157. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

253/2022 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2022-2023 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna arautuko duten jarraibideak.

Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoak.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2022-2023 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketak eta jardunak 2022-2023 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (http://www.educacion.navarra.es/portal/) argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, eta Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko ekainaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa eta jarduna 2022-2023 ikasturtean arautzeko jarraibideak

Aurkibidea:

I.–Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra.

II.–Irakasleak.

III.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

IV.–Ikasleak.

V.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

VI.–Antolaketari dagozkion alderdiak.

I.–Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako zuzendaritza taldeek Urteko Programazio Orokorra prestatuko dute, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lanerako planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza-jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

1.–Urteko Programazio Orokorrean honakoak sartuko dira:

1.1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.

Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak prestatu behar duenak, bermatuko du Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako jarduerak betetzea, bai irakaskuntzakoak, bai osagarriak.

Ikastetxeak goizeko eta arratsaldeko ordutegian egonen dira zabalik eskola-komunitatearentzat. Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen.

Horrez gain, ikastetxeko ordutegi orokorrean eskola-egunetako orduen banaketa jasoko da, eskola-egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz egina:

a) Irakaskuntza arautua. Eskola-ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, biak barne, goizeko eta arratsaldeko txandetan.

Oro har, ikastaro presentzialak emanen dira, zehazki, astean bi ordu eta 15 minutuko bi saio, hau da, 4,5 ordu astean talde bakoitzarentzat. Horrez gain, hizkuntza eskolek ezarriko dute zenbat ostiral izan beharko diren eskola-egun, talde bakoitzak guztira 130 eskola-ordu izan ditzan.

b) Ikastaro erdipresentzialetarako eta curriculuma malgutzeko ikastaroetarako baimena ematen ahalko da, baina, edonola ere, talde horietako ratioa eta irakasleen ordutegiko eskola-orduen zenbaketa talde presentzialetakoen berdinak izanen dira. Eskaerek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzia eduki behar dute.

Ikastaro horien eskola-karga presentziala eta jarduera ez-presentzialak eta tutoretzak (presentzialak edo on line) antolatzeko, kontuan hartuko da departamentuen planifikazioa, kasuan kasuko mailen programazioan jasoko da, eta irakasleen ordutegi pertsonalean islatuko da.

c) Hizkuntza eskola ofizialek baimena eska dezakete hizkuntzaren jarduera baten edo batzuen inguruko ikastaro monografikoak emateko, baita irakasleentzako eguneratze eta hobetze ikastaroak, beste profesional batzuei begirako ikastaroak edo berariazko gaiak ardatz hartzen dituztenak ere. Ikastaro horiek ez dute ziurtapen ofizialik.

1.2. Planifikatzeko irizpideak.

Ikasketaburuak ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatuko ditu, Urteko Programazio Orokorrean ezarritako irizpideak errespetatuz betiere.

Ikastetxeak ekitatez planifikatuko ditu txandak eta ordutegiak hizkuntza guztietarako, eta bermatuko du, ahal delarik, maila guztietan goizeko eta arratsaldeko txandak egotea.

1.3. Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.

Ikasle guztiek eskolan arrakasta izatearen ardura irakasleek, ikastetxeek eta hezkuntza administrazioek partekatzen duten zeregina da. Egungo hezkuntza testuinguruan, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak hezkuntza hobetzeko funtsezko oinarri gisa ulertzen du hezkuntzaren ebaluazioa.

Ikastetxeetan autoebaluazio-prozesu bat egin zen 2017-2018 ikasturtean. Haren ondorioz, hobekuntza-plan batzuk garatu ziren, zeinetan oinarritu baitira, egundaino, hezkuntza-komunitateen jarduerak.

Diseinatutako hobekuntza-planak lau ikasturtez indarrean izan ondoren, beharrezkotzat jotzen da eskoletan beste hausnarketa-prozesu bat bultzatzea, diagnostiko bat egin ahal izateko, egungo testuinguruaren errealitatean oinarriturik, eta, ondorioz, jakiteko zer hobekuntza-arlori heldu behar zaien.

Horregatik guztiagatik, ikasturte honetan ere tresna bat jarriko da ikastetxeen eskura, beren jardunaren autoebaluazioa egin dezaten. Autoebaluazioa lan-tresna bat da, zeinaren bidez zuzendaritzek, taldeek eta irakasleek elkarrizketa irekia eta eraikitzailea izan dezaketen, hezkuntza hobetzeko bidean ikasteko, aurrera egiteko eta erabakiak hartzeko. Ikastetxean gauzatuko den hausnarketa-prozesuaren ondorioz, hobekuntza plan bat diseinatuko da. Plan horrek, orientazio gida baten laguntzaz, erantzuna emanen die hautemandako beharrei, eta ororen eskura izanen da eskola kudeaketako Educa sisteman.

Eskolek, 2022-2023 ikasturtean, hiru mailatan eginen dute autoebaluazioa:

a) Ikastetxeko zuzendaritza, KPBaren laguntzaz.

b) Departamentuak.

c) Irakasleak.

Ikastetxearen ebaluazio-esparrua, zeinetan zehazten baitira arloak, jardun-estandar ebaluagarriak eta adierazleak, eskuragarri dago eskola kudeaketako Educa sisteman. Era berean, Educan plataforma digital bat jarriko da ikastetxeen eskura, autoebaluazioa modu objektibo eta zorrotzean egiteko. Emaitzen analisiari dagokionez, eskolek egiten dituzten estatistika propioak izanen dituzte.

Hausnarketa-prozesuan zehar identifikatzen diren indarguneak eta ahulguneak bilduko dira. Hautemandako beharrei erantzuteko, ikastetxeak jarduna hobetzeko planak eginen ditu, urte anitzekoak, bai orokorrak (ikastetxe guztirako), bai zikloetarako. Plan horiek, beraz, 2022-2023 ikasturtean diseinatuko dira, eta haien edukia 2023-2024, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan aplikatuko da. Ikastetxeek plan horiek prestatuko dituzte Educan horretarako sortutako egituran (Ikastetxea / Dokumentazio instituzionala / Hobekuntza Plana).

