153. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

100E/2022 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako artisautza enpresen sustapenerako dirulaguntzen 2022ko deialdia. DDBN identifikazioa: 637012.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak, artisautza sektorearen espezifikotasuna kontuan hartuta, funtsezkotzat jotzen du sektoreko enpresak bultzatzen jarraitzea eta, horretarako, laguntza-neurri batzuk ezartzea enpresen garapena indartzeko, merkataritza-sustapenerako egiten dituzten jarduerak bultzatzeko eta haien lanbide-gaikuntza hobetzeko.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazten dira portzentaje bat aplikatuz jarduketa diruz lagungarrietarako gastuari, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski portzentaje horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 55.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko. Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83100-4701-431402 partida, “Artisautzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Nafarroako artisautzaren sustapena eta prestakuntza” izenekoa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kabineteari igortzea.

6. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko uztailaren 1ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia. Maitena Ezkutari Artieda.

NAFARROAKO ARTISAUTZA ENPRESAK SUSTATZEKO DIRULAGUNTZEN 2022KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Nafarroako artisautza enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea du xede deialdi honek, haien lehiakortasuna bultzatzearren, haien produktuak merkaturatu eta sustatzeko jarduerak bultzatuz, bai eta haien langileen prestakuntza maila hobetzen duten jarduerak ere, enpresak garatu eta indartze aldera.

Dirulaguntzen onura publikoa artisautza enpresak eta horien produktuak sustatzean datza, horrela sektorea dinamizatzeko eta indarberritzeko; izan ere, beharrezkoa da artisautza bizirik mantentzea eta hura dinamizatzea, gizartea kulturalki aberasten baitu, eta Nafarroako ondare immaterialaren zati garrantzitsu bat osatzen baitu. Gainera, artisautzari aitortza egitea ere sustatzen da, artisautzak berekin baitakar tradizioa, kalitatea, diseinua eta benetakoak, bakarrak eta jatorrizkoak diren produktuak eskuz egitea, industrialki, seriean edo mekanikoki egindako produktuen aldean.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

55.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

3. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea.

Jarduketak 2021eko azaroaren 13tik 2022ko azaroaren 11ra bitarte gauzatu beharko dira, egun horiek barne. Ondorio horietarako, ulertuko da jarduera gauzatu dela epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte bat eratzen duten eskatzaileek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko egoeraren batean daudenek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Gainera, berariazko betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.4. Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan izena emanda egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Erregistro hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dago.

1.5. Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa bat dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea.

1.6. Hala badagokio, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik aurkeztu izana artisau enpresaren izaera berritzeko eskaera.

1.7. Eskaera aurkezten den egunean Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, artisautzako jardueran aritzeagatik dagokion araubidean.

1.8. Zer nolako heldutasun digitala duten zehazteko autoebaluazioko galdetegia erantzutea. Galdetegi hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroan aurreikusitako jarduketa bat da, eta online plataforma honetan bete daiteke:

https://autodiagnosticocomercio.navarra.es/gnautoevalua/

Autodiagnostiko hori egiteko azken eguna laguntza-eskaera aurkezten den eguna izanen da; bestela, eskatutako laguntza ukatu eginen da.

Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du baldintza hori betetzen den, eskatzaileak inolako agiririk aurkeztu beharrik gabe.

2. Berariazko betebeharrei eustea.

Artisau enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoan bete beharko dituzte enpresek. Horrenbestez, artisau enpresek baldintza horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.

Halaber, enpresa Gizarte Segurantzan alta emanda egondako epeen barruan egindako jarduketak baizik ez dira onartuko.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko ezarritako epearen barruan Gizarte Segurantzan alta emanda egoteko gutxieneko epea 6 hilabete da.

3. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da eskatutako betebehar orokorrak betetzen direla, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du berariazko betebeharak betetzen direla.

5. oinarria. Jarduketa mota diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Jarduketa mota diruz lagungarriak.

Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.

b) Sustapen eta publizitateko jarduketak.

c) Berariazko prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea.

d) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak.

2. Jarduketa mota bakoitzaren arabera diruz lagungarriak diren gastuak:

a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.

a.1) Azoka edo erakusketa bakoitzeko, gastu hauek dira diruz lagungarriak:

–Inskripzioa eta lekuaren eta standaren alokairua.

