145. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

24/2022 FORU LEGEA, uztailaren 5ekoa, Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adieraztekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, ELIZA KATOLIKOAREN BARNEAN NAFARROAN GERTATUTAKO SEXU-ABUSUEN BIKTIMEI ERREKONOZIMENDUA ADIERAZTEKOA.

AURKIBIDEA

HITZAURREA.

ATARIKO TITULUA.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea eta helburua.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

3. artikulua. Jarduteko printzipioak.

LEHEN TITULUA.–Pertsona bat biktima dela adieraztea.

4. artikulua. Pertsona bat biktima dela eta errekonozimendu publikorako eskubidea duela adieraztea.

5. artikulua. Foru lege honen xede direnen betebeharrak.

6. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

BIGARREN TITULUA.–Eliza Katolikoaren barnean osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren eta sexu-askatasunaren aurkako erasoen biktimen errekonozimendurako batzordea.

7. artikulua. Sorrera.

8. artikulua. Osaera.

9. artikulua. Izendapena eta karguaz jabetzea.

10. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

11. artikulua. Jardueren oroitidazkia.

12. artikulua. Errekonozimendurako Batzordearen jarduteko printzipioak.

HIRUGARREN TITULUA.–Pertsona bat biktima dela adierazteko prozedura.

13. artikulua. Prozedura hastea.

14. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

15. artikulua. Eskaerak ebaztea.

LAUGARREN TITULUA.–Biktimei laguntzea eta sustapen-neurriak.

16. artikulua. Informazio-bulegoak.

17. artikulua. Justizia errestauratiboa.

18. artikulua. Laguntza-neurriak.

19. artikulua. Hedapena bultzatzea.

20. artikulua. Biktimen eta beren ordezkaritza-taldeen egitekoaren errekonozimendua.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Errekonozimendurako Batzordea eratzea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Datu pertsonalak babestea.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.–Erregelamenduzko garapena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.–Indarra hartzea.

HITZAURREA

I

Nafarroako gizarteak lehen ere lege-errekonozimendu baten bidez adierazia du bakean eta demokrazian bizitzeko ezinbestekoak direla giza eskubideen urratze larriak jasan dituzten biktimen duintasuna aldarrikatzea eta erreparazio integrala eskaintzea, baldin eta arrazoi historikoak edo sozialak direla-eta egiarako, memoriarako eta justiziarako eskubideak bermatu ez bazaizkie. Estatuak ezin dio itzuri egin erreparazio horri, eta horri erantzuteko onetsi zen 33/2013 Foru Legea (16/2018 Foru Legeak aldatu duena), abiaburutzat 24/2003 Foru Legea eduki zuena. Ildo beretik doa 29/2018 Foru Legea, Nafarroako memoria historikoaren tokiei buruzkoa. Azkena martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea izan da, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa.

Errekonozimendu falta bera pairatu dute sexu-abusu batzuen biktimek ere, hain zuzen ere abusuak ingurune hetsietan gertatu eta horregatik behar zenean sistema penalak erantzunik eman ez zien biktimek. Jokabide horien aurrean isilik gelditzea eta egileen inpunitatea are larriagoak dira gizartearentzat abusuak familian, kirolean, erlijio-giroan edo hezkuntza-arloan gertatzen direnean, ingurune horiek guztiak oso garrantzitsuak baitira pertsonen sozializaziorako; gainera, adingabeak zaurgarriagoak izaten dira esparru horietan, beren baloreak eratzen aritzen baitira, eta biktimizazioa eragiten duen gertaerak ondorio larriak edukitzen ditu.

Esparru horietako batean, erlijioarenean, Nafarroan urrats batzuk egin dira biktimen memoria sustatzeko, haien oinazea onartzeko, eta erreparazioa emateko. Dena dela, hastapenetan gara oraindik. 2019ko urrian, Nafarroako Sexu-abusuen Biktimen Elkarteko bost biktima Parlamentuan izan ziren, eta han, ateak itxita, beren lekukotzak eman zituzten. Hilabete geroago, biktimek berek lekukotzak plazaratzeko eskatu ondoren (egia, justizia eta egindako kaltearen erreparazioa aldarrikatu nahi baitzituzten), Nafarroako Parlamentuak jendaurrean hedatu zuen haiek adierazitakoa.

Azkenik, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txostena aurkeztu zuen (2022ko otsailean plazaratutakoa). Bertan 52 biktima agertzen ziren eta 31 ustezko biktimagile, eta agerian jartzen zen arazoa bazegoela, larria zela, eta erakundeek esku hartu behar zutela, hots, berariaz eratutako batzorde independente baten bidez biktima horien errekonozimendurako eskubidea arautuko zuen foru legea onetsi behar zela.

II

Administrazio publikoek giza eskubideen urratze masiboen aurrean esku hartu beharra nazioartean hitzartutako eta ohiturazko arauen ondoriozkoa da, eta erraz sartzen da nazioarteko zuzenbide publikoaren doktrina orokorrean, nazioarteko zenbait erakunde eta tresnaren jardunean eta garapenean, eta giza eskubideen inguruko itunen aplikazioa gainbegiratzen duten organo jurisdikzional edo kuasijurisdikzionalen jurisprudentzian.

Giza eskubideak urratu zaizkien biktimei erreparazioa eman beharra dute Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Ituna eta Torturaren eta beste Tratu edo Zigor Anker, Gizagabe edo Apalesgarrien aurkako Nazio Batuen Hitzarmena sinatu dituzten estatuek, erga omnes behartzen dituzten nazioarteko ordena publikoko arauak (ius cogens) baitira.