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio hobekuntza planak gainbegiratzea, ikastetxeen urteko programazio orokorrei jarraipena egiteko eta gainbegiratzeko esparruaren barrenean.

Hezkuntza Departamentuak, bere zerbitzuen bidez, ikastetxe bakoitzaren hobekuntza planak garatzen eta haien helburuak lortzen lagunduko du, orientazioak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, beharrezkoa bada, irakasleei prestakuntza emanez, ikastetxeek hobekuntzarako ildo eta jarduketak lehenesteko eta hautatzeko laguntza izan dezaten.

Zuzendaritza-taldeak, ikastetxearen prestakuntza planaren edukia zehazten duenean, jardunaren autoebaluaziotik eta hobekuntza planetik eratorritako premiak hartu beharko ditu kontuan; izan ere, prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da.

1.4. Departamentuen jarduketa-plana eta programazioak.

a) Departamentu bakoitzak, irailean zehar, 2022-2023 ikasturterako jarduketa-plana prestatuko du, barnean direla departamentuko edo mailako bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak, hala nola kurtso eta maila guztietako ebaluazio probak prestatzea, ziurtapenak berrikustekoak barne, kontuan harturik Hezkuntza Departamentuak ezarritakoa, eta hizkuntza bakoitzeko probak prestatzeko batzordearekin elkarlanean.

Ziurtapen proba horien pilotajerako, gure proba bateratuek izanen dute lehentasuna. Era berean, Nafarroatik kanpoko eskoletako proben pilotajea erraztu eta lagunduko du, ahal den neurrian.

b) Departamentuetako programazioa prestatzeko arduradun nagusiak departamentuetako buruak izanen dira. Programazioan honako alderdi hauek jasoko dira: helburuak, edukiak, denbora banaketa, alderdi metodologikoak eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak.

Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat ikastetxeko zuzendariari emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sar dezan. Programazioek zuzendaritzaren “ontzat emana” jaso beharko dute.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.

1.5. Urteko Programazio Orokorrari erantsi beharrekoak.

1.5.1. Era berean, Urteko Programazio Orokorrarekin batera, irakaskuntza-programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak.

1.5.2. Kontingentzia plana. Ikastetxeek hezkuntza jardueraren antolaketarako eta prebentziorako kontingentzia plana eguneratu beharko dute, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien garatzen dela bermatzearren.

Plan horrek bete beharko ditu Hezkuntza Departamentuak ikasturte hasieran ezarriko dituen berariazko jarraibideak.

Nolanahi ere, plan horrek, gutxienez, atal hauek izanen ditu:

a) Sarrera.

b) Aurreikusitako aukerak.

Eskola-jarduera presentzialerako balizko aukerak. Egoera batetik beste batera igaroz gero zer neurri hartzea aurreikusten den; neurriok malgutasunez ezarriko dira, agintaritzek xedatzen dutenaren arabera, era murriztaileagoan edo malguagoan.

c) Segurtasun eta higiene neurriak.

Aireztapena, maskarak erabiltzea, eskuen higienea (ura eta xaboia edo gel hidroalkoholikoa), garbiketa eta desinfekzioa...

d) Antolaketa neurri orokorrak.

Sarrerak eta irteerak; eraikinaren barruko joan-etorriak; gelen erabilera; komunen erabilera eta abar.

e) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

f) Pertsonen kudeaketa.

Ikastetxeko langileak; ikastetxekoak ez diren langileak...

g) Protokoloa COVID-19aren sintomak izanez gero.

h) Irakasle eta ikasle zaurgarriak.

i) Ikastetxeko COVID-19 arduraduna.

Ikastetxeko zuzendariak kontingentzia planaren arduradun izanen d(ir)en irakaslea(k) izendatuko d(it)u 2022-2023 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita ikastetxeko zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

1.6. Ikastetxeko prestakuntza plana.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz. Ildo horretan, ikastetxeak prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko du ikastetxeko irakasle guztientzat. Nahitaezko prestakuntza horrek 35 ordu iraunen du.

Zuzendaritza taldeari dagokio finkatzea eta antolatzea programa horren edukia eta ikasturtean zehar nola banatzen den, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa prestatzeko orduan, kontuan hartuko dira bai ikastetxea hobetzeko urteko planaren helburuak, bai Hezkuntza Departamentuak prestakuntza arloan ezarritako lehentasunei buruzko jarraibideak. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Izan ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea borondatezkoa izanen da.

2022-2023 ikasturtean, gaitasun digitala (laborategiak) garatzeko antolatzen diren prestakuntza jarduerak berriz eskuragarri egonen dira berritik sartzen diren irakasleentzat, ikasturte honetan bukatu ez dituzten pertsonentzat eta ikastetxeentzat.

2022-2023 ikasturtean, Ikastetxearen Plan Digitala prestatze aldera, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza-ekintzen programa bat ezarriko du, 10 ordukoa, aipatu plan hori garatzeko. Prestakuntza ekintza horiek prestakuntza instituzional gisa hartuko dira, eta, beraz, irakasle guztiek egin beharko dituzte nahitaez.

Ikasturte berean beste ikastetxe batera lan egitera joaten diren irakasleek behar den akreditazioa aurkeztu beharko diote ikastetxe berriko zuzendaritzari, aurrekoan egin duten prestakuntza mota eta ordu kopurua adierazita.

35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

Zuzendaritza taldeak, departamentuko buruekin koordinatuta, ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, haien beharren eta hobekuntza planen arabera, betiere kontuan hartuta hizkuntza eskolen antolaketaren eta jardunaren berariazko ezaugarriak.

Nolanahi ere, ikastetxeko prestakuntza interesek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen aldean.

1.7. Jarduera osagarriak.

Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta Eskola Kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.

1.8. Memoria administratiboa.

2021eko urriaren 24a baino lehen, zuzendaritza taldeak memoria administratiboa prestatuko du, eta, horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.

1.9. Aniztasunari erantzutea. Antolaketari dagozkion alderdiak.

Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak eta antolakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premia desberdinei emanen zaie erantzuna.

Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.

