156. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

189/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 11koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordea arautzen duena.

HITZAURREA

Gazteriaren 2020 - 2023 Foru Estrategiak ikuspegi deszentralizatu eta kolaboratiboa hartu du tokiko gazteria zerbitzuekiko lankidetza zabaltzeko, kontuan hartuta lurralde kohesioak zeharkako ardatz bat izan behar duela, Nafarroako lurralde osoko gazteen bizi kalitatea hobetzeko.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluak gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Eskumen horren babesean hainbat arau onetsi dira, eta haien artean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea nabarmentzen da. Foru lege horren xedea da gazteriaren arloko politika berariazkoa arautzea, bai eta zeharkako politika bat ere, Nafarroako gazteria hartzaile izanen duena.

Gazteentzako politiken zeharkakotasuna ezinbesteko ezaugarria da politika horiek benetan eraginkorrak izan daitezen, eta Nafarroako administrazio guztien lankidetza eskatzen du, batez ere toki esparruan, kontuan hartuta Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 7. artikuluak ezartzen duela Nafarroako toki-erakundeek dituztela beren lurralde eremuko gazteriaren arloko eskumenak.

Horrekin lotuta, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 6.3 artikuluak zehazten du gazteriaren arloko departamentu eskudunak Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen funtzioak, osaera eta funtzionamendu arauak sortu eta erregelamenduz zehazten ahalko dituela, gazteriaren arloko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki-erakundeen arteko lankidetza administratiboko organoa baita.

Gazteentzako politiken izaera dela eta, beharrezkoa da batzordea eratzea eta arautzea, batetik, toki-erakundeen parte-hartzea handitzeko eta, bestetik, sarean lan egiteko sistema bat sustatzeko toki mailan, hartara jarduera iraunkorrago, egonkorrago eta espezializatuagoa dinamizatuko duten lan batzordeak sortu ahal izateko.

Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Institutua organismo autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak 16.d) artikuluan aipatzen du gazteriaren arloan lankidetza eta elkarrizketa sustatzea toki-erakundeen, eragile ekonomiko eta sozialen, gazteriako profesionalen eta arloan eskumena duten beste erakunde garrantzitsu batzuen artean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendu arauak arautzea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

1. Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki-erakundeen arteko lankidetza administratiboko kide anitzeko organoa izanen da, eta gazteei zuzendutako tokiko politikak koordinatzeaz eta sustatzeaz arduratuko da.

2. Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen helburua da Foru Komunitateko Administrazioaren eta toki-erakundeen arteko koordinazioa sustatzea gazteriaren arloan, eta lankidetza kanal bat eskaintzea Nafarroako gazteei zuzendutako politikak toki mailan osoki garatzea ahalbidetzeko.

3. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitzen zaio Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordea, baina ez da sartzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordeak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen II. kapituluko 3. ataleko 1. azpiatalean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoari jarraituko dio, eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen IV. kapituluan, foru agindu honetan eta, hala badagokio, bere barne funtzionamenduko erregelamenduan xedatutakoari.

5. artikulua. Eginkizunak.

1. Eginkizun hauek ditu Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordeak:

a) Nafarroako toki-erakunde guztietan sustatzea gazteentzako politikak bultza ditzaten eta horiek unean-unean kolektiboaren ezaugarrien arabera bidera ditzaten.

b) Administrazioetan egiten diren jarduerak ezagutzea, koordinatzea eta haietaz txostena egitea gazteengan eragina duten gaiei dagokienez.

c) Nafarroako Gazteriaren Institutuak urtero egiten dituen deialdiei eta programei buruzko informazioa jasotzea.

d) Behar diren berariazko batzordeak sortu eta sustatzea gazteriaren arloko tokiko politikak bideratzeko, bai eta berariazko batzorde horietan egiten diren txostenak onestea ere.

e) Komenigarriak iruditzen zaizkion neurriak proposatzea gazteria eta gazteek udal mailan bizitza politiko, kultural, ekonomiko eta sozialean izan beharreko parte-hartzea sustatzeko eta bultzatzeko.

f) Beste administrazio publiko batzuetan antzeko helburuak dituzten entitate eta organoekin komunikazioa, harremanak eta trukea sustatzea.

g) Gazteek parte hartzeko batzordeak eta/edo gazteriaren kontseiluak tokiko eta/edo eskualdeko mailan sor daitezen sustatzea eta erraztea.

h) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarrean dagoen antolamendu juridikoarekin bat.

2. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, beharrezkoa den informazioa eskatzen ahalko dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari.

6. artikulua. Osaera.

Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordeko kideak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari-kudeatzailearen ebazpen bidez izendatuko dira, eta, kasu orotan, gizon eta emakumeen presentzia orekatua bermatuko da berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera. Honako kide hauek osatuko dute batzordea:

1. Batzordeburua: Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari-kudeatzailea.

2. Batzordeburuordea: Gazteriako zuzendariordea.

3. Idazkaria: Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko buruak.

4. Epaimahaikideak:

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuko teknikarien bi ordezkari.

b) Nafarroako toki-erakundeen bost ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak.

c) Gazte bat, Nafarroako Gazte Kontseiluaren ordezkari, Kontseiluak proposatuta.

Toki-erakundeen ordezkaritzak Nafarroako udal errealitatearen aniztasuna islatu beharko du.

Batzordeko kideak, kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, indarreko araudiari jarraikiz dagokion pertsonak ordezkatuko ditu.

7. artikulua. Lehendakaria.

Batzordeburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

c) Batzordeko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Batzordeburu karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Postua hutsik dagoenean, batzordeburua kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez batzordeburuordea arituko da.

8. artikulua. Idazkaria.

Batzordeko idazkariaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea, batzordeburuak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea; beraz, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu beharrekoa den beste edozein idazki.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta osoko bilkuretako aktak egitea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Osatzen diren berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

g) Batzordearen erabakiak betearaztea.

h) Batzordeko idazkari karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Bokalak.

Batzordeko kideei eginkizun hauek dagozkie:

a) Bilkuretako gai-zerrenda jasotzen duen deialdia garaiz hartzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, baita botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere, bozketetan abstenitu gabe.

d) Eskaerak eta galderak egitea.

e) Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne, garaiz jasotzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

10. artikulua. Funtzionamendua.

Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordeak funtzionamendu organo hauek ditu:

a) Osoko bilkura.

b) Berariazko batzordeak.

11. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Batzordearen Osoko Bilkurak, gutxienez, urtean behin eginen du ohiko bilkura, eta bilkura berezia, berriz, batzordeburuak erabakita idazkariak horretarako deialdia egiten duenean. Txandaka aldatzen ahalko da bilkurak eginen diren lekua.

2. Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik badago, batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

3. Batzordekideez gain, osoko bilkurara agertzen ahalko dira landu behar diren gaietan lanbide gaitasun ezaguna duten pertsonak ere, batzordeburuak gonbidatuak. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

4. Osoko Bilkuretarako deialdiak, ohikoak zein bereziak, gutxienez zazpi egun lehenago eginen dira. Deialdiari, jorratu beharreko gaien zerrenda erantsiko zaio, bai eta behar den dokumentazioa ere.

5. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, batzordeko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

6. Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen eraketa, Osoko Bilkuran edo berariazko batzordeetan, baliozkotzat jotzeko, bilkurak eta gogoetak egitearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, beharrezkoa izanen da batzordeburua eta idazkaria bertan egotea, edo haiek ordezten dituztenak, bai eta, gutxienez, kideen erdiak ere lehenbiziko deialdian, edo kideen herenak bigarren deialdian.

7. Batzordearen bilkuretako eguneko gai-zerrendan landu beharreko gaiak sartzeko, kideen herenaren proposamena beharko da gutxienez. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.

12. artikulua. Berariazko batzordeak.

1. Osoko Bilkurak berariazko batzordeak eratzea erabaki dezake, Osoko Bilkurak berak aginduko dizkien gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

2. Eratzeko akordioan haien eginkizunak, osaera, funtzionamendua eta iraunaldia zehaztuko dira.

3. Batzordeen lana txosten batekin bukatuko da. Bertan, jarduketa proposamenak jasoko dira, eta Osoko Bilkurara igorriko da, hartan eztabaidatu eta bozkatzeko.

13. artikulua. Agintaldia.

Batzordearen osaera legegintzaldi bakoitzaren hasieran eguneratu beharko da. Nolanahi ere, kideek kargua uzten ahalko dute honako arrazoi hauengatik:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak proposatzea.

c) Uko egitea eta batzordeburuak onartzea.

d) Batzordeburuak erabakitzea, elkarren segidako bi bilkuratara arrazoirik gabe ez agertzeagatik edo karguaren eginkizunak ez betetzeagatik.

14. artikulua. Giza baliabideak eta baliabide materialak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak emanen dizkio Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordeari beren eginkizunak betetzeko, gastu publikoa handitu gabe.

15. artikulua. Ordainsariak.

Batzordeko kideek egiten dituzten zerbitzuak doakoak izanen dira, eta, horrenbestez, ez dute dietarik edo bestelako ordainsaririk jasotzen ahalko Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen kargura.

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko eta aplikatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileari gaikuntza ematen zaio foru agindu hau garatu eta aplikatzeko behar diren egintza guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko uztailaren 11n.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2209929