Ez da ahantzi behar ezen, Espainiako Konstituzioaren 10.2 artikulua dela bide, oinarrizko eskubideen gorputz juridikoa beti interpretatu behar dela Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta Espainiako giza eskubideen inguruan berretsitako nazioarteko itunen eta akordioen arabera. Beraz, botere publikoek inolako ezbairik ez luzamendurik gabe babestu behar dituzte oinarrizko eskubide hauek, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinaren esparruan bermatu behar dira, batez ere pertsonen bizitza eta osotasuna babesteko jurisprudentziaren esparruan.

Horrenbestez, giza eskubideen urratze larriak jasaten dituzten biktimen arretarako nazioarteko estandarrak bat datoz Europakoekin, batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/29/EB Zuzentarauarekin; Espainian, zuzentarau hori Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legearen bidez garatu da.

Foru lege honen aplikazio-eremuaren barruan, xede nagusia (bakarra ez baina) sexu-indarkeria da, pertsonen osotasun fisikoari, moralari eta psikologikoari kalte egiten diena. Osasunaren Mundu Erakundearen 2002ko definizioaren arabera, honako hauek guztiak sexu-indarkeriak dira: pertsona baten adostasunik gabe egiten diren sexu-egintza guztiak eta sexu-egintzak egiteko ahalegin guztiak, nahi ez duenari sexuaz egiten zaizkion ohar eta intsinuazioak, eta pertsona baten sexualitatea merkaturatzeko edo erabiltzeko egiten diren hertsapen-ekintzak, biktimarekiko erlazioa gorabehera, eremu guztietan, etxea eta lantokia barne. Haurrak Sexu-esplotaziotik eta Sexu-abusuetatik Babesteko Europako Kontseiluaren Hitzarmenak (Lanzaroteko Hitzarmena esaten zaionak) honela arautzen du zer den sexu-abusua 18. artikuluan:

a) Sexu-jarduerak egitea nazioarteko zuzenbideko xedapen aplikagarrien arabera horretarako legezko adinera heldu ez den haur batekin;

b) Haur batekin sexu-jarduerak egitea hertsapenaz, indarraz edo mehatxuez baliatuz, edo haurraren onusteaz edo haren gaineko aginteaz edo eraginaz baliatuz, are familia barruan ere, edo haurraren zaurgarritasun bereziaz baliatuz, batez ere desgaitasun psikikoaz edo adimen-desgaitasunaz edo mendekotasunaz.

Halaber, kontuan eduki behar da Estatuan oraintsu aldarrikatu dela Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa. Lege horren helburua da haurren eta nerabeen osotasun fisikorako, psikikorako, psikologikorako eta moralerako oinarrizko eskubideak bermatzea indarkeria mota guztien aurrean, beren nortasuna askatasunarekin garatzeko aukera eduki dezaten, eta haiek bizitzako esparru guztietan babesteko neurri integralak ezartzea, honako hauek kontuan hartuz: arazoaz ohartzea, prebentzioa, arin antzematea, babestea eta kalteak konpontzea. Foru lege honen xedean sexu-indarkeria lantzen da. Horrela behin betiko sendotzen da administrazio publikoek indarkeria hori saihesteko hartutako konpromisoa.

III

Beraz, foru lege honen bidez estatutu berezia eman nahi zaie biktima horiei guztiei, giza eskubideak urratu dizkietelako Eliza Katolikoak halako urratzerik ez gertatzea bermatu behar zuen tokietan, urratzeak ez baitira onartu eta biktimei ez baitzaie erreparaziorik eman indarreko legeriaren arabera.

Honelako delituen ezaugarri berezienetako bat da abusuak intimitatean gertatzen direla eta, horregatik, oso zaila dela detektatzea. Gauza jakina da elizgizonek egindako sexu-abusuetako gutxi salatzen direla. Hori egiaztatuta geratu da beste herrialde batzuetan: kasurik larrienetan ere, luze jo du gertaerak jendaurrean agertu arte. Kasu askotan biktimek ez dute salaketarik jartzen, beldur izaten baitira gaitzetsiko ote dituzten. Gainera, tabuak, lotsak eta biktimagileekiko induljentziak ere arazoa luzarazi dute, inolako zalantzarik gabe.

Halaber, biktimagileak direla-eta, apaizek, kongregaziokideek eta ordena erlijiosoetako kideek, eta Elizaren titulartasuneko entitateetan edo hark kudeatzen dituen entitateetan lan egiten duten laikoek egindako biktimizazio guztiak hartzen dira kontuan.

IV

Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko foru lege honen egitura honelako da: atariko titulua eta lau titulu.

Atariko tituluan xedapen orokorrak biltzen dira. Foru legearen xedea eta helburua direla-eta, Eliza Katolikoaren barnean, beraren itzalpean edo berak egindako jardueretan Nafarroan osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren edo sexu-askatasunaren kontrako erasoren bat jasan dutenak biktimatzat jotzeko eskubidea arautzen da, egin zaien kaltea aitortzeko, bakoitzaren eta taldearen errekonozimendua sustatzeko, eta giza eskubideei eta elkarbizitza demokratikoari zor zaien errespetua hedatzeko. Aplikazio-eremua Nafarroako Foru Komunitatea da, Justizia Administrazioaren jarduteko mekanismoen bidez ez errekonozimendurik ez erreparaziorik lortu ez duten biktimentzat. Eremu subjektiboan eskubideak urratu dizkietela adierazten duten pertsonak daude. Nolanahi ere, norbait hilez gero, ezkontideak eta hurkoak ere legitimatuta egonen dira. Titulu honen amaieran jarduteko printzipioak ezartzen dira, eta horietan aipatu beharrekoa da beharrezkoa dela Administrazioak zorroztasun handienarekin dokumentatzea zer gertatu den, biktimen errekonozimendu instituzionala eta soziala sustatzeko, abiaburutzat hartuta haien alde egitea, zeren eta, azken finean, berak baitaude legegintzaren ardatzean. Horrez gainera, honako printzipio hauek ere ezartzen dira: azkartasuna, erakundeen arteko lankidetza (beste erakunde batzuekin lankidetzan jardun ahal izateko), hirugarrenen eskubideak bermatzea, eta subsidiariotasuna ekintza penalaren aurrean.