Ikastetxeak behar den arreta emanen du ikasgelan, metodologiari eta baliabide teknikoei dagokienez (entzungailuak, mahai lagungarriak, toki handiagoa, etab.). Behin ohiko baliabide horiek inklusiboki antolatu ondoren, beharrezkoa izan daiteke ikastetxearen esku ez dauden beste neurri batzuk aurreikusiak izatea, esate baterako, ikasgelan espezialistak izatea (zeinu hizkuntzako interprete bat, adibidez). Kasu horietan, baimendu daiteke pertsona hori ohiko ikasgelan egotea, ikuspegi inklusiboz, eta, hala, helburu batzuk sendotzeaz gain, ahalbidetuko da ikasleak ikaskuntza prozesuan parte hartzea. Salbuespenez aukera hori justifikatzen denean, zehaztuko da zenbat denborarako aurreikusten den esku-hartze hori. Ikasle eskatzaileak ekarriko du kanpoko espezialista hori, eta hark ez dio trabarik ekarriko ikasgelako ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari.

Azterketen kudeaketan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkie azterketak egiteko.

Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituko diote hizkuntza eskola ofizialek.

Ikastetxe bakoitzeko aniztasunari erantzuteko planak ikastetxe horren irizpideak eta baliabideen eta neurrien antolaketa jasoko ditu.

2.–Urteko Programazio Orokorra onestea eta ebaluatzea.

Eskola Kontseiluak onetsi eta ebaluatu beharko du Urteko Programazio Orokorra eta ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ondoriorik aipagarrienak ikasturte bukaerako memorian jasoko dira, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko baita 2022ko uztailaren 10a baino lehen.

Urteko Programazio Orokorra 2021eko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, eta beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta Eskola Kontseiluko kideek aztertu ahal izateko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du Urteko Programazio Orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer aldaketa egin behar diren adieraziko du.

II.–Irakasleak

1.–Lanaldia.

225/1998 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (irakasleen lanaldia eta ordutegia), irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokitua.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori banatuko da eskola-orduetan, astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan eta urtean zenbatu beharreko orduetan.

Gainerako orduak, ikastetxean bete beharrekoak ez direnak, erabiliko dira prestakuntzan, irakaslanak prestatzen eta batzorde, epaimahai edo antzekoetan parte hartzeko, azken horietan aritzeko izendatuz gero.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunero ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko baimena ematen ahalko zaie irakasleei, salbu eta lanaldi zatituan programatutako jarduerak. Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.

2.–Orduen banaketa.

Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara, nahitaez ikastetxean egon beharrekoak. Horietatik, 5 ordu gutxienez ostiraletan izanen dira. Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.

2.1. Eskola-ordutegia.

Irakasleen eskola-ordutegia araudian ezarritakoa izanen da. Horretan sartuko dira, batetik, zuzeneko irakaskuntza-orduak, eta, bestetik, eskola-ordu gisa zenbatzen direnak.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren ondorioz, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak parte hartzen duen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduan adierazten diren zereginetarako ere.

Nolanahi ere, irakasleen eskola-orduen kopuruak bermatu beharko du kurtso arautuetako eta espezializazio kurtsoetako talde bakoitzak zuzeneko 130 eskola-ordu izatea.

Honako hauek hartuko dira eskola-ordutzat:

a) Zuzendaritza taldea.

Matrikula presentzialen kopurua ikusirik, zuzendaritza taldeek ordutegi hauek izanen dituzte:

–Iruñeko HEO: astean 63 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 13,5 ordu, ikasketaburuak 13,5 ordu, idazkariak 13,5 ordu, zuzendariordeak 13,5 ordu eta ikasketaburu albokoak 9 ordu.

–Tuterako HEO: astean 36 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 9 ordu, ikasketaburuak 9 ordu, idazkariak 9 ordu eta zuzendariordeak 9 ordu.

b) Departamentuko buru eta koordinatzaileak.

Kargu horietan aritzen diren pertsonek talde bati dagozkion 4,5 eskola-ordu erabiltzen ahalko dituzte astean eginkizun horietarako.

c) Ziurtapen probak prestatzea: 4,5 ordu prestatu den maila bakoitzeko. Italierarako, 4,5 ordu esleituko dira guztira.

d) IKTen koordinazioa: 4,5 ordu.

e) Kalitate Programaren arduraduna: 4,5 ordu.

f) Ikastetxeko Plan Digitalaren arduraduna: 4,5 ordu.

2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat ikasleei arreta emateko.

c) Bi ordu, gehienez, ziurtapen, ebaluazio eta entsegu probak prestatzeko eta pilotajea egiteko.

d) Ordu bat Eskola Kontseiluko kideentzat.

e) Ikastetxean egoteko orduak.

f) Ordu bat koordinazio didaktikorako.

2.3. Urtean zenbatu beharreko orduak.

Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren asteko 5 ordu urtean zenbatzeko ordu osagarriak dira. Ordu horiek, irakasle guztiek egin beharrekoak, honelako lanetarako erabiliko dira:

–Klaustroak.

–Ikasle libreen azterketak aplikatzea eta zuzentzea.

–Ikastetxean ezarritako beste edozein proba prestatzea, aplikatzea eta zuzentzea.

–Proben emaitzak aztertzea.

–Departamentuei dagozkien kasuan kasuko lanak, programazio didaktikoetan sartuta daudenak.

–Plangintza instituzionalerako tresnak prestatu edo berrikustearekin lotutako zereginak, bai eta irakasten den hizkuntzarekin lotutako prestakuntza jarduerak ere.

3.–Ordutegiak prestatzea eta onestea.

Ordutegiak prestatzeko, ikasketaburuak departamentuetako buruei jakinaraziko die zenbat talde, txanda eta ordutegi dauden maila bakoitzean, eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak. Departamentuburuak ordu-tarte orekatutan banatuko ditu taldeak, ikasketaburuaren jarraibideen arabera.

Irakasle bakoitzaren eskola-ordutegia asteko egun guztietan banatuko da, salbu eskolarik gabeko ostiraletan.

