155. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BAZTAN

Deialdia, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko langileriaren administrazioko teknikariaren lanpostu bat

Deialdia, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko langileriaren administrazioko teknikariaren lanpostu bat (B maila/taldearekin parekatua), aldi baterako, lan-kontratudunen araubidean, lanpostua bete edo amortizatu arte. Euskarazko C1 maila izan behar da, ahozkoan eta idatzian.

Baztango Udaleko alkate Joseba Otondo Bikondoak, Alkatetzaren 2022ko uztailaren 21eko 124/2022 Ebazpenaren bidez, xedatu du hasiera ematea hautaketa-prozedura bati, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko langileriaren administrazioko teknikariaren lanpostu bat (B maila/taldearekin parekatua), aldi baterako, lan-kontratudunen araubidean, lanpostua bete edo amortizatu arte. Euskarazko C1 maila izan behar da, ahozkoan eta idatzian.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Baztanen, 2022ko uztailaren 21ean.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea langileriaren administrazioko teknikariaren lanpostu bat (B maila/taldearekin parekatua), aldi baterako, lan-kontratudunen araubidean, lanpostua bete edo amortizatu arte. Euskarazko C1 maila izan behar da, ahozkoan eta idatzian.

1.2. 2022ko plantilla organikoan, zeina onetsi baitzen apirilaren 28ko Osoko Bilkurak hartutako erabakiaren bidez, B mailan sartu zen langileriaren administrazioko teknikariaren lanpostu bat. Maila horretan sartu da, Udalak 2021ean egindako eginkizunen azterketaren ondorioz.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, aipatutako lanpostuan aritzeko proposatzen den izangaia sartuko da B mailan/taldean, eta jasoko ditu plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak.

1.4. Oposizio-lehiaketa puntuazio handienarekin gainditzen duen izangaia hautatuko da.

1.5. Hautatutakoak beteko du giza baliabideetako teknikariaren lanpostua, eta eginen dituen lanak eta eginkizunak egokituko zaizkie deialdiko mailari eta kategoriari eta eskatutako ikasketa mailari.

Lanpostuaren eginkizunei dagokienez, lan hauetaz arduratuko da, besteak beste: aholkularitza juridikoaren alorrari laguntzea (idazkaritza), langileriaren administrazioa (nominak, kontratazioa, gizarte aseguruak, pentsioak, ezintasuna, fitxaketen kontrola eta abar), bere arloko aholkularitza teknikoa (langileen eskaerak aztertu eta ebazpenak proposatzea, akordio kolektiboa –halakorik bada– aztertu eta aplikatzea, errekurtsoak aztertu eta ebazpenak proposatzea, espedienteak egin, konfiguratu eta izapidetzea eta abar), segurtasunaren eta osasunaren arloko koordinazioa, eta lanpostuaren helburuak lortzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun, betiere bat baldin badator bere titulazioarekin, gaitasunarekin eta mailarekin.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urteak beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Titulu hauetako bat izatea: gizarte-gradua; lan-harremanetako gradua; giza baliabideetako eta lan harremanetako gradua; laneko zientzietako, lan-harremanetako eta giza baliabideetako gradua; laneko zientzietako lizentzia bat, edo baliokide bat. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Euskaraz jakitea. C1 tituluaren bidez (EGA edo baliokidea) frogatuko da, edo azterketa berariazko bat eginez.

f) Ez egotea desgaiturik edo gabeturik eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea bereizirik administrazio publiko baten zerbitzutik.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, aurkeztu beharko da itunaren frogagiria.

2.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Baztango Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak (Foru plaza), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein bide erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea). Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik, eta interesdunak horren berri emanen dio Baztango Udalari, helbide elektronikoa erabiliz (baztan@baztan.eus), betiere ezarritako epearen barnean.

3.2. Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari egokituko zaizkio. Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.baztan.eus helbidean. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak deialdian parte hartzeko.

3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak:

–Nortasun Agiri Nazionala.

–Eskatzen den titulazioa, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela frogatzen duen agiria.

–Baloratuko diren merezimenduak frogatzeko agiriak.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria, organo eskudunak emana. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Behin-behineko zerrendak. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Baztango Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Baztango Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.baztan.eus). Izangai bazterturik ez bada, besterik gabe onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko gisa.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean (www.baztan.eus). Ebazpen horretan bertan zehaztu daiteke probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Azterturik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana, atzemanez gero ez dutela betetzen eskatutako baldintzetako bat, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Joseba Otondo Bikondoa, Baztango Udaleko alkatea.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Xabier Maia Etxeberria, Baztango Udaleko alkateordea.

