145. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8915E/2022 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2022ko gastua onesten duena besteren konturako langileei dirulaguntzak emateko laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez, eta oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 552886.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, enplegurako bitartekaritza, orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Hori dela eta, bidezkoa da besteren konturako langileei dirulaguntzak emateko deialdiaren gastua baimentzea 2022rako, laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 25eko 494E/2021 Ebazpenak aipatutako deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi zituen (2021eko 91. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 22koa).

Lan erreformarako, enplegu bermerako eta lan merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak pertsonak kontratatzeko moldeak aldatu ditu. Hori dela eta, lan kontratua mugagabetzat hartzen da berez, Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 15.1 artikuluari emandako idazkeraren arabera.

Bestalde, kontuan hartu behar da zer-nolako esfortzu ekonomikoa den kontziliazioa laguntzeko kontratazio bat egitea, eta zein den ikasturte baten iraupena. Halaber, kontuan hartu behar da Nafarroako Enplegu Planak emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeari eman nahi dion bultzada, batez ere enplegu arloan, zehazki enplegua ematean, lan baldintzetan, eta lanean jarraitzeko eta igotzeko aukeretan; planak zaurgarritasun handiago duten emakumeei arreta berezia eskaintzen die eta erantzukizun partekatuko kontziliazioaren alde egiten du.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 25eko 494E/2021 Ebazpenaren 2.2 eta 4. oinarri arautzaileak aldatu behar dira.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea 150.000 euroko gastua, 2022ko gastu-aurrekontuko “Enpresetan laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko laguntzak” izeneko 950001 96100 4709 241114 partidaren kargura, besteren konturako langileei dirulaguntzak emateko laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 25eko 494E/2021 Ebazpenak arautu zituen dirulaguntza horiek (DDBN identifikazio zenbakia: 552886).

2. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 25eko 494E/2021 Ebazpena, zeinaren bitartez arautzen baitira besteren konturako langileentzako dirulaguntzak laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez. Ebazpena honela aldatzen da:

2.1. 2.2 oinarriaren hirugarren puntua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

–“Kontratuak lanaldiaren %50ekoa izan beharko du, gutxienez”.

2.2. 4. oinarria aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“Dirulaguntza honen zenbatekoa finkoa da, eta zenbateko hori, osorik, ordainketa bakarrean tramitatuko da.

Laguntza 400 eurokoa izanen da, kontratazioaren hilabete bakoitzeko, 12 hilabetez, gehienez ere.

Kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada, dirulaguntza proportzioan gutxiagotuko da.

Laguntzen zenbatekoa %20 handituko da honako kasu hauetan:

–Kontratatzen den pertsonak lan eginen duen etxea 5.000 biztanle baino gutxiago dituen herri batean badago, udal errolda eguneratuaren arabera.

–Eskatzaileak guraso bakarreko familia txartela indarrean duela egiaztatzen badu, Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legea aplikatuta.

Ehuneko horiek batzen ahalko dira”.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko ekainaren 8an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2208647