Ikasturtea bukatutakoan, departamentuek bilera berezi bat eginen dute hurrengo ikasturteko ordu-tarteak kideen artean banatzeko, jarraibide hauetan jasotako irizpideak errespetatuz betiere.

3.1. Txanden eta taldeen banaketa.

Eskola goizez eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.

Ezinezkoa bada ordutegia betetzea aukeratzen den txandan, beste txandan bete beharko da.

Txandak hautatu ondoren, erabakiko da ordu-tarteak nola banatu.

Ordu-tarteak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela aukeratuko dira taldeak:

Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian agertzen diren departamentuko irakasle guztiekin txanda oso bat egin arte.

Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, eskola-ordutegi indibidual guztiak osatu arte edo talde guztiak esleitu arte.

Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.

Ordu-tarteak banatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.

3.2. Hautatzeko ordena.

Ordena honi jarraikiz eginen da hautaketa:

a) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

b) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.

c) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.

e) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.

f) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.

g) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

h) Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Arestiko a), b), c), d) eta f) ataletan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentzietako denbora kontuan hartu gabe), eta antzinatasuna berdina baldin bada, atal bakoitzaren lehentasun hurrenkera ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

–Nork duen antzinatasun handiena ikastetxean.

–Nor sartu zen lehenago kidegoan (urtea).

–Nork lortu zuen puntuaziorik handiena kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan.

Aurreko e) atalari dagokionez, prozesua gainditu zuten oposiziogileen zerrendak onesteko ebazpenetan agertzen den hurrenkerak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.

Aurreko g) eta h) ataletan, ordea, lehentasun hurrenkera ezartzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuan ageri diren zerrendetan egokitu zaien tokiari segituko zaio.

3.3. Zaintzak.

Ikasketaburuak ezarri eta gainbegiratuko ditu ikastetxeko zaintzak, kontuan hartuta eskola-ordu guztietan egon behar dela zaintzako irakasleren bat ikastetxean.

Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarriak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

b) Irakasleen puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.

Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuk eskatzea zaintza-ordu horiek betetzeko.

3.4. Irakasleen ordutegi pertsonala.

Irakasleek beren asteko ordutegian jaso beharko dituzte ikastetxean nahitaez bete beharreko 25 orduak, eranskin honen 2. puntuan adierazitako jarraibideekin bat.

Halaber, ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori zuzeneko irakaskuntza lanik ez egonagatik eskola-egun diren ostiral goizetan izanen da.

Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen orduak txanda bakoitzean gutxienez kide baten presentzia ziurtatzeko moduan banatu beharko dira.

Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.

3.5. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.

Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.

Ongi ikusteko moduko toki batean paratuko da irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko informazioa: eskola-orduak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar.

3.6. Ordutegia betetzea eta bertaratze-orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du zein egunetan hasten diren lanean lan edo administrazio araubideko aldi baterako kontratudunak, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.

Aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja luzatzeko agiriak medikuak zehaztutako maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barnean daudenen kasuan; eta Muface-ren barnean daudenen kasuan, hamabostean edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak hala adieraziz gero. Alta agiri medikorik emanez gero, ematen denetik gehienez ere 24 orduko epean emanen da haren berri.

Bajaren edo altaren berri emateko jatorrizko agiriak Hezkuntza Departamentura igortzeko, bide hauek erabiltzen ahal dira: posta arrunta, aurrez aurre Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialaren edozein bulegotan, edo Erregistro Orokor Elektronikoa.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da, ahal den guztietan, komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Agiriak bidaltzeko gorabeheren berri emateko, aukera osagarri gisa, mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera egonen da, helbide honetara: bajaseducacion@navarra.es.

Era berean, nahitaezkoa da lantokira kopia bat bidaltzea ahalik eta lasterren, lantokiak jakin dezan zehatz-mehatz zein egunetan huts egin behar duen, bajaren bilakaera eta/edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan. Ikastetxearekiko komunikazio bidea ikastetxe bakoitzak erabakiko du, zuzendaritza-talde bakoitzak finkatzen duen funtzionamenduaren arabera.

Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak kontrolatu eta komunikatzeaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa hiru eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

Irakasleen hutsegiteen ziurtagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola normaltasunez emateari eragiten dioten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta, gero, bertaratze-orrian jasoko dira.

III.–Irakaslana koordinatzeko organoak

1.–Departamentuak.

1.1. Departamentuak lantaldeak dira, eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio, eta, hori ez badago, ikasketaburuari.

1.2. Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.

Ikastetxeko irakasle guztiak, zein hizkuntzatan ematen duten ordu gehien, hizkuntza horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.

1.3. Departamentuen eginkizunak hauexek izanen dira:

a) Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa prestatzea, jarraibide hauetan zehaztutakoaren arabera.

b) “Urteko Programazio Orokorra” izeneko I. ataleko 2.3. puntuan aipatzen den jarduketa-plana prestatzea, baita departamentuaren jardueren egutegia ere.

c) Ebaluazioko proba idatziak prestatzea.

d) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, emaitzen balorazioa barne, talde eta kurtsoen araberako kalifikazioen estatistikak eta errendimendu akademikoaren azterketa erabiliz horretarako; era berean, ikasleen ebaluazioan erabilitako irizpideen, prozeduren eta jardueren balorazioa, ikasle libreentzako probak barne.

Horrez gain, programazioan jasotako alderdi guztien garapenaren balorazioaren ondorioz proposatzen diren hobekuntzak jasoko dira.

Departamentuko buruak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.

e) Beste eginkizun batzuk.

Departamentuen zeregina da, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta kideen trebakuntza zientifiko eta didaktikoa bultzatzea.

1.4. Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean ordu bat utziko da gutxienez, batez beste, departamentuko kide guztiak bil daitezen. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen ari den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.

Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa-plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero ikasturte bukaerako memorian sartzeko.

Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak erredaktatuko du, eta departamentuan artxibatuko da.

1.5. Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.

2.–Departamentuko burutza.

2.1. Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen kidegoko irakasle batek beteko du.

Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.

Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.

Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.

Departamentuko buruak talde bati dagozkion eskola-orduak izanen ditu, eta zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.