Lehen tituluan biktimatzat jotzeko eskubidea arautzen da, eta ezartzen da biktimek intimitaterako eskubidea dutela berek nahi dutenean. 5. eta 6. artikuluetan arautzen dira foru legearen onura jasoko duten pertsonen betebeharrak eta horiek ez betetzeak ekarriko dituen ondorioak.

Bigarren tituluan Errekonozimendurako Batzordea jorratzen da: sorkuntza eta osaera arautzen dira. Osaeran aipatu behar da teknikari adituez gainera biktimak eta Eliza Katolikoa ere egon daitezkeela; izan ere, Eliza Katolikoak hitza eta botoa edukiko ditu, ahalik gehien lagundu dezan egiara iristeko bidean. Batzordearen indarraldia sei urtekoa izanen da. Egoera jakin batzuetan, arrazoiak azalduta, beste horrenbeste luzatu ahal izanen da. Batzordearen idazkaria Biktimei Laguntzeko Bulegoko atalburua izanen da. Honek batzordearen jardunaren oinarrian dagoen administrazio-organoaren eta batzordearen beraren arteko koordinaziorako lanak eginen ditu. Batzordeko burua batzordekideen artean hautatuko da, eta hauek modu pluralean hautatuko dira. Batzordekideek adituen laguntza eduki ahal izanen dute beharrezkotzat jotzen denean.

Batzordearen egitekoak honako hauek izanen dira: behar den kasuetan pertsona biktima dela adieraztea, batetik, eta jardueren urteko oroitidazkia egitea, bestetik, herritarrek gertatutakoaren berri eduki dezaten. Oroitidazkiak Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dira, eta Nafarroako Gobernuak Gobernu Irekiaren Atarian plazaratuko ditu. Horrez gainera, batzordearen barneko jarduna arautzen da: deialdiak, aldizkako bilerak, eta erabakiak hartzeko modua. Foru legean arautzen ez den guztirako osagarri gisa ezartzen da Araubide Juridikoaren Legean kide anitzeko organoez arautzen dena aplikatuko dela, interpretazio hutsuneak ekidite aldera. Jarduteko printzipioak direla-eta, berriz ere erakundeen arteko lankidetza aipatzen da, bai eta hirugarren pertsonen eskubideen bermea, eta subsidiariotasuna prozedura penalaren aurrean, epaileen eta auzitegien zigor-arloko jurisdikzio esklusiboa errespetatzeko.

Horrela, memoriarako eskubidea arautzen da; horren bidez Eliza Katolikoaren barnean gertatu diren sexu-abusuak balidatzen eta gizarteratzen dira, eta esanahi berria ematen zaie. Horrenbestez, politikaren, erakundeen eta gizartearen aldeetatik dauzkagun erantzukizunak onartzen ditugu, eta errekonozimenduaren bidez aurre egiten diegu ahanzturaren apologiari, gizartearen amnesiari, distantziakidetasunei, estaltzeei eta gertaera horiek justifikatu eta ukatu dituzten “errebisionismo” eta “negazionismo” mota guztiei, eta indiferentziaren eta errelatibismo-erakustaldien kontra egiten dugu, abusuak pairatu dituztenek berriz ere biktimizazioa jasan ez dezaten. Asmoa da herritarren oroimen kolektiboan gordetzea Eliza Katolikoaren kideek adingabeen aurka egindako sexu-abusuen oroitzapena, jakinik oraintsura arte gertaera horiek ezkutuan eduki direla eta herritar gehienek ez zutela haien berri.

Izan ere, biktimagileek gertatutakoaren inguruko beren bertsioa finkatu nahi izan dute historian, oroimen kolektiboan eta egunerokotasunean itsatsita gelditu dadin bortxazko ahanzturaren eraginez. Orain erakundeak buru-belarri ari dira asmo horren kontra.

Horren aurrean, foru lege honek egiarako, justiziarako, memoriarako eta erreparaziorako eskubideak aitortzen dizkie Eliza Katolikoaren esparruan egindako sexu-abusuen biktimei, alde batera utzita urratze horien egilea identifikatu, atxilotu, epaitu edo kondenatu duten ala ez, eta gertaeren gaineko erruduntasun erlazio zehatza ezarri beharrik izan gabe. Era horretan, foru legean dute oihartzuna, berriz ere, hala biktimen kolektiboen aldarrikapenek nola nazioarteko hainbat erakunderen eta adituren gomendioek.

Biktimen kolektibo horri babesa emanen zaio aintzat harturik preskripzioaren datua; izan ere, estaldura eman zaie preskribaturik egoteagatik zor zitzaizkien errekonozimendua eta erreparazioa jaso ez dituzten kasuei, oraindik ere auzitegietara eraman daitezkeen auzietan esku sartzea saihestuz.

Hirugarren tituluan arautzen da nola eskatu behar duten abusuak jasan dituzten herritarrek biktimatzat jotzeko. Azken batean, izapideak hasteko mekanismo arin bat bermatzen da, gehiegizko betekizun burokratikorik gabekoa, eta norbaiti biktima izatea aitortzeko egin beharreko ikerketa azkar eta eraginkorra eragotzi edo oztopatu dezaketen hesiak eta zailtasunak ezabatzen dira, jarduketak ez baitira zigorra edo zehapena ezartzekoak.

