15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

317E/2021 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: “Enpresa, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2022ko industriako doktoregoak”. DDBN identifikazioa: 600901.

“2022ko industriako doktoregoak” deialdiaren bidez dirulaguntzak emanen dira doktoregaiak kontrata ditzaten enpresa, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoek, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan ikerketa proiektu bat egiteko.

Honela, urte anitzeko finantzaketa eskema bat ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Enpresa, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2022ko industriako doktoregoak” izeneko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

G2100-4701-467300: Suspertu Plana, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea, industria arloko doktoregoak, ikertzaileen mugikortasuna.

2023

500.000

G2100-4701-467300: Suspertu Plana, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea, industria arloko doktoregoak, ikertzaileen mugikortasuna.

2024

500.000

G2100-4701-467300: Suspertu Plana, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea, industria arloko doktoregoak, ikertzaileen mugikortasuna.

2025

500.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2021eko abenduaren 16an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da enpresa, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen ikerketa ildoak sendotzea doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileak kontratatuz prestakuntzaldian, eta, orobat, ikertzaile horien laneratzea erraztea.

Horretarako, doktoregai baten kontratazioa lagunduko da diruz, ikerketa proiektu bat egiteko bere doktorego tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

Diruz lagunduko dira, orobat, gastu hauek: doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak, prestakuntza osatzeko beste ikerketa-entitate batzuetara joateko mugikortasun gastuak eta ikerketa proiektuaren zabalkunderako gastuak.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke enpresa pribatuak eta publikoak eta Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile egiaztatuak (SINAI), unibertsitateak izan ezik, doktoregai bat kontratatzen badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroan lantokia edukitzea eta lantoki horretan egitea diruz lagundutako jarduera.

b) Behar den kasuetan, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat (foru agindu horren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen).

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzeko erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horretan laguntza bat ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo baldin bada, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

3. Entitate eskatzaileek, laguntzen eskabide telematikoarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio proiektua justifikatzeko aldia bukatzen den egunera arte.

3. oinarria. Kontzeptu diruz lagungarriak.

3.1. Kontratazio gastuak.

Laguntzaren xede izanen da entitate onuradunetako batek doktoregai bat kontratatzea “industria ikerketako” edo “oinarrizko ikerketako” proiektu bat egin dezan, ikerketa horiek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 84) eta 85) apartatuetan definitzen diren gisan.

a) Kontratatzen den pertsonak, kontratazioaren unean, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

I. Ezin izanen du partizipaziorik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzio edo sozietate bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola –zuzena edo zeharkakoa– izateko ahalmena badu.

II. Doktorego programa ofizial batean sartzeko baldintzak betetzea laguntza-eskabidea aurkezten den unean, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehaztutakoaren arabera.

III. Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktore titulurik ez izatea.

IV. Ez egotea doktorego programa batean matrikulatua entitate eskatzaileak laguntza eskaera egin baino lehen.

V. Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza- edo odol-ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.

b) Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

I. 2. oinarrian onuradun gisa finkatutako entitateek eta aitzineko puntuko baldintzak betetzen dituzten pertsonek sinatuak egotea.

II. Idatziz formalizatuko da, honako hauek berariaz adierazirik:

i. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

ii. Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

iii. Beteko den lanpostua.

iv. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

v. Deialdi honen bidezko dirulaguntzaren aipamena.

III. Kontratua lanaldi osokoa izatea, eta gutxienez 36 hilabetekoa.

IV. Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a izanen da.

V. Kontratatuak Nafarroan kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

VI. Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.

VII. Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitatearen Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

VIII. Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 25.000 eurokoa izanen da gutxienez.

IX. Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

c) Entitateak doktoregaia kontratatua badu laguntza eskatu aitzinetik, kontratuak b) puntuko baldintzak bete beharko ditu. Bestela, kontratu hori aldatu egin beharko da.

d) Kontzeptu honengatik emanen den laguntza, 5. oinarriari jarraikiz, kontratuak guztira duen kostuaren ehuneko jakin bat izanen da, aintzat harturik urteko soldata gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota.

3.2. Doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak.

Gehienez hiru urtetako matrikula-gastuetarako dirulaguntza emanen da.