2.2. Departamentuko buruak eginkizun hauek ditu:

–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Horiek akten liburuan/artxiboan bilduko dira nahitaez.

–Programazioaren eta ikasturte bukaerako memoriaren prestaketa lana koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.

–Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

–Azterketak kudeatzeko zereginen banaketa koordinatzea.

–Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

–Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.

–Ikasleen balorazioa egiteko erabiltzen diren proba eta dokumentuak gordetzea.

–Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.

–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

–Estandarizaziorako garrantzitsuak diren laginak biltzea, eta saioak antolatu eta gidatzea, beste eskoletako departamentuekin elkarlanean.

3.–Departamentuaren koordinazioa.

25 talde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek beren departamentuko kide bat proposatu dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan, betiere erabaki horrek plantilla handitzea ez badakar.

Irakaskuntza arautuko ikastaroetan 60 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Ingeles Departamentuak koordinazio osagarria izanen du, Lizarrako Unitateaz arduratzeko.

Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.

Departamentuko koordinazio lanagatik ikastalde bakoitzeko esleitzen diren eskola-orduak kontatuko dira, eta lan hori zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.

4.–IKTen koordinazioa.

4.1. Eskolek informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako (IKT) koordinatzaile bat izendatu dezakete klaustroko kideen artean, ikasturte baterako, betiere horretarako gai den langileren bat baldin badago.

4.2. Koordinazio lan horretan aritzen denak ohiko talde baterako adina denbora izanen du zeregin horretarako.

4.3. Koordinatzailearen eginkizunak hauek izanen dira:

–Ikastetxeko zuzendaritzak eskuordeturik, teknologia berrien arlorako mintzakidea izatea Hezkuntza Departamentuarekin.

–Zuzendaritza taldeari eta departamentuei aholku ematea baliabide eta material informatikoen erabileran eta erosketan.

–Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera didaktiko berriak emateko irizpideak.

–Baliabide informatikoak egoera onean daudela zaintzea eta instalazio eta ekipo informatikoak gainbegiratzea eta programak erabiltzeko moduan daudela ziurtatzea.

–Teknologia berrien arloan dagoen informazioa zabaltzea eta horren gaineko dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.

–Ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea baliabide informatikoen inbentarioak eguneratzen eta arlo horretarako dauden aurrekontuak kudeatzen.

5.–Ikastetxeko Plan Digitalaren arduraduna.

2022-23 ikasturtean, ikastetxe guztiek beren Ikastetxeko Plan Digitala garatu beharko dute, eta, horretarako, zuzendaritza taldeak izendatutako IKT koordinatzaileei edo irakasleei esleitzen ahalko zaizkien ordu batzuk izanen dituzte. Gainera, plana prestatzeko, aholkularitza batzuen laguntza izanen dute, zeinek zehaztuko baitute ikasturtean zehar gauzatu beharreko jardueren kronograma.

6.–Unitateko koordinatzailea.

Unitateko koordinatzailearen helburua da unitate horretan irakasleren bat duten departamentuen jarduera akademikoa ahalik eta hobekien garatzen dela bermatzea. Bere lana aurrera eramateko erreferentzia nagusia ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta Urteko Programazio Orokorrean ezarritakoa izanen da; izan ere, agiri horietan argi eta garbi zehazten dira hizkuntza eskola ofizialaren arau eta helburuak. Ikasketaburuarekin koordinaturik jardun beharko du, hura baita agiri horietan ezarritakoa betetzearen arduradunetako bat.

6.1. Lizarrako unitateko koordinatzailearen eginkizunak:

–Eskolarik gabeko ostiraletan eta deitzen zaion guztietan, zuzendaritza taldeko kideekin biltzera joatea.

–Programazioak betetzen direla begiratzea.

–Zuzendariari irakasleen hutsegiteen eta horren zergatien berri ematea.

–Atzerapenak eta ordutegiaren inguruko gorabeherak apuntatzea eta zuzendariari horren berri ematea, ikasturte hasierako jarraibideak betez.

–Zuzendaritza taldeak igortzen dion informazioa ikasleei eta irakasleei garaiz jakinaraztea.

–Tierra Estella BHIko zuzendaritzarekin koordinatzea ikasgelen ekipamenduaren eta mantentze-lanen kudeaketa, baita eskola-egutegia eta azterketen egutegia ere.

7.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan

Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta hura antolatzeko eta gauzatzeko orduan beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutore lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza: ikasturteko tutore lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat joko da.

–Prestakuntza: praktiken tutore lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

Hezkuntza Departamentuak tutoretza lan hori aitortuko die titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasle funtzionarioei eta lan-kontratu mugagabea duten ikastetxe pribatu itunduetako irakasleei, gutxienez bi urteko antzinatasuna badute.

Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

–Ziurtagiria: praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza ikastetxe gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak prestakuntza lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren Atarian

(https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas) dagokion inprimakia betez ekainaren 1a baino lehen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreek eta zuzendaritza-taldeak aukera izanen dute Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joateko.

Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.

8.–Ikerlana ikastetxeetan.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan egiten den ikerketa lana. Hitzarmen horretan jasotzen da, besteak beste, ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoaren transmisio saioak jasotzeko duten eskubidea. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora

IV.–Ikasleak

1.–Onartzeko prozedura.

1.1. Hizkuntza eskola ofizialek ezarriko dituzte onartzeko eta ebazteko prozedurak zuzenduko dituzten arauak.

1.2. Hizkuntza eskola ofizialek ikasturteko eskaintza akademikoaren publizitatea eginen dute, eta onartzeko prozedura nolakoa den azalduko dute.

1.3. Eskabide bat, pertsonala eta besterenezina, beteko da, hizkuntza eta eskola bakoitzeko.

1.4. A1 ez den beste maila batera sartzeko, prozedura hauetako bat erabiliko da:

1.4.1. Hizkuntza baten jakite maila ziurtatzea otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren eranskinean jasotako titulazioen bidez (foru agindu hori apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduak aldatu zuen).

1.4.2. Mailaz igotzea: Hizkuntzaren jarduera guztiak gainditzea %50eko puntuazioarekin gutxienez, 430/2021 Ebazpenaren eranskinaren arabera.