Errekonozimendurako Batzordearen jardueren euskarri administratiboa Biktimen Arretarako Bulegoaren barnean antolatzea aukeratu da; batzorde horrek agintzen ahalko du ikerketarako eta espedientearen instrukziorako jarduerak egin daitezela, eskatzaileak ekarritako informazioa egiaztatzeko, aurrekari, datu edo txostenak eskatzeko, lekukotasunak eskatzeko edo, laburbilduz, gertaerak hobeki argitzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egiteko. Batzordeak erabakitzen ahalko du eskaerak ez onartzea edo, arrazoiak azalduta, norbait biktima dela deklaratzeko proposatzea edo deklarazio hori ukatzea. Justiziaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren ebazpen baten bidez eginen da deklarazioa, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuaren aurrean, administrazio bideari amaiera emanez. Isiltasuna ezezkoa izanen da. Hala ere, prozedura osoan aginduzko epeak izanen dira eta modu arrazoituan baino ezin izanen dira luzatu. Administrazioak ezin izanen du inola ere saihestu ebazteko betebeharra.

Laugarren tituluan arautzen da nola emanen zaien laguntza biktimei eta nolako sustapen-neurriak ezarriko diren. Biktimei informazioa emateko ardura Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoari esleitzen zaio. Horretan bere arautegiarekin bat etorriz jardun beharko du. Biktimek eskatuta, Justizia Departamentuak foru legearen helburuak eta xedeak lortzeko egokitzat jotzen diren justizia errestauratiboaren mekanismoak ezartzen ahalko ditu. Horren oinarriak honako hauek dira: oroimenerako eskubidea eta Estatuak eta gizarteak oroitu beharra.

Justizia errestauratiboaren mekanismoak biktimen eskubideei buruzko 2012/29/EB Zuzentarauan arautzen dira. Horien bidez biktimek onura agerikoak jasotzen ahal dituzte: begirunezko tratamendua, banakakoa eta profesionala; informazio erabilgarria erreakzionatzeko eta jasandako kalteetatik suspertzeko, eta behar denean prozedura judizialari aurre egiteko; hobeki erabakitzeko informazioa; beren segurtasuna eta duintasuna babesten dira, bai eta beren ahaideenak ere; berriz biktimizatzeko, beldurrarazteko edo errepresaliak jasotzeko arriskua murrizten da; konfiantza handiagoa dute erakundeetan. Horrela beste era bateko justizia sustatzen da: zigorra ezarri baizik egiten ez duen justiziatik justizia errestauratibora pasatuko gara. Biktimak sistemaren erdigunean jartzen dituen justizia. Nazioarteko zuzenbidean, justiziaren kontzeptu honen oinarrian Erromako Estatutua dago, besteak beste. Horren arabera biktimei erreparazioa eman behar zaie, eta horren barnean honako hauek sartzen dira: errestituzioa, kalte-ordaina eta errehabilitazioa.

Beraz, justiziarako eskubidea (modu poliedrikoan ulertuta) bermatzeko asmoarekin, eta inpunitatearen kontra egiteko, lege honen bidez Komunitateak biktimen esku jartzen ditu orain arte jasan dituzten egiturazko injustiziak arintzeko behar diren baliabideak eta prestazioak, kasuen arabera.

Hara zer dioen Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak “Inpunitatearen aurka borrokatuz giza eskubideak babesteko eta sustatzeko printzipio multzo eguneratua” dokumentuan (1. printzipioa): “Inpunitatea da estatuek dituzten honako betebehar hauek urratzea: bortxaketak ikertu beharra; egileei dagokienez neurri egokiak ezarri beharra, batez ere justiziaren arloan, erantzukizun penalaren susmopean dauden pertsonak auziperatzeko, epaitzeko eta zigor egokiak jartzeko; biktimei baliabide eraginkorrak eta jasandako kalteen ordaina eman beharra; egia jakiteko eskubide ukaezina bermatu beharra, eta bortxaketak berriz ez gertatzeko behar diren neurriak ezarri beharra”.

Titulu honek ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari biktimei laguntzeko neurriak ezartzeko eta gertaerak modu zientifikoan ikertzea eta haien berri zabaltzea sustatzeko.

Tituluaren amaieran azaltzen da biktimek eta haien ordezkariek zeregin garrantzitsua dutela, eta ezartzen da haiekin nahitaez hitz egin behar dela eragiten dieten xedapen guztiei buruz horretarako berariaz eratutako parte hartzeko mekanismo egokien bitartez.

Lehenbiziko xedapen gehigarrian ezartzen da Errekonozimendurako Batzordea eratuko dela kideak izendatzen direnetik hilabete iragan baino lehen.

Bigarren xedapen gehigarrian datu pertsonalen babesa arautzen da, eta biktimak babesteko neurri batzuk ezartzen dira, ukitutako pertsonen intimitaterako eskubidea zaindu nahian. Hain zuzen ere, aukeran dauden segurtasun-neurri zorrotzenak ezartzen dira biktimen askatasuna, intimitatea eta duintasuna sustatzeko.

Amaitzeko, azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari foru lege hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko. Azken xedapenetako bigarrenak arautzen du foru legea Nafarroako Foru Komunitateko Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru lege honen helburua da egituratzea Eliza Katolikoaren barnean, beraren itzalpean edo berak egindako jardueretan Nafarroan osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren edo sexu-askatasunaren kontra edozein modutan ere erasoren bat jasan duten pertsonak biktimatzat jotzeko eskubidea. Horrez gainera, arautzen da nola argitu behar diren gertaerak, eta nolako ondorioak izanen dituzten.