3.3. Mugikortasun gastuak.

Entitate kontratatzailean eta doktoregaiak matrikula egina duen unibertsitatean ez, beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak finantzatuko ditu laguntzak. Mugikortasun gastuetan kontzeptu hauek sartzen dira: ostatua, mantenua, garraioa, atzerriko laguntza-asegurua eta bisa.

a) Ostatua eta mantenua: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera.

Espainiako egonaldietarako, 40 euro/egun izanen da aplikaturiko kostua.

Hurrengo zerrendako herrialdeetako egonaldietarako, adierazitako kostua aplikatuko da.

HERRIALDEA

KOSTUA

(EURO/EGUN)

Saudi Arabia, Aljeria, Argentina, Australia, Austria, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kamerun, Txile, Txina, Korea, Kroazia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Etiopia, Gabon, Guatemala, Ekuatore Ginea, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Israel, Jamaika, Jordania, Kenya, Kuwait, Libano, Libia, Malaysia, Maroko, Mexiko, Montenegro, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Peru, Polonia, Portugal, Txekiako Errepublika, Errumania, Serbia, Singapur, Siria, Taiwan, Kongo.

50

Alemania, Angola, Belgika, Brasil, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua, Errusia, Suedia, Suitza, Yemen.

60

Aitzineko zerrendan ez dauden herrialdeetako egonaldietarako, aplikatutako kostua 40 euro/egun izanen da.

b) Garraioa:

Kontzeptu honi dagokion gastuagatik dirulaguntza hau emanen da:

I. 300 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainian dagoenean.

II. 1.000 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainiatik kanpo dagoenean.

III. Dirulaguntza emanen da egonaldia eginen den tokirainoko joan-etorriak ibilgailu partikularrez egiteagatik, 0,32 euro/km, aurreko bi puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoak gainditu gabe.

c) Atzerriko laguntza-asegurua eta bisa: kostu diruz lagungarriak izanen dira beharrezkoak direnak egonaldiaren xede den tokira joateko eta ikerketa-erakundeetan egonaldiak egiteko.

3.4. Zabalkunde gastuak.

Zabalkunde gastu hauek onartuko dira dirulaguntza emateko:

a) Industriako doktoregoa egiten ari den pertsonak izena ematea jardunaldi tekniko, biltzar edo kongresuetan, haietan ikerketa proiektua aurkezteko xedez. Egonaldi gastuak eta bidaiarenak edo beste batzuk, pertsona hori halako jardunaldi, biltzar edo kongresuetara joatearekin lotuta daudenak. Kasu horietan, aurreko puntuan mugikortasun gastuetarako zehaztutako mugak aplikatuko dira.

b) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Dirulaguntzaren xede den industriako doktoregoa egiten duen pertsonak sinatu behar du argitaratzeko aurkezten den lana.

Gastuek zerikusia izan beharko dute diruz laguntzen den proiektuaren zabalkundearekin, deialdi honen 10.2.f) oinarriko I., II., eta III. puntuei dagokienez.

Gastu diruz lagungarrietako edozeinen gainean (kontratazioa, matrikula, mugikortasuna edo zabalkundea), dirulaguntza emateko ebazpenean jasotzen den laguntza-intentsitatea aplikatuko da, 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

4. oinarria. Laguntzaren iraupena.

1. Laguntzak gehienez 37 hilabeteko kontratazioak egiteko izanen dira, hiru urtetan banatuak.

2. Oro har, urte horiek honela kontatuko dira:

a) Lehenengo urtea: kontratua hasten denetik (2022ko irailean izan beharko du) 2023ko irailaren 30era arte.

b) Bigarren urtea: 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era arte.

c) Hirugarren urtea: 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era arte.

3. Laguntza eskatu aurretik erakundeak doktoregaia kontratatuta bazuen eta kontratuak 3.1.b) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen baditu, doktoregaiaren matrikula egiten den hilaren 1a hartuko da lehenengo urtearen hasiera-eguntzat, eta hilabete horretatik aurrera finkatuko dira urteak, gehienez 37 hilabetez. Lehenengo urtearen hasiera-eguna ezin da izan laguntza eskatu baino lehenagokoa, ez eta 2022ko irailaren 30a baino geroagokoa ere.

