147. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 22a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

167E/2022 FORU AGINDUA, uztailaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariarena, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, baso suteak prebenitzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak uztailaren 1ean eman 152E/2022 Foru Aginduaren bidez, ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua aldatu zen. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emandako foru agindu horren bidez, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautu zen, baso suteak prebenitzeko.

Aldaketa horrek helburu izan du, besteak beste, arautzea zer baldintzetan egin behar diren baso- eta nekazaritza-jarduera batzuk eremu jakin batean fenomeno meteorologiko kaltegarriengatik Meteorologiaren Estatuko Agentziak abisuak ematen dituenean, eta zehazten du ezin direla erabili jarduera horiek egiteko makina astunak, abisuak intentsitate jakin batekoak direnean (abisua maila laranjakoa eta gorrikoa denean).

Foru Agindua onetsi zenetik gaur egunera arte, etengabeak izan dira Meteorologiaren Estatuko Agentziak Nafarroako Foru Komunitaterako fenomeno meteorologiko kaltegarriengatik igorritako abisuak, ondoz ondoko egunetan izan baitira. Areago, hurrengo asterako iragarpenak antzekoak dira.

Hori horrela, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak txostena eman du uztailaren 1eko 152E/2022 Foru Aginduan aurreikusitako debekuak salbuesteko beharra justifikatzeko, nekazaritza-lanak lehenbailehen egiteko; izan ere, bestela, arrisku larrian jartzen dira ekoizpenak eta haiek prozesatzen dituzten industrien jarduera. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, epe luzean mugak ezarriz gero nekazaritza-jarduera jakin batzuk egiteko orduan, batez ere laboreak biltzeari lotutakoak, kalte larriak pairatzen ditu nekazaritza- eta industria-sektoreak, eta elikagaien hornidura bera ere arriskuan jartzen da. Nabarmentzekoak dira izozkailuetarako laboreak berde direla biltzeko egiten diren lan guztiak, alpapa oinarri duten pentsuen produkzioa, zerealaren edo beste belar-labore estentsibo batzuen bilketa, hala nola koltzarena, aletarako ilarrarena eta babarena, bai eta sortzen dituzten azpiproduktuak ere (lastoa eta uzta-hondarrak). Ahalik eta lasterren egin behar dira bilketa horiek eta azpiproduktuen paketatzea; izan ere, produkzioak galtzeko arriskua dago, hezetasun gehiegirengatik edo beste ezbehar batzuengatik (hala nola kazkabar erauntsiak edo haizete handiegiak).

Gainera, akatsak atzeman dira udalerri batzuk 4. eranskinean (Meteoalerta eskualdeak) sailkatzean; beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zuzendu egin behar dira.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an eman 222/2016 Foru Agindua, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, baso suteak prebenitzeko.

Bat.–10. artikuluari 10. apartatua gehitzen zaio. Hona hemen:

10. Indarrik gabe gelditzen ahal dira makineria astuna erabiliz nekazaritza- eta baso-lanak egiteko debekuak, artikulu honetako 5. apartatuan deskribatutakoak, ezartzen diren baldintzak betetzen badira, kasu hauetan: aldez aurretik ingurumen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak berariazko baimen indibidualizatua edo orokorra ematen duenean, salbuespen gisa eta arrazoituta, Meteorologiaren Estatuko Agentziak muturreko tenperaturengatik emandako meteoalerta egoeretan (abisu-mailak; laranja edo gorria), eta debeku horiek kalte larriak egin ditzaketenean ukitutako sektoreen jardueran, bai eta ingurumen-arrazoiengatik beharrezkoa denean ere.

Bi.–4. eranskinean (Meteoalerta eskualdeak) udalerri hauek duten sailkapena zuzentzea:

UDALERRIA

METEOALERTA ESKUALDEAK

Allo

Nafarroako Ebroko Erribera

Aras

Nafarroako Ebroko Erribera

Arroitz

Nafarroako Ebroko Erribera

Berbintzana

Nafarroako Ebroko Erribera

Zarrakaztelu

Nafarroako Erdialdea

Elizagorria

Nafarroako Ebroko Erribera

Lodosa

Nafarroako Ebroko Erribera

Los Arcos

Nafarroako Ebroko Erribera

Miranda Arga

Nafarroako Ebroko Erribera

San Adrián

Nafarroako Ebroko Erribera

Santsol

Nafarroako Ebroko Erribera

Garralda

Nafarroako Pirinioak

Urdazubi

Nafarroako Kantauriko Isurialdea

Urdiain

Nafarroako Erdialdea

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko uztailaren 21ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2210264