1.4.3. Sailkatze/mailakatze proba egitea.

Mailakatzeko proba horien emaitzak ez du ondorio akademikorik eta ikasturte horrexetarako bakarrik balioko du. Ikasleek ez badute gainditzen sailkatu zireneko maila, behin baino ezin izanen dute errepikatu.

1.5. Tokia erreserbatzea Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasleentzat.

Toki kopuru bat erreserbatuko da ekaineko deialdian “gai” kalifikazioarekin ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat, dela Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programakoentzat, dela That’s English! programakoentzat. Zehazki, honenbeste toki erreserbatuko dira 2022-2023 ikasturtean:

–Ingelesa:

  • B2.1 tarteko maila, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean: 30 toki.
  • B2.1 tarteko maila, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean: 10 toki.
  • C1 maila, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean: 10 toki.
  • C1 maila, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean: 10 toki.

–Euskara:

  • B2.1 tarteko maila, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean: 16 toki.
  • B2.1 tarteko maila, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean: 10 toki.
  • C1 maila, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean: 25 toki.
  • C1 maila, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean: 10 toki.

1.6. Tokia erreserbatzea Nafarroako Gobernuaren menpe jardunean ari diren irakasle eta hezitzaileentzat.

1.6.1. Toki kopuru bat erreserbatuko da, ikastaro arruntetan, maila hauetako jarduneko hezitzaile eta irakasleentzat: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta unibertsitateko irakasleak.

1.6.2. 2022-2023 ikasturtean, baliabide gehiagorik jarri gabe, irakasle berrientzat erreserbatu den toki kopurua hau da:

INGELESA

B2.1

B2.2

C1

IHEO

25

25

50

THEO

12

13

25

FRANTSESA+ALEMANA

B2.1

B2.2

C1

IHEO

12

13

25

THEO

6

6

12

1.6.3. Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du ea irakaslea jardunean dagoen ikastetxe publiko batean. Ikastetxe itunduetako irakasleek eta unibertsitatekoek beren ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute matrikula egitean.

1.6.4. Ondorio administratiboetarako, ikasle horiek ikastetxeko ikasle ofizialtzat hartuko dira.

1.6.5. Hizkuntza maila ziurtatzeko, hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen proba gainditu behar da. Ikastaro hauetako parte-hartzea urtean nahitaez bete beharreko prestakuntza orduen barruan zenbatu daiteke. Hala ere, ikastaro hauetan parte hartzeagatik ez da prestakuntza orduen ziurtapenik jasoko.

2.–Matrikulazioa.

2.1. Hizkuntza eskola ofizialek ikaspostuak eta epeak gordeko dituzte ikasle ofizialak izan diren eta ofizialak izaten segitu nahi duten ikasleentzat, hau da, mailaz igo edo kurtsoa errepikatzen dutenentzat.

2.2. Halaber, epe bat ezarriko dute ikasle berrien matrikularako, eta epe berezi bat Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasketak bukatu dituzten ikasleentzat eta irakasleentzat, zeinak eranskin honen 1.5 eta 1.6 puntuetan aipatzen baitira, hurrenez hurren.

2.3. Matrikula prozesu horiek bukatuta, gelditzen diren ikaspostuak jende guztiari eskainiko zaizkio martxoaren 31ra arte.

2.4. Ikasle bat beste hizkuntza eskola ofizial batean matrikulaturik badago edo egon bada, espedientea lekualdatzea eskatu beharko du jatorrizko eskolan, destinokoan matrikula egin ahal izateko, behin tokia baieztatuta.

2.5. Hizkuntza berean ezin dira aldi berean eduki irakaskuntza arautuko bi matrikula. Aurrekoa gorabehera, ziurtapen ikastaroetako ikasleak, ziurtagiririk gabe igotzen badira mailaz, era librean matrikulatzen ahal dira aurreko kurtsoko ziurtapen proba egiteko, ikasle ofizialaren izaera galdu gabe.

3.–Matrikulari uko egitea.

3.1. Edozein ikaslek eska diezaioke, martxoaren 31ra arte, bere espediente akademikoan agertzen den hizkuntza eskola ofizialeko zuzendaritzari kasuan kasuko matrikulari uko egitea.

3.2. Ukoa tramitatu ondoren, matrikulari egindako ukoa ikaslearen espediente akademikoan jasota geratuko da eginbide baten bidez, eta ulertuko da ikasturte hori ez dela zenbatuko ikasturtea errepikatzearen ondorioetarako.

3.3. Irakaskuntza hauek dituzten kurtsoetako bakoitzean behin baizik ez zaio uko egiten ahalko matrikulari.

3.4. Orobat, dokumentu bidez justifikatzen ahal bada, hutsegite justifikatuei dagokienez asistentziari buruzko araudiak ezartzen dituen irizpideak betez, ukoak bide ematen du ikaspostu bat erreserbatzeko hurrengo ikasturtean; hala, zer matrikulari egin zaion uko, horren mailan eta hizkuntzan matrikulatzen ahalko da ikaslea, ekainean gainditu duten ikasleentzat irekitzen den epe berean.

3.5. Edozein kasutan, matrikula deuseztatzeak ez du berekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea baldin eta eskaera egiten bada eskolak hasita daudela.

4.–Matrikularen lekualdaketa.

Ikasturtea bukatu gabe beste eskola batera aldatzen den ikasleak jatorrizko eskolak emandako egiaztagiri akademiko bat aurkeztu beharko du, eta jatorrizko eskolak ikaslearen espediente akademikoa bidaliko dio destinoko eskolari, azken honek eskatuta. Matrikula behin betikotzat joko da destinoko eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen komunikazioa jasotzen dituen unetik aurrera.

5.–Ikasle ofizialen bertaratzea.

5.1. Ikasle ofizialen eskubide eta betebeharra da eskoletara joatea, eta ezin da inola ere ezarri borondatezko bertaratzea duen sistemarik.

Ikasleei gutxienez %70eko bertaratzea eskatuko zaie hizkuntza horretan ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidea izateko. Bestela, eskubide hori galduko da.