–Standa muntatu, apaindu edo instalatzeko gastuak. Erakustoki, saltoki edo standetan erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatu eta errotulatzeko gastuak diruz lagungarriak izanen dira; zehazki, diseinuari, produkzioari eta inprimatze prozesuei edo antzekoei buruzko gastuak onartuko dira, bai eta lan horiek egiteko euskarria edo materiala erostekoak ere.

–Materialaren garraioa eta bidaia norberaren ibilgailuan egitearen ondoriozko gastuak: diruz lagungarritzat joko da materiala eraman eta ekartzeko egindako kilometro bakoitzeko 0,34 euro aplikatuz lortzen den zenbatekoa; zenbateko horri bidesarien eta aparkalekuen gastuak gehitu behar zaizkio. Kilometro kopurua kalkulatzeko, Google Maps aplikazioa erabiliko da, eta kontuan hartuko da zer distantzia dagoen enpresa eskatzailearen artisautza tailerretik azoka eginen den herrira.

–Materialaren garraioa eta bidaia beste bitarteko batzuk erabiliz egitearen ondoriozko gastuak: diruz lagungarritzat onartzen da erabilitako garraiobidearen gastua edo alokatutako ibilgailuarena, erregaiaren, bidesariaren eta aparkalekuaren gastuak barne.

–Artisautza enpresa bakoitzeko pertsona baten ostatu eta mantenu gastuak.

a.2) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Artisautza enpresak jarduketa horietan parte hartuko du soilik bere artisautza tailerrean egindako produktu propioekin, eta ezin izanen du birsalmentarik egin. Halaber, produktu horiek enpresak aitortua duen artisautzako lanbideari dagozkionak izan beharko dute.

Dirulaguntza zer azokatarako eskatzen den, deialdia kudeatzen organoak eskubidea du informazioa eskatzeko horien antolatzaile den edozein erakunderi, ziurtatze aldera lehen aipatu den baldintza betetzen dela. Betetzen ez bada, kasuan kasuko azokari dagozkion gastu guztiak ezetsiko dira.

b) Sustapen eta publizitateko jarduketak.

Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

b.1) Sustapenerako materiala argitaratzea.

–Artisautza enpresak prestatutako produktuak aurkezteko edo artisauen lanbidea hedatzeko katalogoak, triptikoak, flyerrak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Diseinuari, konposizioari edo/eta maketazioari, banaketari eta produkzioari buruzko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

–Publizitate tarteak komunikabide eta hedabideetan, artisautza enpresa bultzatu, hedatu eta ezagutzera emateko. Publizitate tarte horiek diseinatu, ekoitzi eta txertatzeko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

–Argazkigintza lanak, artisautza tailerrei edo artisautza enpresaren lanari buruzkoak, dibulgaziorako, sustapenerako edo salmenta hedatzeko egiten direnak.

b.2) Marketin digitaleko ekintzak.

–Publizitatea sare sozialetan, bilatzaileetan (SEM) edo edukien marketina.

–Sare sozialen kudeaketarako aholkularitza teknikoa, publizitatea egin, artisau produktuak sustatu eta erosleak erakartzeko.

b.3) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak:

Kanpoan uzten dira artisautzako produktuari, lanbideari edo enpresari buruzkoak ez diren dibulgazio, propaganda edo publizitateko material eta iragarki guztiak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen produktuak saltzeko edo erakusteko beharrezkoak diren bilgarri, kaxa, kutxatila edo antzekoak erosteko gastuak, ez eta bisita txartelen edo antzekoen diseinuari eta produkzioari buruzkoak ere.

c) Berariazko prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea.

c.1) Diruz lagungarritzat jotzen dira honako ikastaro hauetara artisau enpresa bakoitzetik pertsona bat joateagatik egiten diren gastuak (izan online ikastaroak nahiz presentzialak):

–Prestakuntza eta trebakuntza teknikoko ikastaroak, Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioan aipatzen diren lanbideetako baten hobekuntza profesionala helburu dutenak; baimendutako zentro ofizialek edo horretarako kualifikatutako enpresa edo profesionalek antolatu edo eman beharko dituzte, eta lagundu beharko dute artisau lanetan aritzeko lanbide gaitasunak hobetzen.

–Trebakuntza digitalerako prestakuntza ikastaroak, beharrezkoak direnak informazioaren eta komunikazioaren teknologiako tresna berriak erabiltzeko; esaterako, xede dutenak sare sozialak erabiltzea, online salmenta edo online marketina egitea, etab.

c.2) Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

–Gastu akademikoak, matrikulakoak eta material didaktikokoak.