1. epaimahaikidea: Iñigo Iturralde, Baztango Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaikidea: hura legez ordezten duena.

2. epaimahaikidea: Oianko Garde Jaunsaras, Baztango Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaikidea: hura legez ordezten duena.

3. epaimahaikidea: Ana Larruy Alaña, Baztango Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Elena Urtasun Lasa, Baztango Udaleko langileen ordezko ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Iulen Urbiola Loyarte, Baztango Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: hura legez ordezten duena.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errekusatzea, baldin gertatzen bada aipatu diren egoera horietakoren bat (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Udalaren webgunean (www.baztan.eus) eta iragarki-taulan iragarriko da oposizio-lehiaketa zein egun, ordu eta tokitan hasiko den; aurreikusten da oposizioko probak 2022ko irailetik aitzina hasiko dela.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren iragarriko ditu gainerako probak. Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa izanen da izangai bakoitzak bi faseetan erdietsitako puntuazioa, batuta. Gehienez bi dezimal baloratuko dira.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3.2. Merezimenduen baremoa:

a) –Langileriaren administrazioko teknikariaren lanetan, Nafarroako toki-erakunde batentzat, emandako urte bakoitzeko: 4 puntu urteko.

–Langileriaren administrazioko teknikariaren lanetan, entitate pribatu batentzat, emandako urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, izangaiei proportzioan dagokien puntuazioa emanen zaie, zerbitzua emandako egunen arabera; 365 egun urtean.

Aurreko bi atalen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

b) Prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik, betiere lanpostuaren eginkizunekin loturik eta behar bezala frogatuta: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta 10 puntu gehienez.

6.3.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez.

6.3.4. Lehiaketaldia bukaturik, izangai bakoitzaren puntuazioa jendaurrean paratuko da, iragarki-taulan eta Baztango Udalaren webgunean.

6.4. Oposizioaldia.

6.4.1. Lehen ariketa, teoriko-praktikoa: gai zerrendako gaiei buruzko 40 galderari erantzutea idatziz (deialdiaren II. eranskina). Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Okerrek zehapena ekarriko dute: oker bakoitzeko, galderaren balioaren laurden bat. Lehen ariketa egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

6.4.2. Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat egin, deialdiaren xede den lanposturako espezifikoa. Betiere, ariketak xede izanen ditu lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik-norakoak, eta hura prestatzeko II. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat.

Hurrengo probara (elkarrizketa) iraganen dira aurreko probetan puntuazio hoberena ateratako 10 lagunak.

6.4.3. Elkarrizketa. Ez da baztergarria izanen, eta 10 puntu emanen ditu gehienez.

6.4.4. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du lehendabiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea, baldin eta bigarren ariketako kasu praktikoak idatziz erantzutekoak badira. Bi ariketak batera eginez gero, lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da kasu praktikoa zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

6.4.5. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 40 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 20 puntu gehienez.

–Elkarrizketa, 10 puntu gehienez.

Elkarrizketa kenduta, oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.4.6. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera, Baztango Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.

7.2. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari igorriko dio izendapen proposamena, gainditu duen eta deialdiko lanpostuan sartzen den izangaiaren alde, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

7.3. Probak gainditu dituztenekin izangaien zerrenda bat eginen da, aldi baterako beharrak betetzeko eta ordezkapenak egiteko. Poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.

Lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautaketa-prozedura bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, izendatu dadin oposizioaldia gainditu eta oposizio-lehiaketan puntuazio handiena (guztia batuta) lortu duen izangaia.

8.2. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean formalizatu beharko du kontratua izendatutakoak. Aipatutako epean jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, hurrengo izangaiari eskainiko zaio lanpostua, puntuazio-ordenaren arabera.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (DOC).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

2.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, arauak ezartzen dituena langileak administrazio araubidean kontratatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan.

3.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua.

4.–215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua.

5.–158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua.

6.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.

7.–117/1985 Foru Dekretua, ekainaren 12koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen diziplina araubidearen erregelamendua.

8.–30/1995 Foru Dekretua, otsailaren 13koa, erregelamendua onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako.

9.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: VII. titulua (Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak).

10.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, onesten duena Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina: I. titulua eta III. titulua. I. kapitulua.