5. oinarria. Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

1. Diruz lagungarritzat jotako gastuen gainean aplikatuko den laguntzen intentsitatea hau izanen da:

ENTITATE
ONURADUNAK

INDUSTRIA IKERKETAKO (II) EDO OINARRIZKO IKERKETAKO (OI) PROIEKTUA (%)

II-KO EDO OI-KO PROIEKTUA ETA EMAKUME BAT KONTRATATZEA (%) (C)

II-KO EDO OI-KO PROIEKTUA ZABALKUNDE HANDIAREKIN (%) (D)

II-KO EDO OI-KO PROIEKTUA ZABALKUNDE HANDIAREKIN ETA EMAKUME BAT KONTRATATZEA

(%) (E)

Enpresa handiak (a)

45

50

55

60

Enpresa ertainak (b)

55

60

65

70

Gainerako entitateak

65

70

75

80

(a) Enpresa handiak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

(b) Enpresa ertainak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera.

(c) Ikerketa zientifiko-teknikoaren esparruan dagoen genero-arrakala gutxitzen laguntze aldera, emakumezko bat kontratatzen denean %5eko laguntza gehigarria emanen da, taulan adierazten den gehienekora iritsi arte.

(d) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez.

(e) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez, eta emakumezko doktoregai baten kontratazioa.

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-intentsitateak.

2. Eskaera eta entitate onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza 90.000 eurokoa izanen da, urteko 30.000 euro.

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko apirilaren 29an bukatuko da, 23:59an, hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira bakar-bakarrik, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoari dagokion webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GHE), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntzen webgunean eskura dauden ereduetara egokiturik eta fitxategi bereizietan, behar bezala identifikaturik, zein bere izenarekin:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 3.1.a) oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, 7. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.

Justifikatu beharko da doktorego tesiaren ikerketa jarduerak badirela entitate onuradunak garatzen duen ikerketa ildo batekoak edo I+ G proiektu batekoak. Betiere, proposatutako jarduerak berriak badira, edo ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetu, handitu edo gauzatzekoak badira, entitateak bere I+G jarduera arrunten barnean eginen ez lituzkeenak.

Memorian hau ere sartuko da:

–Aurrekontuaren atal bat, zehazten dituena aurreikusten diren gastu diruz lagungarriak: kontratazioa, matrikula, mugikortasuna eta zabalkundea.

–Intentsitate osagarriari heldu nahi izanez gero emaitzen zabalkunde handiarengatik, berariazko atal bat, zabalkunde plan zehatza dakarrena, balorazio tekniko-ekonomikorako.

c) Doktoregoa egiteko kontratatuko den pertsona doktoregoa egiteko moduan dagoela frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkez daiteke:

I. Doktorego programa bateko onarpena.

II. Doktorego programa batean onartua izateko eskabidea.

III. 2021-2022 ikasturte akademikoko matrikula, doktoregoa eskuratzeko bide ematen duen master batean. Ikasturte horretan masterra bukatzeko beharrezkoak diren kreditu guztietan matrikulatuta egon behar du, master bukaerako lanari dagozkionak barne.

d) Doktoregaiaren curriculum vitaea (CV). CV formatu normalizatua erabili beharko da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat bada, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa, eta, horrez gainera, azken 3 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan inskribatuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak. Hala egin ezean, enpresa handientzako gehieneko mugak aplikatuko dira, 5 oinarrian zehazten direnak.

4. Eskabide bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia. Entitate bakoitzeko, gehienez ere kontratazio bakarra lagunduko da diruz. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz laguntzeko kontratu kopurua handitzen ahalko da. Horrelakoetan, entitate bakoitzaren bigarren eskaeren artean balorazio handiena lortzen dutenak hautatuko dira. Eta horren ondotik oraindik ere kreditu erabilgarririk egonez gero, entitate bakoitzaren hirugarren eskaeren artean balorazio handiena lortzen dutenak hautatuko dira, eta horrela hurrenez hurren, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte edo baldintza guztiak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzun arte.