2. Zehatzago, honako hauek dira foru lege honen xedeak:

a) Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren edo sexu-askatasunaren kontrako erasoren bat jasanik giza eskubideak urratu dizkieten biktimek pairatu duten kaltea onartzea eta pertsona horiei erreparazioa ematea.

b) Biktimen errekonozimendua eta arreta bultzatzea, banaka zein taldean. Bereziki, oroimen kolektibo, demokratiko eta kritikoa eratzea, biktimen ahotsa biltzen duena eta elkarrizketa sustatzen duena.

c) Giza eskubideekiko errespetua hedatzen laguntzea, elkarbizitza demokratikora beharrezkoak diren zutabe sendoak eraikitzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru lege honetan arautzen da nola emanen zaizkien errekonozimendua eta laguntza Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren edo sexu-askatasunaren kontrako erasoren bat jasanik giza eskubideak urratu dizkieten biktimei, hain zuzen ere Justizia Administrazioaren jarduteko mekanismoen bitartez halakorik jaso ez dutenei.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak bere jardunean epaitegi eta auzitegi eskudunen zigor-arloko jurisdikzio esklusiboa errespetatuko du beti.

2. Foru lege honen eremu subjektiboan honako hauek daude: Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren edo sexu-askatasunaren kontrako erasoren bat jasanik giza eskubideak urratu dizkietela adierazten duten pertsonak, hain zuzen ere inongo entitate publikok biktimatzat jo ez dituenak.

Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan abusuak jasan dituen pertsona bat hilez gero, honako hauek eskatzen ahalko dute hura biktima dela adierazteko:

a) Zendutakoaren ezkontideak, legalki bananduta egon ez badira, bikotekide iraunkorrak edo heriotza-unearen aurreko bi urteetan harekin ezkontzaren antzeko afektibitate-harremanez elkarturik modu iraunkorrean bizi izandako pertsonak (haurrik izan badute, aski izanen da elkarbizitza soila), eta seme-alabek.

b) Hildakoaren aitak eta amak, bilobek, senideek eta aitona-amonek.

Foru lege honetan arautzen diren eskubide-urratzeak pairatu dituen pertsona bat hiltzen bada biktima-errekonozimendurako prozedura hasi ondoren, aurreko paragrafoan azaltzen diren pertsonek aurrera egin ahal izanen dute prozedurarekin. Bestela, prozedura amaituko da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean administrazio-prozedura gerora sortutako arrazoiengatik amaitzeaz ezartzen denarekin.

3. Lurralde-eremuaz denaz bezainbatean, foru lege hau Nafarroako Foru Komunitatean Eliza Katolikoaren barnean gertatu diren sexu-abusuen biktimei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Jarduteko printzipioak.

1. Biktimekiko elkartasunaren printzipioan oinarrituta, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak neurri egokiak ezarriko ditu helburu hauek lortzeko:

a) Foru lege honen esparruaren barnean, aurkezten diren kasuetan gertatutako giza eskubideen urratzeak ahalik eta zorroztasun, egiazkotasun eta koherentzia handienarekin dokumentatzea, kontuan hartuz kasu bakoitza berezia dela eta gertaeren artean desberdintasun handiak daudela.

b) Foru lege honetan arautzen diren giza eskubideen urratzeen biktimen errekonozimendu instituzionala eta soziala sustatzea, ezagunak izan daitezen eta erreparazio morala emateko.

2. Prozeduren instrukzioan eta ebazpenean honako printzipio hauek aplikatuko dira:

a) Biktimekiko tratu bereziaren printzipioa. Kontuan hartuko da haiek zaurgarritasun eta desparekotasun berezian egon daitezkeela, eta behar dena eginen da prozedurak ez dezan sor prozesu traumatiko gehiagorik.

b) Azkartasunaren printzipioa, eskubideen aitorpena eta erreparazioa beharrik gabe luzatzen edo zailtzen dituzten izapide formalak saihestuz.

c) Erakundeen arteko lankidetzaren printzipioa, erakunde publikoek eskatzen zaizkien datu guztiak eman ditzaten garaiz eta behar bezala, eta espedienteak ebazten lagundu dezaten.

d) Hirugarrenen eskubideen bermearen printzipioa. Honen arabera espedienteetan agertzen diren hirugarren pertsonen ohorerako eskubidea, irudirako eskubidea eta datu pertsonalak babesteko eskubidea babestu behar dira. Espediente batean agertzeak ezin ditu inolaz ere eragotzi ez urratu pertsona horien berme juridikoak eta konstituzionalak.

e) Prozedura administratiboa prozedura penalaren subsidiarioa delako printzipioa. Foru lege honetan ezartzen den prozedura administratiboak ez du zigor-xederik, eta berme osoz errespetatzen ditu abstentzioaren, konkurrentziaren eta ebazpen judizialekiko loturaren eginbehar eta betebeharrak.

LEHEN TITULUA

Pertsona bat biktima dela adieraztea

4. artikulua. Pertsona bat biktima dela eta errekonozimendu publikorako eskubidea duela adieraztea.

Foru lege honen ondorioetarako, adierazten bada pertsona bat Eliza Katolikoaren barnean edo berak egindako jardueretan Nafarroan osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren edo sexu-askatasunaren kontra edozein modutan erasoren bat jasan duela eta horren biktima dela, pertsona horrek eskubidea edukiko du biktima-errekonozimendu publikorako.

Errekonozimendu publiko horrek bateragarria izan beharko du biktimak bere intimitatea gordetzeko daukan eskubidearekin, berariaz eskatuz gero. Beraz, biktimak eskatu ahal izanen du errekonozimenduaren berri ez zabaltzeko eta inori ez jakinarazteko.

5. artikulua. Foru lege honen xede direnen betebeharrak.