–Joan-etorrietakoak.

–Ostatu hartzekoak.

–Mantenukoak.

–Aparkalekuetakoak.

Joan-etorrietako, ostatuko eta mantenuko gastuei dagokienez, artisautza azoketan parte hartzeagatik aplikatzen diren irizpide berberak aplikatuko zaizkie gastu horiei eta trataera bera emanen zaie.

d) Online salmentarako plataformetara, market place plataformetara edo antzekoetara atxikitzeko kuotak.

Diruz lagungarritzat hartzen dira online salmentarako plataformetara (ecommerce) atxikitzeko hilabeteroko kuotak, baita market place plataformetara edo online salmentarako beste kanal batzuetara atxikitzekoak ere, horien bidez artisautza enpresak espazio bat izan baitezake produktuak ikusgai jartzeko, horiek erakustea errazteko eta salmenta prozesua azkartzeko.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira inbertsio diruz lagungarriaren gainean (BEZa kanpo), gehieneko zenbatekoa gainditu gabe:

JARDUKETA MOTA DIRUZ LAGUNGARRIA

DIRULAGUNTZA (%)

GEHIENEKO ZENBATEKOA

A) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea

60

1.700 euro azoka bakoitzeko eta guztira 6.000 euro

B) Sustapena eta publizitatea

50

2.000

C) Berariazko prestakuntzako ikastaroak

50

2.000

D) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak

50

600

b) A) eta C) jarduketa motetan egiten diren ostatu eta mantenu gastuen kasuan, artisau enpresa bakoitzeko pertsona bati dagokion gastua izanen da diruz lagungarria, eta gehienez 150 euro eguneko (90 euro ostatu gastuengatik eta 60 euro mantenu gastuengatik, hots, 20 euro gehienez otordu bakoitzeko).

Jarduketa horiek atzerrian egiten badira, gehieneko gastu diruz lagungarria 180 euro/egun izanen da (120 euro ostatu gastuengatik eta 60 euro mantenu gastuengatik, hots, 20 euro gehienez otordu bakoitzeko).

Bi kasuetan, ostatu eta mantenu gastuak behar bezala justifikatu behar dira tiketen edo fakturen bidez, dagozkien ordainketa-frogagiriekin batera.

c) Deialdi honetan gehienez ere 8.000 euro eman dakizkioke enpresa bati.

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2022ko irailaren 19tik 2022ko urriaren 7ra artekoa izanen da.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/merkataritza-eta-artisautza/laguntzak-eta-diru-laguntzak (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.

3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta de minimis laguntzei buruzkoa (11. oinarrian aipatzen dira).

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

4.2.1. 2021eko azaroaren 13tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Azoka edo erakusketetan parte hartzea: Memoria bat horietako bakoitzeko, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa jasoko duena.

a.1) Dirulaguntza eskatzen bada azoka edo erakusketetan parte hartzeagatik, baina, bakar-bakarrik, materiala garraiatzeagatik, aurkezten den dokumentazioan behar bezala frogatu beharko da artisautza enpresak ekitaldian parte hartzen duela; besteak beste, honako hauek aurkeztuko dira: antolatzailearen ziurtagiria, publizitate-iragarkien kopia, azokako liburuxkak edo katalogoak edo antzeko dokumentazioa.

a.2) Standak muntatzeko edo apaintzeko erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatzeko dirulaguntzen kasuan, standaren eta olanen, eguzki-oihalen edo publizitate euskarrien argazkiak aurkeztu behar dira, horien bitartez egiaztatzeko ea bete den jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela jakinarazteko betebeharra.

b) Sustapen eta publizitate jarduketen kasuan, jarduketa bakoitzeko fitxa bana aurkeztu beharko da, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa eta eragin dituen gastuak jasoko dituena.

Horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Sustapenerako argitaratutako katalogo, eskuorri, triptiko, flyer, ikus-entzunezko edo beste edozein materialen ale bat.

–Komunikabide eta hedabideetan iragarkirik egin bada, iragarkiaren kopia eta hedabidearen azalarena aurkeztuko dira.

–Sare sozialetan publizitatea edo iragarkiak hedatu badira, horien pantaila-argazkiak edo estekak aurkeztu beharko dira.

c) Prestakuntzako jarduerak: Memoria bat horietako bakoitzeko, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa jasoko duena.

d) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak: Egin diren jarduketei buruzko memoria bat, laguntzen fitxako berariazko ereduaren araberakoa.

e) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, dirulaguntzaren onuradun den enpresaren izenean jaulki beharko dira.