5.2. Horretarako, irakasle guztiek egunero kontrolatuko dute ikasleak eskolara joaten diren ala ez, eta hutsegiteen egoera-orria beteko dute.

5.3. Ikasleek beren hutsegiteak kontsultatzen ahalko dituzte hilero Erabiltzaileen gunean. Ikastetxeko zuzendaritzak, azaroan eta ikasturtearen bukaeran, argitara emanen du onartutako hutsegiteen kopurua gainditu duten ikasleen zerrenda.

5.4. Zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, ikasleek osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dituzte, behar bezala justifikatuak, Eskola Kontseiluak balora ditzan. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, honako hauek ere onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo erakundeetan aritzeko bekak edo kontratuak eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako heziketa zikloetako lan praktikaldiak), laneko oporrak, ezkontzagatiko lan baimena, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.

5.5. Eskolak hasten direnetik azaroaren 15era bitarteko epean justifikatu gabeko absentziak 14 ordu edo gehiago badira (6 ordu ikastaro erdipresentzialetarako), ikasle ofizialaren izaera galduko da, baina ez azterketa egiteko eskubidea. Zuzendaritza taldeak ikasturte hasierako absentziak kudeatuko ditu, eta kasuan kasuko ziurtagiriak eskatuko ditu, hala badagokio ikaspostu hutsak matrikula berriei esleitzeko.

6.–Ikasle libreen inskripzioa.

Maila bakoitzaren ziurtagiriak lortzeko, ikasle libreek inskripzioa egin beharko dute, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen modu, baldintza eta egunetan.

7.–Ebaluazioa.

7.1. Ebaluazioari esker ikasleak zenbat aurreratzen duen neur daiteke, eta, orobat, proposaturiko helburuak lortzeko eta zuzentzeko neurriak hartu. Hori horrela, eta horren garrantzia kontuan hartuta, departamentu didaktikoetako irakasleek hasierako ebaluazio bat eginen dute ikasturtea hastean, beharrezkoa den informazioa jasotzeko ikasleen ezaugarriak eta ezagutzak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari egokitzeko. Gainera, ebaluazio etengabea eta diagnostikoa eginen da ikasleen ikaskuntzari buruzko informazioa biltzeko behaketa sistematikoaren bidez, lanak baloratuz eta proba espezifikoen bidez.

Irakasleek proposatzen ahalko diete ezagutza eta gaitasun desberdinak dituzten ikasleei, hasierako ebaluazioaren bidez, beste maila batera pasatzeko, ikaspostu hutsik baldin badago. Hasierako ebaluazio horrek ez du eraginik izanen espediente akademikoan.

7.2. Horretarako, kontuan hartuko da programazio didaktikoek hizkuntza jarduera bakoitzaren edukiak, helburuak eta ebaluazio irizpideak dauzkatela abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezartzen duen curriculumeko ikasmaila bakoitzerako.

7.3. Ebaluazio agiri ofizialak espediente akademikoa eta kalifikazio aktak dira, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarri bezala.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Goragoko ikasmaila batera igotzeko edozein ikasmailatatik, ebazpen honen 10. artikuluan zehazten diren agiri ofizialetan jaso beharko da hizkuntza jardueren kalifikazio osoa, “Mailaz igotzen da” eta zenbakizko nota edo “Ez gai” adieraziz.

8.2. Horretaz gain, A1 oinarrizko mailaren, A2 oinarrizko mailaren, B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren ziurtagiriak lortzeko, kasuan kasuko proba egitean indarra duten zehaztapenak betez, foru agindu honen 7.3 artikuluan zehazten diren agiri ofizialetan jaso beharko da hizkuntza jardueren kalifikazio osoa, “Mailaz igotzen da” eta zenbakizko nota, “Ez gai” eta “Aurkeztu gabea” adieraziz.

9.–Mailaz igotzea eta irautea.

9.1. Deialdien muga: Oinarrizko maila, B1 tarteko maila, B2 tarteko maila, C1 maila aurreratua eta C2 maila aurreratua gainditzeko, ikasleek ikasturte kopuru jakin bat izanen dute, alegia, maila bakoitzerako agintzen direnen bikoitza.

MAILA

KURTSOA

DEIALDIEN MUGA

Oinarrizkoa

A1

4

A2

B1 tarteko maila

B1

2

B2 tarteko maila

B2.1

4

B2.2

C1 maila aurreratua

C1

2

C2 Aurreratua

C2.1

4

C2.2

9.2. Ikasle bat zuzenean maila bateko bigarren kurtsora igotzen bada, eskubidea izanen du lehendabiziko kurtsoa urte batean gainditu dutenek bezainbeste aldiz egiteko ikasketa horiek.

9.3. Maila epe horietan gainditu ezean, hizkuntza horretako ikasle ofizialaren izaera galduko da, eta ikasle berri gisa inskribatzeko prozesuari ekin beharko zaio.

10.–Ziurtapen probei buruzko zehaztapen orokorrak.

10.1. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen maila bakoitzaren ziurtapen proba bateratuetako azterketen zehaztasunak Hezkuntza Departamentuak helburu horrekin argitaratzen dituenak izanen dira.

10.2. Hezkuntza Departamentuak argitara emanen ditu maila bakoitzaren azterketen izangaientzako zehaztapenak, baita proben ereduak ere, Hezkuntzaren Atariaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/.

10.3. Izangaientzako zehaztapenez gain, Hezkuntza Departamentuak beste batzuk ere ezarriko ditu proben prestaketa eta aplikazioa zehazteko xedearekin.

11.–Araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzetako mailen ziurtapena.

11.1. Mailen ziurtapena egiteko, berariazko proba bat gainditu beharko da; hori gainditzeak bermatuko du abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak eta indarreko zehaztapenek ezartzen duten curriculumean maila horretarako aurreikusirik dauden helburuak lortu direla.