Giza eskubideen urratzeen biktimaren errekonozimendua eduki nahi duten pertsonek honako hauek egin beharko dituzte:

a) Onartu beharko dute foru lege honen II. tituluan arautzen den Errekonozimendurako Batzordeak noiznahi egiaztatzea aurkeztutako datuak eta dokumentuak, eta biktimaren errekonozimendua ebazteko eskatzen duen informazio guztia eman beharko diote.

b) Arautegian onuraduna izateko ezartzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bai eta ezartzen diren betebeharrak ere.

c) Gertaerak argitzeko behar diren egiaztapenak eta kontrolak onartu beharko dituzte.

6. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

Foru lege honetan ezartzen dena ez betetzeak edo datu faltsuak aurkezteak biktimaren errekonozimendua galtzea ekarriko du. Ebazpena errekonozimendurako eskumena daukan organoak emanen du, bidezko espedientea egin eta interesdunei entzun ondoren, sei hilabete iragan baino lehen.

BIGARREN TITULUA

Eliza Katolikoaren barnean osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren eta sexu-askatasunaren aurkako erasoen biktimen errekonozimendurako batzordea

7. artikulua. Sorrera.

1. Errekonozimendurako Batzordea sortzen da, kide anitzeko organo independente gisa. Honako eginkizun hauek izanen ditu: aurkeztutako eskaerak baloratzea eta, foru lege honen babesean, onar daitezen edo bazter daitezen proposatzea; eta, bidezkoa denean, pertsona bat Eliza Katolikoaren barnean, Nafarroan, sexu-abusuen biktima izan dela adieraztea. Batzordearen indarraldia 6 urtekoa izanen da. Nolanahi ere, beste horrenbeste luzatu ahal izanen da Nafarroako Gobernuan justiziaren arloko eskumena daukan departamentuko titularraren foru agindu baten bitartez, horretara bultzatzen duten inguruabarrak gertatuz gero (arrazoitu behar dira).

2. Errekonozimendurako Batzordea Nafarroako Gobernuko justiziaren arloko eskumena daukan departamentuari atxikiko zaio organikoki, foru lege honek esleitzen dizkion eginkizunak betetzean autonomiaz eta independentzia osoz jardunen du, eta emandako eginkizunak objektibotasunez, profesionaltasunez, inpartzialtasunez, konfidentzialtasunez eta ordenamendu juridikoa errespetatuz bete beharko ditu.

3. Errekonozimendurako Batzordeak esleitzen zaizkion eginkizunak eraginkortasunez betetzeko behar diren baliabide ekonomiko, material eta pertsonal egokiak eduki beharko ditu. Nafarroako Gobernuak bermatuko ditu baliabide horiek.

8. artikulua. Osaera.

1. Errekonozimendurako Batzordean bederatzi kide ariko dira. Sei urterako izendatuko dira, eta berriz hautatu ahal izanen dituzte Batzorderako. Hona:

a) Nafarroako Biktimei Laguntzeko Bulegoaren atalburua. Idazkaria izanen da.

b) Biktimen arloko esperientzia duten lau pertsona. Horien artean historian, zuzenbidean eta psikologian adituak egon behar dira nahitaez. Lau pertsona horietako bi Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuaren titularrak proposatuko ditu, eta beste biak Nafarroako Parlamentuak. Batzordean aritzeko izendatzen diren pertsonei ezin izanen zaie utzarazi kargua, beren betebeharrak modu larrian betetzen ez badituzte; halako ez betetzea gertatuz gero, ebazpen arrazoitua beharko da kargua utzarazteko, interesdunei entzun ondoren.

c) Nafarroako Eliza Katolikoak proposatutako bi pertsona.

d) Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan sexu-abusuen biktima izan diren pertsonen elkarteek, indarreko legeriaren arabera eratutakoek, proposatutako bi pertsona.

2. Erabakitzen den kasuetan Errekonozimendurako Batzordeak lege honen xede diren osotasun fisikorako, ukigabetasunerako eta sexu-askatasunerako eskubideen urratzeak frogatzeko beharrezkotzat jotzen diren adituak eskatu ahal izanen ditu. Aditu horiek batzordeko buruaren zuzendaritzapean eginen dute balorazio, analisi eta azterketa lana.

3. Eraketa-bilkuran hautatuko da Errekonozimendurako Batzordeko burua, batzordeko kideen artetik, gehiengo soilez.

9. artikulua. Izendapena eta karguaz jabetzea.

1. Justiziaren arloko eskumena daukan Nafarroako Gobernuko departamentuaren titularrak emandako foru aginduaren bidez izendatuko dira aurreko artikuluan ezartzen den bezala hautatuko diren Errekonozimendurako Batzordeko kideak.

2. Izendatutako pertsonek izendatzea argitara ematen den egunetik ondoko hogeita hamar egun naturalen barruan hartuko dute beren karguen jabetza.

10. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

1. Errekonozimendurako Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, bilkura eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da haren kideen erdiak bertaratuta egotea, gutxienez ere. Erabakiak hartuko dira bertaratzen diren kideen gehiengoaren botoaz. Berdinketarik gertatuz gero, batzordeburuaren kalitatezko botoa izanen da erabakigarri.

Errekonozimendurako Batzordeko kideek eskatzen ahalko dute aktan jaso dadila hartutako erabaki baten aurka eman duten botoa, edo alde eman duten botoaren zentzua. Halaber, kideren bat gehiengoak hartutako erabakiarekin ados ez dagoenean, boto partikular bat aurkezten ahalko du idatziz, erabakia hartu eta bi eguneko epean, eta hura testu onetsiari gehituko zaio.

2. Errekonozimendurako Batzordeari dagokio barneko funtzionamendu arauak onestea, eta horiek osatzen ahalko dira bat etorriz sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko legeriak kide anitzeko organoei dagokienez ezartzen duenarekin.

