperra.

1. Baimena ematen da eperra ehizatzeko 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urtarrilaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Honako hau izanen da gehieneko egun kopurua barruti bakoitzeko:

a) Barrutiak 2022ko udaberrian dituen ugaltzaileen kopurua ehiza antolatzeko planean ezarritako potentzialtasunaren % 50etik beherakoa baldin bada: 0 egun.

b) Barrutiak 2022ko udaberrian dituen ugaltzaileen kopurua ehiza antolatzeko planean ezarritako potentzialtasunaren % 50 edo handiagoa baldin bada:

a. 2022ko udaberrian ugaltzaileen kopurua txikiagoa baldin bada 2021eko aldi berekoa baino: 2 egun.

b. 2022ko udaberrian ugaltzaileen kopurua 2021eko aldi berekoa edo handiagoa baldin bada: 3 egun.

c. Barrutiak 2022ko udaberrian 2021eko aldi berean baino ugaltzaile kopuru handiagoa baldin badu eta ugaltzailearen eta eper ehiztariaren arteko erlazioa 12.5etik gorakoa bada: 4 egun.

d. Barrutiko dentsitatea 2022ko udaberrian 0.2 animalia/ha-tik gorakoa bada, eta potentzialtasuna % 30etik gorakoa bada aurreko denboraldiarekin alderatuta: 4 egun.

e. Aldi berean c) eta d) apartatuetako baldintzak betetzen dituzten ehiza barrutiak: 5 egun.

3. Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, ondotik zehazten diren barrutiek egun bat gehiago izan dezakete, baldin eta bertako ugaltzaileak 2022ko udaberrian ehiza antolatzeko planean ezarritako potentzialtasunaren % 50 edo gehiago baldin badira:

–a) eta b) azpiapartatuetan sartutakoak, teknikari eskudunak sinatutako txosten bat aurkezten bada, non ziurtatuko baita udako (U/A) laginketetako produktibitate balioak 3 edo gehiago direla.

–c) eta d) azpiapartatuetan sartutakoak, teknikari eskudunak sinatutako txosten bat aurkezten bada, non ziurtatuko baita udako (U/A) laginketetako produktibitate balioak 3,6 edo gehiago direla.

4. Apartatu bakoitzari dagozkion barrutien zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da.

5. Aurreko apartatuetan aipatutako justifikazio txostenak Ehiza Atalean aurkeztu beharko dira, urriaren 15a baino lehenago. Egun horretarako aurkezten ez bada, artikulu honen 2. puntuan jasotakoa izanen da gehieneko egun kopurua.

6. Ehiztariak beranduenez 14:00ak arte aritzen ahalko dira ehizan.

7. Ehiztari bakoitzak gehienez bi eper harrapatzen ahalko ditu egunean. Eperra botatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen.

8. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik. Ehizaldia amaitutakoan, adjudikaziodunak txartelak bildu beharko ditu, ehizatutako aleen kopuru guztia urteko planean jasotzeko.

9. Larreratzeko baimena ematen da 2022ko urriko larunbat eta igandeetan, gehienez ere pertsonako 4 lumarako txakur edo arrasto-txakur erabilita.

12. artikulua. Erbi iberiarra.

1. Baimena ematen da erbi iberiarra ehizatzeko 2022ko azaroaren 1etik abenduaren 25era arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, ehiza antolatzeko planari, 2022ko laginketei eta barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Gehienez bi egunez ehizatzen ahalko da eskopetaz barruti bakoitzean. Ehiztariak beranduenez 14:00ak arte aritzen ahalko dira ehizan.

2. Eskopetaz ehizatzen denean, gehieneko kupoa, eguneko eta ehiztariko, hauxe da: erbi bat jauzi-ehizan. Uxaldian erbia botatzeko, kupoa bi erbikoa da ehiztari talde bakoitzeko. Erbia botatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen.

3. Xarlangoz (erbi-txakurrez) egindako erbi ehiza, eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere bi xarlango askerekin pertsonako edo ehiza taldeko, beste bi xarlango loturekin eta bi arrasto txakur laguntzailerekin, gehienez. Goian adierazitako egunez gain, larunbatetan ere ehizatzen ahalko da, epe horren barnean. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsonako edo ehiza taldeko, eta taldea, gehienez ere, 6 pertsonak osatua.

4. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik. Ehizaldia amaitutakoan, adjudikaziodunak txartelak bildu beharko ditu, ehizatutako aleen kopuru guztia urteko planean jasotzeko.

5. Larreratzeko baimena ematen da 2022ko urriko larunbat eta igandeetan, gehienez ere pertsonako 4 lumarako txakur edo arrasto-txakur erabilita.

13. artikulua. Erbi arrunta.

1. Baimena ematen da erbi arrunta harrapatzeko, arrasto txakurrak soilik erabiliz, 2022ko azaroaren 1etik abenduaren 25era arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, ehiza antolatzeko planari, 2022ko laginketari eta barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Uxaldietan, taldeak gehienez ere 6 ehiztarikoak izanen dira.

2. Erbi bat ehizatzen ahal da egunean, ehiztariko edo taldeko.

3. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik. Ehizaldia amaitutakoan, adjudikaziodunak txartelak bildu beharko ditu, ehizatutako aleen kopuru guztia urteko planean jasotzeko.

4. Baimena ematen da arrasto txakurrekin larreratzeko, 2022ko iraileko, urriko, azaroko eta abenduko eta 2023ko urtarrileko ostegun, larunbat eta igandeetan.

14. artikulua. Untxia.

1. Baimena ematen da untxia ehizatzeko 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urtarrilaren 29ra arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza antolatzeko planari eta barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.

2. Udako ehizaldia: ehiza antolatzeko planetan horretarako ezarritako tokietan 3 untxi larriko IKA (kilometroko ugaritasun indizea) duten barrutietan, era antolatuan ehizatzen ahalko da, 2022ko abuztuaren 15etik irailaren 25era arte, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Horretarako, aldez aurretik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztu beharko dira laginketa bat, ehizazain batek egina eta sinatua, ehizan aritzeko egun zehatzak eta ehizazainaren kontratazioa egun horietarako.

15. artikulua. Hegazti urtarrak.

1. Baimena ematen da antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urtarrilaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Basahatea 2022ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte ere ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko eskualdean, aipatu epean, ehiza antolatzeko planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.

16. artikulua. Oilagorra.

1. Baimena ematen da oilagorra ehizatzeko 2022ko urriaren 12tik 2023ko urtarrilaren 31ra arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, basoan, ohiko txintxarria duten txakurrak erabiliz, non dauden jakin eta beste erabiltzaileekin gerta daitezkeen istripuak saihesteko.

2. Armarik gabe larreratzeko baimena ematen da oilagorraren ehiza barrutietan, otsaileko egun guztietan, betiere lumarako lau txakurrekin gehienez.

3. Ehiztariak gehienez hiru ale harrapatzen ahalko ditu egunean. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko. Ehizaldia amaitutakoan, adjudikaziodunak txartelak bildu beharko ditu, ehizatutako aleen kopuru guztia urteko planean jasotzeko.

4. Debekatua dago oilagorra itxaronaldietan eta uharketan ehizatzea.

5. Ezohiko egoera meteorologikoetan (hotz boladak), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zori egun gisa deklaratzen ahalko du epe hori, ehiza debekatuz, eta hedabideen bidez jakinarazi beharko du.

6. 2022-2023 ehiza-denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.

17. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.

1. Baimena ematen da birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia jauzi-ehizan harrapatzeko 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urtarrilaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. 2022ko azaroaren 1etik 2023ko otsailaren 12ra arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.

3. Uso migratzaileen postu baimenduetatik ere botatzen ahalko dira 2022ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, usotarako baldintza beretan.

18. artikulua. Galeperra.

1. Baimena ematen da galeperra harrapatzeko:

a) Hegoaldeko eskualdean, 2022ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza antolatzeko planetan ezarritako eremuen barnean.

b) Iparraldeko eskualdean, 2022ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat, eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza barruti guztietan eta zuhaitzik gabeko eremuetan soilik.

2. Bestetik, eper gorriarentzako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan harrapatzen ahalko da galeperra.

3. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.

4. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik. Ehizaldia amaitutakoan, adjudikaziodunak txartelak bildu beharko ditu, ehizatutako aleen kopuru guztia urteko planean jasotzeko.

19. artikulua. Usapala.