11.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

12.–Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina. I. titulua. Gizarte Segurantzaren sistemako arau orokorrak. I. kapitulutik IV.era, biak barne. II. titulua. Gizarte Segurantzako araubide orokorra, I. kapitulutik X.era, biak barne.

13.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua, III. titulua (artikuluak: 13, 16, 17, 19, 20, 21, 22, 24) eta IV. titulua (III. kapitulua, 1. atala, 44. artikulua).

14.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa. Atariko titulua, II. titulua (I. kapitulua, 11. eta 12. artikulua).

15.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa. I. titulua (3., 4. eta 6. artikuluak) IV. titulua (I. eta II. kapituluak, 48. eta 49. artikuluak), X. titulua (74. artikulua).

16.–Gatazkak kudeatzeko teknikak. Lanpostuen deskripzioa eta balorazioa. (Lanpostuak baloratzeko prozesua eta metodologia). Beharren diagnostikoa eta prestakuntza plana egitea. (Prestakuntza plana diseinatzea, planifikatzea eta ebaluatzea). Gomendatutako bibliografia, Valoración de puestos de trabajo; M. Fernández de los Ríos eta J.C. Sánchez. Argitaletxea: Díaz de Santos. Ingeniería y evaluación de los planes de formación. Guy Le Boterf. Ediciones Deusto.

(Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera).

III. ERANSKINA

Poltsa arautzen duen araudia

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

Zerrenda honetan sartuko dira hautaprobak gainditu bai baina lanposturik gabe gelditu diren izangaiak. Lanpostua lortzen ez duten izangaien zerrenda hauetan lehentasuna finkatzeko, jarraituko zaio sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazioari, handienetik txikienera. Berdinketarik izanez gero, lanpostua ebatziko da Udalak eginen duen zozketaren bidez.

Aldi baterako kontratatzeko prozesuaren kudeaketa

Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

2. Izangaiak honela lokalizatuko dira:

–Kontratazioa presakoa ez bada, lokalizatzeko lau saio eginen dira 2 egunean.

–Lanpostuan beranduenez bi egunetan hasi behar bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira egun berean, tartean gutxienez 2 ordu utzita.

–Lanpostuan gehienez 24 orduren buruan hasi behar bada, izangai guztiei segidan deituko zaie, une horretan kontratazio zerrendan duten hurrenkeraren arabera, harik eta proposatutako kontratua onartzeko izangaia aurkitu arte.

3. Lokalizatzeko lehen saioa telefonoz deituta eginen da, eta bigarrena, beharrezkoa balitz, mezu elektronikoa bidalita.

4. Betiere, dei bakoitza artxibo batean jasoko da, adierazia hura zer egoeratan, zer egunetan eta zer ordutan egin den. Langileen ordezkariek sarbide zuzena izanen dute artxibo horretara.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa/k denari/direnei deituko zaio/e, harik eta eskaintzen den/diren lanpostua/lanpostuak bete arte. Izangai batekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuen postuari eutsiko dio.

6. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta ez den gutxienez 6 hilabeteko kontratuetarako edo lanpostu hutsak betetzeko, edo lanaldia luzatzeko.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangaia lanpostuan aritu bada aldi baterako kontratu baten bidez eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barnean, baimentzen bada antzeko lanpostu bat aldi baterako betetzea, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, dei egiten zaion mementoan baldintza hauek betetzen badira:

a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea guraso izateagatik edo adoptatzeagatik.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Kasu guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, ukoaren lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita.

Zerrendetatik baztertzea

Honako hauek izanen dira izangaiak deiari dagokion zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozteko moduko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea, baldin aurretik zerbitzuaren arduradunak txosten arrazoitua egiten badu, eta langileen ordezkariekin adosten bada.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, nahiz eta behin eta berriz egin kontratatzeko deiak, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez.

f) Lanpostua uztea.

g) Kontratua azkentzea diziplina espediente baten tramitazioaren ondorioz, baldin bukatzen bada azkentzea onesten duen ebazpen irmo batekin.

h) Kontratua akitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa; hain zuzen, kontratatzen den langileak ez izatea lanpostuan aritzeko gaitasunik edo ez egokitzea, baldin horrek berekin badakar errendimendu eskasa, galarazten duena lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea. Betiere, behar dira zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta adostasuna langileen ordezkariekin.

Iragarkiaren kodea: L2210277