Nolanahi ere, Errekonozimendurako Batzordeak hilean behin gutxienez eginen du ohiko bilkura.

Salbuespen gisa batzordeburuaren ekimenez biltzen ahalko da, edo kideen erdiek eskatuta, gutxienez ere. Berariazko deialdia egin beharko da bi egun baliodun lehenago, gutxienez. Edonola ere, eraketa baliozkoa izan dadin, kideen erdiak bildu beharko dira, gutxienez, tartean batzordeburua eta idazkaria direla.

3. Bere eginkizunetan jardutean, Errekonozimendurako Batzordeak aintzat hartuko ditu genero-ikuspegia, LGTBI kolektiboa eta beste talde zaurgarri batzuk.

11. artikulua. Jardueren urteko oroitidazkia eta amaierako oroitidazkia.

1. Errekonozimendurako Batzordeak urtero oroitidazki bat eginen du eta bertan jasoko ditu egin zaizkion eskaerak, egin dituen lanen emaitzak, espedienteen egoera eta eman dituen ebazpen-proposamenak. Urteko oroitidazkiak batzordearen agintaldiaren amaieran eginen den oroitidazkiari erantsiko zaizkio.

2. Urteko oroitidazkiak eta amaierako oroitidazkia Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko ditu justiziaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak, eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko ditu, justiziaren arloan eskumena duen Parlamentuko batzordearen aurrean.

Halaber, justiziaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak oroitidazki hori bidaliko die hala eskatzen duten erakunde publikoei, beren xedeak betetzeko erabil dezaten, administrazioen arteko lankidetza leialaren printzipioari jarraituz.

12. artikulua. Errekonozimendurako Batzordearen jarduteko printzipioak.

Batzordearen jardunbidean bereziki kontuan hartzeko printzipioak izanen dira honako hauek:

1. Erakundeen arteko lankidetzaren printzipioa, erakunde eta entitate publiko nahiz pribatuek eskatzen zaizkien datu guztiak eman ditzaten garaiz eta behar bezala, eta espedienteak ebazteko behar den laguntza eman dezaten bai agintariek bai haien zerbitzuan ari diren teknikariek.

2. Hirugarrenen eskubideak bermatzearen printzipioa. Foru lege honen babesean izapidetutako espediente administratiboek ez dute inolaz ere ekarriko hirugarrenen berme juridiko eta konstituzionalen aurkako urraketarik edo erasaterik.

3. Prozedura administratiboa prozedura penalaren subsidiarioa delako printzipioa. Foru lege honetan ezarritako prozedura administratiboak ez du zigor-xederik, eta berme osoz errespetatzen ditu abstentzioaren, konkurrentziaren eta ebazpen judizialekiko loturaren eginbehar eta betebeharrak. Edonola ere, Errekonozimendurako Batzordeak uste badu espedientea irekitzetik ondorioztatu daitekeela zigortzeko moduko jarduketaren bat, organo judizialei jakinaraziko die eta horren berri emanen dio eskumena duen administraziori, eta ez du prozeduran aurrera eginen hura behin betiko ebatzi arte.

HIRUGARREN TITULUA

Pertsona bat biktima dela adierazteko prozedura

13. artikulua. Prozedura hastea.

1. Eliza Katolikoaren barnean edo hark egiten dituen jardueretan Nafarroan abusuak jasan dituzten pertsonak biktimatzat jotzeko prozedura horretarako eskaera aurkezten denean hasiko da. Eskaera lege honen eremu subjektiboko pertsonek aurkeztu ahal izanen dute Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legerian arautzen den bezala.

2. Eskabidean egitateen deskribapen zehatza jaso beharko da, eta, harekin batera, egokitzat jotzen diren dokumentu edo txosten guztiak aurkezten ahalko dira; hala ere, hori ez da eragozpena izanen Batzordeak haiek dokumentatu eta egiaztatzeko egin ditzakeen jarduketa eta zuzemenetarako.

14. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

1. Eskabidea eta erantsi beharreko agiriak jaso ondoren, espedientea izapidetzeko eskumena duen organoak foru lege honen II. tituluan arautzen den Errekonozimendurako Batzordeari igorriko dio espedientea.

2. Errekonozimendurako Batzordeari dagokio, arrazoiak emanda, proposatzea eskaerak ez daitezen izapidetzeko onartu, haiek igorri eta hilabeteko gehieneko epean, bai eta onartutako eskaerak aztertzea eta, arrazoiak emanda, biktima-izaeraren deklarazioaren proposamena onartzea edo aurkeztutako eskaera ukatzea ere.

3. Behin eskabidea izapidetzeko onartuta, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko eta egokitzat jotzen duen guztietan, honako jarduketa hauetakoren bat egiten ahalko du:

a) Eskatzaileari entzun, aurkeztu dituen dokumentu eta frogei buruzko informazioa osatzeko. Horretarako, eta biktimak aukeratutako entzute modua errespetatuz, elkarrizketa baterako hitzordua jartzen ahalko dio eskatzaileari, eta batzordeko idazkariak horren akta eginen du egokitzat jotzen diren baliabide teknikoak erabiliz.

b) Espedienteak izapidetzeko beharrezko izan daitezkeen aurrekari, datu edo txostenak eskatu beste administrazio publiko, entitate edo organo pribatu zein publiko batzuei, betiere datu pertsonalen babesari buruzko legeria indardunean finkatutako mugen barruan.

c) Egitateen zuzeneko nahiz zeharkako ezagutzarengatik edo arloan duten esperientziarengatik eskabideari buruz informazio garrantzitsua eman dezaketen pertsonei txostena edo lekukotasuna eskatu.

d) Egitateak modurik onenean argitzeko eta aurkeztutako eskabidea hobeki ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egin.