Salbuespenez, eta aldi baterako izaeraz, zero harrapaketako kupoa ezartzen da 2022-2023 ehiza denboraldirako, Europako Usapalaren Ehizarako Egokitzapen Planaren jarraibideei men eginez.

20. artikulua. Mika eta belabeltza.

Baimena ematen da mika eta belabeltza ehizatzeko foru agindu honetan beste edozein espezie ehizatzeko ezarritako garaietan.

21. artikulua. Pagausoa eta txoloma.

1. Baimena ematen da pagausoa eta txoloma botatzeko, 2022ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, baimendutako postu eta txaboletan, asteko egun guztietan.

2. Pagausoa ehizatzeko baimena ematen da, 2022ko abuztuaren 21etik irailaren 15era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere:

a) Hegoaldeko eskualdeko barrutietan, jauzi-ehizan soilik, galeperrak ehizatzeko eremuetan, eta postuetan hegan dabiltzan usoak.

b) Iparraldeko eskualdeko barrutietan, jauzi-ehizan soilik, zuhaitzik gabeko eremuetan.

3. Halaber, baimena ematen da jauzi-ehizan aritzeko, 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urtarrilaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

22. artikulua. Faisaia.

Baimena ematen da faisaia gaitutako eremuetan ehizatzeko, 2022ko urriaren 1etik 2023ko urtarrilaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Faisaia ehizatzeko gaitutako eremutzat hartuko dira uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduan araututakoak. Foru agindu horren bidez, baimena ematen da faisaiak jare uzteko Nafarroako barrutietan eta ehiza antolatzeko planean horretarako ezarritako eremuetan. Jare uzte horiek 2022ko urriaren 1etik 2023ko urtarrilaren 15era bitartean bakarrik eginen dira, aipatutako foru aginduarekin bat etorriz.

IV. KAPITULUA

Ehiza larriaren uxaldietarako eta lasterkako ehizaldietarako arauak

23. artikulua. Baimendutako txakurrak.

1. Debekatua dago heltze zakurren bidezko ehiza.

2. Debekatua dago, uxaldietan edo mendi-ehizaldietan, honako txakur arraza hauek eta haien arteko mestizoak erabiltzea: dobatxakurra, bulldoga, pitbulla, rottweilerra, boxerra, dobermana eta Kanarietako heltze txakurra.

3. Ehizaldietan, ohiko arrasto txakurrekin batera, gehienez, arraza hauetako edo haien hibridoetako bi txakur erabiltzen ahalko dira: alanoa eta mastina.

V. KAPITULUA

Xedapen bereziak

24. artikulua. Ereindako ehiza.

Ehiza antolatzeko onetsitako planetan ezarritako eremuetan eta uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduan ezarritakoetan baizik ezin izanen da praktikatu ereindako ehiza. Foru agindu horren bidez, baimena ematen da faisaiak jare uzteko. Eremu horiek 2022ko abuztuaren 15etik 2023ko otsailaren 26ra bitartean erabiliko dira, ostegunetan, larunbatetan, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako edo herriko jaiegunetan, faisaien kasuan izan ezik, kasu horretan men eginen baitzaio 22. artikuluan azaldutakoari.

25. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, Frantziako ehiza elkarteekin konpartituak.

Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, Frantziako ehiza elkarteekin konpartitzekoetan, Frantzian dauden baldintza berberetan egin behar da ehiza udazkeneko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak harrapatzen ahal dira.

26. artikulua. Ehiza kirol-txapelketak.

Ehizako kirol-txapelketak egiteko beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren aldeko txosten bat, aldez aurretik emana. Foru agindu honetan ezarritako kopuruak gainditzen ahalko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehizako kirol-txapelketetan.

Ehiza txapelketak Nafarroako Ehiza Federazioak baizik ezin ditu antolatu.

27. artikulua. Ehizakiak.

Ehizakiak etxera eraman baino lehen lumatzen edo larrutzen badira, burua eta hankak kendu gabe eduki behar dira, identifikatu ahal izateko.

28. artikulua. Inurri hegaldunak.

Debekatua dago inurri hegaldunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita beita gisa erabiltzea ere.

29. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Ehiza larriaren uxaldiak eta mendi-ehizaldiak:

Behar diren seinaleak jarriko dira, bideetan eta sarbideetan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek ikusgarritasun handiko txalekoak edo jantziak jantzi beharko dituzte, laranja kolorekoak, ahal bada, eta gutxienez bularraldea eta bizkarraldea estaliko dituztenak. Ikusgarritasun handiko txanoa erabiltzea gomendatzen da, halaber.

Eite handiko nekazaritzako laboreetan egiten diren uxaldietan, postuak goratuak egonen dira, lurraren gorabeherak aprobetxatuz, edo egitura berariazkoen gainean.

Tiro egiteko postuen diseinuan eta kokaeran, hobetsiko dira animaliari uxalekuetatik kanpo eta arma-lerroa pasatuta dagoenean tiro egiteko kokalekuak.

Ehiztari bakoitzak su-arma edo arku bakar bat eramaten ahalko du.

2. Birigarroa eta usoa ehizatzeko baimentzen diren postuak:

Ehiza postuak finkoak izanen dira, eta debekatua dago eskopetarekin batetik bestera ibiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako uso edo birigarroren bat biltzeko ez bada. Horrelakoetan, arma deskargatuta eraman beharko da.

3. Oilagorraren ehiza.

Segurtasun neurri gisa, ehiztariek ikusgarritasun handiko txalekoak edo jantziak jantzi beharko dituzte, laranja kolorekoak, ahal bada, eta gutxienez bularraldea eta bizkarraldea estaliko dituztenak. Ikusgarritasun handiko txanoa erabiltzea gomendatzen da, halaber.

4. Ehiztari adingabeak:

Armen Erregelamendua onesten duen 137/1993 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, ehiztari adingabeekin adin nagusiko ehiztari batek egon beharko du une oro, eta haren gaineko ardura hartuko du. Adin nagusiko ehiztari horrek ehizarako eta armetarako baimena indarrean eduki beharko du, eta ehizan ari den bitartean hura zaintzeko eta laguntzeko konpromisoa hartzen duela dioen dokumentu idatzia eraman. Ondorio horietarako, adingabea eta arduraduna ezin dira postu desberdinetan egon ehizan ari diren bitartean. Era berean, arduradunak eta adingabeak ezin dute suzko arma aldi berean erabili, eta adingabearen armak deskargatuta egon beharko du arduraduna suzko arma erabiltzen ari den bitartean.

30. artikulua. Zigiluak.

Nahitaezkoa izanen da zigilu zenbakidunak erabiltzea, hildako orein eta orkatzei paratzeko, Ehiza Antolatzeko dagokion Planean ezarritako kupoen arabera.

Plastikozko prezinto bakoitzak bere zenbakia izanen du, baita egunak, hilabeteak eta urteak identifikatzeko moduko zenbakia ere, zein egunetan harrapatu zen markatu ahal izateko, kasuan kasuko zenbakiak eta datuak erauziz.

Prezintoak sistema bat izanen du hura itxi ondoan ireki ezin izateko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emanen ditu zigiluak, ehiza barrutia kudeatzeko arduradunak eskatuta.

Ehizan ateratzen den bakoitzean, hil nahi diren animaliak adina zigilu eraman behar dira gutxienez.

Animalia hil ondoren, ezin da handik mugitu harik eta zigilua paratu eta harrapaketaren eguna markatu arte. Uxaldietan edo mendi-ehizaldietan soilik, eta ehizaldiaren arduradunari jakinarazi ondoan animalia harrapatu dela, hura zigilurik gabe eramaten ahalko da hurbilen dagoen mendiko pistaraino, eta bertan jarriko zaio zigilua. Hori ez da aplikatuko bakarkako zelata-ehizan.

Eseki-lekuko tendoiaren eta hankaren artean paratuko da zigilua; ondoren, itxi eta, erauziz, zein egunetan harrapatu den markatuko da. Adarrak dituzten animalien kasuan, prezintoa errosetaren gain-gainean paratuko da, baldin eta harrapatutako animalia aski handia bada (prezinto itxia adarretik ez ateratzeko adinakoa).

31. artikulua. Mugak eta debekuak.

1. 2022-2023 kanpainan Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ezarritako gainerako debeku eta mugak aplikatuko dira, bai eta foru lege hori garatu eta betearazteko Erregelamenduan ezarritakoak ere (ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) eta ehizan mugak eta debekuak ezartzen dituzten gainerako arauak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokor honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: F2210115