150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

74/2022 FORU DEKRETUA, uztailaren 5ekoa, zeinaren bidez aldatzen baitira Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak, erakunde horren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak.

HITZAURREA

Hezkuntza Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak akordio bat lortu dute Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatzen dituen haur eskolak 2022ko abuztuaren 1etik aurrera Hezkuntza Departamentuari eskualdatzeko aurreikuspena bete dadin.

Horren ondorioz, aldatu egin behar dira Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak, azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsi zirenak, haur eskola horien kudeaketari buruzko eskumenak kentzeko, bai eta eskola horietako lanpostu batzuei eta beste alderdi batzuei buruzko arau espezifikoak ere.

Bestalde, bidezkoa da aldatzea, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen langileen arloko eskudantziak mugatzen dituen otsailaren 11ko 30/2005 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak langileen aldi baterako kontratazioaren arloan dituen eskumenei buruzkoa, era horretan erakunde horrek aldi baterako langile oso espezifikoen kontratazioak eta deialdiak egin ahal izan ditzan, adingabeak babesteko dituen zenbait eginkizun gauzatzeko beharrezkoak direnak.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 49.2 artikuluak xedatzen du erakunde publikoen estatutuak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez aldatuko direla, erakundea atxikita duen departamentuko titularrak proposaturik.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 5ean egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren aldaketa.

Bat.–Aldatu egiten da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuen 3. artikulua. Aurrerantzean, honela idatzita geldituko da:

“3. artikulua. Eskumenak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari dagozkio autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko politikak eta adinekoei eta desgaitasuna eta/edo eritasun mentala dutenei arreta ematekoak Nafarroan koordinatu eta kudeatzeko eskumenak, baita adingabeen sustapen, arreta eta babeserako politikak eta familiei begira ezartzen direnak koordinatu eta kudeatzeko eskumenak ere.

Eskumen horiek garatzeko, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Mendekotasuna eta desgaitasuna baloratzeko behar diren zerbitzuak eta baliabideak kudeatzea.

b) Mendekotasun eta/edo desgaitasun egoeran bizi diren pertsonei arreta emateko behar diren zerbitzuen eta baliabideen zorroa kudeatzea.

c) Autonomia pertsonala sustatzeko, mendekotasunari aurrea hartzeko eta mendekotasun eta/edo desgaitasun egoeran bizi diren pertsonei arreta emateko behar diren zerbitzuak eta baliabideak kudeatzea, hala berekiak, nola ekimen pribatuko entitateenak, pertsonari bere ohiko giroan irauteko erraztasunak ematea helburu.

d) Gizarte eta osasun arloko baliabideak garatu eta kudeatzea, bere eta entitate laguntzaileen programa eta ekintzen bidez, departamentuen arteko koordinazioa sustatuz.

e) Herritarrei informazioa eskaini, erraztu, hurbildu eta eskuragarri jartzea.

f) Baliabideak lortzea mendekotasun eta desgaitasun arloko arreta eta sostengu programetarako.

g) Autonomia sustatzeko eta mendekotasunari eta desgaitasunari aurrea hartzeko indarreko araudia bete beharraren ondoriozko jarduketak egitea, Foru Komunitateko edozein erakunde publikok eskatuta.

h) Departamentuak mendekotasunaren eta desgaitasunaren arloan dituen planak eta programak diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta jarraipena egiten laguntzea.

i) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari eta desgaitasunari aurrea hartzeko programetarako baliabideak indartu eta bideratzea.

j) Familientzako politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea Nafarroako Foru Komunitatean, baita haurren eta nerabeen sustapen, arreta eta babeserakoak ere.

k) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoei laguntza ematea herritarren ardurakidetza publiko eta pribatua bultzatzen duen politika bat gara dezaten familiei dagokienez.

l) Nafarroan autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari eta desgaitasunari aurrea hartzeko gaietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta gainerako administrazio publiko, entitate eta erakunde publiko zein pribatuen arteko harremanak sustatzea, baita familientzako eta adingabeentzako politikak koordinatu eta kudeatzeko eskumenak ere.

m) Departamentuari arau berrien beharra proposatzea eta haiek prestatzen laguntzea.

n) Departamentuari finantzaketa beharrak proposatzea programak garatzeko.

ñ) Antzeko beste edozein eginkizun, Agentziaren helburuak lortzen laguntzen badute.”

Bi.–Aldatu egiten da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuen II. tituluaren IV. kapituluaren izenburua. Aurrerantzean hau izanen da:

“V. KAPITULUA

Atalak, zentroak eta ataletik beherako unitateak”

Hiru.–Aldatu egiten da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuen 21. artikuluaren 2. apartatua. Aurrerantzean, honela idatzita geldituko da:

“2. Familiaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Familientzako zerbitzuak eta prestazioak kudeatzea eta koordinatzea, hau da: familia orientaziorako zerbitzua, familia bitartekaritzarako zerbitzua eta familia elkartzeko guneak.

b) Familientzako dirulaguntzak tramitatzea eta horiek birformulatzeko proposamena egitea, familia ereduen bilakaeraren arabera, gizartearen errealitatearen arabera eta prestazio horiek zainketen ardurakidetzan (arlo publikoan zein pribatuan) duten eraginaren arabera.

c) Familientzako politikei buruzko dokumentazioa eta argitalpenak prestatzea.

d) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatzea eta artxibatzea.

e) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren jarduerei loturik agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren 23. eta 32. artikuluak, edukirik gabe gelditzen baitira.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren aldaketa.

Aldatu egiten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko 1. apartatua, honela idatzita geldituko baita:

“1. Foru dekretu honen 8. artikuluan adierazitako eskumenez gain, Pertsonen Garapenerako eta Autonomiarako Nafarroako Agentziaren organoei dagokie –betiere estatutuen erregulazioaren arabera horretarako eskumena badute– aldi baterako langileak kontratatzeko deialdiak onestea, tramitatzea eta ebaztea, bai erakunde autonomo horren menpeko zentro berekietarako langileak kontratatzekoak, bai adingabeen babesgabetasun egoeren balorazioari buruz eta adingabeen gaineko neurri judizialen betearazpenari eta adingabeen zaintzaren kudeaketari buruz eskumenak dituzten erakundearen ataletarako langileak kontratatzekoak, hala administrazio araubidean nola lan araubidean, dauden aurrekontu-aurreikuspenen barruan, eta, orobat, behar diren kontratuak baimentzea eta formalizatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraipen eta kontrolerako ezartzen dituen prozedurak eta jarraibideak betez”.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2022ko abuztuaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2209771