11.2. Modalitate ofizialean, A2 oinarrizko mailaren ziurtagiria etengabeko ebaluazioaren bidez ere lortzen ahalko da. Gainera, A2 oinarrizko mailako ikasle ofizial batek etengabeko ebaluazioaren bidez gainditzen ez badu ikasturtean berariazko azken probako hizkuntza jardueraren bat, deialdi berezian aurkezten ahalko da horretara.

11.3. B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, proba bakarra izanen da maila ziurtatzeko, eta gutxienez urteko deialdi batean aplikatuko da hizkuntza eskola ofizialetan. Horretarako, hizkuntza bakoitzeko proba aldi berean aplikatuko da deialdi bakarrean, salbu ahozko adierazpenaren proba, horretarako egutegi bat prestatuko baita.

11.4. Antolaketa dela eta, behin Hezkuntza Departamentuak kalkulatuta zer behar dauden, egun desberdinak zehazten ahalko dira testu idatzien produkzioko eta koprodukzioko hizkuntza jarduerak eta idatzizko bitartekaritzakoak egiteko, zeinak ebazpen bidez urtero ezartzen den ziurtapen proben egutegian sartuko baitira.

11.5. Hizkuntzaren jarduera guztietan kalifikazio orokor positiboa izateak eskubidea emanen du dagokion ziurtagiria eskuratzeko. B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, ikasle batek lortzen ez badu gaitasun orokorreko ziurtagiria, gainditutako jardueren ziurtagiria eska dezake, probak egin eta 30 eguneko epean.

11.6. Hezkuntza Departamentuak eratu eta koordinatuko ditu prestaketa, balorazio eta pilotaje batzordeak, ziurtapen probak prestatzen dituztenak indarrean dauden zehaztapenekin bat.

11.7. Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak zehaztuko ditu probak aplikatu eta kalifikatu eta gero emaitzen ebaluazio bat egin ahal izateko, eta, horrela, ondorengo proben antolamenduan eta prestakuntzan behar diren hobekuntzak eta zuzenketak egin ahal izateko.

12.–Informazioa jasotzeko bidea eta erreklamazioak.

12.1. Ebaluazio prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ikasleak kurtsoaren helburuak, edukiak, ebaluatzeko eta kalifikatzeko irizpideak, ebaluazio prozedurak, eskatzen zaizkion gutxienekoak eta abar ezagutzeko eskubidea izanen du.

12.2. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko, 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluak araututako prozesuari jarraituko zaio.

Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.

V.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. ECOEDUCA kontabilitate sistema

Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.

1.–Educa koordinazioa.

Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Zuzendaritza taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeatzaile lanetan hasten diren pertsonek Educa ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei Educa plataformaren berri emateko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak Educaren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan erabiliko ikasleekin. Posta-kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Google-ko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educatik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio Educaren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeei gogorarazten diegu EDUCAk gaituak dituen funtzio guztiak erabiltzea komeni dela. Horien artean, nabarmentzekoak dira honako hauek: ikasleen jarraipena egitea, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua), eta informazio garrantzitsua.

2.–ECOEDUCA kontabilitate sistema.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketako kontu korrontearen diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek gastua justifikatzeko dokumentu-euskarria izanen dute beti; batez ere, ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

VI.–Antolaketari dagozkion alderdiak

1.–Laneko arriskuen prebentzioa.

Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileren bati erasotzen diotenean, ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo bat dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturte hasierako berariazko bilera batean.

Kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive, etab.

Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

2.–Kalitatea kudeatzeko sistema.

Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.

IKKS 2020 Araua aplikatzeko proposamena eta, orobat, ikastetxeetako kalitatea kudeatzeko sistemen ebaluazioa Hezkuntza Departamentuko zerbitzuekin batera egiten da, lankidetza estuan.

2.1. IKKS 2020 araua.

Ikastetxeak kudeatzeko sistemek IKKS 2020 Araua beteko dute, abuztuaren 27ko 71/2020 Foru Aginduaren bidez onetsi zena.

2.2. Prestakuntza-saio laburren bidezko prestakuntza.

Prestakuntza-saio laburretan oinarritutako prestakuntza eskainiko da, IKKS 2020 Arauaren atalekin lotua. Kalitatearen gaineko prestakuntza plana Kadinet-en web-orrian argitaratuko da.

Jarraituko da baliabideak eta tresnak garatzen ikastetxeetako kalitatea kudeatzeko sistemak IKKS 2020 Araura egokitzeko.

Baliabide horiek Recursos Norma SGCC 2020 / Baliabideak IKKS 2020 Araua web-orrian argitaratuko dira, eta programan parte hartzen duten ikastetxeetako pertsonen eskura jarriko dira, “educacion.navarra.es” domeinuko posta-kontuaren bidez.

2.3. Ikastetxeen konpromisoak.

Zuzendariak ikastetxearen KKSa etengabe garatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartuko du, eta ikastetxearen KKSaren autodiagnostikoa egitearen arduraduna izanen da.

Programan parte hartzen duten ikastetxeek Klaustroko kide bat izendatuko dute kalitate arloko arduradun. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.

Kalitate arduraduna Kalitatea Kudeatzeko Sistema ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak antolatuta eta eskuragarri mantenduko ditu.

Zuzendariak eta kalitate arduradunak, gutxienez, Kalitate Bulegoak antolatutako prestakuntza espezifikoan parte hartu beharko dute, eta ikastetxeak behar den lana egiteaz arduratuko dira, Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren ezartze eta mantentze mailaren arabera.

Programan parte hartzen duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeetako karguetan eta kalitate arduradunen karguetan lehen aldiz dauden pertsonek ikastetxean ezarritako KKSa ezagutzeko prestakuntza espezifikoa egin beharko dute.

2.4. Kalitatea kudeatzeko sistemaren kanpo ebaluazioak.

Kalitatea kudeatzeko sistemaren kanpo ebaluazioak kanpo auditoretzen bidez eginen dira, eta ikastetxeentzako prestakuntza izaera izanen dute.

2022-2023 ikasturtean “Kalitatezko Ikastetxea” edo “Ikastetxe Bikaina” aintzatespenak eskuratu edo berritu nahi dituzten ikastetxeak IKKS 2013 Arauari jarraituz ebaluatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2209422