4. Errekonozimendurako Batzordeak jakiten duenean irekitako kausa judizialak badaudela, espedientea ebaztearen ardura duen organoak eten eginen du prozeduraren izapidetzea bide judiziala agortu arte. Etete bera gertatuko da irekitako zehapen-prozedura administratiborik badagoela jakiten denean, harik eta haiek bide administratiboan irmoak izan arte.

15. artikulua. Eskaerak ebaztea.

1. Espedientean jasotako dokumentazioa eta gainerako frogabideak aztertu ondoren, aurkeztutako eskabide bakoitzari buruzko txosten arrazoitu bat eginen du Errekonozimendurako Batzordeak, eta bertan aztertuko du ea foru lege honen aplikazio-eremuan ezarritako baldintzak betetzen diren; laburpen bat eginen du biktimaren eskubideen urraketa eragin zuten egitateei buruz, oinarri gisa darabiltzan frogabideak zehaztuta; eta proposatuko du, kasua bada, foru lege honen ondorioei dagokienez biktima deklaratzea.

2. Eskabidea jaso eta gehienez ere bederatzi hilabeteko epean egin beharko da aipatutako txostena, salbu eta epe horren luzapen arrazoitua justifikatzen duten salbuespenezko inguruabarrak badaude eta ebazpen bidez luzatzen bada.

3. Egindako txostena Nafarroako Gobernuan justiziaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari igorriko zaio, eta horrek, hiru hilabeteko gehieneko epean, kasuko ebazpena emanen du, eskabidea baietsi edo ezetsiko duena.

4. Ebazpena hilabeteko gehieneko epean jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde interesdunei, eta zer errekurtso jar daitezkeen adieraziko zaie.

5. Epe hori ebazpenik eman gabe igarotzen bada, interesdunek administrazio-isiltasunaren bidez eskaera ezetsitzat jotzen ahalko dute. Nolanahi ere, Administrazioak ebazteko betebeharra izanen du.

6. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta horren ebazpenak administrazio bidea amaituko du.

LAUGARREN TITULUA

Biktimei laguntzea eta sustapen-neurriak

16. artikulua. Informazio-bulegoak.

1. Biktimei foru lege honen arabera laguntzea Nafarroako Foru Komunitatearen mendekoak diren biktimei laguntzeko bulegoen ardura izanen da. Abenduaren 11ko 1109/2015 Errege Dekretuak (Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legea garatu, eta delituaren biktimei laguntzeko bulegoak arautzen dituenak) arautzen ditu bulego horiek.

2. Nafarroako Foru Komunitatean, biktimei laguntzeko bulegoek beren sorrerako araudi berariazkoan esleitu zaizkien eginkizunak izanen dituzte.

17. artikulua. Justizia errestauratiboa.

Biktimek hala eskatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateak, justiziaren arloan eskumena duen departamentuaren bitartez, eskura dituen justizia errestauratiboko tresnak biktimei eskainiko dizkie, foru lege honen xedeak eta helburuak lortzeko.

18. artikulua. Laguntza-neurriak.

Nafarroako Gobernuak abusuen biktimak ordezkatzen dituzten kolektiboei laguntzeko neurriak hartzen ahalko ditu: besteak beste, zuzeneko aholkularitza, dirulaguntzak eta erakunde publiko eta pribatuekiko bitartekotza.

Laguntzak ematea sustatuko du, halaber, irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio, entitate eta erakundeen jardueraren garapenerako, baldin eta haien xede nagusia bada foru lege honen aplikazio-eremuko biktimen interesak ordezkatu eta defendatzea, eta biktimen zaurgarritasun bereziko egoera pertsonal edo kolektiboak gainditzen laguntzeko programak garatzen badituzte. Bereziki, dirulaguntzak emanen dira arreta programetarako, oroimen eta sentsibilizazio sozialeko programetarako eta biktimei eta haien eskubideei buruzko ikerketa proiektuetarako.

19. artikulua. Hedapena bultzatzea.

Nafarroako Gobernuak foru lege honetan jaso diren giza eskubideen urratzeei buruzko ezagutzaren eta ikerketaren hedapena sustatuko du. Horretarako, lankidetza hitzarmenak egiten ahalko ditu erakunde publiko eta pribatuekin, zabalkunderako argitalpenak eta materialak prestatzeko eta informazio jardunaldiak edo biltzarrak egiteko, foru lege honetan aitortutako eskubideen urratzeen berri zabaltzen lagunduko dutenak.

20. artikulua. Biktimen eta beren ordezkaritza-taldeen egitekoaren errekonozimendua.

Nafarroako Gobernuak biktimen eta beren ordezkaritza-taldeen solaskide eginkizuna aitortuko du, funtsezko lana egiten baitute kontzientziazioan eta foru lege honetan jasotzen diren giza eskubideen urratzeen biktimei nazioartean aitortu zaizkien egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubideen defentsan. Beraz, kontsulta egin beharko zaie parte-hartze mekanismo egokien bitartez, foru lege hau garatu edo betetzeko eman eta haiei eragiten dieten xedapen guztietan.

Lehen xedapen gehigarria.–Errekonozimendurako Batzordea eratzea.

Errekonozimendurako Batzordea nortzuek osatzen duten aditzera emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean eratuko da batzorde hori.

Bigarren xedapen gehigarria.–Datu pertsonalak babestea.

1. Foru lege honetan arautzen diren datu pertsonalen tratamenduak honako hauetan xedatutakoari jarraituz eginen dira: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, pertsona fisikoen babesa arautzen duena datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe uzten duena 95/46/EE Zuzentaraua; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

2. Tratamenduaren erantzuleak segurtasun neurri egokien aplikazioa bermatuko du, Administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua betez.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamenduzko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2209773