5. Aurkeztutako dokumentazioak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. “Ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa” aurkezten ez bada, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

7. oinarria. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatu eginen dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honen 2. atalean ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak aplikatuko zaizkie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A) Ikerketaren eragina

30

20

B) Ikerketaren berritasun maila

30

20

C) Ikerketatik zer eragin espero den entitate onuradunean

30

20

D) Balorazio estrategikoa: proiektuaren ekarpena lor daitezen gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak.

10

-

GUZTIRA

100

60

A) Ikerketaren eragina:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa. 15 puntu gehienez.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak. 15 puntu gehienez.

B) Ikerketaren berritasun maila:

–Konparazioa egungo egoerarekin; ikerketak sektoreari ekarriko dion aurrerapenaren justifikazioa. 15 puntu gehienez.

–Ikerketaren berritasuna, entitate onuradunak garatzen dituen ikerketa ildoei lotuta. 15 puntu gehienez.

C) Ikerketaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina:

–Aurrera eraman beharreko ikerketaren garrantzia, entitate onuradunak epe luzera dituen ezagutza eta esperientzia premiei dagokienez. 15 puntu gehienez.

–Espero diren emaitzen garrantzia, honako hauei dagokienez: produktu berriak lortzea; prozesuak hobetzea; dibertsifikazioa; espero den inpaktu ekonomikoa. 15 puntu gehienez.

D) Balorazio estrategikoa: proiektuaren ekarpena lor daitezen gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak:

I. Proiektua kokaturik egotea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan: 5 puntu gehienez.

–Automozioa eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

II. Ikerketan aurreikusten diren emaitzen eragina eta ekarpena, Nafarroak Garapen Jasangarrirako Helburuak (https://ods-agenda2030.navarra.es/) lortzeari dagokionez eta trantsizio ekologikoari dagokionez. 5 puntu gehienez.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko dizkie eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

4. Laguntza eskaera ezetsi eginen da baldin proiektuak ez badu gutxieneko puntuazioa lortzen A), B) edo C) ataletan.

5. Eskaera batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, A), B) eta C atalen balorazioan puntu gehien duen eskaeraren alde hautsiko da berdinketa, hurrenkera horri jarraituz.

8. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere bi hilabeteko epean emanen da ebazpena, eta modu telematikoan jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, gaitutako helbide elektronikora.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

3. Entitate onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.

9. oinarria. Dokumentazioa aurkeztea laguntza eman ondoan.

1. Erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, laguntzen webgunearen bidez, hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen denetik:

a) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko konpromisoen agiria. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: doktorego tesiko proiektuaren aipamena, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak, finantzaketaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak; halaber, beste atal batzuk ere izaten ahalko ditu, alderdiek beharrezkotzat jotzen badituzte.

b) Tesi konpromisoa, doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.

c) Onuraduna izaera pribatuko entitate bat bada, gardentasunari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat.

2. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, 2022ko irailaren 30a baino lehen, egun hori barne:

a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

Kontratua egiten bada enpresaren langile den batekin, 3.1 b) oinarriko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, hala nola kontratuaren eranskina, soldataren fitxa edo beste bat.

b) 2022/2023 ikasturtean doktorego programa batean matrikula formalizatu izana edota, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.

c) Kontratatua, Gizarte Segurantzaren kontu-kodearen barnean, entitatearen Nafarroako lantoki batean eta 1. kotizazio-taldean dagoela egiaztatzen duen agiria. Esaterako, Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren kontura ari diren langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

3. Betebehar horietako bat betetzen ez bada, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradun diren entitateek, dokumentazioa 9. oinarrian adierazitako moduan eta epean aurkezteaz gain, diruz lagundutako kontratazioa justifikatu beharko dute epe hauetan:

a) 2023ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: lehenengo urtean egindako gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuko da. Halaber, 2023ko urrian egindako gastuaren aitorpena aurkeztuko da.

b) 2024ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: bigarren urtean egindako gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuko da. Halaber, 2024ko urrian egindako gastuaren aitorpena aurkeztuko da.

c) 2025eko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: hirugarren urtean egindako gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuko da.