Ez da 25 eurotik beherako (BEZa barne) fakturarik onartuko, salbu eta aparkaleku, erregai, bidesari eta otordu gastuen kasuan.

f) Ordainketaren banku-egiaztagiriak.

Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela.

Espediente bakoitzeko, 500 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileek sinatu eta zigilatutako hartu-agiriak aurkezten baditu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

g) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

h) Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintza hautatu izana justifikatu beharko du eskaera inprimakiko “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” atalean.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian justifikatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

4.2.2. Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2022ko azaroaren 11ra arte aurreikusitako jarduketetarako, dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Deskripzio-memoria xehatu bat, egin beharreko jarduerak jasotzen dituena, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Aurreikusitako gastuen zerrenda xehatua bilduko du.

b) Aurrekontuak edo proformako fakturak, egin beharreko jarduketenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Zehazki, azoketan parte hartzeak dakarren gastuaren aurreikuspena baloratzeko, ontzat emanen dira antolatzaileen berrespenak.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.

2. Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela zehaztuko da:

a) Laguntza har dezaketen ekintzei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 5. oinarrian ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.

b) Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada aurreko puntuan zehaztutakoaren ondoriozko dirulaguntzen batura baino, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako kredituaren hainbanaketa orokorra eginen da.

3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Enpresa onuradunen zerrenda eta diruz lagungarria den jarduketa mota bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

4. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Diruz lagungarria den jarduketa mota bakoitzean onartzen zaizkion jardueren multzo osoarengatik emanen eta ordainduko zaio dirulaguntza eskatzaile bakoitzari. Jarduketa mota horiek 5.1 oinarrian zehaztuta daude.

6. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, erakunde eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria. Jarduketen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Egindako jarduketen justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:

a) 2021eko azaroaren 13tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jarduketen kasuan, dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da justifikazioa.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita 2022ko azaroaren 11ra arte egindako jardueren kasuan, 2022ko azaroaren 11 bera izanen da justifikazioa aurkezteko azken eguna.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6. oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) 2021eko azaroaren 13tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, eskaeraren inprimakia aurkeztuko da 6.4.2.1 oinarrian ezarritako dokumentazioarekin batera.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2022ko azaroaren 11ra arte egindako jardueren kasuan, justifikazioaren inprimakia aurkeztuko da 6.4.2.1 atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.

9. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituztela frogatzen duen txostena.

2. Bi ordainketa egin ahal izanen dira, aurkeztutako justifikazio partzial bakoitzeko bat, baina prozedurak erraztu eta administrazio eraginkortasuna hobetze aldera, organo kudeatzaileak bi ordainketak pagamendu bakarrean batzen ahalko ditu.

3. Laguntza ordaintzeko ebazpena 2022ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

b) Diruz lagundutako jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

c) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, baldin eta diruz lagundutako jarduketa ez bada gauzatu behar diruz lagundutako aldian.

d) Publizitatean behar bezala adieraztea dirulaguntza honen xede diren jardueren finantzaketa publikoa dela. Hortaz, dirulaguntzaren xede den euskarri orotan –sare sozialak barne– honako esaldi hau agertuko da lehentasunez: “Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa”; bestela, euskarriak horretarako aukerarik ematen ez badu, Nafarroako marka turistikoa erakutsiko da. Nafarroako artisautza-marka nahitaez erabili beharko da laguntzaren fitxaren bidez enpresa txiki eta ertainen eskura jartzen den unetik, dirulaguntza kudeatzen duen organoak horren berri eman ondoren, eta horrek lehen aipatutako publizitate-betebeharrak ordeztuko ditu.

e) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

f) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

–Zehazki:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez, betebehar hori ez betetzeak emandako dirulaguntza ordaintzea galaraziko du, eta, ondorioz, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) Bigarren epeko justifikazio agiriak aurkezten badira 2022ko azaroaren 12tik 2022ko azaroaren 25era bitarte (bi egun horiek barne), %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Dirulaguntzaren xedeko jarduketetan ez badira betetzen publizitate betebeharrak, publizitate-euskarri horiei dagozkien gastu guztiak ezetsiko dira.

11. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta de minimis laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak jarduketa beretarako ematen dituen bestelako dirulaguntzekin.

Hala ere, bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresa txiki eta ertain eskatzaileek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

12. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira.

13. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2209765