2. Entitate onuradunek kasuan kasuko urteko justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez, hango ereduei jarraikiz:

a) Jarduketen memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta doktoregaiak egindako jarduerak, barne daudela zabalkunderako jarduerak eta doktorego programako prestakuntza jarduerak, dirulaguntzari dagokion epealdikoak. Bai eta, kasua bada, laguntzaren gainerako iraunaldirako lan-plana, zehazki aipatuz doktorego tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena, baita egindako argitalpenak eta egonaldiak edo haiek egiteko plana ere.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:

I. 3.1 oinarrian adierazitako kontratazio gastuak: nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

II. 3.2 oinarrian adierazitako matrikula-gastuak: matrikula-agiriaren kopia eta tasa akademikoak ordaindu izanaren egiaztagiria.

III. 3.2 oinarrian adierazitako mugikortasun gastuak:

i. Egonaldiaren ikerketa zentroak emaniko agiria, egonaldiaren datak adierazita.

ii. Erabilitako garraiobideen txartelak eta ordainagiriak, edo, norberaren ibilgailua erabiliz gero, egindako kilometroen aitorpena.

iii. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia, eta bisa.

IV. 3.4 oinarrian adierazitako zabalkunderako gastuak:

i. Doktoregaia jardunaldi teknikora, konferentziara edo biltzarrera joan izanaren ziurtagiria, noiz egin den adierazita.

ii. Gastuen fakturen eta ordainagirien kopia.

iii. Erabilitako garraiobideen txartelak eta ordainagiriak, edo, norberaren ibilgailua erabiliz gero, egindako kilometroen aitorpena.

iv. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia, eta bisa.

c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz emandako aldeko txostena.

d) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren aitorpena.

e) Lehenengo eta bigarren urteko dokumentazioa aurkeztearekin batera, urriko, azaroko eta abenduko gastuen zenbatespenaren aitorpena.

f) Azken urteko dokumentazioa aurkeztearekin batera, baldin eta, 5. oinarriaren arabera, zabalkunde handiagatik ematen den laguntza gehigarria jasotzen bada, diruz lagundutako epe osoan zehar gutxienez 5 jarduketa aurkeztu beharko dira, modalitate hauetako batzuetan:

I. Hitzaldiak.

II. Posterrak, komunikazioak edo biltzarretan, jardunaldi teknikoetan eta abarretan zabaldutako beste lan batzuk.

III. Aldizkari espezializatuetako argitalpenak.

IV. Komunikabideetako argitalpenak.

V. Interneteko zabalkundea (entitatearen webgunea, eginiko lana sustatzeko bideoak...).

VI. Irispide libreko datu-baseetan sartu izana.

VII. Doako edo kode irekiko programa informatikoak.

VIII. Patenteen edo baliagarritasun modeloen eskaera.

Jarduketa horiek zenbatzeko, jarduketa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da: jarduketa bistaratzen den ekitaldiaren webgunerako esteka, ekitaldian aurkeztutako dokumentazioa (posterra, komunikazioa, etab.) argitalpenaren laburpena, patentearen edo baliagarritasun modeloaren eskaera, etab.

Jarduketak atal honetan xedatutakoaren arabera aintzat hartuak izan daitezen, 14. oinarrian adierazitako publizitate- eta zabalkunde-baldintzak bete beharko dituzte.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta kasuan kasuko urteari dagokion laguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean, proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboa jasoko da, eta adieraziko da entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak.

2. Laguntzak hiru unetan ordainduko dira, 10. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren.

a) 2023. urtea: lehenengo urtean justifikatutako gastuaren ordainketa eta 2023ko urrian egindako gastuaren konturako ordainketa, 2023ko ekitaldirako emandako laguntzaren muga gainditu gabe.

b) 2024. urtea: bigarren urtean justifikatutako gastuaren ordainketa eta 2024ko urrian egindako gastuaren konturako ordainketa, 2024ko ekitaldirako emandako laguntzaren muga gainditu gabe.

c) 2025. urtea: hirugarren urtean justifikatutako gastuaren ordainketa eta laguntza osoaren likidazioa. Justifikatutako laguntza baino zenbateko handiagoa ordaindu bada, dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da.

3. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 10. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

4. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

12. oinarria. Kontratuaren etendura eta azkentzea.

1. Deialdi honen babesean egindako kontratuak eteten ahalko dira arrazoi hauengatik: aldi baterako ezintasuna, gutxienez 2 hilabetekoa etenik gabe; amatasuna edo aitatasuna; arriskua haurdunaldian; arriskua bederatzi hilabetetik beheitiko haur baten edoskitze naturaleko aldian; eta adopzioa edo harrera egitea kontratazioaldian zehar.

Kasu horietan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Horretarako, hori justifikatzen duten justifikazio-agiriak aurkeztuko ditu laguntzen webgunearen bidez, hilabeteko epean gehienez, kontratua azkentzen denetik.

Kontratua lehenengo urtean azkentzen bada, edo azkentzeko arrazoiak entitate onuradunari egozteko modukoak badira, ez da laguntza ordainduko.

Kontratua bigarren edo hirugarren urtean azkentzen bada, eta horretarako arrazoiak ez badira entitate onuradunari egozteko modukoak, kontratua azkendu izanaren komunikazioari gastuen frogagiriak erantsi beharko zaizkio, 10.2 oinarrian zehaztutakoak, hain zuzen. Behar bezala justifikatzen bada, gauzatutakoaren laguntza-zati proportzionala ordainduko da.

Kontratua eteten bada bidegabetzat aitortutako edo deklaratutako kaleratze baten ondorioz, ez dira ordainduko ordaintzeke dauden urteetako laguntzak.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna izaera pribatuko entitate bat bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

a) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 9. eta 10. oinarrietan adierazten den moduan.

b) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa-jarduerak.

c) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

d) Aitzinetik jakinaraztea organo kudeatzaileari kontratatuak doktorego tesia defendatuko duen eguna. Kontratatzen den pertsonak entitate onuradunari jakinarazi beharko dio data hori, eta doktore-tesiaren ale bat bidali beharko dio organo kudeatzaileari, laguntzen webgunearen bidez edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez.

e) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 12.2 oinarrian adierazten den gisan.

f) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 14. oinarrian aipatzen den gisan.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Gerta litezkeen ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik nabarmenki ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

Ildo horretan, bigarren edo hirugarren urteari dagokion jarduketa zientifiko-teknikoaren memoriak aurkako balorazioa jasotzen badu, deklaratuko da eskubidea galdu dela urte horri dagokion laguntza kobratzeko.

c) Baldin laguntza gehigarria eman bada zabalkunde handiagatik eta 3. urteko justifikazioan ez bada egiaztatzen 10.2.f) oinarrian ezarritakoa, laguntzaren intentsitatea %10 murriztuko da.

d) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta, betiere, kasuan-kasuan finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiago gainditzen ez badira, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak (10.2 oinarria).

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

4. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

14. oinarria. Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen I+G+b proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Halaber, doktorego tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan, bai tesia defendatzeko ekitaldian.

Kasu horietan, esaldi hau edo antzekoren bat sartzen ahalko da: Nafarroako Gobernuak finantzatu du doktoregaiaren kontratazioa, “2022ko industriako doktoregoak” laguntza-deialdiaren esparruan.

2. Betiere, diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat.

15. oinarria. Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluetako baldintzen mende daude, zehazki, 25. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Laguntza hauek eragin suspergarria izan behar dute, eta, hori bermatzeko, enpresek ezin izanen dituzte jarduera diruz lagungarriak hasi eskabidea aurkeztu baino lehen.

16. oinarria. Bateragarritasuna eta laguntzak pilatzea.

1. Diruz lagundutako gastuak bateraezinak izanen dira beste laguntza publiko batzuk jasotzearekin, gastu berak estaltzeko badira.

2. Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren beste lan kontratu oro indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.

17. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak jakitera emanen ditu esleitutako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu-base Nazionalaren bidez (https://www.infosubvenciones.es), honako hauek adierazita: deialdia, zein aurrekontu-kredituri egotziko zaien, entitate onuraduna eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

18. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2117861